397E/2026 FORU AGINDUA, IRAILAREN 18KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAN ANATOMIA PATOLOGIKOAREN ARLO KLINIKOA SORTZEN DUENA
BON N.º 196 - 02/10/2026
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak, 18.5 artikuluan, honela definitzen ditu arlo klinikoak: nortasun juridikorik gabeko unitate organikoak dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza Emateko Zuzendaritzaren mende, diziplina eta estamentu anitz biltzen dituztenak. Xedatzen du, orobat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzaren mende antolatzen direla, eta eratuko direla behar diren ospitaleetako zerbitzu mediko eta kirurgikoak atxikiz, horien mendekotasun organikoa galarazi gabe.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, bere laguntza arloaren antolaketa-eredua garatzean, diziplina anitzeko arlo klinikoak eratzera joko du, aurrera eramaten dituen prozesuetara eta artatzen dituen pazienteen profiletara egokituak.
Gauzak horrela, ikusirik, alde batetik, orain arteko arlo klinikoetan bildutako esperientzia, eta, bestetik, betetzen direla arlo kliniko bat eratzea komeni dela adierazten duten irizpideak, zeinak goian aipatutako foru dekretuaren 123. artikuluan zehaztu baitira, gomendagarria da Anatomia Patologikoaren Arloa sortzea eta bultzatzea. Zehazki, laborategia kudeatzeko sistema komun bat ezarri da Nafarroako Foru Komunitate osorako; espezialitate patologiko guztiei arreta ematen dieten lantaldeak formalki eratu dira, laginen jatorriaren arabera bereizi gabe (horrek zerbitzuaren batasuna eta profesionalen espezializazioa indartzen du); eta anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialistak laginen erabileran txertatu dira. Horrela, denborarekin, pazientearen profilean zentratutako arreta integrala ematera bideratutako ekintza batzuk artikulatu dira, osasun lurralde osorako bakarra izanen den eta diziplina eta estamentu anitz hartzen dituen antolaketa-eredu funtzional orokor baten bidez. Horrek guztiak agerian utzi du arlo kliniko hau eratzea aukerakoa eta komenigarria dela.
Horrenbestez, eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 123.1 artikuluarekin,
AGINTZEN DUT:
1. Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoa sortzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 123.1 artikuluarekin bat etorriz.
2. Arlo kliniko horrek ez ditu ordezten bere arreta-eremuaren barruko espezialitateak ukitzen dituzten laguntza zerbitzu eta atalak.
3. Alicia Córdoba Iturriagagoitia andrea izendatzen da Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoko zuzendaritza-eginkizunak betetzeko, zeinak finkatuta baitaude Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 125.2 artikuluan.
4. Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoko Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute:
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria, zeina batzordeburu gisa arituko baita eta kalitatezko botoa izanen baitu.
- Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoko zuzendaria, zeinak idazkari lanak eginen baititu.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zuzendari kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.
- Tuterako Osasun Barrutiko zuzendari kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.
Horiez gain, batzordeburuak eskatuta, beste profesional batzuk ere joaten ahalko dira bileretara, jorratuko duten gaiko aditu gisa.
5. Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoko Batzorde Betearazlea honako hauek osatuko dute:
- Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoko zuzendaria, zeina batzordeburu gisa arituko baita.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zitologia Ataleko burua.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko A ataleko burua.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko B ataleko burua.
- Reina Sofía ospitaleko Laborategi Zerbitzuko Erizaintza Unitateak izendatzen duen profesionala.
- García Orcoyen ospitaleko Analisien eta Errehabilitazioko Laborategiko burua edo profesional bat, zentro horretako kudeatzailetzak izendatzen duena.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuko Erizaintza Unitateak izendatzen duen profesionala.
Horiez gain, batzordeburuak eskatuta, beste profesional batzuk ere joaten ahalko dira bileretara, jorratuko duten gaiko aditu gisa.
6. Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoari honako unitate organiko hauek atxikitzen zaizkio funtzionalki:
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan: Anatomia Patologikoaren Zerbitzua eta haren mendeko atalak, bai eta zerbitzu horretako Erizaintza Unitatea ere.
Reina Sofía ospitalean: Laborategi Atala.
7. Anatomia Patologikoaren Arlo Klinikoak programa-kontratu espezifiko bat formalizatuko du urtero Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzarekin, funtzionalki hari atxikita baitago, eta bertan zehaztuko dira ematen dituen zerbitzuen jarduera-, kalitate- eta kostu-konpromisoak.
8. Foru agindu hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Alicia Córdoba Iturriagagoitia andreari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzari, Profesionalen Zuzendaritzari eta Pazienteari Laguntzeko Zuzendaritzari eta, orobat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko eta Tuterako eta Lizarrako osasun barrutietako kudeatzaileei.