(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

27/2011 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 4KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO LANGILE FUNTZIONARIOEN LANALDIAREN MURRIZKETA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 78 - 26/04/2011



Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 59. artikuluko 3. idatz-zatian xedatzen duenez, funtzionarioei eskuarki ezarririko lanaldiaren murrizketa onartzeko kasuak eta baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira, kasuan kasuko lansariak hein berean gutxiturik.

Legezko xedapen hori garatzeko, ekainaren 14ko 150/1990 Foru Dekretua eman zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen zuena.

Gero haren ordez eman zen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lanaldiaren murrizketa arautzen duena. Horrek ere aldaketa batzuk izan ditu, familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak bildu baititu, sindikatuen ordezkariekin batera ezarri eta adostu izan direnak.

Funtzionarioen lanaldi murrizketaren gaineko erregelamenduzko arauak, Langileen Estatutua garatuz egindakoak, berriro ere Nafarroako administrazio publiko guztietan, toki entitateak barne, aplikatu nahian, eta, bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bidez onetsitako Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan aurreikusitakoaren ondorioz aldaketa batzuk egin behar zitzaizkielako, 2010eko martxoaren 26an Administrazioak eta sindikatuek akordioa sinatu zuten Nafarroako administrazio publikoetako langileen enplegu baldintzei buruz, 2010. eta 2011. urteetarako, eta akordio horren 9.B atalak xedatzen duenez, "lanaldiaren murrizketari buruzko erregelamenduzko arauetan jaso behar dira langileen lana eta familiako bizitza uztartzeari buruzko araudi orokorrean aurreikusitako neurriak. Neurri horietako bat izanen da lanaldia seiren bat murrizteko aukera, betiere zerbitzuaren beharrek langilearen ordezkorik ez hartzeko bezainbesteko estaldura badute.". Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketari buruzko arau berriak ematea orain artekoen ordez.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren XI. kapituluan eta Nafarroako administrazio publikoetako langileen enplegu baldintzei buruzko 2010. eta 2011. urteetarako aipatu akordioaren 18. puntuan xedatutakoarekin bat, proiektuaren gaineko iritzia eskatu zaio akordio horretan aurreikusita dagoen Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorreko Batzorde Paritarioari, eta Batzorde Paritarioa osatzen duten sindikatu guztiak ados agertu dira.

Kontuan hartuz erregelamendu berriak Nafarroako administrazio publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordean tramitatu da eta horrek aldeko txostena eman dio.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2011ko apirilaren 4ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzea, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina garatuz.

2. artikulua . Lanaldi murrizketaren motak Nota de Vigencia.

Foru dekretu honetan arautzen diren lanaldi murrizketetan lanaldiari zortziren bat, seiren bat, laurden bat, heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren kenduko zaizkio, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

3. artikulua . Lanaldia murriztea zerbitzuaren beharren mende ez dagoen kasuak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek, honako kasu hauetan, lanaldiari heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren kentzeko eskubidea izanen dute:

a) Legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu duenean hamabi urtetik beherako haurren bat, arreta berezia behar duen adineko pertsonaren bat edo legez aitortutako desgaitasuna duen pertsonaren bat.

b) Funtzionarioaren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu.

c) Zuzenean zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua, eritasuna edo legez aitortutako desgaitasuna dela-eta bere buruaz baliatzen ez dena.

2. Unibertsitatekoak ez diren irakasleek aukera izanen dute, halaber, ehuneko berrogeita bosteko lanaldi murrizketa eskatzeko, betiere zerbitzua ematen duten ikastetxeko antolaketarekin bateragarria izanez gero.

3. Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko funtzionarioek, egiaz babestuak izan daitezen edota gizarte laguntza osoa izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, beharrezkoa izanez gero.

4. artikulua . Lanaldia murriztea zerbitzuaren beharren mende dagoen kasuak Nota de Vigencia.

1. Lanaldia heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren murriztea onartzen ahalko da honako kasu hauetan, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute:

a) Funtzionarioak berrogeita hamabost urte edo gehiago baditu.

b) Funtzionarioak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, lan arriskuen prebentziorako unitate organikoak hari buruz emandako txostenaren arabera.

c) Funtzionarioak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu hamabi eta hamasei urte (biak barne) bitarteko adingaberen bat.

d) Funtzionarioaren interes partikularrengatik.

2. Unibertsitatekoak ez diren irakasleek aukera izanen dute, halaber, ehuneko berrogeita bosteko lanaldi murrizketa eskatzeko, betiere zerbitzua ematen duten ikastetxeko antolaketarekin bateragarria izanez gero.

5. artikulua . Zerbitzuan ordezko langilerik jarri beharrik ez izatea lanaldia murriztu ahal izateko baldintza den kasuak Nota de Vigencia.

Lanaldiari zortziren bat, seiren bat edo laurden bat kentzea onartu ahal izanen da foru dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan azaltzen diren kasuetan, baldin eta zerbitzua betetzeko ordezko langilerik ezinbestean jarri beharrik ez badago.

6. artikulua . Lanaldia murrizteko eskaeraren tramitazioa.

1. Interesdunak lanaldia murrizteko eskaera eginen du, eta kasuan kasuko administrazio publikoan eskumena duen organoak ebatziko du. Eskaerarekin batera, horren arrazoiak frogatzeko agiri ofizialak aurkeztuko dira, hala behar denean.

2. Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hilabetekoa izanen da. Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, interesdunak zilegi izanen du eskaera baietsi dela ulertzea.

7. artikulua . Lanaldi murrizketaren iraupena Nota de Vigencia.

1. Lanaldi murrizketak hiru hilabete iraunen du gutxienez eta interesdunak bere eskaeran adierazitako datara arte emanen da edo, bestela, lanaldi murrizketa onartzeko arrazoia amaitu arte.

2. Lehen hiru hilabeteetan, arrazoi hauek baino ez dira onartuko lanaldi murrizketaren amaiera aurreratzeko:

a) Hura onartzeko arrazoia epe hori bete aurretik amaitzea.

b) Funtzionarioak, erditze, adopzio edo harreragatik, ordaindutako lizentziari ekitea.

c) Funtzionarioari jardunaz besteko administrazio egoera bat deklaratzen bazaio.

Foru dekretu honen 4. artikuluaren d) letran jasotako kasuan, hots, lanaldi murrizketa funtzionarioaren interes partikularrengatik izan bada, lehen hiru hilabeteetan amaiera aurreratua onartzeko arrazoi bakarrak aurreko b) eta c) letretan aurreikusitakoak izanen dira.

3. Gertatuko balitz, salbuespenezko egoeretan, zerbitzuaren beharrak direla-eta ezin izatea murrizketa hartu eskatutako ordutegian, edo ezin izanen balitz murrizketa lanaldi osotan pilatu, zilegi izanen da, lehen hiru hilabeteetan, lanaldi murrizketa garaia baino lehen amaitzea.

4. Lanaldia murrizteko epea bukatu baino lehenago interesdunak luzapena eskatzen ahalko du, baldin eta murrizketa emateko inguruabarrak aldatu ez badira.

5. Lanaldi murrizketaren luzapenik ez bada, foru dekretu honen 4. artikuluan azaldutako kasuetan, ez da arrazoi beragatik lanaldia murrizteko baimenik emanen harik eta aurreko murrizketa amaitu zenetik hiru hilabete igaro arte.

6. Unibertsitatekoak ez diren irakasleen lanaldiaren murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen da betiere, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen bada. Eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

7. Baldin eta lanaldi murrizketa duen pertsona beste atxikipen eremu batean hasten bada zerbitzu ematen, lanaldi murrizketa onartu zaion atxikipen eremua utzita, edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 24.2 artikuluarekin bat, atxikipen eremu berriko langileen arloko organo kudeatzaileak berretsi egin beharko du aurrez onartutako lanaldi murrizketa edo, gertatuko balitz zerbitzu berriaren beharrak direla-eta murrizketa ezin berretsi ahal izatea, amaitutzat eman beharko du.

Baldin eta lanaldi murrizketa duen pertsona eszedentziako egoera administratiboan badago, edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 24.1 artikuluarekin bat zerbitzu berezietako egoeran badago edo eginkizun gabetua baldin badago, egoera administratibo berria deklaratzeak berarekin ekarriko du aurrez emandako lanaldi murrizketa bertan behera geratzea.

8. artikulua . Lanaldi murrizketa gauzatzeko baldintzak Nota de Vigencia.

1. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Edonola ere, eta zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osotan pilatu daiteke, hiruhilekoz behingo kontaketarekin gehienez ere.

3. Betiere zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osotan pilatzeko aukera izanen da lan egutegian langile guztientzat ordutegi murriztu finkoa ezarritako egunetan.

4. Aurreko idatz-zatietan ezarritako pilaketa ezin izanen zaie aplikatu unibertsitatekoak ez diren irakasleei.

9. artikulua . Lanaldi murriztuaren ordainsaria.

1. Lanaldi murrizketak berekin dakar funtzionarioaren ordainsari guztien murrizketa proportzionala egitea, familia laguntzarena salbu.

2. Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira.

10. artikulua . Lanaldia murrizteko baimenari lotutako mugapena.

Foru dekretu honetan aurreikusitako lanaldi murrizketa lortzen duten funtzionarioak denbora tarte horretan ezin izanen dira beste ezein lanbide jardueratan edo lanpostutan aritu.

Lehen Xedapen Gehigarria .Lanaldia murrizteak nola eragiten duen zenbait langileren eskubide pasiboen kalkuluan.

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea baino lehenagoko sisteman dauden montepioetako funtzionarioei, lanaldi murriztua izan badute, honela kalkulatuko zaizkie eskubide pasiboak:

a) Lanaldi osorako ezarritako arauak erabiliz zehaztuko da erretiroaren edo dena delako pentsioaren zenbatekoa.

b) Lanaldiari seiren bat kendu bazaio, a) ataleko emaitzaren bost seirenak kalkulatuko dira; heren bat kendu bazaio, bi herenak; eta erdia kendu bazaio, erdia.

c) Kenketa eginen da a) eta b) ataletako emaitzen artean.

d) Kendura horretatik, lanaldi murriztuarekin lan egindako egunei dagokien zati proportzionala kalkulatuko da.

e) Erretiroaren edo dena delako pentsioaren zenbatekoa a) eta d) ataletan lortutako balioen arteko kendura izanen da.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Foru dekretuaren aplikazioa Nafarroako toki entitateetan.

Foru dekretu hau Nafarroako toki entitateetako funtzionarioei aplikatzen zaienean errespetatu eginen zaizkie lehendik izan ditzaketen banakako egoerak, gai honi dagokionez.

Xedapen Iragankor Bakarra .Aukeratutako lanaldi murrizketa aldatu ahal izatea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean lanaldiaren heren bateko edo lanaldi erdiko murrizketa daukaten funtzionarioek aldaketa eskatu, eta seiren bateko murrizketa mota berria aukeratu ahal izanen dute, horretarako ezarri diren baldintzak betetzen badituzte.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe geldituko dira:

a) 113/1997 Foru Dekretua, apirilaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

b) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena .Foru dekretu hau garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hirugarren xedapen gehigarria. Genero neutraltasuna Nota de Vigencia.

Foru dekretu honetan funtzionarioei edo enplegatuei buruz aipatzen den terminologiak gizonezko zein emakumezko funtzionario guztiak biltzen dituela ulertuko da, testu osoaren idazketari genero neutraltasuna emateko asmoz.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web