(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/2025 FORU LEGEA, EKAINAREN 4KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO LANGILEEN ARLOKO APARTEKO ETA PREMIAZKO NEURRIAK ONESTEN DITUENA

BON N.º 119 - 16/06/2025



HITZAURREA

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen bidez, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasun handia murrizteko beharrezkoak diren egiturazko erreformak egin ziren, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin bat. Plan horrek Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso du. Lege horrek administrazio publikoetako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesu bat egitea aurreikusten zuen, helburua baita enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murriztea eta gehienez ere %8ko egiturazko behin-behinekotasuna lortzea administrazio publiko guztietan.

Aipatutako abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, hamargarren xedapen gehigarrian, xedatzen zuen ezen Nafarroako Foru Komunitatean aplikatua izanen zela nola eta Konstituzioaren 149.1.18 artikulu eta lehenengo xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako moduan.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren arabera, Nafarroari dagokio Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gaineko eskumen esklusiboa, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publiko diren langileei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz. Eskumen horretaz baliatuz eman zen maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez neurriak hartzen baitziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozkoak. Foru lege-dekretu hori baliozkotu eta foru-lege proiektu gisa izapidetu zen, eta horren emaitza izan zen uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea.

2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar ziren egonkortze prozesuei lotutako neurriek nolabaiteko eraginkortasuna izan dute. Aurrekoa gorabehera, hartutako neurriak ez dira nahikoak izan behin-behinekotasuna aipatutako %8ko helburutik behera murrizteko. Gainera, ikusi da hautapen-prozedurei eta lanpostuak betetzeko prozedurei buruzko araudiaren zenbait alderdik, bai eta administrazio-egoerenek ere, eragotzi egiten dutela ezarri diren helburuetarainoko behin-behinekotasun tasen jaitsiera.

Beharrizan horri erantzute aldera onetsi zen 1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena, zeina 2025eko maiatzaren 22ko Osoko Bilkuran baliozkotu baitzuen Nafarroako Parlamentuak, halaber erabakirik foru-lege proiektu gisa izapidetzea. Horren ondorioz onesten da foru lege hau.

Borondatezko eszedentziaren araubideari dagokionez, aplikatu gabe utziko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 26. artikulua, foru lege honek indarra hartzen duenetik bi urteko epea igaro arte.

Zehazki, proposatutako aldaketek denbora-epe bat ezartzen dute, sartzeko hautapen-prozedura batean parte hartu duten pertsonek borondatezko eszedentzia bat eskatu ahal izan aurretik egon beharrekoa lortu duten plazan, halako moldez non bermatu eginen baita egiazki jarduten dela, gutxieneko aldi batez, parte hartu den hautapen-prozeduran eskuratutako plazan, plaza hori betetzeko beste prozedura bat abiarazia izan baino lehenago.

Era berean, beste administrazio publiko batean zerbitzuak egiteko borondatezko eszedentzia ematea kasu honetara mugatzen da: xedeko administrazioan egin beharreko zerbitzuek finkotasuna izatea.

Bestalde, egoera horretatik itzulera ziurtatzeko, aurreikusten da ezen sartzea egun jakin batez eginen dela, aurrekontu-zuzkidura duen eta hautapen-prozesu batean sartuta ez dagoen plaza huts bat dagoenean, araudia errealitate praktikora egokituz.

Horren ondotik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 88. artikulua aldatzen da; izan ere, kontuan hartuta Nafarroan aplikatu beharreko araudia eta, orobat, lekualdatze-lehiaketen deialdia lehenago egin behar dela sarrera-deialdiak baino, beharrezkoa gertatzen da araudia argitzea. Zehazki, hirugarren apartatuan, plaza hutsak betetzeko kontratuen azkentze orokortua ekar lezaketen interpretazio murriztaileak saihesteko, zehazten da administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dutela, baldin eta plaza hutsa behin betiko betetzeko prozedura bat -izan sartzeko prozedura, izan lanpostua betetzeko prozedura- argitaratu bada kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean.

Era berean, egonkortze-prozeduren izapidetze elektronikoari esker, egiaztatu ahal izan da nolako efizientzia ahalbidetzen duen prozeduren ebazpenean teknologia berriak modu orokortuan erabiltzeak. Hori dela-eta, sartzeko hautapen-prozesuei eta lekualdatze-lehiaketei dagokienez, administrazio-lanketa sinplifikatzeko neurriak hartzen dira, prozesu horiek behar duten azkartasuna ziurtatzeko. Neurri horien bidez, epeak murriztuko dira, eta izapide-egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu ordez, web-fitxen bidez argitaratuko dira. Horrek ahalbidetzen du aldi baterako langileek diharduten plaza hutsak betetzeko prozedurak arintzea.

Ildo beretik, lekualdatze-lehiaketak are arinago ebazteko, lanpostuko antzinatasuna eta hizkuntzak baino ez dira baloratzen. Datu horiek, oro har, Administrazioaren esku egon ohi dira, edo dokumentazio-ekarpen arras txikia eskatzen dute.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, kategoria batzuetan profesional gutxi daudenez, komeni da egoera horren ondorioak arinduko dituzten neurriak ezartzea.

Alde horretatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 31. artikulua aldatzen da, oposizio sistema aplikatzeko aukera emanez, antzinatasun txikiagoa duten pertsonei errazte aldera osasun arloan hutsik dauden plazetan sartu ahal izatea, arauan aurreikusitako baldintzetan.

Halaber, aipatutako urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29.3 artikulua aldatzen da, barne har dezan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei dagokienez, testu bateginaren 88. artikuluan Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztientzat oro har ezarritako arau-azalpen bera.

Gainera, lekualdatze-lehiaketak ebazteko lana arintzeko, bi urtez eteten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1.3 apartatuaren aplikazioa, eta aldi baterako araubide berri bat ezartzen da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat xedatutakoaren baldintza berberetakoa.

Horren guztiaren ondorioz, foru lege honen asmoa da Nafarroako Foru Komunitatean bertako administrazio publikoen zerbitzura dauden langileak arautzeko dagoen araudi berekia aldatzea.

Zehazki, foru lege honek arau hauetan izanen luke eragina: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua.

Foru legearen egitura hauxe da: bost artikulu, xedapen gehigarri bakarra, xedapen indargabetzaile bakarra eta bi azken xedapen.

1. artikulua. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.

Bat. 9. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"9. artikulua.

Funtzionario izateko, bata bestearen ondoren baldintza hauek bete beharko dira:

a) Kasuko hautaprobak gainditzea.

b) Agintari eskudunak egindako izendapena, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko baita.

c) Zin egin edo hitzematea Nafarroako foru-araubidea errespetatuko dela, Konstituzioari eta legeei men eginen zaiela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko direla.

d) Plazaren jabetza hartzea, izendapen-ebazpenak horretarako zehazten duen egunean hartu ere, salbu eta aski justifikaturik dauden kasuetan."

Bi. 30. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"30. artikulua.

Plaza-erreserbarik ez duten funtzionarioak plaza bat hutsik gertatzen denean itzuliko dira zerbitzu aktibora, baldin eta plaza huts hori ez badago jasota sartzeko hautapen-prozedura baterako deialdi batean."

Hiru. 88. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

"3. Artikulu honen lehen apartatuaren b) letran xedatutako kasuan, administrazio-kontratudun langileek betetako plaza hutsak betetzeko, aginduzkoa izanen da araudian aurreikusitako lanpostu-betetzerako edo mugigarritasunerako mekanismoetako edozein erabiltzea.

Hala ere, langilea administrazio-araubidean kontratatu zenetik hiru urte igarotakoan, kontratua azkenduko da, eta karrerako funtzionarioek soilik betetzen ahalko dute plaza huts hori, kasuan kasuko hautapen-prozesua hutsik geratu ezean; kasu horretan, langileak berriro kontratatzen ahalko dira administrazio-araubidean.

Salbuespenez, administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dute, baldin eta plaza hori lan-eskaintza publiko batean sartua izan bada eta sartzeko edo lanpostuak betetzeko dagokion deialdia argitaratu bada, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean. Kasu horretan, deialdia ebazten den arte jarraitu ahal izanen dute, eta postu-uzteak ez die diru-ordainik ekarriko".

Lau. Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria gehitzen da, testu honekin:

"Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria.

1. Nafarroako administrazio publikoek deitutako sartzeko hautapen- prozesuen izapideek eta jarduketek epe hauek beteko dituzte:

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea: 20 egun natural.

b) Deialdian onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendei alegazioak aurkezteko epea: 10 egun baliodun.

c) Behin-behineko emaitzei alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.

d) Prozeduran parte hartzeko betebeharrak egiaztatzeko eta eskainitako plaza hutsak aukeratzeko epea: 10 egun baliodun.

e) Funtzionario izendatzeko edo, hala badagokio, lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko behar den dokumentazioa aurkezteko epea: 10 egun baliodun, izendapen- edo kontratazio-proposamena argitaratzen denetik aurrera.

2. Prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko nahiz behin betiko zerrendak eta hautatuak suertatzen diren pertsonak izendatzeko proposamena kasuan kasuko deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira.

3. Hautatutako pertsonek plazaren jabetza hartuko dute izendapen-ebazpenak xede horretarako ezartzen duen egunean, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik."

Bost. Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria gehitzen da, testu honekin:

"Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria.

1. Administrazio publikoek deitutako lekualdatze-lehiaketa prozesuen izapideek eta jarduketek epe hauek beteko dituzte:

a) Prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea: 10 egun natural.

b) Deialdian onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendei alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.

c) Behin-behineko merezimendu-balorazioari alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.

d) Plaza hutsak aukeratzeko epea: 5 egun baliodun.

2. Prozeduran onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da deialdiaren web-fitxan argitara dadila".

Sei. Azken xedapen bat gehitzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.

"Azken xedapena.

Izapidetze-epeak jasotzen dituzten hogeita zortzigarren eta hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriak Nafarroako Gobernuak erregelamenduzko arauen bidez eguneratu ahal izanen ditu".

2. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua aldatzea.

Bat. 9. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"9. artikulua.

1. Lekualdatze-lehiaketetan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barrenean, honako elementu hauek baloratuko dira, honela banatuta:

a) Deialdiaren xede den lanpostuko antzinatasuna, dagokion administraziokoa, puntu bat urteko: gehienez, 40 puntu.

Urte-kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

Deialdi-argitalpenaren eguna eta gero egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

b) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntzak diren aldetik: 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.

Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren b) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen jakitea baloratuko da plazak zer eremutan kokatuta dauden, horren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu, gehienez.

b) Eremu mistoan: 2,76 puntu, gehienez.

Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zein plazatan baloratzen den euskararen jakitea, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, eta plaza horien ezaugarri zehatzak banan-banan baloratu ondoren. Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.

3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren elementuak baloratzeko, jarraituko zaie erregelamendu honek xedatzen duenari, bai eta, erregelamendu hau garatuz, administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunak onar litzakeen merezimendu-baremoek xedatuari ere.

4. Lekualdatze-lehiaketetarako deialdien oinarriek zilegi izanen dute aginduzkotzat ezartzea ezen lehiakideek prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko dutela."

Bi. 39. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"39. artikulua.

Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, berdinketa hori ebatziko da administrazio publikoei zerbitzu ematen antzinatasunik handiena duten pertsonen alde. Berdinketak jarraitu egiten badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da."

3. artikulua. Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea aldatzea, Nafarroako Osasun ZerbitzuaOsasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa.

Bat. 29. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

"3. Artikulu honen lehen apartatuaren b) letran aipatutako kasuan, administrazio-kontratudun langileek betetako plaza hutsak betetzeko, beharrezkoa izanen da araudiak lanpostu-betetzerako edo mugigarritasunerako aurreikusitako mekanismoetako edozein erabiltzea.

Hala ere, langilea administrazio-araubidean kontratatu zenetik hiru urte igarotakoan, kontratua azkendu eginen da, eta karrerako funtzionarioek soilik betetzen ahalko dute plaza huts hori, salbu eta kasuan kasuko hautapen-prozesua hutsik geratu bada, ezen kasu horretan langileak berriro kontratatzen ahalko dira administrazio-araubidean.

Salbuespenez, administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dute, baldin eta plaza hori lan-eskaintza publiko batean barne hartua izan bada eta argitaratu egin bada sartzeko, lanpostuak betetzeko edo aurreko egokitzapenari dagokion deialdia, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasitako hiru urteko epean. Kasu horretan, deialdia ebazten den arte jarraitu ahal izanen dute plazan, eta postu-uzteak ez du diru-ordainik ekarriko."

Bi. 31. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"31. artikulua.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile izateko hautapena deialdi publiko bidez eginen da, eta kasuko hautaprobak oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez eginen dira.

Salbuespenez, merezimendu-lehiaketaren sistema erabili ahal izanen da osasun arloko fakultatibo espezialistei dagozkien A mailako plazak direnean, baldin eta horietan jarduteko bereziki kualifikatutako ezagutzak behar badira.

Salbuespenezko sarrera-prozedura bat denez, Osasun Departamentuak sarrera horien berri emanen dio Nafarroako Parlamentuari, kasuan kasuko plazaren jabetza-hartzearen hurrengo hiru hilabeteen barrenean.

Oposizio-sistema erabili ahal izanen da deialdi-onespenaren unean hutsik egonik deialdia egin aurreko urtearen erdia baino gehiagoz ere hutsik egon diren plazak betetzeko, Osasuneko Mahai Sektorialari aldez aurretik jakinarazita.

2. Oposizio-lehiaketa bidezko hautapen-prozedura aukeratzen denean, zilegi izanen da prozedurak dituen ondoz ondoko bi faseen ordena aldatzea, efizientzia-arrazoiak direla-eta.

Osasun-arlokoak ez diren estamentuetan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioentzat orokortasunez ezarritako araudia aplikatuko da.

3. Deialdiaren oinarriek zilegi izanen dute lehiaketa-fasea baztertzailea izanen dela ezartzea. Lehiaketa-faseari emandako puntuazioak ezin izanen du inola ere gainditu oposizio-lehiaketa osoan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren %40, eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa ezin izanen da aplikatu oposizio-faseko ariketak gainditzeko."

4. artikulua. Nafarroako administrazio publikoetan behinbehinekotasuna murrizteko borondatezko eszedentzien araubidea arautzea.

1. Eteten da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 26. artikuluaren aplikazioa, bi urteko epean, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2. Bi urteko aldi horretan, borondatezko eszedentziei honako araubide hau aplikatuko zaie:

1. Borondatezko eszedentzia deklaratzen ahalko da, funtzionario den langileak eskatuta, ondoko kasu hauetan:

a) Zerbitzuak egiten hasten bada beste administrazio publiko batean edo langilearena ez den beste administrazio baten mendekoa izan eta berezko nortasun juridikoa duen entitate batean, baldin eta gutxienez bi urtez jardunean edo egoera parekatuan egon bada, plazaren jabetza hartzen denetik kontatzen hasita.

b) Plazaren jabetza hartzeko unean zerbitzuak egiten ari baldin bada, langile finko gisa, Nafarroako beste administrazio publiko batean.

c) Administrazio publiko beraren barrenean maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat eskuratzen duen funtzionarioak, unitate organikoko burutza edo zuzendaritza denean izan ezik, bietako bat aukeratu beharko du, eta beste lanpostuan borondatezko eszedentzia deklaratzea eskatzen ahalko du.

d) Interesdunak aldez aurretik eskatuta, borondatezko eszedentzian deklaratuak izanen dira administrazio publiko berean maila bereko edo desberdineko beste lanpostu batean aldi baterako zerbitzuak egiten hasten diren funtzionarioak, lehen hemezortzi hilabeteetan betetzen zuten plaza gordeta, baldin eta gutxienez bi urtez jardunean edo antzeko egoeran egon badira, funtzionario-araubideko plazaren jabetza-hartzetik zenbatzen hasita.

e) Alderdi politikoetan edo erakunde sindikal edo profesionaletan zuzendaritza-karguetan aritzeko, baldin eta kargu horietako jarduna eta funtzio publikoan lan egitea bateraezinak badira.

f) Funtzionarioaren interes partikularragatik, jatorrizko plaza hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta frogatzen baldin bada eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan-egoera batean aritu izana, funtzionarioen araubideko plazaren jabetza-hartzetik zenbatzen hasita.

2. Borondatezko eszedentzia, betiere, denbora mugagabe baterako emanikotzat joko da.

3. Borondatezko eszedentziako egoeran dauden funtzionarioek ezin izanen dute zerbitzu aktibora itzultzea eskatu, harik eta egoera horretan urtebete egin arte. Lanerako itzulera onartzen denetik aurrera, ezarritako egunean gauzatu beharko da itzulera. Hala egin ezean, funtzionarioak galdu eginen du funtzionario-izaera.

4. Borondatezko eszedentziako egoeran daudenek gorde eginen dituzte lortutako maila, gradua eta antzinatasuna, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko, eta ez zaie kontatuko, inongo ondorioetarako, egoera horretan eman duten denbora.

5. artikulua. OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuaren eremuan behinbehinekotasuna murrizteko lekualdatzelehiaketen araubidea arautzea.

1. Eteten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1.3 apartatuaren aplikazioa, bi urtez, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2. Bi urteko aldi horretan zehar, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lekualdatze-lehiaketei honako araubide hau aplikatuko zaie:

Lekualdatze-lehiaketetan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barrenean, honako elementu hauek baloratuko dira, honela banatuta:

a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, puntu bat urteko: gehienez, 40 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

b) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntzak diren aldetik: 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.

Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren b) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan baloratu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.

Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen jakitea baloratuko da plazak zer eremutan kokatuta dauden, horren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu, gehienez.

b) Eremu mistoan: 2,76 puntu, gehienez.

Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zein plazatan baloratzen den euskararen jakitea, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, plaza horien ezaugarri espezifikoak banan-banan baloratu ondoren. Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.

Xedapen gehigarri bakarra

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2025eko maiatzean eginen ditu barne-egokitzapeneko edo lekualdaketako lehiaketetarako deialdiak, gaur egun abian dauden enplegu publikoko eskaintzetako lanpostuei dagozkienak.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Erregelamendumailako babesa.

Foru lege honen bitartez aldatzen diren erregelamendu-arauetan jasotako zehaztapenak aldatuak izaten ahalko dira zehaztapen horiek jasota dauden arauari dagokion erregelamendu-mailakoak diren arauen bitartez.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web