3/2026 FORU LEGEA, MARTXOAREN 23KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITIRA 5/2018 FORU LEGEA, MAIATZAREN 17KOA, GARDENTASUNARI, INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEARI ETA GOBERNU ONARI BURUZKOA, ETA 7/2018 FORU LEGEA, MAIATZAREN 17KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO JARDUNBIDE EGOKIEN ALDEKO ETA USTELKERIAREN KONTRAKO BULEGOA SORTZEKOA
BON N.º 66 - 07/04/2026
1
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen arabera, gardentasuna balio bat da, hartarako betebeharra duten subjektuen jarduera osoari eta antolaketari eragin behar diena. Herritarrak dira informazio publikoaren jabe eskubidedunak, eta, beraz, aipatutako subjektuak beharturik daude beren informazio publikoa herritarren eskura jartzera, modu proaktiboan edo herritarrek eskaera egin ondoren, bai eta ezagutzera ematera ere hartutako erabakiak eta haien prozesua, eta haien eginkizunak betetzean betetako ekintzak eta haien ebaluazioa. Halaber, gardentasuna oinarria eta erreferentzia-esparrua da, beharrezkoa Nafarroako Administrazio Publikoek gobernu irekiko neurriak susta ditzaten, horrela herritarrek benetako parte-hartzea izan dezaten interes orokorreko gaien kudeaketan. Azken finean, kontu-ematerako ezinbestekoa den baliotzat hartzen du gardentasuna, horrek ahalbidetuko baitie herritarrei, ezagutzan oinarrituta, arlo publikoaren kudeaketaren gaineko kontrola egitea, eta erabaki publikoen diseinuan, prestaketan, onespenean, gauzatzean eta ebaluazioan parte hartzea, erantzukizuna konpartituz; horrez gain, ustelkeriari aurre egiteko tresna eraginkortzat ere hartzen du.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, bere aplikazio-esparruari dagokionez, informazio publikoaren gordailu izan daitezkeen entitate guztietara zabaldu zen, horietako batzuk izanik toki-entitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta, Zuzenbide Administratiboaren mende dauden jarduerei dagokienez, Foru Komunitateko Arartekoa, Nafarroako Kontseilua eta Kontuen Ganbera. Ildo horretan, Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortu ondoren, legearen aplikazio-esparruan sartu behar da entitate hori.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen aplikazioan Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak bildutako esperientzian oinarrituta -bai legea indarrean egon den zazpi urteetan aurkeztutako erreklamazioak ebaztean bildutakoa, bai publizitate aktiboko betebeharren ebaluazioaren bidez bildutakoa-, zenbait aldaketa aztertu eta proposatu ditu aipatutako foru-lege horren artikuluetarako eta beste arauzko xedapen batzuetarako, juridikoki esanguratsua izan litekeen informazioa eskuratzeko prozesua errazteko helburuarekin.
Bestalde, legean ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak aztertuta, ikusten da betebehar horiek egungo errealitatera egokitu behar direla, egun nagusi diren beharretara, eta ezabatu egin behar direla beste batzuk, inoiz existitu ez direnak edo denbora pasa ahala zaharkituta edo eraginik gabe gelditu direnak eta inolako ekarpenik egiten ez dutenak arlo publikoaren kudeaketan kontuak emateko derrigorrezko eta beharrezko prozesuan.
Erreforma honen funtsezko helburua da gardentasuna eta zuzentasun demokratikoa indartzea, interes-taldeen erregistroaren gaineko eskumena emanez gobernuarekiko independentea den erakunde bati, eta Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren independentzia indartuz, publizitate aktiboko betebeharrak eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea betetzen direla bermatzen duen organo teknikoa den aldetik.
2
Nafarroak, bere foru-araubidearengatik, eskumen esklusiboa du gai hauetan: Foru Erakundeen erregulazioan, 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa); Nafarroaren zuzenbide substantiboaren espezialitateen edo erkidegoaren antolaketa berekiaren ondoriozko prozedura administratiboko arauetan; eta Foru Diputazioaren araubide juridikoaren, haren Administrazioaren eta beraren mendeko erakunde publikoen gainean. Horrenbestez, bermatuta dago administrazio publikoen aurrean administratuak berdintasunez tratatuko direla, 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren c) eta e) letrekin bat. Nafarroari dagozkio, halaber, 46. artikuluak Toki Administrazioaren gaietan ematen dizkion eskumenak.
3
Foru-lege hau bi artikuluk, xedapen gehigarri batek eta bi azken xedapenek osatzen dute.
1. artikuluak Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea aldatzen du. Aldaketak, bereziki VI. tituluan eragiten badu ere, I. tituluari ere eragiten dio, legearen 2. artikuluan behartutako subjektu gisa sartzen baita Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa.
II. titulua aldatzen da, eta argitzen da zer eginkizun duten informazio publikoaren unitate arduradunek, zer muga aplikatzen zaizkien gardentasun-betebeharrei eta informazioa eskuratzeko eskubideari, eta zer irismen duten honako hauei eragiten dieten publizitate aktiboko betebeharrek: bateragarritasunaren gaineko ebazpenei, goi kargudunen agendei eta zerbitzu publikoez baliatzeko itxaron-zerrendei. Halaber, ahalbidetzen da Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan salaketak aurkeztea publizitate aktiboko betebeharrak betetzen ez direnean.
III. titulua aldatzen da, eta, hala, informazioa eskuratzeko eskubidea indartzen da, argitzen baita nola jardun behar duten subjektu behartuek eskatutako informazio publikoan datu pertsonalak ageri direnean, eta ezartzen baita entzunaldi-izapidea eman beharko zaiela ukituak izan daitezkeen pertsonei informazio publikoa eskuratzearen esparruan jarritako balizko erreklamazioa ebatzi aurretik.
IV. tituluan ("Interes-taldeak") eta V. tituluan ("Zehapen-araubidea") egindako aldaketak lege honen testuari egokitzen zaizkion zuzenketen ondorio dira.
VI. titulua ("Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua") aldatu egin da, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren independentzia indartzeko asmoz. Haren osaera berria zehazten da, eta publizitate aktiboko betebeharrak eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea betetzen direla bermatzeaz arduratuko den organo tekniko gisa gaitzen da Kontseilua.
Hamargarren xedapen gehigarri berriak ezartzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eman behar diela toki-entitateei publizitate aktiboko betebeharrak bete ditzaten.
2. artikuluak aldatu egiten du 7/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzekoa, halako moldez non arau horren bigarren xedapen iragankorra ezabatzen baitu.
Xedapen gehigarri bakarrak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren osaera berriaren ezarpena agintzen du aldi baterako.
Azken xedapenetako lehenengoak Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoari esleitzen dio Interes Taldeen Erregistroaren kudeaketa, eta haren aplikazioa hedatzen du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 10. artikuluaren b) eta c) letretan jasotako foru-erakundeetara.
Azkenik, azken xedapenetako bigarrenean ezartzen da noiz hartuko duen indarra foru-lege honek.
1. artikulua. Aldatu egiten da Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea.
Aldatu egiten da Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea. Hau da testu berria:
Bat. Apartatu berri bat gehitzen zaio 2. artikuluari. Hau izanen da haren testua:
"2.bis. Administrazio zuzenbidearen aplikazio-esparrukoak diren zereginetan jardutean, langilearen eta kontratazioaren alorretan gauzatzen dituzten jarduerei dagokienez, aplikatzekoa izanen zaio Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoari; betiere, kontraesanean ez badago erakunde horrek bere araudiaren bitartez esleituak dituen botere, funtzio eta autonomiarekin".
Bi. Aldatu egiten da 5. artikuluaren c) letra. Hau izanen da haren testua:
"c) Eskuragarritasun-printzipioa: informazioa bitarteko edo formatu eskuragarri eta ulergarrien bidez emanen da, eta administrazio publikoek begiratuko dute beren bulegoetan, beren politiken diseinuan eta beren jarduketa guztietan eskuragarritasun unibertsala benetakoa izatea, eta berariaz aurreikusiko da mekanismoak eta doikuntzak ezarri beharra pertsona guztiek (bereziki, desgaitasuna dutenek eta kalteberatasun egoeran daudenek) informaziorako sarbide osoa izan dezaten baldintza berdinetan".
Hiru. l) letra berri bat gehitzen zaio 5. artikuluari, honako testu honekin:
"l) Gardentasunaren aldeko interpretazioaren printzipioa. Foru-lege honen xedapenak interpretatzean, informazio publikorako irispidearen alde eta gardentasun-printzipioaren efikazia ahalik eta handienaren alde eginen da, eta interpretazio hori gailendu eginen zaio berariaz adierazita ez dagoen mugapen orori".
Lau. Kendu egiten da 6. artikulua.
Bost. Aldatu egiten da 8.2 artikuluaren f) letra. Hau izanen da haren testua:
"f) Dagozkion datuak igortzea unitate arduradunari, beharrezkoak direnak informazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzko informazioa argitaratzeko eta urteko memoria edo txostena prestatzeko".
Sei. Aldatu egiten da 14. artikuluaren 1. apartatua. Testu hau izanen du:
"1. Gardentasun-betebeharrei aplikatzekoak zaizkien mugak 31. eta 32. artikuluetan informazio publikoa eskuratzeko eskubideari ezartzen zaizkion berberak dira".
Zazpi. Kendu egiten da 18. artikuluaren 2. apartatua, eta, hori horrela, zenbakitu gabeko paragrafo bakarra izanen du artikuluak.
Zortzi. Aldatu egiten da 19.2 artikuluaren h) letra. Hau izanen da haren testua:
"h) Jarduera publiko edo pribatuetarako bateragarritasuna baimendu edo onartzeari buruzko ebazpenak, sektore publikoko langileei eragiten dietenak, baldin eta haien identifikazioa jasotzen bada".
Bederatzi. Aldatu egiten da 19.2 artikuluaren j) letra. Hau izanen da haren testua:
"j) Zerbitzu publikoak jasotzeko itxaron-zerrenda anonimizatuak".
Hamar. Paragrafo berri bat gehitzen da 20.2 artikuluaren b) letraren bukaeran. Hau izanen da haren testua:
"Agenda argitara ematean, honen berri emanen da: egiten diren bilkura edo saioen xedea, bertaratu diren pertsonak eta pertsona horiek ordezkatzen dituzten erakunde edo entitateak eta jorratutako gaiak".
Hamaika. Aldatu egiten da 20. artikuluaren 3. apartatua. Testu hau izanen du:
"3. Tokiko ordezkariei dagokienez, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritako moduan argitaratuko dira ordainsariak eta ondasunen eta jardueren urteko aitorpenak. Edozein kasutan ere, ez dira jasoko ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko datuak, eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna bermatuko dira".
Hamabi. Kendu egiten da 22.1.B.b) artikuluaren 12. azpiapartatua.
Hamahiru. Aldatu egiten da 23.1.e) artikuluaren 11. azpiapartatua, eta testu hau izanen du:
"11. Eskaintza ekonomikoak, proposamen teknikoak eta hobekuntzak konparatzen dituen taula, irizpide bakoitzeko puntuazioak eta arrazoien laburpena adierazita, halakorik bada".
Hamalau. Aldatu egiten da 23.1.e) artikuluaren 12. azpiapartatua, eta testu hau izanen du:
"12. Kontratazio-prozesuarekin lotutako erabakiak eta txosten juridikoak, teknikoak eta kontu-hartzailetzakoak".
Hamabost. Kendu egiten da 27.2 artikuluaren j) letra.
Hamasei. 29. bis artikulu berria sartzen da. Testu hau izanen du:
"29 bis artikulua. Publizitate aktiboko betebeharren ez-betetzeak ikuskatzea.
1. Pertsona fisiko edo juridiko orok, iritziz gero ez dela publizitate aktiboa egin, salaketa aurkezten ahalko dio Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari, deusetan galarazi gabe 60.3 artikuluan xedatutakoa eta ordenamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eskubideak baliatzea, eta salaketa aurkeztu eta bi hilabeteko epean erantzun arrazoitua jasotzeko eskubidea izanen du. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren erantzuna haren web-orrian edo webgunean argitaratuko da, aurrez datu pertsonalak bereizita.
2. Nolanahi ere, salatzaileak konfidentzialtasun-eskubidea izanen du, eta, berak hala eskatuz gero, bera identifikatzeko modua ematen duen datu oro ezabatu beharko da".
Hamazazpi. Aldatu egiten da 31.1 artikuluaren b) letra. Hau izanen da haren testua:
"b) Lege-mailako arau batek ezarritakoa den eta erabakiak hartzeko prozesuetan eskatzen den konfidentzialtasunaren edo sekretuaren bermea".
Hemezortzi. Aldatu egiten da 32. artikulua. Testu hau izanen du:
"32. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
1. Eskatutako informazioak eragina badu datu kategoria berezietan, izaera penaleko datuetan edo arau-hauslearekiko ohartarazpen publikorik ez dakarten arau-hauste administratiboetan, datu pertsonalen babesa arautzen duen araudiarekin bat, informazioa eskuratzea baimentzen ahalko da soilik baldin eta ukitutako pertsonak berariazko eta idatzizko baimena ematen badu.
2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, lege-mailako arau batek hala ezartzen duenean ere ematen ahalko da sarbidea.
3. Eskatutako informazioak ez duenean aurreko apartatuan aipatutako daturik, eskaera jaso duen organoak informazioa eskuratzea baimenduko du behar bezala eta modu arrazoituan aztertu ondoren informazioa ezagutarazteak dakarren interes publikoa eta eskatutako informazioan ageri diren datuen jabeen eskubideak (datu pertsonalen babeserako oinarrizko eskubidea bereziki).
Erabaki hori hartzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan organoak bereziki:
a) Ukitutako pertsonen eskubideak ahalik eta gutxien kaltetzea, dokumentuek identifikaziorako edo harremanetarako datuak besterik ez badituzte, eta ikusten bada horiek jakinarazteak ez diela kalte nabarmenik eginen ukitutako pertsonen interesei.
b) Eskatzaileak bere eskaera justifikatzea zuzeneko interes legitimo eta zuzen baten titularra den aldetik, edo herritar gisa duenaz beste eskubide subjektibo bat oinarri hartuta.
c) Eskatzailea ikertzailea izatea, eta informazioa eskuratzeko adierazitako arrazoia helburu historiko, zientifiko edo estatistikoekin lotuta egotea.
d) Eskatzaileak ordezkari sindikal izaera edo kasuan kasuko unitateko edo administrazioko enplegatu izaera argudiatzea egindako informazio-eskaera justifikatzeko, baldin eta informazioak zerikusia badu lanaren antolaketarekin, eginkizunekin edo lan- edo administrazio-harremanaren ondoriozko ordainsari osagarriekin.
e) Ukitutakoen eskubideak ahalik eta gehien bermatzea, dokumentuan jasotako datuek eragina izaten ahal badute haien intimitatean edo segurtasunean edo adin txikikoei buruzkoak badira.
f) Ukitutako pertsonei ahalik eta kalte txikiena eragitea dokumentua edo informazioa egin zenetik igarotako denboraren ondorioz.
g) Ukitutako pertsonari entzunaldia eman ondotik, hark aurka ez egitea.
4. Oro har, organoaren antolaketarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotutako identifikazio hutseko datuak jasotzen dituen informazioa eskuratzeko baimena emanen da, salbu eta kasu zehatzen batean datu pertsonalen babesa gailentzen bada, edo konstituzioaren babespeko beste eskubideren bat, datuak zabaltzearen interes publikoaren gainetik.
Nolanahi ere, organoaren antolaketarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotutako identifikazio-datu pertsonal soiltzat hartuko dira administrazio publikoetako organo eta unitateek sortu dituzten eta administrazio-espedienteen parte diren dokumentuak sinatzeko arduradunaren identitateari buruzkoak. Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideen kasuan edo segurtasun-arrazoiengatik babes berezia behar duten beste kolektibo batzuetako kideen kasuan, identifikazio profesionaleko kodea edo zenbakia jarri beharko da identifikazio nominalaren ordez.
5. Aurreko ataletan ezarritakoa ez da aplikatu beharko informazioa eskuratu aurretik datu pertsonalak bereizi badira eta, modu horretan, ezinezkoa bada ukitutako pertsonak identifikatzea.
6. Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia aplikatu beharko zaio datuak eskuratzeko eskubidearen bidez eskuratutako datuen tratamenduari, eta horren berri eman beharko zaio berariaz eskatzaileari ebazpenean".
Hemeretzi. Aldatu egiten da 34. artikuluaren 6. apartatua. Testu hau izanen du:
"6. Eskaera ahoz egiten denean, dela unitate erantzuleen aurrean agertuz, dela informazio-bulegoetan edo telefono bidezko komunikazioaren bitartez, eskaera hori formatu elektronikoan jasoko da, eta bigarren apartatuan aipatutako xehetasunak jaso beharko dira. Horri buruzko ziurtagiri bat emanen zaio eskatzaileari".
Hogei. Aldatu egiten da 37. artikuluaren a) letra. Hau izanen da haren testua:
"a) Existitzen ez den edo informazioa publikoa ez izateagatik informazioa eskuratzeko eskubidetik legez salbuetsita dagoen informazioari buruzkoak".
Hogeita bat. Aldatu egiten da 39. artikulua. Testu hau izanen du:
"39. artikulua. Hirugarrenek esku hartzea.
1. Ebazpena ematearen ardura duen organoak uste badu informazio eskaerak kalte egin diezaiekeela hirugarrenen beste eskubide batzuei edo interes legitimoei, entzunaldia emanen die, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten gutxienez hamar eguneko eta gehienez hamabosteko epean. Organo eskudunak, hirugarrenek berariaz edo ustez adierazitakoa oinarri hartuta, eta foru-lege honetan jasotakoari jarraikiz, bidezkotzat jotzen duen ebazpena emanen du, interes publiko orokorrarekin bat. Ukitutako pertsonak ez badu adierazten aurka dagoela, ulertuko da ez dagoela aurka.
2. Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan eta 32. artikuluan ezarritakoarekin bat entzunaldia eman behar den kasuetan, entzunaldia 15 egunekoa izanen da. Kasu horietan, organo kudeatzaileek ukituak izan daitezkeen pertsona fisiko eta juridikoen identifikazio-datuak eta helbide-datuak eskatzen ahalko dizkiete erakunde publiko eskudunei.
3. Ukituei eskaera bidaltzearekin batera ebazteko epea eten eginen da, harik eta alegazioak jaso arte edo horiek aurkezteko epea iragan arte. Inguruabar horren berri eman beharko zaio eskatzaileari".
Hogeita bi. d) letra berri bat gehitzen zaio 44.1 artikuluari. Testu hau izanen du:
"d) Organo eskudunari zentzuzkoagoa iruditzen zaionean eskatutakoa ez den beste modu edo formatu batean jartzea informazioa eskatzailearen eskura".
Hogeita hiru. Aldatu egiten da 45. artikuluaren 4. apartatua. Testu hau izanen du:
"4. Erreklamazioa tramitatzean, indarreko legeriak errekurtsoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.
Informazioa eskuratzea ukatzeko oinarria hirugarrenen eskubideak edo interesak babestea denean, erreklamazioa ebatzi aurretik entzunaldia emanen zaie ukituak izan daitezkeen pertsonei, komeni dena alega dezaten haien eskubideen alde gutxienez hamar eguneko eta gehienez hamabosteko epean. Administrazio publikoak eta legeak behartutako gainerako subjektuak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluarekin lankidetzan ariko dira erreklamazioak ukitutako pertsonak identifikatzen laguntzeko.
Entzunaldiaren izapideak ebazpena emateko epea etetea ekarriko du, ukitutako pertsonek egoki irizten dituzten alegazio eta justifikazioak jaso arte edo horiek aurkezteko epea iragan arte".
Hogeita lau. Aldatu egiten da 45. artikuluaren 8. apartatua. Testu hau izanen du:
"8. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak publizitate aktiboaren arloan zein informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arloan ematen dituen egintzak zuzenean betearaztekoak izanen dira, eta xede dituzten erakundeak eta administrazioak behartuko dituzte".
Hogeita bost. Kendu egiten da 53. artikulua.
Hogeita sei. Aldatu egiten da 55. artikulua. Testu hau izanen du:
"55. artikulua. Subjektu erantzuleak.
Titulu honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak dira honako hauek:
a) Foru-lege hau aplikatzekoa zaien administrazioaren eta instituzio eta erakunde publikoen zerbitzupeko goi-kargudunak eta langileak, arau-haustetzat tipifikatutako egintza edo ez-egitea egozten ahal zaienean, esleiturik dituzten eginkizun eta eskumenekin bat.
b) 3. artikuluan aurreikusitako entitate eta pertsona fisiko eta juridikoak, esleiturik dituzten eginkizun eta eskumenekin bat".
Hogeita zazpi. Aldatu egiten da 57.2 artikuluaren e) letra. Testu hau izanen du:
"e) Foru-lege honetan ezarritako erregistro-betebeharrak edo foru-lege honen 51. artikuluan ezarritako jokabide-kodearen gutxieneko edukia osatzen duten konpromisoak ez betetzea modu agerikoan".
Hogeita zortzi. Aldatu egiten da 57.3 artikuluaren d) letra. Testu hau izanen du:
"d) Foru-lege honek ezarritako erregistro-betebeharrak edo foru-lege honen 51. artikuluan ezarritako jokabide-kodearen gutxieneko edukia osatzen duten konpromisoak betetzean izandako irregulartasunak".
Hogeita bederatzi. Aldatu egiten da 58. artikulua, eta testu hau izanen du:
"58. artikulua. Diziplina-zehapenak.
Kasu bakoitzean aplikatzekoa den diziplina-araubidearen arabera dagozkien zehapenak aplikatuko zaizkie foru-lege honen 2. artikuluan aurreikusitako entitateen zerbitzupeko langileei egoztekoak diren arau-hausteei.
Foru-lege honen 2. artikuluan aurreikusitako entitateetako agintariei, zuzendariei eta goi-kargudunei egoztekoak diren arau-hausteetan, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean ezarritako zehapenak aplikatuko dira".
Hogeita hamar. Aldatu egiten da 60. artikuluaren 4. apartatua. Testu hau izanen du:
"4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak espedientea irekitzea eskatuko du jakiten badu titulu honetan aurreikusitako arau-hausteen kalifikazioa izaten ahal duten gai honetako arau-hausteak gertatu direla. Organo eskudunak prozedurari hasiera eman beharko dio, eta emaitza Kontseiluari jakinarazi".
Hogeita hamaika. Aldatu egiten da 63. artikuluaren 2. apartatua. Testu hau izanen du:
"2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak foru-lege honek ematen dizkion eginkizunak beteko ditu objektibotasunez, profesionaltasunez, ordenamendu juridikoa errespetatuz, autonomiaz eta erabateko independentziaz, eta gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio organikoki".
Hogeita hamabi. Kendu egiten da 64. artikuluaren 1. apartatuaren zenbakia.
Hogeita hamahiru. Aldatu egiten da 64. artikuluaren l) letra, eta m) letra berri bat gehitzen zaio artikuluari. Hauek izanen dira testuak:
"l) Zaintzea ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako toki-entitateek betetzen dutela foru-parlamentariei eta toki-entitateetako kide hautetsiei beren eginkizunetarako beharrezkoa duten informazioa emateko betebeharra, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudiarekin bat etorriz.
m) Lege- edo erregelamendu-mailako arauek esleitutako gainerakoak".
Hogeita hamalau. Aldatu egiten da 65. artikulua. Testu hau izanen du:
"65. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren osaera.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua lehendakariak eta honako kide hauek osatuko dute, zeinak arloan esperientzia duten teknikariak izanen baitira:
a) Gardentasunaren arloan eskumena duen departamentuaren titularrak proposatutako pertsona bat.
b) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatutako pertsona bat.
c) Nafarroako Kontseiluak proposatutako pertsona bat.
d) Nafarroako Kontuen Ganberak proposatutako pertsona bat.
e) Nafarroako Arartekoak proposatutako pertsona bat.
f) Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatutako pertsona bat.
g) Nafarroako Parlamentuak proposatutako pertsona bat.
Ordezko bat proposatzen ahalko da titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo aldi baterako beste ezintasunen bat duenean.
2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak hautatuko du izen eta gaitasun profesional handiko pertsonen artean, gehiengo osoz, Parlamentuko taldeek proposatutako hautagaitzen artetik; Nafarroako Gobernuak izendatuko du foru-dekretu bidez, sei urteko epe ez-luzagarrirako.
Haren kargu-uztea gertatuko da berak uko egiten duenean, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaitua izan ondoren. Kargua utzi beharko du, orobat, Nafarroako Parlamentuak gehiengo osoz hala eskatzen badu, eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko bat-batean sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondena jasotzeagatik. Sei urteko epea amaitzen denean, Kontseiluko lehendakariak automatikoki utziko du kargua.
3. Nafarroako Gobernuak lau urterako izendatuko ditu Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideak, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariak proposatuta, kasuan kasuko entitateek edo erakundeek hautatu ondoren.
Kargu-uztea gertatuko da haietako bakoitzak uko egiten badio, ordezkariaren eta ordezkatzen duen entitatearen arteko lotura desagertzen bada, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaitua izaten bada, bai eta proposatu dituen entitateak edo erakundeak hala eskatzen duenean ere, haien eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko bat-batean sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondena jasotzeagatik.
Agintaldia ahituta, une horretan karguan ari denak eginkizunetan jarraituko du izendapen berria egiten den arte.
4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kidea izateak ez du dedikazio esklusiborik eskatuko. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izatea bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-karguduna izatearekin eta alderdi politiko bateko kide izatearekin.
5. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak ahaleginak eginen ditu emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatzeko, halako moduz non sexu bakoitzeko pertsonak ez diren izanen kideen ehuneko hirurogei baino gehiago, ez eta ehuneko berrogei baino gutxiago ere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4.1 artikuluaren f) letrarekin bat".
Hogeita hamabost. 65 bis artikulua gehitzen da. Hau izanen da haren testua:
"65 bis artikulua. Dietak.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideak administrazioan duten lanpostuan aritzen ahalko dira beren kargua bete bitartean, eta gardentasunaren arloan eskumena duen kontseilariak erregelamendu bidez ezarritako dietak jasoko dituzte irizpenetan txostengile gisa parte hartzeagatik, funtzionario gisa duten ordainsariarekin bateragarriak baitira dieta horiek.
2. Halaber, urteroko dieta bat ezartzen ahalko da Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariarentzat eta idazkariarentzat".
Hogeita hamasei. Aldatu egiten da 67. artikuluaren 2. apartatua. Testu hau izanen du:
"2. Gardentasun-eginkizunak eta informazio publikoa eskuratzekoak betetzeko, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak gardentasunaren arloan eskumena duen departamentuaren laguntza juridikoa, teknikoa eta administratiboa izanen du, barne hartuta beharrezkoak diren haren bitarteko pertsonalak, ekonomikoak nahiz materialak, eta, horrez gain, artxiboen arloan eskumena duen departamentuaren laguntza ere jasoko du".
Hogeita hamazazpi. Aldatu egiten da 68. artikulua. Testu hau izanen du:
"68. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluarekiko lankidetza.
Nafarroako Administrazio publikoek eta lege honen 2.1 artikuluan, 2.2 artikuluan eta 3. artikuluan aipatzen diren gainerako erakunde eta entitateek Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak eskatzen dien informazioa eman beharko diote hari, bai eta haren eginkizunak betetzeko behar den laguntza guztia ere".
Hogeita hemezortzi. Aldatu egiten da bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua. Hau izanen da haren testua:
"2. Gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen da batzordeburua, eta horrez gainera, kide hauek ere izanen dira batzordean: lehendakaritzaren eta gobernu irekiaren, teknologia berrien, administrazio elektronikoaren eta herritarren arretaren arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusietako titularrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-arlo bakoitzetik ordezkari bat bederen, gutxienez zuzendari nagusi izanen direnak".
Hogeita hemeretzi. Aldatu egiten da bigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatua. Hau izanen da haren testua:
"5. Batzordeak, bere eginkizunak betetzean, gardentasunaren arloan eskumena duen zerbitzuaren laguntza izanen du".
Berrogei. Xedapen gehigarri bat gehitzen da. Hau izanen da haren testua:
"Hamargarren xedapen gehigarria.-Toki-entitateei babesa eta laguntza ematea publizitate aktiboko betebeharrak bete ditzaten.
Nafarroako Gobernuak laguntza eman beharko die toki-entitateei eta haiekin lankidetzan aritu beharko da, biztanleria txikienekoei dagokienez bereziki, aplikagarriak zaizkien publizitate betebeharrak bete ditzaten".
2. artikulua. Aldatu egiten da Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legea.
Bat. Kendu egiten da lehenengo xedapen iragankorra ("Lobbyen eta lobbyzaleen jarduna arautzea").
Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideen agintaldia.
Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua urtebeteko epean eratuko da, 65. artikuluan ezarritako osaeraren arabera, eta oraingo lehendakariak kargu hori beteko du hura betetzeko izendatzen den pertsona karguaz jabetzen den arte, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 65.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Azken xedapenetako lehenengoa. Interestaldeak arautzea.
1. Nafarroako Gobernuak foru-dekretu bidez eginen du Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasota dauden interes-taldeei, haien jokabide-kodeari eta haien erregistroa kudeatzeari buruzko artikuluen erregelamenduzko garapena, eta artikulu horiek aplikatzekoak izanen zaizkie Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 10. artikuluaren b) eta c) letretan jasotako foru-erakundeei.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoarekin lankidetzan prestatuko da xedapen honen 1. apartatuan ezarritako erregelamendua.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoak kudeatuko du Erregistroa.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.