78/2025 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 9KOA, BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2026KO LAN EGUTEGIA ONESTEN DUENA
BON N.º 251 - 18/12/2025; corr. err., BON 2/01/2026
Behin zehaztu ondoren Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala -Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 390/2025 Ebazpenaren bitartez-, onetsi behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2026ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera; izan ere, foru lege horren bidez aldatu egin zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako neurriei buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea.
Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, konparazio batera, lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
Foru agindu honen edukia erakunde sindikalekin negoziatu da Mahai Orokorrean, halaxe xedatzen baitu, bere 83.6.h artikuluan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuenak.
Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala esleitzen baitizkit otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituenak,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Jaiegunak zehaztea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek jaiegun hauek izanen dituzte 2026an, igandeez gain:
- Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
- Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
- Martxoaren 19a: San Jose.
- Apirilaren 2a: Ostegun Santua.
- Apirilaren 3a: Ostiral Santua.
- Apirilaren 6a: Pazko astelehena.
- Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
- Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.
- Uztailaren 7a eta 8a: Sanferminak. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.
- Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
- Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.
- Azaroaren 2a: Santu Guztien egunaren biharamuna.
- Azaroaren 30a: San Saturnino egunaren biharamuna. Jaieguna Iruñean lan egiten duten langileentzat.
- Abenduaren 3a: Frantzisko Xabierkoaren eguna.
- Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.
- Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat, zer herritan lan egiten duten, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2026ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herri hartako festa eguna. Horrez gain, zaindarien festak direla-eta, herriko zaindariaren eguna eta beste bi egun (horietako bat jaiak hasteko eguna edo zaindariaren egunaren aurrekoa izaten ahalko da) jaiegun izanen dira bertan lan egiten dutenentzat, bat eginez Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen herriko zaindarien jaiei dagozkien aste barneko jaiegunak zehazten dituen Ebazpenean xedatutakoarekin.
3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ari diren langileak, beren berezitasunengatik, eta zerbitzua honako herri hauetan ematen duten langileak: Antsoain, Atarrabia, Barañain, Berriozar, Burlata, Cordovilla, Elkano, Imarkoain, Mutiloa, Sarriguren, Zizur Nagusia eta Zizur. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 6a, 7a eta 8a eta azaroaren 30a.
Aurreko paragrafoko salbuespena ez zaie aplikatuko liburutegi sarean aritzen diren langileei; izan ere, langile horiek kasuan kasuko lantokiaren herriko festak eta zaindariaren festak izanen dituzte.
2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urtean benetan lan egin beharreko orduen kopurua 1.592koa da, honela banatuta:
1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, bat etorriz martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin, ordutegiaren zati finkoa 09:30etik 14:30era izanen da; gainerako lan denbora noiz egin langileek aukeratuko dute, malgutasunez, betiere ordutegi honen barruan: 07:30etik 09:30era eta 14:30etik 17:00etara.
Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, langileak, nahitaez, 08:00etatik 15:00ak arte aritu behar dira lanean; gainerako 20 minutuak noiz egin, langile bakoitzak aukeratuko du, malgutasunez, betiere 07:40tik 08:00ak bitarte eta 15:00etatik 15:20 bitarte.
3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
A) Uztailaren 9an eta 10ean, ordutegi finkoa: 09:00etatik 15:00etara.
Uztailaren 13an eta 14an, ordutegi finkoa: 09:00etatik 15:00etara.
B) 1 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.
4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
A) 5 ordu eta 20 minutuko murrizketa, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera banatua, herriko zaindariaren festetan, hots, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek daukaten denbora bera.
B) Herriko zaindariaren festek iraun bitartean, lehen aipatutako orduez gainera, betiere posible bada, hiru egun oso ere eman beharko dira astean zehar, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 6, 7an eta 8an hartzen dituzten egun horien baliokide gisa.
C) 1 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.
Herri bateko zaindariaren festetako egunen kopurua edo banaketa dela-eta ezinezko bada A) eta B) ataletan ezarritako konpentsazioak hartzea, atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak.
Herriko festa eguna, herriko zaindariaren festetako jaiegunak, herriko zaindariaren festetan aplikatutako ordu-murrizketak eta, orobat, urteko egutegiko soberakinaren poltsa zenbatuta, urtean egin beharreko lanaldia ezin izanen da 1592 ordu baino gutxiagokoa izan, edonola ere ez.
5. Aurreko ataletan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia dutenei edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka egitea, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek berariazko lan egutegia izanen baitute.
Urteko lanorduen kopurua banatzeko oro har ezarritakoaz beste erregimen bat dagoen kasuetan, berariazko lan egutegi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren.
6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, baimena ematen ahalko du zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izateko, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.
3. artikulua. Lanaldiko atsedenaldia.
Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.
Langileak 16:00ak arte edo beranduago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 15:00etara bitartean hartzen ahalko da.
Ordutegi malgua duten unitateetan, baldin eta egiten den atsedenaldia luzeagoa bada ezarrita dagoena baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da; nolanahi ere, langile guztiek kasuan-kasuan ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagozkion benetako lanordu guztiak egin beharko dituzte.
4. artikulua. Norberaren arrazoiak direlaeta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
1. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia jasota badago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia), bai eta langileak osasun laguntza behar duen egoeretan ere.
2. Baimen eta lizentziak ematen direnean, kasuan kasuko baimenaren edo lizentziaren xedea betetzeko behar-beharrezkoa den denbora eman beharko da. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joan eta etortzeko langileak behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartu eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.
Langilea lantokitik igaro gabe zuzenean joaten bada kontsultara edo baimenaren xedeko egintza egin behar den lekura, baimenean hara joateko zentzuzko tarte bat jasoko da, langileak kontsulta medikotik edo gertaera eragilea egiten den tokitik lantokira itzultzeko behar duen denbora adinakoa; era berean, langilea ez bada lantokira itzultzen kontsulta medikoa edo baimenaren xedeko egintza bukatu ondoren, baimenean zentzuzko tarte bat sartuko da, lantokitik kontsulta medikora edo baimenaren xedeko egintza egiten den lekura joateko erabili duena adinakoa.
Ordutegi malgua duten langileei dagokienez, langilea lantokitik igaro gabe joaten bada edo baimenaren xedeko egintza bukatu ondoren lantokira itzultzen ez bada, ordaindutako baimen edo lizentzia horiek emateko baimendutako absentzia-denbora guztia ez da konputatuko hamar orduko poltsa positiboa sortzeko.
3. Aurreko ataletan adierazitako kasuak alde batera utzita, langileak arrazoi partikularrengatik lanera huts egiten badu edo lantokitik atera nahi badu goian adierazitako arrazoi berariazkoak tartean izan gabe, norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabili beharko ditu nahitaez, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, eta halakoetan, lanera huts egiteak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie lan bizitza eta familiako bizitza bateragarri egitearekin lotutako betebeharrak betetzeko kasuei.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.