FORU LEGEA, 1936KO KOLPE MILITARRAREN ONDORIOZ ERAILDAKO ETA ERREPRESIOAREN BIKTIMA IZANDAKO NAFARROAKO HERRITARREI ERREKONOZIMENDUA ETA ORDAIN MORALA EMATEKO AZAROAREN 26KO 33/2013 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
BON N.º 62 - 27/03/2025
Bere helburuen artean, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, erregimen frankistaren gogorarazpenerako erreferente ikonikoak kentzearena dauka, sinbologia horrek orainaldian iraunarazten dituen oroitzapenen kohesioa apurtzeko.
Diktadura garaian, eraikin batzuk erabili ziren haiei Francoren diktaduraren balioen gogorarazpen- eta propaganda-esanahia emanez, horiek denboran iraunarazteko asmoz. Eraikin horien adibide dugu ‘Erorien omenezko monumentu’ gisa ezagutzen dena.
‘Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei’ eraikina 1942an jaso zen, Nafarroako Diputazioaren ekimenez, garaileen alderdiko hildakoak omendu eta Francoren diktadura goresteko. Eraikuntza-proiektuak adierazten duen bezala, Erorien omenezko Monumentua botozko tenplu gisa izan zen eratua, ‘Gurutzada’ren eta, zeharka, diktaduraren botere- eta aintza-ikur gisa.
1998an, eta Foru Diputazioak monumentua botozko izaeraz gabetu ondoren, Artzapezpikutzak eta Kristo Erregeren parrokiak dohaintzan eman zioten monumentua Iruñeko Udalari. Dohaintza hura baldintzatu zen gurtza-ekitaldietarako kripta zentralaren gozamena betiko erreserbatuta uztera.
Jabetasuna eskuratu ondoren, zenbait neurri hartu ziren eraikina sinbologia frankistaz gabetzeko. Kripta hori eraikinaren gainerakotik isolatua izan zen, eta aipatu parrokiaren esku utzia. ‘Gurutzada’ deritzonaren eta frankismoaren erregimenaren gorespenerako inskripzioak estali egin ziren; eta, eraberritze- eta egokitze-obra batzuk tarteko, eraikina erakusketa-areto gisa tankeratua izan zen.
2002an onetsi zen Udal Plana, zeinak monumentu-multzoa "Erorien omenezko Monumentu" izenpean bildu baitzuen. Iruñeko Udalaren Eraikin Babestuen Katalogoan, 2. gradukotzat sailkatuta babesten dira barnealdea, kripta eta estalkia, eta 3. gradukotzat, albo-arkuteriak.
2016an, Nafarroako Gobernuak sinbolo frankisten behin-behineko errolda onetsi zuen, bai eta sinbologia hori kentzeko gomendioak ere; eta barne hartu zuen Erorien omenezko Monumentua. Halaber, Iruñeko Udalak erabaki zuen hobiratze-leku gisa ixtea monumentu horren azpialdean dagoen kripta, eta desobiratu egin zituen Mola eta Sanjurjo jeneralen eta kriptan hobiratutako boluntario frankisten gorpuzkiak.
Urratsak egin badira ere eraikina bere jatorrizko esanahiaz gabetzeko, beharrezkoa da eraikin horri esanahi berri bat ematea, memoria historiko kritiko bati eustearekin bateragarria izanen dena.
Xede horrekin, proposatzen da eraikinaren erabilera aldatzea eta hura bideratzea gerran eta diktaduran egin ziren giza eskubideen urraketa larrien zergatiak eta aitzin-gibelak ezagutaraztera, hausnarketa egitera eta gizartea ohartaraztera faxismo-forma berrien arrisku eta perilei buruz, horiek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten duten aldetik. Horretarako, nabarmendu egiten da elkarbizitzaren eta giza eskubideekiko begirunearen balioa.
Foru lege honen helburua da giza eskubideen alorrean dauden nazioarteko estandarrei atxikitzea, memoria kolektiboa ahanzturarengandik babesteko eta tesi errebisionisten eta negazionisten sorrera ekiditeko.
Artikulu bakarra. Aldaketa egitea azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoan.
Xedapen gehigarri berri bat, zortzigarrena, gehitzen da. Testu hau izanen du:
"Zortzigarren xedapen gehigarria.-"Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei" monumentua.
1. "Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei" monumentuak, "Erorien omenezko Monumentu" ere baderitzon horrek, are desobiratzeen ondoren eta frankismo-garaiaren sinbologia bereizgarririk gehiena kendua izan ondoren ere, totalitarismozko propaganda ispilatzen du, altxamendu faxista eta haren ondorengo ia 40 urteetan zeharreko erregimen frankista gorestekoa.
2. Monumentu horren erabilerak huts-hutsik izan daitezke gerran eta diktaduran izandako giza eskubideen urraketa larrien zergatiak eta aitzin-gibelak ezagutaraztea, hausnarketa egitea, eta faxismo-forma berriek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten duten aldetik dituzten arrisku eta perilei buruz gizartea ohartaraztea. Halaber, elkarbizitzak eta giza eskubideekiko begiruneak duten balioa nabarmenduko da. Hori guztia, ezertan kaltetu gabe foru lege honen helburuekin zerikusia duen udal-autonomia.
3. Kendu beharrekoak dira erregimen frankistaren garaipenaren gorespenerakoak gertatzen diren atal sinbolikoak, eta estali beharrekoak dira kupularen barnealdeko margolanak".
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.