(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

34/2026 FORU AGINDUA, APIRILAREN 7KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT NEURRI HARTZEN BAITIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ZERGA-ZORRAK SALBUESPENEZ GERORATZEKO, EKIALDE ERTAINEKO KRISIALDIAK ERAGINDAKO ONDORIO EKONOMIKOAK DIRELA-ETA

BON N.º 69 - 10/04/2026



Atariko

Irango gatazkak ondorio negatiboak izan ditu mundu mailako ekonomian; besteak beste, burtsen beherakada, gorabehera handiak aireko trafikoan eta Ormuzko itsasartearen blokeoa, eta, azken horren eraginez, petrolio-ontzien zirkulazioa kaltetzea, eta petrolioa eta gasa ekoizten dituzten herrialdeen itsasorako irteera mugatzea. Hori dela-eta, produktu horien nazioarteko prezioak hazi dira, eta energia-merkatuen aldakortasuna handitu da.

Egoerak agerian utzi du Espainiako ekonomiaren egiturazko zaurgarritasuna, inportatutako erregai fosilen mendekoa baita. Hala, inflazio-presioa sortu da eta energia-kostuak handitu dira, batez ere sektore ahulenendako.

Halaber, nazioarteko merkatuen ezegonkortasunak eta prezioen aldakortasunak zuzenean eragiten du ekoizpen-kostuetan eta enpresen eta autonomoen lehiakortasunean.

Kalte horiek guztiak arintzeko, zerga-zorrak geroratzeko salbuespenezko neurri bat hartzen da, xede izanik ordaintzeko betebeharra dutenek likidezia handiagoa izan dezaten nazioarteko gatazkaren ondoriozko krisialdi ekonomiko honetan. Likidezia osagarri hori funtsezkoa da, hain zuzen ere, aurre egiteko ekoizpen-kostuen handitzeari, hornidura-katearen etenei eta eskariaren jaitsierari. Horien guztien oinarri zuzenak dira gatazka belikoa eta energia- eta lehengai-merkatuen aldakortasuna.

Zehazki, foru agindu honek salbuespenezko bi neurri arautzen ditu: batetik, 2026ko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoari edo martxoari dagokion balio erantsiaren gaineko zergaren autolikidazioaren ondoriozko zerga geroratzen ahalko da, eta ez da interesik ordaindu beharko. Bestetik, 2026ko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa zatikatzen ahalko da. BEZaren autolikidazioa, ordainketa zatikatua eta geroratzeko eskaera bera aurkezteko, horietako bakoitzarendako ezarritako borondatezko epea baliatu beharko da.

Foru agindu hau aplikatzearekin bat, geroratzeak arautzen dituzten gainerako arau hauek aplikatuko dira: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52 bis artikulua, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Diru-bilketari buruzko Erregelamendua eta azaroaren 28ko 117/2025 Foru Agindua, zeinaren bidez zorrak geroratzeari eta zatikatzeari buruzko araudia garatzen baita eta Nafarroako Foru Ogasunari esleitutako diru-bilketako eskumenen esparruan horien eskaera egiteko ereduak (C06 eta C08) onesten baitira. Hau da, foru agindu honek barne hartzen dituen geroratzeetan aplikatzekoa da, guztiz, orain arte araututakoa geroratu beharreko gutxieneko zenbatekoei buruz (aipatu 117/2025 Foru Aginduaren 5. artikulua) edo konturako ordainketengatiko zergetarako 10.000 euroko gehieneko zenbateko geroragarriari buruz (117/2025 Foru Aginduaren 4.1.a eta 6. artikuluak).

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52 bis artikuluak emandako gaikuntzarekin,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Zergazorrak salbuespenez geroratzea.

1. Zergapekoek, betiere 2025ean 6.010.121,24 euro gainditzen ez dituzten eragiketa-bolumeneko jarduera ekonomikoak gauzatu badituzte, borondatezko epean atzeratzen ahalko dituzte pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioei dagozkien zerga-zorrak, baldin eta aurkezteko eta borondatezko aldian sartzeko epea 2026ko apirilaren 20an amaitzen bada, hiru hilean behingo autolikidazioen kasuan, edo 2026ko apirilaren 30ean, hilean behingo autolikidazioen kasuan; hala, ez dute egin beharko konturako ordainketarik, ez dute eman beharko bermerik eta ez zaie eskatuko berandutze-interesik, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

Delako enpresa sozietate-talde bateko kidea bada (Merkataritza Kodearen 42. artikuluak definitzen duen bezala), alde batera utzita egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra, eragiketen bolumena kalkulatuko da talde horretako kide diren entitate guztiak aintzat hartuta, kontuan harturik kontabilitateko araudia aplikatuta egoki diren ezabaketak eta sarrera berriak. Irizpide hori bera aplikatuko da pertsona fisiko bat, bera bakarrik edo ezkontidearekin edo ahaide dituen beste pertsona fisiko batzuekin batera (ahaideak lerro zuzenekoak nahiz albokoak izan, odol bidezkoak nahiz ezkontza bidezkoak, bigarren graduraino, bigarrena barne), Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuetako batean badago bazkide diren beste entitate batzuei dagokienez, alde batera utzita entitateen egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra.

2. Ezin izanen da zerga-zorren salbuespenezko geroratzea baliatu, baldin eta 1. apartatuan adierazitako epeetatik kanpo aurkezten badira autolikidazioak.

3. Artikulu honetan aipatzen diren zor geroratuen ordainketa hiru hilabetez geldituko da, aitorpenaren eta ordainketaren borondatezko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretatik aurrera, zatikatuta ordainduko dira, zenbateko bereko hileko lau kuotatan.

4. Geroratze horien eskaera geroratze eredu ofiziala (C06) erabiliz eginen da, soilik Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez aurkeztuta, eta Diru-bilketa Zerbitzuko titularrak ebatziko du.

5. Foru agindu honek indarra hartu aurretik artikulu honetan aipatzen diren zorrak geroratzea eskatu duten zergadunek, artikulu honetan araututako salbuespenezko geroratzeari heldu nahi badiote, berariaz eskatu beharko dute 4. apartatuan ezartzen den eredu ofizialaren bidez. Eskaera egin ondotik, bestelako izapiderik gabe baliogabetuko da aurretik eskatutako geroratzea.

6. Azaroaren 28ko 117/2025 Foru Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, ez dira aintzat hartuko, inola ere, xedapen honen babesean emandako geroratzeak; ez geroratze horiek emateko, ez etorkizunean geroratze gehiago emateko ere (aipatu foru aginduaren bidez zorrak geroratzeari eta zatikatzeari buruzko araudia garatzen da eta Nafarroako Foru Ogasunari esleitutako diru-bilketako eskumenen esparruan horien eskaera egiteko ereduak (C06 eta C08) onesten dira).

7. Aipatu 117/2025 Foru Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, ez dira inola ere aintzat hartuko foru agindu horren babesean eskatutako geroratzeak etorkizunean beste geroratze batzuk emateko.

8. Emandako geroratzeak betetzen ez badira, berandutze-interesak likidatuko dira, aurkeztu eta ordaintzeko borondatezko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Xedapen gehigarria. Araubide juridikoa.

Zerga-zorrak geroratzeari buruzko araudi orokorrak, eta, zehazki, azaroaren 28ko 117/2025 Foru Agindua, zuzenean aplikatzekoak izanen dira foru agindu honetan araututako geroratzeetan, baina foru agindu honetan bertan ezarritako salbuespenekin (117/2025 Foru Agindua, azaroaren 28koa, zeinaren bidez zorrak geroratzeari eta zatikatzeari buruzko araudia garatzen baita eta Nafarroako Foru Ogasunari esleitutako diru-bilketako eskumenen esparruan horien eskaera egiteko ereduak (C06 eta C08) onesten baitira).

Azken xedapena. Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web