(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

120/2024 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 24KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN HEZKIDETZA PLANA ONESTEN DUENA

BON N.º 12 - 20/01/2025



  I ERANSKINA.


  II ERANSKINA.


ZIOEN AZALPENA

Araudian jasotako betebehar eta gomendio ugarik premiatzen dute Hezkuntza Administrazioa neurri eta planak gara ditzan gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorra sustatzeko eta genero indarkeria prebenitzeko. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: Genero Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legea, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretua, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.

Oso garrantzitsua da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 32. artikuluan jasotako betebeharra, ezartzen baitu Hezkidetza Plana Nafarroako hezkuntza curriculum autonomikoaren parte izanen dela eta diru publikoarekin finantzatutako zentro guztietan nahitaez bete beharko dela.

Abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuaren bidez hezkidetza arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Aipatutako foru dekretu horren 4.4 artikuluak dioenez, "Hezkuntzako kontseilariak foru agindu baten bidez onetsiko du Hezkidetza Plana, bertan zehazten den iraupenarekin".

Araudi horretan oinarrituta, eta indarkeriarik eta sexismorik gabeko hezkidetza ikastetxeak lortzeko betebeharra izanik, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana onestea.

Foru agindu honen testuak hiru artikulu ditu -xedeari, aplikazio eremuari eta iraupenari buruzkoak-, azken xedapen bakar bat eta eranskin bat, Hezkidetza Plana jasotzen duena.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana onestea (foru agindu honen eranskinean dago).

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek nahitaez bete beharko dituzte Hezkidetza Plana eta hura zehazten duen SKOLAE programa, halaxe xedatu baitu 4.5 artikuluan abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuak.

3. artikulua. Hezkidetza Planaren iraupena.

Hezkidetza Plana indarrean egonen da Hezkuntzako kontseilariak ondorengo foru agindu baten bidez aldatzen edo indargabetzen ez den bitartean.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN HEZKIDETZA PLANA

1. SARRERA

1.1. Justifikazioa.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planak, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza etapei zuzenduta baitago, bide ematen du berdintasunerako eta tratu onerako bidean aurrera jarraitzeko. Planaren helburua da eskola eredu bat finkatzea mota guztietako indarkeria sexistak prebenitzeko eta gizon eta emakumeen arteko desberdinkeriak ezabatzeko.

72/2021 Foru Dekretua da haren oinarria, hezkidetza arautzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen mende dagoen foru dekretu horrek honela definitzen du hezkidetza: "Emakumeen eta gizonen aukera berdintasun egiazkoa bultzatzen duen hezkuntza ekintza, batzuen eta besteen esperientzia, gaitasunak eta ekarpen soziala eta kulturala berdin baloratzen duena, eskubide berdintasunean, estereotipo sexista, homofobiko, bifobiko, transfobiko edo androzentrikorik gabe edo sexu, sexu joera, genero identitate edo genero adierazpenagatiko diskriminazio jarrerarik gabe".

Hezkidetza ereduak balio behar du pertsonen arteko harreman eredu berriak sortzeko, berdintasunean eta tratu onean oinarrituak, eta, beraz, diskriminazio mota oro ezabatuko dutenak: kulturala, soziala, erlijiosoa, funtzionala, arrazakoa/jatorrikoa, sexu orientaziokoa edo sexu edo genero identitatekoa.

Hezkidetza funtsezko tresna da gizonen eta emakumeen arteko errespetuan oinarritutako bizikidetza demokratikoa eta berdintasunezkoa lortzeko. Ezinbesteko elementutzat jo behar da hezkuntzaren eta inklusioaren alorreko kalitatea lortzeko; izan ere, ikasleen garapen integrala bermatzen du, eta gaitu ere gaitzen ditu berdintasunean bizitzeko, genero lerratzerik gabe.

Funtsezkoa da ulertzea hezkidetzan oinarrituriko eraldaketa ikastetxearen nortasuna sendotu nahi duen prozesu bat dela, eta, ildo horretan, hezkuntza komunitateko kide guztiak inplikatzen dituela.

1.2. Arau esparrua.

Hezkidetza Plana nazioarteko hainbat akordiotan oinarritzen da, eta atzean dauzka berdintasunerako hezkuntza sustarazten duten arau ugari, Estatukoak zein Foru Komunitatekoak.

Nazioarteko akordio eta araudi batek baino gehiagok islatzen dute hezkidetzaren garrantzia. Horien artean, hauek nabarmenduko ditugu: Emakumearen kontrako diskriminazio mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa (CEDAW, 1979); Emakumeari buruzko Beijingeko IV. Mundu Konferentzia (1995); Emakumeen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako prebentzioari eta borrokari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena, 2011), zeinaren izaera loteslea inflexio-puntu bat baita emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko nazioartean.

Europar Batasuneko Genero-berdintasunerako 2020-2025 aldirako Estrategiak, besteak beste, helburu hauek ditu: genero indarkeria desagerraraztea, genero estereotipoei aurre egitea, genero arrakalak murriztea lan-merkatuan eta zainketen esparruan, eta genero oreka lortzea erabakiak hartzerakoan eta politikan.

Horretaz gainera, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuak ekinari ekiteko dei unibertsala dira, eta hezkuntza sistemari eskatzen diote abiaraz ditzala ekintza zehatzak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako helburuak lortzeko.

Hain zuzen ere, 5. helburuak (5. GJH) berariaz aipatzen du hezkuntzaren esparrua, eta konpromiso bat eskatzen du bai emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko, bai emakume eta neskato guztiak ahalduntzeko. Emakumeen eta neskatoen aurkako diskriminazio modu guztiei amaiera emanen dieten jarduerak sustatzeaz gain, honako hauen garrantzia azpimarratzen du: generoan oinarritutako estereotipoei eta aurreiritziei heltzea; zaintzak eta etxeko lanak balioestea; eta sexu orientazioagatik, genero identitateagatik, genero adierazpenagatik edo sexu ezaugarriengatik egiten diren diskriminazioak desagerraraztea.

Osasunarekin eta ongizatearekin loturiko helburuak (3. GJH), hezkuntzari dagokionez, sexu hezkuntza integrala proposatzen du, lehen hezkuntza etapetatik hasi eta unibertsitate mailetarainoko ikasketa planetan sartuta. Osasunaren Mundu Erakundeak zehazten duen bezala, "errespetatu, babestu eta bete egin behar dira pertsona guztien sexu eskubideak, guztiek izan dezaten sexu osasun ona; hau da, sexualitatearekin lotutako ongizate fisikoa, mentala eta soziala lor dezaten" (OME, 2010).

Estatuko araudi mardulak ere ederki islatzen du hezkidetzak hezkuntzaren alorrean duen garrantzia. Genero Indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Legeak zehazten du zer printzipio eta balio izan behar dituzten hezkuntza sistemaren etapek. Hezkuntza sistemak zehazten du, bere xedeen artean, hezteak bermatu behar duela oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetua, gizonen eta emakumeen berdintasunaren errespetua, bai eta tolerantzia eta askatasuna ere, elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera. Era berean, Espainiako hezkuntza sistemak aldarrikatzen du, kalitate printzipioen artean, gizonen eta emakumeen berdintasun osoa eragozten duten oztopoak kendu behar direla eta heziketa eman behar dela gatazkak prebenitzeko nahiz gatazka horiek modu baketsuan konpontzeko. (I. titulua, I. kapitulua, 4. artikulua).

Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak azpimarratzen duenez, garrantzitsua da proiektuak eta programak garatzea hezkidetzaren eta gizon-emakumeen berdintasun eraginkorraren printzipioak sustatzeko. Ildo horretan, ikastetxeetan bultzatu beharreko jarduera zehatzak aurkezten ditu, adibidez: emakumeen ikusgaitasuna autonomia erkidegoetako curriculum ofizialean, hezkuntza material guztietan aztertzea estereotipo sexistak, irakasleak hezkidetza kontuetan trebatzea eta gizon eta emakumeen berdintasun printzipioa orokortzea. (II. titulua, II. kapitulua, 24. artikulua).

Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoak Espainiako hezkuntza sistemari eskatzen dio ezen, bere kalitate printzipioen barnean, txerta ditzala ikasleentzat hezkidetzan eta pedagogia feministan oinarrituriko edukiak, hezkuntza afektibo-sexualari eta genero-berdintasunari dagokienez. Eduki horiek hezkuntza maila guztietan landu behar dira, eta egokiak izan behar dute ikasleen adinerako. Era berean, beharrezko egokitzapenak eta laguntzak izan beharko dituzte hezkuntza premia espezifikoak dituzten ikasleentzat. Nolanahi ere, errespetatzekoak izanen dira autonomia erkidegoek hezkuntzaren arloan dituzten eskumenak, eta osasun arloarekin lankidetzan eginen dira. (II. titulua, II. kapitulua, 7. artikulua).

Gainera, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (LOMLOE) genero-berdintasunaren ikuspegia hartzen du hezkidetzaren bidez, eta etapa guztietan sustatzen ditu gizon-emakumeen berdintasun eraginkorraren ikaskuntza, genero indarkeriaren prebentzioa eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua. Ildo horretan, hauxe jasotzen du 1. artikuluan: "Eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna garatzea, aniztasun afektibo-sexuala eta familia aniztasuna errespetatzea, emakume eta gizonen benetako berdintasuna sustatzea haurren hezkidetza erregimena kontuan hartuta, hezkuntza afektibo-sexuala, heldutasun mailari egokitua, eta genero indarkeriaren prebentzioa, bai eta espiritu kritikoa eta herritartasun aktiboa sustatzea ere".

Azkenik, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak II. kapituluan ezartzen duenez, zeinak hizpide baititu transen berdintasun erreal eta eraginkorra sustatzeko politika publikoak -eta, zehazkiago, hezkuntzaren arloko neurriak lantzen dituenean-, hezkuntza administrazioek bultzatuko dute hezkidetza eta aniztasun planak hartzea, barnean ekintzak hartuko dituztenak irakasleei prestakuntza emateko, LGTBI pertsonen sexu, genero eta familia aniztasunaren errespetuari begira. (II. kapitulua, 5. atala, 21.1 artikulua).

Nafarroari dagokionez, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak zuzenean eskatzen dio Hezkuntza Departamentuari hezkuntzan eragina duten berdintasunaren aldeko jarduerak abian jartzeko, bai curriculumean, bai hezkuntza planetan. (III. titulua, 9., 10., 11., 12. eta 13. artikuluak).

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legeak Nafarroako hezkuntza sistemari eskatzen dio har ditzala neurri egoki guztiak bertan behera geldi daitezen edozein sexu orientazioren, genero adierazpenen edo sexu edo genero identitateren gutxiagotasunean edo nagusitasunean oinarritutako aurreiritziak eta diskriminazioak. Eskatzen dio, orobat, berma dezala hezkuntza metodologia, curriculum eta baliabideen baliagarritasuna pertsona guztien ulermena eta errespetua areagotzeko. (II. titulua, V. kapitulua, 26.2 artikulua).

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak II. kapituluan ezartzen duenez, hezkuntza politika publikoek bermatuko dute hezkuntza ereduak nahitaez, sistematikoki eta transbertsalki barnean hartzea genero ikuspegia, eta orobat, bideratuta egonen dira pertsonen garapen integralean oinarritutako hezkuntza lortzera, genero estereotipoak eta rolak alde batera utzita, eta sexuagatiko edozein diskriminazio mota ezabatzera. Halaber, jasotzen du genero joerarik gabeko orientazio akademiko eta profesionala egin behar dela. Lege horretatik eratorritako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Estrategikoan (2022-27), zehazten da zer ekintza ildo hartu behar dituen bere gain Hezkuntza Departamentuak. 9.3 helburu estrategikoak jasotzen duenez, premiazkoa da hezkuntza sistemak emakumeen kontrako indarkeria prebenitzea eta emakumeei laguntzea ahalduntzen txikiak direnetik. 12.1 helburu estrategikoak, bestalde, eskatzen du hezkidetza modu transbertsalean txertatu behar dela unibertsitateaz kanpoko hezkuntza etapa guztietan.

Aurretik aipaturiko foru legearen ondorio gisa garatu zen 72/2021 Foru Dekretua, abuztuaren 18koa, zeinaren bidez hezkidetza arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. I. kapituluko 3. artikuluan, jarduteko helburu eta printzipio orokorrak zehazten dira: hezkidetzaren eraldatze prozesuak inplementatu, orokortu, finkatu eta mantentzea; irakasle guztiei eta irakasle ez diren langile guztiei bermatzea hezkidetzarako gaitasun profesionala eskuratuko dutela beren eginkizunetan aritzeko; eta ikasleei bermatzea berdintasunean bizitzeko gaitasuna eskuratuko dutela.

Horretaz gainera, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza etapetako curriculuma arautzen duten dekretuek indartu egiten dute lehen azaldutakoa, genero ikuspegia txertatzen baitute gako-gaitasunetan, oinarrizko jakintzetan, ebaluazio irizpideetan eta ikasleen irteera-profiletan. (61/2022, 67/2022 eta 71/2022 Foru Dekretuak).

Hezkidetza Plan honek, gainera, kontuan hartzen ditu Estatuan eta Foru Komunitatean eginiko ikerketekin lorturiko datuak eta ondorioak. Azterlan horiek informazio garrantzitsua ematen dute arazo sozialei buruz, eta, aldi berean, arazo horiek bat egiten dute ikastetxeen errealitatearekin genero-berdintasunari dagokionez. Lan horien artean ageri dira, besteak beste, 2021eko Gazteria eta Generoa Barometroa (FAD Juventud Fundazioa); nerabezaroan Espainiako emakumeek pairatutako indarkeriaren egoerari buruzko azterlana, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak 2021ean eginikoa; Berdintasuna zifretan MEFP 2021-Berdintasunaren aldeko ikasgelak azterlana, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak (MEFP) argitaraturikoa; eta Nafarroako gazteen inkesta, Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2022an egina.

Jarraian zehazten den Hezkidetza Plana garatzeko, kontuan hartu dira arestian aipatutako legerian azaldutako eskakizunak, aipatutako azterlanetatik ateratako datuak eta ondorioak, eta jarraipena eman zaio aurreko 2021-2023 Hezkidetza Planari, zeina onetsi baitzen 92/2021 Foru Aginduaren bidez, bat etorriz abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Dekretuarekin (haren bidez hezkidetza arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan). Orobat, Hezkidetza Plan hau bat dator indarrean dagoen Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plan Estrategikoarekin.

2. HEZKIDETZA PLANA

2.1. Oinarriak.

Hezkidetza Planaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen etengabeko hezkidetza eraldaketa sistematizatzea eta sendotzea, aurrera egin gogo baita genero indarkeriari eta sexismoak eragindako beste edozein indarkeria motari aurrea hartuko dien eskola eredu baterantz.

Hezkidetza aldaketa finkatzen dela bermatzeko eta ikasleek berdintasunean bizitzeko gizartean eta herritar gisa jarduteko gaitasuna lor dezaten laguntzeko, Hezkidetza Planak ezartzen du, 72/2021 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, beharrezkoa dela irakasleek hezkidetzako lanbide gaitasuna eskuratzea; era berean, hezkidetza ikaskuntzak definitzen ditu eta Hezkidetza Nortasunaren Planak ikastetxe guztietan izan behar dituen lan ildoak adierazten ditu.

Hezkidetza bereizgarri bat da, zeharkakoa dena hartzen diren erabaki guztietan, bai ikastetxearen kudeaketa orokorrean, bai ikasgelarenean. Hezkidetza Plana Nafarroako hezkuntza curriculum autonomikoaren parte izanen da, eta ikastetxeek nahitaez adierazi eta justifikatu beharko dute zer neurri hartu dituzten hezkuntza proiektuan trebakuntza eta hezkidetza txertatzeko hezkuntza arlo eta etapa guztietan.

Hezkidetza hezkuntzaren kalitatearen eta bikaintasunaren adierazle bat da, ezinbesteko elementua eskola inklusiborako. Aniztasunaren kontzeptua zabaldu egiten da, eta barne hartzen ditu sexu aniztasuna eta berdintasunik gabeko sozializazio hierarkizatuari lotutakoa. Aniztasunak eta aldeek ez dute eragin behar ez desberdinkeriarik ez diskriminaziorik. Desberdinkeriek lotura dutenez haien artean, Hezkidetza Planak proposatzen du inklusioak ere hezkidetzan oinarritua izan behar duela eta kontuan izan behar dituela ikasleen garapen integrala mugatzen duten oztopo sozialak.

Ikastetxeetan egiten diren eraldaketa prozesuak integratzea du helburu, eta, horrenbestez, garatzen ari diren programen koordinazioa eta osagarritasuna bultzatuko dira. Haietako batzuek dagoeneko partekatzen dituzte zenbait proposamen hezkidetza ereduarekin, hala nola inklusiokoek eta hezkuntza emozionalean eta tratu onean oinarrituriko bizikidetza-ikuspegia txertatzen dutenek.

2.2. Ildo estrategikoak.

72/2021 Foru Dekretuaren I. kapituluko 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkidetza Planeko jarduerak araudi horretan azaldutako helburu eta printzipio orokorren arabera zuzenduko dira, eta plana osatzen duten elementuetan islatuta geldituko. Era berean, dekretu horretako helburu eta printzipioei jarraikiz diseinatuak dira Hezkidetza Planaren ildo estrategikoak. Hauexek dira, hain zuzen:

1. Hezkidetzari buruzko prestakuntza irakasle guztientzat, baliabideak prestatzea eta hezkuntza komunitateari laguntzea.

2. Hezkidetzan prestakuntza eta beste zerbitzu batzuekiko koordinazioa, ikuspegi hori Hezkuntza Administrazioaren dokumentu, erabaki eta jarduera guztietan txertatzeko.

3. Ikastetxean hezkidetza nortasuna sendotzea eta hezkidetza zeharkakotasuna bultzatzea beste programa batzuetan.

4. Ikasleen parte-hartzea bultzatzea hezkidetza kultura sortzeko eta berdintasunean oinarrituriko tratu onak sustatzeko.

5. Genero indarkeria dakarten jokabideak eta hezkidetzaren oinarrien aurkako jarrerak prebenitzea, detektatzea eta haietan eraginkortasunez esku hartzea.

6. Hezkidetzari buruzko gaien koordinazioa sustatzea beste erakunde batzuekin, bai eta beste autonomia erkidego edo herrialde batzuekin ere.

7. Ikastetxe bakoitzean gauzatutako hezkidetza prozesuaren ebaluazioa.

I. eranskinean zehazten dira ekintzak, arduradunak eta adierazleak.

Hezkidetza Planaren ildo estrategikoak SKOLAE programan zehazten dira. Programa horrekin, prestakuntza eta baliabideak eskaintzen zaizkie irakasleei, ikasleei, familiei eta irakasle ez diren langileei, baita aholkularitza eta koordinazioa ere ikastetxeetan sortzen diren egiturekin. Hartara, hezkidetza nortasunaren planak abian jartzea errazten da, eta hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea bermatzen.

72/2021 Foru Dekretuak ezartzen duen bezala (II. kapitulua. 4.5 artikulua), Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek nahitaez bete beharko dituzte Hezkidetza Plana eta, halakorik bada, plan hori zehazten duten programak.

3. HEZKIDETZA PLANA ZEHAZTEA: SKOLAE PROGRAMA

3.1. Erdietsitako lorpenen balantzea.

SKOLAE programak erraztu egiten du Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana abian jartzea, eta, horretarako, prestakuntzarako euskarria, aholkularitza eta haren ezarpenaren jarraipena jartzen ditu eskura. Ibilbide antolatu eta nahitaezko bat eskaintzen du, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako etapa guztietan zehar garatzen dena. Haren xedea da hezkidetza ikuspegia txertatzea ikastetxeen eta ikasgelen kudeaketan, eta, hala, hezkidetza kultura, nortasun-bereizgarri ez ezik, hezkuntza kalitatearen zigilu ere bihurtzea.

Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeari erantzunez, SKOLAE hezkidetza programa sortu zen. Programa hori hamabost ikastetxetan baino gehiagotan probatu zen 2017-18 ikasturtean, eta etapa eta hizkuntza-eredu guztiak ordezkatuta zeuden. Proba hori baliozkotuta, hurrengo ikasturteetan orokortze prozesu bat hasi zen. Prozesu horretan, pixkanaka, haur eskola ugari, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe gehienak, titulartasun itunpekoak zein publikokoak izan, programan sartzen joan ziren. Gaur egun, Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietatik %85etik gora ari dira modu aktiboan parte hartzen programan.

Prestakuntza prozesuak hainbat sakontze maila ditu, banaka zein taldeka. Hasi zenetik gaur arte, jardunean dauden irakasle guztien %76 inguruk banakako hasierako prestakuntza ziurtatu du, %37k banakako sakontze prestakuntza amaitu du eta %60k taldeko prestakuntza.

Programa eboluzionatzen joan da, erronka berriak gehitu ditu eta ezartzearen ondorioz sortu diren premietara egokitu da. Hona hemen adibide batzuk: SKOLAE hezkidetza sareak sortzea 2020-21ean; prestakuntza lau fasetan berregituratzea 2021-22an; hezkuntza bereziko irakasleentzako prestakuntzaren diseinu berria, familientzako prestakuntza eskaintza edo gidarako eta ebaluaziorako tresna prestatzea 2022-23an.

3.2. Konpromisoak.

SKOLAE programan parte hartzeak antolaketari, prestakuntzari eta ebaluazioari lotutako konpromiso batzuk ditu berekin, hala nola:

1. Hezkidetza sustatzeko talde bat sortzea ikastetxean, zuzendaritza taldearen ordezkaritza izanen duena. Talde horretan parte hartuko du, orobat, hezkidetza koordinatzaileak.

2. SKOLAE hezkidetza sareetan parte hartzea.

3. Klaustro osoak edo klaustroaren parte nabarmen batek prestakuntza ibilbidea amaitzea.

4. Hezkidetza Nortasunaren Plana garatzea hiru ikasturtez.

5. Hezkidetza eraldatzeko prozesua ebaluatzea, SKOLAE gida eta ebaluazio tresnaren bidez.

3.3. Ikastetxeko egiturak

3.3.1. Hezkidetza Sustatzeko Taldea (HST).

72/2021 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, ikastetxe guztiek izan behar dute hezkidetza sustatzeko talde bat. Han, hezkidetza koordinatzaileaz gainera, ordezkaturik egonen dira zuzendaritza taldea eta gehienez ere zortzi irakasle. Talde horrek gidatuko du hezkidetza eraldaketa, eta hark dinamizatuko du, orobat, Hezkidetza Nortasunaren Planaren garapena, ikastetxean dauden koordinazio egiturekin batera eta modu erantzunkidean lan eginez.

Hezkidetza Sustatzeko Taldeak eginkizun jakinak ditu ikastetxean. Dekretuaren 6. artikuluan zehaztutakoez gainera, ikastetxeetako hezkidetza sustatzeko taldeek gidatuko, antolatuko eta koordinatuko dute klaustroko talde prestakuntza. Gainera, nahitaezko prestakuntza ibilbidea amaitzen duten ikastetxeek izaniko lorpenak ebaluatu beharko dituzte, Hezkuntza Departamentuak ezarritako gidaren eta ebaluazio prozeduraren bidez.

Eginkizun horiek betetzeko, kideek berariazko prestakuntza jasoko dute: tutore baten laguntza eta jarraipena izanen dute, hezkidetza programarekin bat egiten duten lehenbiziko ikasturtean. Orobat, prozesu osoan zehar izanen dute Baterako Hezkuntzaren Bulegoko teknikarien aholkularitza.

3.3.2. Dekretu bereko 7. artikuluaren arabera, ikastetxe bakoitzak irakasle bat izendatuko du Hezkidetza Nortasunaren Plana koordinatzeko eta sareko saioetara joateko, helburu gisa harturik, besteak beste, berariazko prestakuntza osatzea eta ikastetxeko esperientziak trukatzea.

Koordinatzailea izendatzeko, irizpide gisa hartuko dira hezkidetzako prestakuntza, pertsona horrek ikastetxean duen egonkortasuna eta berdintasunarekiko konpromisoa.

Zuzendaritza taldeek erraztasunak emanen dituzte hezkidetza sustatzeko taldea osatzen duten pertsonek beren ordutegietan denbora izan dezaten beren erantzukizunak bete ahal izateko.

Ikastetxe publikoetan, koordinatzaileari gutxienez ordubeteko liberazioa emanen dio Hezkuntza Departamentuak, koordinazio lanak egin ditzan. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikastetxea bera arduratuko da koordinatzailearen ordutegia antolatzeaz eta hura liberatzeaz.

3.4. Koordinazioa eta aholkularitza SKOLAE sareen bidez.

Eginkizunak eraginkortasunez bete ahal izateko, Hezkidetza Sustatzeko Taldeak, eta, haren ordezkari gisa, koordinatzaileak, Hezkuntza Departamentuko hezkidetza teknikariz osaturiko taldeaz gainera, ikastetxe sare bat izanen du lagun, eta sare horretako kide aktibo izanen da ikasturtean zehar.

Ikastetxe guztiak sare egitura batean sartuko dira, zenbait irizpideri jarraikiz (hizkuntza eredua, hurbiltasun geografikoa, programa aplikatzeko fasea, eta abar).

3.5. Irakasleak trebatzea eta faseak.

3.5.1. Klaustro osoarentzako prestakuntza.

Irakasleak hezkidetzan gaitzeko prestakuntza prozesua integrala da, eta begirada aldatzea eskatzen du. Ildo horretan, jakintza, azterketa elementuak eta baliabideak ematen dizkie irakasleei, beren hezkuntza praktika alda dezaten, bai ikasgelan, bai ikastetxean egiten dituzten bestelako eginkizunetan.

Prozesu horrek denbora eta laguntza behar ditu; izan ere, irakasleek banakako gaitasunak trebatzen eginiko ikaskuntzak baliagarria izan behar du ikastetxeari begira hezkidetza nortasuna eratzen duten proposamenak egiteko. Horregatik ematen da prestakuntza zenbait fasetan. Fase batetik bestera, izaten da astirik hausnarketarako, baita trebetasun eta ezagutza berriak garatzeko ere ikasleekin batera.

Lau fasetan diseinatuta dago prestakuntza prozesua, eta trebakuntza teorikoa eta aplikazio praktikoa jasotzen ditu. Prozesua ebaluazio batekin amaitzen da.

Prestakuntzaren faseak agindu honen II. eranskinean kontsulta daitezke.

Prozesu horretan, irakasleek tresnak eta baliabideak eskuratzen dituzte hezkidetzarako gaitasuna hobetzeko, ikasleak gai izan daitezen indarkeria sexistarik gabeko eta berdintasunean zein aniztasunekiko errespetuan oinarritutako gizarte bat sustatzeko eta eraikitzeko.

Prestakuntzak bermatzen du ezen irakasle taldeek partekatu ahal izanen dituztela gogoetak, curriculum proposamenak eta ikastetxea kudeatzeko proposamenak.

Banakako prestakuntzak, klaustro bera osatzen duten zikloen edo departamentuen arteko praktika saioen bitartez, berekin dakar hezkidetzako lanbide gaitasunen inguruko gogoeta egitea eta gaitasunok eskuratzea. Hezkidetza Sustatzeko Taldearekin modu erantzunkidean eginiko lanak, haren helburua baita ikuspegi pedagogikoari zeharkakotasuna ematea ikastetxe bat osatzen duten egitura eta elementu guztietan, laguntzen du ikastetxea hezkidetzan eraldatzen.

Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunek zenbait ikastaro eskainiko dituzte, aukera emanen dutenak aurrerantzean ere hezkidetzaren arloan aurrera egiten, sakontzen eta hezkidetza helburuak finkatzen jarraitzeko. Prestakuntza fase horrek kontuan hartzen ditu irakasleen profilak eta hezkuntza etapak, bai prozesuaren hasieran (mintegi teorikoak eta praktikoak izanen baitira), bai sakontze eta finkatze prozesuan.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen eskura jarritako prestakuntza guztia modalitate erdipresentzialean antolatzen da, eta tutore espezialistaz osaturiko talde batek zaintzen du. Tutore horiek, plataforma digitalaren bidez, laguntza pertsonalizatua ematen dute prestakuntza prozesuan.

Gainera, Hezkuntza Departamentuak baliabide eta material lagungarri ugari jartzen ditu irakasle guztien eskura.

Berdintasunerako hezkuntzari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoarekin bat etorriz, Hezkuntza Departamentuak zainduko du hezkidetza printzipioak jasotzen direla Prestakuntza Zerbitzuak eskaintzen duen urteko prestakuntza eskaintzan.

3.5.2. Hezkidetza Sustatzeko Taldea trebatzea.

Hezkidetza Sustatzeko Taldeak berariazko prestakuntza jasotzen du prozesuaren hasieran, ikastetxeko hezkidetza diagnostikoa egiteko eta, hortik abiatuta, Hezkidetza Nortasunaren hiru urteko Plana diseinatzeko.

Trebakuntza horretan bertan, zenbait estrategia barneratzen ditu, ikastetxeari hezkidetza nortasuna emanen dioten jarduerak aztertzeko, dinamizatzeko eta proposatzeko.

3.5.3. Koordinatzailea trebatzea.

Koordinatzaileak, sareko saioen bidez, informazioa jasotzen du eta jardunbide egokiak partekatzen ditu bere sarea osatzen duten gainerako zentroekin; era berean, gai interesgarriei buruzko prestakuntza saioetara joaten da kanpoko eragileekin, programaren helburuak lortzeko eta bere ikastetxean Hezkidetza Nortasunaren Planaren garapena dinamizatu ahal izateko.

3.6. Antolaketa ideiak eta ikaskuntza helburu espezifikoak.

SKOLAE programa, ikastetxeak hezkidetzan hezteko eta laguntzeko trebakuntza ibilbidea, 72/2021 Foru Dekretuan azaldutako antolaketa ideiak kontuan hartuta dago egituratuta. Ideia horiek zeharkako gako eta erreferentzia gisa proposatzen dira hezkuntzaren alorreko erabaki eta jarduera guztietan, eta Hezkuntza Departamentua eta ikastetxe guztiak hartzen ditu barnean. (II. kapitulua, 4.3 artikulua).

Antolaketa ideia guztiek lotura dute elkarren artean eta ikaskuntza helburuak ezartzen dituzte, eta edukien ikuspuntua ez ezik planen eta proiektuen planifikazioa eta garapena ere uztartzen dituzte. Ideia horiek prestakuntzaren eta ikaskuntzaren helburu espezifikoak ezartzeko ere balio dute, irakasleen hezkidetza gaitasuna hobetzeko, eta, ondorioz, baita ikasleena ere.

SKOLAE hezkidetza programak proposamen planifikatu eta esplizituak egiten ditu, ikastetxearen curriculum programaziora eta hezkidetza kudeaketara bideratuta. Hartara, bermatzen du hezkidetza kultura sortzen dela, ikastetxearen nortasun ezaugarri gisa.

Ikaskuntza helburuak zehaztean, garrantzitsua da kontuan izatea dimentsio pertsonala, erlazionala eta soziala, lagungarriak baitira ulertzeko nola garatzen diren pertsonak testuinguru soziokultural jakin batean.

Eremu pertsonalak eragina du ikasle bakoitzaren nortasuna eraikitzeari, haren bizi proiektuari eta autoaurkikuntza prozesuari buruzko edukietan: gorputza, gaitasunak eta mugak ezagutzea, norberaren desioak eta emozioak, etab. Harremanen eremuak eragina du beste pertsonekiko harreman moduei eta pertsona guztien eskubide eta betebeharrei buruzko edukietan, edozein interakzio egoeratan. Eremu sozialean lantzen diren edukiek aukera ematen dute tokian toki eta gizarte zabalean dagoen egoera ezagutzeko, eta hizpide dituzte ematen diren eredu eta erreferenteak.

Antolaketa ideia bakoitzari lotutako ikaskuntza helburuak definitzerakoan, beraz, hiru eremu horiek hartu dira kontuan.

1. Genero desberdinkeriari buruzko kontzientzia kritikoa eta aldaketarako erantzukizuna: Pentsamendu eta gogoeta kritikotik abiatuta genero desberdinkeriak identifikatu eta aztertzea, eta konpromisoa hartzea horiei aurre egiteko, horiek eraldatzeko eta berdintasun handiagoko gizarte baterantz aurrera egiteko.

Pertsonen esparrua: Desberdinkeriaren inguruko pentsamolde kritikoa sustatzea ikasleengan, generoari dagokionez, azterketa gakoak ekarriz desberdinkeriaren zioak identifikatze aldera. Ikasleek bizi proiektu propioaren garapena mugatzen duten genero mandatuak identifika ditzaten sustatzea. Nor bere aldaketa pertsonalaren egilea delako eta identitate berdinzale propioa (feminitate eta maskulinitate hegemoniko diskriminatzaileez harago) garatzen ahal duelako kontzientzia hartzea.

Harremanen esparrua: jasotako zaintzak emateko egin beharreko lanak identifikatzea, baita pertsona bakoitzak haietan jokatzen ahal duen rola ere. Harremanetan erantzunkidetasuna sustatzea (elkarrekiko zaintzetan eta autonomian oinarritu behar lukete harremanok). Ikasleen arteko harremanetan -nesken artekoetan, neska-mutilen artekoetan nahiz mutilen artekoetan- genero lerratzeak aztertzea, eta indarkeriarik gabeko eredu eta harreman berdinzaleak sustatzea.

Gizarte esparrua: eremu guztietan emakumeen presentzia ikusgai jartzea eta emakumeek emandako zaintzen balioa ikusarazi eta aitortzea, zein hainbat alorretan (zientzia, kirola, asmakizunak, literatura...) nabarmendutako emakumeak ezagutaraztea, baita emakume borrokalariak eta berdintasunarekin konprometituak ere. Feminismoaren eta mugimendu sufragistaren historia, gaur egungo mugimendu feministak eta berdintasun politiken sustapenean duten eragina ezagutzea. Genero rol eta estereotipoak hausten dituzten gizon-emakumeak baloratzea. Emakumeen kontrako diskriminazio edo indarkeria egoeretan aktibo izateak duen garrantziaz jabetzea.

2. Autonomia pertsonala, bizitza jasangarria izan dadin dimentsio guztietan: zaintza lanen autonomia pertsonala eta enplegura bideratutako lana funtsezko baldintzatzat hartzea berdintasunezko bizitza proiektuetarako.

Pertsonen esparrua: Mota guztietako zaintza lanak baloratzen eta egiten ikastea, bai nork bere burua zaintzekoak, bai gainerako pertsonak zaintzekoak, zaintzaren alderdi soziala ahaztu gabe, ez eta konponbiderako baldintzetako bat alderdi hori dela. Aitortzea zer garrantzitsua den zaintza lanak eta enplegua orekatzea bizitza proiektu berdinzaleago bat garatze aldera. Ikasleei genero lerratzerik gabeko orientabide akademiko profesionala ematea hezkuntza ibilbide guztian zehar.

Harremanen esparrua: Jasotako zaintza lanen balioa aitortzea, baita haiek eman dizkiguten pertsonena ere. Erantzunkidetasunaren kultura bat sustatzea harremanetan, denborak eta lanak modu bidezkoan banatuta. Ikasleen artean lanak eta rolak banatzea, genero lerratzerik gabe, lantaldetan ari daitezen. Hezkuntza ekimenak bultzatzea haurrek eta gazteek zaintza lana eta etxeko lana modu positiboan eta beharrezko lan modura uler eta barnera dezaten, banakako zein taldeko erantzukizun gisa.

Gizarte esparrua: hausnarketa eginaraztea gaur egungo eredu ekonomikoaz eta pertsona guztien beharrak eta zaintzak asetzearekin duen loturaz. Erreferenteak ematea ikasleei, jarrera berdinzaleak dituzten emakume eta gizonenak. Genero desberdinkeria aztertzea zaintza lanetan eta lan eremuan, eta ikasleek generoaren gainean dituzten ezagutzak handitzea (lanaren sexu banaketa, soldata arrakala, segregazio horizontala zein bertikala, sexu jazarpena eta jazarpena sexu arrazoiengatik...). Emakumeei zaintzeko agindu patriarkala ezartzen dieten estereotipo eta sinesmenak desmuntatzea, zeinak zainketen banaketa desorekatuan islatzen baitira.

3. Ahalduntzea, aitzindaritza eta erabakiak hartzeko gaitasuna: zalantzan jartzea jakintzen eta horiei emandako balioaren hierarkia, ikusaraztea eta integratzea emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa, eta aitortzea berdintasunezko helburu komunak lortzeari begira beste pertsona batzuekin batera jarduerak erabakitzeko, koordinatzeko eta bultzatzeko gaitasuna.

Pertsonen esparrua: Ikasleek beren lidergo gaitasuna ezagut dezaten sustatzea, erabili ahal izan dezaten. Autokonfiantza eta ahalduntze pertsonala sustatzea, lidergo desafioak nork bere gain hartzeko; hala, modu arrakastatsuan gaindituz gero, konfiantza hori indartu eta elika dezaten eta erronka berriei aurre egiteko aukera gehiago izan ditzaten. Desberdinkeria egoerak ezagutzea eta jakitea boterearen banaketa noiz den desberdinkeriazkoa, eta pertsona bakoitzaren lidergo gaitasuna aktibatzea, horiek ikusarazi, ezbaian jarri eta aldatzeko.

Harremanen esparrua: autokontzientzia eta pertsona bakoitzak gainerakoengan duen eragina ulertzeko behar den ezagutza garatzea, errespetua, ulermena eta tolerantzia azalduz elkarlanean. Autonomiarekin eta hainbat taldetan egokitzeko gaitasunarekin lan egitea, taldearen premien eta lanaren helburuen arabera rol desberdinak hartuz. Norberaren eta besteen lidergoa gauzatu eta onartzea, eta lidergorako molde desberdinak ebaluatzea eta horietatik ikastea. Lidergoaren erabileran dagoen desberdinkeria aztertzea, eta horretaz askatasunez hitz egitea, bizi izandako eta ikusitako desberdinkeriari eta bidegabekeriei izena jarriz.

Gizarte esparrua: Zereginarekin bat datorren eta testuinguruarekiko sentikorra den lidergoa onartzea eta praktikatzea. Partaidetza ikerketarako gaitasunak garatzea: gai eta informazio garrantzitsua identifikatzea, datuak biltzea, aztertzea, emaitzak jakinaraztea, etab. Talde lan orekatua eta inklusiboa praktikan jartzea, abian jarritako ikerketa proiektu komunitarioak egikaritzean: talde bat osatzeko, erabakiak hartzeko, proiektuak kudeatzeko, erkidegoaren lotura lanak egiteko, proiektu pilotuak egiteko, emaitzak aurkeztu eta zabaltzeko eta abar, ikasle guztiek egiteko moduan.

4. Hezkuntza afektibo eta sexual positiboa, osasungarria eta aniztasunarekiko errespetuzkoa: Eskolako lehen etapetatik sexualitate positiboa, osasungarria eraikitzen laguntzea, aniztasuna errespetatuko duena eta aurreiritziak saihestuko dituena orientazio sexualagatik eta identitate sexualagatik eta/edo generoagatik, tratu onean oinarritutako indarkeriarik gabeko berdintasunezko harreman afektiboak sendotzen lagunduz.

Pertsonen esparrua: Gorputza ezagutzea eta haren hazkuntzaren kontzientzia hartzea, desberdintasunak onartuz, gorputz ongizatearen ohiturak hartuz eta gorputza sentsazio, erlazio, komunikazio, gogobetetasun eta plazer iturri dela onartuz. Nork bere sexu nortasuna aitortzea eta modu positiboan onartzea, genero elementu diskriminatzailerik gabe eta, gustuei dagokienez, geure burua adierazteko modu desberdinak ulertzen lagunduz, batzuetan zaletasun, lehentasun eta nolakotasun berdinak eta beste batzuetan desberdinak izaten ahal baititugu, baina gure nortasuna galdu gabe. Sexualitatearen ugalketa alderdia ezagutzea, hura kudeatzeko tresnak eta trebetasunak jarriz eta ama edo aita izateko erabaki arduratsua ahalbidetuz.

Harremanen esparrua: Inguruneko pertsona esanguratsuekin lotura afektiboak ezartzea, konfiantza, segurtasuna eta sentimendu zein ideiak adieraztea ezaugarritzat dituztenak. Errespetuan eta hazkunde pertsonalean oinarritutako bikoteen arteko harremanak ahalbidetzea eta indartzea. Tresnak eta trebetasunak ematea gure harremanetan tratu txarrak identifikatzeko, gure harremanetan abusuzko portaerei mugak jartzeko eta eraso sexista edo sexual bat dela-eta erantzun egokia emateko. Norberaren ideiak, sentimenduak, afektuak eta desirak adierazten laguntzen duten gaitasunak garatzea; gainerako pertsonak ulertzea, errespetatzea, onartzea eta arbuiatzea; eta bizipen afektibo-sexual positiboak, arduratsuak eta osasuntsuak izatea.

Gizarte esparrua: Berdintasunean, errespetuan eta erantzukizunean oinarritutako funtsezko bizikidetza irizpideak ezagutzea eta erabiltzea. Tresnak eta trebetasunak ematea honako hauei buruz azterketa kritikoak egiteko: edertasun ereduak, ingurune hurbileko pertsonen artean ezartzen diren harremanak, sexua merkaturatzea eta sexu indarkeria. Identitate maskulino eta femeninoen aniztasun handia, familiako bizikidetza eredu desberdinak, eta amatasunarekin eta aitatasunarekin zerikusia duten prozesuetako aniztasun handia aitortzea.

5. Hizkuntza eta komunikazioa: Gaitzea ez sexista ez androzentrikoa izanen ez den hizkuntza erabiltzeko, izan ahozkoa, idatzizkoa nahiz ikusizkoa, hizkuntza baita munduaren irudikapena komunikatzeko eta transmititzeko tresna, eta eragina baitu identitate pertsonalen eraikuntza hierarkizatuan.

Pertsonen esparrua: Hausnarketa elementu batzuk eskuratzea, bide emanen dutenak aztertzeko zer lotura dagoen hizkera eta komunikazioaren eta pertsonak berdintasunez garatzearen artean. Hizkuntza ez-sexista eta inklusiboa erabiltzeko gaitzea.

Harremanen esparrua: Hizkuntza ez-sexista erabiltzea hezkuntza testuinguruko pertsona guztiekin.

Gizarte esparrua: Errespetuzko jarrera erakustea eta emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egitea xede duten ekimenetan parte hartzea. Jokabide eta ekimen sexistak ageri dituztenen aurkako gaitzespen jarrerak agertzea. Ingurune hurbilenean hizkuntza ez-sexistaren erabilera sistematizatzea, eremu publikoan zein pribatuan.

6. Espektatiba indibidualak: ulertzea orientazio prozesuak, orain arte orientazio akademiko eta profesionaleko prozesu deituak, hezkuntza prozesu osoan zehar gertatzen direla, eta baldintzatu egiten dituztela ikasleek ikasketetan eta bizitzan egindako aukerak; beraz, beharrezkoa da eskolatzearen hasieratik hezkidetza orientazioko prozesuak proposatzea, genero baldintzatzaile horiek mugatzeko, espektatibak zabaltzeko eta erabakiak genero lerratzerik gabe hartzeko.

Pertsonen esparrua: Hezkidetza orientazioko prozesuak erraztea eskolatzearen hasieratik, genero baldintzatzaileak mugatzeko, igurikimenak zabaltzeko eta erabakiak genero lerratzerik gabe hartzen laguntzeko. Orientazio prozesuen eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen artean dagoen loturari buruz hausnartzea, eta, hori egitean, bereiztea, alde batetik, etorkizuneko itxaropenak eta proiekzioak eraikitzeko prozesua, eskolatzean gauzatzen dena, eta, bestetik, une zehatzetan eta derrigorrezko bigarren etapa, batxilergoa edo heziketa ziklo bat bukatu aurretik planifikatzen diren jarduketak.

Harremanen esparrua: Pertsona guztien eskola orientazioari buruzko erabaki koherenteak errespetatzea eta babestea, edozein dela ere haien generoa. Autonomia pertsonalaren ideia txertatzea orientazio akademikoko eta profesionaleko prozesuetan, enplegura eta bizitzako nahiz zaintzako erantzunkidetasunera begira dagoen proiekzio gisa.

Gizarte esparrua: neska edo mutil gutxi dagoenean ikasketen eta ezagutza adarren baten, horren gaineko interesa sustatzea. Emakumeen gaitasun digitala txikitatik handitzea helburu duten programak garatzea, ahalduntzea sustatzeko eta enplegagarritasuna handitzeko.

7. Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria guztien prebentzioa: indarkeria erabiltzeko mekanismo ugariak identifikatzea, indarkeriaren aurka egiteko, eta indarkeriarik gabeko metodoak txertatzea gatazkak konpontzeko, bizikidetzarako eta tratu onerako, aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasuna errespetatzean oinarrituta.

Pertsonen esparrua: Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria gauzatzeko mekanismoen aniztasuna identifikatzea, eta indarkeria horren aurka egiteko trebetasunak eta tresnak eskuratzea. Baliabideak eskuratzea indarkeria orori eta genero desberdinkerian oinarritutako gauzatutako indarkeriari kontra egiteko. Ekintzak eta proiektuak bultzatzea mutikoek eta gizonek maskulinitate hegemonikoaren eredua desikastea ahalbidetzeko eta emakumeei, femeninotasunari eta berdintasunari balioa emateko. Aldaketak sustatzea jokabide sozialetan, desagertu daitezen emakumeen gutxiagotasunean edo gizartean emakume eta gizonen betebehar estereotipatuan oinarritutako aurreiritziak, ohiturak eta beste edozein praktika.

Harremanen esparrua: Portaerak berdintasunean eta ongizate emozionalean oinarriturik berrikasteko beharra identifikatzea, eta, bide horretan, gatazkak modu baketsuan eta elkarrizketaren bidez konpontzeko berdintasun ereduak eskaintzea, bai eta rol negatiboak aldatzeko aukerak sortzea ere. Jakitea bere egiten gatazkak indarkeriarik gabe, bizikidetzaz eta tratu onen bidez konpontzeko metodoak, oinarrian izanen dituztenak bai aniztasuna, bai emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna. Ikastea berariaz kontuan hartzen talde zaurgarriei eman beharreko arreta, hala indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei nola desgaitasunik duten ikasleei, pertsona horien kontra zuzenean eta zeharka erabilitako indarkeriak eragindako beharrei erantzuteko.

Testuinguruaren esparrua: Gure inguruan gertatzen den edozein indarkeria identifikatzea eta haren berri ematea, horretarako ezarrita dagoen protokoloari jarraituz. Sentsibilizazio neurriak diseinatzea eta abian jartzea, lagungarriak izanen direnak emakumeen aurkako indarkeria azaltzeko eta normalizatzeko gizartean erabiltzen diren estereotipo eta aurreiritziak desmuntatzeko. Emakumeen aurkako indarkeriaren forma eta adierazpenen pertzepzio soziala handitzea, batez ere horren argiak ez diren kasu horietan. Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria digitala edo ziberindarkeria prebenitzeko proiektuak edo ekintzak egitea. Osasungintzan, esparru sozialean, hezkuntzan, polizian eta justizian dituzten baliabide publikoak ezagutaraztea, emakumeen aurkako indarkeria kasuak detektatzeko eta horien aurrean jarduteko zerbitzuetan eskura dituzten prozedurei, tresnei eta jarraibideei dagokienez -susmo egoeretan baliatzekoak barnean harturik-.

8. Hezkidetzako kultura: ikastetxea hartzea emakumeen eta gizonen berdintasunezko kultura eraikitzen duen ingurune segurutzat, abiapuntu hartuta curriculumaren programazioari buruz hartzen diren erabakiak, bai eta honako hauen kudeaketari buruzko erabakiak ere: espazioak, komunikazioa, parte-hartzea, eta hura osatzen duten beste elementu batzuk.

Pertsonen esparrua: Jarrera aktiboa izatea, eraldaketa gauzatzeko eta aurrerapausoak emateko gizonen eta emakumeen berdintasunerantz, sostengua emanda kultura berdinzalearen eredu eta jokabide berriak erakusten dituzten hainbat ekimeni, ikastetxean bertan nahiz gertuko ingurune sozialean.

Harremanen esparrua: Prozedura batzuk ezartzea ikastetxeko irakasleek, ikasleek, familiek eta irakasle ez diren langileek parte har dezaten eta konprometitu daitezen ikastetxearen hezkidetza nortasuna garatzeko.

Gizarte esparrua: Ikastetxea sozializazio ingurune segurutzat hartzea, gizon eta emakumeen benetako berdintasunerantz aurrera egiteko aukera ematen duten balioak garatzeko tokitzat.

3.7. Hezkidetza Nortasunaren Plana (HNP).

72/2021 Foru Dekretuak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak prestatu behar du bere Hezkidetza Nortasunaren Plana, Hezkidetza Planean ezartzen denari jarraikiz. (II. kapitulua, 5. artikulua).

Hezkidetza Nortasunaren Plan horretan jaso behar da zer erabaki hartzen diren ikastetxe batean bete daitezen araudian ezarritako hezkidetza helburuak.

Hezkidetza Nortasunaren Plana (HNP) ikastetxe osoaren ardura da. Hezkidetza Sustatzeko Taldeak prozesuaren garapenarekin lotutako zenbait eginkizun dauzka ezarrita. Hori hala izan arren, haietan parte hartu eta lagundu behar dute bai ikastetxeek dituzten koordinazio egiturek (hala nola koordinazio pedagogikorako batzordeak, zikloetako edo departamentu didaktikoetako koordinazioek, moduluetakoek edo beste batzuek), bai eskola kontseiluak, bai ikastetxe bakoitzak ikasleak ordezkatzeko ezarri dituen egiturek.

Hezkidetza nortasunaren plana prestatu aurretik ikastetxearen errealitatearen diagnostikoa egin beharra dago, hezkidetzaren ikuspuntutik. Diagnostiko prozesu horrek ikastetxeko irakasleak, ikasleak eta irakasle ez diren langileak sentsibilizatzeko balio du, eta abiapuntu gisa hartzen da ikastetxe bakoitzak Hezkidetza Nortasunaren Planean jasota geldituko diren hezkidetza jarduerak planifikatzen hasteko.

Hezkidetza Nortasunaren Plana urteko programazio orokorrean txertatzen da; hiru urterako aldia aurreikusten du, eta, garatzen amaitutakoan, ebaluatuko da zenbateraino bete den.

3.7.1. Hezkidetza Nortasunaren Planak helburu hauek lortu nahi ditu:

a) Aztertzea ikastetxearen errealitatea eta konpromisoa, hezkidetza ikuspuntu batetik aztertu ere, jarduketa eta hobekuntza lerroak ezartzeko.

b) Hezkidetza urteko programazio orokorraren baitako planetan zeharka azal dadin lortzea.

c) Klaustro osoaren erantzunkidetasuna lortzea, ikastetxearen hezkidetza eraldaketa bermatzeko, Hezkidetza Sustatzeko Taldeak planifikatutako eta dinamizatutako prozesu baten ondotik.

d) Ikasleak txertatzea ikastetxeko hezkidetza kultura aztertzeko, dinamizatzeko eta garatzeko prozesuetan.

e) Hezkidetza sartzea ikastetxearen hezkuntza proiektuan, eskola antolakuntzan eta curriculumean eraginez.

3.7.2. Diagnostikoaren eta Hezkidetza Nortasunaren Planaren elementuak:

a) Ikastetxearen eta ingurunearen testuingurua:

Ikastetxeak hezkidetzari dagokionez duen egoera aztertzeko, kontuan hartu behar dira ikastetxearen testuinguruarekin eta ingurunearekin loturiko alderdiak:

- Ikastetxeak esku artean dituen beste prestakuntza edo eraldaketa prozesu batzuen deskribapena: prozesu horiek zein diren jakitea lagungarria da ikastetxea bere osotasunean ulertzeko, eta aukera ematen du proposamenak integratzeko, indarrak batzeko jarduketa planen bitartez.

- Hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten kideen deskribapena: jakinez gero hezkidetzan zer prestakuntza duten eta zer espezialitate, arlo, fase edo ziklotan aritzen diren lanean, identifikatu ahal izaten da zer eratako lanbide profilak dauden eta zein den horien ordezkagarritasuna; batak zein besteak laguntzen dute ikastetxearen errealitatea zein den hobeki ezagutzen.

- Ikasleen eta haien familien aniztasuna deskribatzeak aukera ematen du jarduerak ikastetxearen errealitateari hobeki egokitzeko, aitor daitekeelako desberdintasunen balio positiboa eta desberdintasunak konpentsatu daitezkeelako.

- Inguruneko ehun soziala eta instituzionala deskribatuz gero, eta jakinez gero ea badagoen gizonen eta emakumeen berdintasunaren arloan zuzenean edo zeharka lan egiten duen erakunderik edo udalerrietan proiekturik badagoen, aukera izanen da koordinatzeko, parte hartzeko, zerbitzu ikaskuntzako proiektuak egiteko eta ikastetxea ingurunean ezagutzera emateko.

b) Itemak:

Ikastetxeak ingurune segurua bermatuko du hezkidetza kultura sortzean. Horretarako, garatzen diren jarduera zehatzez gainera, kontuan hartu behar dira hartzen diren erabakiak, bai curriculum programazioari dagokionez harturikoak, bai hura osatzen duten beste elementu batzuen kudeaketari dagokionez harturikoak.

Elkarri lotutako elementu askok osatzen dute ikastetxea. Hezkidetzaren arloan eraldaketa gauzatzeko prozesuan, konplexutasun hori kontuan hartu beharra da. Nolanahi ere, lehentasunezko item batzuk ezartzen dira diagnostikoa eta dagokion hezkidetza nortasunaren plana egiteko, item horiek funtsezko oinarri bat osatzen baitute hortik abiatuta hezkidetzaz eragiteko.

Honako 10 item hauetan esku hartuko da:

1. Ikasgela:

Ikasgelako programazioak berrikustea, bermatzeko ideia antolatzaileak jasotzen eta lantzen direla, modu koherentean eta koordinatuan jaso eta landu ere, bai helburuetan eta edukietan planteatzen diren auzietan, bai metodologian, baliabideetan (testu liburuak eta baliabide digitalak horien barnean direlarik), bai ebaluazioan. Item honetan, gainera, ikasgelan agertzen diren ideiei, sinesmenei, erabakiei eta portaerei buruzko irakaskuntza praktika bera berrikusi beharko da.

2. Espazio komunak:

Ezagutzea ikastetxeko eremu komunak nola erabiltzen eta banatzen diren. Patioa, korridoreak, kiroldegia, komunak, liburutegia, laborategiak, ikasteko guneak eta abar aztertzea, behar diren aldaketak egiteko eta honako hauek lortzeko: elkarrekintza berdinzalea, seguruak diren espazioak, bai eta bizikidetza, parte-hartzea, protagonismo orekatua eta ikasleen arteko berdintasuna sustatzen laguntzen duten portaeren edo funtzioen garapena errazteko espazioak ere.

3. Hizkuntza idatzia, ikusizkoa eta ahozkoa:

Egiaztatzea hizkuntza eta irudi inklusibo ez-sexistak erabiltzen direla eta ikastetxean bizi diren aniztasun guztiak ikusarazten direla (sexua, generoa, sexu orientazioa, familia egiturak, feminitate eta maskulinitate ereduak, etab.), eta, horrela, pertsona eta errealitate guztiak aintzatestea eta horiei zilegitasuna ematea.

4. Planak, jarduketa programak eta protokoloak:

Hezkidetza prozesua erregistratzea eta, beraz, sistematizatzea planei, programei eta protokoloei dagokienez. Erreferentzia arauetan ezarritako hezkidetza helburuak urteko programa orokorrean txertatzea, bai eta gai hauek jorratzen dituzten planetan ere: aniztasunari erantzutea, bizikidetza, tutoretzako ekintza, orientazio akademikoa, orientazio profesionala, prestakuntza, hezkidetza, eremu digitala eta hizkuntzako eremua. Helburu horiei zeharkakotasuna ematea ikastetxeko programetan eta proiektuetan. Bermatzea jarduteko protokoloak ezagutzen direla, hedatzen direla eta generoari eta transexualitateari lotutako indarkeria kasuetan aplikatzen direla.

5. Ikasgelako edo ikastetxeko liburutegia:

Ikasgelako edo ikastetxeko liburuak, ipuinak, ikus-entzunezko materialak eta abar aztertzea: batetik, egile kopuru paritarioa eta egileen ikusaraztea ziurtatzeko; eta bestetik, edukietan, estereotiporik gabe, askotariko bizimoduak erakustea bermatzeko. Eta, horretaz gainera, irakurketa kritikoko eta dialogikoko proposamenak egitea.

6. Irakasleak ez diren langileak:

Irakasleak ez diren langileen artean genero diferentziak identifikatzea, eta, posible bada, neurri zuzentzaileak ezartzea. Ekimenak koordinatzeko eta dinamizatzeko proposamenak bultzatzea, irakasleak ez diren langileek hezkidetzako kultura eraikitzen lagun dezaten.

7. Familiak:

Identifikatzea zer jarduketa egiten den familiek ikastetxeko eraldaketa hezkidea sustatzeko prozesuan parte har dezaten, prozesu horrekiko konpromisoa har dezaten eta prozesua partekatu dezaten. Proposamenak planifikatzea eta horien garapena egitea familien inplikazioa sustatzeko. Baliabideak, prestakuntza eta informazioa ematea familiek berdintasunean bizitzeko trebetasunak eskura ditzaten.

8. Parte-hartzea:

Hezkuntza komunitateko kideen parte-hartzea aztertzea, bereziki modu proaktiboan ikasleen artean. Ekintzak zehaztea eta denbora antolatzea parte-hartze bidezkoa bermatzeko, komunikazio estiloei erreparatuta eta adostasuna eta lan kooperatiboa sustatzeko dinamikak bultzatuta.

9. Efemerideak:

Ziurtatzea efemerideak ospatzeak helburu hezkideak lortzen laguntzen duela. Bermatzea aukera bat ematen zaiela irakasleei zein ikasleei, familiei eta irakasleak ez diren gainerako langileei hausnarketak partekatzeko eta proposamen bateratuak egiteko. Erraztea ikastetxean egiten den hezkidetza lana komunitatean proiektatzen dela eta ikastetxean ezagutzen direla komunitatean egiten diren gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzeko ekimenak.

10. Datuak:

Identifikatzea, ikastetxean gauzatzen diren jarduerei edo gertatzen diren egitateei buruz informazioa biltzen denean, datuak sexuaren arabera bereizita dauden: elkarbizitza, emaitza akademikoak, ibiltaritzen aukeraketa, parte-hartzea, tutoretzen garapena, familian lanak kargatzea, absentismoa, familia egiturak, zerbitzu sozialetako pertsonak, ikastetxeari laguntza eman eta harekin elkarlanean aritzen diren beste entitate edo erakunde batzuk.

c) Diagnostikoaren dokumentuaren eta Hezkidetza Nortasunaren Planaren egitura:

Diagnostikoak lehentasunezko item bakoitzerako alderdi horiek aztertzeko lau atal izanen ditu: zer aztertu den, non bilatu diren ebidentziak, zer datu lortu diren eta zer ondoriotara iritsi den.

Hezkidetza Nortasunaren Planean alderdi hauek zehaztu behar dira item bakoitzerako:

Helburuak, ekintzak, baliabideak, arduradunak, denbora plangintza, kronograma eta adierazleak.

Departamentuko hezkidetzako talde teknikoak beharrezko prestakuntza eta baliabideak jarriko ditu SKOLAE programa ezartzen hasten diren ikastetxeetako talde sustatzaileen eskura. Horrez gain, hezkidetza sareen sistemaren bitartez, zeinetan ikastetxeak ordezkaturik baitaude hezkidetza koordinatzaileen bidez, talde teknikoak berak bermatuko ditu jarraipena, aholkularitza, prestakuntza, bizipenak elkar trukatzea eta ebaluazioa egitea.

3.3.3. Diagnostikoaren eta Hezkidetza Nortasunaren Planaren faseak.

1. Diagnostikoa egitea eta idaztea, eta Hezkidetza Nortasunaren Plana egitea lehen mailan edo lehen fasean.

2. Hezkidetza Nortasunaren Plana abian jartzea hurrengo hiru ikasturteetan edo faseetan. Ikasturte bakoitzaren amaieran, urteko programazio orokorraren prozeduraren arabera, urteko azken memorian sartuko dira heldu den ikasturterako kontuan hartuko diren ondorioak.

3.3.4. Prozesuaren ebaluazioa:

Hezkidetzaren eraldatze eta sistematizatze prozesuan aurrera egiteko, ikastetxeetako talde sustatzaileek denbora planifikatuko dute eta SKOLAE gida eta ebaluazio tresna aplikatzeko modua definituko dute, Hezkidetza Nortasunaren Plana praktikan jartzeko ikastaroen ondoren. Hura aplikatzearen ondorioz, erronka berriak zehaztuko eta hobekuntza ekintzak adostuko dira ikastetxeko hurrengo Hezkidetza Nortasunaren Planean sartzeko.

Talde sustatzaileen ardura izanen da Hezkidetza Nortasunaren Planaren gauzatze mailaren ebaluazioa egitea. Hezkidetza gaitasunen lorpen maila eta planaren eragina ebaluatzeko, hezkuntza komunitate osoak parte hartuko du.

4. KOORDINAZIOA ETA LANKIDETZA HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN BARNEAN ETA KANPOAN

Hezkuntza Departamentuak hezkidetzaren zeharkakotasuna errazteko garatzen dituen beste programa batzuekin koordinatzea bilatuko da.

Era berean, koordinazioa bultzatuko da departamentuko beste zerbitzu batzuekin eta berdintasunaren eta tratu onaren alde lan egiten duten beste erakunde batzuekin (NOPLOI eta NABI).

Hezkuntza Departamentuaren lankidetza bultzatuko da irakaskuntzaren eremuan berdintasuna lantzen duten goi mailako ikasketetan, bai prestakuntza saioei dagokienez, bai praktikak egiteari dagokionez. Aipamen berezia merezi du Hezitzaileen Eskolarekin goi mailako "Genero-berdintasunaren sustapena" irakaskuntzan egiten den lankidetzak.

Lankidetza bideak sendotuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, bai Irakasleen Graduko prestakuntzan, bai Generoari, Emakumeei eta Berdintasunari buruzko Unibertsitate Masterreko prestakuntzan, bai berezko espezializazio ikastaroetan. Halaber, NUPekiko lankidetza sendotuko da, ikasleek Baterako Hezkuntzaren Bulegoan egin ahal izan ditzaten praktikak.

Egoki diren lankidetzak ezarriko dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin, Nafarroako Gobernuaren Berdintasun Planaren eta Hezkuntza Departamentuaren Berdintasun Planaren esparruan.

Era berean, lankidetza bideak bilatuko dira hezkidetzan erreferentzia diren beste autonomia erkidego eta herrialde batzuekin.

5. HEZKIDETZA PLANAREN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

Abuztuaren 18ko 72/2021 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio eta hobekuntza prozesu bat abiaraziko du, eta hezkidetza eredutik eta haren helburuetatik eratorritako kalitate adierazleak ezarriko.

Ebaluazio bat eginen da urtero SKOLAE ebaluazio tresnaren bidez jasotzen den segimendurako informazio osotik abiatuta, bai eta ikuspegi kualitatiboagoa ematen duten beste ebaluazio teknika osagarri batzuetatik abiatuta ere.

Horretarako sortutako ebaluazio batzorde batek informazio hori aztertuko du eta dagokion azken ebaluazio txostena eginen du. Txosten horretan, Hezkuntza Departamentuaren hurrengo Hezkidetza Planerako hasierako proposamenak jasoko dira.

Ebaluazio horrek honako hauek neurtuko ditu: ikastetxeetan hezkidetza ekintzak zenbateraino egin diren, zenbateko erantzukizuna duten irakasleek Hezkidetza Nortasunaren Planarekin, eta horrek norainoko eragina izan duen ikastetxeen eraldaketan eta Nafarroako emakumeen eta gizonen desberdinkeriak murrizteko aurrerabidean. Ebaluazioak batez ere irakasleen, ikasleen eta familien edo tutoreen pertzepzioa jasoko du. Hezkuntza komunitateko gainerako kideek eskaturiko ekintzetan parte hartuko dute. Ebaluazioa hausnarketarako tresna gisa ulertzen da, baita etorkizunerako hezkidetzako esku-hartzea bideratuko duten beharrak identifikatzeko bidetzat ere.

Jarraipen eta ebaluazio batzorde hori genero ikuspegiari eta hezkidetzari buruzko prestakuntza duten pertsonek osatuko dute.

6. KOMUNIKAZIOA ETA DIBULGAZIOA

Hezkuntza Departamentuak hezkidetzaren arloko bere proposamenak zabalduko ditu. Dibulgazio jarduketak bultzatuko ditu hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har.

Programa garatzeko, funtsezkoa da komunikazio eta hedapen lana, dela haren esparruan sortutako baliabideen ingurukoa, dela diseinatu eta garatutako jarduera guztiekin loturikoa, parte-hartzeari eta gardentasunari dagokienez. Gainera, beste modu bat da sentsibilizazioa eta kontzientzia pizteko, hala hezkuntza komunitatean, nola, oro har, gizartean.

Komunikazio eta dibulgazio hori egiteko, batez ere SKOLAE programaren webgunea erabiliko da (https://coeducacion.educacion.navarra.es/eu/), baina beste bitarteko batzuk ere baliatzen ahal dira, hala nola barne komunikazio instituzionalak edo, beharrezkoa izanez gero, prentsa oharrak eta prentsaurrekoak, baita Foru Komunitatetik kanpoko kongresuak, jardunaldiak eta topaketak ere.

I ERANSKINA.

I ERANSKINA

II ERANSKINA.

II ERANSKINA

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web