(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2025 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 26KOA, NAFARROAKO KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

BON N.º 52 - 14/03/2025



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. OSAERA


  III. KAPITULUA. ESKUMENA


  IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA ETA PROZEDURA

  1. ATALA. FUNTZIONAMENDUA

  2. ATALA. PROZEDURA

  3. ATALA. BESTE EGINKIZUN ETA JARDUKETA BATZUK


  V. KAPITULUA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LANGILEAK

  1. ATALA. ARAU OROKORRAK

  2. ATALA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LEGELARIAK

  3. ATALA. BESTE LANGILE BATZUK


  IV. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA JURIDIKOA


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 49.1.a) artikuluan ezartzen duenez, Nafarroak, bere foru eraentza dela-eta, eskumen esklusiboa du foru erakundeen osaera, eskudantziak, antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa arautzeko, bai eta haien kideen hautaketa ere, guztia ere arau horren lehen tituluan ezarritako baldintzetan.

Era berean, 28 ter artikuluak, urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoak emandako idazketan, honela definitzen du Nafarroako Kontseilua: "Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile nagusia". Ondotik, hau agintzen du: "Foru lege batek arautuko ditu Nafarroako Kontseiluaren osaera, hautaketa, eskudantziak, araubide juridikoa eta funtzionamendua".

Aipatutako aurreikuspenen babespean, Nafarroako Kontseilua sortu zen martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legearen bidez, eta Nafarroako Kontseiluari buruzko ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legeak arau hori ordezkatu zuen.

Otsailaren 28ko 90/2000 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartu zen, eta bitan aldatu zen, lehendabizi ekainaren 12ko 205/2000 Foru Dekretuaren bidez, eta bigarrenez urtarrilaren 21eko 15/2002 Foru Dekretuaren bidez.

Nafarroako Kontseilua sortu zenetik hona izan diren legegintzako berrikuntzak haren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua aldatzera behartzen dute. Aldaketa horren norainokoa dela eta, komeni da testu berri bat onartzea, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legearen aurreikuspenak erregelamendu bidez garatzeko, terminologia genero-ikuspegia duen hizkera juridikora egokitzeko, eta Nafarroako Kontseiluaren funtzionamendu arauetan teknologia berriak txertatzeko.

Egindako proposamenaren oinarria Nafarroako Kontseiluaren autonomia organiko eta funtzionala da, hura arautzen duen foru legearen 1. artikuluan aitortua, eta, gainera, 7., 8. eta 16. artikuluetan babestua.

Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluak erregelamenduaren proiektua onartu ondotik, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren proposamenez, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko otsailaren 26an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Nafarroako Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten da, eta foru dekretu honi eransten zaio haren testua, eranskin gisa.

Lehenengo xedapen gehigarria. Errekurtsoak.

Nafarroako Kontseilua arautzen duen foru legean eta aplikatzekoa den sektoreko araudian aurreikusitakoa izanen da haren organoek administrazio- edo barne-araubideko gaietan emandako ebazpenak eta egintzak aurkaratzeko araubidea.

Bigarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Kontseiluak datu pertsonalik biltzen badu, erakundearen titulartasuneko tratamendu jarduera egokian sartuko dira datu horiek, eta erakundearen izanen da tratamendu horren arduraduna.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen otsailaren 28ko 90/2000 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

NAFARROAKO KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera eta egoitza.

1. Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da.

2. Nafarroako Kontseiluak Iruñean du egoitza.

2. artikulua. Autonomia.

1. Nafarroako Kontseiluak autonomia organiko eta funtzionala izanen du bere eginkizunak betetzeko, bere objektibotasuna eta independentzia bermatze aldera.

2. Autonomia organikoa duenez, Nafarroako Kontseilua ez da Nafarroako Foru Komunitateko ezein erakunderen menpe egonen, eta ez da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ezein departamentutan sartuko.

3. Autonomia funtzionala duenez, aholkua ematen dien organoekiko independentzia osoz hartuko ditu Nafarroako Kontseiluak bere erabakiak; Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dizkio bere Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua eta haren ondorengo aldaketak, onar ditzan; bere aurrekontuaren aurreproiektua onetsiko du; Nafarroako Foru Komunitateko organo independente gisa agertuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan; Nafarroako Aurrekontu Orokorrek esleitzen dizkioten kredituak administratuko ditu; epigrafe berezi bat izanen du beretzat Nafarroako Aldizkari Ofizialean; eta bere langile-politika izanen du, Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen araudiaren esparruan eta Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean eta erregelamendu honetan ezartzen diren baldintzetan.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Bere eginkizunen jardunean, Nafarroako Kontseiluak ordenamendu juridikoa betetzen dela begiratuko du. Abaguneari eta komenigarritasunari dagozkien alderdiak baloratuko ditu gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatzen duenean; halaber, baloratuko du Administrazioak eraginkortasun handiagoa izatea bere helburuak betetzerakoan.

2. Irizpenak idatziz emanen dira beti, eta alderdi legitimatuaren eskaera formalez.

4. artikulua. Irizpenen izaera.

1. Nafarroako Kontseiluari aholkua eskatzea nahitaezkoa izanen da Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeak edo beste lege batzuek hala ezartzen dutenean, eta aukerakoa gainerakoetan.

2. Nafarroako Kontseiluaren irizpenak ez dira lotesleak izanen, non eta legeak ez duen kontrakoa xedatzen.

3. Irizpenek, nolanahikoak direla ere, Nafarroako Kontseiluaren eginkizun instituzionala den gaia izan beharko dute xedetzat, ez besterik.

4. Nafarroako Kontseiluak gai bati buruzko txostena eman duenean, gaiari buruzko xedapen eta ebazpenek Kontseiluaren irizpenaren arabera emandakoak diren ala hartatik aldentzen diren adieraziko dute. Dena dela, kontuan hartu beharko dira irizpenak, eta arrazoitu eginen dira haietatik aldentzen diren ebazpenak.

5. Nafarroako Kontseiluaren irizpena duten gaiak ez dira igortzen ahalko -txosten juridikoa idatz dadin- Nafarroako Foru Komunitatearen edo beste administrazio publiko baten ezein organo edo erakundera, Estatu Kontseilua barne.

Konstituzio Auzitegiaren jardunetan, aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du eragozten kontsultak eta txostenak egitea, organo jardulearen defentsa eraginkorragoa bada haien helburua.

5. artikulua. Isilpean gorde beharra.

1. Nafarroako Kontseiluko kideek eta, orobat, Kontseiluko langileek isilpean gorde behar dituzte onetsitako proposamenak eta hartutako erabakiak, harik eta irizpenean aztertzekoak diren gaiak organo eskudunari jakinarazi arte; izandako eztabaidak, azaldutako iritziak eta emandako botoak, berriz, beti gorde beharko dituzte beti isilpean.

2. Aurreko apartatuan xedaturikoak ez du galarazten Nafarroako Kontseiluaren irizpenak edo doktrina argitaratzea, hura arautzen duen foru legean eta erregelamendu honetan aurreikusitako eran.

6. artikulua. Ohoreak eta tratamenduak.

1. Nafarroako Kontseiluak eta haren kideek beren kategoriari dagozkion ohoreak eta tratamenduak izanen dituzte Nafarroako Foru Komunitateko organoen artean, gai horri buruzko foru araudiak xedatzen duenarekin bat etorriz.

2. Nafarroako Kontseiluaren ordezkaritza kontseiluburuak izanen du, ondorio guztietarako.

3. Nafarroako Kontseiluko kide gisa parte hartzen dutenean ekitaldi publiko eta solemneetan, Kontseiluko kide horiek toga eta domina janzten ahalko dituzte.

4. Nafarroako Kontseiluaren dominak Nafarroako armarria izanen du alde batean, eta bestean, Nafarroako Kontseiluaren ikurra. Haren diseinua Nafarroako Kontseiluak onetsiko du.

7. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 9ko 8/2016 Foru Legea, hura ordezten duen araua eta erregelamendu honetan xedatutakoa bete beharko du Nafarroako Kontseiluak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzen zaion araubide juridiko beraren mende egonen da Nafarroako Kontseilua, kontratazioaren, erantzukizunaren, gardentasunaren, datuen babesaren, eta administrazio- edo barne-araubidekoak diren gainerako arloetan.

II. KAPITULUA. OSAERA

8. artikulua. Nafarroako Kontseiluko kideei buruzkoa.

1. Hona Nafarroako Kontseiluko kideak:

a) Kontseiluburua.

b) Kontseilukide idazkaria.

c) Gainerako hiru kontseilukideak.

2. Nafarroako Kontseiluko kideen estatutu juridikoa Kontseilua arautzen duen foru legean ezarritakoa izanen da.

3. Nafarroako Kontseiluaren kide izatea eskuordeezina da.

9. artikulua. Karguaz jabetzea.

1. Izendatuak izan eta hurrengo hogeita hamar egun naturalen barruan jabetuko dira karguaz Nafarroako Kontseiluko kideak. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren aurrean, zin eginen edo hitz emanen dute Nafarroako foru araubidea beti errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela, eta beren karguari dagozkien betebeharrak zintzo beteko dituztela.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria bertan dela, Nafarroako Kontseiluak horretarako eginen duen bilkura solemnean jabetuko da karguaz kontseiluburua. Hartan, Nafarroako Kontseiluko idazkariak izendapenari buruzko foru dekretuaren berri emanen du, eta, ondotik, izendatuak hitz emanen du edo bere karguaren zina egiten du.

10. artikulua. Osoko bilkura.

1. Nafarroako Kontseiluak osoko bilkuran jardunen du, eta kide guztiez egonen da osatua.

2. Nafarroako Kontseilua balio osoz eratu dadin, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, administrazio prozedura arautzen duten arauetan kide anitzeko organoentzat, oro har, ezarritakoari jarraituko zaio.

11. artikulua. Kontseiluburua.

1. Kontseiluko kideek beren artetik hautatuko dute kontseiluburua, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2. Eginkizun hauek izanen ditu kontseiluburuak:

a) Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdia eta gai-zerrenda erabakitzea, kontuan harturik kide anitzeko organoa osatzen duten gainerako kideek aurkeztutako eskaerak, halakorik denean, behar besteko denboraz aurkeztu badituzte.

b) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

c) Bere botoaz berdinketak ebaztea, erabakiak hartu ahal izateko.

d) Gai-zerrendan agertzen ez diren gaiak bidera daitezela proposatzea, bere ekimenez edo Nafarroako Kontseiluko kideren baten eskariz, eta aztertu sakonagoa behar duten gaiak uztea.

e) Eztabaidatzeko baino ez diren bilkuretara adituak etortzeko baimena ematea, Nafarroako Kontseiluak entzun ditzan.

f) Nafarroako Kontseiluaren bilkuren aktei oniritzia ematea.

3. Era berean, kontseiluburuari dagokio:

a) Gaiak Nafarroako Kontseiluko kideen artean banatzea, txostena egin dezaten, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

b) Espedientea irizpenak egiteko behar diren aurrekari, txosten, dokumentu eta froga guztiekin osa dezala eskatzea kontsulta egin duen agintaritzari, erakundeari edo organoari.

c) Kontsulta egin duen agintaritzari, erakundeari edo organoari kontsulta itzultzea, ez badator bat Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean eta erregelamendu honetan adierazitako baldintzekin, eta zer huts ikusi diren ohartaraztea.

d) Prozedurako interesdunen entzunaldia erabakitzea, erregelamendu organiko honetan xedatutakoaren arabera.

e) Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

f) Kontsulta egin duten agintaritza, instituzio edo organoetara igortzeko diren komunikazio ofizialak sinatzea.

g) Nafarroako Kontseiluaren jardueren komunikazio instituzionala egitea.

h) Nafarroako Kontseiluaren gastu espedienteak baimentzea, idazkaritzak tramitatu aurretik.

i) Aurrekontua betearazteko jarraibideak ematea eta betearazpenerako behar diren egintzak onartzea, guztia ere aplikatzekoa den aurrekontu legeria betez.

j) Nafarroako Kontseiluaren izenean eta hura ordezkatuz, 15.000 eurotik beherako kontratuak egitea (BEZa kanpo).

k) Informazio publikoaren eskabideak ebaztea.

4. Kontseiluburuaren kargua bete gabe badago, kontseiluburua kanpoan edo eri badago, edo legezko beste arrazoirik bada, idazkariaz besteko kontseilukide adintsuena arituko da haren ordez, beste bat hautatzen den edo ordezkatzeko arrazoia bukatzen den arte.

12. artikulua. Idazkaria.

1. Kontseiluko kideek beren artetik hautatuko dute Nafarroako Kontseiluko idazkaria, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kontseiluko langileen burutza, diziplinazko ahala barne.

b) Nafarroako Kontseiluaren bilkuretarako behar den dokumentazioa aztertu eta prestatzea.

c) Nafarroako Kontseiluaren bilkuren akta egitea.

d) Nafarroako Kontseiluaren ziurtatze eta jakinarazpen organoa izatea.

Halatan, akta, erabaki, irizpen eta horien kopien ziurtagiriak emanen ditu, lehendakariaren oniritziarekin. Halaber, bertaratze ziurtagiriak eginen ditu Nafarroako Kontseiluko kideen dieten sortzapena egiaztatzeko.

e) Kontseiluburuaren akten liburuak osatzea, orriek zenbakia dutela eta kontseiluburuak ikus-onetsirik.

f) Nafarroako Kontseiluaren jardueren memoria prestatzea.

3. Nafarroako Kontseiluko idazkaritza hutsik bada, idazkaria kanpoan edo gaixorik bada, edo legezko beste arrazoirik bada, idazkariaz besteko kontseilukide gazteenak jardunen du haren ordez, beste bat hautatzen den edo ordezkatzeko arrazoia bukatzen den arte.

13. artikulua. Kontseilukideen eginkizunak eta ahalmenak.

1. Hauek dira kontseilukideen eginkizunak:

a) Behar adinako aurrerapenez jasotzea bilkuretako deialdia, gai-zerrendarekin.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.

d) Eskaerak eta galderak egitea.

e) Behar adinako aurrerapenez eskuratzea esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak egitea.

14. artikulua. Bateraezintasunen araubidea eta abstentzio betebeharra.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoa da Nafarroako Kontseiluko kideen bateraezintasun araubidea, eta Nafarroako Kontseiluko kide diren aldetik betetzen duten jarduera bateragarria da beste funtzio publiko edo pribatu batzuekin.

2. Nafarroako Kontseiluko kideek abstenitu eta ez dute gaietan esku hartu behar, administrazio prozedurari buruz indarrean diren arauen arabera abstentzio kausaren bat badago eta, nolanahi ere, haien lanbidea dela-eta gai horretan parte hartu badute.

Kargu publiko bat betetzeagatik izan dutenean auzi horren berri, edo kontsultaren xedea arauen aurreproiektuak edo proiektuak direnean, interes pertsonalik ez dagoela joko da.

3. Abstentzioa idatziz agertuko zaio kontseiluburuari, gaia eztabaidatu aurretik, edo ahoz, Nafarroako Kontseiluaren bilkuran gaiaren berri ematen denean.

4. Alde interesdunak Nafarroako Kontseiluko kideen errekusazioa sustatzen ahalko du, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz.

5. Kide anitzeko organoko kideren batek abstenitu behar duen ala ez, zalantzarik edo desadostasunik sortzen bada, Nafarroako Kontseiluak erabakiko du.

III. KAPITULUA. ESKUMENA

15. artikulua. Nafarroako Kontseiluaren eskumenak.

1. Nafarroako Kontseiluari nahitaezko kontsulta egin beharko zaio Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean aipatzen diren gaietan, bai eta legez Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko txostena edo organo aholku-emaile baten irizpena behar duten gaietan ere.

2. Halaber, irizpena emanen du kontsulta fakultatiboak eskatzeko legitimazioa duten erakundeek horretarako aurkezten dizkioten gaietan, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera.

3. Era berean, eskudantzia hauek ditu Nafarroako Kontseiluak:

a) Nafarroako Kontseiluaren burua eta idazkaria hautatzea.

b) Nafarroako Kontseiluko kideak kargutik kentzeko proposamena helaraztea Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeari jarraikiz haiek funtziogabetzeko arrazoiak daudenean.

c) Erregelamendu hau aldatzeko beharrezkotzat jotzen dituen proposamenak helaraztea Nafarroako Gobernuari.

d) Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legea garatzeko egokitzat dituen arauak onartzeko proposamena helaraztea Nafarroako Gobernuari.

e) Nafarroako Kontseiluaren urteko memoria onestea.

f) Nafarroako Kontseiluaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea.

g) Nafarroako Kontseiluaren kontu orokorrak onestea.

h) Nafarroako Kontseiluaren plantilla organikoa, langileen zerrenda eta enplegu eskaintza publikoa onestea.

i) Kontratazio publikoaren, langileen, erantzukizunaren, gardentasunaren, araubide ekonomiko eta finantzarioaren, datuen babesaren, eta erakundearen funtzionamenduari lotutako administrazio- edo barne-araubideko gainerako gaien arloko eskumenez baliatzea.

j) Langileen eta administrazio- nahiz barne-araubidearen arloan emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio errekurtsoak ebaztea.

k) Legeek berariaz esleitutako beste batzuk.

IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA ETA PROZEDURA

1. ATALA. FUNTZIONAMENDUA

16. artikulua. Bilkuren eta eztabaiden garapena.

1. Kontseiluburuak -bere kabuz edo kontseilukideren baten eskariz- deia egiten duenean izanen dira Nafarroako Kontseiluaren bilkurak. Kontseilukide batek eskatu badu, galdatu ondorengo hamar egunetan eginen da deialdia, eta deialdia egin ondoko hilabetearen barruan eginen da bilkura.

2. Nafarroako Kontseiluaren bilkurak presentzialak izanen dira lehentasunez, nahiz eta baliabide teknologikoak erabiltzeko aukera ere izan.

3. Edozein baliabide erabiltzen dela ere, Nafarroako Kontseiluko kideei bilkuretan parte hartzeko eskubidea bermatuko zaie, bai eta zeinek bere jarrera defendatu eta kontrastatu ahal izatea, eta kide anitzen borondatea osatu eta eratze quoruma mantendu ahal izatea ere.

17. artikulua. Bilkuren deialdia.

1. Kontseiluburuak deituko ditu bilkurak.

2. Deialdiak gutxienez hiru egun baliodun lehenago bidaliko zaizkie Nafarroako Kontseiluko kideei, baliabide elektronikoen bidez, eta deialdiari gai-zerrenda gehituko zaio, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; bilkura zein baldintzatan eginen den adieraziko da halaber, baita konexio sistema ere, eta, halakorik bada, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak zein tokitan dauden ere adieraziko da.

3. Deialdiari aurreko bilkuretako aktaren edo akten zirriborroa -bilkuran onartu beharrekoak- erantsiko zaio.

4. Kontseiluburuak larrialdiko kasua dela irizten dionean, hogeita lau ordu lehenago deitzen ahalko da bilkura. Kasu horretan, gai-zerrendaren lehen puntua izanen da larrialdiari buruzko erabakia. Kide anitzeko organoaren iritziz ez bada larrialdirik, jarraian bukatutzat joko da bilkura.

18. artikulua. Eraketa.

Nafarroako Kontseilua behar bezala eratu dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko, gutxienez hiru kontseilukide izanen dira bertan, eta haietako bi kontseiluburua eta idazkaria izanen dira, edo haien ordezkoak.

19. artikulua. Bilkuren hasiera.

1. Kontseiluburuak bilkurari hasiera eman eta gero, Nafarroako Kontseiluko idazkariak egiaztatuko du quoruma aski den organoa behar bezala eratzeko eta, hala bada, kontseiluburuak eratutzat joko du organoa.

2. Larrialdi handiko arrazoiak direla medio, aribidean den bilkurako gai-zerrendan beste puntu bat sartzea proposatzen ahalko du kontseiluburuak, bere kabuz nahiz beste kontseilukide baten eskariz. Sartzeko, organoko kide guztiek bertan egon eta aldeko botoa eman beharko dute.

3. Horren ondotik, aurreko bilkurako akta irakurriko da, onar dadin, eta Nafarroako Kontseiluko kide batek ere oharrik egin ezean, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eginen dira, eta bidezko zuzenketak erabaki. Akta bakoitzean, aurrekoa irakurri eta onartu dela aipatzen denean, agertu eginen dira egindako ohar eta zuzenketak.

20. artikulua. Bilkuren garapena.

1. Aztergaiak gai-zerrendan agertzen diren hurrenkeran eztabaidatu eta bozkatuko dira, baina Nafarroako Kontseiluaren erabakiz aldatzen ahalko da ordena hori.

2. Kontseiluburuak hitza emanen die eskatu duten kontseilukideei, galdatutako hurrenkeran.

3. Gaiaren xedea irizpen proiektu bat denean, txostena egin duen kontseilukidea mintzatuko da lehen-lehenik; arrazoiak emanez azalduko du, eta, ondotik, eztabaida eginen da, aurreko paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz.

4. Nafarroako Kontseiluaren irizpen edo erabaki proiektuen zuzenketak, gehikuntzak, ezabaketak edo edozein aldaketa, haiek proposatu dituen Nafarroako Kontseiluko kideak defendatuko ditu.

5. Kontseiluburuak uste duenean gai nagusia eta zuzenketak behar beste eztabaidatu direla, bozketa egiteko aginduko du, zuzenketetatik hasita.

21. artikulua. Irizpen proiektuak bozkatzea.

1. Irizpen proiektuaren behin betiko testua finkatu denean, testu osoaren gaineko erabakia har dadila aginduko du kontseiluburuak, onar dadin.

2. Irizpen proiektu bat baztertu egiten bada gaiaren edukiari buruzko ebazpenik gabe, ebazteke geratuko da gaia, eta txostena egin duen Nafarroako Kontseiluko kideari aginduko zaio berriz idatz dezala, eztabaidaren eta erabakiaren zentzuaren arabera idatzi ere. Kideak uko egiten badio agindu horri, kontseiluburuak Nafarroako Kontseiluko beste kide bat izendatuko du txostena berriz idazteko.

3. Irizpen proiektua ikusirik, Nafarroako Kontseiluak hartutako erabakia ez badator bat gaiaren edukiari buruzko ebazpenak jasotzen duen zentzuarekin, kontseiluburuak Nafarroako Kontseiluko beste kide baten esku utziko du hura idazteko eginkizuna, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

22. artikulua. Irizpenen forma.

Irizpenek idazpuru bat izanen dute, non agertuko baita irizpena non eta noiz eman zen; zein kontseilukidek hartu zuten parte, lehenik eta behin adierazirik nor izan ziren kontseiluburua, kontseilukide idazkaria eta kontseilukide txostengilea(k); beste atal bereizi batzuetan idatziz jasoko dira aurrekariak, eta haietan berariaz aipatuko da zer organo edo erakunderen jardunak ekarri duen irizpena eta zein diren gogoeta juridikoak eta ondorioa, ondorio hori gehiengoz ala aho batez hartu den ere adierazita.

23. artikulua. Erabakiak hartzea.

Erabakiak Nafarroako Kontseiluko kideen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketarik bada, kontseiluburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

24. artikulua. Boto partikularrak.

1. Nafarroako Kontseiluaren aztergai izandako edozein aferatan, gehiengoaren erabakiarekin edo arrazoibidearekin bat ez datozen kideek boto partikularra egiten ahalko dute, idatziz eta arrazoiturik, eta irizpenari erantsiko zaio.

2. Delako aferaren bozketa bukatu eta berehala jakinarazi beharko da boto partikularra egiteko asmoa, eta adierazpen hori egiten denetik bost egunen buruan prestatu, salbu eta larrialdian -kontseiluburuak egoera hori deklaraturik-, kasu horretan epea egun bakarrekoa izanen baita.

3. Boto partikularrak idazkariari eman beharko zaizkio, eta hark irizpenari erantsiko dizkio.

4. Gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen kontseilukideek, gainera, haietako batek idatzitako boto partikularrarekin bat egiten ahalko dute, baldin eta, bozketa bukatutakoan, segituan adierazi bazuten boto partikularra idazteko asmoa zutela, gehiengoak hartutako erabakiaren inguruan.

25. artikulua. Irizpenak sinatzea.

1. Irizpenaren erabakia hartu zenean bilkuran ziren Nafarroako Kontseiluko kide guztiek izenpetuko dituzte irizpenak, nahiz eta gehiengoaren erabakiarekin bat ez etorri edo boto partikularra aurkeztu.

2. Bozketa egin ondotik, ezinagatik bozketa horren irizpena sinatu ezin badu Nafarroako Kontseiluko kideren batek, idazkari lanetan den kideak inguruabar hori eta haren botoaren zentzua jasoko ditu, eta, ondotik, kontseiluburuak sinatuko du kontseilukidearen ordez. Prozedura berari jarraituko zaio ezintasuna kontseiluburuarena denean; kasu horretan, haren ordezko izan behar duen kontseilukideak sinatuko du haren ordez.

26. artikulua. Bilkuren aktak.

1. Bilkura bakoitzaren akta eginen da, eta hor jasoko dira bilera bakoitzaren data eta tokia, bileran zer kide izan diren eta nola parte hartu den, gai-zerrenda eta eztabaidatutako aferak, hartutako erabakiak eta, halakorik izan denean, baita izandako gorabeherak ere; baina eztabaiden edukia ez da aipatuko.

2. Irizpenen eta boto partikularren testu osoak agertuko dira aktan, bai eta hartutako erabakiak ere.

3. Kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak.

2. ATALA. PROZEDURA

27. artikulua. Irizpena eskatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eskatuko dute, zuzenean, Nafarroako Kontseiluaren irizpena, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean aurreikusitako kasuetan.

2. Indarrean den legeriaren arabera nahitaezkoa den kasuetan, Nafarroako Kontseiluaren irizpena eskatu beharko dute Nafarroako toki entitateetako buruek eta beste korporazio, erakunde edo entitate publikoen ordezkaritza esleituta duten organoek ere. Kontsulta horiek Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren bidez igorriko dira.

3. Konstituziokontrakotasun-errekurtsoetan eta eskumen-gatazka positiboetan, irizpena eskatzen ahalko da, errekurtsoa jartzeko edo errekerimendua egiteko erabakiarekin batera, hurrenez hurren.

28. artikulua. Dokumentazioa.

1. Kontsulta igortzeko idazkia, kontsulta egiteko ebazpena edo erabakia erantsita duela, kontseiluburuari zuzenduko zaio.

2. Eskabidearekin batera, kontsultarako aurkeztu den gaiaren espediente osoa aurkeztu beharko da, euskarri elektronikoan, zenbakiturik, kautoturik eta barne dituen dokumentuen aurkibidearekin batera. Agirien artean, nahitaez aurkeztuko beharko da kontsultagai den arauaren aurreproiektua, xedapen proiektua, egintza edo ebazpen proposamena.

3. Irizpenaren xedea foru lege baten aurreproiektua edo legezko nahiz erregelamenduzko xedapen baten proiektua denean, kontsulta egin duen agintaritzak aurreko paragrafoan aurreikusten den dokumentazioarekin batera bidali beharko du bilkuraren ziurtagiria, zeinean hura aintzat hartzeko erabakia hartu baitzen, Nafarroako Kontseiluari kontsultarako aurkezteko.

29. artikulua. Onargarritasuna.

1. Nafarroako Kontseiluak, kontseiluburuaren bitartez, jatorrizko agintaritzari edo organoari itzultzen ahalko dizkio erregelamendu honetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten kontsultak; adieraziko dio ikusitako akatsak zein diren eta, ondorioz, egingabetzat hartuko dela kontsulta.

2. Nafarroako Kontseiluak uste badu espedientea osorik ez dagoela, kontseiluburuaren bitartez eskatzen ahalko ditu beharrezkotzat jotzen dituen aurrekari, txosten eta proba guztiak. Kasu horretan, eta behin bakarrik, eten eginen da irizpena emateko ezarritako epea. Espediente osoa jaso ondotik hasiko da zenbatzen irizpena emateko epea osotara, eta ez du ondoriorik izanen ordura arte igarotako epearen denborak.

3. Zalantzarik baldin badago, bidezko ote den galdatutako irizpena onartzea ala ez, kontseiluburuak deialdia eginen dio Nafarroako Kontseiluari, sortutako arazoa arrazoiak emanez ebatz dezan. Ezezkoa bada, erabakiak irizpen forma hartzen ahal du.

30. artikulua. Kontsultak izapidetzea eta txostenak esleitzea.

1. Irizpen eskaera jaso ondotik, erregistratuko da eta berehala helaraziko zaio kontseiluburuari, eta hark jaso izanaren berri emanen du.

2. Irizpen eskaera bakoitzeko espediente bat irekiko da, eta eskaerari dagozkion dokumentu guztiak erantsiko zaizkio.

3. Kontsulta espedientea ireki ondotik, kontseiluburuak txostena esleitu eta espedientea emanen du, azter dadin, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

31. artikulua. Epea.

1. Nafarroako Kontseilua arautzen duen foru legean aurreikusitakoa izanen da Kontseiluak irizpena emateko duen gehieneko epea.

2. Irizpena emateko gehieneko epea luzatzen edo laburtzen ahalko da, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz halaber.

3. Irizpena emateko epea eten eginen da Nafarroako Kontseiluak dokumentazio gehigarria eskatzen duenean, entzunaldia erabakitzen duenean edo adituen parte hartzea eskatzen duenean; eta berriz hasiko da zenbatzen eskaerari erantzun zaionean, entzunaldia egin denean edo txostena bideratu denean, Nafarroako Kontseiluaren erregistro orokorrean sartzen denetik aurrera.

32. artikulua. Adituen laguntza.

1. Nafarroako Kontseiluak kontsultarako aurkeztu diren gaiak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean aurreikusitako baldintzetan.

2. Hala bada, egindako kontsultaren baldintza zehatzak jasoko ditu irizpenak, eta barne hartuko du kontsultari erantzuteko egin den txostena.

33. artikulua. Interesdunen entzunaldia.

1. Kontsultarako aurkezten zaizkion espedienteetako interesdunei entzunaldia ematen ahalko die Nafarroako Kontseiluak. Entzunaldi hori beti eginen da administrazio publiko batek kontsultan zuzeneko interesa izan eta hala adierazten badu.

2. Kontseiluburuak epe bat ezarriko du entzunaldirako -epea ez da izanen, ez hamar egun baliodun baino laburragoa, ez hamabost egun baliodun baino luzeagoa-, eta tarte horretan Nafarroako Kontseiluaren egoitzan ikusgai egonen da espedientea. Entzunaldiaren izapidean eten eginen da irizpena emateko epea.

34. artikulua. Irizpenak igortzea.

Irizpena agintari kontsultagileari igorriko zaio, kontseiluburuak eta idazkariak sinatuta eta, halakorik denean, boto partikularrak erantsiko zaizkio.

35. artikulua. Artxiboa.

1. Irizpena onetsi zeneko bilkuraren aktari irizpenaren ale sinatua erantsiko zaio, bai eta boto partikularra(k) ere, halakorik bada, Nafarroako Kontseiluaren artxiboan sar dadin.

2. Irizpenaren jatorrizko idazkia dagokion irizpen liburuan sartuko da.

36. artikulua. Egintza edo xedapena jakinaraztea.

Kontsultaturiko ebazpena edo xedapen orokorra onartu edo argitaratzen denetik hogeita hamar eguneko epean, erabakia hartu duen organoak horren berri jakinaraziko dio Nafarroako Kontseiluari.

3. ATALA. BESTE EGINKIZUN ETA JARDUKETA BATZUK

37. artikulua. Argitalpena.

1. Nafarroako Kontseiluak bere webgunean argitaratuko ditu irizpenak edo haien laburpen bat, onartu eta hilabeteko epean. Argitalpenean boto partikularrak ere jasoko dira, halakorik bada.

2. Nafarroako Kontseiluaren argitalpenek datu pertsonalen babesa bermatuko dute.

38. artikulua. Memoria.

Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari, urtero, memoria igorriko die Nafarroako Kontseiluak, eta han azalduko ditu, bai aurreko ekitaldian egindakoak, bai jardun juridiko-administratiboa hobetzeko egokitzat dituen iradokizunak.

V. KAPITULUA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LANGILEAK

1. ATALA. ARAU OROKORRAK

39. artikulua. Langileak.

Nafarroako Kontseiluaren zerbitzura jarduteko langileak merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera hautatuko dira, eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura dauden langileei ezartzen zaien legedia bera ezarriko zaie.

40. artikulua. Plantilla organikoa.

1. Era egokian funtzionatzeko beharrezko iruditzen zaizkion lanpostuak izanen ditu Nafarroako Kontseiluak; bere plantilla organikoan zehaztuko dira.

2. Nafarroako Kontseiluak bere plantilla organikoa eta ondotik egiten zaizkion aldaketak onetsiko ditu. Bertan agertuko da, behar bezala sailkaturik, zer lanpostu dauden, behin-behinekoak edo funtzionario lanpostuak diren adierazita; funtzionarioen lanpostuei dagokienez, zein mailatakoak diren eta, halakorik bada, zer eskakizun espezifiko frogatu behar diren haietan sartzeko, zein diren izendapen librez beteko direnak eta zeinek dituzten ordainsari osagarriak.

41. artikulua. Langileen arloko eskudantziak.

1. Kontseiluko langileei dagokienez, kontseiluburuari dagozkio goi-zuzendaritza eta ebazpenak ematea, salbu eta erregelamendu honek Nafarroako Kontseiluaren esku utzitako alderdietan.

2. Idazkaria izanen da Nafarroako Kontseiluko langileen burua, eta hark beteko ditu zuzendaritza arruntaren eta langileen lanak kontrolatu eta antolatzearen eginkizunak.

2. ATALA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LEGELARIAK

42. artikulua. Legelariak.

1. Kontseiluburuak izendatuko ditu legelariak, eta honako eginkizun hauek izanen dituzte: azterketa, laguntza teknikoa, irizpenak prestatzea, eta laguntza tekniko eta juridikoa eskatzen duten jarduera guztiak.

2. Plantilla organikoan, legelari nagusiaren lanpostua sortzen ahalko da. Zuzendaritzako lanpostua izanen da, funtzionarioen artean libreki izendatuz betetzekoa. Legelariak berez dituen egitekoez landara, eginkizun tekniko administratiboak eta aurrekontua kudeatzekoak izanen ditu, langileen burua izanen da, eta eskuordetzen zaizkion antolaketa-eginkizunak ere beteko ditu -Nafarroako Kontseiluko kide idazkariari dagozkion eginkizun bat edo batzuk barne hartzen ahalko ditu-. Nafarroako Kontseiluari dagokio hura izendatzea, Nafarroako Kontseiluko, Nafarroako Parlamentuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko legelarien artetik. Funtzionarioak izan behar dute, eta, betetzen zuten lanpostuan sartzeko, Zuzenbideko graduaren edo lizentziaren titulua edo baliokidetzat jotako titulu bat izan. Izendatzen den funtzionarioa zerbitzu berezietan egonen da karguaz jabetzen denetik aitzina.

43. artikulua. Legelari izaera eskuratzea.

1. Nafarroako Kontseiluaren zerbitzura dauden legelarien lanpostuak hautatu eta betetzeko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuan horretarako ezarritako prozedurei jarraituko die Nafarroako Kontseiluak. Lanpostuan sartzeko, Zuzenbideko graduaren edo lizentziaturaren titulua edo baliokidetzat jotako titulu bat izan beharko da.

2. Kontseiluburuaren esku dago legelarien lanpostuak betetzeko eta hautatzeko prozeduren deialdia egitea eta ebazpenak ematea.

3. ATALA. BESTE LANGILE BATZUK

44. artikulua. Beste lanpostu batzuk betetzea eta hautatzea.

1. Nafarroako Kontseiluaren zerbitzura dauden plantillako langileen lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan horretarako ezarritako prozeduren bidez hautatu eta beteko ditu Nafarroako Kontseiluak, eta Kontseilua arautzen duen foru legean eta dagokion langileen plantillan jasotako aurreikuspenekin bat etorriz.

2. Kontseiluburuaren esku dago Nafarroako Kontseiluaren administrazioko eta zerbitzuko lanpostuak betetzeko eta hautatzeko prozeduren deialdia egitea eta ebazpenak ematea.

IV. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA JURIDIKOA

45. artikulua. Baliabide ekonomikoak eta funtzionamendu printzipioak.

1. Nafarroako Kontseiluak, independentzia organiko eta funtzionala izanagatik ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketari buruzko arau orokorrak bete behar ditu.

2. Nafarroako Kontseiluak bere aurrekontuan ezartzen diren kreditu edo zuzkidura ekonomikoak izanen ditu.

3. Nafarroako Kontseiluak autonomia du bere aurrekontuko gastuen egoera orria egin eta betearazteko, legeek eta erregelamendu honek ezarritako baldintzetan.

46. artikulua. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua.

1. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua urtero eginen da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartuko, programa independente gisa. Sailkapen organikoan, organo independente gisa agertuko da.

2. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuak gastuen egoera orria izanen du, eta hor sartuko dira, behar bezala zehazturik, bere eginbeharrak betetzeko behar dituen kredituak.

3. Aurrekontuen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak zehaztutako irizpideen eta egituraren arabera sailkatuko dira Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuko gastuen egoera orriko kredituak, haien izaera ekonomikoa, xedea eta helburuak kontuan hartuta.

47. artikulua. Aurrekontua prestatzea.

1. Kontseiluburuak aurrekontuaren aurreproiektua eginen du, eta Nafarroako Kontseiluari aurkeztuko dio, eztabaidatu eta onetsi edo zuzendu dezan. Aurreproiektuak bete egin beharko ditu Nafarroako Gobernuak -aurrekontuen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuaren proposamenez- onartutako jarraibide ekonomiko eta teknikoak.

2. Nafarroako Kontseiluak onetsi ondotik, aurrekontuen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuari igorriko zaio aurreproiektua, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sar dadin, aurrekontuak egin eta onestea arautzen duen araudiari jarraikiz.

48. artikulua. Aurrekontua betearaztea.

1. Kontseiluburuari dagokio, aurrekontuaren kredituek ezarritako mugen barruan, gastuak baimentzea eta horietaz baliatzea, eta eginbeharrak aitortzea.

2. Aurrekontua Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean edo hura ordezten duen arauan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legeetan ezarritakoaren arabera betearazi eta likidatuko da.

49. artikulua. Informazio ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ezarritako sistema bera erabiliko da Nafarroako Kontseiluaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioko jardueren barne kontrola egiteko, aintzat harturik, halakorik bada, Nafarroako Kontseilua arautzen duen Foru Legearen, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legeen eta aplikatzekoak diren gainerako arauen ondoriozko berezitasunak.

50. artikulua. Nafarroako Kontseiluko kideen eskubide ekonomikoak.

1. Nafarroako Kontseiluko kide guztiek jasoko dituzte dietak eta ordainak Nafarroako Kontseiluaren bilkuretara joateagatik; Nafarroako Gobernuak zehaztuko ditu horien zenbatekoak. Halaber, txostenetan eta irizpenetan txostengile izateagatik ordainak jasoko dituzte, eta Nafarroako Gobernuak onetsitako irizpideen araberakoak izanen dira ordain horiek.

2. Zerbitzua eta bidaiak direla-eta gastuak sortuz gero, Nafarroako Kontseiluko kide guztiek izanen dute eskubidea kalte-ordainak jasotzeko, indarrean dagoen foru araudian ezarritakoari jarraituz betiere.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web