114/2024 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 12KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA. FORU AGINDU HORREN BIDEZ, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GRADUKO UNIBERTSITATE IKASKETA OFIZIALAK EGITEKO SARRERA PROBEI, UNIBERTSITATE PUBLIKOETAN ONARTUA IZATEKO BEHAR DEN NOTARI ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ONARTUA IZATEKO PROZEDURARI BURUZKO ZENBAIT ALDERDI GARATU DIRA
BON N.º 10 - 16/01/2025
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBA (USP/PAU), ESPAINIAKO HEZKUNTZA SISTEMAKO BATXILERGOKO TITULUA EDO HORREN BALIOKIDEA DUTEN IKASLEENTZAT
III. KAPITULUA. UNIBERTSITATERAKO SARBIDEA BESTE IRAKASKUNTZA BATZUETATIK
IV. KAPITULUA. UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBAKO ETA UNIBERTSITATE PUBLIKOETAN ONARTUA IZATEKO PROZEDURETAKO ORGANO ARDURADUNAK
V. KAPITULUA. SARTZEKO ETA ONARTZEKO BESTE PROZEDURA ESPEZIFIKO BATZUK
1. ATALA. 25 URTETIK GORAKO PERTSONAK
2. ATALA. 40 URTETIK GORAKO PERTSONAK
3. ATALA. 45 URTETIK GORAKO PERTSONAK
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zen, eta 38. artikuluaren idazketa berrian, xedatu zen Batxilergoa gainditu duten ikasleek proba bat gainditu beharko dutela unibertsitate ikasketak egiteko. Proba horrek, Batxilergoan lortutako kalifikazioekin batera, honako hauek baloratuko ditu, objektibotasunez: heldutasun akademikoa, Batxilergoan eskuratutako ezagutzak eta unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko gaitasuna. Halaber, xedatzen da Gobernuak, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, proba horren oinarrizko ezaugarriak ezarri beharko dituela, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrari kontsulta egin ondoren eta Unibertsitateen Kontseiluak eta Estatuko Eskola Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda.
Unibertsitateetan onartua izateari dagokionez, artikulu horren beraren 6. atalaren idazketa berrian zehazten da Gobernuari dagokiola oinarrizko araudia ezartzea, unibertsitateek aukera izan dezaten lehen aipatutako sartzeko proba gainditu dutenak onartuak izateko prozedurak finkatzeko.
Halaber, aldatutako testuaren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian adierazten da proba hori egitetik salbuetsita geratuko direla honako hauek: Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren titulua lortu dutenak; Europako Batxilergoko titulua edo Nazioarteko Batxilergoko Diploma dutenak; eta Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan edo unibertsitaterako sarbidearen arloan elkarrekikotasun araubideko nazioarteko akordioak izenpetu dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetan ikasi duten ikasleak, betiere ikasle horiek beren hezkuntza sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatutako betekizun akademikoak betetzen badituzte.
Era berean, martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren, Unibertsitate Sistemari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatzen da Gobernuari dagokiola, errege dekretu bidez, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiak eta Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluak txostena egin ondoren, ikasleak unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko oinarrizko arauak ezartzea, betiere maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluan eta aplikagarri diren gainerako araubide orokorrean jasotako berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera.
Ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuaren bidez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak, sartzeko probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia arautzen dira. Arestian aipatutako lege organikoetako artikulu horietan xedatutakoa betetzeko eman da errege dekretu hori.
Errege dekretu horren beraren 17. artikuluan xedatzen da hezkuntza administrazioek eta unibertsitate publikoek antolatuko dutela unibertsitatean sartzeko proba hori. Proba Batxilergoko curriculumari lotutako gaitasunen araberakoa izanen dela bermatuko dutela, eta etapa hori antolatzen eta gauzatzen duten unibertsitateen eta ikastetxeen arteko koordinazioa ere bermatuko dutela. Halaber, hezkuntza administrazio bakoitzak bere unibertsitateen lankidetzaren norainokoa mugatzen ahalko du ondorio horietarako.
Halaber, 534/2024 Errege Dekretuaren 18. artikuluan, xedatzen da hezkuntza administrazioek, nork bere kudeaketa esparruan, batzorde bat eratuko dutela, unibertsitatean sartzeko proba antolatzeko; batzorde hori unibertsitate publikoen, hezkuntza administrazioaren eta ikastetxe publikoetako Batxilergoko irakasleen ordezkariek osatuko dute, bai eta beste aditu batzuek ere, hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten arauei jarraituz.
Era berean, errege dekretu horrek oinarrizko araudia ezartzen du, unibertsitateek aukera izan dezaten onartzeko prozedurak finkatzeko proba hori gainditu dutenentzat, bai eta sartzeko baldintzak betetzen diren gainerako kasuetan aplikatzekoak ere, sistemaren homogeneotasuna eta prozedura horietan parte hartzen dutenen berdintasuna eta segurtasun juridikoa bermatze aldera, eta, aldi berean, legeak unibertsitateei arlo horretan aitortzen dien autonomia zainduz.
Aurreko guztiarekin bat etorriz, foru agindu honen bidez, egokia da Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probei, unibertsitate publikoetan sartzeko behar den notari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurari buruzko zenbait alderdi garatzea.
Foru agindu honen testuak bost kapitulu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat jasotzen ditu.
I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenekoan, xedea eta aplikazio eremua zehazten dira, baita termino garrantzitsuen definizio batzuk eta graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko eta onartuak izateko printzipio orokorrak ere.
II. kapitulua Espainiako hezkuntza sistemako batxiler titulua edo baliokidea dutenek unibertsitatera sartzeko egin behar duten probari buruzkoa da. Proba horretan parte hartzeko baldintzak, haren helburua, antolaketa, deialdiak, probaren egitura eta proba osatzen duten ariketen oinarrizko ezaugarriak xedatzen dira kapitulu horretan. Era berean, proba horren kalifikazioa, unibertsitatera sartzeko nota eta unibertsitate publikoetan onartua izateko nota lortzeko modua ezartzen da, bai eta emaitza horiek hurrengo deialdietan hobetzeko modua ere.
III. kapituluan, Batxilergoa ez den beste ikasketa batzuk egindako ikasleak sartzeko aukerak xedatzen dira, 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren atzerriko hezkuntza sistemetako ikasleak barne. Era berean, xedatzen da unibertsitatera sartzeko proba egitetik salbuetsita dauden ikasle horiek nola lortzen ahal duten Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izateko nota.
IV. kapituluan, batzorde antolatzailearen osaerari eta eginkizunei buruzko alderdiak xedatzen dira, bai eta unibertsitatera sartzeko probaren epaimahai kalifikatzaileenak ere.
Azkenik, V. kapituluan, unibertsitatean sartzeko eta onartuak izateko irizpide espezifikoak xedatzen dira, honako hauentzat: 25 urtetik gorakoentzat, 40 urtetik gorakoentzat (ikasketa jakin batzuekin lotutako lanbide esperientzia egiaztatzen badute), eta 45 urtetik gorakoentzat. Halaber, batzorde antolatzailearen osaerari eta eginkizunei buruzko alderdiak xedatzen dira, bai eta kasuan kasuko sarrera probetako epaimahai kalifikatzaileenak ere.
Foru agindu honek zazpi xedapen gehigarri ditu honako gai hauei buruz: Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez den unibertsitateetan onartuak izateko prozedurak; Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen araudiaren arabera, unibertsitatera sartzeko proba segurtasun baldintzetan egiteko bermeak, salbuespenezko egoeretan; unibertsitatean sartzeko proban izena emateko aukerak, Batxilergoko modalitate bat baino gehiago dituzten ikasleentzat; unibertsitatera sartzeko modua, Batxilergo eta Baccalauréat titulazio bikoitza lortu duten ikasleentzat; unibertsitatera sartzeko modua, atzerriko hezkuntza sistemetan ikasitako ikasleentzat, unibertsitatera sartzeko proba gainditu behar badute; unibertsitatean sartzeko modua, aurreko hezkuntza araubideen baitan aritutako ikasleentzat, sartzeko proba gainditu gabe badute; eta unibertsitatera sartzeko modua, aurreko hezkuntza araubideen arabera sartzeko proba gaindituta duten ikasleentzat.
Foru agindu honek bukaeran badu xedapen indargabetzaile bat, Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 9ko 164/2009 Foru Agindua indargabetzen duena eta, horrez gain, azken xedapen bat, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartuko dela xedatzen duena.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,
AGINTZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuaren bidez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak, sartzeko probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia arautzen dira. Errege dekretu horretan xedatutakoa osatzeko eta betetzeko, foru agindu hau eman da, Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko eta honako alderdi hauek garatzeko.
a) Unibertsitatean sartzeko proba (USP/PAU), Espainiako hezkuntza sistemako Batxilergoko titulua edo horren baliokidea duten ikasleentzat.
b) Unibertsitaterako sarbidea, beste hezkuntza sistema batzuetako ikasleentzat.
c) Unibertsitate publikoetara sartzeko nota.
d) Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedura, a) eta b) puntuetan aipatutako ikasleentzat.
e) Unibertsitatean sartzeko probako organo arduradunak eta unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak.
f) Unibertsitatean sartzeko eta onartua izateko beste prozedura espezifiko batzuk.
2. artikulua. Definizioak.
Foru agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:
- Sartzeko baldintzak: Espainiako unibertsitateetan graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko bete behar diren baldintzen multzoa. Baldintza horiek bete egin behar dira unibertsitatean onartua izan aurretik.
- Unibertsitatera sartzeko proba, Batxilergoko titulua dutenentzat. Proba hori Batxilergoko titulua duten ikasleek egin behar dute, eta honako hauek baloratuko ditu, objektibotasunez: heldutasun akademikoa, Batxilergoan eskuratutako ezagutzak eta unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko gaitasuna.
- Unibertsitatera sartzeko proba, 25 urtetik gorakoentzat. 25 urtetik gorakoek unibertsitatera sartzeko egiten ahalko duten proba, unibertsitatera sartzea ahalbidetzen duen beste titulaziorik ez badute. Helburu hau du proba horrek: aztertzea ea izangaiak egokiak diren unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko.
- Unibertsitatera sartzeko proba, 45 urtetik gorakoentzat. 45 urtetik gorakoek unibertsitatera sartzeko egiten ahalko duten proba, unibertsitatera sartzea ahalbidetzen duen beste titulaziorik ez badute. Helburu hau du proba horrek: aztertzea ea izangaiak egokiak diren unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko.
- Unibertsitatera sartzeko nota. Nota hori kalkulatzeko honako hauek hartzen dira kontuan: Batxilergoko titulua dutenek Batxilergoan eta unibertsitatera sartzeko proban lortutako notak. Beste irakaskuntza mota batzuetan ikasitako ikasleen kasuan, sartzeko proba egitetik salbuetsita badaude, unibertsitate ikasketetara sartzeko nota hori unibertsitate ikasketak egitea ahalbidetzen dizkieten ikaskuntzetan ateratako notak hartuko dira kontuan. 25 urtetik eta 45 urtetik gorako ikasleei dagokienez, 25 urtetik eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitaterako sarbide proban ateratako kalifikazioa hartuko da unibertsitatera sartzeko nota gisa.
- Unibertsitate publikoetan onartua izateko nota: unibertsitate publiko bakoitzak ematen duen graduko ikasketa ofizial bakoitzean eskainitako plazak esleitzeko aplikatzen den nota.
- Onarpena: Espainiako unibertsitateek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko eskainitako plazen esleipena, eskaera egin dutenen eta sartzeko baldintzak betetzen dituztenen artean.
- Onartua izateko prozedurak: unibertsitateek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko eskainitako plazak esleitzea helburu duten jardueren multzoa.
3. artikulua. Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko eta onartua izateko printzipio orokorrak.
1. Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko eta onartua izateko, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatu behar dira.
2. Foru agindu honen xedea betetzeko behar diren prozedura guztietan, aukera berdintasuna, hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatuko dira.
3. Horretarako, prozedura horiek proba bat egitea eskatzen badute, behar diren neurriak ezarriko dira; esaterako, denborak egokituko dira, azterketa eredu bereziak prestatuko dira, eta baliabide materialak eta giza baliabideak jarriko dira ikasleen eskura, bai eta ariketak egiteko kasu bakoitzean behar dituzten laguntza eta produktuak ere. Halaber, prozedurei buruzko informazioaren eta komunikazioen eskuragarritasuna zein prozedura horiek gauzatzeko erabiliko diren areto edo eremu fisikoetarako irisgarritasuna bermatuko dira. Neurri horiek zehazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleari aurreko hezkuntza etapan aplikatu zitzaizkion hezkuntza laguntzako neurriak edo egokitzapenak hartuko dira kontuan, eta Hezkuntzako Departamentuaren eta ikastetxeen laguntza izanen da horretarako. Aintzat hartutako neurri horietako bat bera ere ez da kontuan hartzen ahalko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.
4. Unibertsitateek ikasleak onartuak izateko prozedurei buruzko informazio gardena eta eskuragarria bermatuko dute, eta ikasleei orientabideak emateko sistemak izan beharko dituzte. Era berean, informazio hori eta ikasleak onartuak izateko prozeduren berri jakiterakoan, ziurtatuko dute hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenak aintzat hartzen direla, eta laguntza eta aholkularitza zerbitzu egokiak izanen dituztela.
II. KAPITULUA. UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBA (USP/PAU), ESPAINIAKO HEZKUNTZA SISTEMAKO BATXILERGOKO TITULUA EDO HORREN BALIOKIDEA DUTEN IKASLEENTZAT
1. Kapitulu honetan araututako unibertsitatera sartzeko proban parte hartzen ahalko dute maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 37. artikuluan aipatzen den Batxilergoko titulua dutenek, edozein dela ere modalitatea eta, hala badagokio, egindako ibilbidea. Halaber, titulazio baliokideren bat dutenek parte hartzen ahalko dute.
2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluaren arabera, Espainiako hezkuntza sistemako Batxilergoko titulua duten ikasleek proba bat gainditu beharko dute graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin ahal izateko. Proba horren ezaugarriak jasotzen dira kapitulu honetan.
5. artikulua. Unibertsitatera sartzeko probaren helburua.
Unibertsitatera sartzeko probaren helburua da honako hauek baloratzea, objektibotasunez: heldutasun akademikoa, Batxilergoan eskuratutako ezagutzak eta unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko gaitasuna.
6. artikulua. Unibertsitatera sartzeko probaren antolaketa.
Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sartzeko proba antolatuko dute, eta proba Batxilergoko curriculumari lotutako gaitasunen araberakoa izanen dela bermatuko dute. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta aipatutako hezkuntza etapa hori ematen duten ikastetxeen arteko koordinazioa ere bermatuko da.
7. artikulua. Unibertsitatera sartzeko probaren deialdiak eta partehartzea.
1. Urtero, unibertsitatera sartzeko probaren bi deialdi eginen dira: ohikoa eta ezohikoa.
2. Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoari kontsulta egin ondoren, unibertsitatera sartzeko proba egiteko datak finkatuko ditu, urteko ebazpenaren bidez.
3. Batxilergoko ikasketak bukatzen dituzten urtean, ikasleek unibertsitatera sartzeko proba egin beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ohiko deialdian edo, hala badagokio, ezohikoan, betiere ikasketa horiek Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikastetxe batean gainditu badituzte.
4. Proba gainditzeko edo lortutako kalifikazioa hobetzeko asmoz ondoz ondoko deialdietan aurkezten direnek beren bizilekua hartzen duen hezkuntza administrazioaren kudeaketa eremuan egiten ahalko dute proba hori, edo ikasketak bukatu zituzten lekua hartzen duen hezkuntza administrazioaren kudeaketa eremuan.
8. artikulua. Unibertsitatean sartzeko probaren egitura.
1. Unibertsitatera sartzeko proba Batxilergoko bigarren mailako irakasgai komunei eta modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoei buruzkoa izanen da.
2. Unibertsitatera sartzeko probak lau ariketa izanen ditu, edo, atal honetako d) puntuan aipatzen diren ikasleen kasuan, bost, honako gai hauei buruzkoak:
a) Gaztelania eta Literatura II.
b) Espainiako Historia edo Filosofiaren Historia, ikasleek aukeratzeko.
c) Atzerriko Hizkuntza II. Proba antolatzeko, ikasleek izena emateko eskabidean adieraziko dute zein atzerriko hizkuntzaren azterketa eginen duten. Aukeran, alemana, frantsesa, ingelesa, italiera eta portugesa izanen dituzte.
d) Batxilergoa Euskara eta Literatura II irakasgaia barnean hartzen duen hizkuntza eredu batean egin duten ikasleek irakasgai horren curriculumarekin lotutako ariketa bat ere egin beharko dute. Batxilergoko etapan irakasgai hori egitetik salbuetsita egon diren ikasleek ez dute ariketa hori egin beharrik izanen.
e) Batxilergoko modalitateko eta, hala badagokio, egindako ibilbideko bigarren mailako derrigorrezko irakasgai espezifikoa.
3. Aurreko atalean aipatzen den modalitateko derrigorrezko irakasgai espezifikoa honako hau izanen da:
a) Arteen modalitaterako:
1. Arte Plastikoak, Irudia eta Diseinua ibilbidean: Marrazketa Artistikoa II.
2. Musika eta Arte Eszenikoak ibilbidean: Analisi Musikala II edo Arte Eszenikoak II, ikasleek aukeratzeko.
b) Zientzia eta Teknologiaren modalitaterako: Matematika II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II, ikasleek aukeratzeko.
c) Modalitate orokorrerako: Zientzia Orokorrak.
d) Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea: Latina II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II, ikasleek aukeratzeko.
4. Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuen bidez lortu bada, Batxilergoko antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ikasleek artikulu honen 2. ataleko a), b) eta c) puntuetan eta, hala badagokio, d) puntuan ezarritako irakasgaien azterketak egin beharko dituzte. Halaber, 2.b) atalaren arabera Espainiako Historiaren eta Filosofiaren Historiaren artean aukeratzean hautatu gabe utzitako irakasgaiaren azterketa egin beharko du, edo bestela:
a) Zientzia Orokorren azterketa, Lanbide Heziketako teknikariaren titulua badu.
b) Marrazketa Artistikoa II irakasgaiaren azterketa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua badu.
c) Analisi Musikala II edo Arte Eszenikoak II irakasgaien azterketa, aukeran, Musikako edo Dantzako Ikasketa Profesionaletako titulua izanez gero.
5. Proba antolatzeko, ikasleek izena emateko eskabidean adieraziko dute zein irakasgairen azterketak eginen dituzten.
9. artikulua. Unibertsitatera sartzeko proba osatzen duten ariketen oinarrizko ezaugarriak.
1. Ariketen diseinua konpetentzien araberakoa izanen da, eta aukera emanen du aurreko artikuluan aipatzen diren irakasgaitako konpetentzia espezifikoak noraino lortu diren egiaztatzeko, ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzekoan, jasotako curriculumetan xedatutako ebaluazio irizpideak aplikatuz.
2. Ikasleek sormena, pentsamendu kritikorako eta hausnarketarako gaitasuna, eta heldutasuna erakutsi beharko dituzte ebaluatutako konpetentzia espezifikoen mailarekin bat datozen galderak edo zereginak idatziz ebaztean. Erantzunerako formatuan, zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpide objektiboak onartu beharko dira aurrez, eta aplikatzen direla bermatu beharko da.
3. Ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean ezarritako funtsezko konpetentzien definizioarekin bat, galderetan edo zereginetan lantzeko testuinguruak ingurune artistiko, zientifiko, humanistiko eta teknologikoak izanen dira, eta, ahal dela, ikasleen bizitzatik hurbil dauden inguruneak.
4. Aipatutako ariketa bakoitzak 90 minutuko iraupena izanen du. Ariketa batetik hurrengora, gutxienez 30 minutuko atsedenaldia izanen da. Ez da atsedenalditzat hartuko hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei azterketa egiteko ematen zaien denbora gehigarria, neurri hori aginduta dutenen kasuan.
5. Ebaluatuko diren curriculum elementuak eta galdera edo zeregin kopurua eta motak ariketaren iraupenera egokituko dira. Horretarako, kontuan hartuko da ikasleek denbora dezente eman beharko dutela bai aurkeztutako dokumentazioa irakurtzen eta aztertzen, bai planteatutako galderak edo zereginak ebazteko estrategia diseinatzen.
6. Ariketek zenbait atal izaten ahalko dituzte, eta atal horietan galdera edo zeregin bat edo gehiago egoten ahalko dira. Galdera edo zeregin horietan, erantzun itxiak, erdilanduak edo irekiak eman beharko dira. Betiere, ariketa bakoitzean, erantzun irekiko eta erdilanduko galdera edo zeregin guztiei esleitutako puntuazioak gutxienez ehuneko 70 izan beharko du.
Aipatutako galdera motak honela zehazten dira:
a) Erantzun itxikoak: zalantzarik gabeko erantzun zuzen bakarra duten galderak, ikasleek landu beharrik ez dituztenak, proposatutako aukeren artean bat aukeratu baino ez baitute egin beharko.
b) Nolabaiteko lanketa behar dutenak: zalantzarik gabeko erantzun zuzena duten galderak, ikasleek landu beharrekoak. Lanketa hori laburra izanen da, adibidez, problema matematiko bati erantzuten dion zenbaki bat, edo esaldi bat osatzen duen edo galdera bati erantzuten dion hitz bat, baldin eta erantzun posibleen zerrenda bat ematen ez bada.
c) Erantzun irekikoak: ikasleek landu beharreko galderak dira, eta ez dute zalantzarik gabeko erantzun zuzen bakarra. Mota honetan sartzen dira idatzizko ekoizpenak eta lan plastikoak.
7. Irakasgai bakoitzean, ariketa eredu bakar bat emanen da. Hala ere, komenigarritzat jotzen bada, atal batzuetan, zenbait galdera edo zereginen artean hautatzeko aukera sartzen ahalko da. Hautatzeko aukera horrek ez du berekin ekartzen ahalko, inolaz ere, ebaluatu beharreko gaitasun espezifikoen kopurua murriztea.
8. Gaztelania eta Literatura II, Euskara eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II irakasgaietako ariketak dagokion hizkuntzan eskaini eta erantzun beharko dira. Gainerako ariketei dagokienez, oro har, euskararen eta gaztelaniaren artean hautatzeko aukera bermatuko zaie ikasleei. Ikasleek izena emateko unean zehaztuko dute aukera hori.
9. Galderek edo zereginek hala eskatzen badute, ikasleek, irakasgaien ariketak egiteko, dokumentu edo tresna osagarriak erabiltzen ahalko dituzte, hala nola hiztegiak, kalkulagailuak, inprimakiak eta taulak. Material hori erabiltzeko, nolanahi ere, irakasgai bakoitzaren ezaugarriak eta aplikatu beharreko ebaluazio irizpideak hartuko dira kontuan. Horretarako, proba antolatzeko batzordeak erabakiko du ikasleek zer material erabiltzen ahalko dituzten eta, hala dagokionean, zer material ez den inola ere erabiltzen ahalko.
10. Ariketa guztietan, zuzenketa eta kalifikazio irizpideei buruzko informazioa emanen zaie ikasleei. Irizpide horiek, besteak beste, honako alderdi hauek baloratzeko aukera ematen duten parametroak izanen dituzte:
a) Enuntziatuan eskatutakoari egokitzea.
b) Sortutako testuen koherentzia, kohesio eta zuzentasun gramatikal, lexiko eta ortografikoa, baita horien aurkezpena ere.
Ariketetan, proposatzen diren galderek edo zereginek ikasleek testuak sortzea eskatzen badute, b) atalean jasotako atalei dagokien balorazioa ez da dagokion galderaren edo zereginaren kalifikazioaren ehuneko 10 baino txikiagoa izaten ahalko. Nolanahi ere, parametro horien aplikazioa malguagoa izaten ahalko da hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen kasuan.
10. artikulua. Unibertsitatean sartzeko probako nota.
1. Unibertsitatera sartzeko proba osatzen duen ariketa bakoitzari 0tik 10 puntura bitarteko kalifikazioa emanen zaio, bi zifra dezimalekin.
2. Unibertsitatean sartzeko probaren kalifikazioa ariketa bakoitzean lorturiko kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Batez bestekoa 0tik 10era bitarteko eskalan adieraziko da, hori hiru dezimalekin, milaren hurbilenera biribilduta eta, erdian izanez gero, gora biribilduta. Kalifikazio horrek 4 puntukoa edo handiagoa izan beharko du kontuan hartu ahal izateko, foru agindu honen 11. artikuluan graduko unibertsitate ikasketa ofizialetara sartzeko ezarritako moduan.
11. artikulua. Unibertsitatera sartzeko nota.
1. Unibertsitatera sartzeko proba egin eta foru agindu honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera dagokion kalifikazioa lortu ondoren, honako hauek hartuko dira kontuan unibertsitatera sartzeko nota zehazteko: unibertsitatera sartzeko proban ateratako kalifikazioaren batezbesteko haztatuaren %40 eta Batxilergoko batez besteko notaren %60, Erlijioko irakasgaiaren kalifikazioa kontuan hartu gabe.
2. Aurreko atalean zehaztutako prozeduraren arabera lortutako nota hiru dezimalekin adieraziko da; milaren hurbilenera biribilduta, eta, erdian izanez gero, gora biribilduta.
3. Unibertsitateetara sartzeko baldintzak beteko dituzte 5 puntu edo gehiagoko nota lortu duten ikasleek.
4. Unibertsitatera sartzeko notak balio mugagabea izanen du graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko, foru agindu honen 13.1 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.
12. artikulua. Unibertsitate publikoetan onartua izateko nota.
1. Ikasle bakoitzak unibertsitatera sartzeko lortutako nota, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera lortutakoa, unibertsitate publikoetan onartua izateko nota izanen da.
2. Hala ere, onartua izateko nota hobetu nahi duten ikasleek Batxilergoko bigarren mailako irakasgai komunen edo modalitateko irakasgai espezifikoen azterketa egiteko aukera izanen dute deialdi berean (hiru irakasgai gehienez), unibertsitatera sartzeko proban egindakoak kenduta. Halaber, sartzeko proba horretan hautatu ez duten atzerriko beste hizkuntza bateko azterketa egiten ahalko dute.
Proba antolatzeko, ikasleek unibertsitatera sartzeko probarako izena emateko eskabidean adieraziko dute zein irakasgairen azterketak eginen dituzten.
3. Irakasgai horietako ariketen oinarrizko ezaugarriak foru agindu honen 9. artikuluan ezarritakoak izanen dira, eta 0tik 10era bitarteko eskala batean kalifikatuko dira, bi zifra dezimalekin.
4. Artikulu honetako 2. atalean aipatzen diren irakasgaietako ariketetan ikasleek lortutako kalifikazioak, unibertsitate publikoetan beren arauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak direnak, baliozkoak izanen dira unibertsitatera sartzeko proba gainditu eta berehala hasten den ikasturtean eta horren ondorengo bi ikasturteetan.
5. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ikasleak onartzeko prozeduran, kontuan hartuko ditu unibertsitatera sartzeko proban edo artikulu honetako 2. atalean xedatutako prozeduraren arabera ebaluatzen ahal diren artetik hautatuko bi irakasgaitan, gutxienez, lortutako kalifikazioak.
6. Ikasle bakoitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi nahi duen graduko ikasketa ofizial bakoitzean onartua izateko behin betiko nota kalkulatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez zehazten dituen irakasgaien kalifikazio haztatuak batuko zaizkio unibertsitatera sartzeko notari, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera lortutakoari. Horretarako, eta artikulu honen 5. atalean xedatutakoa kontuan hartuta, ikasle bakoitzarentzat onuragarrienak direnak hautatuko dira, ikasi nahi den graduko ikasketa ofizialen arabera. Nota hori hiru dezimalekin adieraziko da, milaren hurbilenera biribilduta eta, erdian izanez gero, gora biribilduta.
7. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, sartzeko proba egiten den ikasturte bakoitzaren hasieran, irakasgaien kalifikazioei aplikatuko zaizkien haztapen parametroak jakinarazi eginen ditu, ematen dituen graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko nota kalkulatzeko.
13. artikulua. Hurrengo deialdietan, unibertsitatera sartzeko probako notaren eta onartua izateko notaren kalifikazioa hobetzea.
1. Foru agindu honen 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera unibertsitateetan sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleak, sartzeko proban lortutako kalifikazioa hobetu nahi izanez gero, berriro aurkezten ahalko dira ikasturte bereko ezohiko deialdira, bai eta hurrengo deialdietara ere, foru agindu honen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat. Kasu guztietan, proba osoa egin beharko dute, eta sartzeko probarako Batxilergoko edozein modalitate eta ibilbidetako derrigorrezko irakasgai espezifikoa aukeratzen ahalko dute. Foru agindu honen 11. artikuluan aipatzen den sartzeko nota kalkulatzeko, unibertsitatera sartzeko proban lortutako kalifikaziorik altuena hartuko da kontuan. Kalifikazio horrek balio mugagabea izanen du graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko.
2. Halaber, ikasleak foru agindu honen 12.2 artikuluan aipatzen diren irakasgaietatik edozeinetara aurkezten ahalko dira, bai ikasturte bereko deialdi berezian, bai hurrengo deialdietan, foru agindu honen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, unibertsitatean onartua izateko nota hobetze aldera. Ikasleentzako kalifikaziorik onena hartuko da kontuan. Lortutako kalifikazioak unibertsitate publikoetan aplikatuko dira, haien arauetan ezarritakoaren arabera, eta balioa izanen dute ariketak egin eta berehala hasten den ikasturtean eta horren ondorengo bi ikasturteetan.
III. KAPITULUA. UNIBERTSITATERAKO SARBIDEA BESTE IRAKASKUNTZA BATZUETATIK
14. artikulua. Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren titulua, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua edo goi mailako kirol teknikariaren titulua duten ikasleak.
1. Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren titulua dutenak unibertsitatera sartzen ahalko dira, sartzeko probarik egin beharrik gabe, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.6, 53.5 eta 65.4 artikuluetan ezarritako baldintzetan.
2. Artikulu honetan aipatzen diren ikasleek, unibertsitatera sartzeko proba egitetik salbuetsita, unibertsitate publikoetan onartuak izateko prozeduran parte hartzen ahalko dute, foru agindu honen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, unibertsitatera sartzeko nota gisa, ikasleak aurkezten diren ikasketetan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan. Era berean, unibertsitate publikoek, ikasle horiek onartzeko, kontuan hartzen ahalko dute Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak horretarako bere tituluen eta jakintza arloen artean ezarritako elkarrekikotasuna.
15. artikulua. 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren atzerriko hezkuntza sistemetako ikasleak.
1. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, honako hauek unibertsitatera sartzen ahalko dira sartzeko proba egin beharrik gabe:
a) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetan edo unibertsitaterako sarbidearen arloan elkarrekikotasun araubideko nazioarteko akordioak izenpetu dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetan ikasi duten ikasleak, betiere ikasle horiek beren hezkuntza sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatutako betekizun akademikoak betetzen badituzte.
b) Europako Eskolen Estatutua ezartzen duen Hitzarmeneko xedapenekin bat etorriz (Luxenburgon egina, 1994ko ekainaren 21ean), Europako Batxilergoko titulua duten ikasleak.
c) Nazioarteko Batxilergoko Diploma eskuratu dutenak, Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak emandakoa (Genevan du egoitza erakunde horrek, Suitzan).
2. Artikulu honetan aipatzen diren hezkuntza sistemetan ikasitako ikasleek ez dute atzerrian eskuratu edo egindako titulu, diploma edo ikasketen homologazioa izapidetu beharrik izanen Espainiako unibertsitateetan sartzeko.
3. Artikulu honetan aipatzen diren ikasleek, unibertsitatera sartzeko proba egitetik salbuetsita, unibertsitate publikoetan onartuak izateko prozeduran parte hartzen ahalko dute, foru agindu honen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, unibertsitatera sartzeko nota gisa, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak ikaslea aurkezten den ikasketetan lortutako kalifikaziorako ezarritako baliokidetasuna hartuko da kontuan. Halaber, onartuak izateko, unibertsitate publikoek irakasgai zehatz batzuen kalifikazioak kontuan hartzen ahalko dituzte.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ingelesez edo atzerriko beste hizkuntza batzuetan egiten ahalko ditu ikasle horiek onartzeko prozeduran ezartzen ahal dituen ebaluazioak.
16. artikulua. Foru agindu honen 14. eta 15. artikuluetan aipatzen diren ikasleak, unibertsitatera sartzeko proba egitetik salbuetsiak, unibertsitate publikoetan onartuak izateko nota.
1. Ikasle bakoitzak unibertsitatean sartzeko proban lortutako nota, foru agindu honetako 14. edo 15. artikuluaren arabera kalkulatua, izanen da ikaslea unibertsitate publikoetan onartua izateko nota.
2. Hala ere, onartua izateko nota hobetu nahi duten ikasleek Batxilergoko bigarren mailako irakasgai komunen edo modalitateko irakasgai espezifikoen azterketa egiteko aukera izanen dute (hiru irakasgai gehienez). Halaber, atzerriko bigarren hizkuntza bateko azterketa egiten ahalko dute.
Azterketak antolatzeko, ikasleek izena emateko eskabidean adieraziko dute zein irakasgairen azterketak eginen dituzten.
3. Arlo horietako ariketen oinarrizko ezaugarriak foru agindu honen 9. artikuluan ezarritakoak izanen dira, eta 0tik 10era bitarteko eskala batean kalifikatuko dira, bi zifra dezimalekin.
4. Ikasleek artikulu honetako 2. atalean aipatzen diren irakasgaietako ariketetan lortutako kalifikazioak, unibertsitate publikoetan beren arauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak direnak, baliozkoak izanen dira unibertsitatera sartzeko proba gainditu eta berehala hasten den ikasturtean eta horren ondorengo bi ikasturteetan.
5. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ikasleak onartzeko prozeduran, kontuan hartuko ditu unibertsitate horrek artikulu honetako 2. atalean zehaztutakoen artetik aukeratutako bi irakasgaitan, gutxienez, lortutako kalifikazioak.
6. Ikasle bakoitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi nahi duen graduko ikasketa ofizial bakoitzean onartua izateko behin betiko nota kalkulatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez zehazten dituen irakasgaien kalifikazio haztatuak batuko zaizkio unibertsitatera sartzeko lortutako notari. Horretarako, eta artikulu honen 5. atalean xedatutakoa kontuan hartuta, ikasle bakoitzarentzat onuragarrienak direnak hautatuko dira, ikasi nahi den graduko ikasketa ofizialen arabera. Nota hori hiru dezimalekin adieraziko da, milaren hurbilenera biribilduta eta, erdian izanez gero, gora biribilduta.
7. Halaber, ikasleak artikulu honen 2. atalean aipatutako edozein irakasgaitara aurkezten ahalko dira hurrengo deialdietan, onartua izateko nota hobetzearren. Ikasleentzako kalifikazio onenak hartuko dira kontuan.
8. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, sartzeko proba egiten den ikasturte bakoitzaren hasieran, irakasgaien kalifikazioei aplikatuko zaizkien haztapen parametroak jakinarazi eginen ditu, ematen dituen graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko nota kalkulatzeko.
IV. KAPITULUA. UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBAKO ETA UNIBERTSITATE PUBLIKOETAN ONARTUA IZATEKO PROZEDURETAKO ORGANO ARDURADUNAK
17. artikulua. Unibertsitatean sartzeko probarako batzorde antolatzailea.
1. Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoari entzun ondoren, unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko batzordea eratuko du. Gutxienez kide hauek izanen ditu batzorde horrek:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak izendatuak.
- Unibertsitatean sartzeko probako koordinatzailea; batzordeko burua izanen da.
- Unibertsitateko irakasle bat.
- Teknikari bat, kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetakoa, idazkari lanetan arituko dena, hitzarekin baina botorik gabe.
b) Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatutakoak:
- Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatutako ikuskatzaile bat, Hezkuntza Departamentuko koordinatzaile gisa arituko dena unibertsitatera sartzeko probarako.
- Ikastetxe publiko bateko Batxilergoko irakasle bat.
- Emaitza akademikoen azterketetan aditua den pertsona bat:
2. Titularra absente edo gaixorik badago, edo, oro har, bidezko arrazoirik bada, organo eskudunek batzorde horretako titularren ordezkoak izendatzen ahalko dituzte.
3. Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio ordezko pertsonak izendatzea, hala behar denean.
4. Batzordean, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuaren printzipioa beteko da, salbu eta funtsezko arrazoi objektiboengatik posible ez bada. Arrazoi horiek behar bezala justifikatu beharko dira.
18. artikulua. Unibertsitatean sartzeko probarako antolaketa batzordearen eskumenak.
1. Antolaketa batzordeak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraituz jardunen du, eta, besteak beste, eskumen hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta ikastetxeak koordinatzea, proba antolatu eta egiteko.
b) Ariketak prestatzeko eta hautatzeko prozeduraren sekretua eta ikasleen eta ikastetxeen anonimotasuna bermatzeko neurriak hartzea.
c) Foru agindu honen 3.3 artikuluan aipatzen diren beharrezko neurriak zehaztea, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat.
d) Foru agindu honen 9.8 artikuluan xedatutakoa bermatzeko beharrezko neurriak hartzea, unibertsitatera sartzeko proban erabiltzen ahalko diren hizkuntzei dagokienez.
e) Ariketen proposamenak egiteko irizpideak zehaztea, foru agindu honen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.
f) Epaimahai kalifikatzaileak izendatzea eta eratzea.
g) Unibertsitatera sartzeko probaren ohiko eta ezohiko deialdiak ezartzea, ariketa bakoitza non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziz.
h) Ariketak ebaluatzeko irizpide orokorrak ezartzea.
i) Erreklamazioak ebaztea.
j) Informazio mekanismo egokiak ezartzea.
k) Sartzeko probaren garapenari eta emaitzei buruzko urteko txostena egitea. Horretarako, ikastetxeek eskatzen zaien informazioa emanen diote antolaketa batzordeari.
2. Ikasturte bakoitzaren hasieran, antolaketa batzordeak antolaketa irizpideak, ariketen oinarrizko egitura eta ebaluazio irizpide orokorrak argitara emanen ditu.
3. Batzorde antolatzaileak ariketa bakoitzaren kalifikaziorako gida bat eginen du. Gidak, nahitaez, honako hauek jasoko ditu: zuzenketa eta kalifikazio irizpideak; hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzako berariazko irizpideak, hala dagokion kasuetan; galdera bakoitzaren haztapena; eta ikasleek eman ditzaketen erantzunak objektiboki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren ebaluazio tresnak.
4. Ikasturte bakoitzaren bukaeran, Hezkuntza Departamentuak unibertsitatera sartzeko probaren urteko datuak, sexuaren arabera bereizita, eskatuko dizkio batzorde antolatzaileari, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministeriora bidaltzeko, Estatuko Eskola Kontseiluak argitara eman ditzan eta proba hobetzeko gomendioak egin ditzan.
19. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko koordinatzailea.
1. Unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko batzordearen burua izanen da Unibertsitatera sartzeko probarako Nafarroako Unibertsitate Publikoko koordinatzailea.
2. Proba antolatzeko batzordeak berez dituen zereginez gain, honako egiteko hauek ere izanen ditu:
a) Ikasgai aholkulariak izendatzea edo kargutik kentzea proposatu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari.
b) Ikasgai aholkulariei beren lana betetzeko behar dituzten bitartekoak eman.
c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak agintzen dizkion beste egiteko batzuk.
20. artikulua. Hezkuntza Departamentuko koordinatzailea.
1. Unibertsitatera sartzeko probarako izendatu den Hezkuntza Departamentuko koordinatzailea proba antolatzeko batzordeko kide-aholkularia izanen da.
2. Batzordeko kide gisa dituen zereginez gain, honako egitekoak ere izanen ditu:
a) Ikasgai koordinatzaileak izendatzea eta kargutik kentzea proposatu Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiari.
b) Ikasgai bakoitzaren gaineko koordinazio bilerak behar bezala egiten direla bultzatu eta zaindu.
c) Ikasgai koordinatzaileei beren lana betetzeko behar dituzten bitartekoak eman.
d) Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion beste egiteko batzuk.
21. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariak bertako errektoreak izendatuko ditu, kasuan kasuko ikasgaiarekin zerikusia duten departamentuetako unibertsitate irakasleen artetik. Salbuespen gisa, Batxilergoko irakasle bat ikasgai aholkulari izendatzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko koordinatzaileari kontsulta egin ondotik.
2. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Probetan eskatzen dena curriculum ofizialera behar bezala egokitzeko behar diren alderdi guztien berri eman ikasgai koordinatzaileari.
b) Dagokion ikasgaiko ariketa proposamenak egin, unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko batzordeak ezarri dituen irizpideak errespetatuz eta Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzailearekin lankidetzan. Proposamen horiek unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeari aurkeztuko zaizkio, batzordeburua den pertsonaren bidez. Proba antolatzeko batzordeak uste badu proposamenak ez datozela bat 18.1.e) artikuluan aipatzen diren irizpideekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariek, Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileekin lankidetzan, beste ariketa proposamen batzuk eginen dizkiote proba antolatzeko batzorderi.
c) Bileraren akta egin eta sinatu Hezkuntza Departamentuko ikasgaiaren koordinatzailearekin, eta ikasgai horren edukiari eta ariketaren itxurari buruzko proposamena egin.
d) Aurreko atalean aipatu diren agiriak unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko batzordeari bidali.
22. artikulua. Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileak.
1. Hezkuntza Departamentuko ikasgaiaren koordinatzaileak Hezkuntza Departamentuko koordinatzaileak proposatuta izendatuko dira, kasuan-kasuan dagokion ikasgaiaren koordinazio didaktikorako departamentuetako irakasle funtzionarioen artetik edo dagokion espezialitateko Hezkuntza Departamentuko jarduneko ikuskatzaileen artetik.
2. Hala ere, aurreko baldintzak betetzen ez dituen irakaslea ikasgai jakin bateko koordinatzaile izendatzen ahalko da ikasgai horretarako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez badago.
3. Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileak egiteko hauek izanen ditu:
a) Ariketan eskatzen dena ikasgaiaren curriculum ofizialera behar bezala egokitzeko behar diren alderdi guztien berri eman Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariari.
b) Unibertsitateko irakasgai aholkulariari iradokizunak eta ekarpenak helarazi, bere ikasgaiko ariketa proposamenetarako, eta, hala badagokio, hura prestatzen lagundu.
c) Ikastegietako koordinazio didaktikorako departamentuetako ordezkariekin biltzeko deialdia egin eta bileretan lehendakari gisa aritu.
d) Dagokion ikasgaiko programazio didaktikoak homogeneoak direla zaindu.
e) Koordinazio didaktikorako departamentuetako ordezkarien proposamenak jaso.
f) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariarekin izandako bileraren akta sinatu, eta ikasgai horren edukiari eta ariketaren itxurari buruzko proposamena egin.
23. artikulua. Unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko koordinazioa.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Hezkuntza Departamentuak koordinatuta lan eginen dute. Koordinazio hori, hain zuzen ere, proba antolatzeko batzordearen, unibertsitateko ikasgai aholkularien eta Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileen bitartez eginen da.
2. Ikasturtearen hasieran, eta ariketak Batxilergoko bigarren mailako curriculumera egokitzeko asmoz, ikasgai bakoitzeko gutxienez bilera bat eginen dute Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileak eta unibertsitateko ikasgai aholkulariak. Bilera horietan proposatuko da zein izanen diren ikasgaiaren edukiak eta ariketaren itxura, bai eta zein irizpide espezifiko izanen diren zuzenketak egiteko eta kalifikazioa jartzeko.
3. Koordinatzaileak kontuan hartuko ditu koordinazio didaktikorako departamentuburuen iritziak edo haiek eskuordetutako ordezkarienak, programazio didaktikoen jarraipena egiteko, eta ikasgaiaren edukiak eta ariketaren itxura baloratzeko, bai eta zuzenketa eta kalifikazio irizpide espezifikoak baloratzeko ere.
4. Azken bileran, aurkeztutako proposamenaren gaineko akordio guztiak eta, halakorik bada, dagokion ikasgaiaren aholkulariaren eta koordinatzailearen artean desadostasunak eragin dituzten alderdiak jasotzen diren akta eginen da. Biek sinatuko dute akta hori, eta, gero, proba antolatzeko batzordeari bidaliko diote, hark proposamena azter dezan.
5. Proba antolatzeko batzordeak akordio horiek onartzeko edo ariketari buruzko edozein alderdi aldatzeko erabakia jakinaraziko die dagokion irakasgaiko aholkulariari eta koordinatzaileari, eta, horretan oinarrituta, honela jokatuko du:
a) Erabaki horiek onartuz gero, proba antolatzeko batzordeak argitara emanen ditu irakasgaiaren edukiak eta ariketaren itxura, bai eta zuzenketa eta kalifikazio irizpide espezifikoak ere, eta ikastetxeetako zuzendariei helaraziko dizkie.
b) Aldatzeko erabakirik izanez gero, berriro bilduko dira koordinatzailea eta aholkularia, eta bilera horretako erabakiak batzordeak hartutako erabakietara egokituko dituzte; gero, berriz ere batzordeari bidaliko dizkiote, berrikusteko eta, hala badagokio, onartu eta argitaratzeko.
6. Proba antolatzeko batzordeak ezartzen dituen epeen barruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasgai aholkulariak, Hezkuntza Departamentuko irakasgaia koordinatzailearekin lankidetzan, ikasgaiari buruzko ariketa proposamenak prestatuko ditu, unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeak ezarritako irizpideak errespetatuz.
24. artikulua. Kalifikazio epaimahaiak.
1. Kalifikazio epaimahaiak unibertsitateko irakasleek eta Batxilergoa ematen duten eta bigarren hezkuntzako katedradunen kidegokoak edo bigarren hezkuntzako irakasleen kidegokoak diren karrerako edo bitarteko funtzionarioek osatuko dituzte, eta urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoaren arabera jardunen dute, modu kolegiatuan.
2. Unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeak kalifikazio epaimahaiak izendatu eta eratuko ditu, eta ariketa guztiak unibertsitatera sartzeko proba osatzen duten irakasgaietako kide espezialistek kalifikatzen ahalko dituztela bermatuko du. Behar bezala justifikatutako arrazoi oinarridun eta objektiboengatik ezinezkoa denean salbu, emakumeen eta gizonen osaera orekatuaren printzipioa beteko da kalifikazio epaimahaiak izendatzean, eta bermatu egin beharko da ikasgai bakoitzean, gutxienez, unibertsitateak izendatutako irakasleen %40k eta irakasten ari diren bigarren hezkuntzako katedradunen edo katedradun eta irakasleen beste %40k (ahal dela, Batxilergoko bigarren mailan irakasten dutenek) parte hartuko dutela. Proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu lehendakaria eta idazkaria, dagokion epaimahaiko kideen artetik.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak kalifikazio epaimahaiko kide izateko, ezinbestekoa izanen da proba deitzen den urtean irakasle horiek irakasten egotea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgai aholkulariak kalifikazio epaimahaietako kide izanen dira, arrazoi sendo eta objektiboak izateagatik hori ezinezkoa denean salbu.
4. Irakasle katedradunak eta bigarren hezkuntzako irakasleak kalifikazio epaimahaietako kide izateko, beharrezkoa izanen da azterketaren xede den Batxilergoko ikasgaia irakasten egotea. Hezkuntza Departamentuko ikasgai koordinatzaileak kalifikazio epaimahaietako kide izanen dira, arrazoi sendo eta objektiboak izateagatik hori ezinezkoa denean salbu.
5. Kalifikazio epaimahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko unean, proba antolatzeko batzordeak hartutako ebaluazio irizpide orokorren berri emanen die.
6. Proba antolatzeko batzordeak kalifikazio epaimahaien jardunari buruzko jarraibideak onetsiko ditu, eta sartzeko proba egin aurreko bilera batean jakinaraziko dizkie horretarako izendatzen diren kalifikazio epaimahai bakoitzeko buruari eta idazkariari.
7. Kalifikazio epaimahaietako kide izanen diren pertsonek beren gaiari dagokion ariketa puntuatuko dute, proba antolatzeko batzordeak ezarritako irizpide orokorrak eta ariketa bakoitzarekin batera doazen kalifikazio gidetan ezarritako zuzenketa eta kalifikazio irizpide espezifikoak kontuan hartuta.
Gainera, hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzat beharrezkoak diren hezkuntza laguntzako neurriak edo egokitzapenak hartuko dituzte kontuan, atxikita dauden kalifikazio epaimahaiko lehendakariak eta idazkariak emandako jarraibideak betez.
8. Ikasleen eta ikastegien anonimotasuna bermatuko da dagokion ikasgaiaren ariketa zuzendu eta kalifikatzeko prozesuan.
9. Jarduketak bukatutakoan, epaimahai bakoitzeko lehendakariak txosten bat igorriko dio proba antolatzeko batzordeari. Txosten horretan, parte hartzen duten ikasleek lortutako emaitzak jaso beharko dira, bai eta prozesuan zehar izan den edozein gorabehera ere, ikasleei, ikastetxeei edo epaimahaiari berari eragin diena.
25. artikulua. Kalifikazioak berrikustea.
1. Ikasleek edo, horiek adingabeak badira, haien gurasoek edo legezko tutoreek unibertsitatera sartzeko proba osatzen duten edozein ariketatan lortutako kalifikazioa berrikustea eskatzen ahalko diote proba antolatzeko batzordeari, baldin eta iritzi bada ebaluazio irizpide orokorrak edo zuzenketa eta kalifikazio irizpide espezifikoak oker aplikatu direla. Eskaera hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko da.
2. Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera aurkezteko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunaren hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita; emaitza horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez ikusten ahalko dira. Hiru egun balioduneko epe horretan kalifikazioak berrikusteko eskaerarik aurkezten ez bada, antolaketa batzordeak behin-behineko emaitzak behin betiko bihurtuko ditu. Behin betiko emaitzak ere Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez ikusten ahalko dira.
3. Proba antolatzeko batzordeak honako gogoeta hauen arabera gidatuko du berrikuspen prozesua:
a) Lehen zuzenketa egin zuen irakaslea ez den beste irakasle espezialista bat izendatuko du, berrikusteko eskaera aurkeztu den ariketa bakoitzaren bigarren zuzenketa egiteko.
b) Irakasle horrek, bigarren zuzenketa egin baino lehen, ariketak berrikusiko ditu, galdera guztiak ebaluatu direla ziurtatzeko eta azken kalifikazioaren kalkuluan akats materialik edo aritmetikorik ez dagoela egiaztatzeko. Akats edo hutsegiteren bat antzemanez gero, kalifikazioa zuzenduko da; azken kalifikazio hori ez da lehen zuzenketan emandakoa baino txikiagoa izaten ahalko.
c) Ariketak bigarren aldiz zuzenduko dira, ebaluazio irizpide orokorrak eta kalifikazio eta zuzenketa irizpide espezifikoak behar bezala aplikatu direla egiaztatzeko. Ariketaren azken kalifikazioa lehenengo zuzenketaren ondoren emandako kalifikazioaren, edo hala badagokio zuzendutakoaren, eta bigarren zuzenketan emandako kalifikazioaren arteko batez besteko aritmetikoa izanen da.
d) Bi kalifikazio horien artean bi puntuko edo gehiagoko aldea badago, aurrekoak ez diren beste bi lagunek hirugarren zuzenketa bat eginen dute ofizioz, arrazoi sendo eta objektiboak izateagatik hori ezinezkoa denean salbu. Azken kalifikazioa bi lagun horiek adostutakoa izanen da.
e) Prozedura hori gehienez ere bost egun balioduneko epean egin beharko da, berrikusteko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunaren hurrengo egun baliodunetik zenbatzen hasita.
f) Berrikuspen prozesua bukatu ondoren, proba antolatzeko batzordeak behin betiko kalifikazioak zehazten dituen ebazpena emanen du, eta erreklamaziogileei jakinaraziko die. Ebazpen horrek bide administratiboari bukaera emanen dio.
4. Zilegi da ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzea ebazpena eman zuen organoaren aurrean, edo zuzenean aurkaratzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita. Berraztertzeko errekurtsoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuko da, unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordearen lehendakariari zuzenduta. Batzorde horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zerbitzu Juridikoari bidaliko dizkio berraztertzeko errekurtsoak, eta hark dagozkion txostenak egin eta batzordearen erabaki proposamenak idatziko ditu, eta, gero, azken horri igorriko dizkio, bidezkoa bada onets ditzan. Batzorde horren egintzak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organoen aurrean defendatzeari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoak beteko du.
5. Ezarritako berrikusketa prozesua guztiz bukatzen denean, ikasleek berrikusi diren ariketak ikusteko eskubidea izanen dute, hamar egun balioduneko epean, berrikusketari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita.
V. KAPITULUA. SARTZEKO ETA ONARTZEKO BESTE PROZEDURA ESPEZIFIKO BATZUK
1. ATALA. 25 URTETIK GORAKO PERTSONAK
26. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarbidea.
Unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko moduko titulazio akademikorik ez duten 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba bat gaindituta sartzen ahalko dira graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan. Era berean, sarrera proba horretan parte hartzen ahalko dute proba hori egiten den urte naturalean 25 urte betetzen dituztenek.
27. artikulua. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba.
1. 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba urteko deialdi bakarrean eginen da, eta bi fasetan egituratuko da: orokorra eta berariazkoa.
2. Probaren fase orokorraren helburua izangaiek unibertsitateko ikasketak arrakastaz jarraitzeko duten egokitasuna balioestea izanen da, baita arrazoitzeko eta idatziz adierazteko duten gaitasuna ere. Hiru ariketa eginen dira, honako arlo hauei buruzkoak:
a) Testu baten iruzkina edo gaur egungo gai orokor baten garapena.
b) Gaztelania.
c) Atzerriko hizkuntza bat (aukeran): alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo portugesa.
3. Probaren berariazko fasearen helburua izangaiek unibertsitateko askotariko irakaskuntzak arrakastaz egiteko dituzten trebetasunak, gaitasunak eta trebeziak baloratzea izanen da.
Horretarako, probaren berariazko fasea bost aukeratan egituratuko da:
- A aukera (Arteak eta Giza Zientziak).
- B aukera (Zientziak).
- C aukera (Osasun Zientziak).
- D aukera (Gizarte eta Zuzenbide Zientziak).
- E aukera (Ingeniaritza eta Arkitektura).
4. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu fase orokorreko eta berariazko faseko metodologiaren, garapenaren eta ariketen edukien ildo nagusiak, bai eta horiek baloratzeko irizpideak eta formulak ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan eta hark txostena egin ondoren.
5. Nafarroako Foru Komunitatean 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko probak antolatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio. Izangaiak nahi adina unibertsitatetan egiten ahalko du sarrera proba.
6. Izangaiak aukeratutako aukeran edo aukeretan egiten ahalko du berariazko fasea, eta lehentasuna izanen du sartzeko proba egin duen unibertsitatean edo unibertsitateetan onartua izateko, bai eta unibertsitate bakoitzak izangaiak hautatutako aukerarekin lotzen dituen graduko titulazio ofizialetan onartua izateko ere.
7. Ariketak egiteko, izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizial erabiltzen ahalko dute, haiek aukeratzen dutena, eta aukera hori inskripzioa egiteko unean zehaztu beharko da. Hala ere, gaztelaniari eta atzerriko hizkuntzari dagozkien ariketak haiei dagokien hizkuntzan egin beharko dira.
8. Sarrera proba egiteko izena emateko unean, izangaiek fase orokorreko dagokion ariketarako zer atzerriko hizkuntza hautatu duten adierazi beharko dute, baita berariazko faserako hautatutako aukera edo aukerak ere.
28. artikulua. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probaren kalifikazioa.
1. Ariketa bakoitza 0 puntutik 10 puntura bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Fase orokorreko eta berariazko faseko notak fase horietako bakoitzeko ariketetan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izanen dira, hiru zifra dezimalekin adierazita eta milaren hurbilenera biribilduta; zenbakia bi milarenen erdian badago, gora biribilduko da.
2. Sarrera probaren eta ariketa bakoitzaren kalifikazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du, proba antolatzeko batzordeak ezarritako balorazio irizpide eta formulekin bat etorriz, Hezkuntzako Departamentuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetzaren esparruan.
3. Fase orokorrean eta berariazkoan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa, hiru zifra dezimalekin adierazita eta milaren hurbilenera biribilduta; zenbakia bi milarenen erdian badago, gora biribilduko da.
4. Izangaiak sarrera proba gainditu duela ulertuko da azken kalifikazioan gutxienez 5 puntu lortzen baditu, eta ez da, inola ere, batez bestekoa egiten ahalko fase orokorrean zein berariazko fasean gutxienez 4 puntu lortzen ez badira. Azken kalifikazioa unibertsitatera sartzeko nota izanen da.
5. Proba gainditu ondotik, sarrera probak balio mugagabea izanen du; nolanahi ere, izangaiak geroko deialdietara aurkezten ahalko dira kalifikazioa igotzeko. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.
29. artikulua. Erreklamazioak.
Hiru egun balioduneko epean, kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita, izangaiek erreklamazioa aurkezten ahalko dute idazki arrazoitu baten bidez, proba antolatzeko batzordeari zuzenduta, eta batzorde horrek gehienez ere 20 egun balioduneko epean ebatziko du.
30. artikulua. 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko batzordea.
1. Unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeak (foru agindu honen 17. artikuluan adierazitakoak) izanen du, halaber, 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko eskumena.
2. Hauek izanen dira proba antolatzeko batzordearen eginkizunak:
a) Sarrera proba koordinatzea.
b) Behar diren neurriak hartzea azterketak prestatzeko eta hautatzeko prozeduraren sekretua bermatzeko, bai eta izangaiek egindako ariketen anonimotasuna bermatzeko ere.
c) Behar diren neurriak hartzea proban erabiltzen ahalko diren hizkuntzei dagokienez foru agindu honen 27.7 artikuluan ezarritakoa bermatzeko.
d) Emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuaren printzipioari jarraikiz izendatzea eta eratzea kalifikazio epaimahaiak, behar bezala justifikatutako arrazoi sendo eta objektiboak izateagatik hori ezinezkoa denean salbu.
e) Probaren egutegia onartzea.
f) Probako ariketen ezaugarriak eta irizpide orokorrak definitzea, eta kalifikazio eta zuzenketa irizpideak ezartzea.
g) Erreklamazioak ebaztea.
h) Proben garapenari eta emaitzei buruzko urteko txostena egitea.
i) Hezkuntza laguntzako premia espezifikoak dituzten pertsonek sarrera probak berdintasun baldintza egokietan egin ahal izatea bermatuko duten neurri egokiak zehaztea.
3. Halaber, proba antolatzeko batzordeak zehaztuko ditu foru agindu honetan arautzen ez diren bereizgarriak, bai probaren fase orokorrerako bai berariazko faserako.
31. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako sarrera probaren kalifikazio epaimahaiak.
1. Epaimahaietako kideak proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu. Proban izena emandako pertsonek aukeratutako ikasgaiak zuzentzeko behar beste kide espezialistek osatuko dituzte epaimahaiak. Proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu lehendakaria eta idazkaria, dagokion epaimahaiko kideen artetik.
2. Epaimahaiaren zeregina bukatzean, epaimahaiko lehendakariak eta idazkari lanak egiten dituen pertsonak txosten bat bidaliko diote proba antolatzeko batzordeari. Txosten horretan jasoko dira probara aurkeztu diren izangaiek lortutako emaitzak eta prozesuan zehar izan diren gorabeherak, aurkeztutako erreklamazioak eta horien ebazpenak barne.
2. ATALA. 40 URTETIK GORAKO PERTSONAK
32. artikulua. 40 urtetik gorakoentzako sarbidea.
1. Bide horretatik sartzen ahalko dira unibertsitatera 40 urtetik gorakoak, baldin eta irakaskuntza jakin batekin lotutako lan esperientzia edo esperientzia profesionala badute eta unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko gaitzen duen titulazio akademikorik ez badute. Era berean, ikasturtea hasten den urte naturalean 40 urte betetzen dituztenak ere sartzen ahalko dira.
2. Unibertsitate jakin batek eskaintzen dituen irakaskuntza zehatz batzuetarako sarbidea izanen da, eta, horretarako, izangaiek hautatu duten unibertsitatera bidaliko dute eskaera.
3. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, Unibertsitateko irakaskuntzen antolamendua eta haien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituenak, xedatutakoarekin bat etorriz, unibertsitateek ikasketa plan egiaztatuaren memorian jasoko dituzte egiaztapen irizpideak eta irakaskuntza bakoitzari lotutako lan edo lanbide esperientziaren eremua, eskatzaileak ordenatu ahal izateko. Irizpide horien artean, nolanahi ere, izangaiekin elkarrizketa pertsonala egitea sartuko da, eta hurrengo aldietan ere errepikatzen ahalko da.
3. ATALA. 45 URTETIK GORAKO PERTSONAK
33. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarbidea.
1. Unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko moduko titulazio akademikorik ez duten 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba egokitu bat gaindituta sartzen ahalko dira graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan. Era berean, sarrera proba horretan parte hartzen ahalko dute proba hori egiten den urte naturalean 45 urte betetzen dituztenek.
2. Unibertsitate jakin batek eskaintzen dituen irakaskuntza zehatz batzuetarako sarbidea izanen da. Horretarako, nahi dituzten ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateetan egiten ahalko dute proba izangaiek. Sarrera proba gaindituz gero, soilik proba egin duten unibertsitateetan onartuak izateko aukera izanen dute.
34. artikulua. 45 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuko unibertsitateek sarrera proba baten deialdia eginen dute urtero beste bide batzuetatik unibertsitatera sartzeko titulu akademikorik ez duten 45 urtetik gorakoentzat.
2. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probaren helburua izanen da izangaiek unibertsitateko ikasketak arrakastaz jarraitzeko duten egokitasuna balioestea, baita arrazoitzeko eta idatziz adierazteko duten gaitasuna balioestea ere. Bi ariketa izanen dira, honako arlo hauei buruzkoak:
a) Testu baten iruzkina edo gaur egungo gai orokor baten garapena.
b) Gaztelania.
3. Izangaiek, sarrera probaz gain, elkarrizketa pertsonal bat egin beharko dute.
4. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu probaren metodologiaren, garapenaren eta ariketen edukien ildo nagusiak, bai eta horiek baloratzeko irizpideak eta formulak ere, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden unibertsitateek txostena egin ondoren.
5. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dagoen eta, Hezkuntza Departamentuak ezarritako markoan, interesdunak eskatutako irakaskuntzak eskaintzen dituen unibertsitate bakoitzak antolatu beharko du 45 urtetik gorakoentzako sarrera proba.
6. Ariketak egiteko, izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizial erabiltzen ahalko dute, haiek aukeratzen dutena, eta aukera hori inskripzioa egiteko unean zehaztu beharko da. Hala ere, gaztelaniari dagokion ariketa hizkuntza horretan egin beharko da.
35. artikulua. 45 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probaren kalifikazioa.
1. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probako ariketa bakoitza 0 puntutik 10 puntura kalifikatuko da, bi dezimalekin. Azken nota bi ariketetan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izanen da, hiru zifra dezimalekin adierazita eta milaren hurbilenera biribilduta; zenbakia bi milarenen erdian badago, gora biribilduko da.
2. Sarrera proba gainditutzat emanen da izangaiak elkarrizketa pertsonalean gai kalifikazioa lortzen duenean, ariketa bakoitzean 4 puntu edo gehiago lortzen direnean, eta azken kalifikazioa 5 puntukoa edo gehiagokoa denean. Kasu horretan, azken kalifikazioa unibertsitatera sartzeko nota izanen da.
3. Sarrera proba gainditu ondotik, izangaiak unibertsitate berean egiten diren geroko deialdietara aurkezten ahalko dira, kalifikazioa igotzeko. Kalifikazio berria aurrekoa baino altuagoa bada bakarrik hartuko da kontuan.
36. artikulua. Erreklamazioak.
Hiru egun balioduneko epean, kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita, izangaiek erreklamazioa aurkezten ahalko dute idazki arrazoitu baten bidez, proba antolatzeko batzordeari zuzenduta, eta batzorde horrek gehienez ere 20 egun balioduneko epean ebatziko du.
37. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako sarrera proba antolatzeko batzordea.
1. Unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeak (foru agindu honen 17. artikuluan adierazitakoak) izanen du, halaber, 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko eskumena. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probarekin lotutako alderdiei dagokienerako soilik, batzorde horrek bi ordezkari gehiago izanen ditu, Nafarroako Unibertsitatearen ordezkariak, hain zuzen; bi ordezkari horiek unibertsitate horretako errektoreak hautatuak izanen dira, eta Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusia duen pertsonak izendatuak.
2. Hauek izanen dira proba antolatzeko batzordearen eginkizunak:
a) Sarrera proba koordinatzea.
b) Neurriak hartzea azterketak prestatzeko eta hautatzeko prozeduraren sekretua bermatzeko, bai eta izangaiek egindako ariketen anonimotasuna bermatzeko ere.
c) Adoptar las medidas necesarias para garantizar lo establecido en el artículo 34.6 de la presente orden foral, en relación a las lenguas que podrán ser utilizadas en la prueba.
d) Gizonen eta emakumeen parte-hartze orekatuaren printzipioari jarraikiz izendatzea eta eratzea kalifikazio epaimahaiak, behar bezala justifikatutako arrazoi sendo eta objektiboak izateagatik hori ezinezkoa denean salbu.
e) Probaren egutegia onartzea.
f) Proben ezaugarriak eta irizpide orokorrak definitzea, eta kalifikazio eta zuzenketa irizpideak ezartzea.
g) Erreklamazioak ebaztea.
h) Proben garapenari eta emaitzei buruzko urteko txostena egitea.
i) Hezkuntza laguntzako premia espezifikoren bat duten pertsonek sarrera probak berdintasun baldintza egokietan egin ahal izatea bermatuko duten neurri egokiak zehaztea.
2. Orobat, proba antolatzeko batzordeak zehaztuko ditu foru agindu honetan arautzen ez diren bereizgarriak, bai probaren fase orokorrerako, bai berariazko faserako.
38. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probaren kalifikazio epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
1. Epaimahaietako kideak proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu.
2. Epaimahaia proba osatzen duten ikasgaiak zuzentzeko behar beste kide espezialistak osatuko dute, bai eta lehendakariak eta idazkariak ere; azken horiek proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu.
3. Finalizada la labor del tribunal, la presidenta o el presidente y la persona que ejerza la secretaría elevarán un informe a la comisión organizadora, que incluirá los resultados obtenidos por las personas candidatas presentadas a la prueba y cualquier incidencia que se hubiera producido a lo largo de todo el proceso, incluidas las reclamaciones presentadas y su resolución.
Lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez den beste unibertsitate batean onartua izateko prozedurak.
1. Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoaz besteko unibertsitate publikoetan onartzeko prozedurei dagokienez, unibertsitate horien gainetik dagoen hezkuntza administrazioaren araudi espezifikoan eta kasuan-kasuan dagokion unibertsitateko onarpen araudi espezifikoan xedatutakoa beteko da.
2. Sartzeko baldintzak bete ondoren, unibertsitate pribatuetan ikasleak onartzeko prozedurei dagokienez, unibertsitate horiek xedatutakoa bete beharko da.
Bigarren xedapen gehigarria. Segurtasun baldintzak salbuespenezko egoeretan.
Unibertsitatera sartzeko proba edo ikasketetan onartua izateko nota hobetzeko azterketak agintari eskudunek emandako salbuespenezko neurriak indarrean daudela egin behar direnean, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak zainduko dute behar diren prozedurak ezartzen direla proba horiek segurtasun baldintzetan egitea bermatzeko, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen araudiaren arabera.
Hirugarren xedapen gehigarria. Batxilergoko modalitate bat baino gehiago dituzten ikasleak.
1. Ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuan, Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak, sarrera probaren oinarrizko ezaugarriak eta onarpen prozeduren oinarrizko araudia arautzekoan, bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, Batxilergoko hainbat modalitate lortu dituzten ikasleek proban izena emateko unean erabaki beharko dute zein baliatuko duten unibertsitatera sartzeko nota kalkulatzeko.
2. Ikasleak aukeratutako modalitateak zehaztuko du zein izanen den modalitateko nahitaezko ikasgai espezifikoa eta, hala badagokio, sarrera proba horretan zer bideren azterketa egin behar izanen duen.
Laugarren xedapen gehigarria. Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak Batxilergo eta Baccalauréat titulazio bikoitzari buruz egindako akordioari atxikitako irakaskuntzetako ikasleak.
1. Otsailaren 5eko 102/2010 Errege Dekretuak -Espainiako Gobernuak eta Frantziako Gobernuak Espainiako ikastetxeetan Batxilergo eta Baccalauréat titulazio bikoitza lortzeari buruz egindako akordiora lotutako irakaskuntzen antolamendua erregulatzekoak- araututako irakaskuntzak Nafarroan egin dituzten ikasleek 7. artikuluan ezarritako kanpoko proba egin beharko dute baldin eta titulazio bikoitza lortu nahi badute.
2. Kanpoko proba hori gainditu eta Batxilergoko tituluaren bidez unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ahalko dute unibertsitatean sartzeko proba, baina ez dituzte ezinbestean egin beharko Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza II irakasgaiei dagozkien ariketak. Ariketa horiek ez egitea erabakiz gero, ikasgai horien nota Espainiako eta Frantziako Historia eta Frantziako Hizkuntza eta Literatura ikasgaietako kanpoko proban lortutakoa izanen da, hurrenez hurren.
Horretarako, ikastetxeek Nafarroako Unibertsitate Publikoari bidali beharko diote, titulazio bikoitza lorturik, unibertsitatera sartzeko probara aurkeztuko diren eta kalifikazio prozedura horri heldu nahi dioten ikasleen zerrenda, eta, horrekin batera, ziurtagiri bat bidali beharko dute, Espainiako eta Frantziako Historia eta Frantziako Hizkuntza eta Literatura ikasgaietako kanpoko proban lortutako kalifikazioa jasotzen duena.
3. Kanpoko proba gainditu ez duten ikasleek edo, gainditu arren, unibertsitatera sartzeko kalifikazioa hobetu nahi dutenek unibertsitatera sartzeko proba egiten ahalko dute.
4. Programa honen ikaskuntza bukatu eta gero unibertsitatera sartzeko Baccalauréat titulua erabili nahi duten ikasleek unibertsitatera sartzeko onarpen nota hobetzen ahalko dute, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Bosgarren xedapen gehigarria. Sarrera proba bat gainditu behar duten atzerriko hezkuntza sistemetako ikasleak.
Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren ikasleak unibertsitatean sartzeko eta onartzeko, xedapen honetan ezarritakoa garatzen duen errege dekretuak ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Seigarren xedapen gehigarria. Aurreko hezkuntza antolamenduetatik datozen ikasleak, sarrera proba gainditu ez dutenak.
1. Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzen ahalko dira, unibertsitatera sartzeko proba gaindituta, aurreko hezkuntza antolamenduetako ikasketa planetako titulu edo ziurtagiri hauetako bat lortu dutenak:
a) Batxilergo titulua, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak araututako hezkuntza sistemaren antolamendukoa.
b) Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea gainditu izanaren egiaztagiria.
c) Unibertsitate aurreko Ikastaroa gainditu izanaren egiaztagiria.
d) Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak, ondorio akademikoetarako, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako Batxilergo tituluaren baliokidetzat hartzen duen beste edozein titulu.
2. Aurreko atalean aipatzen diren ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo bizi diren lekuko hezkuntza administrazioaren kudeaketa eremuan egiten ahalko dute unibertsitatera sartzeko proba.
3. Ikasle horiek Batxilergoko edozein modalitate eta bidetako nahitaezko ikasgai espezifikoa aukeratzen ahalko dute sarrera probarako.
4. Xedapen honetan aipatzen diren ikasleak unibertsitatean sartzeko nota foru agindu honen 11. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da. Gainera, ikasleek beren onarpen nota hobetzen ahalko dute unibertsitateek ezarritako onarpen prozeduretan parte hartuz, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
5. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, bertan aipatutako artikuluetan Batxilergoari buruz egiten diren aipamenak, xedapen honen 1. apartatuan zerrendatzen diren titulazio edo ziurtagiri posibleen artetik, aurkeztu den titulazioari edo ziurtagiriari dagozkiola ulertuko da.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Aurreko araudien arabera sarrera proba gainditu duten ikasleak.
1. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluan aipatzen den proba gainditu zutenek, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan idatzitakoaren ondoren, proba hartan lortutako kalifikazioari eutsiko diote, baldintza hauetan:
a) Unibertsitatera sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren kalifikazioak balio mugagabea izanen du unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko. Hala ere, lortutako kalifikazioa hobetu nahi dutenak foru agindu honen II. kapituluan araututako unibertsitatera sartzeko probara aurkezten ahalko dira. Horretarako, ikasle horiek Batxilergoko edozein modalitate eta bidetako nahitaezko ikasgai espezifikoa aukeratzen ahalko dute sarrera probarako. Nolanahi ere, lortutako kalifikaziorik altuena hartuko da kontuan.
b) Ikasle horiek unibertsitate publikoek ezarritako onarpen prozeduretan parte hartzen ahalko dute, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Onarpen nota hobetzeko lortutako kalifikazioek ariketak egin eta berehala hasten den ikasturtean eta hurrengo bi ikasturteetan izanen dute balioa.
2. Unibertsitatera sartzeko proba, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluan ezarritakoa, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatu aurretik gainditu dutenek iraupen mugagabearekin eutsiko diote unibertsitatera sartzeko probaren fase orokorrean lortutako kalifikazioari.
Hala ere, sarrera kalifikazioa hobetu nahi dutenek aukera izanen dute foru agindu honen II. kapituluan araututako unibertsitatera sartzeko probara aurkezteko. Horretarako, ikasle horiek Batxilergoko edozein modalitate eta bidetako nahitaezko ikasgai espezifikoa aukeratzen ahalko dute sarrera probarako. Nolanahi ere, lortutako kalifikaziorik altuena hartuko da kontuan. Horrez gain, ikasle horiek unibertsitate publikoek ezarritako onarpen prozeduretan parte hartzen ahalko dute, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Onarpen nota hobetzeko lortutako kalifikazioek ariketak egin eta berehala hasten den ikasturtean eta hurrengo bi ikasturteetan izanen dute balioa.
3. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa ezarri aurretik unibertsitatera sartzeko probak gainditu zituztenek iraupen mugagabearekin eutsiko diote lortutako kalifikazioari.
Hala ere, sarrera kalifikazioa hobetu nahi dutenek aukera izanen dute foru agindu honen II. kapituluan araututako probara aurkezteko. Horretarako, ikasle horiek Batxilergoko edozein modalitate eta bidetako nahitaezko ikasgai espezifikoa aukeratzen ahalko dute sarrera probarako. Nolanahi ere, lortutako kalifikaziorik altuena hartuko da kontuan. Horrez gain, ikasle horiek unibertsitateek ezarritako onarpen prozeduretan parte hartzen ahalko dute, foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Onarpen nota hobetzeko lortutako kalifikazioek ariketak egin eta berehala hasten den ikasturtean eta hurrengo bi ikasturteetan izanen dute balioa.
4. Aurreko atalean aipatzen diren ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo bizi diren lekuko hezkuntza administrazioaren kudeaketa eremuan egiten ahalko dute unibertsitatera sartzeko proba, eta bertako onarpen prozeduretan parte hartzen ahalko dute.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.
1. 164/2009 Foru Agindua, urriaren 9koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probei buruzko zenbait alderdi garatu ziren.
2. Maila bereko edo apalagoko xedapenetan, indargabeturik geratuko da foru agindu honetan ezarritakoaren aurka doan oro.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.