117/2025 FORU DEKRETUA, URRIAREN 22KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ARDURAPEKO HAUTESKUNDE PROZESUEN ANTOLAKETA MATERIALA ETA PERTSONALA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 228 - 14/11/2025
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. KONPENTSAZIOAK, HABOROKINAK ETA KALTEORDAINAK BESTE HAUTESKUNDE PROZESU BATZUEKIN BATERA EGITEN EZ DIREN HAUTESKUNDEETAN
III. KAPITULUA. KONPENTSAZIOAK, HABOROKINAK ETA KALTEORDAINAK BESTE HAUTESKUNDE PROZESU BATZUEKIN BATERA EGITEN DIREN HAUTESKUNDEETAN
IV. KAPITULUA. BALIABIDE MATERIALAK
Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 13.1 artikuluak aurreikusten du Gorte Nagusiek Hauteskunde Batzorde Zentralaren esku jarri behar dituztela bere eginkizunak betetzeko behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak. Artikulu horren 2. apartatuak adierazten duenez, betebehar hori bera dagokie Gobernuari eta udalei, hauteskunde batzorde probintzialez eta eskualdeko hauteskunde batzordeez den bezainbatean, eta, subsidiarioki, probintzia auzitegiei eta lurralde eremu txikiagoko organo judizialei. Autonomia erkidego bateko legebiltzarrerako hauteskundeen kasuan, betebehar horiek ere autonomia erkidegoko Gobernu Kontseiluaren eskumenekoak izanen dira.
Era berean, aipatu lege organikoaren 22.1 artikuluak aurreikusten du Gorte Nagusiek finkatuko dituztela Hauteskunde Batzorde Zentraleko kideei eta haien zerbitzura jarritako langileei dagozkien dietak eta haborokinak. Artikulu beraren 2. apartatuan adierazten da Gobernuak finkatuko dituela gainerako hauteskunde batzordeetako kideei eta haien zerbitzura dauden langileei dagozkien dietak eta haborokinak. Ildo horretan, autonomia erkidego bateko legebiltzarrerako hauteskundeen kasuan, konpentsazio horiek dagokion Gobernu Kontseiluak finkatuko ditu, bai Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari dagokionez, bai eremu txikiagoko organoei dagokienez.
Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 15. artikuluan, 1. apartatuan, xedatzen da Nafarroako Parlamentua lau urterako hautatzen dela, boto unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuaren bidez. 2. apartatuan ezartzen du foru lege batek finkatuko duela parlamentarien kopuru zehatza eta foru lege horrek arautuko duela haien hautaketa, ordezkaritza proportzionalaren irizpideak aintzat hartuta, eta hori guztia hauteskundeetako legeria orokorrarekin bat etorriz. Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak manu hori betetzen du, eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara deitzeko eta hauteskundeak egiteko esparru juridikoa ezartzen du, bat etorriz Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan jasotako xedapen komunekin.
Gainera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak Nafarroako kontzejuetako gobernu eta administrazio organoen osaera arautzen du, eta Nafarroako kontzejuetako hauteskunde prozesua arautzeari buruzko martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legeak kontzeju organoetako kideak hautatzeko sistema ezartzen du, udal hauteskundeen data berean; horrez gain, 6. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak erabakiko du kontzejuetako hauteskundeen deialdia, foru dekretu bidez.
Hauteskunde prozesuen kudeaketa konplexua da, eta horren garapenak hainbat organoren parte-hartzea, lankidetza eta koordinazioa eskatzen ditu, bai eta organo horien baliabide material eta pertsonalena ere, dagozkion hauteskunde deialdiak modu ordenatuan eta puntualean egin ahal izateko.
Bestalde, Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legea indarrean jarri zenetik, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde guztiak Estatuaren eskumeneko beste hauteskunde prozesu batzuekin batera egin dira. Hala ere, 2001. eta 2010. urteetan Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren aldaketak onetsi ondoren, gertatzen ahal da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak beste hauteskunde prozesu batzuen data berdinetan ez egitea, eta, beraz, beharrezkoa da egoera hori arautzea.
Era berean, Estatuaren eskumeneko beste hauteskunde prozesu batzuekin batera egin diren kasuetan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza hitzarmenetan adostutakoaren arabera jardun izan da. Hitzarmen horiek Nafarroako Gobernuaren hainbat erabakitan garatu ziren, eta hauteskunde prozesu bakoitzaren garapen esparrua ezarri zuten. Hala ere, egoera horrek, askotan, ziurgabetasunak eta zeregin-pilaketa handia eragin ditu, batez ere Nafarroako Gobernuak ad hoc hartutako erabaki gisa, hauteskunde prozesu bakoitza egin den unean. Gainera, arauketa falta da beste prozesu batzuekin batera egiten ez diren prozesuetarako. Araudi hau justifikatzeko beste arrazoi batzuk ere badaude: gardentasuna, prozedura-ekonomia, prozesuen kudeaketaren azkartasuna eta segurtasun juridikoa.
Horregatik, foru dekretu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan parte hartzen duten pertsonek jaso beharreko konpentsazioak, haborokinak eta kalte-ordainak sistematizatu eta antolatu nahi dira, baita prozesu horiek egiteko behar diren baliabide materialak ere, bestelako hauteskundeekin batera egiten direnean nahiz ez, esparru juridiko egonkorra ezartzeko, behar den bizkortasuna eta segurtasun juridikoa emateko etorkizunean eginen diren hauteskunde prozesuak antolatzean.
Besteekin batera egiten ez diren kasuetarako, erabaki da Hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 6. artikuluan hauteskunde orokorrei eta Europako Parlamentuko hauteskundeei dagokienez ezarritako kopuru berak aplikatzea, zeren eta hauteskunde prozesu horiek, garapenari dagokionez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen parekotzat jotzen direlako. Horretarako, foru dekretuan ezarritako zenbatekoak zehazteko, Estatuak Europako Parlamenturako 2024ko hauteskundeetan finkatu zituen zenbatekoak hartu dira erreferentzia gisa. Bestalde, Estatuaren eskumeneko beste hauteskunde prozesuekin batera gertatzen direnean zer kopuru ezarri behar diren finkatzeko, 2023an aldi berean egin ziren hauteskunde prozesuetan (Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak, udal hauteskundeak eta Nafarroako kontzejuetarako hauteskundeak) finkatutako kopuruak hartu dira abiapuntutzat, hori baita arlo hau arautzeko erreferentziazko azken urtea. Administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariak eguneratzen joan diren proportzio berean eguneratu dira zenbateko guztiak; ordainsari horiek aurrekontuen urteko legeetan onetsi dira.
Foru dekretuak lau kapitulu ditu, hogeita bederatzi artikulu, xedapen gehigarri bat eta hiru azken xedapen, eta bat dator Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioekin. Horrela, beharrizan eta eraginkortasun printzipioei erantzuten die, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 22.2 artikuluan ezarritako agindua betetzen baitu; bai eta proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren eta gardentasunaren printzipioei ere, goian aipatutako konpentsazioak, haborokinak eta kalte-ordainak eta hauteskunde prozesu bat egiteko behar diren baliabide materialak erregulatzera mugatzen baita, gainerako ordenamendu juridikoarekin koherente izanik, eta arau-esparru egonkor, integratu eta argi bat sortzen baitu. Arauaren xedea kontuan hartuta, araua onesteak ez ditu herritarren eskubideak mugatzen, ez eta haientzako betebeharrik ezartzen ere, eta ez da administrazio karga berririk sartzen; beraz, sinpletasun eta efizientzia printzipioak ere errespetatzen ditu. Irisgarritasunaren printzipioari dagokionez, arau-ekimen honetan ez da zerbitzuetarako irismena arautzen, ez eta pertsonek administrazio publikoaren aurrean duten eskubidea baliatzea ere.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Hauxe da foru dekretu honen xedea:
a) Arautzea honako hauek jaso behar dituzten konpentsazioak, haborokinak eta kalte-ordainak, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak direla eta: Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Administrazioko kideek eta haren zerbitzuko langileek, lehen auzialdiko epaileek edo bake epaileek, hauteskunde mahaietan Administrazioaren ordezkari direnek, eta administrazioetako laguntzaileek.
b) Arautzea nola kudeatuko diren Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko behar diren baliabide materialak.
c) Araubide bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile izanik Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzen eta garatzen parte hartzen dutenentzat.
2. Foru dekretu hau aplikagarria izanen da Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan, bai beste hauteskunde deialdi baten aldi berean izaten direnetan, bai halakorik gertatzen ez denean.
3. Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesutzat joko dira Nafarroako Parlamenturako eta Nafarroako kontzejuetarako hauteskundeak.
2. artikulua. Hauteskunde prozesuen aldiberekotasuna.
1. Hauteskunde aldiberekotasuna egonen da Estatuaren eskumeneko hauteskundeak eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak aldi berean egiten direnean.
2. Udal hauteskundeak direnean, hauteskunde aldiberekotasuna dagoela ulertuko da udal hauteskunde horiek kontzejuetarako hauteskundeekin batera egiten direnean, azken horiek foru eskumenekoak baitira. Beste prozesu baterako deialdirik egin ez bada, ulertuko da aldiberekotasuna eragindako hauteskunde mahaiei bakarrik dagokiela.
3. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ez da hauteskunde aldiberekotasunik izanen Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko hauteskundeak soilik egiten direnean.
3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek -zeinahi dela ere haien ordainsari eta dedikazio araubidea- Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzen eta garatzen parte hartzen badute, eskubide hauek izanen dituzte:
a) Aparteko orduak sortzeko eskubidea, beren lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeaz gain, eta lanalditik kanpo, egiten diren hauteskunde prozesuak antolatzen eta garatzen ematen duten denboragatik. Hauteskunde Bulegoko langileei aparteko ordu horiek konpentsatzeko ordaindu beharreko zenbatekoa langile finkoak hautatzeko epaimahaietako kide diren langileentzat ezarritakoa bezalakoa izanen da. Aparteko orduak atsedenaldiarekin konpentsatzea erabakitzen bada, konpentsazio hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen aparteko orduak arautzen dituen araubide orokorrean ezarritakoari jarraikiz eginen da.
Aparteko ordu horien kontrola, bai eta lan horiek egiteagatik sortzen diren bestelako gastu aldakorrena ere, Hauteskunde Bulegoko koordinatzaileari dagokio.
b) Nahitaezko betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko baimen ordaindua izateko eskubidea, hauteskunde prozesuetan parte hartzeari eta sufragio-eskubidea baliatzeari buruzkoa, zeina aitortua baitago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 28. artikuluaren c) letran, eta bozketaren hurrengo egunean lanaldia bost orduz murrizteko eskubidea, betiere langileen parte-hartzea bozketarako finkatutako egunean gertatzen bada eta Hauteskunde Bulegoko partaide badira.
2. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko Administrazioaren ordezkariek Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 98.2 artikuluan aipatzen diren zerbitzuak ematen dituztenean; izan ere, kasu horretan, foru dekretu honen 17. eta 25. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
4. artikulua. Nafarroako Foruzaingoko kideek emandako zerbitzuak.
Nafarroako Foruzaingoko kideei ordainsaria emanen zaie hauteskunde prozesuak egiten diren bitartean eta horien ondorioz egiten dituzten zerbitzuengatik, bat etorriz hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 11. apartatuan xedatutakoarekin, edo etorkizunean xedapen hori ordeztuko duenarekin.
5. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko Batzordea.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko Batzordea hauteskunde prozesuen antolaketan zuzenen inplikatuta dauden unitate organikoetako titularrek osatuko dute, hargatik eragotzi gabe eginkizun osagarriak dituzten eta hura osatzen duten pertsonei behar duten laguntza emanen dieten beste unitate batzuetako kideak ere sartzeko aukera.
2. Honako hauek osatuko dute Batzordea:
a) Lehendakaria:
- Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.
b) Batzordekideak:
- Lehendakaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Digitalizazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Toki administrazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Komunikazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Protokoloaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Barneko gaien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.
- Euskararen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra edo zuzendari kudeatzailea.
- Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiko titularra.
Zuzendaritza nagusi bateko titularra goian aipatutako arloetako batean baino gehiagotan eskuduna bada, pertsona hori bakarrik izanen da Batzordeko kide.
c) Idazkaria:
- Hauteskunde Bulegoko koordinatzailea.
3. Ezarritako osaerari kalterik egin gabe, Batzordeko lehendakariak beste unitate organiko batzuetako arduradunak deitzen ahalko ditu Batzordeak egiten dituen bilkuretara, kasuan kasuko gaiak eragiten dienean.
4. Honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko Batzordearen eginkizunak:
a) Hauteskunde Administrazioko maila guztien jarduna koordinatzea, epeak betetzen direla, behar diren baliabideak daudela eta herritar guztien boto-eskubidea bermatzen dela ziurtatzeko, alde batera utzi gabe arlo horretan beste organo edo unitate batzuei eslei dakizkiekeen eginkizunak.
b) Hauteskunde Bulegoaren jarduna bultzatzea eta zuzentzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileena ere, egiten diren hauteskunde prozesuen antolaketan eta garapenean parte hartzen dutenean.
c) Hauteskunde prozesuak efizientziaz eta gardentasunez garatzen direla bermatzeko babesa eta koordinazioa ziurtatzea, indarrean dagoen legeriari jarraikiz.
d) Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuei dagokienez, Nafarroako Gobernuak agintzen ahal dion beste edozein eginkizun.
6. artikulua. Hauteskunde Bulegoa.
1. Hauteskunde prozesuekin zerikusia duten lan zehatzak prestatzeko edo egiteko, Hauteskunde Bulegoa izeneko lantalde bat osatuko da, aldi baterakoa, eta Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko Batzordearen mende egonen da.
2. Lantalde hori osatuko duten kideak hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez izendatuko dira, Batzordeko parte diren zuzendaritza nagusietako langileen artetik edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako beste unitate organiko batzuetako langileen artetik, baldin eta haien esperientzia profesionala edo ezagutza teknikoak egokitzat jotzen badira agindutako lanak egiteko.
3. Hauteskunde Bulegoaren buru koordinatzaile bat egonen da, hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez izendatua, eta Batzordeak agintzen dizkion lanak betetzeaz eta behar bezala exekutatzeaz arduratuko da.
4. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari, Hauteskunde Bulegoko koordinatzaileari eta hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusiari dagokie Batzordeak agindutako lanak eta hauteskunde prozesuen antolaketatik eratorritako gainerako jarduketak bultzatzea eta haien zuzeneko jarraipena egitea.
5. Bere eginkizunak hobeki betetzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuak antolatzeko Batzordeko lehendakariak ahalmena izanen du Hauteskunde Bulegoan parte hartzen duten langileak bulego horretara atxikitzeko, funtzioei dagokienez, dela lanaldi partzialean, dela lehentasunezko arduraldiarekin, hauteskunde prozesuak irauten duen bitartean.
II. KAPITULUA. KONPENTSAZIOAK, HABOROKINAK ETA KALTE-ORDAINAK BESTE HAUTESKUNDE PROZESU BATZUEKIN BATERA EGITEN EZ DIREN HAUTESKUNDEETAN
7. artikulua. Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintziala osatzen duten pertsonak.
Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialean honako postu hauek betetzen dituzten pertsonek, beren agintaldian esku hartzen duten hauteskunde prozesuetan parte hartzeagatik, honako zenbateko hauek jasoko dituzte haborokin finko gisa:
Lehendakaria: 3.597,30 euro.
Bokal judizialak eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoko delegatuak: 1.534,86 euro.
Bokal ez-judizialak: 863,35 euro.
Idazkaria: 3.357,48 euro.
8. artikulua. Eskualdeko hauteskunde batzordeak osatzen dituzten pertsonak.
Eskualdeko hauteskunde batzordeetan honako postu hauek betetzen dituzten pertsonek, beren agintaldian esku hartzen duten hauteskunde prozesuetan parte hartzeagatik, honako zenbateko hauek jasoko dituzte haborokin finko gisa:
Lehendakaria: 2.877,85 euro.
Bokal judizialak: 1.199,11 euro.
Bokal ez-judizialak: 671,50 euro.
Idazkaria: 2.638,04 euro.
9. artikulua. Hauteskunde Batzorde Probintzialeko eta eskualdeko hauteskunde batzordeetako laguntzaileen aparteko zerbitzuak.
1. Hauteskunde batzorde probintzialetako eta eskualdeko hauteskunde batzordeetako laguntzaileek ematen dituzten aparteko zerbitzuak ordaintzeko, 58,07 euro esleituko dira hauteskunde prozesurako benetan eratzen den mahai bakoitzeko.
Zenbateko osoa Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialaren esku jarriko da, eta batzorde hori arduratuko da hauteskunde batzordeei oro har aitortzen zaien diru kopurua zehazteaz eta banaketa hori hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazteaz.
2. Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialak hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari eskatuko dio ordain ditzala diru kopuru hori aurrez langileen artean banatzearen ondorioz ateratako banakako zenbatekoak.
3. Eskualdeko hauteskunde batzordeek hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari eskatuko diote, Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialak esleitu dien zenbatekoaren arabera, ordain ditzala diru kopuru hori aurrez langileen artean banatzearen ondorioz ateratako banakako zenbatekoak.
10. artikulua. Hauteskunde batzordeetako kideen haborokinen eraginkortasuna.
1. Aurreko artikuluetan adierazitako haborokinak jasotzeko eskubidea dagokion kargua hartzen den unean sortuko zaie hauteskunde batzordeetako kideei, eta hauteskunde batzordeek beren eginkizunak betetzen dituzten aldi osoari dagokio, eratzen direnetik legezko epea akitzeagatik beren agintaldia bukatzen den arte.
2. Kideren batek karguan egiten duen denbora dagokion batzordearen legezko agintaldia baino laburragoa bada, karguan benetan emandako denborarekiko proportzionala den zenbatekoa jasotzeko eskubidea izanen du soil-soilik. Hauteskunde batzorde bateko kide batek ordainsari desberdina duten karguak betetzen baditu batzorde berean, kargu bakoitzean emandako denboraren arabera dagokion zati proportzionala jasoko du.
Haborokin horiek hauteskunde batzordeen agintaldia bukatu ondoren eta haiek eskatu ondoren ordainduko dira.
3. Haborokin horiek prozesuaren ohiko garapena ordainduko dute, bai eta prozesuaren ondorioz gertatzen ahal diren hauteskundeen edo bozketa egintzen errepikapenak ere; beraz, kasu horietan, ez da esleipen berririk egin beharko. Kontzejuetako hauteskunde partzialak egiteak ere ez du ekarriko haborokin gehiago jasotzeko eskubiderik, baina bai joan-etorrien gastuengatik dagozkien kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
11. artikulua. Kalteordainak.
1. Hauteskunde batzordeetako kideek, arauz deitutako bileretara joateko, beren ohiko bizilekua dagoen udalerritik kanpora joan behar badute, dagozkien mantenu dietak eta bidaia gastuak jasoko dituzte.
2. Kalte-ordain horiek eta haien zenbatekoen zehaztapen zehatza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera arautuko dira.
12. artikulua. Lehen auzialdiko epaitegietako titularrak eta bake epaileak.
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 101. artikuluan aipatzen diren lehen auzialdiko epaitegietako titularrek edo bake epaileek 72,15 euro jasoko dituzte kalte-ordain gisa. Gainera, hauteskunde agiriak dituzten gutun azalak Hauteskunde Batzorde Probintzialera eramaten dituzten lehen auzialdiko epaitegietako titularrek edo bake epaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat aurreikusitako bidaia gastuen kalte-ordainak jasoko dituzte.
13. artikulua. Udaletako idazkariak.
1. Udaletako idazkariei, eskualdeko hauteskunde batzordeetako delegatuak diren aldetik, diru kopuru batzuk ordainduko zaizkie. Diru kopuru horiek, hain zuzen ere, jardunen duten udalerrian edo udalerrietan eratzen diren hauteskunde mahaien guztizko kopuruaren araberakoak izanen dira, kontuan hartu gabe udalerri horiek, idazkaritzako titularrari dagokionez, elkartuak edo metatuak diren.
Hauek izanen dira ordainduko diren zenbatekoak:
10 mahai edo gutxiago dituzten idazkaritzak: 865,52 euro.
11 eta 50 mahai artean dituzten idazkaritzak: 959,30 euro.
50 mahai baino gehiago dituzten idazkaritzak: 1.055,22 euro.
2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako haborokinak jasotzeko eskubidea hauteskunde prozesu osoari dagokio. Karguan denbora gutxiago egonez gero, karguan egon den denborarekiko proportzionala den zenbatekoa jasotzeko eskubidea baino ez du izanen. Haborokin horiek hauteskunde batzordeen agintaldia akitu ondoren ordainduko dira.
Idazkaritza baten titularra beste udal batean lanean hasten bada, hauteskunde prozesuak dirauen bitartean, lehendik jaso duenarekin dagoen aldea ere jasoko du, hala badagokio, baldin eta helburuko udala jatorrizkoa ez den beste tarte batean badago.
3. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkie idazkariek zerbitzuak ematen dituzten toki entitateei, eta, gero, toki entitate horiek arduratuko dira dagozkien zenbatekoak idazkariei ordaintzeaz.
14. artikulua. Udalen zerbitzuko laguntzaileak eta gastu arrunta.
1. Udaletako langileek, idazkariek izan ezik, emandako aparteko zerbitzuak ordaintzeko, 48,65 euro esleituko dira dagokion udalerrian benetan eratutako mahai bakoitzeko. Kopuru hori mugatzailea izanen da, eta irizpide objektiboetan oinarrituta banatuko da. Era berean, udaletako langileek hauteskunde mahaiak muntatzeko eta prestatzeko emandako aparteko zerbitzuak ordaintzeko, 39,35 euro esleituko dira dagokion udalerrian benetan eratutako mahai bakoitzeko. Kopuru hori mugatzailea izanen da, eta irizpide objektiboetan oinarrituta banatuko da.
2. Hauteskunde prozesuak sortzen ahal dituen gastuei aurre egiteko, hala nola hauteslekuen egokitzapen eta garbiketa gastuei edo hauteskunde mahaietako mahai gaineko materialaren gastuei aurre egiteko, hauteskunde prozesuetan eskumena duen departamentuak zenbateko zehatz bat esleituko du udalen artean banatzeko, dagokion udalerrian benetan eratutako hauteskunde mahaien kopuruaren arabera.
3. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkie langile laguntzaileek zerbitzuak ematen dituzten toki entitateei, eta, gero, toki entitate horiek arduratuko dira dagozkien zenbatekoak langile laguntzaileei banatzeaz eta ordaintzeaz.
15. artikulua. Hauteskunde mahaiko kideen dietak.
1. Hauteskunde mahaietako kideek -lehendakariak eta bi bokalek- dieta bat jasoko dute, eta haren zenbatekoa eta baldintzak hauteskunde mahaietako kideen dieta arautzen duen martxoaren 1eko INT/212/2023 Aginduan ezarritakoak izanen dira, edo etorkizunean agindu hori ordezten duen xedapenean ezartzen direnak.
2. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkie hauteskunde mahaiak dauden toki entitateei, eta toki entitate horiek izanen dira dagozkien zenbatekoak mahaiko kideei banatzeaz eta ordaintzeaz arduratuko direnak. Halaber, hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak zenbateko horiek ordaintzen ahalko dizkie Administrazioaren ordezkariei, ordezkari horiek bana ditzaten hauteskunde mahaietako kideen artean.
16. artikulua. Hauteskunde mahaietan parte hartzeak dakartzan arriskuak estaltzea.
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera izendatutako hauteskunde mahaiak osatzen dituzten pertsonak eta haien ordezkoak babestuta egonen dira, hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 7. artikuluan edo etorkizunean hori ordeztuko duen xedapenean ezarritakoaren arabera.
17. artikulua. Administrazioaren ordezkariak.
1. Administrazioaren ordezkariek emandako zerbitzuak, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 98.2 artikuluan aipatzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordainduko ditu, guztizko zenbateko bat emanez ordezkari bakoitzari esleitzen zaizkion mahai guztien kopuruaren arabera -196 eta 278 euro bitartean-, esleituta dituen eginkizun eta erantzukizunen arabera. Zenbateko zehatzak hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez zehaztu eta ordainduko dira.
2. Aurreko apartatuan ezarritako ordainsariaren barruan sartzen dira Administrazioaren ordezkariek hauteskunde autonomikoetan zerbitzuak eman behar dituzten egunetan dituzten garraio gastu guztiak. Era berean, barruan sartzen da prestakuntza tekniko eta teknologikoko jardunaldietara joatea, dokumentazioa edo ekipoak zaintzea eta ezartzen diren simulakroak, probak edo saiakuntzak egitea.
18. artikulua. Beste administrazio batzuen zerbitzuko langileak.
1. Beste administrazio publiko batzuen zerbitzuko langileek, aurreko artikuluetan adierazitakoez bestelakoek, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuekin lotutako jardueretan laguntzen badute, legozkiekeen aparteko haborokinak jasotzen ahalko dituzte, administrazioen artean artikulatzen diren lankidetza edo kooperazio hitzarmen edo tresnen arabera, baldin eta atxikita dauden administrazioak ez baditu beste modu batez konpentsatu hauteskunde prozesuan emandako zerbitzuengatik, eta, betiere, haien zerbitzuak ezinbestekoak eta beharrezkoak badira.
2. Haborokinaren zenbatekoa hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen batean zehaztuko da, bat etorriz administrazioen artean artikulatu daitezkeen lankidetza edo kooperazio hitzarmen edo tresnetan ezartzen diren irizpide eta mugekin, eta langile horrek zerbitzuak ematen dituen unitateko arduradunak txostena egin ondoren. Zenbateko hori gainerako kolektiboek prozesuan duten esku-hartze mailarekin proportzionala izanen da.
III. KAPITULUA. KONPENTSAZIOAK, HABOROKINAK ETA KALTE-ORDAINAK BESTE HAUTESKUNDE PROZESU BATZUEKIN BATERA EGITEN DIREN HAUTESKUNDEETAN
19. artikulua. Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintziala osatzen duten pertsonak.
Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialean honako postu hauek betetzen dituzten pertsonek, beren agintaldian esku hartzen duten hauteskunde prozesuetan parte hartzeagatik, honako zenbateko hauek jasoko dituzte Estatuko Administrazio Orokorrak ordaintzen dituenen haborokin osagarri gisa:
Lehendakaria: 858,16 euro.
Bokal judizialak eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoko delegatuak: 343,06 euro.
Bokal ez-judizialak: 214,28 euro.
Idazkaria: 772,65 euro.
20. artikulua. Eskualdeko hauteskunde batzordeak osatzen dituzten pertsonak.
Eskualdeko hauteskunde batzordeetan honako postu hauek betetzen dituzten pertsonek, beren agintaldian esku hartzen duten hauteskunde prozesuetan parte hartzeagatik, honako zenbateko hauek jasoko dituzte Estatuko Administrazio Orokorrak ordaintzen dituenen haborokin osagarri gisa:
Lehendakaria: 772,65 euro.
Bokal judizialek: 301,85 euro.
Bokal ez-judizialak: 198,83 euro.
Idazkaria: 686,11 euro.
21. artikulua. Hauteskunde Batzorde Probintzialeko eta eskualdeko hauteskunde batzordeetako laguntzaileen aparteko zerbitzuak.
1. 15.787,82 euro jarriko dira Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialaren eskura, haborokin osagarri orokor gisa, batzorde horretako eta Iruñeko, Agoizko, Tafallako, Lizarrako eta Tuterako eskualdeetako hauteskunde batzordeetako langileentzat, baldin eta Nafarroako Parlamenturako eta kontzejuetarako hauteskundeak antolatzen laguntzen badute.
2. Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintziala arduratuko da hauteskunde batzordeei oro har aitortzen zaien diru kopurua zehazteaz eta banaketa hori hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazteaz.
3. Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialak hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari eskatuko dio ordain ditzala diru kopuru hori aurrez langileen artean banatzearen ondorioz ateratako banakako zenbatekoak.
4. Eskualdeko hauteskunde batzordeek hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuari eskatuko diote, Nafarroako Hauteskunde Batzorde Probintzialak esleitu dien zenbatekoaren arabera, ordain ditzala diru kopuru hori aurrez langileen artean banatzearen ondorioz ateratako banakako zenbatekoak.
22. artikulua. Hauteskunde batzordeetako kideen haborokinen eraginkortasuna.
1. Aurreko artikuluetan adierazitako haborokinak jasotzeko eskubidea dagokion kargua hartzen den unean sortuko zaie hauteskunde batzordeetako kideei, eta hauteskunde batzordeek beren eginkizunak betetzen dituzten aldi osoari dagokio, eratzen direnetik legezko epea akitzeagatik beren agintaldia bukatzen den arte.
2. Kideren batek karguan egiten duen denbora dagokion batzordearen legezko agintaldia baino laburragoa bada, karguan benetan emandako denborarekiko proportzionala den zenbatekoa jasotzeko eskubidea izanen du soil-soilik. Hauteskunde batzorde bateko kide batek ordainsari desberdina duten karguak betetzen baditu batzorde berean, kargu bakoitzean emandako denboraren arabera dagokion zati proportzionala jasoko du.
Haborokin horiek hauteskunde batzordeen agintaldia akitu ondoren eta haiek eskatu ondoren ordainduko dira.
3. Haborokin horiek prozesuaren ohiko garapena ordainduko dute, bai eta prozesuaren ondorioz gertatzen ahal diren hauteskundeen edo bozketa egintzen errepikapenak ere; beraz, kasu horietan, ez da esleipen berririk egin beharko. Kontzejuetako hauteskunde partzialak egiteak ere ez du ekarriko haborokin gehiago jasotzeko eskubiderik, baina bai joan-etorrien gastuengatik dagozkien kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
4. Artikulu honetan jasotako aurreikuspenak hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko estatuko araudian ezarritakoari jarraikiz egiten dira.
23. artikulua. Udaletako idazkariak.
1. Udaletako idazkariek, eskualdeko hauteskunde batzordeetako delegatuak diren aldetik, 190,59 euro jasoko dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan parte hartzeagatik.
2. Hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzko estatuko araudian ezarritakoari jarraikiz, aurreko apartatuan aurreikusitako haborokina jasotzeko eskubidea hauteskunde prozesu osoari dagokiola ulertzen da. Karguan denbora gutxiago egonez gero, karguan egon den denborarekiko proportzionala den zenbatekoa jasotzeko eskubidea baino ez du izanen. Haborokin horiek hauteskunde batzordeen agintaldia akitu ondoren ordainduko dira.
Idazkaritza baten titularra beste udal batean lanean hasten bada, hauteskunde prozesuak dirauen bitartean, lehendik jaso duenarekin dagoen aldea ere jasoko du, hala badagokio, baldin eta helburuko udala jatorrizkoa ez den beste tarte batean badago.
3. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkie idazkariek zerbitzuak ematen dituzten toki entitateei, eta, gero, toki entitate horiek arduratuko dira dagozkien zenbatekoak idazkariei ordaintzeaz.
24. artikulua. Udalen zerbitzuko laguntzaileak.
1. Udaletako langileek, idazkariek izan ezik, emandako aparteko zerbitzuak ordaintzeko, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean hauteskundeak kudeatzeko artikulatzen diren lankidetza eta koordinazio formuletan adostutako zenbatekoa esleituko da.
2. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz dagozkien zenbatekoak ordainduko dizkie langile laguntzaileek zerbitzuak ematen dituzten toki entitateei, eta, gero, toki entitate horiek arduratuko dira dagozkien zenbatekoak langile laguntzaileei banatzeaz eta ordaintzeaz.
25. artikulua. Administrazioaren ordezkariak.
1. Administrazioaren ordezkariek emandako zerbitzuak, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 98.2 artikuluan aipatzen direnak, kasuan-kasuan zehazten denak ordainduko ditu, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean hauteskundeak kudeatzeko artikulatzen diren lankidetza eta koordinazio formuletan ezartzen diren zenbatekoen eta ehunekoen arabera.
2. Aurreko apartatuan ezarritako ordainsariaren barruan sartzen dira Administrazioaren ordezkariek hauteskunde autonomikoetan zerbitzuak eman behar dituzten egunetan dituzten garraio gastu guztiak. Era berean, barruan sartzen da prestakuntza tekniko eta teknologikoko jardunaldietara joatea, dokumentazioa edo ekipoak zaintzea eta ezartzen diren simulakroak, probak edo saiakuntzak egitea.
IV. KAPITULUA. BALIABIDE MATERIALAK
26. artikulua. Hauteslekuak, hautetsontziak, kabinak, boto paperak, gutun azalak eta hauteskunde inprimakiak.
Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan botoa emateko eskubidea erabili ahal izateko beharrezkoak diren hauteslekuek, hautetsontziek, kabinek, boto paperek, gutun azalek eta hauteskunde inprimakiek bete beharreko baldintzak eta zehaztapenak apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan ezarritakoak izanen dira (605/1999 Errege Dekretua, hauteskunde prozesuen arauketa osagarriari buruzkoa), edo etorkizunean errege dekretu hori ordezten duen xedapenean ezarritakoak.
27. artikulua. Boto paperak eta gutun azalak.
Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak, horretarako izendatutako pertsonen bidez, hauteskunde mahaietako lehendakarien eskura jarriko ditu hautaga zerrenda bakoitzeko boto paperak eta gutun azalak, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan sortzen diren beharrei erantzuteko behar beste.
28. artikulua. Gorabeherak.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan, bozketa hasi ondoren, edo bozketaren edozein unetan, boto paperik edo gutun azalik ez dagoela ikusten bada, hauteskunde mahaiko lehendakariak eskualdeko hauteskunde batzordeari edo kontrol puntu periferikoari jakinaraziko dio, zeinak behar dena xedatuko baitu hornitzeko, eta, behar izanez gero, hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentura joko du, zeinak hautemandako gabeziak ahalik eta lasterren berrezartzeko beharrezkoa den guztia xedatuko baitu.
2. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapeko hauteskunde prozesuetan, boto paperen eta gutun azalen horniketa eginen du, une oro, eta bozketa normaltasunez egin dadin begiratuko du.
29. artikulua. Kontrol puntu periferikoa.
Hauteskunde egunaren jarraipen eta kontrol egokia egiteko, hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuak behar diren baliabide materialak eta pertsonalak jarriko ditu kontrol puntu periferiko bat ezartzeko; bertan, gertatzen ahal diren gorabehera guztiei arreta ematen zaiela bermatuko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko hauteskunde mahai guzti-guztien egoeraren jarraipena eginen da denbora errealean.
Xedapen gehigarri bakarra. Lehen auzialdiko epaitegien eta bake epaitegien izenak.
Foru dekretu honetan lehen auzialdiko epaitegiak eta bake epaitegiak, bai eta haietako titularrak ere, aipatzeko erabiltzen diren izenek ez dituzte baztertzen Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan organo judizial horientzat ezarritako izendapen berriak.
Azken xedapenetako lehena. Arau garapena.
1. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaio egunera ditzan hauteskunde prozesuetan foru dekretu honetan aipatutako organoetan parte hartzen duten pertsonen edo hauteskunde prozesuetan eginkizun lagungarriak betetzen dituzten pertsonen dieten eta haborokinen zenbatekoak. Zenbateko horiek urtero igoko dira, aurrekontu legeetan administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarietarako onesten den igoeraren proportzio berean, 2025. urtea erreferentziatzat hartuta.
2. Hauteskunde prozesuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko eta betearazteko behar diren xedapen, egintza eta jarraibide guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena. Lankidetza eta koordinazio formulak.
Nafarroako Foru Komunitateak, gastuaren efizientzia- eta efikazia-printzipioei jarraikiz, akordioak lortzen ahalko ditu beste administrazio publiko batzuekin, hauteskundeak kudeatzeari begira artikulatzen diren lankidetza eta koordinazio formulen bidez, bai hauteskundeak aldi berean egiten diren kasuetan, bai aldi berean egiten ez direnetan.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.