25/2026 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 13KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ZERGA OSAGARRIAREN AITORPEN INFORMATIBOA GARATZEN BAITA ETA BI EREDU HAUEK ONESTEN BAITIRA: 440 EREDUA, "ZERGA OSAGARRIAREN AITORPEN INFORMATIBOAREN ENTITATE ERATZAILE AITORTZAILEAREN KOMUNIKAZIOA" IZENEKOA ETA 442 EREDUA, "ZERGA OSAGARRIAREN AUTOLIKIDAZIOA" IZENEKOA
BON N.º 58 - 23/03/2026
I. ERANSKINA. 440 ereduaZerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioaFormatu elektronikoa
II. ERANSKINA. 442 ereduaZerga osagarriaren autolikidazioaFormatu elektronikoa
Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko abenduaren 22ko 18/2025 Foru Legeak zerga berri bat sartu du Nafarroako Foru Komunitateko ordenamendu juridikoan, zerga osagarria izenekoa, eta hala bete da Kontseiluaren 2022ko abenduaren 15eko 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko betebeharra, zuzentarau hori Europar Batasuneko enpresa-talde multinazionalentzako eta enpresa-talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeari buruzkoa baita.
Foru lege horren erregelamenduzko garapena jasota dago Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko Erregelamenduan, zeina otsailaren 25eko 13/2026 Foru Dekretu bidez onetsi baitzen.
Zerga osagarria elkarri lotutako bi erregela baliatuz aplikatzen da. Haien bidez, bermatzen da Europar Batasuneko estatuetan kokatutako talde nazional handiek edo entitate nagusia Europar Batasuneko estatu batean kokatuta duten talde multinazionalek -azken kasu horretan, taldeko enpresak Europar Batasunean kokatuta egon zein kanpoan egon- benetan ehuneko 15eko gutxieneko tasa globalaren arabera tributatuko dutela lortutako errentengatik. Elkarri lotutako bi erregela horiek honako hauek dira: errentak sartzeko erregela eta behar beste zergapetu gabeko etekinen erregela.
Hala, talde nazional handietako edo talde multinazionaletako entitate eratzaileen zerga-tasa efektiboa, jurisdikzio jakin batean, ehuneko 15etik beherakoa bada, zerga osagarria bilduko da, zeinak aukera emanen baitu ehuneko 15eko gutxieneko tasa globalera iristeko, dela errentak sartzeko erregelaren bidez, dela, halakorik ezean, behar beste zergapetu gabeko etekinen erregelaren bidez.
Zergari buruzko foru legearen 47. artikuluan ezarrita dago ezen talde multinazional bateko edo talde nazional handi bateko entitate eratzaile guztiek aurkeztu beharko dutela zerga osagarriaren aitorpen informatiboa, Espainiako lurraldean kokaturik badaude. Bestalde, erregelamenduaren 16. artikulutik 30.era, aitorpen informatiboaren edukia garatzen da.
Betebehar formal hori bete behar dute, oro har, Espainiako lurraldean kokatuta dauden talde multinazional bateko edo talde nazional handi bateko entitate eratzaile guztiek. Hala ere, zergari buruzko foru legearen 47.3 artikuluaren arabera, zilegi izanen da betebehar hori azken entitate nagusiak baino ez betetzea, edo azken entitate ez den eta izendatua izan den entitate batek.
Edozein kasutan, erregelamenduaren 18.1 artikuluari jarraikiz, Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate eratzaileek zerga administrazioari komunikatu beharko diote zein izanen den entitate aitortzailea, aitorpen informatiboa aurkezteko epea amaitu baino hiru hilabete lehenago. Komunikazio betebehar hori betetzat joko da baldin eta komunikazio bakar bat aurkezten bada eta hartan bilduta badago aitorpen informatiboa aurkeztu behar duen talde multinazionalak edo talde nazional handiak Espainiako lurraldean kokatuta dituen entitate eratzaile guztien inguruko informazioa.
Bestetik, erregelamenduaren 32. artikuluan arautzen da zerga osagarriaren autolikidazioa, zergari buruzko foru legearen 50. eta 51. artikuluetan aipatzen dena.
Azaldutako guztiagatik, zerga berriaren ezarpenak berekin dakar foru agindu hau eman beharra, alde batetik, zergaren komunikazioa eta autolikidazioa egiteko behar diren ereduak onesteko, eta, bestetik, zergari buruzko informazio-betebeharrak betetzeko behar den garapena arautzeko.
Aitorpen informatiboak zerga osagarriaren kudeaketan duen garrantzia dela-eta, eta haren edukia normalizaturik dagoenez ELGAren esparruan, Hitzarmen Ekonomikoaren 27 bis.4 artikuluaren arabera aipatu aitorpen hori Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu behar duten entitateek bide elektronikoak erabiliko dituzte aurkezpenerako, eta urriaren 21eko HAC/1198/2025 Aginduan onetsitako edukia izanen du, agindu horren bidez, besteak beste, 241 eredua "Zerga osagarriaren aitorpen informatiboa" onetsi baitzen, eta aurkezteko baldintzak eta prozedura ezarri baitziren. Hala betetzen da Kontseiluaren 2025eko apirilaren 14ko 2025/872 (EB) Zuzentaraua, aldatzen duena 2011/16/EB Zuzentaraua, fiskalitate esparruko lankidetza administratiboari buruzkoa; eta horrela, baita ere, errazago eginen da Espainiako zerga administrazioak zergaren kudeaketan inplikaturik egon daitezkeen beste jurisdikzioekin egin behar duen edozein informazio-truke.
Bestetik, Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko dira zergaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa eta zergaren autolikidazioa, foru agindu honetan onetsitako moduan eta ereduen arabera.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Arauak emateko gaikuntzari dagokionez, erregelamenduaren 16. artikuluak ahalmena ematen dio zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularrari aitorpen informatiboaren eredua foru agindu bidez onesteko.
Entitate aitortzailearen komunikazioari dagokionez (440 eredua), erregelamenduaren 18.3 artikuluak xedatzen du zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez onetsiko duela.
Zergaren autolikidazioari dagokionez (442 eredua), erregelamenduaren 32.1 artikuluak ezartzen du eredua elektronikoki aurkeztuko dela, zerga-arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen moduan, ondoriozko kuota positiboa izan edo nulua izan.
Horrenbestez, aipatu gaikuntzei jarraikiz eta bat etorriz Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko Erregelamendua onesten duen otsailen 25eko 13/2026 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenarekin,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. 440 eredua onestea.
Onesten da 440 eredua, "Zerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa" izenekoa. Eredua formatu elektronikoan dago, I. eranskinean.
2. artikulua. 440 eredua aurkeztu behar dutenak.
Bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 bis artikuluarekin, Talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzko Erregelamenduaren 18.1 artikuluan ezarritako entitate eratzaileak edo entitate eratzaileek Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko dute 440 eredua. Erregelamendu hori otsailaren 25eko 13/2026 Foru Dekretu bidez onetsi zen.
3. artikulua. 440 ereduko informazioaren xedea.
440 ereduan, I. eranskinean jasotako informazioa izanen da aitorpenaren xedea, zerga osagarriari buruzko erregelamenduaren 18.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. artikulua. 440 eredua aurkezteko aldizkakotasuna eta epea.
Zergaldi bakoitzean aurkeztu beharko da 440 eredua, aitorpen informatiboa aurkezteko epea amaitu baino hiru hilabete lehenago, hala ezartzen baitu zerga osagarriari buruzko erregelamenduaren 18.1 artikuluak.
5. artikulua. 442 eredua onestea.
Onesten da 442 eredua, "Zerga osagarriaren autolikidazioa" izenekoa. Eredua formatu elektronikoan dago, II. eranskinean.
6. artikulua. 442 eredua aurkeztu behar dutenak.
Bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 bis artikuluarekin, Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko dute 442 eredua Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate eratzaileek, baldin eta abenduaren 22ko 18/2025 Foru Legearen 6. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera zergaduntzat jo badaitezke, edo, bestela, zerga osagarriaren zergadunaren ordezkoak, aipatu foru legearen 6.5 artikuluarekin bat.
7. artikulua. 442 ereduaren edukia.
442 ereduak honako datu hauek bildu beharko ditu, II. eranskineko informazioarekin bat, dagokionaren arabera:
a) Zerga-zorra zer zergaldiri dagokion, zergaldi horren identifikazioa, hasiera- eta amaiera-data adierazita.
b) Zerga osagarriaren autolikidazioan entitate aitortzaile denaren identifikazioa, sozietate-izena, IFKa, egoitza fiskala eta telefonoa ere adierazita. Kasu guztietan adierazi beharko da ezen aurkezpena zergadun gisa egiten den, abenduaren 22ko 18/2025 Foru Legearen 6. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritakoarekin bat, ala zergadunaren ordezko gisa egiten den, aipatu foru lege horren 6.5 artikuluarekin bat.
Aitorpena aurkezten bada zergadunaren ordezko gisa, zergaduna identifikatu beharko da, hots, adierazi beharko da zerga-zorra zer zergadunentzat zehazten eta ordaintzen den, haren IFKa eta sozietate-izena zehaztuta.
Zergadunaren ordezkoak, zergadun gisa dagokion autolikidazioaz gain, ordezten dituen zergadunak adina autolikidazio aurkeztu beharko ditu, eta, hori horrela, ordeztutako zergadun bakoitzari dagokion zorra zehaztu eta ordainduko da.
c) Zergaduna zer talde multinazionaletakoa edo talde nazional handitakoa den, talde horren identifikazioa, egoera-orri finantzario bateratuak prestatzeko erabili ohi duen izena zehaztuta, bai eta bere jurisdikzioan zerga estalien ondorioetarako erabiltzen duen identifikazio zenbakia ere.
d) Azken entitate nagusiaren identifikazioa, barne direla sozietate-izena, IFKa eta egoitza duen herrialdea, eta zerga osagarriaren ondorioetarako baztertutako entitatea den adierazita. Baztertutako entitatea ez bada, adierazi beharko da bere jursidikzioan zerga osagarri nazionala, lehen mailakoa edo bigarren mailakoa, onetsi den, eta likidatzen ari den zergaldirako indarrean dagoen.
e) Aurkeztutako aitorpen informatiboen identifikazioa (GIR), non sarturik egonen baitira zerga osagarri nazionala, lehen mailakoa eta bigarren mailakoa, autolikidatzeko behar diren kalkuluak; honako hauek ere adieraziko dira: zer jurisdikziotan aurkeztu diren, erreferentziazko zenbakia edo aitorpenaren identifikazio zenbakia eta aurkezpenaren data.
f) Lehen mailako zerga osagarriaren autolikidazioaren kasuan, adierazi beharko da zergaduna azken entitate nagusia, tarteko entitate nagusia edo partez partaidetzapekoa den entitate nagusia den.
8. artikulua. 442 eredua aurkezteko epea.
442 eredua 25 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, zergaldia bukatu ondorengo hamabosgarren hilabetetik aurrera, zergari buruzko erregelamenduaren 32.1. artikuluan ezarritako moduan.
9. artikulua. 440 eta 442 ereduak aurkezteko moduak.
440 eta 442 ereduak formatu elektronikoan izanen dira eskuragarri bakarrik, eta modu elektronikoz aurkeztu beharko dira, Internet bidez, 10. eta 11. artikuluetan azaltzen diren prozeduraren eta baldintza orokorren arabera.
Eredua aurkezten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.
10. artikulua. 440 eta 442 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
1. 440 eta 442 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, web-inprimakia erabiliz, prozedura hau beteko da:
1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.
2. Hautatu kasuan kasuko eredua, eta hura aurkezteko behar diren datu guztiak bete web-inprimakian.
3. Eredua bete ondoren, erabili bidaltzeko aukera. Komunikazioa edo autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
Komunikazioa edo autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
2. Zergadunek, autolikidazioarekin batera (442 eredua), beste dokumentazio edo eskaeraren bat erantsi nahi badute, edo aitorpenaren ereduan propio agertzen ez diren aukerak aditzera eman nahi badituzte, elektronikoki aurkeztuko dituzte dokumentu, eskaera edo adierazpen horiek, 442 ereduaren web-inprimakiaren bitartez, "Dokumentazio osagarria ematea" atalean.
11. artikulua. 440 eta 442 ereduak aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dituzte 440 eta 442 ereduak modu elektronikoan:
a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.
b) Zergen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).
2. 440 eta 442 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) izan beharko du.
b) Aurkezpen elektronikoa egiteko, men eginen zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen modu telematikoan aurkeztera behartzen duten kasuak.
12. artikulua. 442 ereduaren dirusarrera egiteko moduak eta prozedura.
442 ereduaren autolikidazioa aurkeztean, haren ondoriozko zerga-zorraren diru-sarrera egin beharko da.
Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorraren diru-sarrera egiteko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:
1. Ordainketa telematikoaren bidez, web-inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.
Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.
2. Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
3. Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.
4. Ordainketa-gutun bat lortuz (511 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko.
13. artikulua. Zerga osagarriaren aitorpen informatiboa.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 bis.4 artikuluaren arabera aitorpen informatiboa Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu behar duten entitateek bide elektronikoak erabiliko dituzte aitorpena aurkezteko. Aitorpenaren edukia izanen da urriaren 21eko HAC/1198/2025 Aginduan onetsitakoa, haren bidez onetsi baitziren honako eredu hauek, eta horiek aurkezteko baldintzak eta prozedura ezarri: 240 eredua, "Zerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa" izenekoa; 241 eredua, "Zerga osagarriaren aitorpen informatiboa", eta 242 eredua, "Zerga osagarriaren autolikidazioa" izenekoa.
Lehenbiziko xedapen iragankorra. 440 eredua eta trantsiziozergaldiari dagokion aitorpen informatiboa aurkezteko epea.
Zerga osagarriari buruzko erregelamenduaren hirugarren xedapen iragankorraren 1. apartatuarekin bat, trantsizio-zergaldiari dagokion zerga osagarriaren aitorpen informatiboa aurkeztu beharko da trantsizio-zergaldi hori amaitu ondorengo hemezortzigarren hilabetearen azken egunaren aurreko bi hilabeteen barruan.
Nolanahi ere, aitorpen informatiboak 2025eko martxoaren 31 baino lehen amaitzen diren zergaldiei badagozkie, aitorpen informatiboa 2026ko ekainaren 30aren aurreko bi hilabeteen barruan aurkeztu beharko da, trantsizio-zergaldia edozein dela ere.
Aurreko paragrafoaren kasuan, 440 eredua (Zerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa) 2026ko ekainaren 30aren aurreko bi hilabeteen barruan aurkeztu beharko da.
Bigarren xedapen iragankorra. Trantsiziozergaldiari dagokion 442 eredua aurkezteko epea.
Zerga osagarriari buruzko erregelamenduaren hirugarren xedapen iragankorraren 2. apartatuarekin bat, trantsizio-zergaldiari dagokion 442 eredua (Zerga osagarriaren autolikidazioa) 25 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, trantsizio-zergaldia bukatu ondorengo hemezortzigarren hilabetetik aurrera.
Nolanahi ere, ezin izanen da 442 eredua aurkeztu 2026ko ekainaren 30a baino lehen, edozein dela ere erreferentziazko zergaldia, eta data horretatik aurrera zenbatuko da aurreko paragrafoan aipatutako 25 eguneko epea.
Azken xedapenetako lehena. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamendua, zergen aitorpenlikidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
442 eredua (Zerga osagarriaren autolikidazioa) gehitzen zaio apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinean jasota dagoen zerrendari, bertan aipatzen baita zer eredutarako balia daitekeen ordainketa banku-helbideratzearen bidez egiteko aukera.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatuko zaie 2023ko abenduaren 31tik aurrera hasitako zergaldiei dagozkien 440 ereduei (Zerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa), 442 ereduei (Zerga osagarriaren autolikidazioa) eta zerga osagarriaren aitorpen informatiboei.
I. ERANSKINA. 440 eredua-Zerga osagarriaren aitorpen informatiboaren entitate eratzaile aitortzailearen komunikazioa-Formatu elektronikoa
II. ERANSKINA. 442 eredua-Zerga osagarriaren autolikidazioa-Formatu elektronikoa