76/2025 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 18KOA, KLIMA-ALDAKETAREN ETA ENERGIA-TRANTSIZIOAREN ARLOKO POLITIKARAKO GIZARTE KONTSEILUA SORTZEN DUENA
BON N.º 143 - 17/07/2025
Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko parte-hartze soziala ordezkaritasun zabaleko gizarte kontseilu baten bidez antolatuko da, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak sustatua eta hari atxikia. Jarduera-sektore inplikatu guztiak ordezkatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuetako kideek osatuko dute gizarte kontseilu hori, barne direla administrazio publikoak, enpresak, gizarte erakundeak eta lanbide-elkargoak. Ordezkaritza parekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betez.
Foru lege horren laugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, foru legeak indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak onetsiko du Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua sortzen duen foru dekretua, zeina foru lege horren 8. artikuluan aurreikusita baitago, parte-hartze sozialeko organo hori era dadin foru legeak indarra hartu eta hamabost hilabeteko epearen barrenean.
Aurreko horri jarraikiz, foru dekretu honen xedea da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua sortzea, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Bestalde, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko martxoaren 22ko 9/2023 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen du kontseiluak osoko bilkuraren eta aholku batzordeen bidez beteko dituela esleituta dituen eginkizunak. Batzorde horiek arauz ezarriko dira.
Foru legean aurreikusitako aholku batzordeetako bat Klima-aldaketaren Aholku Batzordea da.
Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko martxoaren 22ko 9/2023 Foru Legeak bigarren xedapen iragankorrean ezartzen duenez, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren mendeko aholku batzordeen osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituen arauzko xedapena onesten ez den bitartean, Klima-aldaketaren Aholku Batzorde gisa arituko da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua.
Horregatik guztiagatik, foru dekretu honen bidez, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak bere gain hartzen du Klima-aldaketaren Aholku Batzordearen eginkizuna, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko martxoaren 22ko 9/2023 Foru Legean ezarritako ondorioetarako. Horren guztiaren helburua da gai honetan eskumena duen kide anitzeko organo gehiagorik ez sortzea.
Era berean, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua eragile anitzeko plataforma da, Nafarroako Klima-aldaketaren bide-orriko gobernantza sisteman (KLINA) aurreikusita dagoena.
Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren hemezortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Klimaaldaketaren eta Energiatrantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua.
1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua sortzen da, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko parte-hartze sozialerako organoa izateko, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua ingurumeneko eskumenak dituen departamentuari atxikita egonen da, eta hark emanen dizkio egoki funtzionatzeko behar dituen baliabide materialak eta langileak.
Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua Klima-aldaketaren Aholku Batzorde gisa arituko da, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko martxoaren 22ko 9/2023 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.
Bigarren xedapen gehigarria.-Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua eratzea.
Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua gehienez ere hiru hilabeteko epean eratuko da, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik.
Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaikuntza.
Gaikuntza ematen zaio ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.