1/2025 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 7KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ 193 EREDUA ONESTEN BAITA, HOTS, "KAPITAL HIGIGARRIAREN ZENBAIT ETEKINENGATIK PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARAKO ETA, ZENBAIT ERRENTARENGATIK, SOZIETATEEN GAINEKO ZERGARAKO ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORREI DAGOKIEN EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARAKO EGINDAKO ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN URTEKO LABURPENA" IZENEKOA
BON N.º 18 - 28/01/2025; corr. err., BON 18/02/2025
ERANSKINA. 193 EREDUAREN AURKEZPEN ELEKTRONIKORAKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEK BETE BEHARREKO DISEINU LOGIKOAK
Abenduaren 27ko 223/2011 Foru Aginduaren bidez, 193 eredua onetsi zen, hots, "Kapital higigarriaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena" izenekoa.
Ereduaren erregistro-diseinuen hainbat arau-aldaketa egin ondoren, eta abenduaren 21eko 147/2021 Foru Agindua onetsi ondoren (193 eredua ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriaren bidez aurkezteko modua kentzen duena), komenigarritzat jotzen da beste foru agindu bat onestea, aurrekoa indargabetzeko eta eredu horren erregulazioa eguneratzeko.
Bereziki, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriaren bidezko aurkezpenaren ordez, eredurako inprimaki elektroniko espezifiko bat ezartzen da, eta, salbuespen gisa, 12.000 erregistro baino gehiagoko aitorpenetarako, inprimaki osagarri bat (994 eredua), fitxategi konprimituak aurkezteko aukera emanen duena.
Eranskineko erregistro-diseinuetan, transmisio telematikoa ez den beste edozein euskarri mota ezabatzen da eta "Aurreko aitorpenaren frogagiri-zenbakia" eremua osatzen da (1. motako erregistroa, aitortzailearen erregistroa, 123tik 135era bitarteko idazguneak), "Aitorpen osagarria" aukera gehitzeko.
Era berean, "HURRENKERA ZENBAKIA" eremua (2. motako erregistroko 315-321 idazguneak, hartzailearen erregistroa) alfanumeriko gisa konfiguratuko da, eta "SORTZAPEN DATA" eremuaren edukia zehaztu da (2. motako erregistroko 331-338 idazguneak, hartzailearen erregistroa), edozein erakunderen funts propioetako partaidetzatik lortutako etekinak edo errentak aipatuta.
Bestalde, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 12. artikuluaren arabera, kapital higigarriaren etekinengatiko atxikipenak eta konturako sarrerak Nafarroako Foru Komunitateak exijituko ditu, bere araudiaren arabera.
Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatean ezin dira aplikatu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 68.4 artikuluan araututako atxikipen-ehuneko murriztuak, eta eranskinetik "Ceuta edo Melilla / La Palma uhartea" eremua kentzen da (2. motako erregistroko 314 idazgunea, hartzailearen erregistroa).
Ondorio horietarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori) 90.5 artikuluak eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori) 48.6 artikuluak ahalmena ematen diote Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari errenta mota bakoitzerako behar diren aitorpen ereduak ezartzeko, eta aitorpena eta diru-sarrera zer modu eta tokitan egin behar diren ezartzeko, hurrenez hurren.
Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren azken xedapenetako bigarrenak (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), gaikuntza ematen dio Ogasuneko ministroari aipatutako zergaren konturako ordainketen aitorpen ereduak onesteko, baita horiek aurkezteko modua, tokia eta epeak ezartzeko ere, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 30eko 1776/2004 Erregelamenduaren azken xedapen bakarrak Ogasuneko ministroari baimena ematen dio behar diren xedapenak eman ditzan hura aplikatzeko. Ulertu behar da ezen Ogasuneko ministroari egindako gaikuntza horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari eginak direla, oinarritzat harturik, besteak beste, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. eta 46. artikuluak.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Horregatik, aipatutako artikuluetan emandako gaikuntza erabiliz, indargabetzen da abenduaren 27ko 223/2011 Foru Agindua, eta onesten da 193 eredua osorik arautzen duen foru agindu hau.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Onestea 193 eredua.
193 eredua onesten da, hots, "Kapital higigarriaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena" izenekoa. Haren edukia foru agindu honen I. eranskinean ageri da.
2. artikulua. 193 eredua aurkeztu behar dutenak.
1. Nafarroako Zerga Ogasunean 193 ereduaren bidezko urteko aitorpena aurkeztera behartuta daude, baldin eta atxikipenak edo konturako sarrerak Nafarroari badagozkio, Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, administrazio publikoak barne, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako, sozietateen gaineko zergarako eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako (finkagune iraunkorrak) atxikipenak edo konturako sarrerak egitera behartuta daudenak (zerga horiek arautzen dituen legezko eta erregelamenduzko araudian ezarritakoarekin bat), betiere atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako errentetakoren bat (foru agindu honen 3. artikuluan aipatuak) ordaintzen badute.
Halaber, 193 eredua aurkeztera behartuta daude Espainian helbidea, egoitza edo ordezkaritza duten entitateak, foru agindu honen 3. artikuluan aipatzen diren atxikipenari lotutako errentak besteren kontura ordaintzen badituzte, edo atxikipena edo konturako sarrera egin beharra sortzen duten baloreetako errenten kobrantzaren kudeatzaileak edo gordailuzainak baldin badira.
2. 193 eredua aurkeztera derrigortuak dauden entitateek, hots, Estatuak eta Foru Komunitateak eskatutako Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo direnek eta Hitzarmen Ekonomikoaren 12.1 artikuluan ezarritako etekinak ordaintzen dituztenek, etekin guztien eta horien atxikipenen txostena aurkeztuko diote Nafarroako Zerga Ogasunari, Zerga Administrazio bakoitzean sartu beharrekoa gorabehera.
3. artikulua. Informazioaren xedea eta edukia.
1. 193 ereduaren bidez aitortu beharko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari loturiko zergaduntzat jotzen diren hartzaileei dagozkien kapital higigarriaren etekinak, etekin salbuetsiak barne, honako hauek izan ezik:
a) Edonolako finantza erakundeetako kontuen ondoriozko kontraprestazioaren bidez (edozein dela ere horren izena edo izaera) lortutakoak, finantza aktiboen gaineko eragiketetan oinarritutakoak barne, 196 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
b) Finantza aktiboen eskualdaketatik, itzulketatik edo amortizaziotik lortutakoak, 194 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
c) Kapitalizazio eragiketetatik eta bizi edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik heldu direnak, 188 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
2. 193 ereduaren bidez aitortu behar dira sozietateen gaineko zergako subjektu pasiboei dagozkien errentak, bai eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako zergadunen finkagune iraunkorraren bitartez lortutako errentak ere, salbuespen hauekin:
a) Edonolako finantza erakundeetako kontuen ondoriozko kontraprestazioaren bidez (edozein dela ere horren izena edo izaera) lortutakoak, finantza aktiboen gaineko eragiketetan oinarritutakoak barne, 196 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
b) Finantza aktiboen eskualdaketatik, itzulketatik edo amortizaziotik lortutakoak, 194 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
c) Kapitalizazio eragiketetatik eta bizi edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik heldu direnak, 188 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
d) Hiri ondasun higiezinen errentamendutik edo azpierrentamendutik heldu direnak, 180 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
e) Inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen eskualdatzeen edo itzulketen ondorioz lortutakoak, 187 ereduaren bidez aitortu beharrekoak.
4. artikulua. 193 eredua aurkezteko epea.
Urteroko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era aurkeztuko da 193 eredua, biak barne, aurre-aurreko urte naturaleko eragiketei dagokienez.
5. artikulua. 193 eredua aurkezteko moduak.
193 eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.
6. artikulua. 193 eredua aurkezteko gaikuntza.
Honako hauek aurkezten ahalko dute 193 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Subjektu pasiboek edo, bestela, haien legezko ordezkariek.
b) Abuztuaren 8ko 83/2022 Foru Aginduan araututako borondatezko ordezkaritzaren erroldan inskribatutako borondatezko ordezkariek.
c) Hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa.
7. artikulua. 193 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.
1. 193 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.
b) Aurkezpen elektronikoa Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorren arabera eginen da. Foru agindu horren bidez, zerga aitorpen jakin batzuk bide elektronikoz aurkeztea nahitaezkoa izanen den kasuak arautzen dira.
8. artikulua. 193 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
Aitorpenak bide elektronikoz aurkezteko, bi prozedura hauetako bat erabiliko da:
A) Web formulariotik:
1. 193 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.
2. Aitorpena aurkezteko beharrekoak diren datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
B) Salbuespen gisa, aurkeztu beharreko adierazpenak 12.000 erregistro baino gehiago baditu, eredu informatiboen formulario osagarritik:
1. Eredu informatiboen formulario osagarrian (994) sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuaren bitartez.
2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M193.
3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.
Fitxategi horren edukia foru agindu honen eranskinean ezartzen diren erregistro-diseinuen araberakoa izanen da.
4. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
C) Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza programatik:
1. Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.
2. Aitorpena bete ondoren, baliozkotu egin behar da, aurkeztu aurretik.
3. Aitorpena balidatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daitezke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.
4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza laguntza programan eskura dauden loteen kontsultatik aztertzen ahalko da.
Xedapen indargabetzaile bakarra
Indarrik gabe uzten da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 223/2011 Foru Agindua, 193 eredua onesten duena, hots: "Kapital higigarriaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena" izenekoa.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko itzulketa eskaerei.
ERANSKINA. 193 EREDUAREN AURKEZPEN ELEKTRONIKORAKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEK BETE BEHARREKO DISEINU LOGIKOAK