54/2025 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 3KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HELDUENTZAKO OINARRIZKO HEZKUNTZARI DAGOZKION IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA, EZARPENA ETA ORDUTEGIA ETA IRAKASKUNTZA HORIETAKO IKASLEEN EBALUAZIOA, MAILA IGOERA ETA TITULAZIOA ARAUTZEN DITUENA
BON N.º 159 - 11/08/2025
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK
1. ATALA. HASIERAKO IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA, EZARPENA ETA ORDUTEGIA
2. ATALA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK EGITEN ARI DIREN IKASLEEN EBALUAZIOA
III. KAPITULUA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA (HBH)
1. ATALA. HBHAREN ANTOLAKETA, EZARPENA ETA ORDUTEGIA
2. ATALA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA EGITEN ARI DIREN IKASLEEN EBALUAZIOA (HBH)
ERANSKINA.
Ekainaren 21eko 19/2002 Foru Legearen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako hezkuntza arautzea, eta hura egituratu, garatu, koordinatu eta ebaluatzeko mekanismo eta instrumentuak ezartzea.
Era berean, 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, Hezkuntzari buruzkoak, 68. artikuluan dioenez, Oinarrizko Hezkuntzari dagozkion gaitasunak eta ezagutzak lortu nahi dituzten helduek beren baldintza eta beharretara egokitutako eskaintza izanen dute.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren bidez, eta dekretu horren laugarren xedapen gehigarrian zehaztu zituen Nafarroako Foru Komunitatean helduentzako Oinarrizko Hezkuntza eraenduko duten ildo nagusiak.
Halaber, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua eta curriculuma arautu eta ezarri ditu maiatzaren 14ko 51/2025 Foru Dekretuaren bidez. Foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean, ahalmena ematen zaio hezkuntza arloan eskumena duen kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Hori guztia kontuan hartuta, bidezkoa da, hortaz, garatzea 51/2025 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta Nafarroako Foru Komunitatean arautzea, foru agindu honen bidez, helduentzako Oinarrizko Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzen antolaketa, ezarpena eta ordutegia, bai eta irakaskuntza horietako ikasleen ebaluazioa, maila igoera eta titulazioa ere.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,
AGINTZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen helburua da helduentzako Oinarrizko Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzen antolaketa, ezarpena eta ordutegia arautzea, Hezkuntzari buruzko 51/2025 Foru Dekretuak, maiatzaren 14koak, Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua arautzen duenak eta curriculuma ezartzen duenak, ezarritakoari jarraikiz. Era berean, foru agindu honen xedea da irakaskuntzotako ikasleen ebaluazioa, maila igoera eta titulazioa arautzea.
2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean dauden ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta helduentzako Oinarrizko Hezkuntza ematen badute.
2. artikulua. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren egitura.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzak etapa hauek ditu barnean:
a) Hasierako Irakaskuntzak.
b) Helduentzako Bigarren Hezkuntza (HBH).
3. artikulua. Hartzaileak.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntza jasotzen ahalko dute baldintza hauetako bat betetzen dutenek:
a) Hemezortzi urtetik gorakoak izatea edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzea.
b) Salbuespenez, hamasei urtetik gorakoak, baldin eta eskatzen badute eta ikastetxeetako araubide arruntean joaterik ez badute lan kontratu bat dutelako edo goi-errendimenduko kirolariak direlako.
c) Era berean, Hezkuntza Departamentuak hamasei urtetik gorakoak onartzen ahalko ditu irakaskuntza hauetan, salbuespenez, baldin eta, behar bezala egiaztatu eta araututako arrazoiak direla kausa, ikastetxe arruntetara joaterik ez badute eta, orobat, adinaren baldintza hori bete eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu ez diren pertsonak badira.
4. artikulua. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntza emateko modalitateak.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako irakaskuntzak modalitate hauetan emanen dira:
a) Hasierako irakaskuntzak: oro har, irakaskuntzok aurrez aurreko modalitatean emanen dira.
b) Helduentzako Bigarren Hezkuntza (HBH): oro har, irakaskuntzok aurrez aurreko eta urruneko modalitatean emanen dira.
5. artikulua. Tutoretza eta orientazioa.
1. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzan, orientazioak eta tutoretza lanak ikasleen hezkuntza prozesuan lagunduko dute, bakarkakoan nahiz kolektiboan.
2. Tutoretza lana gauzatzean, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako egokiak diren irisgarritasun neurriak aplikatuko dira.
3. Aurrez aurreko modalitatean, ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du, eta hark koordinatuko ditu tutoretzako ekintza planaren aplikazioa eta garapena, bai eta dagokion irakasle taldearen irakaskuntzak eta jarduna ere, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuarekin lankidetzan.
4. HBHko urruneko modalitatean, irakaskuntzetako maila bakoitzerako tutore bat izendatuko da, eta hark koordinatuko ditu tutoretzako ekintza planaren aplikazioa eta garapena, bai eta maila bakoitzeko irakasle taldearen irakaskuntzak eta jarduna ere, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuarekin lankidetzan. Halaber, ikasle bakoitzak irakasle bat izanen du modulu bakoitzerako, eta irakasle hori arduratuko da dagokion moduluan ikasleen ikaskuntza prozesua kudeatu eta ebaluatzeaz.
II. KAPITULUA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK
1. ATALA. HASIERAKO IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA, EZARPENA ETA ORDUTEGIA
6. artikulua. Hasierako Irakaskuntzen antolaketa eta modalitatea.
1. Helduentzako Hasierako Irakaskuntzak egiteko, ez da denbora mugarik izanen. Irakaskuntzak bi maila hauetan antolatzen dira: Hasierako Irakaskuntzak I eta Hasierako Irakaskuntzak II.
2. Maila bakoitza ikasturte batean eginen da.
3. Hasierako Irakaskuntzen curriculuma 51/2025 Foru Dekretuaren II. eranskinean zehaztutakoa da.
4. Maila bakoitzean ematen diren Hasierako Irakaskuntzen curriculumeko hiru arloen erreferentziak oinarrizko ikaskuntza instrumentalak dira, eta hauek dira:
a) Komunikazioaren arloa.
b) Arlo digitala.
c) Matematikaren arloa.
5. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako Hasierako Irakaskuntzak aurrez aurreko modalitatean emanen dira, oro har.
7. artikulua. Hasierako Irakaskuntzen egutegia eta ordutegia.
Ikastetxeek aurrez aurreko modalitateko Hasierako Irakaskuntzetarako diseinatutako egutegia eta ordutegia irizpide hauen arabera antolatu beharko da:
a) Etapako maila bakoitzean eskola jarduerak 165 eskola egun izanen ditu gutxienez.
b) Oro har, eta ezertan eragotzi gabe aurreko apartatuan ezarritakoa, egutegia eta ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak kasuan-kasuan emandako ebazpenean ezartzen diren baldintzak. Ebazpen horretan ezarriko dira irakaskuntzok ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegia egiteko urteko jarraibideak.
c) Ikastetxeek, eskola ordutegia antolatzeko orduan, ahalik eta ikasle gehien bertaratu daitezen erraztuko dute.
d) Ikasleen eskola ordutegia modu homogeneoan banatuko da, astean 4 egunetan. Halere, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeko zuzendariak eskatu ondotik eta inguruabarrak behar bezala aztertu eta baloratu eta gero, beste edozein banaketa onartzen ahalko du.
8. artikulua. Hasierako Irakaskuntzen ordutegien egitura eta antolaketa.
Aurrez aurreko modalitaterako, foru agindu honen I. eranskinean xedatutakoaren arabera ezarriko da etapako ikasmaila bakoitzerako arlokako ordutegien egitura eta antolaketa, eta alderdi hauek hartuko ditu kontuan:
a) Ikasmaila bakoitzean, ikasleen asteko ordutegia 10 irakastaldikoa izanen da, hala Hasierako Irakaskuntzak I nola Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailetan, eta bakoitzak 60 minutuko iraupena izanen du.
b) Irakurtzeko ohitura sustatzeko, tarte bat eskainiko zaio irakurketari arlo guztietako irakaslanean.
c) Ahal dela, curriculumeko hiru arloekin lotutako ikaskuntza egoera orokorrak garatuko dira.
9. artikulua. Ikasleen inskripzioa eta onarpena.
1. Ikasleak ohiko aldian inskribatzearekin eta onartzearekin lotutako alderdi guztietan, Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusi eskudunaren urteko ebazpenean ezarritako datak eta baldintzak beteko dira.
2. Salbuespen gisa, ikasleen inskripziorako eta onarpenerako aldia akitu ondoren, ikastetxeek aukera izanen dute Hasierako Irakaskuntzetan inskribatzeko hori bera eskatzen duten pertsonak, plazarik bada eta Hezkuntza Departamentuak xedatutakoari jarraikiz.
10. artikulua. Hasierako Irakaskuntzetan sartzea: Ikaskuntzen Hasierako Balorazioaren (IHB) proba.
1. Foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, irakaskuntza hauetara sartzeko, Ikaskuntzen Hasierako Balorazioa (IHB) beharko da. Balorazio hori orientazio moduan erabiliko du ikastetxeak, ikasleak Hasierako Irakaskuntzak I edo Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailan kokatzeko.
2. Hasierako balorazio horren helburua izanen da ikasleen ezagutza eta gaitasunei buruzko informazioa biltzea, hezkuntza formalaren bidez zein hezkuntza ez-formalaren edo informalaren bidez eskuratu badira ere, bai eta ikasleen itxaropen eta interesak ezagutzea ere.
3. Oro har, Hasierako Irakaskuntzak ematen dituzten irakasleek eginen dute IHBa, eta haiek erabakiko dute, halaber, zein den egokiena ikasleak atxikitzeko, irakaskuntza horien bi mailen barruan.
4. IHBaren ondoriozko atxikipena interesdunaren espediente akademikoan jasoko da, zabaltzen den unean.
11. artikulua. Matrikulazioa.
1. IHBaren prozesuaren bidez ikasle bakoitzaren mailarik egokiena zehaztu ondoren, dagokion matrikula egin beharko da. Horretarako, ikasleak, esleitu zaion mailaren barruan, arlo guztietan matrikulatu beharko du.
2. Ikastetxeak matrikulatutako ikasle bakoitzari dagokion espediente akademikoa zabalduko du.
3. Beste interesdun batzuek aukera izan dezaten ikasketa hauetara sartzeko, eta ikasleak behin eta berriz eta justifikatu gabe bertaratzen ez diren kasuak badaude, ikastetxeek aplikatzen ahalko dituzte ikasle horien matrikula desegiteari buruz arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, Hezkuntza Departamentuak ezarritako jarraibideak.
12. artikulua. Aurrez aurreko irakaskuntza modalitatean taldeak eratzeko ratioak.
1. Oro har, talde bakoitzak gutxienez 15 ikasle eta gehienez 25 izanen ditu.
2. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuak, egoera egokiro ebaluatu eta aztertu ondoren, baimena ematen ahalko du aurreko apartatuan zehaztutako ratioak betetzen ez dituzten taldeak eratzeko.
2. ATALA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK EGITEN ARI DIREN IKASLEEN EBALUAZIOA
13. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebaluazioa hezkuntza prozesuaren parte da, eta garapena eta ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko erabili behar da. Horrela, aurrerapena egiaztatzen da eta zailtasunak antzematen dira, ikasleek beren prestakuntza prozesuarekin aurrera jarraitzeko behar diren neurriak hartzeko aukera izanda.
2. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek bermatuko dute ikasleek ebaluazio objektiboa jasotzeko eskubidea izatea, eta ikasleen dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratu eta aitortu daitezen, eta, horretarako, prozedura egokiak ezarriko dituzte, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak. Ildo horretan, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabil errazak eta ikaskuntza egoeretara egokituak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Bermatuko da, halaber, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharrekin bat etortzea. Dena den, ikasturtearen hasieran, irakasleek arloen programazioen berri emanen diete ikasleei, eta ebaluazio eta kalifikazioko prozesuak eta irizpideak jakinaraziko dizkiete.
3. Ikasleen ebaluazioa etengabea, hezigarria eta integratzailea izanen da, eta 51/2025 Foru Dekretuaren II. eranskinean jaso den curriculuma osatzen duten maila eta arlo bakoitzerako bereiziko da.
4. 51/2025 Foru Dekretuaren I. eranskinean aipatzen diren oinarrizko gaitasunak eskuratu eta garatzean izandako aurrerabidea zehazteko, ikasleak ebaluatzeko erreferentziak izanen dira curriculumean ezarritako arlo eta ikasmaila bakoitzeko gaitasun espezifikoak ebaluatzeko irizpideak.
5. Ikastetxeek diseinatu eta ezarriko dituzte ikasmaila bakoitzerako metodo pedagogikoak, ikasleek ondorengo ikasketetarako edo laneratzeko beharko duten prestakuntza integrala jaso dezaten.
6. Komunikazioaren arloa eta arlo digital eta matematikoa era globalizatuan lantzeko, irakaskuntza horien programazio didaktikoan ahalegina eginen da gutxienez ere bi arlotako gaitasun espezifikoak integratzen dituzten ikaskuntza egoerak diseinatzeko.
7. Egoera horiek ikaskuntzako atazez eta jarduerez osatuta egonen dira, eta arazo jakin batzuk planteatuko dituzte, non ikasleek, arazo horiek ebazteko, modu integratuan aplikatu beharko baitituzte Hasierako Irakaskuntzen berezko ikaskuntzak. Ondorioz, honako hauek ikasteko balio beharko dute egoerek: gaztelaniazko eta, hala badagokio, euskarazko irakur-idazketaren eta komunikazioaren oinarrizko alderdiak; kalkulua, formak eta neurriak, grafikoak eta estatistikak; eta tresna eta teknologia digitalek ikasleen bizitza pertsonalean, gizartean, prestakuntzan eta lanean dituzten erabilgarritasuna eta aplikazioa.
14. artikulua. Irakasleak eta irakasle taldea.
1. Irakasle taldea izanen da ikasleen ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, ikasleen irakasle guztiak. Irakasle taldeak batera jardunen du ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.
2. Arlo bakoitzeko irakasle arduradunak erabakiko du ikasle bakoitzak zer kalifikazio duen arlo horretan; horretarako, dagozkion gaitasun espezifikoak ebaluatuko ditu.
3. Ikasle jakin baten ebaluazio alderdiei buruzko gainerako erabakiak haren irakasleek adostu beharko dituzte, kontuan izanik arloetako ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak izanen direla erreferentzia oinarrizko gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko. Adostasunik ez badago, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, arlo bakoitzeko boto bat emanen da eta boto guztiek pisu bera izanen dute; abstentzioa ez da inola ere onartuko. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.
4. Ikastetxeko ikasketa buruak edo, hala badagokio, taldeburuak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; talde bakoitzeko tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientazioaren arduradunak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio tutoreari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, aholkularitza egokia emateko.
5. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko dira ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak deitu beharko du irakasle taldea edo, hala badagokio, taldeburuak.
6. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza prozesuak eta beren irakas-praktika, hobekuntzari begira.
15. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraitutasuna errazteko, irakasleek informazioa etengabe jasoko dute ikasmaila bakoitzean zehar, behaketa sistematikoaren, lanen, jardueren eta proba espezifikoen balorazioaren eta beste edozein motatako ebaluazio tresnen bidez.
2. Etengabeko ebaluazio prozesu horren testuinguruan, ikasleak ez badu behar bezala aurrera egiten, hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu beharko dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak bereganatzen direla bermatzea.
3. Hiru ebaluazio partzial eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Ebaluazio partzial bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, eta taldeari ikasgaiak ematen dizkioten irakasleek hartuko dute parte.
4. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da.
5. Arloen inguruko ikuspegi orokorra bazter utzi gabe, irakasleek, zeinek bere arloan, ikasleen kalifikazioa erabakiko dute, eta, nahi izanez gero, ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak emanen dituzte. Ikasle bakoitzaren ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa sartuko da ikasketa espedientean, tutorearen ardurapean.
6. Ebaluazio saio bakoitza akitu ondoren, tutoreak ikasle bakoitzari izan duen errendimenduaren berri emanen dio, idatziz zein Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatutako hezkuntza plataforma digitala erabilita, ebaluazio buletinaren bidez. Informazio hori osatzeko banakako elkarrizketa bat egin beharko da, ikasturtean bat gutxienez, ikaslearekin berarekin.
16. artikulua. Ikasturte hondarreko ebaluazioa.
1. Ikasturte bakoitzean, hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioez gainera, hondarreko ebaluazio saio bat izanen da. Hondarreko ebaluazioa irakasgai bakoitzaren ikasturte osoko ebaluazio prozesuari buruzko balorazio laburtua izanen da. Hirugarren hiruhilekoko ebaluazio saioa hondarreko ebaluazioarekin batera egiten ahalko da.
2. Azken ebaluazio saioan, arlo bakoitzaz arduratzen diren irakasleek ikasle bakoitzarentzako erabaki dituzten kalifikazioak erregistratuko dira, aintzat hartuta arlo horietako bakoitzaren gaitasun espezifikoen eskuratze maila. Era berean, azken ebaluazio horretan, irakasle taldeak ikasleen aurrerapenari buruzko balorazioa eginen du, eta haien ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatzeko behar diren erabakiak hartuko ditu. Irakasle taldeak erabakiko du, baita ere, ikaslea hurrengo mailara edo etapara igaroko den. Bilera horretako akta behar bezala bete ondoren, itxi eginen da, eta, gerora aldatu nahi izanez gero, dagokion administrazio eginbidera jo beharko da.
3. Dena dela, Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailako arlo batek ez du izaten ahalko kalifikazio positiborik, ez bada gainditu Hasierako Irakaskuntzak I ikasmailako arlo homonimoa.
17. artikulua. Mailaz igotzea.
1. Hasierako Irakaskuntzak I ikasmailako arlo guztiak gaindituz gero, hots, guztietan kalifikazio positiboa lortuta, ikasleak Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailara igaroko dira. Bestela, taldeko irakasleek, guztien artean, ikaslearen hezkuntza aurrerapena bultzatzeko neurririk egokiena erabakiko dute:
a) Ikasmaila berean jarraitzea; halakoetan, ikasleek Hasierako Irakaskuntzak I ikasmailako arlo guztietan matrikulatu beharko dute.
b) Hasierako Irakaskuntzak II mailara igotzea, baldin eta gainditu gabeko irakasgaien izaerak ez badie eragozten hurrengo ikasturtean arrakastaz jarraitzea, eta irizten bada errekuperatzeko aukera onak dituztela eta maila igoera horrek mesede eginen diela haien bilakaera akademikoari. Kasu horretan, errekuperazio plan pertsonalizatu bat bete beharko da, ikasleek lortu ez dituzten aurreko ikasmailako ikaskuntzak lortu ditzaten; halakoetan, ikasleek gainditu ez dituzten arloetan matrikulatu beharko dute.
2. Hasierako Irakaskuntzak II mailako arlo guztietan kalifikazio positiboa lortu duten ikasleak Helduentzako Bigarren Hezkuntzara (HBH) igoko dira.
3. Era berean, irakasleen taldeak ikasleak HBHra igotzea erabakitzen ahalko dute igoera hori ikaslearen hezkuntza prozesurako egokiena dela uste badute. Bestela, ikasleak maila berean jarraituko du irakasleek Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igotzeko erabakia hartzen duten arte. Horretarako, ikasleak gainditu ez dituen arloetan soilik matrikulatu beharko du.
18. artikulua. Banako desberdintasunei arreta jartzea.
1. Ikastetxeek neurriak ezarriko dituzte ohikoaz bestelako arreta behar duten helduek, beren inguruabarrak eta lan erritmo desberdinak kontuan hartuta, Hasierako Irakaskuntzetako oinarrizko gaitasunak eskuratu ahal izan ditzaten. Ikasle horiei eman beharreko arretak normalizazioko eta inklusioko printzipioak bete beharko ditu, eta dagozkion malgutasun neurriak eta irisgarritasun aukera metodologikoak hartuko dira.
2. Horretarako, hezkuntza laguntzako edo errefortzuko (HE) neurriak aplikatuko zaizkie ikasleei, euren inguruabarrak aintzat hartuta, ikasketa prozesuarekin jarraitzeko, edozein irakasgaitako curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ohikoa ez den hezkuntza arreta behar dutenean. Ebaluaziorako erreferenteak ikaslea matrikulatuta dagoen arlorako eta mailarako ezarritako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira. "HE" neurria dagokion kalifikazioarekin batera jasoko da, aplikatu den hiruhilekoetako ebaluazioetan, baina ez hondarreko ebaluazioan, azken horretan kalifikazioa bakarrik jasoko baita.
3. Era berean, ikastetxeek dagozkion neurriak hartuko dituzte, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen beharretara egokitzeko.
4. Hartutako neurriak ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.
19. artikulua. Arloen kalifikazio eskala.
1. Kalifikazioa honako hau da: ebaluazio prozesuan lortutako ebidentzietan oinarrituta ikasleei eskala baten barruan kategoria bat esleitzeko egintza.
2. Arloen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira, hala hiru hilean behingo ebaluazioetan nola hondarrekoan: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan.
3. Baldin eta ikasle bati arlo batean edo gehiagotan errefortzuko hezkuntza neurri bat aplikatu bazaio, hiru hilean behingo ebaluazio saio bakoitzean, eraginpeko arlo bakoitzeko kalifikazioekin batera, "HE" terminoa jaso beharko da. Hezkuntza neurri hori ez da jasoko hondarreko ebaluazioan.
4. Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailan matrikulatutako ikasle bat aldi berean Hasierako Irakaskuntzak I mailako arloren batean errekuperazio plan pertsonalizatu bat gauzatzen ari bada, Hasierako Irakaskuntzak I mailako arlo horri edo horiei eman beharreko kalifikazioak artikulu honen 2. apartatuan ezarritako kalifikazio eskala beteko du, harik eta gainditu arte. Ikasturteko edozein unetan gainditzen ahalko du arloa, eta inguruabar hori dagokion datarekin eta azken kalifikazioarekin batera adieraziko da. Era berean, gainditu gabe dauden arloen ebaluazio aktan jaso beharko da kalifikazio hori. Bestalde, Hasierako Irakaskuntzak II arloan edo horren arlo homonimoetan, hala hiruhileko ebaluazioetan nola hondarreko ebaluazioan, artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako kalifikazio eskala erabiltzen ahalko da, baldin eta maila horri dagozkion oinarrizko jakintzak lantzen baditu; bestela, "GB" (gainditu gabe) terminoa erabiliko da. "GB" terminoa kalifikazio negatibotzat hartuko da, ondorio guztietarako. Hasierako Irakaskuntzak II mailari dagokion arloa emateko ardura duen irakasleari egokituko zaio Hasierako Irakaskuntzak I mailako errekuperazio plan pertsonalizatua egitea eta horren azken kalifikazioa ematea.
20. artikulua. Ebaluazio agiriak eta txostenak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.
2. Hauek dira Hasierako Irakaskuntzak ikasmailak ebaluatzeko dokumentuak:
- Ebaluazio buletina.
- Hondarreko ebaluazioaren akta.
- Gainditu gabeko arloen ebaluazioaren akta.
- Hasierako Ikasketen historiala.
- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.
- Ikasketa espedientea.
Horietatik guztietatik, ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ebaluazio agiri ofizialak.
3. Ebaluazio agiri ofizialetan nahitaez aipatu beharko da 51/2025 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua arautzen duena eta curriculuma ezartzen duena.
4. Artikulu honen 2. apartatuan zehaztutako agiriez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako arloak eta lortutako balorazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak edo, hala badagokio, taldeburuak sinatuko ditu ziurtagiriak eta zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.
5. Ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikasleen mugikortasuna bermatzeko Espainiako lurralde guztian.
6. Historia akademikoa, egin diren ikasketak egiaztatzeko balioko duena, etapa hondarrean emanen zaie ikasleei.
7. Ikastetxe bat itxi edo bere jarduna bertan behera geratzen bada, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio agiriak lekualdatzeko neurri egokiak hartuko ditu, eta beste ikastetxe publiko bati esleituko dio ixtekoa den ikastetxearen ebaluazio agiri ofizialak zaindu eta gordetzeko ardura.
8. Ikastetxeko idazkaria edo, hala badagokio, taldeburua arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz.
21. artikulua. Ikasleak ikastetxez aldatzea.
1. Baldin eta ikaslea etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera aldatzen bada, jatorrizko ikastetxeak helmugakora bidali behar du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, helmugakoak eskatuta, ikasketen historiaren kopia batekin batera. Ikastetxe hartzaileak dagokion ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazioa behin betikoa bihurtuko da ikasketen historiaren kopia jaso eta bat.
2. Ez da beharrezkoa izanen aurreko apartatuan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta helmugako ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak partekatzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.
III. KAPITULUA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA (HBH)
1. ATALA. HBH-AREN ANTOLAKETA, EZARPENA ETA ORDUTEGIA
22. artikulua. HBHaren antolaketa eta irakas modalitateak.
1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako curriculuma 51/2025 Foru Dekretuaren III. eranskinean zehaztutakoa da.
2. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak hiru esparrutan antolatzen dira, modulu gisa: Komunikazio esparrua, Gizarte esparrua, eta Zientzia eta Teknologia esparrua.
3. Esparru guztiak modulu gisa garatuko dira etapa honetako irakaskuntza horiek osatzen dituzten lau hileko lau ikasmailetan.
4. Lau hileko lehen bi ikasmailek irakaskuntzen I. maila osatzen dute, eta hirugarren eta laugarren ikasmailek, II. maila.
5. Hona hemen ikasmailetako moduluen antolaketa:
a) Lehen ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 1, Gizarte esparrua 1 eta Zientzia eta teknologia esparrua 1.
b) Bigarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 2, Gizarte esparrua 2 eta Zientzia eta teknologia esparrua 2.
c) Hirugarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 3, Gizarte esparrua 3 eta Zientzia eta teknologia esparrua 3.
d) Laugarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 4, Gizarte esparrua 4 eta Zientzia eta teknologia esparrua 4.
6. HBHko irakaskuntzek ez dute denboran irauteko mugarik izanen, eta, oro har, modalitate hauetan emanen dira: aurrez aurrekoa eta urrunekoa.
7. Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusi eskudunak ezarriko du zein modalitatetan emanen diren HBHko irakaskuntzak, horiek emateko baimena duen ikastetxe bakoitzerako.
23. artikulua. HBHaren egutegia eta ordutegia.
1. Ikastetxeek HBHaren irakaskuntzarako diseinatutako egutegia eta ordutegia irizpide hauen arabera antolatu beharko da:
a) Etapako lau hileko maila bakoitzean eskola jarduerak 80 eskola egun izanen ditu gutxienez.
b) Oro har, eta ezertan eragotzi gabe aurreko apartatuan ezarritakoa, egutegia eta ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak kasuan-kasuan emandako ebazpenean ezartzen diren baldintzak. Ebazpen horretan ezarriko dira irakaskuntzok ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegia egiteko urteko jarraibideak.
2. Era berean, aurrez aurreko modalitatean, ikasleen eskola ordutegia modu homogeneoan banatuko da astean 4 egunetan, eta antolatuko da ahalik eta ikasle gehien joan ahal daitezen eskoletara. Halere, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeko zuzendariak eskatu ondotik eta inguruabarrak behar bezala aztertu eta baloratu eta gero, beste edozein banaketa onartzen ahalko du.
24. artikulua. HBHko aurrez aurreko modalitatearen egitura eta ordutegien antolaketa.
1. HBHko lau hileko ikasmaila bakoitzerako eta dagozkion hizkuntza ereduetarako moduluen araberako ordutegiaren egitura eta antolaketa foru agindu honen II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.
2. Komunikazioaren esparruak, dagozkion hizkuntza ereduen arabera, hau bete beharko du:
a) Komunikazioaren esparrua G ereduan gauzatzeko, esparru horretako curriculuma gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan jorratuko da.
b) Komunikazioaren esparrua A ereduan gauzatzeko, esparru horretako curriculuma gaztelaniaz, atzerriko hizkuntzan eta euskaraz jorratuko da.
c) Komunikazioaren esparrua D ereduan gauzatzeko, esparru horretako curriculuma euskaraz, atzerriko hizkuntzan eta gaztelaniaz jorratuko da.
3. Oro har, lau hileko ikasmaila bakoitzeko ikasleen asteko ordutegia 16 eskolaldikoa izanen da, eta horietako bakoitzak 60 minutuko iraupena izanen du.
4. Funtsezko gaitasunak nahiz gaitasun espezifikoak bereganatu eta garatzeko, ikaskuntza egoerak planifikatuko ditu irakasle taldeak. Planteatzen diren ikaskuntza egoerak eta proposatzen diren erronka eta problemak ikasle helduen eguneroko ingurunekoak izanen dira, ikaskuntza esanguratsuagoak eta iraunkorragoak lortzeko.
25. artikulua. Urruneko irakaskuntzako modalitateko HBHko ikasleen arreta.
1. HBHko ikasleek, urruneko modalitateko irakaskuntzan, matrikulatuta dauden modulu bakoitzeko irakaslearen arreta jasoko dute. Komunikazioaren esparruko moduluetan, gehienez ere bi irakaslek emanen ahalko dute arreta hori G hizkuntza ereduan, eta gehienez ere hiru irakaslek A eta D ereduetan, esparru bakoitzeko hizkuntza bakoitzari arreta espezifikoa emateko.
2. Lau hileko ikasmaila bakoitzerako, modulu bakoitzean ikasleei arreta emateko ezarrita dauden asteroko saioen kopurua foru agindu honen III. eranskinean jasotakoa izanen da.
3. Modulu bakoitzeko ikasleen arreta modalitate hauen bidez emanen da:
a) Taldeko arreta: taldeko arretako saioak aurrez aurrekoak izanen dira oro har, eta, horietan, moduluaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin, aintzat hartuta irakasleak ikasmailaren hasieran ikasleei jakinarazitako programazio didaktikoa.
b) Banakako arreta: banakako arretako saioak telefonikoak, telematikoak edo aurrez aurrekoak izaten ahalko dira. Horien bidez, irakasleak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren banakako jarraipena eginen du, orientazioa emanen dio eta hark azaldutako zalantzak argituko dizkio.
4. Aintzat hartuta HBHaren urruneko modalitateko eskaintzaren berezitasunak eta irakaskuntza horietan matrikulatutako ikasleen profila, ikasleak arretarako saioetara bertaratzea borondatezkoa izanen da.
5. Artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoa gorabehera, irakasgai batzuetan (matrikulatu den pertsona kopurua eta helduen beharrak kontuan hartuta), astean ikasleen arretarako ezarri den ordu kopurua aldatzen ahalko da, aurretik hala adosten badute ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak.
6. Bertaratzea errazteko, ahaleginak eginen dira talde bereko ikasleei arreta emateko saioak, taldekoak zein banakakoak izan, astean ahalik eta egun gutxienetan pilatzeko.
7. Ikastetxeek irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko gela birtual bat izanen dute. Gela horretan, gainera, ikasleak orientatzeko eta haien ikaskuntza prozesuari laguntzeko beharrezkoak diren hezkuntza baliabideak egonen dira.
8. Urruneko HBHko ikasleek ikasmailako gida bat izanen dute, beren lan autonomoa bideratuko duena. Gida hori ikasketa buruaren ardura izanen da, eta informazio orokorra bilduko du ikastetxeari, ordutegiei, egutegiei eta abarri buruz. Gainera, gidak modulu bakoitzaren lan agenda bat barne hartuko du, ikasleei ikaskuntza errazteko jakingarritzat jotzen den informazioarekin: curriculumaren osagaiak, denbora banaketa, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientabideak, etab.
9. Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da lan agenda prestatzea, eta ikasketa buruak lan hori zuzenduko du.
10. Zuzendaritza taldeak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek, ikasturte hasieran, agenda hori jaso dezaten edo bide telematikoz eskuratzeko aukera izan dezaten.
26. artikulua. Ikasleen inskripzioa eta onarpena.
1. Ikasleak ohiko aldian inskribatzearekin eta onartzearekin lotutako alderdi guztietan, Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusi eskudunaren urteko ebazpenean ezarritako datak eta baldintzak beteko dira.
2. Salbuespen gisa, ikasleen inskripziorako eta onarpenerako aldia akitu ondoren, ikastetxeek HBHan inskribatuko dituzte hala eskatzen duten pertsonak, plazarik bada eta Hezkuntza Departamentuak xedatutakoari jarraikiz.
27. artikulua. HBHrako sarbidea.
1. HBHaren I. mailako lehen ikasmailara sartzen ahalko dira Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailatik igotzeko proposamena jaso duten pertsonak.
2. Bestalde, foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, ikasleak HBHra sartzen ahalko dira aurretiaz gainditu dituzten Espainiako hezkuntza sistemako irakaskuntza formalen baliokidetasunaren aintzatespena lortu badute, foru agindu honen IV. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.
Matrikulatzeko unean, aintzatetsitako moduluak eta haien barneko moduluak baliozkotuko dira, eta inguruabar hori "BAL" terminoaren bidez jasoko da espediente akademikoan, inolako kalifikaziorik gabe. Hala ere, baliokidetasunen aintzatespena aplikatzeak ez ditu ikasleak salbuetsiko gutxienez HBHko modulu bat egitetik, eta, beraz, hala egin ezean, ez da proposatzen ahalko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradu titulua automatikoki ematea ikasleei. Horretarako, HBHko modulu guztiak aintzatetsi badira, zuzendaritza taldearen ardura izanen da erabakitzea, ikaslearen ikasketa espedientean oinarrituta, HBHko 4. ikasmailako zein modulutan matrikulatu behar duen.
3. Era berean, HBHan sartzeko, ikasleek baliatzen ahalko dute DBHko gradua zuzenean lortzeko proban gainditutako ikasketen baliokidetasun aintzatetsia, foru agindu honen V. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.
Matrikulatzeko unean, aintzatetsitako 4. ikasmailako moduluak baliozkotuko dira, eta inguruabar hori espediente akademikoan erregistratuko da "BALGZLP" terminoaren bidez, eta artikulu honen 11. apartatuan xedatutakoaren arabera lortutako kalifikazio kualitatiboa ere jasoko da. Aintzatetsi diren moduluen mailaz beheragoko moduluak salbuetsi gisa erregistratuko dira espediente akademikoan, "SALB" terminoaren bidez, eta kalifikaziorik gabe.
4. Era berean, foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, aurreko hiru apartatuetako baten irakaskuntzak egiaztatzeko agiririk ez duten ikasleak Helduentzako Bigarren Hezkuntzara sartzen ahalko dira Ikaskuntzen Hasierako Balorazioaren (IHB) prozedura bidez.
5. Salbuespen gisa, nahiz eta artikulu honetako 1., 2. eta 3. apartatuetan adierazitako egiaztagiriak izan, foru agindu honetako 3.a) artikuluan ezarritako adin baldintzak betetzen dituzten ikasleek hautatzen ahalko dute IHBaren bidez sartzea HBHan, baldin eta ikasketak utzi zituztenetik 2 urte edo gehiago igaro badira.
6. Era berean, eta salbuespenez, ikastetxeek ahalmena izanen dute IHB bat eginarazteko HBHaren irakaskuntzak aurretiaz egin dituzten eta ikasketak utzi dituzten ikasleei, baldin eta zuzendaritza taldeak uste badu HBHko ikasketak utzi zituztenetik denbora asko igaro dela, edo inguruabar jakin batzuengatik hala komeni bada.
7. IHBa ikastetxeko irakasleek eginen dute, eta ikasleek curriculumeko gaitasunetan izandako eskuratze maila eta ikaskuntza formal, ez-formal eta informalak balioetsiko dira. Horrez gain, hiru esparruetako bakoitzean ikaslearentzako modulu egokiena zein den erabakitzeko orientazioa eskainiko dio ikastetxeari; beraz, ikasmaila desberdinetako moduluak izaten ahal dira. Horretarako, gaitasun probak eginen dizkie ikastetxeak ikasleei, eta informazioa eta orientazioa emateko elkarrizketa pertsonala ere egiten ahalko du, egokitzat jotzen badu.
8. IHBaren prozedura gauzatzen bada, ikasle bakoitzari esleitu zaizkion moduluen mailaz beheragoko moduluak haren espediente akademikoan jasoko dira "SALBZ" terminoarekin, salbuesteko zain gisa, harik eta esleipen modulu horiek gainditu arte. Esleipen moduluak gainditu ondotik, dagozkien mailaz beheragoko moduluak salbuetsi gisa erregistratuko dira espediente akademikoan, "SALB" terminoa erabiliz, eta kalifikaziorik gabe. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, "SALBZ" terminoak kalifikazio negatiboa izanen du, eta "SALB" terminoak, aldiz, kalifikazio positiboa.
9. IHBaren emaitzak gorabehera, ikasleek ez dituzte egiten ahalko artikulu honen 7. apartatuan zehaztutako moduluak eta, beraz, ez da inguruabar hori baliatzen ahalko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradu titulua automatikoki ematea proposatzeko.
10. Baldin eta ikasleek HBHko ikasketa planak egin badituzte 3/2020 Lege Organikoaren (HLOALO) aurreko lege organikoen esparruan, ikasleek aukera izanen dute HBHan sartzeko, HLOALOren araberako irakaskuntzen baliokidetasuna aitortzearen bidez, foru agindu honen VI. eranskinean ezarritakoari jarraikiz irakaskuntzen baliokidetasuna aitortuta.
Matrikulatzeko unean, aintzatetsitako moduluak eta horiei dagozkien mailaz beheragoko moduluak baliozkotuko dira, eta bi kasuetan inguruabar hori espediente akademikoan erregistratuko da "BALHBH" siglen bidez, artikulu honen 11. apartatuan xedatutakoaren arabera lortutako kalifikazio kualitatiboarekin batera.
11. "BALGZLP" eta "BALHBH" motako baliozkotzeekin batera zein nota kualitatibo jarri behar den zehazteko, honela jokatu beharko da:
a) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten zati, modulu edo esparruen kalifikazioak zenbakizkoak badira, edo kualitatiboak, baina zenbakizko baliokidetzarekin, "BALGZLP" edo "BALHBH" terminoekin batera kalifikazio kualitatibo bat adieraziko da, honela kalkulatua: inplikatutako zenbakizko kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa egin eta, gero, foru agindu honen VII. eranskinean ezarritako baliokidetza aplikatuko zaio emaitzari.
b) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten zati, modulu edo esparruen kalifikazioak kualitatiboak badira eta ez badute zenbakizko baliokidetzarik, "BALGZLP" edo "BALHBH" terminoekin batera kalifikazio kualitatibo bat adieraziko da, honela kalkulatua:
- Kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtuko dira, oinarri harturik foru agindu honen VIII. eranskineko taulan ezarritako baliokidetza.
- Kalifikazio kuantitatibo horien batezbesteko aritmetikoa eginen da.
- Lortutako batezbestekoa kalifikazio kualitatibo bihurtuko da, aplikatuz foru agindu honen VII. eranskinean ezarritako baliokidetza.
28. artikulua. Matrikulazioa.
1. Aurreko artikuluan xedatutakoari jarraikiz, HBHan sartzeko abiapuntua zehaztu ondoren, ikasle bakoitzak dagokion matrikula egin beharko du, baldintzatzaile hauen arabera:
a) Aurrez aurreko modalitatea: aurreko artikulua aplikatzearen ondorioz zehaztu diren moduluetatik aukeratzen dituenetan matrikulatuko da ikaslea. Gehienez ere 3 modulutan matrikulatzen ahalko da, ezertan eragotzi gabe foru agindu honen 34.b) artikuluan ezarritakoa, moduluren bat gainditu gabe duten ikasleen maila igoerari dagokionez. Halakoetan, errekuperazio plan pertsonalizatu bat duten modulu guztietan ere matrikulatuko da.
b) Urruneko modalitatea: aurreko artikulua aplikatzearen ondorioz zehaztu diren moduluetatik aukeratzen dituenetan matrikulatuko da ikaslea. Era berean, interesduna goragoko ikasmailetatik egokitzat jotzen dituen modulu guztietan matrikulatzen ahalko da.
2. HBHan sartzeko modua erregistratzeaz gain, dagozkion moduluen matrikula egiteko orduan, hala badagokio eta aurreko artikuluan ezarritakoa betez, ikasleei baliozkotu zaizkien moduluak, salbuetsitzat jotako moduluak eta salbuesteko zain dauden moduluak jasoko dira.
3. Ikastetxeak matrikulatutako ikasle bakoitzari dagokion espediente akademikoa zabalduko du.
4. Aurrez aurreko modalitatean, beste interesdun batzuek aukera izan dezaten ikasketa hauetara sartzeko, eta ikasleak behin eta berriz eta justifikatu gabe bertaratzen ez diren kasuak badaude, ikastetxeek aplikatzen ahalko dituzte ikasle horien matrikula desegiteari buruz arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, Hezkuntza Departamentuak ezarritako jarraibideak.
29. artikulua. Aurrez aurreko irakaskuntza modalitatean taldeak eratzeko ratioak.
1. Oro har, talde bakoitzak gutxienez 20 ikasle eta gehienez 30 izanen ditu.
2. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuak, egoera egokiro ebaluatu eta aztertu ondoren, baimena ematen ahalko du aurreko apartatuan zehaztutako ratioak betetzen ez dituzten taldeak eratzeko.
2. ATALA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA EGITEN ARI DIREN IKASLEEN EBALUAZIOA (HBH)
30. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebaluazioa hezkuntza prozesuaren parte da, eta garapena eta ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko erabili behar da. Horrela, aurrerapena egiaztatzen da eta zailtasunak antzematen dira, ikasleek beren prestakuntza prozesuarekin aurrera jarraitzeko behar diren neurriak hartzeko aukera izanda.
2. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek bermatuko dute ikasleek ebaluazio objektiboa jasotzeko eskubidea izatea, eta ikasleen dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratu eta aitortu daitezen, eta, horretarako, prozedura egokiak ezarriko dituzte, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak. Ildo horretan, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabil errazak eta ikaskuntza egoeretara egokituak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Bermatuko da, halaber, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharrekin bat etortzea.
3. Ikasleen ebaluazioa etengabea, hezigarria, integratzailea eta bereizia izanen da, eta, erreferentzia nagusi gisa, kontuan hartuko du, alde batetik, helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortu diren, eta bestetik, Oinarrizko Hezkuntzaren irteera profilean aurreikusitako funtsezko gaitasunen bereganatze maila, modulu, maila eta esparru guztiei dagokienez.
4. Ebaluazioaren izaera integratzaileak ez du galaraziko irakasleek modulu bakoitza bereizita ebaluatzea, gaitasun espezifikoen ebaluazio irizpideak aintzat harturik. Ebaluazio irizpide horiek adieraziko dute ikaskuntza prozesu osoan izaniko aurrerapena eta, etapa akitzean, baita funtsezko gaitasunen garapen maila ere.
5. Ikastetxeek diseinatu eta ezarriko dituzte ikasmaila bakoitzerako metodo pedagogikoak, ikasleek ondorengo ikasketetarako edo laneratzeko beharko duten prestakuntza integrala jaso dezaten.
6. Funtsezko gaitasunak nahiz gaitasun espezifikoak bereganatu eta garatzeko, ikaskuntza egoerak planifikatuko ditu irakasle taldeak. Planteatzen diren ikaskuntza egoerak eta proposatzen diren erronka eta problemak ikasle helduen eguneroko ingurunekoak izanen dira, ikaskuntza esanguratsuagoak eta iraunkorragoak lortzeko.
31. artikulua. Irakasleak eta irakasle taldea.
1. Oro har, kasuan kasuko esparruetako modulu bakoitza irakasle bakar batek emanen du, zeina esparru horiek osatzen dituzten irakasgaietako bati esleitutako espezialitatekoa izanen baita. Horretarako, esparruetako bakoitzean integratutako ikasgaiak 51/2025 Foru Dekretuaren 22.6 artikuluan jasotakoak dira.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, Komunikazioaren eremuan Gaztelania eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntza ikasgaietako irakasle espezialistak edukitzen ahalko dira. A eta D hizkuntza ereduetan, halaber, Euskara eta Literatura ikasmailako irakasle espezialistak edukitzen ahalko dira.
3. Irakasle taldea izanen da ikasleen ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, ikasleen irakasle guztiak. Irakasle taldeak batera jardunen du ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.
4. Modulu bakoitzaren ardura duen irakasleak erabakiko du ikasle bakoitzak modulu horretan duen kalifikazioa, haren gaitasun espezifikoak ebaluatuta.
5. Ikasle jakin baten ebaluazio alderdiei buruzko gainerako erabakiak haren irakasleek adostu beharko dituzte, kontuan izanik moduluetako ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak izanen direla erreferentzia funtsezko gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko. Adostasunik ez badago, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, modulu bakoitzeko boto bat emanen da eta boto guztiek pisu bera izanen dute; abstentzioa ez da inola ere onartuko. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.
6. Ikastetxeko ikasketa buruak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientazioaren arduradunak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio haien arduradunari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, aholkularitza egokia emateko.
7. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, irakasle taldea, tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko da ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak deitu beharko du irakasle taldea.
8. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza prozesuak eta beren irakas-praktika, hobekuntzari begira.
32. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraitutasuna errazteko, irakasleek informazioa etengabe jasoko dute lau hileko ikasmaila bakoitzean zehar, behaketa sistematikoaren, lanen, jardueren eta proba espezifikoen balorazioaren eta beste edozein motatako ebaluazio tresnen bidez.
2. Etengabeko ebaluazio prozesu horren testuinguruan, ikasleak ez badu behar bezala aurrera egiten, hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu beharko dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak bereganatzen direla bermatzea.
33. artikulua. Ikasturte hondarreko ebaluazioa.
1. Lau hileko ikasmaila bakoitzean, hondarreko ebaluazioko saio bat eginen da, tutoreak koordinatua, eta ikasleei eskolak ematen dizkieten irakasleek hartuko dute parte horretan. Hondarreko ebaluazioa modulu bakoitzaren lau hileko ikasmaila osoko ebaluazio prozesuari buruzko balorazio laburtua izanen da.
2. Akaberako ebaluazioaren saioan, aintzat hartuta modulu bakoitzeko gaitasun espezifikoen eskuratze maila, modulu bakoitzeko irakasleek ikasle bakoitzarentzako erabakitako kalifikazioak erregistratuko dira, eta kontuan hartu behar da modulu batek ez duela izaten ahalko kalifikazio positiborik, baldin eta modulu horren mailaz beheragoko moduluak ez badira aurretiaz gainditu edo, hala badagokio, baliozkotu edo salbuetsi.
3. Era berean, azken ebaluazio horretan, irakasle taldeak ikasleen aurrerapenari buruzko balorazioa eginen du, eta dagozkion banakako erabakiak hartuko ditu ikasleen ikaskuntza prozesuan jarraitzea bermatzeko. Era berean, erabakiko du ikasleak igoko diren hurrengo modulura edo titulaziora, hala badagokie. Bilera horretako akta behar bezala bete ondoren, itxi eginen da, eta, gerora aldatu nahi izanez gero, dagokion administrazio eginbidera jo beharko da.
4. Hondarreko ebaluazioaren saioa akitu ondoren, tutoreak ikasle bakoitzari izan duen errendimenduaren berri emanen dio, idatziz zein Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatutako hezkuntza plataforma digitala erabilita, ebaluazio buletinaren bidez.
34. artikulua. Moduluz igotzea aurrez aurreko modalitatean.
Modulu batean kalifikazio positiboa lortzean, esparru horretako hurrengo modulura igoko da ikaslea. Modulua gainditu ez badu, irakasleek ikaslearen prestakuntzaren aurrerapena bultzatzeko neurririk egokiena erabakiko dute:
a) Modulua errepikatzea; halakoetan, ikasleak berriro matrikulatu beharko du modulu horretan.
b) Dagokion esparruko hurrengo modulura igoko da, baldin eta gainditu gabeko irakasgaien izaerak ez badio eragozten hurrengo modulua arrakastaz jarraitzea, eta uste bada errekuperatzeko aukera onak dituela eta maila igoerak mesede eginen diola haren bilakaera akademikoari. Kasu horretan, errekuperazio plan pertsonalizatu bat bete beharko da, ikasleak lortu ez dituen aurreko moduluko ikaskuntzak lortu ditzan. Ikasleak esparruko bi moduluetan matrikulatu beharko du.
35. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradua.
1. Oinarrizko Hezkuntzako irteera profilean ezarritako funtsezko gaitasun guztiak behar bezala eskuratu eta garatu dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradua lortuko dute.
2. Funtsezko gaitasun horiek lortu direla eta, beraz, helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburu orokorrak bete direla ulertzeko, HBHko modulu guztiek kalifikazio positiboarekin edo "BAL", "BALGZLP", "BALHBH" edo "SALB" terminoekin erregistratuta egon beharko dute espediente akademikoan.
3. Era berean, irakasleek batera proposatzen ahalko dute titulu hori ematea HBHko esparruen modulu horietako bat gainditu ez duten pertsonei, baldin eta helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburu orokorrak oro har lortu dituztela uste badute. Horretarako, helburu orokor horiek bete direla ulertuko da funtsezko gaitasunak eskuratu direnean. Erabaki horretan kontuan hartuko dira ikasle bakoitzak dituen prestakuntza aukerak eta jarduera akademiko eta profesionalean integratzeko aukerak.
4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua bakarra izanen da, eta kalifikaziorik gabe emanen da.
36. artikulua. Funtsezko gaitasunen zehaztapena.
HBHko funtsezko gaitasunen eskurapen- eta garapen-mailaren zehaztapena soil-soilik eginen da ikaslea, matrikularen arabera, titulua lortzeko moduan den lau hileko ikasmailan, ondoren adierazitakoari jarraikiz:
a) Titulua jasotzeko proposatutako ikasleentzat "Lortua" terminoa ezarriko da 51/2025 Foru Dekretuaren 22.2 artikuluan aipatzen diren funtsezko gaitasun guztietan.
b) Aipatutako funtsezko gaitasunen bat lortu ez dutelako titulua jasotzeko proposatzen ez diren ikasleen kasuan, bereganatu ez diren funtsezko gaitasunetan soilik jasoko da "Lortu gabea" terminoa.
37. artikulua. Moduluen kalifikazio eskala.
1. Kalifikazioa honako hau da: ebaluazio prozesuan lortutako ebidentzietan oinarrituta ikasleei eskala baten barruan kategoria bat esleitzeko egintza.
2. Moduluen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan.
3. HBHko moduluak progresiboak direla aintzat hartuta, modulu bat "GBP" siglekin kalifikatuko da (gainditu gabe, eduki progresibokoa delako), baldin eta dagokion edo dagozkion azpiko moduluak ez badira aurretiaz gainditu edo, hala badagokio, baliozkotu edo salbuetsi. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, "GBP" terminoak kalifikazio negatiboa izanen du.
4. Baliozkotutako modulu guztiak erregistratzeko orduan "BAL" siglak eta kalifikaziorik ez, "BALHBH" siglak eta kalifikazioa edo "BALGZLP" siglak eta kalifikazioa jaso beharko dira, kasuaren arabera, foru agindu honen 27. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, termino horiek kalifikazio positiboa izanen dute.
5. Salbuespen prozesuan dauden modulu guztiak "SALBP" terminoaz erregistratu beharko dira. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, "SALBP" terminoak kalifikazio negatiboa izanen du.
6. Salbuetsita dauden modulu guztiak "SALB" terminoaz erregistratu beharko dira. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, "SALB" terminoak kalifikazio positiboa izanen du.
38. artikulua. Banako desberdintasunei arreta jartzea.
1. Ikastetxeek neurriak ezarriko dituzte ohikoaz bestelako arreta behar duten helduek, beren inguruabarrak eta lan erritmo desberdinak kontuan hartuta, Oinarrizko Hezkuntzako irteera profilaren funtsezko gaitasunak eskuratu ahal izan ditzaten. Ikasle horiei eman beharreko arretak normalizazioko eta inklusioko printzipioak bete beharko ditu, eta dagozkion malgutasun neurriak eta irisgarritasun aukera metodologikoak hartuko dira.
2. Horretarako, hezkuntza laguntzako edo errefortzuko neurriak aplikatuko zaizkie ikasleei, euren inguruabarrak aintzat hartuta, ikasketa prozesuarekin jarraitzeko, edozein moduluko curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ohikoa ez den hezkuntza arreta behar dutenean. Ebaluaziorako erreferenteak ikaslea matrikulatuta dagoen modulurako eta mailarako ezarritako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira.
3. Era berean, ikastetxeek dagozkion neurriak hartuko dituzte, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleen beharretara egokitzeko.
4. Hartutako neurriak ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.
39. artikulua. Moduluen ebaluazioaren baliozkotasuna.
1. Moduluren bateko ebaluazio positiboak, baliozkotutako moduluak eta modulu salbuetsiak baliozkoak izanen dira Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen ikastetxe guztietan.
2. Hiru esparruetako bakoitzari dagozkion mailetako (I. maila edo II. maila) bat gainditu izanak Espainian izanen du balioa.
40. artikulua. Ebaluazio agiriak eta txostenak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.
2. Hauek dira HBHko ebaluazio agiriak:
- Ebaluazio buletina.
- Hondarreko ebaluazioaren akta.
- HBHko historia akademikoa.
- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.
- Ikasketa espedientea.
Horietatik guztietatik, ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ebaluazio agiri ofizialak.
3. Ebaluazio agiri ofizialetan nahitaez aipatu beharko da 51/2025 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua arautzen duena eta curriculuma ezartzen duena.
4. Artikulu honen 2. apartatuan zehaztutako agiriez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako moduluak eta lortutako balorazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiriak eta ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.
5. Ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikasleen mugikortasuna bermatzeko Espainiako lurralde guztian.
6. Historia akademikoa, egin diren ikasketak egiaztatzeko balioko duena, HBHa akitzean emanen zaie ikasleei.
7. Ikastetxe bat itxi edo bere jarduna bertan behera geratzen bada, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio agiriak lekualdatzeko neurri egokiak hartuko ditu, eta beste ikastetxe publiko bati esleituko dio ixtekoa den ikastetxearen ebaluazio agiri ofizialak zaindu eta gordetzeko ardura.
8. Ikastetxeko idazkaria arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz.
41. artikulua. Ikasleak ikastetxez aldatzea.
1. Baldin eta ikaslea HBHa bukatu aurretik beste ikastetxe batera aldatzen bada, jatorrizko ikastetxeak helmugakora bidali behar du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, helmugakoak eskatuta, ikasketen historiaren kopia batekin batera. Ikastetxe hartzaileak dagokion ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazioa behin betikoa bihurtuko da ikasketen historiaren kopia jaso eta bat.
2. Ez da beharrezkoa izanen aurreko apartatuan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta helmugako ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak partekatzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.
Lehenengo Xedapen Gehigarria. Espedienteen arteko lehia.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruan egiten diren deialdi guztietan, ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra badago eta deialdian ez bada zehaztu kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtzeko eskalarik, honako eskala hau izanen da aplikatzekoa: Gutxiegi (3), Nahiko (5), Ongi (6), Oso ongi (7,5), eta Bikain (9). "BAL" eta "SALB" terminoak ez dira kontuan hartuko.
2. Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, "GBP" eta "SALBP" terminoak kalifikazio negatibotzat hartuko dira, eta horien zenbakizko balioa 3 izanen da.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Ikasleek ebaluazio saioetan parte hartzea.
Gaiaren izaerak hala eskatzen duenean edo talde bateko ikasleek hala eskatzen dutenean, ebaluazio saio baten hasieran edo akaberan, talde horretako ikasleen ordezkariak ikasleen gai orokorrak azaltzeko aukera izanen du.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Informazio eskuragarri eta ulergarria.
Ikastetxeek ikasleei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuta.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.
Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak gaitutako hezkuntza plataforma digitalaren bidez erregistratuko dituzte ebaluazio agiri ofizialetan eskatzen diren datu guztiak, Departamentuak horretarako zehaztutako egunetan.
Bosgarren Xedapen Gehigarria. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako ikasgelak.
Foru agindu honetan Hasierako Irakaskuntzei eta HBHari buruz ezarritakoa aplikagarria izanen da, halaber, Hezkuntza Departamentuak helduentzako Oinarrizko Hezkuntzarako baimendutako ikasgeletan ere.
Seigarren Xedapen Gehigarria. Modalitateen aldiberekotasuna HBHan.
Salbuespen gisa, HBH modalitateen aldiberekotasuna ahalbidetuko da, Hezkuntza Departamentuak, hala badagokio, ezarritako termino eta baldintzetan.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.
1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuari buruzko aholkuak ematea, prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.
2. Era berean, Hezkuntza Ikuskatzailetzako aipatutako zerbitzuak ebaluazio agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.
Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Arau osagarriak.
Oinarrizko Hezkuntzako irakaskuntzei buruz 51/2025 Foru Dekretuan, foru agindu honetan eta Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzari buruzko beste arau espezifiko batzuetan jasota ez dagoen guztian, aplikatzekoa izanen da, modu subsidiarioan, 71/2022 Foru Dekretuak, ekainaren 29koak, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duenak, eta hura garatzen duten arauek ezarritakoa, ikasleen ezaugarri zehatzetara egokituta eta ezertan eragotzi gabe haien inguruabar bereziekiko egokitzapena.
Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Berezitasunak.
Foru agindu honetan eta aplikatzekoa den ordezko araudian ebaluazioari eta mailaz igotzeari dagokienez jaso ez den edozein berezitasun, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute batera.
Lehen Xedapen Iragankorra. Hasierako irakaskuntzak 20252026 ikasturtean, aurretiaz egin dituzten ikasleentzat.
1. Hasierako Irakaskuntzaz arduratzen diren irakasleei dagokie, 2025-2026 ikasturtea baino lehen irakaskuntzok egin dituzten ikasleen espediente akademikoa aintzat hartuta, ikasleok Hasierako Irakaskuntzak I edo Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailetara esleitzea.
Era berean, 2025/2026 ikasturtea baino lehen Hasierako Irakaskuntzak egin eta bertan behera utzi dituzten ikasleen kasuan, ikastetxeek erabakitzen ahalko dute IHBko prozedura bat abiaraztea, baldin eta zuzendaritza taldeak uste badu ikasleak Hasierako Irakaskuntzak utzi zituenetik denbora asko igaro dela, edo inguruabar jakin batzuengatik hala komeni bada.
2. Oro har, ikasleak, esleitu zaion mailaren barruan, arlo guztietan matrikulatu beharko du.
3. Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, Hasierako Irakaskuntzak II ikasmaila 2025-2026 ikasturtea baino lehen egin duten ikasleak II. ikasmailako arlo jakin batzuk egitetik salbuetsita egoten ahalko dira, Hasierako Irakaskuntzetako irakasleek egokitzat jotzen dutenean.
Bigarren Xedapen Iragankorra. HBHa 2025/2026 ikasturtea baino lehen eta HKHLOn (8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa) ezarritakoaren babesean egin duten ikasleak.
1. HBHa 2025/2026 ikasturtea baino lehen eta HKHLOren babesean egin duten ikasleek, irakaskuntza horietako moduluren bat gainditu gabe badute, HLOALOren arabera dagokion irakaskuntza moduluan matrikulatu beharko dute 2025/2026 ikasturtean, alderdi hauek kontuan hartuta:

2. 2025-2026 ikasturtean, ikasleek HKHLOko modulu gainditu gabearen edo gabeen ebaluazioa egin beharko dute, moduluok HLOALO curriculumera egokituta. Irakasleek erabakiko dute HLOALOko moduluaren azken nota, kontuan hartuta, 2025-2026 ikasturtean ikasitakoaz gain, aurreko ikasturteetan lortutako kalifikazio positiboa, hala badagokio.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten da 129/2009 Foru Agindua, abuztuaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, helduen Oinarrizko Hezkuntzaren ezarpena arautzen duena eta jarraibideak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen sarrerari, matrikulazioari eta ebaluazioari buruz.
2. Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
Azken Xedapenetako Lehenengoa. Aldaketa, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 15/2023 Foru Aginduan. Foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordenamendua, antolaketa, ezarpena eta ordutegia arautzen dira, araubide presentzialean eta urrutiko araubidean.
Aldatu egiten da Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 15/2023 Foru Aginduaren 4. artikuluaren (Helduentzako Batxilergoko ikasketetan sartzea eta etapan jarraitzea) 1. apartatua, eta aurrerantzean honela egonen da idatzita:
"1. Helduentzako Batxilergoko irakaskuntzetan sartzen ahalko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Adinari buruzko betekizunak. Egoera hauetatik edozeinetan dauden pertsonak:
-Hemezortzi urte baino gehiago eduki edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzen dutenak.
-Salbuespenez, hamasei urtetik gorakoak, baldin eta eskatzen badute eta ikastetxeetako araubide arruntean joaterik ez badute lan kontratu bat dutelako edo goi-errendimenduko kirolariak direlako.
Era berean, Hezkuntza Departamentuak hamasei urtetik gorakoak onartzen ahalko ditu irakaskuntza hauetan, salbuespenez, baldin eta, behar bezala egiaztatu eta araututako arrazoiak direla kausa, ikastetxe arruntetara joaterik ez badute eta, orobat, adinaren baldintza hori bete eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu ez diren pertsonak badira.
b) Betekizun akademikoak. Honako titulu hauetarikoren bat duten pertsonak:
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.
-Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua.
-Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua.
-Kirol teknikari titulua edo goi mailako kirol teknikari titulua.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Aldaketa, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduan. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleen ebaluazioa, maila igoera eta titulazioa arautzen dira.
1. Aldatu egiten da Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduaren 18. artikulua (Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak [OMHZ]), eta aurrerantzean honela egonen da idatzita:
"18. artikulua. Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak (OMHZ).
1. Ikasleak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo batean sartzen ahalko dira, ziklo horien indarreko araubidean jasotako baldintzen arabera eta foru agindu honen eranskinean jasotako aukerak aintzat hartuz.
2. Oinarrizko Hezkuntzako etapako helburuak eta Irteerako Profilean ezarritako funtsezko gaitasunak bereganatzea erraztuko dute Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloek, eta helburu eta gaitasun horien lorpenak izanen dira ikasleak ebaluatzeko funtsezko erreferentziak, ebaluazio irizpideekin batera.
3. Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo batean sartutako arlo guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute. Bereganatutako lanbide gaitasunak lan arloan justifikatu ahal izateko, apartatu honetan aipatzen diren ikasleek dagokion espezialitateko Oinarrizko Teknikari titulua ere jasoko dute.
4. Artikulu honetan eta Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak arautzen dituzten xedapenetan jasotakoaren arabera ebaluatu eta kalifikatuko dira ziklo horietan diharduten ikasleak".
2. Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduaren eranskina aldatzen da, eta aurrerantzean honela egonen da idatzita:
Honako hau dioen tokian:
CAP 3 Kasu guztietan --” CAP 4 batean sartzea
Honela behar du:
"CAP 3 --” CAP 4 batean sartzea
--” OMHZ batean sartzea (2)"
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Oinarrizko Hezkuntza ezartzeko egutegia.
1. 2025-2026 ikasturtean, 51/2025 Foru Dekretuak arautzen dituen Hasierako Irakaskuntzak I eta Hasierako Irakaskuntzak II ikasmailak ezarriko dira Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horiek emateko behar bezala baimentzen dituen ikastetxe guztietan.
2. 2025-2026 ikasturtean, 51/2025 Foru Dekretuak arautzen dituen Helduentzako Bigarren Hezkuntzako (HBH) irakaskuntzak ezarriko dira Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horiek emateko behar bezala baimentzen dituen ikastetxe guztietan.
Azken Xedapenetako Laugarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA.