(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

438E/2024 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 27KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA INGURUMEN ZUZENDARITZA NAGUSIKO ZERBITZU TEKNIKOEN 2024-2027 ALDIKO PLAN ZUZENTZAILEA

BON N.º 70 - 08/04/2025



  ERANSKINA. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Teknikoen 20242027 aldiko Plan Zuzentzailea


Atariko

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ingurumenaren babesaren, kontserbazioaren, kudeaketaren eta informazioaren arloetan esleitutako eskumenak, eta Plan Zuzentzailea erreferentziazko tresna estrategikoa da etorkizunari antzemateko, aldaketara moldatzeko, eta baliabideak helburu jakin batzuetarako egokitzeko, inprobisazioa alde batera utzirik.

Plan zuzentzaile honen beharra argi gelditzen da efizientzia eta eraginkortasuna bilatzeko garaian baliabideak erabiltzeko, ibilbide-orri gisa balia dadin jarduerak lehenesteko, baliabideak egoki esleitzeko eta aurrerapena neurtzeko; horrela, hain zuzen, bat-etortzea bermatzen da epe luzerako ikuspegiaren eta eguneroko lanaren artean. Horrek etengabeko hobekuntzaren eta ikaskuntza estrategikoaren kultura sustatuko du. Horrenbestez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Plan Zuzentzailearen xedea da egungo egoera aztertzea, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu teknikoen kudeaketa optimizatzea, zerbitzuoi loturiko erronkak zehaztea eta kudeaketa zorrotzagoa bermatzea. Horren guztiaren bidez, marko zuzentzaile bat ezarriko da, baliabideak eta bitartekoak antolatu eta esleituko dituena eta haien jarduerak koordinatuko dituena.

Planak 2024tik 2027ra arte barne hartzen du, eta 5 ardatz ditu: arauen eta zerbitzuen garapena, talentuaren eta ezagutzaren kudeaketa, antolaketaren egokitzapena, modernizazioa eta efizientzia eta, azkenik, ikusgaitasuna eta kanpoko taldeekiko kudeaketa. Horiez gain, badu jarraipen eta ebaluazio sistema bat ere, ahalbidetuko duena era jarraituan egiaztatzea haren betetze maila.

Agiria jendaurrean egon da Gobernu Irekian, uztailaren 4tik abuztuaren 4ra bitartean. Epe horretan egin diren ekarpenei erantzuna eman zaie emaitzen txostenean, zeina eskuragarri baitago Gobernu Irekiaren orri berean, urriaren 14tik.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Teknikoen 2024-2027 aldiko Plan Zuzentzailea. Haren testua foru agindu honen eranskin gisa atxiki da.

2. Argitara ematea foru agindu hau eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzu Teknikoen 2024-2027 aldiko Plan Zuzentzailea Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

ERANSKINA. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Teknikoen 2024-2027 aldiko Plan Zuzentzailea

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web