231/2013 FORU AGINDUA, EKAINAREN 18KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN 210 ETA 211 EREDUAK ONETSI ETA HORIEK AURKEZTEKO BALDINTZA OROKORRAK ETA PROZEDURA EZARTZEN DITUENA. EREDU HORIEK ERABILIKO DIRA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORRIK GABE LORTUTAKO ERRENTAK ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORRIK GABEKO EZ-EGOILIARRENGANDIK ONDASUN HIGIEZINAK ESKURATZEAGATIK EZARRITAKO ATXIKIPENA AITORTZEKO
BON N.º 123 - 28/06/2013; corr. err., BON 26/07/2013
.
.
.
.
.
.
.
.
.
. III. ERANSKINA. 
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoak 28. artikuluan ezartzen du Estatuak uneoro ezartzen dituenen eduki bereko arau substantibo eta formalak aplikatuko dituela Foru Komunitateak ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko, eta eskumena esleitzen dio zergaren aitorpenerako eta diru-sarrerarako ereduak onesteko, lurralde komunekoen datu berak badituzte gutxienez ere, baita Estatuko Administrazioak adierazitakoetatik funtsean aldentzen ez diren diru-sarrerarako epeak emateko ere.
Zergaren erregulazioa Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginean (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamenduan (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia) jasota dago.
Aurreko 210 eta 211 ereduak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 72/2000 Foru Aginduaren bidez (210 eta 215 ereduak onetsi zituen) eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 9ko 278/2001 Foru Aginduaren bidez (besteak beste, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 211 eta 212 ereduak onetsi zituen, eurotan) onetsi ziren. 210 eta 211 ereduak establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko erabili behar dira, hurrenez hurren.
Europar Batasunekoak diren beste estatu batzuetan bizi diren zergadunei dagokien zerga-oinarria zehazteko arauetan aldaketak izan direnez, eta zergaren likidazioan eragina dutenez, martxoaren 1eko 2/2010 Legearen bidez, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea 210 autolikidazioaren ereduan, zergadun horiek froga ditzaketen gastu kengarriak islatuko dituzten laukitxoak ezartzeko. Aipatu legearen bidez, zenbait zuzentarau legerian txertatzen dira zeharkako ezarpenaren esparruan eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga aldatzen da Europar Batasuneko araudiari egokitzeko.
Orobat, beste laukitxo batzuk erantsi dira, bidezkoa denean, haietan zenbait hitzarmenetan jasotako ezarpen mugen eragina agerian jartzeko, ez dadin ezarpen bikoitzik izan; izan ere, etekin gordinen gainean kalkulatzen denez, aurreko likidazio formatua aldatzera behartzen du. Alde horretatik, agerian utzi behar da likidazioa beti barne araudia aplikatuz eginen dela eta, hitzarmenaren ezarpen mugaren bat kontuan hartu behar denean, kuota murriztuz aplikatuko dela.
Erabiltzen ahal diren hainbat eredu erraztu eta haien kudeaketa hobetzearren, aitorpen kolektiboaren 215 eredua eta ondasun higiezinen eskualdaketen ondoriozko errenta aitorpenaren 212 eredua kendu dira, eta 210 ereduan aitortuko dira. Dena dela, indargabetutako 212 ereduaren autolikidazioa aurkezteko epeari eutsi zaio.
Lortutako errentak hiru hilean behin aitortzeko 215 eredua erabiltzen zenez, zenbait baldintza emanik, 210 ereduan biltzen ahalko dira errenta horiek, baldin eta errenta motaren kode berarekin kalifikatzen ahal badira, ordaintzaile bera badute eta karga tasa bera aplikatzen ahal bada. Aitorpena errentak elkartuz egitea aukeratzen denean, hiru hiletik hiru hilera elkartuko dira diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioen kasuan, edo urtetik urtera, itzultzeko edo zero kuota duten autolikidazioen kasuan.
Bestetik, aurkezteko eta diru-sarrera egiteko moduari dagokionez, telematika bidez aurkezten ahal da 210 eredua. Orobat, paper aurreinprimatua desagertzea ezarri da; hortaz, 210 eta 211 ereduak paperean aurkezten ahalko dira, haiek Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakiak sortzeko duen zerbitzuan lortuta, ez beste inon.
Xedapen gehigarrietan eutsi egin zaie ez-egoiliarren establezimendu iraunkorraren bidezko tributazioaren gaineko zenbait alderdiri buruzko erregulazioari, dibisetako eragiketei, Espainiako egoitza fiskala frogatzeko kudeaketa bulegoek eman beharreko ziurtagirien ereduei eta, azkenik, herrialde edo lurraldeen kodeen erreferentziari.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarriak baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan foru lege horren 90. artikuluan aipatzen diren zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz.
Horrenbestez, Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Onestea 210 eredua
.
Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Autolikidazioa" izeneko 210 eredua onesten da. Haren edukia I. eranskinean dago.
2. artikulua . 210 ereduaren edukia.
1. Edozein errenta mota (etekinak, ondasun higiezinetan egotzitako errentak, ondareko irabaziak) aitortzen ahalko da eredu honetan.
Errenta sorrarazpen bakoitza bere aldetik zein halako epe batean lortutako zenbait errenta elkartuta aitortzeko erabiliko da, ondoko arauei jarraituz:
a) Ondasun higiezinen eskualdaketen ondoriozko errentak: errenta sorrarazpen bakoitza bere aldetik aitortuko da. Salbuespen gisa, eskualdatzen den higiezinaren titulartasuna ez-egoiliarrak diren bi ezkontideek partekatzen dutenean, autolikidazio bakarra egiten ahalko da. Galeren kasuan ere, aukera izanen da autolikidazio hau aurkezteko, egindako atxikipena itzultzeko eskubidea erabili nahi izanez gero.
b) Gainerako errentak: zergadun berak lortutako errenta bat baino gehiago elkartzen ahalko dira, baldin eta errenta motaren kode bera badute, ordaintzaile bera badute, karga tasa bera aplikatzen ahal bazaie eta, gainera, ondasun edo eskubide batetik deribatuak direnean, ondasun edo eskubide beretik badatoz. Hala ere, ondasun higiezinak errentan edo azpierrentan emateagatik jasotako etekinak izanik, atxikipenik gabekoak, baldintza horiekin berekin elkartzen ahal dira (ordaintzaile berarengandik datozen errentei dagokiena izan ezik), baina ordaintzaileak bat baino gehiago direnean, haiengandik datozen etekin horien aitorpena egiterakoan beharrezkoa izanen da errenta motaren berariazko kodea adieraztea, 35a
.
Elkartutako errentak ezin dira inoiz beren artean konpentsatu.
Elkartzeko epea hiru hilean behinekoa izanen da diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioak badira, edo urterokoa, zero kuota edo itzultzeko emaitza duten autolikidazioak badira
.
2. Aitortzen diren errentak hiri higiezinei egotzitako errentak edo ondasun higiezinen eskualdaketen ondoriozko errentak direnean, zergadunak berak agertu beharko du likidazio egile gisa.
3. Likidazioa aurkezteko garaian, zerga zorraren diru-sarrera eginen da edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatuko da.
3. artikulua . 210 eredua aurkeztera behartuta daudenak.
1. Establezimendu iraunkorrik gabe ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotutako errentak Nafarroako lurraldean eskuratzen dituzten zergadunak daude behartuta autolikidazioa aurkeztera.
2. Aurreko 1. atalean xedatutakoa gorabehera, aipatu zergadunak ez daude behartuta errenten autolikidazioa aurkeztera, atxikipena egin bazaie edo diru-sarrera egin bada Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 31. artikuluan aipatu zergaren kontura, ezta, atxikipenari edo konturako diru-sarrerari lotutako errentak izanik, Zergari buruzko Legearen 14. artikuluan edo aplikagarri den ezarpen bikoitzeko hitzarmen batean aurreikusitakoaren ondorioz salbuetsita daudenak ere.
3. Bereziki, zergaren aitorpena aurkeztera behartuta daude:
a) Zergari lotutako errentak, zergari buruzko erregelamenduaren 10.3 artikuluaren arabera atxikipena edo konturako diru-sarrera egitetik salbuetsita daudenak, lortzen dituzten zergadunak.
b) Pertsona fisiko ez-egoiliarrak, Zergari buruzko Legearen 24.5 artikuluan aipatu ondasun higiezinei egotzitako errentagatik.
c) Atxikipenak edo konturako diru-sarrerak egitera behartuta ez dauden pertsonek ordaindutako etekinak eskuratzen dituzten zergadunak.
d) Nafarroako lurraldean diren ondasun higiezinen eskualdaketak direnean, zergadun ez-egoiliarrek aitorpena egin beharko dute, eta, zein den kasua, behin betiko zergaren diru-sarrera egin ere, zergari buruzko erregelamenduaren 14.4 artikuluan aurreikusitako moduan.
4. Zergadunaren errentaren gaineko atxikipena edo konturako diru-sarrera egin bada, zergaren kuota baino handiagoa dena, autolikidazioa aurkeztuko da aipatu kuotaren gaineko soberakina itzul dadin eskatzeko, zergari buruzko erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
5. Establezimendu iraunkorrik gabe Nafarroako lurraldean lortutako errenten autolikidazioa egitean, dagokion zerga zorra zehaztuko da, eta diru-sarrera eginen, halakorik dagokionean. Zergaren araudian aurreikusitako salbuespenetakoren bat aplikagarria denean, haiek kontuan hartuta eginen da autolikidazioa.
6. Espainiak ezarpen bikoitza galarazteko hitzarmena izenpetua duen herrialde batean bizi diren zergadunek lortutako errentak badira aitortzen direnak, eta hitzarmen horretara jotzen badute, zerga zorra zehaztuko dute beren autolikidazioan, zeinek bere hitzarmenean aurreikusitako ezarpen mugak edo salbuespenak zuzenean aplikatuta.
7. Zergari buruzko Legearen 9. artikuluan definitutako erantzule solidarioek ere autolikidazioa egiten ahalko dute eta zerga zorraren diru-sarrera egin, hala badagokio. Gainera, itzultzeko eskaera duten aitorpenak badira, atxikipena egitera behartutako subjektuek ere aurkezten ahalko dituzte.
4. artikulua . 210 eredua aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea.
Hauxe da aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea, hala badagokio, aitortutako errenta motaren arabera:
1. Ondasun higiezinen eskualdaketen ondoriozko errenten kasuan, autolikidazioak hiru hilabeteko epean aurkeztuko dira, ondasun higiezina eskualdatzeko datatik hilabete iraganik, zein den ere likidazioaren emaitza.
2. Nafarroako lurraldean diren ondasun higiezinei egotzitako errentaren kasuan, sorrarazpen dataren hurrengo urte naturalean, hau da, urteko azken egunean.
3. Gainerako errentetarako:
a) Diru-sarrera egiteko emaitza duten autolikidazioak: hiruhileko bakoitza bukatu ondoko lehen hogei egun naturalekoa izanen da aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea, hiruhileko horretan sorrarazitako errentei dagokienez, bigarren eta laugarren hiruhilekoetako aitorpenen kasuan izan ezik, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.
Urteroko elkartzeen kasuan, autolikidazioa aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea sortzapenaren hurrengo urteko urtarrila izanen da
.
b) Zero kuotako autolikidazioak: aitortzen diren errentak sorrarazi ondoko urte naturaleko urtarrilaren 1etik 31ra bitarte izanen da aurkezteko epea.
c) Itzultzeko emaitza duten autolikidazioak: aitortutako errentak sorrarazi eta ondoko urteko otsailaren 1etik aurrera aurkezten ahalko dira eta aitorpena egiteko eta atxikipenaren diru-sarrera egiteko epea bukatzen denetik lau urteko epean. Lau urteko epe hori autolikidazio guztiei aplikatuko zaie, itzulketaren sorburua barne arau bat izan edo ezarpen bikoitza galarazten duen hitzarmen bat izan, baita hitzarmena garatzen duen aginduak epe txikiagoa ezartzen duen kasuetan ere. Aurkezten den egunean emanen da bukatutzat autolikidazioa aurkezteko epea.
5. artikulua . 211 eredua onestea, nahitaez aurkeztu behar dutenak, eta aurkezteko eta ordaintzeko epea
.
1. "Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena" izeneko 211 eredu berria onetsi da. Eredu hori II. eranskinean ageri da.
Eredu horrek bi ale ditu: "Eskuratzailearentzako alea" eta "Eskualdatzaile ez-egoiliarrarentzako alea". Eskuratzaile eta/edo eskualdatzaile bat baino gehiago badago, horietako bakoitzari dagokion informazioarekin beteko da eredua.
2. Nafarroan diren ondasun higiezinak establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrei erosten dizkieten eskuratzaileek, egoiliarrek edo ez-egoiliarrek erabili beharko dute eredu hau, pertsona fisikoak edo juridikoak izan. Eskuratzaileak behartuta daude legez ezarritako portzentajea atxikitzera eta diru-sarrera egitera, edo konturako diru-sarrera egitera, adostutako kontraprestazioaren gainean, gero ez-egoiliarrak ordaindu beharreko zergaren konturako ordainketa gisa, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 25.2 artikuluaren eta horren erregelamenduaren 14.aren arabera.
3. Zergari buruzko erregelamenduaren 14.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, atxikipena edo konturako diru-sarrera egitera behartuta dagoenak atxikipenaren autolikidazioa aurkeztu beharko du, eta zenbatekoa Nafarroako Foru Ogasunean sartu, higiezina eskualdatzen den egunetik hilabeteko epean.
Behin diru-sarrera eginda, "Eskualdatzaile ez-egoiliarrarentzako alea" emanen dio pertsona horri, eta hark eskualdaketaren ondoriozko errenta aitortzen duenean erabiliko du ordainketa egin duela frogatzeko, eta bere esku izanen du "Eskuratzailearentzako alea", egindako diru-sarreraren frogagiri gisa.
6. artikulua . 210 eta 211 ereduak aurkezteko moduak
.
Honela aurkezten ahalko dira 210 eta 211 ereduak:
a) Paperean (aurreaitorpena), bakar-bakarrik Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen inprimaketa zerbitzua erabiliz sortzen dena.
Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak Interneteko atariaren bidez ematen duen formularioa bete beharko da, eta ondoren inprimatu. Inprimakia (PDF formatuan) "aurreaitorpena" da eta ez du legezko baliorik aktibatzen ez den bitartean. Aktibatzeko, Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan aurkeztu beharko da, behar bezala sinatuta. 210 ereduaren kasuan, 11. artikuluaren arabera dagokion dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.
"Aurreaitorpenean" inprimatutako datuek lehentasuna izanen dute eskuz eginiko aldaketa edo zuzenketen gainetik; aldaketa edo zuzenketa horiek ez dute ondoriorik izanen zerga administrazioarentzat.
b) Modu elektronikoan, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.
7. artikulua . 210 eta 211 ereduak modu elektronikoan aurkezteko ahalmena eta baldintza orokorrak
.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dituzte 210 eta 211 ereduak modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.
b) Zerga arloan aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko zerga zorren ordainketa.
Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.
2. 210 eta 211 ereduak Internet bidez elektronikoki aurkezteko, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.
b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak..
8. artikulua . 210 eta 211 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura
.
Aitorpenen aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, web-formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. 210 edo 211 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.
2. Web-formularioko beharrezko datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako aitorpena gorde beharko du.
9. artikulua . Aurkezteko eta dirusarrera egiteko tokia.
1. Aurkezteko tokia.
210 eta 211 ereduetako aitorpen-likidazioak Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztuko dira.
2. Diru-sarrera edo itzultzeko eskaera.
a) 210 ereduko aitorpen-likidazioa aurkezteko garaian, zerga zorraren diru-sarrera eginen da edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatuko da.
Telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztutako aitorpenetan aurreikusita dago telematika bidez ordaintzeko aukera. Gainera, inprimakiaren bidez, diru-sarrerako emaitza duten errenta elkartuak aitortzen direnean, higiezinen eskualdaketen ondoriozko errentak edo higiezinen errenta egotziak ez badira, aurreikusita dago ordainketa helbideratzeko aukera.
Diru-sarrera egin beharreko aitorpenen kasuan, Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein finantza entitate laguntzaileren bidez eginen da diru-sarrera, 773 ereduko ordainketa gutuna erabilita.
Autolikidazioaren emaitza itzuli beharreko kopuru bat denean, aitorpena erabiliko da itzulketa eskatzeko, bezeroaren kontuaren kodea adierazita, transferentzia zer kontutara egin behar den jakiteko. Banku entitateak kontuaren eta titularraren datuak ziurtatu beharko ditu. Aitorpena aurkezten duen zergadunak edo erantzule solidarioak edo atxikitzaileak edo ordezkariak izan beharko du banku kontuaren titularra.
Aldi berean erantzule solidarioa edo atxikitzailea ez den ordezkaria titular duen kontu batean itzultzeko eskatzen denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan egiaztatuta egon beharko du ordezkaritzak, eta hori egiaztatzen duen dokumentuan klausula bat beharko da, ahalmena ematen diona zergadunaren aldeko itzulketa jasotzeko.
Ordezkari batek, atxikitzaile batek edo erantzule solidario batek aitorpena aurkezten duenean ere hala adierazita egoten ahalko da, zergadunaren banku-kontu batean itzulketa egiteko; betiere, Espainian irekita egon beharko du.
Aurreko lerroaldeetan xedatutakoa galarazi gabe, Espainiako lurraldean kokatuta dagoen entitate laguntzaile batean konturik irekita ez dagoenean, inguruabar hori adierazten ahalko da, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearentzako idazki bat aitorpenari gehituta, hark, hura aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, dagokion itzulketa egiteko agindua eman dezan.
b) 211 ereduko aitorpenen kasuan diru-sarrera egin behar denean, Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza entitate laguntzaileren bidez eginen da diru-sarrera, 774 ereduko ordainketa gutuna erabilita.
Internet bidez modu telematikoan aurkeztutako aitorpenetan, gainera, aurreikusten da ordainketa egin daitekeela telematika edo banku transferentzia bidez. Lehenengoa aukeratuz gero, web-formularioa bete ondoren pantailan agertzen diren ordainketa-jarraibideak beteko dira. Bigarrena aukeratzen bada, men eginen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutakoari (foru agindu horren bidez zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautu ziren)
.
10. artikulua. Hitzarmen baten aplikaziotik ateratzen den itzulketaren eskaera, zenbait loteria eta apusturen gaineko karga bereziari buruzkoa
.
Establezimendu iraunkorrik gabeko zergadun ez-egoiliarrek zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga bereziari lotutako sariak eskuratzen badituzte, aplikazio hori eta dagokion itzulketa eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Nafarroako Foru Ogasunean Nafarroako Foru Komunitateko organo edo entitateek antolatutako loteria eta apustuen sarien gaineko karga bereziarekin lotutako diru kopuruak sartu edo konturako atxikipenak egiten badituzte, eta horien zenbatekoa zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten aplikaziotik ateratzen dena baina handiagoa bada. Horretarako, 1. artikuluan onetsitako 210 autolikidazio eredua erabiliko dute, autolikidazio horretarako ezarritako moduan, tokian, epeetan eta beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuta.
11. artikulua. 210 ereduarekin batera aurkeztu beharreko agiriak
.
1. Oro har, zergadunaren bizilekua dela-eta autolikidazioa Espainiako barne araudian jasotako salbuespenak aplikatuz egiten denean, bizileku-ziurtagiri bat erantsi beharko da, zergaduna bizi den herrialdeko zerga arloko agintariek luzatua, eskubide horiek justifikatzeko.
Hala ere, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia) hirugarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan aipatzen diren entitateek aplikatzen dutenean Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 14.1.c) artikuluan adierazitako salbuespena, xedapen gehigarri horretan ezarritakoarekin bat egiaztatzen ahalko da bizilekua.
Halaber, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 14.1.k) eta 14.1.l) artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzen direnean, erregistro administratiborako edo gainbegiratzeko araubide berariazko baten menpe dauden inbertsio kolektiboko instituzioek edo pentsio-funtsek, salbuespena egiteko eskubide hori justifikatzeko, bizileku-ziurtagiria aurkeztu beharrean, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) 14.1.k) artikuluan jasotako salbuespen kasuetan, pentsio-funtsen ordezkariak egindako aitorpen bat erantsi beharko dute, abenduaren 17ko EHA/3316/2010 Aginduaren VI. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan adierazi legezko eskakizunak betetzen dituztela.
Hala ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341 (EB) Zuzentarauak (jarduerak eta enplegu pentsioen funtsak gainbegiratzeari buruzkoa) araututako gizarte aurreikuspeneko instituzioa izanik, instituzioa finkatua dagoen estatuan eskumena duen agintaritzak luzatutako ziurtagiri bat eransten ahalko dute, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriko 2.a) apartatuan, bigarren paragrafoan, aurreikusitako baldintza beretan eta mugagabeko balio berarekin
.
b) 14.1.l) artikuluan jasotako salbuespenaren kasuan, erakundearen jatorrizko estatuan eskumena duen agintaritzak luzatutako ziurtagiria erantsiko dute, eta bertan adieraziko dute erakunde horrek betetzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauan ezarritako baldintzak. Zuzentarau horren bidez, balio higigarrietako inbertsio kolektiborako erakunde batzuendako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzen dira. Eskumena duen agintaritza nor den jakiteko, zuzentarau horren 97. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Autolikidazioa egitean kuotaren murrizketa edo salbuespenak aplikatzen badira, zergapetze bikoitza saihesteko Espainiak sinatutako hitzarmen batean zergapetze-muga dagoelako, egoitza fiskalaren ziurtagiri bat erantsiko da, tokian tokiko zerga agintaritzak luzatua. Ziurtagiri horretan eskubide horiek justifikatu beharko dira, eta berariaz azaldu beharko da zergaduna hango egoiliarra dela hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz. Dena dela, autolikidazioa egitean kuotari hitzarmen batean ezarritako zergapetze-muga bat aplikatzen bazaio, eta, hitzarmen hori garatzeko, inprimaki berariazko bat erabili beharra ezartzen duen agindu bat onetsi bada, lehenago aipatutako ziurtagiriaren ordez berariazko inprimaki hori aurkeztu beharko da.
Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen 24.6 artikuluaren arabera, zerga-oinarria zehazteko gastuak kentzen direnean zergadunak Europar Batasuneko beste estatu bateko egoiliarrak direlako, egoitza fiskala kasuan kasuko estatuan duela egiaztatzeko agiri bat erantsi beharko da, estatu horretako zerga agintaritzak luzatua.
Apartatu honetan adierazitako aitorpenak eta egoitzaren ziurtagiriek urtebeterako balioko dute, luzatzen diren egunetik hasita. Nolanahi ere, egoitzaren ziurtagirien balioa mugarik gabekoa izanen da zergaduna atzerriko estatu bat denean, edo estatu barneko eskualde politiko edo administratibo bat, edo hango toki entitate bat. Halaber, apartatu honetan aipaturiko b) letrako inbertsio kolektiboko erakundearen jatorrizko estatuan eskudun den agintaritzak luzaturiko ziurtagirien balioa mugarik gabekoa izanen da, hartan jasotako datuak aldatzen ez diren artean
.
2. Kuotatik konturako sarrerak edo atxikipenak kentzen diren guztietan, haien ziurtagiriak erantsiko dira.
Aitortutako errenta balore negoziagarrietatik eratorritako dibidenduak edo interesak badira, eta horien ordainketa Espainian eta atzerrian kokatutako bitartekari kate baten bidez egiten bada, Zerga Administrazioak eskatzen ahalko du atzerriko ordainketen katearen trazabilitatea egiaztatzeko.
Trazabilitatea egiaztatzen ahalko da, 183/2009 Foru Aginduaren arabera (azaroaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena" 296 eredua onesten duena), aurkezten direnean 296 ereduaren 2. erregistro motako eranskinak, "Balore negoziagarriak. Zergadunentzako ordainketen zerrenda (‘A’ orri mota)" eta "Balore negoziagarriak. Zergadunentzako ordainketen zerrenda ("B" orri mota)" izenekoak, eta horietan adierazi direnean balore negoziagarriari buruzko itzulketa eskaeradun 210 ereduaren autolikidazioaren egiaztagiriaren zenbakia, sortzapen data eta zergaduna
.
3. Baloreen gordailuzain diren erantzule solidarioek egindako autolikidazioen kasuan, aski izanen da erantzule horiek zerga administrazioaren eskura jartzea aurreko 1. apartatuan aipatzen diren egoitzaren ziurtagiriak, inprimakiak edo aitorpenak, harik eta preskripzio epea iraungi arte.
183/2009 Foru Aginduari jarraikiz, 296 ereduaren 2. erregistro motako eranskinak aurkeztu behar badira, "Balore negoziagarriak. Zergadunentzako ordainketen zerrenda (‘A’ orri mota)" eta "Balore negoziagarriak. Zergadunentzako ordainketen zerrenda ("B" orri mota)" izenekoak, horretarako beharra duten entitateek Foru Aginduaren 5. artikuluan aurreikusitako epean aurkeztu beharko dituzte, horietan adieraziz balore negoziagarriari buruzko itzulketa eskaeradun 210 ereduaren autolikidazioaren egiaztagiriaren zenbakia, sortzapen data eta zergaduna. Modu horretan, egiaztatutzat joko da atzerriko ordainketa katearen trazabilitatea
.
4. Itzulketa eskatzen duten autolikidazioen kasuan, banku-kontuaren titulartasuna eta identifikazioa egiaztatzeko agiri bat erantsiko da. Gainera, itzulketa zergadunaren legezko ordezkaria titular gisa agertzen den banku-kontu batean egiteko eskatuz gero, ordezkaritza hori frogatzeko agiri bat aurkeztu beharko da, eta agiri horretako klausula batean agertu legezko ordezkari horri ahalmena ematen zaiola diru-itzulketa hartzeko, zergadunaren kontura.
12. artikulua. Itzulketa aitorpen eta egiaztapen prozedura berezi baten bidez egiteko eskaera, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiborako entitateentzat
.
1. Egoitza Espainian izanik, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboa egiteko baimena duten entitateen kasuan, atxikipenak egin badituzte barreneko araudiaren karga-tasa aplikatuz eta, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten xedapenak oinarri harturik, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioak (210 eredua) egiten badituzte itzulketa eskatuz, aitorpenerako eta egiaztapenerako prozedura berezi bat erabiltzen ahalko da, betiere, autolikidazio horiek entitate aitortzaileak antzeko eskubideen kudeaketa kolektiborako atzerriko beste entitate batzuei egindako ordainketen likidazioan agertzen diren etekinei buruzkoak badira. Espainiako entitate aitortzaileak, gainera, elkarrekiko edo alde bakarreko ordezkaritza kontratu bat sinatua izan beharko du egoitza beste herrialde batean daukaten entitate horiekin, eta honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Hartzaileak kudeaketa kolektiborako atzerriko entitatearen herrialde bereko egoiliarrak izatea, hitzarmenean ezartzen denaren arabera.
b) Urte naturalean hartzaile horietako bakoitzak izandako etekinak 10.000 eurotik beherakoak izatea.
Itzulketa eskatuz gero, 210 ereduan urte osoko eragiketak bilduko dira, eta bertan, egoitza Espainian izanik, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboa egiteko baimena duten entitateek adierazi beharko dute autolikidazioa atxikitzaile gisa egiten dutela. Hortaz, zergadunari dagokion atalean kudeaketa kolektiborako atzerriko entitatea aipatuko dute, eta, errenta motaren kodea adierazi behar den tokian, prozedura berezi hau identifikatzen duen berariazko kodea jarriko dute.
2. Foru agindu honen 11. artikuluko 1. atalean adierazitako dokumentazioaren gaineko araudia betetzearen ondorioetarako, atal horretan adierazitako dokumentazioaren ordez, agiri hauek aurkezten ahalko dituzte:
a) Kudeaketa kolektiborako atzerriko entitateak egindako ziurtagiria, honako datu hauek jasoko dituena: hartzaileen zerrenda (hitzarmenaren arabera, atzerriko entitatearen herrialde bereko egoiliarrak direla adierazita), hartzaile bakoitzari dagozkion eskubideen zenbateko osoa eta zenbateko horien batura.
b) Atzerriko entitatearen egoitza fiskalaren ziurtagiria, haren herrialdeko zerga agintaritzak luzatua. Ziurtagiri horrek urtebeteko balioa izanen du, sinatzen den egunetik aurrera.
Egiaztapenerako prozedura berezi hori aplikatuko da deusetan galarazi gabe zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak garatzeko aginduetan (zerga noiz sorrarazten den, une horretan indarra dutenetan) xedatzen dena ere bete beharra, baldin eta agindu horietan ezartzen bada, itzulketaren prozeduran, eredu berariazko bat erabili behar dela edo egoitza fiskalaren ziurtagiri bat aurkeztu behar dela. Nolanahi ere, zerga administrazioak ahalmena izanen du kudeaketa kolektiborako entitateek egindako ordainketa horietan sartutako etekinak jaso dituen edozein onuradunari eskatzeko justifika dezala hitzarmena aplikatzeko eskubidea duela. Horretarako, egoitza fiskalaren ziurtagiria eskatzen ahalko die, egoitzaren herrialdeko zerga agintariek luzatua, non adierazi beharko baita, hitzarmenaren ondorioetarako, egoiliarrak direla.
13. artikulua. Aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura berezia baloreetatik datozen harpidetza eskubideen eskualdatzearen ondoriozko irabazi salbuetsien kasuan
.
1. Baloreetatik datozen harpidetza eskubideen eskualdatzearen ondoriozko irabazi salbuetsiak izanik, dela barreneko araudiaren arabera edo hitzarmen baten arabera, aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura berezia erabil daiteke arau hauen arabera:
a) Zero kuotako 210 ereduaren autolikidazio berean elkartu daitezke herrialde bereko egoiliarrak diren zergadunek izandako irabazi salbuetsiak, jaulkitzaile beraren baloreetatik datozenak.
b) Autolikidazioa egiten duen pertsona zergadun guztien ordezkari komuna izan daiteke, edo balore horiek gordetzeko edo kudeatzeko ardura duen gordailuzaina edo kudeatzailea den erakundea.
c) Urte naturalean zergadun bakoitzari dagozkion irabazi salbuetsiak 500 eurotik beherakoak izatea jaulkitzaile bakoitzeko.
Zero kuotako 210 ereduaren autolikidazioa betetzean kontuan hartuko dira honako xehetasunak: urteko elkarketa adieraziko da; errenta motaren 36 kodea idatziko da, prozedura berezi hori identifikatzen duen berariazko kodea; “Zergaduna”-ri dagokion apartatuan, “Deiturak eta izena, sozietatea-izena edo izendapena” eremuan idatziko da “231/2013 FORU AGINDUAREN 13. ARTIKULUKO PROZEDURA” eta “Egoitza fiskala: herrialdearen kodea” eremuan, zergadunen bizilekuari dagokiona (apartatu horretako gainerako eremuak bete gabe utziko dira); “Ordaintzailea/atxikitzailea/jaulkitzailea/higiezinaren eskuratzailea” apartatuan baloreen jaulkitzailea nor den adieraziko da.
2. Foru agindu honen 11.1 artikuluan dokumentazioaz aurreikusitako araudia betetzearen ondorioetarako, apartatu horretan adierazitakoaren ordez erantsi daiteke ordezkariak edo zergadunen zerrenda daukan erakunde gordailuzainak edo kudeatzaileak emandako ziurtagiri bat, honako datuak adierazita: zergadunek zein herrialdetan duten egoitza, harpidetza eskubideen salmentarengatik bakoitzak jasotako zenbatekoa, eta zenbateko horien batura. Era berean, berariaz adierazi behar du badituela zerrendan sartutako zergadun bakoitzak egindako aitorpenak, bai eta zergadun horiek egoitza fiskala autolikidazioan adierazitako herrialdean dutela ere.
3. Autolikidazioa egiten duena baloreak gordetzen edo kudeatzen dituen erakundea bada, ez da beharrezkoa izanen autolikidazioari dokumentazioa eranstea eta nahikoa izanen da dokumentazio hori zerga administrazioaren eskura izatea harik eta preskripzio epea iraungi arte.
4. Egiaztapen prozedura berezi hori aplikatuko da deusetan galarazi gabe zerga administrazioak eskatu ahal izatea justifika dezala, aurreko 2. atalean aipatutako zerrendan sartutako edozein zergaduni, salbuespena aplikatzeko eskubidea duela. Horretarako, egoitza fiskalaren ziurtagiria eskatzen ahalko die, egoitzako herrialdeko zerga agintariek egina.
Lehen Xedapen Gehigarria . Establezimendu iraunkorrarekin lortutako errentak
.
1. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 18.4 artikuluan adierazitako establezimendu iraunkorrei, aipatu artikuluaren a) letran xedatutakoaren arabera zehazten badute zerga, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruzko autolikidazioak aurkezteko arauak aplikatuko zaizkie, foru agindu honetan jasotakoak, hain zuzen.
2. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, entitate ez-egoiliar batek establezimendu iraunkor baten bidez lortutako errentak atzerrira transferituz gero, 210 ereduko autolikidazioa, 1. artikuluan onetsia, erabiliko da ezarpen horren autolikidazioa eta diru-sarrera egiteko.
Hiruhileko bakoitza bukatu ondoko lehen hogei egun naturalak izanen dira aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epeak, salbu eta bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkien aitorpenen kasuan. Horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko dira hurrenez hurren, segun eta zein hiruhileko naturaletakoa den errentak atzerrira transferitzeko data.
3. Establezimendu iraunkorrentzat, haien eragiketek merkataritza ziklo osoa ixten ez badute, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 18.3.b).1 artikuluak aipatzen duen portzentajea %15 izanen da.
Bigarren Xedapen Gehigarria . Dibisetako eragiketak.
Foru agindu honetan onetsitako autolikidazioak betetzearren, euroa ez beste moneta unitate batean egindako eragiketak eurotan adierazi beharko dira, Europako Banku Zentralak argitaratzen duen truke ofizialaren tasa aplikatuta eta Espainiako Bankuari adierazita noiz sorrarazi diren diru-sarrerak edo gastuak sortu, Euroa Sartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Data horretan ez bada truke-tasa ofizialki argitaratu, argitaratu den azken truke-tasa ofiziala hartuko da kontuan.
Ez bada truke-tasa ofizialik, moneta unitatearen merkatuko balioa hartuko da erreferentzia gisa.
Hirugarren Xedapen Gehigarria . Espainiako egoitza fiskalaren ziurtagiria.
1. Interesdunek eskatuta, kudeaketa bulegoek egin beharreko ziurtagirien ereduak onetsi dira, Espainiako egoitza fiskala egiaztatzeko. Espainiako egoitza fiskala beste herrialde edo lurralde batzuetako zerga arloko administrazioei edo atzerriko beste ordaintzaile edo operadore ekonomiko batzuei frogatu behar zaienean erabiliko dira ziurtagiri hauek.
Orobat, Espainian dagoen ondasun higiezin bat kontraprestazio bidez eskualdatu behar duten zergadunak edo subjektu pasiboak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari edo sozietateen gaineko zergari lotuta daudela frogatzeko erabiliko dira, hala aipatzen baita ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren erregelamenduaren (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuak onetsia) 14.2.a) artikuluan.
2. Foru agindu honen III. eta IV. eranskinetan jasota daude kudeaketa bulegoek emanen dituzten egoitza fiskalaren ziurtagiriaren ereduak. III. eranskina, “Espainiako egoitza fiskalaren ziurtagiria” izenekoa, oro har, bizilekua Espainiako lurraldean dela egiaztatzeko emanen da. IV. eranskina, “Espainiako bizileku ziurtagiria. Hitzarmena” izenekoa, bizilekua Espainian dela egiaztatzeko emanen da, Espainiak izenpetutako hitzarmenaren xedapenen ondorioetarako, ez dadin ezarpen bikoitzik izan.
3. Gainera, zergadunak edo subjektu pasiboak Nafarroako Zerga Administrazioari herrialde edo lurralde batean errenta bat eskuratu izanaren berri eman diola ziurtagirietan jasotzeko eskatzen ahalko da, haren deskripzioa ere interesdunak azalduta.
Bereziki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako zergadunek egiten dutenean eskaera, Kontseiluak ekainaren 3an emandako 2003/48/EE Zuzentarauaren (aurrezki etekinen fiskalitatearen arloan, interesen ordainketa gisa) 13.1.b) artikuluan edo zuzentarau horren 17. artikuluak aipatzen dituen erabaki edo hitzarmenetan aurreikusitako atxikipenetik libratzeko, hurrengo datuak eman beharko dira:
a) Hartzailearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
b) Errentak ordaintzen dituen pertsonaren edo entitatearen izena eta helbidea.
c) Errenta hartzailearen kontuaren zenbakia edo, bestela, kredituaren identifikazioa.
Ondorio horietarako egiten den ziurtagirian, datu gehigarrietarako aurreikusitako atalean, honako hauek adieraziko dira:
- Etekinak Austrian, Belgikan edo Luxenburgon eskuratu badira, honako espresio hau:
“Kontseiluaren ekainaren 3ko 2003/48/EE Zuzentarauaren 13.1.b) artikuluan aurreikusitako atxikipenetik libratzeko ondorioetarako, aurrezki etekinen fiskalitatearen arloan, interesen ordainketa gisa.”
Etekinak Europar Batasuneko kide diren estatuen edo beste estatu batzuen menpeko edo haiekin elkartutako lurraldeetan eskuratzen badira, eta haietan zuzentarauaren 17. artikuluan aipatu erabaki edo hitzarmenen arabera, ziurtagiri honen bidez atxikipena eta hura saihesteko prozedura bat ezartzen badute, honako espresio hau:
“Kontseiluaren ekainaren 3ko 2003/48/EE Zuzentarauaren 17. artikuluan aipatu erabaki edo hitzarmenetan aurreikusitako atxikipenetik libratzeko ondorioetarako, aurrezki etekinen fiskalitatearen arloan, interesen ordainketa gisa.”
- Lehen aipatu a), b) eta c) letretako datuak.
- Ziurtagiriak hiru urterako balioa izanen du.
4. Nafarroan kokatua den ondasun higiezin bat kontraprestazio bidez eskualdatu behar duten zergadunek edo subjektu pasiboek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari edo sozietateen gaineko zergari lotuta daudela frogatu behar dutenean, edo inguruabar horiek atzerriko zerga administrazio bati frogatu behar zaizkionean, hurrengo espresioak datu gehigarrien atalean sartzeko eskatzen ahalko da:
“Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotua dago” edo “Sozietateen gaineko zergari lotua dago”.
5. Atzerriko zerga administrazio batek zergadunei edo subjektu pasiboei Espainiako lurraldeko egoitza fiskalaren froga inprimaki bereki batean adierazteko eskatzen dienean, inprimaki hori duen ziurtagiria betetzea onartzen ahalko da, baldin eta ziurtagiriaren edukia III. eta IV. eranskinetan heldu diren ereduen parekoa bada.
Ziurtagiria eransteko aurkezten den atzerriko dokumentua ez bada gaztelaniaz edo Espainiako lurraldeko beste hizkuntza ofizial batean adierazita, haren itzulpena eskatzen ahalko zaio interesdunari.
6. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari egiten ahalko zaio eskaera telematika bidez edo paperean; kasu horretan, datu hauek izan beharko ditu:
a) Interesdunaren eta, zein den kasua, ordezkariaren izen-deiturak edo sozietatearen izena, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
b) Zer ondorioetarako eskatzen den ziurtagiria: hartzailea, helburua eta, zein den kasua, zer herrialde edo lurraldetan izanen dituen ondorioak.
c) Eskabidearekin batera erantsitako dokumentu eta frogagiriak, egoitza fiskala Espainiako lurraldean dela frogatzeko.
d) Aurreko 3. atalean aipatu datu gehigarriak ziurtagirian agertzeko eskatu nahi bada, interesdunak atzerrian lortutako errentaren deskripzioa. 4. atalean aipatu inguruabarra agerrarazteko eskatuz gero, horren adierazpena.
e) Data eta interesdunaren sinadura, edo ordezkariarena.
7. Bidezko egiaztapenak eginik, kudeaketa organo eskudunak, eskaera ondoko hamar egun baliodunean gehienez ere, ziurtagiria emanen du edo, eskaera betetzerik ez dagoela dioen oharra adieraziko.
8. Ziurtagiria baliabide telematikoen bidez eskatu eta emateko, Nafarroako Zerga Ogasunaren web orria baliatuko da, hau da, http://www.hacienda.navarra.es Interneteko helbidea, foru agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako baldintza orokorrei jarraituz.
Ziurtagiri telematikoen edukia paperean inprimatzen ahalko da.
Laugarren Xedapen Gehigarria . Herrialde edo lurraldeen kodeak.
Foru agindu honetan onetsitako aitorpenak betetzearren, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 208/2008 Foru Aginduaren azken xedapen bakarrean onetsitakoak izanen dira herrialde edo lurraldeen kodeak, hartan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako 196 eredua onetsi baitzen: ondasun higigarrietako kapitalen etekinen eta edozein finantza-erakundetako kontuen ondoriozko kontraprestazioaren bidez lorturiko errenten atxikipen eta konturako diru-sarrerak, aktibo finantzarioen gaineko eragiketetan oinarrituak eta pertsona baimenduen eta edozein finantza-erakundetako kontuen saldoen urteroko informazio aitorpena barne.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Arauen indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, indarrik gabe geldituko dira beste hauek: Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 72/2000 Foru Agindua, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 215 ereduak, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak, pezetatan eta eurotan, aitortzeko erabili behar direnak onetsi zituena, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 9ko 278/2001 Foru Agindua, F-67, F-69, J-10, J-20, J-30, CAT-06, CAT-08, FR-2, 038, 181, 182, 190, 199, 211, 212, 213, 214, 308, 309, 318, 319, 345, 480, 565, 600, 605, 610, 620 eta 630 ereduak (eurotan) onetsi zituena, 211 eta 212 ereduei dagokienez.
Orobat, indarrik gabe utzi da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 154/1998 Foru Agindua, arauak eman zituena pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gainekoa eta ondarearen gainekoa, betebehar errealagatik sorraraziak, aitortzeko, baita entitate ez-egoiliarren ondasun higiezinen gaineko karga berezia aitortzeko ere; merkataritza zikloa ixten ez duten eragiketak dituzten establezimendu iraunkorren gastuen portzentajea zehaztu zuen, atzerriko monetan egindako ordainketak Espainiako monetan adierazteko araua ezarri zuen eta lotura pertsonala egiaztatzeko ziurtagiria arautu, 211 eta 212 ereduei dagokienez, eta indarra izaten jarraitu duena apirilaren 25eko 72/2000 Foru Agindua onetsi ondoren, 210 eta 215 ereduei dagokienez.
Azken Xedapen Bakarra . Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko ekainaren 18an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.








III. ERANSKINA. 
IV. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1309210