(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2013 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 5EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO NEUROLOGIA ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 32 - 15/02/2013



Atariko

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak, atariko III. atalean, adierazten du erakunde autonomo horren egitura osatuz joanen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu berdinetara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian-.

Neurologia Zerbitzuak Nafarroako Ospitalean eta Bideko Ama Birjina Ospitalean garatuz joan ziren. Nafarroako Ospitalegunea apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez sortu ondoren, besteak beste, aipatutako bi ospitaleetako baliabideak bateratu dira. Hortaz, bidezkoa da Neurologia Zerbitzu bakar bat sortzea, gaur egun dauden bi Neurologia Zerbitzuen (A eta B izenekoen) langileak eta baliabideak integratzeko, horrela, herritarrei arreta eragimen eta eraginkortasun handiagoz emateko.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Neurologia Zerbitzua sortzen da; hartan integratzen dira Nafarroako Ospitaleguneko Neurologiako A Zerbitzuaren eta Neurologiako B Zerbitzuaren langileak eta baliabideak.

2. artikulua. Eginkizunak.

Neurologia Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu neurologiaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua. Neurologia Zerbitzuaren egitura.

1. Neurologia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

- Ospitalizazio Atala.

- Jarduera Anbulatorioaren Atala.

2. Neurologia Zerbitzuari atxikitako fakultatibo espezialistek laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak beteko dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, dagokion atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea, baita ataletatik kanpo ere, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.

1. Indarrik gabe uzten da Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduaren 4. artikuluko B idatz-zatiaren 2. puntuan Neurologia Zerbitzuari buruz dagoen aipamena.

2. Indarrik gabe uzten da Nafarroako Ospitalearen egitura osatu eta aldatzen duen Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 451/2001 Foru Aginduaren artikulu bakarrean Neurologia Zerbitzuari buruz dagoen aipamena.

3. Orobat, indarrik gabe uzten da foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo baxuagoko beste edozein arau.

4. Orobat, indarrik gabe uzten da foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo baxuagoko beste edozein arau.

Azken xedapen bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web