(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

199/2013 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 28KOA, GIZARTE POLITIKETAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO GIZARTE POLITIKAREN ARLOKO IKUSKAPEN PLANA ONESTEN DUENA, 2013. URTERAKO

BON N.º 66 - 09/04/2013



  ERANSKINA. NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUEN IKUSKAPEN PLANA 2013. URTERAKO


Atariko

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Halaber, foru lege horren beste helburu bat gizarte zerbitzuen sistema egokia eratzea da, zerbitzu ezin hobeak ematea ahalbidetuko duena, pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea bermatzeko.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aplikazio eremua, alde batetik, 3., 6., 7. eta 8. artikuluetan dago zehaztuta, horietan ezartzen baita nor diren gizarte zerbitzuen hartzaileak eta zein eskubide eta betebehar dituzten.

Beste alde batetik, gizarte zerbitzuen sistema publikoa ere foru legearen aplikazio eremuaren barrenean dago. Foru legearen 9. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten prestazio tekniko eta ekonomikoek, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatzen dute sistema hori. Esparru juridiko horretan, 69. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistemakoak diren gizarte zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da, zerbitzuok 75. artikuluan aurreikusitako erregistroan inskribaturik egoteaz gain, 76. artikuluan aurreikusitako administrazio baimenak lortu eta haiei eustea. Baimen horien xedea baldintza jakin batzuk eta kalitatearen gutxieneko estandarrak beteko direla bermatzea da.

Azkenik, aipatu foru legearen 83. artikuluak ezartzen duenez, foru lege horren aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek egindako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren mende.

Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dio gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuak ikuskatzeko planen prestaketa, eta hark kontrolatu eta koordinatuko du ikuskapen lana. Azkenik, Ikuskapen Atalak, gizarte gaien, familiaren, adin txikikoen babesaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, bereziki, hurrengo hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuak ematen dituztenek eta horiek hartzen dituztenek gizarte zerbitzuak erregulatzen dituzten arauetan xedatutakoa betetzen ote duten kontrolatu eta ikuskatzea, departamentuko gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen baimen administratiboak kudeatu eta tramitatzea.

Beraz, hortik ondorioztatzen da gizarte zerbitzuak ikuskatzeko eskumena, aurrean esandako guztiaren arabera, ez dela bakarrik hartu behar zentro eta zerbitzuek baliabideen eta eginkizunen arloan indarreko araudia nola betetzen duten kontrolatzeko eskumen gisa, zeren gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen zaintza eta errespetua ere kontrolatu behar baitira. Gainera, pertsonek beren beharretarako laguntza egokia, hots, laguntza osoa, integratua eta banakakoa jaso dezaten ere zaindu behar da.

Eta premisa horiek izanen dira Ikuskapen Plan honen jarduketako lerro nagusien oinarriak.

2013. urterako Ikuskapen Planak baditu aurreko planarekiko desberdintasun batzuk.

Egoitzako zerbitzuak erabiltzen dituztenen eskubideen ikuskapen lerroari eutsiko zaio, eta arreta berezia eskainiko zaio lotura fisiko eta farmakologikoen gaiari, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuak indarra hartu ondoren. Alde horretatik, zentroei aholkua emateko eta kontrolatzeko lana eginen da, loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko eta erabiltzaileek esparru horretan izan beharreko duintasuna, askatasuna eta autonomia hobeto babesteko. Horretarako, eta aipatu foru dekretuaren 20.2 artikulua betez, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak loturen erabilerari buruzko Ikuskapen Protokolo bat prestatuko du urteko bigarren hiruhilekoan, zentroek aplika dezaten.

Kendu egin dira egoitzen eta eguneko zentroen %100i egindako ikuskapen masiboak, arlo guztietako egoitzen eta eguneko zentroen %55ean zuzeneko ikuskapen arruntak indartzeko, haiek segurtasunaren, araudi teknikoen, Partaidetza Kontseiluen, Giza Baliabideen eta langileen antolamenduaren arloko legeak betetzen dituztela egiaztatzearren. Halaber, banakako arreta planen formari eta edukiari buruzko aholkularitza lana egitearren, ikuskapenaren xedeko zerbitzuetan haiek ote dauden egiaztatuko da.

Orobat, Ikuskapen Atalak sistema baten barrenean sartuko ditu hainbat familia elkarterekiko bilerak, dituzten galderak eta atzematen dituzten arazoak adieraz ditzaten.

Itunen ikuskapenari dagokionez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak itunen klausulei buruz egin ditzakeen eskari zehatzen mendean uzten da.

Laguntzen kontrolerako lerroari dagokionez, aurten, Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuarekin batera, Gizarteratze-errentako laguntzak emateko irizpideak aplikatzean homogeneotasunez jokatzen den begiratuko da, aplikazio horretan zuzentasunik ez izateak sor ditzakeen arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gizarte Politikaren arloko Ikuskapen Plana onestea, 2013. urterako. Foru agindu honen eranskinean jaso da.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren neurriak har ditzan Ikuskapen Plan horretan ezarritako programak gauzatzeko eta bertan ezarritako helburuak betetzeko.

3. Ikuskapen Plana Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

ERANSKINA. NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUEN IKUSKAPEN PLANA 2013. URTERAKO

Lehena. Organo arduraduna.

Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko Ikuskapen Atala da plana betearazteko ardura duen administrazio organoa, uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuarentzat onetsitako egitura organikoaren arabera. Plana indarra duen arau esparruari jarraituz garatuko da.

Bigarrena. Helburuak.

1. Gizarte zerbitzuen hartzaileek beren beharretarako laguntza egokia jaso dezaten arduratzea.

2. Indarra duen legediak gizarte zerbitzuen hartzaileei onartzen dizkien eskubideak, batez ere egoitzetako erabiltzaileen eskubide berariazkoak, errespetatzen diren begiratzea.

3. Zentroei aholkua eta prestakuntza ematea lotura fisiko eta farmakologikoen arloan, legezkotasuna zaintzeko eta loturak zentzuz erabil daitezela lortzeko, horrela erabiltzaileen duintasuna, askatasuna eta autonomia babestuz.

4. Zentroak eta zerbitzuak baliabideei eta eginkizunei buruzko araudi indardunari egokitzea. Horrela, kalitateko laguntza emateko gai diren gizarte zerbitzuen sarea sendotuko da.

Hirugarrena. Prozedura.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak, 2013. urtean, Plan honetan jasotako ikuskapen jarduketak eginen ditu, eta aurkezten diren salaketa, kexa eta erreklamazioei erantzuteko behar direnak ere bai.

Jarduketa bereziak ere egin ahal izanen dira, zuzendaritza nagusiaren aginduz, nork bere ekimenez edo beste organo batzuen eskaera arrazoituari erantzunez.

Laugarrena

Ikuskapen lanetan gizarte politikaren arloko arau guztiak izanen dira aplikatzekoak. Bereziki, honako arau hauek erabiliko dira gehienbat ikuskapen lanetan:

1) Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2) Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua. Aurreko foru legearen xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraituz aplikatuko da.

3) Abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

4) Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

5) Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

6) Ikuskatzekoak diren laguntzei buruzko berariazko arauak eta itun bakoitzeko kontratu-arauak.

Bosgarrena. Oinarrizko jarduketa lerroak.

Oinarrizko jarduketa lerroek hurrengo helburuak lortzea izanen dute xede:

Gizarte zerbitzuen hartzaileei, batez ere egoitzetan daudenei, beren eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzea. Eragin berezia lotura fisiko eta farmakologikoen eremuan eta banakako arreta planak ote dauden kontrolatzen, aholkularitza lana egitearren haien formari eta edukiari buruz.

Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzea, segurtasun eta partaidetza arauak bete daitezen indar eginez, baita giza baliabideen eta langileen kudeaketaren arloan ere.

Gizarteratze-errentako laguntzak emateko irizpideak aplikatzean homogeneotasunez jokatzen den jakiteko ikuskapenaren oinarrizko lerroa.

Itunak betetzen diren egiaztatzea, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak horixe eskatzen duenean.

Seigarrena. Metodologia.

Ikuskapena, legez onartutako eskumenak erabiliz, oinarrizko jarraibide hauei loturik eginen da:

1. Ikuskatzaileak zentro eta zerbitzuetako instalazio eta lokal guztietan sartzen ahalko dira. Era berean, ikuskapenaren xedea betetzeko eta ikuskatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak eta/edo jakingarriak diren agiri, datu eta argibide guztiak eman behar zaizkie. Ikuskatzaileen lana oztopatzea arau-hauste larritzat jotzen da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 86. artikuluko n) letran.

2. Bisita arruntak ez dira aldez aurretik iragarriko, eta ikuskatzaile egiaztatuen identifikazioarekin hasiko dira.

3. Ikuskapen bisitak, haien arrazoia edozein izanda ere, lanegunetan nahiz jaiegunetan egiten ahalko dira, egunez edo gauez.

4. Ikuskatzaileek beren lanean datu pertsonalen babesari buruzko arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

5. Departamentuko organo eta erakundeak behartuta daude ikuskatzaileei ahalik arinen eta eraginkortasunez laguntzeko, hala eskatzen zaien guztietan.

6. Plana bete aurretik, oinarrizko lerro bakoitzeko ikuskapen protokoloak onetsiko dira.

Zazpigarrena. Gizarte politikaren arloko ikuskapenaren oinarrizko jarduketa lerroak 2013. urtean.

I. Egoitzetako gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideen errespetua bermatzeko oinarrizko jarduketa lerroa. Eragin berezia lotura fisiko eta farmakologikoen eremuan eta banakako arreta planak ote dauden kontrolatzen, aholkularitza lana egitearren haien formari eta edukiari buruz.

Helburua.-Ikuskapen lanaren bidez egiaztatuko da gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 6. eta 8. artikuluetan arautzen direnak, Autonomia Pertsonalaren Sustapenari eta Mendekotasuna duten Pertsonentzako Laguntzari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ildoari jarraituz.

Ikuskapen Plan honen indarraldian, bereziki, egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen diren egiaztatuko da, honako hauei dagokienez: adinekoentzako arreta, desgaitasunak dituzten pertsonak, buruko eritasunak, adingabekoentzako arreta, gizarte bazterkeria eta genero bortizkeria.

Eskubideak errespetatzen diren jakiteko, zerbitzu horiei egiten zaizkien bisitetan, bisitaren arrazoia edozein dela ere, erabiltzaileen eskubide hauek aztertuko dira nagusiki:

1. Zentroko langileengandik eta erabiltzaileengandik tratu duina jasotzeko eskubidea, arreta jarriz, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenen tolerantzian eta ulermenean.

Era berean, garrantzizkoak dira: erreferentziazko langileak, erabiltzaileen zainketa pertsonaletan jartzen den arreta eta erabiltzaileek itxura egokia izatea jantziei dagokienez. Horretaz gainera, langileek kontuz eta zakarkeriarik gabe mugitu behar dituzte egoiliarrak, muga fisikoak eta/edo psikikoak dituztela kontuan harturik eta horiei egokiturik.

2. Beren eskubideei buruzko informazioa eta beren egoeraren balorazioa jasotzea, eta eraginen dien edozein esku-hartzeren aurretik informazioa jasotzea, berariazko baimena eman ahal izateko. Erabiltzaileek zerbitzuaren barne erregelamendua ezagutzen duten kontrolatuko da bereziki.

3. Banakako laguntza jasotzeko eskubidea, erabiltzaileen berariazko beharren araberakoa. Zehazki, ikuskatuko da ea zerbitzuek banakako arreta planik ote duten erabiltzaile bakoitzeko, eta ea profesional eskudunek aldian-aldian aztertu duten. Alde horretatik, dokumentu horiek jaso beharreko gutxieneko edukian eginen da indarra, baita haiek prestatzen eta berrikusten aritu behar duten profesionaletan ere. Laguntza pertsonala, soziala, sanitarioa, farmazeutikoa, hezkuntzakoa eta kulturala eraginkorra eta egokia den ere kontrolatuko da.

4. Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Nabarmenduko da ea zerbitzuak ba ote dituen bisitak ahalik eta intimitate handienarekin jasotzeko egokiak diren instalazio eta eremuak, eta ea pribatutasuna errespetatzen den erabiltzaileak kanpoko edonorekin izaten duen komunikazioan, dela posta arruntez dela telefonoz edo dela beste edozein baliabidez.

Atal honetan, bereziki begiratuko da ea garbiketa eta barruko arropen aldaketak erabiltzaileen intimitatea bermatzeko baldintza eta toki egokietan egiten diren, horretarako bionboak, gortinak edo ateak erabiliz.

5. Kexen eta iradokizunen sistema erabiltzeko eskubidea. Atal honetan, zerbitzuek esparru horretan erabiltzen dituzten protokoloak aztertuko dira, baita zerbitzuaren erantzunik baden eta horretarako zer epe behar izan den ere.

6. Zentroetan parte hartzeko eskubidea, Partaidetza Kontseiluen bitartez, horien eraketa eta urteko bilkura araudi aplikagarriak ezartzen baditu.

7. Sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasateko eskubidea, erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik ez badago behintzat.

Zerbitzuen hartzaileen eskubideak errespetatzen diren jakiteko, ikuskapen bisita arruntetan, bide hauetako edozein erabili ahal izanen da:

- Zentroko erabiltzaileek eta haien ahaide edo hurbilekoek emandako informazioaren bidez.

- Ikuskapen lanean nabarmentzen diren gorabeheren bidez.

- Zentroko arduradunek ematen duten informazioaren bidez.

Eskubideak egiaztatzeko bidea zuzeneko behaketa denean, ikuskatzaile guztientzat aldez aurretik finkatutako irizpide homogeneoak hartuko dira kontuan. Irizpide horiek Ikuskapen Protokoloetan finkatuko dira.

Jarduera honen epeen planifikazioa bat etorriko da oinarrizko II. lerroko II.3.1. eta II.3.2. programetan aurreikusitako ikuskapen arrunten planifikazioarekin.

Orobat, bilerak eginen dira egoiliarren ahaideen hainbat elkarteren ordezkariekin eta zentroetako partaidetza kontseiluetan ahaide eta erabiltzaileek dituzten ordezkariekin, zentroen funtzionamenduaren alderdi zehatz batzuei buruzko iritziak alderatzearren. (Bestela, zenbait partaidetza kontseilutara joan liteke, zertaz hitz egiten den ikusteko...).

Lotura fisiko eta farmakologikoei dagokienez, berritasun gisa eta Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuak indarra hartu ondoren, aurten, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak zentroei aholkuak emanen dizkie loturak zentzuz erabil daitezen, aipatu foru dekretuaren aginduak betetzearren.

Horretarako, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak lotura fisiko eta farmakologikoen erabilerarako “Ikuskapen Protokoloa” sortuko du. Protokolo horren bitartez jarraibide batzuk ezarriko dira, zentroei aholkua emateko, dela loturak erabiltzean erabiltzaileen eskubideak bermatzeari dagokionez, dela loturen zentzuzko erabilerari dagokionez. Dena dela, protokolo hori argitaratu arte, Ikuskapen Atalak kontrolatuko du lotura eta baranden erregistrorik ote den, baita zer protokolo dauden ere neurri horiek aplikatzeko adinekoen eta desgaitasunak dituztenen eremuetako egoitzetan eta eguneko zentroetan.

II.-Zentro eta zerbitzuak gainbegiratu eta kontrolatzeko oinarrizko jarduketa lerroa.

II.1 programa.-Lanean ari diren zentro eta zerbitzu guztiak legeztatzea.

Helburua.-Lanean ari diren eta baimenduta egon behar duten zentro eta zerbitzu guztien egoera administratiboa erregularizatzea, indarra duen araudiaren arabera beharrezko baimenik ez badute.

II. 2. programa.-Baimen berriak ematea eta Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskripzio berriak egitea.

Helburua.-Behar diren ikuskapen lanak egitea baimenak emateko prozeduretan (funtzionamendu baimenak, titulartasuna aldatzekoak, instalazioetako aldaketa garrantzitsuak, eginkizunak eta helburuak aldatzekoak, behin-behineko baimenak salbuespen kasuetarako, aldi baterako kokapenak aurreikusten direnean, eta jarduera uztekoak), eta Kalitate Atalari jakinaraztea Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistro berrian egin, kendu edo aldatzen diren inskripzioak, haien berri izanez gero.

II.3 programa.-Zentro eta zerbitzuek baliabideei eta eginkizunei buruzko baldintzak nola betetzen dituzten uneoro kontrolatzea.

Helburuak.

II.3.1. Datuak, administrazio baldintzak eta gaur egungo araudian eskatzen diren segurtasun baldintzak dokumentuetan biltzea egoitzen eta eguneko zentroen, adineko pertsonentzako arretaren arloaren, desgaitasunak dituztenen arloaren, buruko eritasunak dituztenen arloaren, gizarte bazterketa bizi dutenen arloaren, adingabeen arretaren arloaren eta genero indarkeria jasaten dutenen arloaren %100ean, gero aztertu eta kontrolatzeko; bereziki, ebakuazio edo autobabes planik ote dagoen zentro bakoitzean (banakakoa hala badagokio), baita simulakroak edo planak ezartzeko jarduketak egiten diren ere, bidezko araudiak ezarritakoari jarraituz.

II.3.2. Urtean behin ikustaldi bat egitea egoitzen eta eguneko zentroen, adineko pertsonentzako arretaren arloaren, desgaitasunak dituztenen arloaren, buruko eritasunak dituztenen arloaren, gizarte bazterketa bizi dutenen arloaren, adingabeen arretaren arloaren eta genero indarkeria jasaten dutenen arloaren %55i, giza baliabideen eta langileen antolaketaren aldetik legea betetzen duten egiaztatzeko. Bereziki, honako hau zainduko da:

Zentroko langile guztientzat erregelamenduz edo kontratuz ezarritako ratioak betetzea, baita lanpostuan egotearen gaineko kontrola ere, fitxatuz edo beste edozein frogabidez, zentroko langile guztientzat, zuzendaritzakoak eta teknikariak barne, zentroarenak izan edo azpikontratatuta egon.

Zuzendaritzako organoen eta teknikarien titulu profesionala, baita zaintzaileena ere, 2008ko abenduaren 2ko Ebazpenean ezarritako aurreikuspenen arabera, SAADeko zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapenaren irizpide komunei buruz. Aipatu ebazpenak Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren akordioa onetsi zuen.

III.-Ikuskapenaren oinarrizko lerroa, Gizarteratze-errentako laguntzak emateko irizpideen homogeneotasunari buruz.

Helburua:

Laguntza hori emateko hainbat espediente aztertuko dira, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zerbitzuaren partaidetza eta laguntzarekin, laguntza tramitatu eta ematean aplikatutako irizpideen homogeneotasuna egiaztatzeko; horrela, aplikazio horretan zuzentasunik ez izateak sor ditzakeen arriskuak ahalik eta gehien gutxitu nahi dira.

IV.-Oinarrizko jarduketa lerroa, Itunetako baldintza tekniko eta ekonomikoak betetzera bideratua.

IV.1. programa.-Itunen ikuskapenaren lerroan, Ikuskapen Atala Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin batera arituko da. Hala, Agentziak eskatuta, itunen klausula batzuei buruzko ikuskapen zehatzak eginen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web