(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

163E/2025 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 19KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUN DEPARTAMENTUKO BULEGOEN ATXIKIPENA ETA EGINKIZUNAK EZARTZEN DITUENA

BON N.º 112 - 05/06/2025



  I. KAPITULUA. EGITURA OROKORRA


  II. KAPITULUA. BULEGOEN EGINKIZUNAK

  1. ATALA. OSASUN ZUZENDARITZA NAGUSIA

  2. ATALA. IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIA


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.

Era berean, abuztuaren 30eko 68/2023 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen.

Azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri ziren.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 5ean emandako 111/2013 Foru Aginduaren bidez, Osasun Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Foru Agindu hori aldatu egin dute azaroaren 17ko 123/2014 Foru Aginduak, otsailaren 2ko 12/2016 Foru Aginduak eta otsailaren 22ko 72E/2018 Foru Aginduak -guztiak ere Osasun Departamentuko titularrarenak-, bulegoak une bakoitzean dauden antolamendu-beharretara egokitzeko.

Azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretua onetsi ondoren, beharrezkoa da bulegoen egungo eskema egitura berrira egokitzea, eta hori guztia arau-testu berri batean txertatzea, administrazio-unitateen jarduera errazteko eta administratuei eta herritarrei argitasuna eta segurtasun juridikoa emateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 34.4 artikuluan, ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru-agindua beharko dela.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. EGITURA OROKORRA

1. artikulua. Osasun Zuzendaritza Nagusia.

Osasun Zuzendaritza Nagusian bulego hauek ezarriko dira:

a) Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari atxikia: Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

b) Osasunaren Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuari era Farmazia Zerbitzuari atxikia: Administrazio Aferetarako Bulegoa.

c) Plangintza, Osasun Estrategia eta Ikerketako Zerbitzuari atxikiak: Ekonomia Aferetarako Bulegoa eta Administrazio Laguntzako Bulegoa.

d) Plangintza, Osasun Estrategia eta Ikerketako Zerbitzuko Osasun Plangintza eta Estrategiaren Atalari atxikia: Ebaluazio Estrategikoaren Bulegoa.

e) Plangintza, Osasun Estrategia eta Ikerketako Zerbitzuko Prestakuntza Atalari atxikia: Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoa.

f) Plangintza, Osasun Estrategia eta Ikerketako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari atxikiak: Argitalpen Zientifikoen Bulegoa, Ikerketa Kudeatzeko Bulegoa eta Osasun Zientzietako Liburutegia Koordinatzeko Bulegoa.

2. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusia.

Idazkaritza Tekniko Nagusian honako bulego hauek ezarriko dira:

a) Araubide Juridikoaren Atalari atxikiak: Sostengu Juridikoa Emateko Bulegoa eta Espedienteak Tramitatzeko Bulegoa.

b) Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atalari atxikiak: Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa, Kontabilitate Bulegoa, Langileria eta Artxibo Bulegoa eta Herritarren Arretarako Bulegoa.

II. KAPITULUA. BULEGOEN EGINKIZUNAK

1. ATALA. OSASUN ZUZENDARITZA NAGUSIA

3. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurretiazko borondateak kudeatzea eta erregistratzea erregistro autonomikoan eta estatukoan.

b) Dirulaguntzen deialdiekin, laguntzekin eta hitzarmenekin lotutako prozeduren kudeaketa administratiboa.

c) Registr@-n jakinarazpenak kudeatzea, fakturak kudeatzea eta langileen bidaiak eta joan-etorriak kudeatzen laguntzea.

d) Herritarrei informazioa ematea, aurrez aurre zein telefonoz.

e) Zerbitzuko zuzendaritzarekin koordinatzea administrazio-langileen gaiak: oporrak, lizentziak eta baimenak.

f) Urteko memoria egitea administrazio-arloan.

g) Zerbitzuaren zuzendaritzari laguntzea esleitutako urteko aurrekontua mantentzen.

h) Nafarroako Ataria mantentzen eta eguneratzen laguntzea, zerbitzuari dagokionez.

i) Zerbitzurako, administrazio-arloko baliabideak eta materiala hornitzea.

j) Zerbitzuko dokumentazioa eguneratzea edo ezabatzea.

k) Zerbitzuko instalazioen mantentze-lanak kudeatzen laguntzea.

l) Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari eta koordinazio soziosanitarioari laguntzeko agintzen zaion beste edozein.

4. artikulua. Administrazio Aferetarako Bulegoa.

Administrazio Aferetarako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Jardueren Ikuskapenerako Atalaren bidez tramitatzen diren espedienteen kudeaketa administratiboa.

b) Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atalaren bidez tramitatzen diren espedienteen kudeaketa administratiboa.

c) Farmakozaintzako Kontrolaren Atalari laguntza administratiboa ematea.

d) Zerbitzuari atxikitako administrazio-langileen jarduerak planifikatzea eta antolatzea.

e) Osasunaren Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuan sortutako fakturak kudeatzea eta izapidetzea.

f) Zerbitzuarekin lotutako espedienteak eta ebazpenak kontrolatzea eta artxibatzea.

g) Zerbitzuari atxikitako langileen joan-etorrien ordainketa kudeatzea eta izapidetzea.

h) Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Atalean kudeatzen diren alerta farmazeutikoak hedatzeko laguntza administratiboa.

i) Etengabeko farmazia-arretaren programazioarekin eta jarraipenarekin lotutako jarduerei administrazio-laguntza ematea.

j) Erabiltzaileen alta kudeatzea eta baimenak aldatzea, zerbitzuaren aplikazio informatikoetan eta Osasunaren eta Farmaziako Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuetako batzordeen Auzolaneko lankidetza-guneetan.

k) Zerbitzurako, administrazio-arloko baliabideak eta materiala hornitzea.

l) Zerbitzuko instalazioen mantentze-lanak kudeatzen laguntzea.

m) Osasunaren eta Farmaziako Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuen zuzendaritzek edo zerbitzuko atalek agintzen dioten beste edozein.

5. artikulua. Ekonomia Aferetarako Bulegoa.

Ekonomia Aferetarako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuaren prozeduretan administrazio elektronikoa abian jartzea koordinatzea eta laguntzea.

b) Zerbitzuko beste unitate batzuekin koordinatuta, gastuak kudeatzen, fakturak izapidetzen eta ordainketen jarraipena egiten laguntzea.

c) Administrazio-prozedura orokorrak eta ebazpenak kudeatzea.

d) Ikerkuntzarako laguntzen, dirulaguntzen eta hitzarmenen administrazio-kudeaketa.

e) Ikerkuntza- eta berrikuntza-proiektuak baimentzeko eta erregistratzeko prozeduretarako laguntza administratiboa.

f) Osasun Sistema Publikoaren plangintzako dokumentazioa kudeatzeko administrazio-laguntza.

g) Laneko arriskuen prebentzioan gomendioen inplementazioa koordinatzea.

h) Zerbitzu orokorretako langileak eta bulegoari esleitutakoak koordinatzea.

i) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntza administratiboa ematea.

6. artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Administrazio Laguntzako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuaren prozedurak, ebazpenak eta administrazio-lanak koordinatzea eta bermatzea.

b) Zerbitzuaren prozeduretan administrazio elektronikoa abian jartzea koordinatzea eta laguntzea.

c) Zerbitzuaren etengabeko prestakuntzako jardueren kudeaketa administratiboa.

d) Honako hauen kudeaketa administratiboa: laguntzak, prestakuntza-arloko dirulaguntzak, etengabeko prestakuntza, bilera zientifikoen antolaketa, prestakuntzaren eta laguntzen arloko lankidetza-hitzarmenak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen Idazkaritza Teknikoaren kudeaketa administratiboa.

f) Zerbitzuko beste unitate batzuekin koordinatuta, gastuak kudeatzen, fakturak izapidetzen eta ordainketen jarraipena egiten laguntzea.

g) Osasun-prestakuntza espezializatuko jardueretan laguntza administratiboa ematea eta kanpoko txandakatzeak baimentzea.

h) Irakaskuntzaren arloko erakundeekin sinatzen diren prestakuntza-hitzarmenak kudeatzeko lanetan laguntza administratiboa ematea, irakaskuntza praktikorako osasun publikoaren sarea erabili behar dutenean.

i) Nafarroako osasun-zentroetan prestakuntza-egonaldiak baimentzeko laguntza.

j) Ekipamenduaren eta instalazioen mantentze- eta zainketa-lanak eta haien inbentarioa kudeatzea.

k) Bulegoari esleitutako langileen koordinazioa.

l) Zerbitzuko zuzendaritzari laguntza administratiboa ematea.

7. artikulua. Ebaluazio Estrategikoaren Bulegoa.

Ebaluazio Estrategikoaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuaren jarduera estatistikoa koordinatzea, adierazleak definitzea eta eguneratuta mantentzea, eta Osasun Departamentuaren aginte-taula prestatzea.

b) Osasun Planaren helburuen betetze-maila eta emaitzak ebaluatzea.

c) Osasun Departamentuaren Plan Estrategikoaren helburuen betetze-maila eta emaitzak ebaluatzea.

8. artikulua. Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoa.

Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun-arloko profesionalen etengabeko prestakuntzarako agintzen zaizkion Irakaskuntza Planaren jarduerak planifikatu eta antolatzea.

b) Baliabideak, instalazioak, egiturak eta prestakuntza-jarduerak planifikatu eta antolatzea, simulazio teknikoen bitartez.

c) Auditoria-lanak egitea, eta sostengua ematea osasun-arloko profesionalen etengabeko prestakuntzarako jarduerak eta zentroak egiaztatzeko prozesuetan.

d) Etengabeko prestakuntzaren arloko laguntzen, dirulaguntzen eta hitzarmenen deialdiak prestatzen eta bilera zientifikoak antolatzen laguntzea.

e) Prestakuntzaren arloko jardueraren urteko txostena jasotzea eta egitea.

f) Beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, PKG (Praktika Klinikoaren Gida) eta FOBP (frogetan oinarritutako beste produktuak) lehenesteko, zabaltzeko eta haien gaineko prestakuntza emateko.

g) Bulegoari esleitutako langileen koordinazioa.

h) Prestakuntza Atalak prestakuntzaren arloan agintzen dizkion beste lan tekniko batzuk.

9. artikulua. Argitalpen Zientifikoen Bulegoa.

Argitalpen Zientifikoen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuak sustatutako argitalpen zientifikoak kudeatzea, eta, bereziki, Anales del Sistema Sanitario de Navarra aldizkaria.

b) Argitalpen-taldea, Lan Prozedura Normalizatua eta berrikusle zientifikoen zerrenda prestatzea eta eguneratuta edukitzea, eta Anales del Sistema Sanitario de Navarra aldizkariko artikuluak kudeatzea, jasotzen direnetik argitaratzen diren arte.

c) Anales aldizkariko berrikusle zientifikoei aholkularitza ematea.

d) Anales del Sistema Sanitario de Navarra aldizkariaren kalitate-zigilua kudeatzea, bai eta genero-berdintasunaren arloko argitalpen-jardunbide egokien aipamena ere.

e) Argitalpen-jardueraren aginte-taulak eguneratuta edukitzea, datuak sexuaren arabera bereizita, eta Anales del Sistema Sanitario de Navarraren jardueraren urteko txostena egitea.

f) Anales del Sistema Sanitario de Navarra aldizkariaren estatistikak eta metrikak urtero egitea eta argitaratzea.

g) Nafarroako Osasun Sistema Publikoko langileei aholkularitza ematea egiletzaren eta afiliazio instituzionalaren arloan.

h) Miguel Servet Fundazioarekin lankidetzan aritzea, sinaduren talde instituzionala egiteko.

i) Ataleko beste unitate batzuekin lankidetzan aritzea ikerkuntza-proiektuen kudeaketan eta ebaluazioan.

j) Ataleko beste unitate batzuekin lankidetzan aritzea liburutegi birtualaren kudeaketan.

k) Ikerketa eta Berrikuntzako Ataleko buruak edo Osasun Departamentuko Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketarako Zerbitzuko titularrak agintzen dizkioten eginkizun guztiak.

10. artikulua. Ikerketa Kudeatzeko Bulegoa.

Ikerketa Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuaren baimena behar duten ikerketa-proiektuak baloratzea eta tramitatzea.

b) Miguel Servet fundazioari esleitu beharreko eginkizunak prestatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.

c) Osasun Departamentuaren Ikerketa Plana garatzea, Miguel Servet Fundazioarekin lankidetzan.

d) Miguel Servet Fundazioarekin batera, Berrikuntzako estrategia garatzen eta zentro publikoen ikerketa- eta berrikuntza-arloko urteko helburuak ebaluatzen laguntzea, ikerketa- eta berrikuntza-arloko jardueraren urteko txostena egitea, eragin bibliometrikoaren neurketaren urteko txostena egitea, osasun-sistema publikoaren berrikuntza-proiektuen jarraipena egitea, ikerketa- eta berrikuntza-lerroen garapena bermatzeko funtsak eskuratzen laguntzea, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren komunikazioa eta hedapena babestea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan saiakuntza klinikoak eta behaketa-azterketak kudeatzea, osasun-sistema publikoari erosketa publiko berritzailearen arloan laguntzea eta osasun-sistema publikoari jabetza intelektual eta industrialaren arloan laguntzea.

e) IdisNA Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuarekin lankidetzan aritzea, IdisNAren akreditazioari eusteko, Osasun Departamentuak finantzatutako IdisNAren ikerketa-proiektuen jarraipenaren bidez eta kalitate-batzordeetan eta sortzen ari diren IdisNako taldeetan parte hartuz.

f) Osasun Departamentuak sustatutako ikerketa-proiektuen deialdia prestatzea eta haren jarraipena egitea.

g) Laguntza teknikoa ematea, eremu publikoko zein pribatuko beste egitura batzuekiko ikerketa-arloko lankidetza-hitzarmenen arloan.

h) Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuei eta beste erakunde publiko batzuei laguntzea haien deialdietan aurkeztutako ikerketa biosanitarioko proiektuak kudeatzen eta ebaluatzen.

i) Ikerkuntza- eta berrikuntza-jardueraren aginte-taulak eguneratuta edukitzea, datuak sexuaren arabera bereizita, eta jardueraren urteko txostena egitea.

j) Ikerketa eta Berrikuntza Atalak ikerketaren arloan agintzen dizkion beste lan tekniko batzuk.

11. artikulua. Osasun Zientzien Liburutegia Koordinatzeko Bulegoa.

Osasun Zientzien Liburutegia Koordinatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Argitalpen Zientifikoen Bulegoko buruarekin koordinatzea ekoizpen zientifikoari buruzko gaiak.

b) Liburutegi espezializatuetako lantalde teknikoetan parte hartzea.

c) Bibliografia-funtsak erosteko proposamenak jasotzea eta aztertzea.

d) Dokumentu-funtsen erabilera-maila ebaluatzea eta baliabideen eraginkortasuna hobetzeko aldaketak proposatzea.

e) Dokumentu-funtsak eskuratzeko proposamena prestatzea, Nafarroako Osasun Sistema Publiko osorako.

f) Osasun Zientzien Liburutegiko dokumentu-funtsen erosketa kudeatzea.

g) Baliabide digitaletara sartzeko plataforma birtualaren administrazioa eta kudeaketa koordinatzea.

h) Erakunde homologoekin, unibertsitate-zentroekin eta osasun-zentro itunduekin edo pribatuekin koordinazio- eta lankidetza-akordioak edo -hitzarmenak sinatzea aztertzea.

i) Osasun Zientzien Liburutegiak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren aplikazio informatikoen hobekuntzak aztertzea eta proposatzea, liburutegira sartzeko plataforma birtuala barne.

j) Paperezko funtsak kontserbatzea eta haien inbentarioa eta mantentze-lanak kudeatzea.

k) Inbertsioen tramitazioa eta kontratazio publikorako prozeduren jarraipena.

l) Liburutegiko irakaskuntza koordinatzea, bai bertako langileentzat (barne-prestakuntza), bai erabiltzaileentzat (kanpo-prestakuntza).

m) Liburutegiaren webgunea kudeatzea eta mantentzea, eta haren irisgarritasuna bultzatzea.

n) Osasun Zientzien Liburutegiaren urteko memoria egitea.

o) Liburutegiko arduradunak koordinatzea.

p) Ikerketa eta Berrikuntzako Ataleko buruak edo Osasun Departamentuko Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketarako Zerbitzuko titularrak agintzen dizkioten eginkizun guztiak.

2. ATALA. IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIA

12. artikulua. Sostengu Juridikoa Emateko Bulegoa.

Sostengu Juridikoa Emateko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuan irekitzen diren espedienteak instruitzea eta tramitatzea betetzen diren arte, arlo horretan eskumena duten gainerako unitateekin batera koordinatuta.

b) Osasun Zuzendaritza Nagusiko unitateei laguntza juridikoa ematea.

c) Txostenak egitea eta agintzen zaizkion espedienteak tramitatzea.

d) Osasun Departamentuaren eskumeneko arauen eta xedapenen proiektuak egitea eta haiei buruzko txostenak egitea.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

13. artikulua. Espedienteak Tramitatzeko Bulegoa.

Espedienteak Tramitatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atalaren bidez tramitatzen diren espedienteen kontrola eta kudeaketa administratibo arrunta.

b) Osasun Departamentuan tramitatzen diren zehapen-espedienteak irekitzea, kontrolatzea, mantentzea eta eguneratzea.

c) Epaitegiei eta Auzitegiei helarazi beharreko agiriak -Osasun Zuzendaritza Nagusiak tramitatutako espedienteekin lotura dutenak- kudeatu eta prestatzea.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

14. artikulua. Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa.

Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuan ematen diren ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, helaraztea eta argitaratzea.

b) Osasun Departamentuan ematen diren ebazpen guztiak artxibatzea, zaintzea eta katalogatzea.

c) Administrazio-egintzei buruzko ziurtagiriak prestatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren akordio-proposamenak eta Osasun Departamentuaren foru-aginduak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea eta haien izapidetzea kudeatzea eta prestatzea.

e) Osasun Departamentuak SISNOT jakinarazpen-moduluaren eta Extr@ espediente-kudeatzailearen bidez bidalitako administrazio-jakinarazpenak kudeatzea.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

15. artikulua. Kontabilitate Bulegoa.

Kontabilitate Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontabilitate-zentroa kudeatzea.

b) Osasun Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarreren eta gastuen espedienteak kontabilizatzea.

c) Justifikatu beharreko funts libratuak kudeatu, haien jarraipena egin eta justifikatzea.

d) Osasun Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea aurrekontu-gauzatzeari dagokionez.

e) Osasun Zuzendaritza Nagusiko informazio ekonomikoa ustiatzea.

f) Aurrekontuen kudeaketa eta gauzatzearen jarraipena eta kontrola, bai eta haien gaineko aldizkako txostenak prestatzea ere.

g) Zordunak kudeatu eta diru-sarrerak kontrolatzea.

h) Material suntsigarri eta inbentariagarria erostea.

i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

16. artikulua. Langileria eta Artxibo Bulegoa.

Langileria eta Artxibo Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuko langileak ukitzen dituzten aferetan tramitazioa eramatea.

b) Informazio publikoa kudeatzea, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen arabera (osasunaren arloko gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa), haren ardura duen unitate gisa.

c) Arartekoari, Hitzarmenen Erregistroari eta Nafarroako Kontseiluari lotutako espedienteak artxibatu, kontrolatu, igorri eta haien jarraipena egitea.

d) Osasun Departamentuaren eskumeneko administrazio-egintzen inguruko ziurtagiriak prestatzea.

e) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren artxibo nagusia mantentzea, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ezagutza Kudeatzeko Atariaren dokumentuen artxiboa kudeatzea.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

17. artikulua. Herritarren Arretarako Bulegoa.

Herritarren Arretarako Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun Departamentuko Erregistro Orokorraz arduratzea eta erregistro osagarriak koordinatzea.

b) Osasun Departamentuaren informazio orokorra.

c) Akreditazioa, ziurtagiri digitalak eta Cl@ve sistema.

d) Erregistroko eta informazioko adierazleak prestatzea.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Atalari esleitutakoen artean.

Lehen xedapen gehigarria. Izendapenak.

1. Foru-agindu hau atera baino lehen Osasun Departamentuan zeuden eta foru-agindu honek ezartzen duen bulegoen egituran lehengo izenari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza beretan, eta, gainera, hauena:

- Ekonomia Aferetarako eta Barne Araubideko Bulegoko buruarena; bulego hori Ekonomia Aferetarako Bulegoa deituko da.

- Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua; bulego hori Administrazio Laguntzako Bulego deituko da.

- Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua; bulego hori Argitalpen Zientifikoen Bulego deituko da.

- Herritarren Arretarako Bulegoko burua; bulego hori Herritarren Arreta deituko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Agindua, Osasun Departamentuko bulegoen atxikipena eta funtzioak ezartzen dituena, eta Foru Agindu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web