5/2025 FORU LEGEA, APIRILAREN 9KOA, IKUSKIZUN PUBLIKOAK ETA JOSTETA JARDUERAK ARAUTZEN DITUEN MARTXOAREN 13KO 2/1989 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
BON N.º 77 - 22/04/2025
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluak hala xedaturik, Nafarroak eskumen osoa dauka ikuskizunen alorrean. Eskumen hori baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateak martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea onetsi zuen, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena.
Nafarroako Gobernuak erregelamendu-sorta bat onetsiz garatu du arau hori. Halatan, ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren bitartez Zezen Ikuskizunen Erregelamendua onetsi zen; eta irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren bitartez, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren Katalogoa onetsi eta Enpresa eta Lokalen Erregistroak arautzen dira.
Nafarroaren araudi berekirik ezean, eta araudi horrekin kontraesanean ez dagoen orotan, aplikatu beharrekoak dira gai horri buruzko estatu-erregelamenduak, Nafarroako ordenamendu juridikoaren ordezko zuzenbide gisa; bereziki, abuztuaren 27ko 2816/1982 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Ikuskizun publikoetako eta josteta-jardueretako poliziaren Erregelamendu Orokorra.
Ikuskizun publikoak eta josteta-jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 5. artikuluak dioenez, eskatzaileak frogatu beharko du, kasuko jarduera-lizentzia eman ahal izan dakion, lokalak bete egiten dituela oinarrizko eraikingintza-arauetan eta ikuskizun edo josteta-jarduera mota bakoitzerako egiten diren berariazko erregelamenduetan eskatzen diren baldintza teknikoak.
Oinarrizko eraikingintza-araua indargabetua izan zen eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da aipatu artikulua aldatzea, oinarrizko eraikingintza-arauari buruzko aipamena ezabatuz, eta ikuskizun publikoetarako nahiz josteta-jardueretarako lokal guztientzat ezarriz martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuz onetsitako Eraikingintzaren Kode Teknikoa bete beharra.
Eraikingintzaren Kode Teknikoa onetsi zen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean jasotako xedapenak indarrean zeudelarik, eta lau urtean behin aldizkako berrikuspena egin behar zaio. Horrenbestez, eta instalazio batzuen eraikuntza-obren norainokoa kontuan harturik, hein handiagoan betetzen ditu gaur egun beharrezkoak diren baldintza orokor, funtzional eta teknikoak. Horrek guztiak ez du ezertan eragozten Nafarroako Gobernuak geroago foru dekretu bat onestea, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroan establezimendu publiko guztiek bete beharreko baldintza teknikoak.
Eraikingintza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 3.2 artikuluan Eraikingintzaren Kode Teknikoa definitzen da eraikinen eta haien instalazioen oinarrizko kalitate-baldintzak ezartzen dituen arau-esparru gisa, halakoa zeinak ahalbidetu egiten baitu aurreko oinarrizko baldintza horien betetzea, zeinak funtzionaltasun, segurtasun eta bizigarritasunari buruzkoak baitira. Aldizka eguneratuko da, teknikak duen bilakaeraren eta gizartearen eskariaren arabera.
Eraikingintzaren Kode Teknikoaren aplikazioaren bidez, establezimendu publikoetako instalazioen segurtasunik handiena bermatuko da, adibidez honelakoen ebakuazio-baldintzei dagokienez: korridoreak, harmailetako eskailerak, galeriak, ebakuazio-korridoreak eta publikoarentzako edonolako instalazio eta tokietan. Ez da beharrezkoa aplikatzea oraindik indargabetu gabe dauden Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueretako Poliziako Erregelamendu Orokorraren artikulu batzuk (erregelamendu hori abuztuaren 27ko 2816/1982 Errege Dekretuz onetsi zen), aplikatuak izaten ari zirenak foru-ordenamendu juridikoaren ordezko zuzenbide gisa.
Horrela, argiagotu egiten da aplikatzekoa den araubide juridikoa, bateratu egiten dira bai teilatupeko bai zerupeko kirol-instalazioetarako eskaturiko baldintza teknikoak, eta establezimendu publikoetako instalazioen segurtasunik erabatekoena bermatzen da, horretarako aplikatuz Eraikingintzaren Kode Teknikoa eta Nafarroako Foru Komunitateak onets litzakeen geroagoko arauak.
Azaldutakoagatik, proposatzen da foru lege bat onets dadila, zeinaren bitartez aldatuko baita Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 5. artikulua.
Artikulu bakarra. Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen aldaketa.
5. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:
"5. artikulua.
Kasuko jarduera-lizentzia emateko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak froga dezala lokalak bete egiten dituela zenbait baldintza tekniko, zeinak ezarrita baitaude martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuz onetsitako Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta ikuskizun nahiz josteta-jarduera mota bakoitzerako berariazko erregelamenduetan, salbuespena izanik abuztuaren 27ko 2816/1982 Errege Dekretuz onetsitako Ikuskizun publikoetako eta josteta-jardueretako poliziaren Erregelamendu Orokorraren I. Tituluko II. Kapituluko 26, 27, 28, 29, 32 eta 33. artikuluak, zeinak ez baitira Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko modukoak".
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek NAOn argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.