(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2026 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, APIRILAREN 1EKOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA ETA ENERGIA ELEKTRIKOAREN EKOIZPENAREN BALIOAREN GAINEKO ZERGA ALDATZEN DITUENA

BON N.º 69 - 10/04/2026



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZa) eta balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une bakoitzean indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin eta tributu araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, "tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu" izena emanen zaie.

Estatuan, martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuak, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, BEZari eta EEEBZari buruzko araudia aldatu du, Ekialde Hurbilean berriki hasitako gerrak eragindako energia-krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

Sektore elektrikoan, handizkako merkatuan elektrizitatearen prezioa zehazten duten enpresek produktu energetikoen garestitzearen ondorioz jasaten dituzten kostu handiagoak konpentsatzeko asmoz, zenbait minorazio ezarri dira EEEBZaren zerga-oinarria kalkulatzeko moduan, prezio lehiakorragoak eskain ditzaten kontsumitzaileen mesedetan.

Zehazki, 2026ko ekitaldirako, honako hau izanen da EEEBZaren zerga-oinarria: zergadunak, zergaldi horretan, energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik jaso behar duen zenbateko osoa, zentraleko barretan neurtua, instalazio bakoitzeko, eta zenbateko hori murriztuko da lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10 kenduz, eta bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsari guztiak kenduz.

BEZaren eremuari dagokionez, 2026ko ekainaren 30era arte, ohiz kanpo eta aldi baterako, %21etik %10era murrizten da energia elektrikoaren kontratuei aplikatu beharreko BEZaren tasa, baldin eta haien potentzia-termino finkoa ez bada 10 kW-etik gorakoa. Horrek esan nahi du, funtsean, azken kontsumitzaile diren etxebizitza ia guztiei aplikatu behar zaiela, bai eta, bonu soziala jasotzeaz gain, kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortuta duten elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrei ere, betiere kontsumitzaile kalteberenen pobrezia energetikoko egoerak arintzeko asmoz. Era berean, biomasatik datozen gas naturalari, briketei eta pelletei eta sutarako egurrari aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa %10era murriztuko da, eta neurri horrek indarraldi bera izanen du.

Horrez gain, eta kasu honetan ere 2026ko ekainaren 30era arte, %21etik %10era jaisten da erregaiei aplikatu beharreko BEZaren tasa. Horrek aurrezpen handia ekarriko die familiei, beren joan-etorrien kostua murriztuko baita.

Hala ere, salbuespenezko neurriak direnez, BEZaren tasek 2026ko ekainean izanen dituzten murrizketak, betiere, ukitutako produktuen kontsumoko prezioen indizearen bilakaeraren mende geratzen dira.

Aurreko neurriak alde batera utzita, aldatu egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 69.2.6 artikulua, eta, horren ondorioz, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezitik (aurrerantzean, NAAABa) baztertzeko ezarrita dagoen diru-muga bera aplikatuko da ondasunak eta zerbitzuak eskuratu eta inportatzeagatiko zenbatekoen kasuan (diru-muga hori Estatuko araudian ezarrita dago). Lurralde erkidean, muga hori Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 124.Bi.6 artikuluaren bidez dago araututa (lege horren beraren hamahirugarren xedapen iragankorraren bidez aldi baterako aldatu zen). Aldaketa horren helburua da, beraz, Nafarroako araubide bereziaren eremu subjektiboa Estatuko araudian bezala definitzea.

Helburu bera du martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 32.2.a) artikuluaren aldaketak, zeinaren ondorioz Estatuko araudira jo behar baita NAAABetik bazter uztea eragiten duten eragiketen diru-mugaz den bezainbatean. Lurralde erkideari dagokionez, muga hori aurreikusita dago abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 43.2.a) artikuluan.

Era berean, hobetu egiten da 32. artikuluaren 2.a) eta 3. apartatuen idazkera, eta argitzen da ezen, araubide berezitik baztertzeko muga kalkulatzeko, kontuan hartuko direla BEZaren araubide erraztua eta NAAABaren araubidea aplikatu behar zaizkien nekazaritza- edo abeltzaintza-jarduera guztiak, eta, diru-sarreren bolumenaren zenbatekoa kalkulatzearen ondorioetarako, kontuan hartuko direla zergari buruzko foru legearen 29.1.c) eta 36.1 artikuluetan aipatzen diren erregistro liburuetan jaso behar diren diru-sarrera guztiak.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko apirilaren batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zergaoinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2026ko zergaldirako.

1. 2026ko ekitaldirako, hauxe izanen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria: zergaldi horretan energia elektrikoa (zentraleko barratan neurtua) ekoizteagatik eta sisteman sartzeagatik zergadunak eskuratu beharreko zenbateko osoa, instalazio bakoitzeko, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, eta ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko osoa.

2. Lehenengo hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo hiru hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken hiruhileko natural horretan sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbatekoaren %10, eta %7ko zerga-tasa aplikatuko da.

Bigarren hiruhilekoko ordainketa zatikatua kalkulatuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo sei hilabeteak bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, eta ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko guztia, %7ko zerga-tasa aplikatuta, eta, orobat, 2026ko ekitaldiaren kontura aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduta.

Hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldiaren hasieratik urteko lehenengo bederatzi hilabeteak edo hamabi hilabeteak (kasua zein den) bukatu arte ekoitzitako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioaren arabera, zentraleko barratan neurtua, ken lehenengo hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien %10, eta ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko guztia, %7ko zerga-tasa aplikatuta, eta, orobat, 2026ko ekitaldiaren kontura aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoak kenduta.

2. artikulua. Produktu energetikoen Europar Batasunaren barruko entrega eta eskurapen batzuetan balio erantsiaren gaineko zergan aplikatu beharreko zergatasa.

Ondorioak izanik 2026ko martxoaren 22tik aurrera, eta indarra, berriz, 2026ko ekainaren 30era arte, balio erantsiaren gaineko zergan %10eko zerga-tasa aplikatuko zaie Europar Batasunaren barruan egiten diren entrega eta eskurapen hauei:

a) Honako hauen alde egiten diren energia elektrikoaren entrega eta eskurapenak:

- Kontratatutako potentzia (potentzia-termino finkoa) 10 kW-etik beherakoa duten elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, edozein direla ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea.

- Elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularrak, elektrizitatearen bonu soziala jasotzen badute eta aitortua badute kaltebera larriaren izaera edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera, bat etorriz urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, zeinaren bidez arautzen baitira kontsumitzaile kalteberaren figura, bonu soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk.

Apirilean elektrizitatearen KPIaren aldaketa aurreko urteko hil bereko KPIaren %15etik gorakoa ez bada, Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, ekainean, letra honetan araututako tasaren murrizketa aplikatzeari utziko zaio.

b) Biomasatik datozen gas naturala, briketak eta pelletak, eta su-egurra.

Apirilean gasaren KPIaren aldaketa aurreko urteko hil bereko KPIaren %15etik gorakoa ez bada, Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, ekainean, letra honetan araututako tasaren murrizketa aplikatzeari utziko zaio.

c) Erregai gisa erabiltzeko gasolinak, gasolioak eta bioerregaiak, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50.1 artikuluko 1. tarifako 1.2.1, 1.2.2, 1.3, 1.4, 1.5, 1.6, 1.8, 1.12, 1.13, 1.14 eta 1.15 epigrafeetan jasotakoak.

Apirilean erregaien KPIaren aldaketa aurreko urteko hil bereko KPIaren %15etik gorakoa ez bada, Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, ekainean, letra honetan araututako tasaren murrizketa aplikatzeari utziko zaio.

3. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 69.2.6 artikulua aldatu eta honela geldituko da:

"6. Aurreko urtean enpresaburuek edo profesionalek beren enpresa edo lanbide jarduera guztietarako eskuratu eta inportatutako ondasun eta zerbitzuek, ibilgetuko elementuenak kenduta, gainditzen dutenean Estatuko araudian horretarako ezarritako zenbatekoa".

4. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren aldaketa.

Honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu hauek:

Bat. 32.2.a) artikulua.

"a) Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia eta araubide erraztua aplikatu behar zaizkien nekazaritzako, basogintzako, abeltzaintzako eta arrantzako jarduerekin lotutako eragiketa guztietarako, Estatuko araudiak ondorio horietarako ezarritako zenbatekoa gainditzen duten subjektu pasiboak".

Bi. 32.3 artikulua.

"3. Aurreko apartatuan aipatutako eragiketen zenbatekoa zehazteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

a) 2.a) apartatuan aipatzen diren jardueretan egindako eragiketen kasuan, 29.1.c) eta 36.1 artikuluetan aipatzen diren erregistro liburuetan jaso behar direnak baino ez dira zenbatuko.

b) 2.b) apartatuan aipatzen diren jardueretan egindako eragiketen kasuan, zergari buruzko foru legearen 66. artikuluan xedatutakoaren arabera zenbatuko dira. Halere, ondasun higiezinak errentan emateko eragiketak ez dira zenbatuko baldin eta jarduera ekonomikorik ekartzen ez badute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian xedatutakoaren arabera".

Azken xedapenetako lehena. Erregelamenduzko xedapenen mailaren babesa.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honen bidez aldatzen diren Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko manuak foru dekretu bidez aldatzen ahalko dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web