(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

211/2013 FORU AGINDUA, EKAINAREN 12KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, “FABRIKAZIOAREN GAINEKO ZERGA BEREZIAK. KUOTA JASANARAZIEN INFORMAZIO AITORPENA” IZENEKO 548 EREDUA ONESTEN DUENA

BON N.º 120 - 25/06/2013



Atariko

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen du subjektu pasiboek jasanarazi beharko dietela sorrarazitako kuoten zenbatekoa fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak eskuratzen dituztenei eta horiek behartuta daudela haiek jasatera. Artikulu horrek berak zehazten du etendura araubideko fabrikazio, eraldaketa edo biltegiratzea besteren kontura egiten direnean, subjektu pasiboak behar diola sorrarazitako kuoten zenbatekoa jasanarazi eragiketaren hartzaileari.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriak xedatzen du lurralde erkidean indarrean dauden arauak aplikatuko direla, Foru Komunitateak zerga bereziak aplikatzeko behar diren arauak eman arte.

Abenduaren 28ko 1715/2012 Errege Dekretuak zerga berezien erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsia, aldatu zuen eta beste zenbait xedapen sartu zituen tributuen eremuan; orobat, betebeharra sortu zien gordailuzain baimenduei, aldian behin, etendura araubideko fabrikazio, eraldaketa edo biltegiratzearen hartzaileak diren pertsona edo entitateen gaineko informazio aitorpena aurkezteko.

Azken aldaketa horren bidez, zerga berezien erregelamenduaren 45.6 artikuluak zehazten du aitorpenak eragiketaren xedeko pertsonaren edo entitatearen identifikazioari buruzko informazioa, zer produktu diren eta kuota jasanarazien zer elementu zenbatzen diren edo zeini salbuespena aplikatzen zaien jaso behar dituela.

Foru agindu honek Zerga Bereziei buruzko Foru Legearen 14. artikuluko 2. idatz-zatiak aipatzen dituen jasanarazpen kasuetara mugatzen du informazio aitorpena, hau da, kuotak produktuen jabeei jasanarazten zaizkien kasuetara, elektrizitatearen gaineko zerga izan ezik, haren edukia zabal dadin galarazi gabe zerga berezien erregelamenduaren aipatu 45.6 artikuluaren azken aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan.

Elektrizitatearen gaineko zerga salbuesten da gordailuzain baimenduen eragiketek ez dutelako zergarik sorrarazten, oso egoera berezietan izan ezik. Sorrarazpena dagoen kasuetan, gehienetan autokontsumoak izaten dira, energia elektrikoaren transmisiorik gabe alegia eta, beraz, ez da zerga jasanarazten. Bestetik, zerga hau dela eta, ia sorrarazpen guztiak merkaturatzaileek energia elektrikoa entregatzen dutenean gertatzen dira eta horiek erregelamenduak berak salbuesten ditu informazio aitorpena aurkeztu beharretik, fabriken eta gordailu fiskalen titularrei erreserbatua dagoenez.

Hain da handia egin daitezkeen bolumen txikiko eragiketen kopurua, baita merkataritza helbururik gabe ere, batez ere edari alkoholdunen sektorean, ezen une honetan komenigarria da informazio aitorpena aurkezteko betebeharra geroratzea produktuen jabeak diren gordailuzain baimenduei, zerga zuzenean jasanaraziz erosleei egindako entregetan.

Foru agindu honek onesten duen ereduari eman zaion egituraren bidez, aitorpen bakar batean aurkezten ahal du aitortzaileak bere establezimenduei buruzko informazioa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarriak baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan foru lege horren 90. artikuluan aipatzen diren zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz.

Horrenbestez, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan jasotako eskudantziarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 548 eredua onestea.

1. “Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak. Kuota jasanarazien informazio aitorpena” izeneko 548 eredua onetsi da.

2. 548 eredua telematikoki aurkeztu beharko da, Internet bidez, foru agindu honen 4. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Kuota jasanarazien informazio aitorpena aplikatzeko eremua.

Informazio aitorpenak aplikazio eremu hau izanen du:

a) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien gordailuzain baimenduek aurkeztuko dute, elektrizitatearen gaineko zerga salbu.

b) Besteren kontura egindako eragiketak beteko dituzte aitortzaileek.

3. artikulua. 548 eredua aurkezteko epea.

Aurreko artikuluko a) letran aipatu fabriken eta gordailu fiskalen titularrek zerga sorrarazi eta hurrengo hilabeteko lehen 20 egun naturalean aurkeztu beharko dute 548 eredua.

Aitorpenean titularraren establezimendu guztiak sartuko dira.

4. artikulua. 548 eredua aurkezteko modua.

548 eredua telematikoki, Internet bidez aurkeztu beharko da nahitaez, ondotik heldu diren 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

5. artikulua. 548 ereduari dagozkion aitorpenak telematikoki, Internet bidez, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 548 ereduari dagozkion aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak eta ziurtapen zerbitzuak dagokien atalean aipatzen dira; hartara, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik iristen ahal da.

c) Aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatzen dena, eduki beharko du.

d) 548 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua. 548 ereduari dagozkion aitorpenen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia baliatuz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak jakinaraziko du aurkeztutako aitorpen bakoitzari esleitutako zenbakia eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2013ko ekainaren 1etik aurrera egiten diren eragiketei aplikatuko zaie.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web