130/2025 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 23KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ 653 EREDUA ONESTEN BAITA (“OINORDETZEN GAINEKO ZERGA. AURKEZTEKO EPEA LUZATZEKO EDO GERORATZEKO ESKAERA”)
BON N.º 8 - 13/01/2026
Hala xedatzen baitu 53. artikuluan oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari buruzko xedapenen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, Zerga Administrazioak epeak luzatzen ahalko ditu oinordetzen gaineko zerga aurkezteko, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.
Ildo horretan, Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren Erregelamenduaren 38. artikuluak zehazten du zer epetan, zer baldintzarekin eta zer prozeduraren bidez eska daitekeen zerga aurkezteko epearen luzapena (erregelamendua urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Bestalde, aipatutako testu bateginaren 6. artikuluari jarraikiz, baldintza etengarriren bat duten egintza edo kontratuetan, ez da zerga ordaintzea eskatuko baldintza hori bete arte, eta jasoko da autolikidazioaren aurkezpena geroratu dela, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan. Era berean, testu bateginaren 59. artikuluak beste kasu batzuk gehitzen ditu zergaren autolikidazioaren aurkezpena geroratzeko.
Azaldutako kasuren bat gertatzen denean, zergaren subjektu pasiboak eskatzen ahalko du zerga aurkezteko epea atzeratzeko, erregelamenduaren 39. eta 43. artikuluetako baldintzetan.
Interesdunek modua izan dezaten zerga aurkezteko epea luzatzeko edo geroratzeko, foru agindu honen bidez 653 eredua ezarri da ("Oinordetzen gaineko zerga. Aurkezteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskaera"), eta hura aurkezteko baldintzak eta prozedura zehaztu dira.
Azaldutako guztiagatik, eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari buruzko xedapenen testu bateginaren azken xedapenean emandako arau-gaikuntza baliatuz, honako hau
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. 653 eredua onestea.
653 eredua onesten da ("Oinordetzen gaineko zerga. Aurkezteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskaera"). Formatu elektronikoa du, eta haren edukia eranskinean dago jasota.
2. artikulua. Luzapen eskaera aurkezteko ahalmena dutenak, epeak eta dokumentazioa.
1. Jaraunsleek, albazeek edo jaraunspeneko ondasun-multzoaren administratzaileek aurkez dezakete luzapen eskaera.
2. Oinordetzen gaineko zerga aurkezteko epearen lehenengo bost hilabeteen barnean aurkeztuko da luzapen eskaera, edo bederatzi hilabeteren barnean, heriotza Espainiatik kanpo gertatu bada.
3. 653 ereduarekin batera, kausatzailearen heriotza-ziurtagiria aurkeztu beharko da, Erregistro Zibilak emana, bai eta dokumentu bat ere, jasotzen duena zer egoeratan dauden eta zer balio duten jaraunspeneko ondasun-multzoaren ondasunek eta eskubideek.
4. Aurreko 2. atalean adierazitako epeetan eskaera aurkezten denetik hilabete igaro bada akordiorik jakinarazi gabe, luzapena eman dela ulertuko da.
3. artikulua. Geroratze eskaera aurkezteko ahalmena dutenak eta dokumentazioa.
1. Oinordetzen gaineko zergaren subjektu pasiboek eskatzen ahalko dute zerga aurkezteko epea geroratzeko, honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Baldintza etengarri bat badago zergari lotutako egintza edo kontratuetan.
b) Jaraunspeneko ondasun-multzoan kreditu ez-likidoak edo zenbateko ezezagunekoak badaude.
c) Ezin bada ziurtasunez zehaztu erosketa baten zenbatekoa.
d) Ezin badira ziurtasunez zehaztu jaraunspeneko ondasun-multzoaren eskuratzaileak.
e) Auzi judiziala sustatzen bada zergaren zerga-egitateei buruzko egintzei edo kontratuei dagokienez.
2. Kasuan kasuko arrazoia justifikatzeko dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da 653 eredua.
4. artikulua. 653 eredua aurkezteko modua.
653 eredua elektronika bidez aurkeztu beharko da, Internetez baliatuta, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrak eta prozedura betez.
5. artikulua. 653 eredua modu elektronikoan aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dute 653 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Aurkezteko ahalmena duten pertsonek edo, hala badagokio, haien ordezkariek.
b) Zergen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).
2. 653 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aurkezpen elektronikoa egiteko, men eginen zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei, foru agindu horretan arautzen baita zer kasutan den nahitaezkoa baliabide telematikoen bidez aurkeztea zenbait zerga aitorpen.
6. artikulua. 653 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
653 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.
2. Hautatu kasuan kasuko eredua, eta hura aurkezteko behar diren datu guztiak bete web-inprimakian.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
Azken xedapenetako lehena. Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaie.
653 EREDUA.-OINORDETZEN GAINEKO ZERGA. ESKAERA, AURKEZTEKO EPEA LUZATZEKO EDO GERORATZEKO
-AITORPENAREN LABURPENA:
Eredua: 653.
Urtea:
Aldia:
Aitortzailea:
IFZa: nahitaezko eremua. Aitortzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.
Deiturak eta izena edo sozietate-izena: nahitaezko eremua.
-KAUSATZAILEA:
IFZa: nahitaezko eremua. Kausatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia jaso beharko da.
Deiturak eta izena: nahitaezko eremua.
1019 laukia - Heriotzaren eguna: nahitaezko eremua.
1011 laukia - Heriotzaren herrialdea: nahitaezko eremua. Aukera hauetako bat adierazi beharko da:
Espainia.
Atzerria.
-JARAUNSLEAK, LEGATU-HARTZAILEAK ETA BIZI-ASEGURUEN ONURADUNAK:
IFZa: Nahitaezko eremua. Jaso beharko da jaraunslearen identifikazio fiskaleko zenbakia, legatu-hartzailearena edo bizi-aseguruaren onuradunarena.
Deiturak eta izena: nahitaezko eremua.
15 laukia - Ahaidetasun-maila: nahitaezko eremua. Aukera hauetako bat adierazi beharko da:
6: Ezkontidea edo bikote egonkorreko kidea.
7: Odol bidezko aurreko edo ondorengo ahaideak.
1: Ezkontza bidezko aurreko eta ondorengo ahaideak.
2: Bigarren mailako alboko ahaideak.
3: Hirugarren mailako alboko ahaideak.
4: Laugarren mailako alboko ahaideak.
5: Alboko ahaide urrunagokoak eta arrotzak.
-LUZATZEKO EDO GERORATZEKO ESKERA:
Nahitaezko eremua. Adierazi soilik bi aukeretako bat:
140 laukia. LUZAPENA ESKATZEA.
150 laukia GERORATZEA ESKATZEA.
140 laukia markatuz gero:
141 laukia: "Aurkezteko epearen amaiera berria". Lauki automatikoa.
150 laukia markatuz gero:
151 laukia "Arrazoia". Nahitaezko eremua. Aukera hauetako bat adierazi beharko da:
1: Baldintza etengarri bat dago.
2: Kreditu ez-likidoak edo zenbateko ezezagunekoak daude.
3: Ezin da ziurtasunez zehaztu erosketa baten zenbatekoa.
4: Ezin dira ziurtasunez zehaztu jaraunspeneko ondasun-multzoaren eskuratzaileak.
5: Auzi judiziala dago.
-FITXATEGIAK ERANSTEA:
Atal honetan, aitorpenari dokumentu bat edo batzuk eransten ahalko zaizkio.
Baimendutako gehieneko tamaina: 20 MB.
Baimendutako luzapenak: CSV, DOC, JPG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF, TIF, TXT, XLS, XSLX, ZIP.
Aitorpena ezin da aurkeztu gutxienez dokumentu bat erantsi ez bada.