(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

26/2025 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 26KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ERAIKUNTZA OBRAK ANTOLATZEKO ETA KONTROLATZEKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA

BON N.º 91 - 09/05/2025



  ERANSKINA. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikari titulua


ZIOEN AZALPENA

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barnean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinetan heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari buruzko faktore garrantzitsuak jasotzen ditu, eta lanbide heziketari dagozkion zenbait alderdiri eragiten die, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenari; araubide bereziko irakaskuntzetatik sartzea errazten du, eta, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Titulua lortzeko aukera berresten die Oinarrizko Lanbide Heziketa egin dutenei, beste gai garrantzitsu batzuen artean.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzkoak, hezkuntza sistemako beste unibertsitateko eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzekiko harremana ezartzen du, eta prestakuntza ibilbide osoa sortzen du.

Lege horrek nabarmenki aldatzen ditu Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko baldintzak, sartzeko prestakuntza eskakizunei dagokienez. Aipatutako legearen arau bidezko garapenean zehaztuko dira baldintza horiek.

659/2023 Errege Dekretuak, uztailaren 18koak, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duenak, arauzko estaldura ematen die sistema malgutu eta irisgarriago egiteko planteatutako zehaztapenei, eta lanbide heziketako eskaintza nahikoa eta egokia bermatzen du, hala ikasleentzat nola langileentzat, sisteman aurreikusitako gradu guztietan; horretarako, aukera ematen du prestakuntza ibilbideak sortzeko, nahitaezko hezkuntza bukatu aurretik eta haien laneko bizitza osoan zehar, ikaskuntzaren kultura berri bat orokortze aldera. Errege dekretu horrek beharrezkoa den esparrua ezartzen du Lanbide Heziketako Sistema gizartearen eskakizunetara eta premietara pixkanaka egokitzeko, kalitatezko lanbide kualifikazioa lor dadin.

500/2024 Errege Dekretuak, maiatzaren 21ekoak, goi mailako Lanbide Heziketako tituluak ezarri eta haien gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege dekretu jakin batzuk aldatzen dituenak, prestakuntza ziklo bakoitzeko ikasketa plana osatzen duten lanbide moduluen nomina eguneratzen du, proiektu zaharra eskatzen den moduluartekotasunera egokitzen du, irakasleen kidegoak egokitzen ditu urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretua argitaratu ondotik (800/2022 Errege Dekretua, urriaren 4koa, zeinaren bidez arautzen baita desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea eta aldatzen baita unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako irakasleei buruzko zenbait errege dekretu), eta errege dekretu batzuen 6. artikuluaren edukia eguneratzen du, eta, ondorioz, lanbide moduluen eta konpetentzia unitateen elkarrekikotasunari buruzko eranskina eguneratzen du.

Foru dekretu honen bitartez, Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum horrek uztailaren 10eko 636/2015 Errege Dekretua (Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren titulua ezarri eta haren gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena) garatzen du, eta maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuan (goi mailako Lanbide Heziketako tituluak ezarri eta haien gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege dekretu jakin batzuk aldatzen dituena) jasotako aldaketak biltzen ditu. Eta 2023ko uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraitzen dio, Nafarroako Foru Komunitateak gai horretan dituen eskumenak erabiliz, zeinak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortuta baitaude.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat zehaztu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

2

Erregulazio honetan elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barnean, dagokion gaitasun orokorra zein den zehazten da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek (EOC642_3 - Eraikuntza obrak gauzatzeko lanak kontrolatzea, eta EOC641_3 - Obra zibilak gauzatzeko lanak kontrolatzea, biak uztailaren 15eko 1030/2011 Errege Dekretuan arautuak; EOC273_3 - Eraikuntzako proiektuak eta obrak kontrolatzea, uztailaren 2ko 872/2007 Errege Dekretuan arautua; eta EOC274_3 - Jasotzeak eta zuinketak kualifikazio osatugabea, uztailaren 2ko 872/2007 Errege Dekretuan arautua), barne hartzen dituzten gaitasunen multzoak zehaztutako jarduteko eremu profesional bat osatzen dute, zeinak, gehitu diren lanbide moduluekin batera, goi mailako teknikari horren enplegagarritasuna bermatzeko behar adinako zabaltasuna eta espezializazioa baititu.

Ekoizpen sistemari dagokionez, Nafarroarako elementu bereizgarriak dituzten zenbait zehaztapen ezartzen dira, tituludun horrek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin lotuta dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, harekin lotutako 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan banatua dago. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa bukatu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua zehazten du, eta 9. artikuluak (4. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 5. eta 6. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko martxoaren hogeita seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Eraikuntza eta Obra Zibilak lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Eraikuntza Obren Antolamendua eta Kontrola.

b) Maila: 3-Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Eraikuntza eta Obra Zibila.

e) Europako erreferentea: ISNI - 5b (Irakaskuntzaren Sailkapen Normalizatu Internazionala).

f) Etengabeko Ikaskuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua: 5. maila.

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak eta enplegagarritasunerakoak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituen lanbide modulu bakoitzeko. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Zikloaren helburu orokorrak eta lanbide moduluak.

1. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikaria izateko prestakuntza zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasota daude.

2. Goi mailako heziketa zikloek modulu bidezko egitura izanen dute, eta 2023ko uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 96.1 artikuluan ezarritako enborreko eta hautazko zatietan antolatuko dira.

3. Heziketa ziklo horrek barne hartuko du enpresa edo pareko erakunde batean prestakuntza aldi bat egitea, 2023ko uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren IV. tituluan araututako baldintzetan.

4. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak eta moduluarteko proiektua foru dekretu honen 2B) eranskinean garatzen dira, uztailaren 10eko 636/2015 Errege Dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz. Maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuak (Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren titulua ezarri eta haren gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena) aldatzen du errege dekretu hori.

5. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

6. Hautazko zati arte bat sartzen da, 100 ordukoa, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 102. artikuluan aipatzen dena. Parte hori urtebeteko iraupena duen lanbide modulu batek edo lau hileko bi moduluk osatzen ahalko dute; bigarren kasu horretan, lau hileko bi modulutan banatzen ahalko da ikasturte desberdinetan. Hezkuntza Departamentuari dagokio hautazko moduluen eskaintza arautzea. Prestakuntza profesionaleko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek hautazko moduluak proposatzen ahalko dituzte, tituluen curriculumetan txertatzeko. Foru dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren ondorioetarako, proposamen horiei buruzko txostena egin beharko du Hezkuntza Departamentuan prestakuntza profesionalaren arloko eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 112. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, baldin eta onartua izateko ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

2. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuaren XCI eranskinaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazte aldera, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen eta moduluarteko proiektuaren artean banatuta.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeek ekainaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 126. artikuluan ezarritakoa beteko dute eta 3. eranskinean zehazten direnak dira.

2. Lanbide Heziketako Sistemako prestakuntzen eta aurretiko araudien berezko prestakuntzen lanbide moduluak baliozkotzeko, ekainaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 127. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

2017ko martxoaren 5a baino lehen ezarritako tituluetarako, aplikagarria izanen da abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa (errege dekretu horrek Espainiako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako tituluetako lanbide moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak ezartzen ditu eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena, aldatzen du).

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide moduluak lan esperientziaren bidez edo beste bide ez-formal eta informal batzuen bidez eskuratutako gaitasun profesionalen estandarrak egiaztatuz baliozkotzeko, hala badagokio, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 128. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Foru dekretu honen 4.A) eranskinean daude zehaztuta.

2. Gaitasun profesionalen estandarrak gainditutako lanbide moduluen bidez egiaztatzeko, aplikatzekoak izanen dira "gainditutako lanbide moduluen egokitasuna gaitasun unitateekin, horiek egiaztatzeko" taulak. Foru dekretu honen 4.B) eranskinean daude zehaztuta.

3. Aurreko 1. puntuan ezarritakoaren ondorioetarako, era berean aplikatzekoak izanen dira indargabetutako 1224/2009 Errege Dekretuak, uztailaren 17koak, lan esperientziaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak aitortzeari buruzkoak araututako prozeduraren bidez egiaztatutako gaitasun unitateak.

4. Kontuan hartuta gaitasun unitateen eta/edo lanbide moduluen izendapenen eguneraketak, desadostasunik egonez gero, kodifikazioa lehenetsiko da izendapenaren aurretik.

5. Enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntza aldiaren salbuespena uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan ezarritakoaren arabera arautzen ahalko da.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta desagertuko den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen taldeari dagokie. Foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dira.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera araubide iragankorra arautzen da.

3. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek.

11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntzaren emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna osagarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresneriak behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Bete beharrekoak dira laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza lekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza lekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereiziak egon behar.

5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresneria, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza espazio horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da leku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Tituluaren baliokidetasunak.

1. Uztailaren 10eko 636/2015 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, abuztuaren 4ko 14/1970 Legean jasotako Eraikinen Eraikuntzako teknikari espezialistaren tituluak (obra maisua, Eraikuntza eta Obrak adarra) dituen ondorio akademiko eta profesionalak izanen dira Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren tituluaren berberak (titulu horren curriculuma foru dekretu honetan arautzen da).

2. Obrak eta planak burutzeko goi mailako teknikariaren tituluak, abenduaren 17ko 2210/1993 Errege Dekretuan eta ekainaren 25eko 1411/1994 Errege Dekretuan ezarria, foru dekretu honetan ezarritako Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariaren tituluaren ondorio akademiko eta profesional berberak izanen ditu.

Bigarrena. Beste lanbide gaikuntza batzuk.

Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonalaren lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, uztailaren 10eko 636/2015 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

Dekretu honetan ezarritako prestakuntzak, gaitasun unitateekin lotutako modulu guztien artean eta modu bateratuan, bete egiten du laneko arriskuen prebentzioaren arloko berariazko prestakuntza, bai eta arlo horretan eskatzen diren baldintzak ere, eraikuntzako lanbide txartela lortzeko, eraikuntzaren sektoreko hitzarmen kolektibo orokorrean ezarritako zehaztapenen arabera.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Arau garapena.

Hezkuntza Departamentuko titularrari ahalmena emanen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa egoki aplikatzeko behar diren arau guztiak garatu ditzan eta, bereziki, foru dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren hautazko moduluak onartu edo aldatu ditzan eta curriculumetako lanbide moduluen iraupena edo irakaste sekuentzia aldatu dezan, baldin eta aldaketa horiek funtsean ez badiote eragiten tituluan zehaztutako lanbide profilari eta Estatuko oinarrizko araudian ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatzen badira.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA. Eraikuntza Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikari titulua

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web