51/2025 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 14KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HELDUENTZAKO OINARRIZKO HEZKUNTZAREN ANTOLAMENDUA ARAUTZEN DUENA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DUENA
BON N.º 133 - 04/07/2025
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK
III. KAPITULUA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA (HBH)
Adin guztietan jakintzak eskuratzeko posibilitatea izateak aukera ematen du aitorpen ofiziala duten kualifikazioak lortzeko, gaitasunak garatzeko -sozialak ere bai- eta errealizazio pertsonala sentitzeko. Era berean, beste kultura batzuetara eta aukera berrietara irekitzen gaitu, eta herritartasun aktiborako prestatzen gaitu.
Horrela, ekainaren 21eko 19/2002 Foru Legearen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako hezkuntza arautzea, eta hura egituratu, garatu, koordinatu eta ebaluatzeko mekanismo eta instrumentuak ezartzea.
Halaber, hala xedatzen baitu 5. artikuluan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako idazketa berrian, pertsona guztiek izan behar dute bizitzan zehar prestatzeko aukera, garapen pertsonal zein profesionalerako behar dituzten gaitasunak, ezagutzak, abileziak, trebetasunak eta konpetentziak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko, eta hezkuntza sistemak erraztu behar die helduei ikasketetan sartzea, bidea izan dezaten ikaskuntza hori beste erantzukizun eta jarduera batzuekin uztartzeko. Horrez gain, artikulu berean adierazten denez, administrazio publikoei dagokie ikaskuntzarako eskaintza malguak sustatzea, hezkuntza sistema titulaziorik gabe utzi zuten gazte eta helduek modua izan dezaten oinarrizko konpetentziak eta, kasua bada, behar diren titulazioak eskuratzeko.
Ildo horretatik, aipatu maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak I. tituluko IX. kapituluan arautzen du helduentzako hezkuntza, eta, zehazki, 68. artikuluan xedatzen du Oinarrizko Hezkuntzari dagozkion konpetentziak eta ezagutzak eskuratu nahi dituzten helduei beren egoerara eta premietara egokitutako eskaintza eginen zaiela, eta hezkuntza administrazioek, beren eskumenen eremuan, probak antolatu beharko dituztela aldizka hemezortzi urtetik gorakoek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortu ahal izateko, betiere, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatuz.
Martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituenak, etapa horren helburu, xede eta printzipio orokor eta pedagogikoak jasotzen ditu, lege organikoak jada definituta dituenak. Horretaz gainera, ezartzen du oinarrizko irakaskuntza amaitzean nolako irteera-profila izanen duten ikasleek, non zehazten baitira etaparen amaieran aurreikusitako funtsezko konpetentziak eta konpetentzia horien garapen maila.
Halaber, aipatu errege dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak, helduentzako hezkuntzari buruzkoak, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak irakaskuntza horietarako xedatutakoa jasotzen du eta irakaskuntzen egitura ezartzen du.
Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak zein aipatu errege dekretuak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren bidez, eta laugarren xedapen gehigarrian zehaztu zituen Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako Oinarrizko Hezkuntza arautuko duten oinarrizko ildoak.
19/2002 Foru Legearen esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua arautzea, eta, ondorioz, irakaskuntza horien curriculuma ezartzea ere.
Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren hamalauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua arautzea eta curriculuma ezartzea helburu duen foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan aplikatuko da, baldin eta, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta, helduentzako Oinarrizko Hezkuntza ematen badute.
2. artikulua. Curriculuma.
1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntza jarduna arautzen duten helburuez, oinarrizko gaitasunez, konpetentziez (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiez, metodo pedagogikoez eta ebaluazio irizpideez osatutako multzoa.
2. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma foru dekretu honen I., II. eta III. eranskinetan jaso da.
3. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, foru dekretu honetan ezarritako helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma garatuko dute, bai eta, hala badagokio, osatuko ere, eta zehaztapen hori beren hezkuntza proiektuaren parte izanen da.
4. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen, proposamen pedagogiko eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatuta, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen beharrei erantzuteko.
3. artikulua. Definizioak.
Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:
a) Helburuak: ikasleek helduentzako Oinarrizko Hezkuntza amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta daudenak.
b) Oinarrizko gaitasunak: funtsezko konpetentzien oinarritzat jotzen diren jardunak. Ezagutza, trebetasun eta jarrera funtzional eta egokiak izatea eskatzen dute, bai eta horiek eguneroko hainbat egoeratan aplikatzeko gaitasuna ere.
c) Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuan jasota daude, zehazki, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean izan beharreko irteera-profilean. Konpetentziok lortu dira Espainiako hezkuntza sistemara egokituta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan ezarritako funtsezko konpetentziak (gomendio horrek hizpide ditu etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziak).
d) Funtsezko konpetentzien deskriptore operatiboak: erreferentzia esparrua, konpetentzia espezifikoak eta funtsezko konpetentziak lotzen dituena, bide ematen duena konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze maila zehazteko.
e) Konpetentzia espezifikoak: ikasleek zenbait jarduera edo egoeratan betetzeko gai izan behar duten jardunak, jarduera edo egoera horiei heltzeko beharrezkoak direnean arlo edo esparru bakoitzaren oinarrizko jakintzak. Konpetentzia espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, ikasleen irteera-profila, eta, bestetik, arlo edo esparruen oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.
f) Oinarrizko jakintzak: arlo edo esparru bati dagozkion edukiak osatzen dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak bereganatzeko ikasi beharrekoak.
g) Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.
h) Ebaluazio irizpideak: erreferentziak, egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun mailak adierazten dituztenak; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, arlo edo esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.
i) Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.
j) Ikasleen irteera-profila: tresna bat, zeinetan zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek Oinarrizko Hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten funtsezko konpetentziak.
4. artikulua. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren egitura.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzak etapa hauek ditu barnean:
a) Hasierako Irakaskuntzak.
b) Helduentzako Bigarren Hezkuntza (HBH).
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburua honako hau da: hemezortzi urtetik gorako guztiei aukera eskaintzea beren garapen pertsonalerako eta profesionalerako ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko, eguneratzeko, osatzeko edo zabaltzeko.
6. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Oinarrizko Hezkuntzako konpetentziak eta ezagutzak eskuratu nahi dituzten helduen egoera eta premietara egokitzeko helburuarekin, helduentzako Oinarrizko Hezkuntza honako hauek ahalbidetzeko moduan antolatuko da:
a) Ikaskuntza beste erantzukizun eta jarduera batzuekin uztartzea.
b) Eskaintzaren malgutasuna, hezkuntza sistema titulaziorik gabe utzi zuten pertsonek aukera izan dezaten funtsezko konpetentziak eta, kasua bada, dagokien titulazioa eskuratzeko.
c) Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren eremuko ikaskuntzak lortzea, eta ikaskuntza horiek aintzatesteko neurriak hartzea.
d) Informazioa eta orientazioa jasotzea gizarteratzea eta laneratzea hobetzeko hezkuntza eta prestakuntza aukerei buruz.
e) Konpetentziak garatzeko ikaskuntza esanguratsua, horretarako autonomia eta hausnarketa sustatuz.
2. Ikastetxeek, halaber, behar diren neurriak hartuko dituzte aukera berdintasuna ziurtatzeko, eta baita diskriminaziorik eza ere, jaiotza, sexu, arraza edo etnia jatorri, desgaitasun, adin, gaixotasun, erlijio edo sinesmen, sexu orientazio edo genero identitate edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.
7. artikulua. Printzipio pedagogikoak.
1. Ikastetxeek irakaskuntza hauetako ikasleentzako proposamen pedagogikoak eginen dituzte, ikasle horien aniztasuna kontuan hartuta. Halaber, ikasle guztiek ez dutela erritmo berean ikasten kontuan hartzen duten metodoak zehaztuko dituzte, nork bere kabuz ikasteko gaitasuna areagotzen dutenak.
2. Berariazko tratamendua alde batera utzi gabe, arlo edo esparru guztietan landuko dira irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, konpetentzia digitala, ekintzailetza soziala eta enpresakoa, espiritu kritikoaren eta zientifikoaren sustapena, hezkuntza emozionala eta balioen hezkuntza, genero berdintasuna eta sormena.
3. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan, ahozko ulermena, adierazpena eta interakzioa lehenetsiko dira. Gaztelania eta, hala badagokio, euskara hizkuntza horien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez da erabiliko.
4. Irakaskuntza horien metodologia malgua, irekia eta inklusiboa izanen da, autoikaskuntza eta autonomia pertsonalaren garapena sustatuko ditu, eta kontuan hartuko ditu biztanleria helduaren berezitasunak; izan ere, helduen ikaskuntza prozesuak esperientzia pertsonalak abiapuntu gisa hartzen dituen eta hezkuntza laguntzako berariazko premiei arreta berezia jartzen dien planteamendu metodologikoa behar du.
5. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzak sustatuko du foru dekretu honen I. eranskinean aipatzen diren oinarrizko gaitasunak eta funtsezko konpetentziak eskuratu, finkatu eta zabaltzea, ikaskuntza prozesu esanguratsuen bitartez, eta helduen premia, esperientzia eta bizipenekin lotura duten proiektuak eginez. Horretarako, probetxua aterako zaie ikasle bakoitzaren jakinduria kulturalaren potentzial hezitzaileari eta lortutako ikaskuntza formal, ez-formal eta informalei.
6. Prestakuntza behar pertsonaletara eta bakoitzaren ikaskuntza erritmoetara hobeki egokitzeko, betiere kalitatea bermatuz, hezkuntzaren esparruko teknologia digitalak lehenesten dituzten irakaskuntza-prozesuak diseinatuko dira.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzak helburu hauek ditu:
a) Oinarrizko prestakuntza bat lortzea; ezagutzak, abileziak eta trebetasunak modu jarraituan zabaldu eta berritzea; eta hezkuntza sistemako gainerako irakaskuntzetarako sarbidea erraztea.
b) Beren lanbide prestakuntza hobetzea edo beste lanbide batzuetan jarduteko prestaketa eskuratzea.
c) Adierazpenaren, komunikazioaren, pertsonen arteko harremanen eta ezagutzaren eraikuntzaren eremuetan gaitasun pertsonalak garatzea.
d) Bizitza sozialean, kulturalean, politikoan eta ekonomikoan parte hartzeko gaitasuna garatzea, eta herritartasun demokratikorako eskubidea gauzatzea.
e) Gizarte bazterkeriaren arriskuak (sektorerik ahulenenak bereziki) zuzentzeko programak garatzea.
f) Biztanleriaren pixkanakako zahartzeak dakartzan erronkei behar bezala erantzutea eta, horretarako, zaharrenei beren gaitasunak gehitzeko eta eguneratzeko aukera ziurtatzea.
g) Gatazka pertsonalei, familiakoei eta sozialei aurrea hartzea eta era baketsuan ebaztea. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra sustatzea eta horien arteko desberdintasunak kritikoki aztertzea eta balioestea.
h) Enpresak sortzeko eta enpresen jarduera eta ekimenak gauzatzeko behar diren ezagutzak, abileziak eta trebetasunak eskuratu, zabaldu eta berritzea, bai eta zainketen ekonomiarako, gizarte lankidetzarako eta herritarren konpromisorako behar direnak ere.
i) Garapen jasangarriarekin eta klima aldaketaren zein ingurumen, osasun edo ekonomia krisien eraginekin lotutako jarrerak garatu eta ezagutzak eskuratzea, eta osasuna eta elikadura ohitura osasuntsuak sustatzea, egoneko bizitza murriztuz.
9. artikulua. Irakaskuntza modalitateak.
Hezkuntza Departamentuari dagokio helduentzako Oinarrizko Hezkuntza emateko modalitateak araudi bidez xedatzea, aukera hauen artean: aurrez aurrekoa, semipresentziala eta urrutikoa.
10. artikulua. Hartzaileak.
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntza jasotzen ahalko dute baldintza hauetako bat betetzen dutenek:
a) Hemezortzi urtetik gorakoak izatea edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzea.
b) Salbuespenez eta hala eskatzen badute, hamasei urtetik gorakoak izatea, baldin eta ikastetxeetara araubide arruntean joaterik ez badute, lan kontratu bat dutelako edo goi mailako kirolariak direlako.
c) Era berean, Hezkuntza Departamentuak hamasei urtetik gorakoak onartzen ahalko ditu irakaskuntza hauetan, salbuespenez, baldin eta, behar bezala egiaztatu eta araututako arrazoiak direla kausa, ikastetxe arruntetara joaterik ez badute eta, orobat, adinaren baldintza hori bete eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu ez diren pertsonak badira.
11. artikulua. Tutoretza eta orientazioa.
1. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzan, orientazioak eta tutoretza lanak ikasleen hezkuntza prozesuan lagunduko dute, bakarkakoan nahiz kolektiboan.
2. Ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du, eta hark koordinatuko ditu tutoretza ekintza planaren aplikazioa eta garapena, hezkuntza eta lanbide orientaziorako departamentuarekin lankidetzan.
3. Tutoretza lana gauzatzean, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako egokiak diren irisgarritasun neurriak aplikatuko dira.
12. artikulua. Banako desberdintasunei erantzutea.
1. Ikastetxeek neurriak ezarriko dituzte ohikoaz bestelako arreta behar duten helduek, beren inguruabarrak eta lan erritmo desberdinak kontuan hartuta, oinarrizko gaitasunak eskuratu ahal izan ditzaten, Hasierako Irakaskuntzen kasuan, eta irteera-profilaren funtsezko konpetentziak, Helduen Oinarrizko Hezkuntzaren kasuan. Horrela, helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak erdietsiko dituzte. Ikasle horiei eman beharreko arreta normalizazio eta inklusio printzipioek gidatuko dute.
2. Ondore horretarako, egokiak diren malgutze neurriak eta aukera metodologikoak eskainiko dira. Neurri horiek ez dira inola ere kontuan hartuko ikasleek lortutako kalifikazioak beheratzeko, eta ez dute inolako bereizkeriarik sortuko, onuradunei dagokien titulazioa lortzea galarazten dienik.
13. artikulua. Ikastetxeen autonomia.
1. Hezkuntza Departamentuak erraztuko die ikastetxeei beren autonomia pedagogikoaz, antolaketakoaz eta kudeaketakoaz baliatzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta lege hori garatzen duten arauetan jasotako baldintzetan, eta irakasleen talde lana sustatuko du.
2. Hezkuntza Departamentuari dagokio, halaber, curriculuma garatzen laguntzea eta irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatzea, horien bidez ikasleen eta irakasleen beharrei erantzuteko, betiere Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei men eginez.
3. Foru dekretu honetan ezarritako curriculuma zehaztu edo egokituko dute ikastetxeek, eta beren hezkuntza proiektuetan txertatuko dute. Zehaztapen horrek bultzatu eta garatuko ditu herritar aktibo izatera bideratuta eta konpetentzietan oinarrituta dagoen ikaskuntzari dagozkion printzipioak, helburuak eta metodologia.
14. artikulua. Ebaluazio agiriak eta txostenak.
1. Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzan, ebaluazio agiri ofizialak honakoak dira: ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.
2. Ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikasleen mugikortasuna bermatzeko Espainiako lurralde guztian.
3. Ebaluazio agiri ofizialetan foru dekretu honen aipamena jaso beharko da. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
15. artikulua. Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.
1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea desagertu edo azkentzen bada.
2. Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.
4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.
II. KAPITULUA. HASIERAKO IRAKASKUNTZAK
16. artikulua. Hasierako Irakaskuntzen antolaketa.
1. Helduentzako Hasierako Irakaskuntzak bi mailatan antolatzen dira: Hasierako Irakaskuntzak I eta Hasierako Irakaskuntzak II. Maila bakoitza ikasturte batean eginen da.
2. Helduentzako Hasierako Irakaskuntzek ez dute denboran irauteko mugarik izanen, eta, oro har, aurrez aurreko modalitatean emanen dira.
17. artikulua. Hasierako Irakaskuntzen curriculuma.
1. Helduentzako Hasierako Irakaskuntzen etapako curriculumak oinarri hartzen du oinarrizko gaitasunen garapena, jasota dagoena Europar Batasuneko Kontseiluaren 2016ko abenduaren 19ko Gomendioan ("Gaitasunak hobetzeko ibilbideak: helduentzako aukera berriak"). Ikasleek etapa honetan eskuratzen dituzten ikaskuntzek, alde batetik, beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak emanen dizkiete helduei bizitza pertsonaleko, prestakuntzako, gizarteko eta laneko hainbat egoeratan ongi moldatzeko, eta, bestetik, HBHn irteera-profilaren funtsezko konpetentziak garatzeko oinarria osatuko dute.
2. Hauek dira Oinarriko Hezkuntzako irteera-profilaren funtsezko konpetentziak garatzen lagunduko duten oinarrizko gaitasunak, Foru dekretu honen I. eranskinean ezarri direnak: komunikatzeko gaitasuna, gaitasun digitala eta gaitasun matematikoa.
3. Ondore horretarako, maila bakoitzean ematen diren Hasierako Irakaskuntzen curriculumeko hiru arloen erreferentziak oinarrizko ikaskuntza instrumentalak dira, eta hauek dira:
a) Komunikazioaren arloa.
b) Arlo digitala.
c) Matematikaren arloa.
4. Foru dekretu honen II. eranskinean arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, etaparen bi ikasmailetarako komunak direnak, bai eta arlo bakoitzerako ebaluazio irizpideak eta edukiak ere, oinarrizko jakintza gisa emanak.
5. Ikastetxeek diseinatu eta ezarriko dituzte ikasmaila bakoitzerako metodo pedagogikoak, helburua dela ikasleek ondorengo ikasketetarako edo mundu profesionalean txertatzeko beharko duten prestakuntza integrala bilatzea.
6. Komunikazioaren arloa eta arlo digital eta matematikoa era globalizatuan lantzeko, eta baita arlo horietako konpetentzia espezifikoak eskuratu eta garatzeko ere, irakaskuntza horien programazio didaktikoan ahalegina eginen da gutxienez ere bi arlotako konpetentzia espezifikoak jorratzen dituzten ikaskuntza egoerak diseinatzeko.
7. Egoera horiek zeregin konplexuak eta problemak planteatzen dituzten ikaskuntza jarduerak izanen dituzte barnean, eta, arazoak ebazteko, ikasleek modu integratuan aplikatu beharko dituzte Hasierako Irakaskuntzen berezko ikaskuntzak. Ondorioz, honako hauek ikasteko balio beharko dute egoerek: gaztelaniazko eta, hala badagokio, euskarazko irakurketa-idazketa eta komunikazioaren oinarrizko alderdiak; kalkulua, formak eta neurriak, grafikoak eta estatistikak; eta tresna eta teknologia digitalek ikasleen bizitza pertsonalean, gizartean, prestakuntzan eta lanean dituzten erabilgarritasuna eta aplikazioa.
18. artikulua. Hasierako Irakaskuntzetara sartzea.
1. Foru dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoari kalte egin gabe, irakaskuntza hauetara sartzeko Ikaskuntzen Hasierako Balorazioa (IHB) beharko da. Balorazio hori orientazio moduan erabiliko du ikastetxeak ikasleak Hasierako Irakaskuntzak I edo Hasierako Irakaskuntzak II mailan kokatzeko.
2. Hasierako balorazio horren helburua da ikasleen ezagutza eta konpetentziei buruzko informazioa biltzea, hezkuntza formalaren bidez zein hezkuntza ez-formalaren edo informalaren bidez eskuratu badira ere, eta baita ikasleen itxaropen eta interesak ezagutzea ere.
3. Oro har, Hasierako Irakaskuntzak ematen dituzten irakasleen taldeak eginen du Ikaskuntzen Hasierako Balorazioa.
19. artikulua. Ebaluazioa.
1. Ebaluazioa hezkuntza prozesuaren parte da, eta garapena eta ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko erabili behar da. Horrela, aurrerapena egiaztatzen da eta zailtasunak atzematen dira, behar diren neurriak hartu ahal izateko ikasleek beren prestakuntza prozesuarekin aurrera jarrai dezaten.
2. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek bermatuko dute ikasleen eskubidea ebaluazio objektiboa jasotzeko eta haien dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratu eta aitortu daitezen, eta, horretarako, prozedura egokiak ezarriko dituzte, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak. Alde horretatik, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabilerrazak eta ikaskuntza egoeretara egokitutakoak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Bermatuko da, halaber, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharrekin bat etortzea.
3. Ikasleen ebaluazioa etengabekoa, hezigarria eta integratzailea izanen da, eta foru dekretu honen II. eranskinean jaso den curriculuma osatzen duten maila eta arlo bakoitzerako bereiziko da.
4. Ikasleak ebaluatzeko erreferentziak curriculumean ezarritako arlo eta maila bakoitzeko konpetentzia espezifikoen ebaluazio irizpideak izanen dira.
5. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza-prozesuak eta beren irakas-praktika, hobekuntzari begira.
20. artikulua. Mailaz igotzea.
1. Maila bakoitzeko amaierako ebaluazioan, ikasle taldearen irakasle guztiek elkarrekin hartuko dituzte irakaskuntza hauetako hurrengo mailara igotzeari buruzko erabakiak, betiere arlo bakoitzean erdietsi diren helburuak eta eskuratu diren konpetentzia espezifikoak aintzat hartuta.
2. Hasierako Irakaskuntzak I mailako arlo guztiak gainditu badituzte, Hasierako Irakaskuntzak II mailara igotzen ahalko dira. Bestela, irakasle guztiek elkarrekin erabakiko dute ikaslearen hezkuntza prozesuan laguntzeko neurririk egokiena zein den: maila berean jarraitzea edo Hasierako Irakaskuntzak II mailara igotzea, betiere, azken kasu horretan, lortu ez diren ikaskuntzen izaerak ez badu hurrengo ikasmaila behar bezala jarraitzea galarazten, berreskuratzeko aukera onak dituela uste badute eta mailaz igotzea bilakaera akademikoaren mesedetan izanen dela uste badute. Hasierako Irakaskuntzak II mailara igotzea erabakitzen badute, berreskurapen plan pertsonalizatu bati jarraituko zaio, ikasleak lortu ez dituen aurreko mailako ikaskuntzak lortu ditzan.
3. Hasierako Irakaskuntzak II mailako arlo guztiak gainditu dituzten ikasleak Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igoko dira.
4. Era berean, irakasleen taldeak ikasleak HBHra igotzea erabakitzen ahalko dute igoera hori ikaslearen hezkuntza prozesurako egokiena dela uste badute. Bestela, ikasleak maila berean jarraituko du irakasleek Helduentzako Bigarren Hezkuntzara igotzeko erabakia hartzen duten arte.
III. KAPITULUA. HELDUENTZAKO BIGARREN HEZKUNTZA (HBH)
21. artikulua. Helduentzako Bigarren Hezkuntzaren antolaketa.
1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak modulutan antolatzen dira, hiru esparrutan: komunikazio esparrua, gizarte esparrua, eta zientzia eta teknologia esparrua. Esparru guztiak garatuko dira irakaskuntza hauek osatzen dituzten lau hilabeteko lau ikasmailetan.
2. Lehen bi ikasmailek irakaskuntzen I. maila osatzen dute, eta hirugarren eta laugarren ikasmailek, II. maila.
3. Hona hemen ikasmailetako moduluen antolaketa:
a) Lehen ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 1, gizarte esparrua 1 eta zientzia eta teknologia esparrua 1.
b) Bigarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 2, gizarte esparrua 2 eta zientzia eta teknologia esparrua 2.
c) Hirugarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 3, gizarte esparrua 3 eta zientzia eta teknologia esparrua 3.
d) Laugarren ikasmailako moduluak: Komunikazio esparrua 4, gizarte esparrua 4 eta zientzia eta teknologia esparrua 4.
4. HBHko irakaskuntzek ez dute denboran irauteko mugarik izanen, eta, oro har, bi modalitatetan emanen dira: aurrez aurrekoa eta urrutikoa.
22. artikulua. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako curriculuma.
1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako curriculuma kokatuta dago Europar Batasuneko Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 22an, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz emandako gomendioan ezartzen diren funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzeko beharraren esparruan. Funtsezko konpetentzia horiek, egokituta, osatzen dute Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasleek lortu zuten irteera-profila, bilduta dagoena, IV. eranskinean, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan. Helduentzako hezkuntzaren kasuan, irteera-profil hori Helduentzako Bigarren Hezkuntzaren (HBH) etapa osatzean lortuko da.
Irteera-profileko funtsezko konpetentzia horietako bakoitzerako finkatzen dira deskriptore operatiboak, esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoak zehazteko erreferentzia esparrua osatzen dutenak. Deskriptore operatiboen eta konpetentzia espezifikoen arteko lotura horrek bide ematen du konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze maila zehazteko, bai eta, beraz, etapan aurreikusitako helburuen lorpena ere.
2. Hauek dira irteera-profilaren funtsezko konpetentziak, foru dekretu honen I. eranskinean ere jaso direnak:
- Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.
- Eleaniztasunerako konpetentzia.
- Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.
- Konpetentzia digitala.
- Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.
- Herritar konpetentzia.
- Ekimenerako konpetentzia.
- Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.
3. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzek (foru dekretu honen III. eranskinean ageri da haien curriculuma) helburu dute bermatzea funtsezko konpetentziak eskuratu eta gara daitezen. III. eranskin horretan, esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, etapa honetako ikasmaila guztietarako komunak direnak, bai eta irteera-profilaren deskriptoreekin duten konexioa eta ebaluazio irizpide eta edukiak ere, oinarrizko jakintza gisa emanak.
4. Ikastetxeek diseinatu eta ezarriko dituzte ikasmaila bakoitzerako metodo pedagogikoak, helburua dela ikasleek ondorengo ikasketetarako edo mundu profesionalean txertatzeko beharko duten prestakuntza integrala bilatzea.
5. Funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak bereganatu eta garatzeko, ikaskuntza egoerak planifikatuko ditu irakasle taldeak. Planteatzen diren ikaskuntza egoerak eta proposatzen diren erronka eta problemak ikasle helduen eguneroko ingurunekoak izanen dira, ikaskuntza esanguratsuagoak eta iraunkorragoak lortzeko.
6. HBHren curriculuma osatzen duten hiru esparruek ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan jasotzen den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma hartzen dute erreferentzia gisa, jarraian adierazitako moduan:
a) Komunikazio esparrua: barnean hartzen ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculumeko Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Hizkuntza eta, A eta D hizkuntza-ereduen kasuan, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaien oinarrizko alderdiak.
b) Gizarte esparrua: barnean hartzen ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculumeko Geografia eta Historia eta Balio Zibikoen eta Etikoen Hezkuntza irakasgaien oinarrizko alderdiak.
c) Esparru zientifiko-teknologikoa: barnean hartzen ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculumeko Fisika eta Kimika, Biologia eta Geologia, Teknologia eta Digitalizazioa, Teknologia, Digitalizazioa eta Matematika irakasgaien oinarrizko alderdiak.
23. artikulua. Helduentzako Bigarren Hezkuntzan sartzea.
1. HBHren I. mailako lehen ikasmailara sartzen ahalko dira Hasierako Irakaskuntzak II mailatik igotzeko proposamena jaso duten pertsonak.
2. Bestalde, foru dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, ikasleak HBHra sartzen ahalko dira, halaber, baldin eta aurretiaz gainditu dituzten irakaskuntza formalen baliokidetasunaren aintzatespena lortu badute, Hezkuntza Departamentuak araudi bidez xedatutakoari jarraikiz.
3. Era berean, foru dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, aurreko bi apartatuetako bat egiaztatzeko agiririk ez duten ikasleak Helduentzako Bigarren Hezkuntzara sartzen ahalko dira Ikaskuntzen Hasierako Balorazioaren (IHB) prozedura bidez. Salbuespenez, eta egiaztagiri horiek izanda ere, ikasle interesdunak Ikaskuntzen Hasierako Balorazioaren bidez sartzen ahalko dira HBHra, Hezkuntza Departamentuak araudi bidez xedatutakoari jarraikiz.
4. Ikaskuntzen Hasierako Balorazioa ikastetxeko irakasleek eginen dute, eta haren bidez baloratuko da noraino lortu dituzten ikasleek curriculumeko konpetentziak, baita ikaskuntza formal, ez-formal eta informalak ere. Horrez gain, balorazio horrek orientazioa emanen dio ikastetxeari erabaki dezan zein den modulu egokiena ikaslearentzat esparru bakoitzean. Horretarako, konpetentzia probak eginen dizkie ikastetxeak ikasleei, eta informazioa eta orientazioa emateko elkarrizketa pertsonala ere egiten ahalko du, egokitzat jotzen badu.
24. artikulua. Ebaluazioa.
1. Ebaluazioa hezkuntza prozesuaren parte da, eta garapena eta ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko erabili behar da. Horrela, aurrerapena egiaztatzen da eta zailtasunak atzematen dira, behar diren neurriak hartu ahal izateko ikasleek beren prestakuntza prozesuarekin aurrera jarrai dezaten.
2. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek bermatuta, ikasleek eskubidea izanen dute ebaluazio objektiboa jasotzeko eta haien dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratua eta aitortua izateko. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko dituzte, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak. Alde horretatik, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabilerrazak eta ikaskuntza egoeretara egokitutakoak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Bermatuko da, halaber, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharrekin bat etortzea.
3. Ikasleen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa, integratzailea eta bereizia izanen da, eta, erreferentzia nagusi gisa, kontuan hartuko du, alde batetik, foru dekretu honetan ezarritako helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortu diren, eta bestetik, noraino erdietsi diren Oinarrizko Hezkuntzaren irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak, modulu, maila eta esparru guztiei dagokienez.
4. Ebaluazioaren izaera integratzaileak ez du galaraziko irakasleek modulu bakoitza bereizita ebaluatzea, konpetentzia espezifikoen ebaluazio irizpideak aintzat harturik. Ebaluazio irizpide horiek bide emanen dute baloratu dadin aurrerapenik izan den ikaskuntza prozesu osoan, eta, etapa amaitzean, noraino garatu diren funtsezko konpetentziak.
5. Esparru bateko modulu batean jasotzen den ebaluazio positiboak Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen ikastetxe guztietan izanen du balioa.
6. Hiru esparruetako bakoitzari dagozkion mailetako bat (I. maila edo II. maila) gainditu izanak Estatu osoan izanen du balioa.
7. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza-prozesuak eta beren irakas-praktika, hobekuntzari begira.
25. artikulua. Mailaz igotzea.
Aurrez aurreko modalitatean, modulu bat gainditzean, esparru horri dagokion hurrengo modulura igoko da ikaslea. Modulua gainditzen ez bada, irakasleek erabakiko dute ikaslearen prestakuntza prozesuan laguntzeko neurririk egokiena zein den: modulua errepikatzea edo esparruari dagokion hurrengo modulura igotzea. Azken kasu horretan, lortu ez diren ikaskuntzen izaerak ez du galaraziko hurrengo moduluan behar bezala jarraitzea, eta, irakasleen ustez, ikasleak modulua berreskuratzeko aukera onak izanen ditu eta moduluz igotzea bilakaera akademikoaren mesedetan izanen da. Azken kasu honetan, esparruko hurrengo modulura igotzea erabakitzen badute, berreskurapen plan pertsonalizatu bat jarraituko da, ikasleak lortu ez dituen aurreko moduluko ikaskuntzak lortu ditzan.
26. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.
1. HBHren hiru esparruetako modulu guztiak gainditzeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko eskubidea emanen du.
2. Era berean, irakasle taldeak modu kolegiatuan proposatzen ahalko du titulu hori ematea esparru horietako bat gainditu ez dutenei, baldin eta pentsatzen bada helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren helburu orokorrak oro har lortu dituztela. Ondore horietarako, helburu orokor horiek lortutzat emanen dira Oinarrizko Hezkuntzaren irteera-profilean ezarritako funtsezko konpetentziak eskuratu badira. Erabaki horretan kontuan hartuko dira ikasle bakoitzak dituen prestakuntza aukerak eta jarduera akademiko eta profesionalean integratzeko aukerak.
27. artikulua. Irakasleak.
1. Oro har, esparru bakoitza irakasle bakar batek emanen du, eta esparrua osatzen duen irakasgaietako bateko espezialista izanen da.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, komunikazio esparruan atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistak sartzen ahalko dira, eta, A ereduaren kasuan, Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasle espezialistak ere.
Lehen xedapen gehigarria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko probak.
1. Hala xedatzen baitu hirugarren xedapen gehigarriaren 8. apartatuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako antolaketa eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuak, Hezkuntza Departamentuak aldian behin antolatuko ditu hemezortzi urtetik gorakoei zuzendutako probak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenki lortzekoak.
2. Proba horiek Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru ezagutza esparruetan oinarrituta antolatuko dira. Esparruen curriculuma foru dekretu honen III. eranskinean jasotzen da.
Bigarren xedapen gehigarria. Arau osagarriak.
Helduentzako Bigarren Hezkuntzaren alderdiei dagokienez foru dekretu honetan edo hura garatzen duen araudian jasotzen ez den orotan, aplikatu beharko da, oro har, xedatuta dagoena Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan edo hura garatzen duen araudian.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten da 61/2009 Foru Dekretua, uztailaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitatean Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
2. Indarrik gabe uzten da 10/2018 Foru Agindua, urtarrilaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.
3. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Aldatzea 71/2022 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.
Aipatu 71/2022 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriko 2.c) apartatua aldatu da, eta idazketa hau izanen du hemendik aurrera:
"c) Esparru zientifiko-teknologikoa, non foru dekretu honetan jasotako irakaskuntzen oinarrizko alderdiak sartuko baitira, honako ikasgai hauei dagokienez:
-Fisika eta Kimika.
-Biologia eta Geologia.
-Matematika.
-Teknologia eta Digitalizazioa.
-Teknologia.
-Digitalizazioa."
Azken xedapenetako bigarrena. Ezarpen egutegia.
Foru dekretu honetan xedatutakoa 2025-2026 ikasturtean ezarriko da.
Azken xedapenetako hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.
Ahalmena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA
Helduentzako Oinarrizko Hezkuntza