(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2013 FORU LEGEA, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortzen eta arautzen duena

BON N.º 28 - 11/02/2013



ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankua izeneko entitate publikoa sortu zen, eta Nafarroan Giza Ehunen eta Zelulen Transfusio Sarearen antolamendua ezarri.

Arauaren izena hori bazen ere, berez, ez da entitate publiko bat sortu; izan ere, 2. artikuluak, haren izaera eta araubide juridikoa azaltzen dituelarik, adierazten du Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzaren menpeko gainerako zentro publikoen izaera eta araubide juridiko bera izanen duela. "Zentro publikoak" deiturikoak, egiazki, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoak dira, nortasun juridikorik gabeak. Hortaz, bidezkoa da foru legearen izena aldatzea, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua arautzeko bidea izan dadin.

Arau honek honako eginkizun hauek esleitzen dizkio Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari: giza odoletik eta giza zelula, ehun eta organoetatik eratorritako produktuetarako osasun-premiei erantzutea eta produktu horien lorpena, biltegiratzea, kudeaketa eta hornidura bermatzea, eta, orobat, emateen eta transplanteen koordinazio autonomikoa eta Transplanteen Erakunde Nazionalarekiko koordinazioa egitea.

Irailaren 16ko 1088/2005 Errege Dekretuak odol-emateen eta transfusiorako zentro eta zerbitzuen gutxieneko baldintza eta betebehar teknikoak ezarri zituen. Bestalde, azaroaren 10eko 1301/2006 Errege Dekretuak giza zelulak eta ehunak eman, lortu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, gorde eta banatzeko kalitate eta segurtasun arauak ezarri zituen, eta horiek gizakiengan erabiltzeko koordinazio eta funtzionamendu arauak onetsi. Bi arau horietan antolaketa eredu beraren alde egiten da. Bien arteko ezberdintasun nagusia da arautzen duten gaia: batetik, odola eta odolaren osagaiak, eta bestetik, zelulak eta ehunak.

Organo-emateen eta transplanteen alorreko lurralde koordinazioa eta giza organoak lortzeko eta klinikoki erabiltzeko jarduerak abenduaren 30eko 2070/1999 Errege Dekretuan arautzen dira. Prozesu horiek ospitale eremuetan baizik ez dira egiten. Horren ondorioetarako, Nafarroan badira Nafarroako transplanteen koordinatzaile bat, koordinatzaile bat Nafarroako A Ospitalegunean eta beste bat Nafarroako B Ospitalegunean.

Azaldutakoagatik, ondorioztatzen da aipatutako 20/2010 Foru Legeak elkarren artean oso ezberdinak diren bi jarduera utzi dituela Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren esku: batetik, odolari, zelulei eta ehunei dagokiena, eta bestetik organoen emate eta transplanteei buruzkoa.

Arau horren aplikazioa aztertzeko, aholku batzorde tekniko bat sortu zen, abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legea aplikatzeko, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankua izeneko entitate publikoa sortu baitzen, eta Nafarroan Giza Ehunen eta Zelulen Transfusio Sarearen antolamendua ezarri. Batzorde horrek, espezialistek osatua, proposamen bat egin du foru lege bat tramita dadin, 20/2010 Foru Legetik kentzeko, bai giza organoak lortu eta klinikoki erabiltzearekin zerikusia duten alderdi guztiak, bai organoen emate eta transplanteen lurraldeko eta erkidegoen arteko koordinazioa, baita beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak ere.

Aholku Batzorde Teknikoak kontuan hartu du organoen ematearen eta erauzketaren gainean dagoen araudia; izan ere, araudi horretan ez dago inolako aipamenik transplanteen koordinazio autonomikoaren menpekotasunaren gainean. Proposatutako aldaketaren arabera, zeina ontzat hartu baita, ez da koherentea eta eraginkorra aipatutako jarduerak bateratzea Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren barrenean.

Giza organoen inguruko alderdiak kentzearekin batera, Ehun eta Organoen Batzorde Teknikoa Ehunen Batzorde Teknikoa deitzera pasako da.

Bestalde, 20/2010 Foru Legeak Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa eta antolamendukoa ezartzen du, neurri batean. Bertan, Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariorde baten eta zuzendari baten figurak arautzen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren antolaketaren araudian ezarrita dagoen moduaz bestela (araudi hori, batez ere, erakunde horren estatutuak onetsi dituen uztailaren 3ko 45/2006 45/2006 Foru Dekretuan jasota dago).

Administrazioaren barne-egiturak dinamikoa izan behar du, eta koordinazioa eta koherentzia behar ditu. Horregatik, eta kontuan hartuta betiere zer dioen xedapen iragankorrak, ezabatu egiten dira Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoaren gaineko arauak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoaren gainerakoarekin batera gara dadin, unean uneko benetako beharretara egokitzeko orduan egokiagoa eta arinagoa izanen den tresna juridiko baten bidez.

Azkenik, argitasunak eta segurtasun juridikoak beharrezkoa egiten dute Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren sorrera eta arautzea lege testu berri eta bakar batean jasota uztea.

1. artikulua. Odol Bankua sortzea. Legearen xedea.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortzen da, Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Mediko Asistentzialari atxikitako unitate organiko gisa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barruan. Betiere, izaera publikoa izanen du.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Odol eta Ehun Bankua arautzea aurreko lerrokadan aipatutako ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Jomuga.

1. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren helburua izanen da giza odoletik eta giza zelula eta ehunetatik eratorritako produktuetarako osasun premiei erantzutea, bai osasun sare publikoaren bai osasun pribatuaren eta itunduaren esparruan. Produktu horiek lortu, biltegiratu, kudeatu eta hornitzea bermatuko da uneko eskuragarritasunaren arabera.

2. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak Nafarroako Transfusioen eta Ehunen eta Zelulen Sarea koordinatuko du.

3. artikulua. Doakotasuna eta izaera altruista.

Odola, zelulak eta ehunak emateari buruzko Europako gidalerroak araupetzen dituzten oinarrizko printzipioetan oinarrituta, jotzen da ematea egintza libre, boluntario, doako, anonimo, eskuzabal, altruista eta arduratsua dela. Horrenbestez, emaileak ezin izanen du kontraprestazio ekonomikorik jaso, eta hartzaileari ere ez zaio inongo kontraprestaziorik eskatuko erabilitako odol, zelula eta ehunengatik. Odol, zelula eta ehun zentroen jarduerek ez dute irabazi-asmorik izanen, eta soil-soilik ordainarazi ahalko dira baimendutako jarduerak egiteagatik emandako zerbitzuen egiazko kostuak.

4. artikulua. Helburuak.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak honako helburu orokor hauek ditu:

a) Odol-emateen eta transfusiorako zentro eta zerbitzuen gutxieneko baldintza eta betebehar teknikoak ezarri zituen irailaren 16ko 1088/2005 Errege Dekretua bete dadin begiratzea eta Nafarroako Gobernuaren gidalerro estrategikoak betetzea hemoterapiari eta osasun erabilerarako giza zelulak eta ehunak lortzeari dagokienez, bai eta arlo horretan Osasun Departamentuak zehazten duen politikari dagokionez ere.

b) Nafarroan emate doakoa eta altruista sustatu eta bultzatzea, eta beharrezkotzat jotzen diren azpiegituren eraikuntzan eta zerbitzuen ematean laguntzea.

c) Nafarroako Foru Administrazioaren aurrean jardutea premien asetze orokorra lortzeko eta odola, zelulak eta ehunak bana dakizkien haien beharrean dauden osasun zentro guztiei.

d) Nafarroaren beregaintasuna lortzea odolari eta hemoderibatuei dagokienez.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduna koordinatzea beste administrazio publiko eta entitate publiko edo pribatu batzuenarekin, emateari dagokionez, nork bere eginkizunen esparruan.

f) Odol homologoarekiko eta hemoderibatuekiko esposizioaren murrizketa sustatzea, erabilera-gomendioak eta indikazioak eguneratuz eta jakinaraziz eta transfusioaren beste alternatiba batzuk indartuz, autotransfusioaren modalitate guztiak barne.

g) Emailearengandik hartzailearenganako trazabilitatea eta alderantzizkoa ere bermatzea, Nafarroan banaturiko odol, odol-osagai, zelula eta ehunetarako.

h) Hemozainketa sarea koordinatzea Foru Komunitatearen barrenean, eta sarearen koordinatzaile gisa jardutea estatuan, otsailaren 9ko SCO/322/2007 Aginduarekin eta azaroaren 10eko 1301/2006 Errege Dekretuarekn bat; Nafarroako Gobernuarentzat, hala ere, hori ez da eragozpen izanen hitzarmenak gauzatzeko erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuekin, zerikusia baldin badute Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren jarduerekin, ematearen arloan bereziki.

i) Esleitutako eginkizunekin lotutako ikerketa, garapen eta berrikuntza lanak (I+G+B) sustatzea.

j) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko langileei prestakuntza emateko programak sustatzea. Programa jarraituak izanen dira, jokabide zuzenei buruzko programak ere bilduko dituztenak.

k) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak ematen dituen zerbitzuen jarraipenerako ekintzak sustatzea, Europan eta nazioartean erregistratutako kalitateko ziurtatze-sistemak aplikatuz.

5. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak, dituen helburuak garatu eta betetzeko, ondoko ataletan zehazten diren berariazko eginkizunak dauzka esleituta:

1. Transfusio-zentro komunitario gisa, honakoak izanen ditu eginkizun:

a) Zentro eta zerbitzuen jarduerak Nafarroako Transfusioen eta Giza Zelula eta Ehunen Sarean koordinatzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan odolaren eta odol-osagaien ematea planifikatu eta sustatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-esparruan odol osoa eta odol-osagaiak ateratzea, geroago terapiarako hemoderibatu gisa erabiliak izan daitezen.

d) Terapiakoak ez diren plasmaferesi- eta zitaferesi-programak garatzea, emate altruistan oinarrituak, autohornikuntza erdieste aldera.

e) Kasu bakoitzean behar diren odol-osagaiak prozesatu eta lortzea, hala odol orokorretik datozenean nola emaile bakarrarengandik datozenean.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen barrenean industria frakzionatzailearekin eginiko plasma-trukearen ardura hartzea.

g) Inbentario eguneratu bat edukitzea, emaileei, baliabide material eta giza baliabideei eta transfusio-zentro eta -zerbitzu ezberdinen -publiko nahiz pribatuen- jarduerari buruzkoa, bai eta esleituriko lurralde-esparruan odolaren eta odol-osagaien beharrizan eta kontsumoei buruzkoa ere, eskueran dauden odol-osagaiak zein diren jakitearren.

h) Nafarroako Foru Komunitateko transfusio-zentro eta -zerbitzu publiko eta pribatu guztien beharrizanen asetzea planifikatzea eta odolaren nahiz odol-osagaien banaketa kudeatzea; orobat, beharrean dauden eta eskaera egiten duten beste erkidego batzuek dituzten odol eta odol-osagaien premiei erantzutea.

i) Nafarroako Foru Komunitatekoak ez diren transfusio-zentroetatik iritsitako odol-osagaiak jasotzea, haien egokitasuna egiaztatu eta gero batean haiek banatzeko.

j) Larrialdi baten ondoriozko premiak dituzten gaixo sentsibilizatuen kasuetan odolaren eta odol-osagaien hornikuntzaz arduratzea.

k) Jokabide egokiko irizpideetan oinarrituriko kalitate-sistema bat ezartzea, ikuskatzea eta eguneratuta edukitzea, zeina Foru Komunitatean gai honetan ardura duten zentro eta zerbitzu guztientzat komuna izanen baita.

l) Erkidegoko hemozainketa-sarea koordinatzea.

m) Emaileari bere osasun-egoerarekin zerikusia duen edozein emaitza anomalo jakinaraztea.

n) Autotransfusioko, odol-aurrezpeneko eta gutxieneko transfusio-eskemetako programak sustatzea erkidegoko ospitale guztietan.

ñ) Bere eskumen teknikoei buruzko txostenak ematea agintari eskudunek hala eskatuta, Foru Komunitateko transfusio-zentro eta -zerbitzuak irekitzeari eta/edo haien jarduerak aldatzeari ere dagokionez.

o) Erreferentziako zentroa izatea populazioarengan eragin txikia duten halako kasuetarako non diagnostikoak edo tratamenduak odolaren, odol-osagaien edo erabilera urriko erreaktiboen eskuragarritasuna izatera behartzen duen.

p) Hemoterapiarekin lotura duten langileen prestakuntzarako programak ezartzea.

q) Bere ardurapean utzi zaizkion eginkizun guztiekin zerikusia duten ikerketa-lanak egitea.

r) Aurretik aipaturikoen antzekoa den edo horiekin zerikusia duen beste edozein; batez ere, Europako zuzentarauetan aurreikusitako eginkizunak, gero jaso zirenak irailaren 16ko 1088/2005 Errege Dekretuan, zeinak odol-emateen eta transfusiorako zentro eta zerbitzuen gutxieneko baldintza eta betebehar teknikoak ezarri baitzituen, urriaren 11ko 1343/2007 Errege Dekretuan, zeinak transfusiorako zerbitzuen eta zentroen kalitate-sistemei buruzko arauak eta espezifikazioak ezarri baitzituen, eta SCO/322/2007 Aginduan.

2. Odol eta Giza Zelula eta Ehunen Banku gisa, honakoak izanen ditu eginkizun:

a) Zaintzea betetzen dela azaroaren 10eko 1301/2006 Errege Dekretua, zeinak giza zelulak eta ehunak eman, lortu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, gorde eta banatzeko kalitate eta segurtasun arauak ezarri baitzituen, bai eta horiek gizakiekin erabiltzeko koordinazio eta funtzionamendu arauak onetsi ere; halaber, bere jarduna agintarien arau eta gidalerroetara egokitzea.

b) Zelulak eta ehunak lortzeaz arduratzen diren lan-taldeak koordinatzea.

c) Giza zelulak eta ehunak prozesatzea, gordetzea, biltegiratzea, kontserbatzea, kontrolatzea, banatzea eta garraiatzea.

d) Lankidetzan aritzea helduengan eta haurrengan ordezko terapia edo transplante hematopoietiko ezberdinak egiteko kreditatuak diren osasun-zentroekin.

e) Lankidetzan aritzea aurrerapen teknikoek eta ebidentzia zientifikoak emandako justifikazioa daukaten zelula- edo birsorkuntza-terapia mota ezberdinak egiteko kreditazioa daukaten osasun-zentroekin, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aplikatuak eta gauzatuak izan daitezen.

f) Arau teknikoak ezartzea emaileak hautatzeko eta ehunak nahiz zelulak prozesatzeko, unean uneko jakintza zientifikoaren arabera; betiere, prozesuaren trazabilitatea bermatuko da.

g) Ehun bakoitzerako kalitate-sistemak edukitzea, lortzen denetik inplanterako helarazten den arte.

h) Beste zentro batzuekiko jarduketen frogagiriak gordetzea.

i) Emaileen seroteka edo plasmoteka bat mantentzea.

j) Ehun- eta zelula-emaileen eta horien hartzaile direnen erregistro bateratu bat edukitzea.

k) Beste banku batzuekiko ehun-trukeaz arduratzea eta, kasua bada, ehunak Espainian sartzeko edo bertatik ateratzeko baimena eskatzea.

l) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren jardueren esparrukoak diren langile-prestakuntzarako programetan parte hartzea.

m) Txostenak ematea, osasun-alorreko agintari eskudunek eskatzen dituztenean.

n) Ardurapean utzi zaizkion eginkizunekin zerikusia duten ikerketa-lanak egitea.

ñ) Beste zentro batzuekiko harreman nazionalak nahiz nazioartekoak ezartzea eta koordinatzea, eta produktu-trukea arautzea, Produktu Sanitarioak arautzen dituen urriaren 16ko 1591/2009 Errege Dekretua betez.

o) Antzekoa den edo aurrekoekin zerikusia duen beste edozein; batez ere, ehunentzako kalitate- eta segurtasun-arauak ezartzen dituen 1301/2006 Errege Dekretuan jasotakoak eta etorkizunean onets litezkeen arauetan bildutakoak.

3. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak, odol-ematearen eta bestelako emateen sustapenarekin lotutako bere eginkizunak betetzeko, lankidetzarako esparru-hitzarmenak sinatzen ahalko ditu Bankuaren jardunarekin zerikusia duten erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuekin, odolaren, hezur-muinaren, zelulen eta ehunen emate altruista planifikatzeko eta sustatzeko.

4. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak, bere eskumenen esparruan, aholkularitza zientifiko eta teknikoa emanen die Nafarroako odol-emaileen elkarteei, beren eginkizunak bete ditzaten, bai eta foru lege honen helburuak betetzearekin zerikusia duten jarduerak egiteko baimenduta dagoen edozein entitate edo elkarteri ere.

5. Emate altruisten sustapena bateratzea bultzatu eta sustatuko da, esparru horretan jarduten duten elkarteekin arituz, baliabideak eta ahaleginak bategite aldera.

6. artikulua. Nafarroako Transfusioen eta Giza Zelulen eta Ehunen Sarea.

Nafarroako Transfusioen eta Giza Zelulen eta Ehunen Sarea honako hauek osatuko dute:

1. Nafarroako Odol eta Ehun Bankua.

2. Ospitale publiko nahiz pribatuetako transfusio zerbitzuak.

3. Giza ehunak lortu eta/edo inplantatzeko ospitale-unitateak.

7. artikulua. Odolgordailuak eta ospitaleetako transfusiozerbitzuak.

1. Hematologian eta hemoterapian espezialista den arduradun mediko batek zuzenduko ditu erkidegoko ospitale publikoetan eta pribatuetan kokaturiko odol-gordailuak eta transfusio-zerbitzuak, hematologia- eta hemoterapia-unitateetan edo -zerbitzuetan integratuak, eta zuzendaritza-zeregin horiek bateragarri izanen zaizkio zerbitzu edo unitate horietan betetako beste eginkizun batzuekin.

2. Ospitaleetako transfusio-zerbitzuek eta odol-gordailuek honako berariazko eginkizunak beteko dituzte transfusio eta giza zelula eta ehunen sarearen esparruan:

a) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuarekin lankidetzan aritzea ospitale barneko odol-emate altruista eta boluntarioaren sustapenean.

b) Baimenduta dauzkaten hemoterapia-produktuak prestatzea.

c) Kokatuta daudeneko ospitaleko transfusio-zerbitzuaz arduratzea eta transfusio-prozesuaren kalitate-kontrola ziurtatzea, horretarako egoki diren azterlan eta behaketen bitartez eta urriaren 11ko 1343/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, zeinak transfusiorako zentro eta zerbitzuen kalitate-sistemei buruzko arauak eta espezifikazioak ezarri baitzituen.

d) Transfusio-kalitatearen hemozaintza komunitarioaren sarean parte hartzea SCO/322/2007 Aginduan ezarritakoari jarraituz.

e) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuarekin lankidetzan aritzea irakaskuntza eta ikerketa programetan.

8. artikulua. Giza zelula eta ehunak lortu eta/edo inplantatzeko unitateak.

1. Foru Komunitateko ospitale publiko eta pribatuetan giza zelula eta ehunak lortu eta/edo inplantatzeko dauden unitateek bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa den titulazioa daukan arduradun bat izanen dute zuzendari.

2. Giza zelula eta ehunak lortu eta/edo inplantatzeko zentroek honako berariazko eginkizun hauek beteko dituzte Nafarroako Transfusioen eta Giza Zelulen eta Ehunen Sarearen esparruan:

a) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuarekin eta Nafarroako transplante-koordinatzailearekin lankidetzan aritzea giza zelulen eta ehunen emate altruista sustatzeko ospitale barneko eta ospitalez kanpoko esparruan.

b) Behar diren neurriak hartzea, era horretan ziurtatzeko ezen haietan ingresatzen diren herritar guztiek eta beren ahaideek helburu terapeutikoetarako ehunen ematearen eta erauzketaren gaineko araubidea osoki ezagutzen dutela.

c) Giza ehunak lortu, gorde, garraiatu eta inplantatzeko kalitate-programan parte hartzea, prozesu osoaren kalitate-kontrola ziurtatuz, egoki diren azterlan eta behaketen bitartez, eta azaroaren 10eko 1301/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, horren bidez giza zelulak eta ehunak eman, lortu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, gorde eta banatzeko kalitate eta segurtasun arauak ezarri baitziren, eta horiek gizakiekin erabiltzeko koordinazio eta funtzionamendu arauak onetsi.

d) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuarekin lankidetzan aritzea ezartzen diren irakaskuntza eta ikerketa programetan.

e) Zelulen eta ehunen erauzketen eta inplanteen erregistro eguneratu bat mantentzea, bai eta zentroaren jarduerarekin zerikusia duten administrazio alderdi guztiena ere.

f) Baimenduta duten jarduerari buruz eskatzen zaien informazio guztia ematea, eskatzen den forman eta moduan".

9. artikulua. Hemoterapia Batzordea.

1. Hemoterapia arloan eta Nafarroako hemozaintza sistemaren funtzionamenduari dagokionez aholkularitza teknikoa emateko organo gisa eratzen da Hemoterapia Batzordea, honako hauei aholku emateko: osasun arloko agintariei, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari eta Nafarroako osasun laguntzako zentro eta zerbitzuei. Hemoterapia Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Osasuneko zuzendari nagusia, edo hark eskuordetutako pertsona bat.

b) Idazkaria: Nafarroako Hemozaintzako koordinatzailea.

c) Batzordekideak:

c.1) Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari medikoa.

c.2) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendaria.

c.3) Nafarroako transplante-koordinatzailea.

c.4) Nafarroako ospitale-zentro publiko eta pribatu guztietako transfusio zerbitzuen arduradunak.

Batzordekideek hala eskaturik, jorratu beharreko gaietan aditu direnen lankidetza izaten ahalko da.

2. Hemoterapia Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Odolaren eta hemoderibatuen ematearen bilakaera jakitea, horrela ebaluatzeko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zerbitzuek zer estaldura- eta egokitzapen-maila eskatzen duten haien behar teknikoen ikuspegitik.

b) Nafarroako hemozaintzako koordinatzailearen urteko txostena onestea.

c) Jakinarazi beharreko kontrako erreakzioak proposatzea, bai eta forma, mota eta nomenklatura ere, eta haiek ondoren izan beharreko ebaluazioa, Hemoterapia Batzorde Nazionalak erabakitakoaren ildotik.

d) Jarduketak proposatzea, beharra duten osasun zentro guztietan odolaren eta hemoderibatuen beharren asetze-maila eta haien banaketa hobetzeko.

e) Transfusioen kalitatearen adierazleak Foru Komunitatearen esparruan definitzea, bai eta ospitale bakoitzaren esparruan ere, ospitaleetako transfusio batzordeen bitartez, kasua bada.

f) Osasun arloko agintariei eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa-Zuzendaritzari eta bere zentroei informazioa ematea haiek ezartzen duten moduan eta maiztasunarekin, eta, betiere, osasun publikoan eragina izan lezakeen edozein alarma- edo larrialdi-egoeratan.

3. Hemoterapia Batzordearen funtzionamendua bat etorriko da batzordeak berak onesten duen barne-araudiarekin, halakorik onesten badu. Arau orokor gisa, batzordeak bilkura arrunta eginen du sei hilabetean behin, eta ohiz kanpokoa eginen du batzordeburuak horretarako deialdia egiten duenean edo batzordekideen heren batek horretarako eskaera egiten duenean.

10. artikulua. Ehunen Batzorde Teknikoa.

1. Zelulen eta ehunen alorrean Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari aholku emateko organo gisa, ehunen batzorde tekniko bat arituko da, honako hauek osatua:

a) Batzordeburua: Osasuneko zuzendari nagusia, edo horrek eskuordetutako pertsona bat.

b) Idazkaria: Nafarroako transplante-koordinatzailea, edo horrek eskuordetutako pertsona bat.

c) Batzordekideak:

c.1) Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari medikoa, edo horrek eskuordetutako pertsona bat.

c.2) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendaria.

c.3) Ospitale publiko eta pribatuetan ehunak lortu eta/edo inplantatzeko dauden unitateetatik arduradun bana, zentroko zuzendariak proposatuta.

Batzordekideek hala eskaturik, jorratu beharreko gaietan aditu direnen lankidetza izaten ahalko da.

2. Ehunen Batzorde Teknikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zelulen eta ehunen detekzioaren, ematearen, lorpenaren eta inplanteen bilakaera jakitea sei hilabetean behin, horrela ebaluatzeko kreditatutako zerbitzuen estaldura maila eta haien beharrizan teknikoekiko egokitzapen maila.

b) Nafarroako Biozaintzaren urteko txostena onestea.

c) Jakinarazi beharreko kontrako erreakzioak proposatzea, bai eta forma, mota eta nomenklatura, eta haiek ondoren izan beharreko ebaluazioa nahiz egoki diren zuzenketa-ekintzen ezarpena ere.

d) Jarduketak proposatzea, beharra duten osasun zentro guztietan zelulen eta ehunen beharren asetze-maila eta banaketa hobetzeko.

e) Ehun-inplanteen kalitate-adierazleak Foru Komunitatearen esparruan definitzea, bai eta ospitale bakoitzaren esparruan ere, haien kontrolerako eraturiko ospitale-batzordeen bitartez, kasua bada.

f) Osasun arloko agintariei eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa-Zuzendaritzari eta bere zentroei informazioa ematea haiek ezartzen duten moduan eta maiztasunarekin, eta, betiere, osasun publikoan eragina izan lezakeen edozein alarma- edo larrialdi-egoeratan.

3. Ehunen Batzorde Teknikoaren funtzionamendua bat etorriko da batzordeak berak onesten duen barne-araudiarekin, halakorik onesten badu.

11. artikulua. Ospitaleetako transfusio batzordeak.

1. Ospitaleetako transfusio batzordeak dira ospitale bakoitzean, hala publikoetan nola pribatuetan, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak hornituriko odolaren eta hemoderibatuen kudeaketa modurik onenean egiteaz arduratzen diren organoak.

2. Kide hauek izanen dituzte:

a) Batzordeburua: Ospitale-zentroko zuzendari medikoa.

b) Idazkaria: Ospitale-zentroko transfusio zerbitzuaren arduraduna.

c) Batzordekideak:

c.1) Nafarroako hemozaintzako koordinatzailea, edo horrek eskuordetutako pertsona bat.

c.2) Ospitaleko arlo klinikoen, zerbitzuen, atalen edo unitateen ordezkari arituko diren fakultatiboak; arlo hauetakoak, baldin badaude: anestesia, bihotzeko kirurgia, kirurgia orokorra, kirurgia baskularra, toraxeko kirurgia, medikuntza intentsiboa, hematologia, barne-medikuntza, nefrologia, obstetrizia, onkologia, pediatria, kirurgia ortopedikoa/traumatologia eta larrialdiak.

c.3) Erizaintzako Zuzendaritzaren ordezkari bat, laborategiko teknikari espezialista bat eta Hemoterapia Unitateko erizain bat.

Batzordekideek hala eskaturik, jorratu beharreko gaietan aditu direnen lankidetza izaten ahalko da.

3. Ospitaleetako transfusio batzordeek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Zehaztea zer estandar eta prozedura aplikatuko diren transfusioetan, ospitale-zentro bakoitzean egiten diren jarduera klinikoei egokituta.

b) Zentroaren jarduera ebaluatzea, transfusio-estatistika aztertuz, eta zuzenketa-neurriak proposatzea, aurreikusitakoarekiko desbideraketarik egonez gero.

c) Ospitaleen esparruan odolaren eta hemoderibatuen erabilerarik egokiena sustatzea.

d) Transfusioarekin zerikusia duten irakaskuntza jarduerak sustatzea zeregin horretan aritzen diren osasun arloko langileen artean.

e) Transfusio alorrarekin zerikusia duen dotazio teknikoa, materiala eta pertsonala ebaluatzea.

f) Irizpenak ematea transfusio-protokoloen alderdi hauei buruz: laginak ateratzea, identifikatzea, osagaien mota eta bolumena, eskariak eta erabilera plana.

g) Odol osoko transfusio guztiak ebaluatzea.

h) Egiaztaturiko transfusio-erreakzio guztiak ebaluatzea.

i) Autotransfusioak sustatzea, horrek dituen indikazio terapeutikoen barruan.

j) Emateak sustatzea ospitaleen esparruan.

k) Beste ospitale batzuekiko eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuarekiko lankidetzari eustea.

l) Odol-emate eta -transfusioen arloan nahiz hemoderibatuen arloan indarra duen legedia zentroaren barrenean bete dadin begiratzea.

Lehen xedapen gehigarria .Hemoterapia Batzordea eta Ehunen Batzorde Teknikoa eratzea.

Hemoterapia Batzordea eta Ehunen Batzorde Teknikoa foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean eratuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria .Osasun publikoa organoen transplanterako egokitzea.

Foru lege hau onetsi eta lau urteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Osasun Departamentuaren bitartez, bere buruari beharrezkoak diren bitarteko guztiak eman beharko dizkio, bai eta behar diren ziurtagiriak ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak gaitasuna izan dezan organoak transplantatzeko egin beharreko ebakuntza guztiak segurtasun berme guztiekin egiteko.

Xedapen iragankor bakarra.Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egungo egiturari eustea.

Abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legearen 11. eta 12. artikuluetan xedatutakoaren indargabetzea etenda uzten da, harik eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoa garatu arte. Nolanahi ere, hori ezin izanen da urtebete baino gehiago geroratu foru lege hau onesten denetik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.Arauindargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak; bereziki, abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legea, kontuan hartuta foru lege honetako xedapen iragankor bakarrak ezarritako salbuespena, bai eta uztailaren 1eko 199/1988 Foru Dekretua ere, Nafarroako Hemoterapiako Batzorde Teknikoa sortu zuena.

Azken xedapenetan lehena .Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamendu mailako xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1301683

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web