(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

128/2025 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 22KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA JOKOAREN (ZOZKETEN ETA TONBOLEN) GAINEKO TRIBUTUAK AUTOLIKIDATZEKO J-30 EREDUA

BON N.º 10 - 15/01/2026



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluak xedatzen duenez, zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa Foru Komunitateak ordainaraziko du horretarako baimena Nafarroan eman behar denean. Halaber, ezartzen du jokoaren gaineko zergen kasuan (horretarako baimena Nafarroan eman behar denean) Estatuak zergapeko egitateari eta subjektu pasiboari dagokienez unean-unean ezartzen duen araudi bera aplikatuko duela Nafarroako Foru Komunitateak.

27/2016 Foru Legeak, abenduaren 28koak, Nafarroako Foru Komunitatean jokoaren gaineko tributuak arautzen dituenak, lehenengo kapituluan arautzen ditu zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoaren gaineko tributuak, baimena Nafarroan eman behar denean, eta gaikuntza ematen dio zerga arloan eskumena duen departamentuaren titularrari autolikidazio ereduak onesteko.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitatean aitorpena eta diru-sarrera egin behar dituzten subjektu pasiboei zerga tasa hori ordainarazteko, foru agindu honek J-30 eredua onesten du, zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen bidezko jokoaren gaineko tributuak autolikidatzeko, soilik zozketa eta tonbola gisa definitutako jokoen kasuetarako, eta indarrik gabe uzten du azaroaren 9ko 278/2001 Foru Aginduan jasotako aurreko ereduaren erregulazioa, J-30 ereduari dagokionez.

Arau honen helburua da jokoaren gaineko zergen autolikidazio eredu eguneratu bat onestea eta autolikidaziotik eratorritako zerga-kuota aurkezteko eta ordaintzeko moduak aldatzea eta garatzea.

Hala, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, J-30 eredua nahitaez bide elektronikoz aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean horretarako ezarritako formularioaren bidez, foru agindu honetan ezartzen diren baldintzetan eta prozedurarekin.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 13.1 artikuluan emandako gaikuntza erabiliz, honako hau,

AGINTZEN DU:

1. artikulua. Jokoaren (zozketen eta tonbolen) gaineko tributuak autolikidatzeko J30 eredua onestea.

Jokoaren (zozketen eta tonbolen) gaineko tributuak autolikidatzeko J-30 eredua onesten da. Formatu elektronikoan aurkeztu beharko da nahitaez, eta haren edukia eranskinean dago jasota.

2. artikulua. J30 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

J-30 eredua aurkeztera behartuta daude zozketen eta tonbolen bidezko jokoan aritzeko baimen administratiboen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak nahiz entitateak. Baimen administratiborik izan ezean, zozketa eta tonbolen bidezko jokoak egin edo horiek antolatzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo entitateak behartuta egonen dira J-30eredua aurkeztera.

3. artikulua. J30 eredua aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea.

J-30 eredua hilabeteko epean aurkeztu eta ordaindu beharko da, baimena eman eta biharamunetik aurrera, edo, bestela, jokoa antolatu edo egin eta hurrengo egunetik aurrera.

4. artikulua. J30 eredua aurkezteko modua.

J-30 eredua formatu elektronikoan soilik izanen da eskuragarria eta modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. J30 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute J-30 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien ordezkariek.

2. Zergen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).

6. artikulua. J30 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

J-30 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.

b) Aurkezpen elektronikoa egiteko, men eginen zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei, foru agindu horretan arautzen baita zer kasutan den nahitaezkoa baliabide telematikoen bidez aurkeztea zenbait zerga aitorpen.

7. artikulua. J30 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

J-30 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. J-30 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, "tramitatu" aukera erabili.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Subjektu pasiboak gorde beharko du onartutako autolikidazioa.

8. artikulua. J30 ereduaren dirusarrera egiteko prozedura.

Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web-inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Ordainketa-gutun bat lortuz (723 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, indargabetu eginen da, J-30 ereduari dagokionez, azaroaren 9ko 278/2001 Foru Agindua, hau da, onetsi zituena F-67, F-69, J-10, J-20, J-30, CA-06, CAT-08, FR-2, 038, 181, 182, 190, 199, 211, 212, 213, 214, 308, 309, 318, 319, 345, 480, 565, 600, 605, 610, 620 eta 630 ereduak, eurotan.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenei aplikatuko zaie.

AUTOLIKIDAZIORAKO J-30 EREDUA. JOKOAREN GAINEKO TRIBUTUAK: ZOZKETAK ETA TONBOLAK

10 laukia. Joko mota.

Jarduera mota zer den, zozketa ala tonbola, abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 21. artikuluaren definizioaren arabera, honako informazio hau eman beharko da:

1: Zozketa.

2: Tonbola.

20 laukia. Zozketa edo tonbolaren izena.

30 laukia. Hasiera-eguna.

Adierazi beharko da zein egunetan hasi den txartelak saltzen.

40 laukia. Bukaera data.

Adierazi beharko da zein egunetan bukatu den txartelak saltzen.

50 laukia. Zozketaren eguna.

Baldintzapeko laukia. Informazioa emanen da zozketa denean.

60 laukia. Noiz baimendu, antolatu edo egin den.

70 laukia. Jaulkitako txartel kopurua.

80 laukia. Txartel bakoitzaren salmenta-prezioa.

90 laukia. Zerga-oinarria.

Kalkulatutako datua, 70 eta 80 laukiak biderkatzearen emaitza.

100 laukia. Baliozkotze-laukia, Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 3. a) artikuluan ezarritako salbuespena adierazteko.

Lauki hori markatu beharko da irabazi asmorik gabeko entitateek antolatutako zozketak eta tonbolak direnean, baldintza hauek betetzen badituzte:

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubidea aplikatu behar bazaie.

Joko jardueran lortutako diru-sarrera garbia bere helburu soziala edo berariazko helburua osatzen duten jardueretara bideratzen badute. Diru-sarrera garbitzat hartuko da jokotik lortutako diru-sarreren zenbateko osoa ken jokalariei irabazi edo sari gisa emandako zenbatekoa.

Jokoaren antolaketa edo gauzatze bakoitzean eskaintzen diren sarien zenbateko osoa 10.000 eurotik beherakoa bada.

110 laukia. 27/2016 Foru Legearen 12.1 artikuluko 100eko 1eko tasa aplikatzeko baldintzak betetzen dituela adierazteko baliozkotze-laukia.

Lauki hau markatu beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak izaera sozialekotzat deklaratutako entitateek, baldin eta zozketan eta tonboletan lortutako diru-sarrera garbiak entitatearen berezko jardueretarako bideratzen badituzte, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17.3 artikuluan eta haren Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrekin bat.

120 laukia. Espediente zenbakia.

27/2016 Foru Legearen 12.1 artikuluko baldintzak betetzen dituzten entitateek adierazi beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zein espediente-zenbakitan deklaratzen duen entitatea izaera sozialekotzat.

130 laukia. Zerga-tasa.

Kalkulatutako datua. Oro har, zerga-tasa %15ekoa izanen da, 110 laukia markatu denean izan ezik; kasu horretan, zerga-tasa % 1ekoa izanen da.

140 laukia. Ordaindu beharreko kuota.

Kalkulatutako datua. Lauki horren balioa honako hau izanen da:

-100 laukia markatu ez bada:

Eta 90 laukiaren balioa 1.800 edo gutxiago bada, haren balioa 0 izanen da.

Eta 90 laukiaren balioa 1.800 edo gehiago bada, haren balioa izanen da 90 laukiaren balioa eta 130 laukiarena biderkatzearen emaitza.

-100 laukia markatu bada: balioa zero izanen da.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web