68/2024 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 21EKOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, ALDATZEN DUENA LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAREN URTARRILAREN 17KO 7/2024 FORU AGINDUA, ZEINAREN BIDEZ ARAUAK EZARRI ZIREN NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDEAREN ESPARRUAN LAGUNTZAK JASOTZEN DITUZTENEK BETE BEHAR DITUZTEN BALDINTZAZKOTASUN INDARTUA ETA GIZARTE BALDINTZAZKOTASUNA APLIKATZEKO, ONURADUN HORIEK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ZUZENEKO ORDAINKETAK ETA LANDA GARAPENAREN ARLOKO URTEKO ZENBAIT ORDAINKETA JASOTZEN BADITUZTE
BON N.º 177 - 30/08/2024
IV. ERANSKINA. TXOSTEN TEKNIKOAK
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduaren bidez, arauak ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, nekazaritza politika erkidearen esparruan estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituenak, baldintzazkotasun indartuen esparruan aplikatu behar diren kudeaketako lege betekizunak (KLB) eta nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokiak (NIBE) ezartzen ditu; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak, nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, berriz, baldintzazkotasun indartuaren sistemaren betebeharrak betetzen ez dituzten laguntzen onuradunei aplikatu beharreko zigor sistema ezartzen du.
Erregelamendu horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 14ko 2024/1468 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu dira. Erregelamendu horrek atal bat gehitzen du 2021/2115 Erregelamenduaren 13. artikuluaren 1. puntuan, non adierazten baita 5., 6., 7. edo 9. NIBE arauak ezartzean, estatu kideek arau horien betekizunen salbuespen espezifikoak aplikatzen ahalko dituztela. Salbuespen horien oinarri irizpide objektibo eta ez-diskriminatzaileak izanen dira, hala nola laboreak, lurzoru-motak eta ustiapen-sistemak edo larre iraunkorretan eragindako kalteak, eta ukitutako azaleraren arabera mugatuko dira. Salbuespen espezifikoak ezarriko dira soilik arau horien aplikazioan arazo espezifikoei aurre egiteko beharrezkoak diren kasuetan eta neurrian, eta ez dute nabarmen oztopatuko arau horietako bakoitzak bere helburu nagusiei egiten dien ekarpena.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1468 (EB) Erregelamenduak, maiatzaren 14koak, atal bat gehitzen dio artikulu bereko 2. puntuari. Bertan adierazten denez, 1. eta 2. atalei jarraikiz ezarritako gutxieneko arauak aplikatzean, estatu kideek aldi baterako salbuespenak onartzen ahalko dituzte betebeharretan, hala nola ezarritako epe eta aldietan, baldintza meteorologikoek urte jakin baterako baldintza horiek betetzea eragozten badiete nekazariei eta beste onuradun batzuei. Aldi baterako salbuespen horiek nekazariei eta baldintza meteorologiko horiek kaltetutako beste onuradun edo eremu batzuei baino ez zaizkie aplikatuko, eta behar-beharrezkoa den bitartean soilik. Gainera, aipatutako erregelamenduak aldaketak egiten ditu baldintzazkotasun arauei buruzko III. eranskinean.
Bestalde, aldatu egiten dira 2021/2116 Erregelamenduaren 83. eta 84. artikuluak, eta baldintzazkotasunaren aplikazioa arautzen da hamar hektarea baino gutxiagoko ustiategientzat eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz landa garapeneko programaren esparruko laguntzen onuradun direnentzat.
Horiek horrela, aldaketa horiek ekarri dute ekainaren 18ko 567/2024 Errege Dekretuaren bidez aldatzea 1049/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez ezartzen baitira baldintzazkotasun indartua eta gizarte baldintzazkotasuna aplikatzeko arauak, nekazaritza politika erkidearen esparruko laguntzen onuradunek bete behar dituztenak, onuradun horiek zuzeneko ordainketak, landa garapeneko urteroko ordainketa jakin batzuk, eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programakoak jasotzen badituzte.
Kontuan hartuta egokitu behar dela urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua 2023-2027 NPEaren esparru berriaren arau-garapenera, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baldintzazkotasunaren gaineko araua aldatu beharra dago, premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera. Beraz, premia eta eraginkortasun printzipioak betez, agindu hau justifikatzen da interes orokorreko arrazoiengatik, modu argian identifikatzen dira lortu nahi diren helburuak, eta tresnarik egokiena da horiek lortzen direla bermatzeko.
Gardentasun printzipioa aplikatuz, oinarri arautzaile hauen hartzaile izaten ahal direnei aukera eman zaie parte-hartze aktiboa izateko arauen prestaketan, bidali baitzaizkie entitate aitortuei eta beste hainbat interesduni, egokiak iruditzen zaizkien oharrak egin ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua aldatzea.
Aldatzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte. Hauexek dira aldaketak:
Bat. 2. artikuluan c) definizioa kentzen da, i) definizioa aldatzen da eta i) bis letra gehitzen da. Honela geratzen da idatzita:
i) Azaleko laborantza: laborantza mota honetan jarduteko sakonera 20 cm-tik beherakoa da.
i bis) Sakoneko laborantza: laborantza mota honetan jarduteko sakonera 20 cm-tik gorakoa da.
Bi. 3. artikuluan bigarren paragrafoa gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"1. artikuluan aipatzen diren laguntzen onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ustiategietan bete beharko dituzte foru agindu honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzazkotasun beharkizunak eta arauak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ukatu gabe, nekazaria baldintzazkotasunaren esparruko kontroletatik salbuetsita geratuko da bere ustiategiaren nekazaritza-azalera deklaratua hamar hektareakoa bada gehienez ere".
Hiru. 6. artikuluan 6. atala gehitzen da, honela idatzita:
"6. Artikulu honetan xedatutakoaren salbuespen gisa, nekazaria artikulu honetako 1. paragrafotik 5.era bitartekoetan ezarritako zigor-sistematik salbuetsita geratuko da bere ustiategiaren nekazaritza-azalera deklaratua hamar hektareakoa bada gehienez ere".
Lau. 8 bis artikulua gehitzen da, txosten teknikoei buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:
1. I. eranskinean aipatzen diren txosten teknikoak baliozkoak izanen dira soilik teknikari kualifikatu baten ziurtagiri digitalarekin sinatuta badaude, eta, gutxienez, IV. eranskinean adierazitako edukia jasoko dute.
2. Txostenak banakoak izanen dira ustiategi bakoitzerako. Hala ere, salbuespeneko egoera batek eremu bateko lurzati bati baino gehiagori eragiten badie, txosten teknikoa berbera izan daiteke ustiategi batzuentzat, baina, halakoetan, txostenak eremu zehatza definitu beharko du, eta nekazari bakoitzak bere ustiategiko lursailak identifikatu eta lursail bakoitzaren argazki geoerreferentziatuak egin beharko ditu, ahal dela SGAapp aplikazioaren bidez.
Bost. Xedapen indargabetzaile bakarra aldatzen da. Honela geratzen da idatzita:
Indargabetzen da martxoaren 20ko 110/2015 Foru Agindua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira baldintzazkotasun arauak, zuzeneko ordainketak, landa garapenerako urteko primak, edo mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharrekoak.
Hala ere, martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren 1. artikuluaren 2. apartatuaren b) eta c) letretan adierazitako laguntzen eskatzaileei aplikatuko zaie aurrerantzean ere, baldin eta ez badute eskatzen foru agindu honen 1. artikuluan adierazitako laguntzarik".
Sei. Aldatzen da baldintzazkotasun betebeharrei buruzko I. eranskina: baldintzazkotasun arauen eta betekizunen zerrenda. Honela geratzen da:
a) 5. NIBE araua honela gelditzen da idatzirik:
"5. NIBEa: Laborantzaren kudeaketa minimoa, lurzoruaren degradazio eta higadura arriskua murriztuta, maldaren inklinazioa kontuan hartzea barne.
B 5.1. Malda duten lurzatiak lantzea.
Belarki-laboreetarako edo zurezko laboreetarako azaleretan, lurra ezin izanen da landu malda handienaren noranzkoan, baldin eta landatutako esparruetan batez besteko malda ehuneko 10ekoa edo handiagoa bada, esparruaren benetako malda terrazen edo zapalden bidez konpentsatuta dagoenean izan ezik.
Arau hau betetzetik salbuetsita egonen dira hektarea bat edo gutxiagoko azalera duten belarki-laboreen eta zurezko laboreen lurzatiak, bai eta zurezko laboreen lurzati irregular edo luzangak ere, baldin eta maldaren zeharkako norabidean 100 metro baino gutxiago badute lurzatiaren edozein puntutan.
2023ko urtarrilaren 1a baino lehen ezarrita dauden zurezko laboreen landaketen kasuan, haien landaketa-esparruak, ureztatze sistemak edo gidatze sistemak ez badu uzten malda handieneko noranzkoan zeharka lantzen, noranzko horretan laborantza bertikalen bat egiteko banako baimena emanen da, beste aukerarik ez dagoenean eta higadura arriskurik ez dakarrenean; hori guztia behar bezala justifikatu beharko da eta, nolanahi, aipatu baimena aldez aurretik eman behar du agintaritza eskudunak. Baimen hori ondoz ondoko kanpainetan aplikatzen ahalko da, baldin eta ematea eragin zuten baldintzek bere horretan badiraute.
Halakoetan ez da aurretiazko baimenik eskatu beharko ukitutako laborea mahastia denean.
Betebehar hori ez betetzeko baimena eskatzen ahalko da, baldin eta makinak iraultzeko arriskua badago eta, beraz, langileen bizitzarako ere.
b) 6. NIBE araua honela gelditzen da idatzirik:
"6. NIBEa: Lurzoruaren gutxieneko estaldura, garai kalteberenetan zoru soilduak saihesteko.
Lurzoruaren gutxieneko estalkiari eusteko, honako hauek egin beharko dira:
B 6.1. Uzta bildu ondoko lantzea.
Neguko belarki-laboreak ereiten diren nekazaritza lurzatietan, uztondoak edo uzta-hondarrak uzten direnean, lurra ez da irauliko eta ez da sakoneko laborantzarik eginen uzta biltzeko datatik irailaren 1era bitarte, data hori izanen baita ereintza aurreko lanak hasteko erreferentzia.
Lurzorua etengabe estalita mantendu beharko da, aurreko uztondoa kentzen denetik erein arte behar den ezinbesteko denboran izan ezik, hurrengo laborearen ezaugarriak kontuan hartuta.
Arau hau betetzeko honako salbuespen hauek onartuko dira:
-Hurrengo laborea, hala eskatzen duelako, irailaren 30a baino lehen ezarriko den lurzatietan, edo lurren lan-bolumena dela-eta, prestaketa-lanak hurrengo laborea ezarri baino hilabete lehenago hasten ahalko dira.
-Lurzatietan ongarri berderako laboreak daudenean edo medeagarri organikoak aplikatzen direnean, hura lurperatzen ahalko da.
-Herriguneen eta 10 hektarea baino gehiagoko zuhaitz-masa jarraituen mugakide diren nekazaritza lurzatietan lastoa bildu eta eraman ondoren, lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera, baso-suteen prebentziorako, arautzen duen foru aginduan jasotako lanak egiten ahalko dira. Baita suteen prebentzioaren arloan eskumena duen agintaritzak zehazten duen beste edozein praktika ere.
Horrez gain, salbuespeneko egoera jakin batzuetan (arrazoi fitosanitarioak direla-eta izurriteen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, zurezko laboreak eta labore iraunkorrak ezartzea, drainatze txarreko lurzoruak, lurzoruak desinfektatzea, etab.), teknikari eskudun baten aurretiazko txosten batek gomendatzen badu lurzatietan prestaketa-lanak hasteko data aurreratzea, lan horiek baimenduta egonen dira.
B 6.2. Landare-estalkia zurezko laboreetan.
Ehuneko 10eko malda edo handiagoan lantzen diren zurezko laboreen kasuan, esparruaren benetako malda terrazen edo zapalen bidez konpentsatuta dagoenean izan ezik, urritik martxora bitartean (biak barne) landare-estalki bat mantenduko da. Estalki hori ereindakoa, berezkoa edo inertea izaten ahalko da, eta gutxienez metro bateko zabalera izanen du malda handieneko lerroarekiko zeharkako kaleetan edo, bestela, lerro horrekiko paraleloak diren kaleetan, lurzatiaren diseinuak edo ureztapen-sistemak eragozten badu beste noranzkoan ezartzea.
Hala ere, mahasti-azaleretan aserpiatua erabiltzen ahalko da, NIBEaren bidez lortu nahi diren helburuetarako onuragarria den praktika tradizionala baita, baldin eta aserpiatuaren teknika amaitu ondoren, ezarritako betebeharraren iraunaldia amaitu arte landare-estalkia garatzea eragozten duten lanak egiten ez badira.
Hala ere, laborearekin lehiakorra edo uzta biltzeko eragozpen izan daitekeenean, baimena eskatzen ahalko da estalki hori kentzeko, eta azaleko lan baten bidez gehitzen ahalko da, 5. NIBEko zurezko laboreei buruzko atalean ezarritakoa betetzen bada.
B 6.3. Zurezko laboreak erauztea.
Ehuneko 10eko malda edo handiagoa duten esparruetan, ezin izanen da zurezko laboreen ondo bakar bat ere erauzi, agintaritza eskudunaren berariazko baimenik gabe. Baimena emanen da baldin eta errespetatzen badira laborea eta barietatea birmoldatzeko arauak eta labore eta ustiapen aldaketak.
Ez da aplikatuko esparruko benetako malda terraza edo zapalda bitartez konpentsatuta dagoenean.
B 6.4. Lugorri-lurretako nekazaritza-lanak eta -tratamenduak.
Lugorri-lurzatietan, lurrazaleko landare-materialaren %30eko gutxieneko estalkia mantendu beharko da, lurzorua maneiatzeko praktika tradizionalen edo laborantza minimoko praktiken bidez edo lurzoruaren estalki egokia mantenduz. Larratzea baimenduta dago.
Arau hau betetzetik salbuetsita egonen dira urteko bi urtetik behin ustiatzeko sistema duten lurzatiak edo Ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketatzeari buruzko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren arabera ziurtatutakoak.
Horrez gain, salbuespeneko egoera jakin batzuetan (arrazoi fitosanitarioak direla-eta izurriteen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, zurezko laboreak eta labore iraunkorrak ezartzea, drainatze txarreko lurzoruak, lurzoruak desinfektatzea, etab.), teknikari eskudun baten aurretiazko txosten batek gomendatzen badu lurzatietan beste lan batzuk egitea, lan horiek baimenduta egonen dira.
c) 7. NIBE araua testu honek ordezten du:
"7. NIBEa: Alorretako txandakatzea, urpeko laboreetan izan ezik.
NIBE honen betebeharretik salbuetsita daude honako ustiategi hauek:
-Alorren %75 baino gehiago belarrak eta beste belar-bazka batzuk ekoizteko erabiltzen denean, lekadunak landatzeko erabiltzen denean, lugorri dauden lurrak direnean edo erabilera horien konbinazio bati lotuta dagoenean.
-Nekazaritza-azalera onargarriaren %75 baino gehiago larre iraunkorrak direnean, belarrak edo beste belar-bazka batzuk ekoizteko edo urpeko laboreetarako erabiltzen direnean urtearen edo laborantza-zikloaren zati esanguratsu batean, edo erabilera horien konbinazio bati lotuta dagoenean.
-Landu daitekeen lurraren azalera 10 hektareakoa edo txikiagoa denean.
-Ekoizpen ekologikoari eta produktu ekologikoen etiketatzeari buruzko 2018/848 (EB) Erregelamenduaren arabera ziurtatutakoak.
B 7.1. Laboreak txandakatzea eta dibertsifikatzea.
NIBE honen ondorioetarako, labore nagusitzat hartuko da 2. artikuluan definitutakoa.
NIBE hau betetzeko, alorretan bi jardunbide hauetako bat aplikatuko da, 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean eta haren aldaketetan adierazitakoaren arabera:
-1. jardunbidea: Txandaketa.
-2. jardunbidea: Laboreen dibertsifikazioa".
d) 8. NIBE araua testu honek ordezten du:
"8. NIBEa. Paisaiako elementuak mantentzea eta heskaiak eta zuhaitzak moztea debekatzea hegaztien hazkuntza- eta ugalketa-garaian.
B 8.1. Paisaiaren elementuak mantentzea.
Ezin izanen da paisaiaren elementurik aldatu, agintaritza eskudunaren berariazko baimena izan ezean.
Behar horretatik salbuetsirik dago arroz eta ureztalurretako bestelako laboreen alorretan euri-bideak zuzentzeko presak, erretenak eta zapaldak eraikitzea, bai eta lurrak fintzeko eragiketak ere.
B 8.2. Heskaiak eta zuhaitzak moztu eta inausteko debekua hegaztiak hazi eta ugaltzeko garaian.
Ezin izanen da landu gabeko heskairik eta zuhaitzik moztu edo inausi hegaztiak hazi eta ugaltzeko garaian, agintaritza eskudunak berariazko baimena eman ezean. Hegaztiak hazi eta ugaltzeko garaia martxotik abuztura bitartekoa (biak barne) dela ezartzen da".
e) KLB 3ko R 3.6 puntuaren ordez, testu hau jarriko da:
R 3.6. Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetan (HBBE) dauden ustiategietan, dagozkien kudeaketa-planetan sartuta dauden hegaztien ugaltzeko garaian nekazaritza-tratamenduekin lotutako gaiak bete behar dira.
Zazpi. Abuztuaren 1etik aurrera azaleko laborantza bertikala egin daitekeen udalerriei buruzko II. eranskina kentzen da, eta txosten teknikoei buruzko IV. eranskin bat gehitzen da, foru agindu honen I. eranskinaren arabera.
Xedapen gehigarri bakarra. Baldintzazkotasun arauak aplikatzeko aldi baterako salbuespenak.
Landa Garapeneko zuzendari nagusiari gaikuntza ematen zaio Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 13.2.bis artikuluan aurreikusitako baldintzazkotasun arauei aplikatu beharreko aldi baterako salbuespenak ezartzeko. Erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira estatu kideek nekazaritza politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari dagokionez.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea eta aplikazioa.
1. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
2. Hala ere, artikulu bakarraren bigarren atalak 2024ko maiatzaren 25etik aurrera izanen ditu ondorioak, eta hiru, bost, sei.b eta sei.d paragrafoak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
3. Artikulu bakarraren sei.a atala eta artikulua bakarraren sei.c ataleko 7.1 NIBEaren (Laboreen txandaketa eta dibertsifikazioa) 1. jardunbidea 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
IV. ERANSKINA. TXOSTEN TEKNIKOAK
- Teknikari kualifikatua (identifikatu nork sinatzen duen eta zer kualifikazio duen).
- Kaltetutako esparruaren, lurzatiaren eta eremuaren identifikazioa.
- Izurritearen edo gaixotasunaren identifikazioa edo gertatutako salbuespeneko egoeraren deskribapena. Erantsi hori berresten duten frogak (ahal dela, SGAapp aplikazioan egindako argazki geoerreferentziatuak, ezinbesteko kasuan edo salbuespeneko inguruabarretan, etab.).
- Proposatutako jarduketak egiteko beharrari buruzko justifikazio teknikoa.
- Lanak data horietan egiteko beharraren justifikazio teknikoa eta ez egitearen ondorioak.
- Salbuespeneko egoerari edo izurriteari eta gaixotasunari aurre egiten saiatzeko erabili diren eta emaitzarik izan ez duten tekniken deskribapena.
- Kudeaketarako gomendioak, salbuespeneko egoera ez errepikatzeko edo gaixotasuna edo izurria prebenitzeko, eta, horrela, etorkizunean NIBEak bete ahal izateko.
- Txostenak lana egin aurrekoak izan behar dira, eta sinadura digitala eduki behar dute.