56/2013 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 15EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO ERRADIOLOGIA ZERBITZUA SORTZEN DUENA
BON N.º 96 - 22/05/2013
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak, atariko III. atalean, adierazten du erakunde horren egitura osatuz joanen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu berdinetara bideratuak.
Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian-.
Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzua eta Erradiologiako Zerbitzua, hurrenez hurren, eta Laguntza Espezializatuko Osasun Etxeetako eta Ubarmin Klinikako atalak eratzen eta garatzen joan ziren pixkanaka. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek A, B, C eta D izendatu ziren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.
Gaur egun, bidezkoa da besteak beste osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Erradiologia Zerbitzu bakar bat sortzea, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Erradiologia Zerbitzua sortzea.
Nafarroako Ospitaleguneko Erradiologia Zerbitzua sortzen da, A eta B ospitaleetako, C Osasun Etxeetako eta D ospitaleko erradiologia arloko baliabide materialak eta giza baliabideak integratuta bertan, Nafarroako Ospitaleguneko Erradiologia Zerbitzuan.
2. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Ospitaleguneko Erradiologia Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Mediko Zentralen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu erradiologiaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.
3. artikulua. Erradiologia Zerbitzuaren egitura.
1. Erradiologia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:
a) Larrialdi Atala.
b) Neurorradiologia Atala.
c) Bularretako Erradiologia Atala.
d) Erradiologia Kardiobaskularraren Atala.
e) Erradiologia Pediatrikoaren Atala.
f) Erradiologia Muskuloeskeletikoaren Atala.
g) Bularraldeko Erradiologia Atala.
h) Sabelaldeko Erradiologia Atala.
2. Erradiologia Zerbitzuari atxikitako fakultatibo espezialistek laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak beteko dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, dagokion atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea, baita ataletatik kanpo ere, zerbitzuburuaren menpe arituz.
Xedapen gehigarri bakarra. Lehenagoko izendapenak.
Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, A Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuaren eta B Ospitaleko erradiologia Zerbitzuaren egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten dira Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Erradiologia Zerbitzuari buruz eta Erradiologiako lau atalei buruz dauden aipamenak.
2. Indarrik gabe uzten dira Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Erradiodiagnostikoko Zerbitzuari, Erradiodiagnostiko Orokorraren Atalari, Odol-hodietako Erradiodiagnostiko eta Ebakuntza Atalari eta Neurorradiologia Atalari buruz dauden aipamenak.
3. Orobat, indarrik gabe uzten da foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo baxuagoko beste edozein arau.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.