111/2024 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 11KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO KONPETENTZIA DIGITALEN ZIURTAGIRIA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 5 - 09/01/2025
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. ZIURTAPEN PROZESUAREN GARAPENA
III. KAPITULUA. ANTOLAKETA ADMINISTRATIBOA
IV. KAPITULUA. KONPETENTZIA DIGITALETAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN ERREGISTROA
1
Komunikaziorako, lankidetzarako, informazioa bilatzeko eta salerosketetarako teknologia eta baliabide berriek eraldatu dute pertsona ororen eguneroko bizitza, bai eta ekoizpen prozesuen eta beste esparru askoren efizientzia ere, eta horrek bizi kalitatea handitzea ekarri du.
Aldaketa horrek aukera berri ugari eskaintzen ditu, baina baita erronkak ere, lan merkatuari, zerbitzuak eskuratzeari, aisialdiari, kulturari eta prestakuntzari eragiten dietenak. Interneten etorrerak eragindako aldaketek aukera eta mehatxu berrien aitzinean jartzen dute gizarte osoa. Lehenbizikoak aprobetxatzeko eta bigarrenak murrizteko, beharrezkoa da herritarrek erabateko irispidea eta gaikuntza lortzea.
Europar Batasuna buru-belarri ari da lanean herritarren konpetentzia digitalak sustatzeko, eta horren erakusgarri dira, esate baterako, Europako Batzordeak Herritartasunerako Konpetentzia Digitalen Europako Eredu bat sortu izana (DigComp esparrua izenez ezagutzen dena), konpetentzia digitalak bultzatzeko ekimenak garatzea xede duen laguntza lerro berri bat abian jarri izana (Digital Europe izenekoa), eta gaitasun horiek sustatzearen aldeko apustua egitea, Europan konpetentzia digitalak hobetzeko ALL DIGITAL elkarte europarraren manifestuaren bidez. Europako Batzordeak EDSC (European Digital Skills Certificate) sortzeko proiektua da ildo horretan eginiko azken urratsa.
Gizarte digital berriak dakarren aldaketa handiak badu beste alde bat ere; hau da, gizartearen parte bat bazterturik gelditzeko arriskua. Tresna teknologiko horiek ez erabiltzeak edo ez ezagutzeak larriagotu egin du lehendik zegoen desberdintasun soziala, eta gizartetik baztertzeko modu berriak sortu ditu, hala nola bazterkeria digitala. Inguruabar hori hainbat faktorek baldintzatzen dute, hala nola konektibitaterik ezak edo sarbide gailurik ez edukitzeak. Alabaina, faktore garrantzitsuena da ez izatea gaitasun edo trebetasun digitalik tresna teknologiko horiek eskuratzeko eta/edo erabiltzeko.
Azken batean, gizartearen digitalizazio prozesua geure gain hartzeko eta egikaritzeko -pertsonen hazkunde iraunkorrerako eta eskubide osoak bermatzeko palanka gisa-, beharrezkoa da horri loturiko ezagutzak eskuratzea eta etengabe eguneratzea, bereziki gizarte digitalari buruzkoak.
2
Herritarrentzako Konpetentzia Digitalen Esparruak (DigComp ere esaten zaio) hizkuntza erkide bat eskaintzen du konpetentzia digitalen funtsezko arloak identifikatzeko eta deskribatzeko. Europar Batasun osorako tresna bat da, eta haren helburuak dira herritarren konpetentzia digitala hobetzea, arduradun politikoei konpetentzia digitala garatzen lagunduko dieten politikak formulatzen laguntzea, eta talde espezifikoen konpetentzia digitalak hobetzeko hezkuntza- eta prestakuntza-ekimenak planifikatzea.
DigComp esparruak helburu hauek ditu:
a) Konpetentzia digitalaren funtsezko osagaiak identifikatzea, digitalki gaitua izateko bultzatu eta/edo garatu beharrekoak.
b) Konpetentzia digitalaren deskribatzaileak eta kontzeptu esparrua garatzea, bai eta EB osorako jarraibideak ere.
c) Jarraipen ekintzetarako lan plan bat proposatzea.
Eredu hori bat dator Europako Agenda Digitalean definitutako jarraibide estrategikoekin, eta konpetentzia digitalaren funtsezko osagaiak identifikatzen ditu, arlo digitalean trebea izateko behar diren ezagutzei, trebetasunei eta jarrerei dagokienez.
DigComp esparruan, bost konpetentzia eremuren bidez zehazten da zer inplikatzen duen konpetentzia digitalak. Honako hauek dira: informazioa eta datuak bilatzea eta kudeatzea; komunikazioa eta lankidetza; eduki digitalak sortzea; segurtasuna; eta problemak ebaztea. Eremu bakoitzak, era berean, zenbait konpetentzia ditu.
Aldi berean, eremu horietako bakoitzerako maila bat baino gehiago ezartzen dira, zereginaren konplexutasunari, egiteko autonomiari eta behar duen jakintza arloari dagokienez.
3
Etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzko Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko Gomendioak (2006/962/EE) ezartzen du konpetentzia digitala dela errealizaziorako eta garapen pertsonalerako, herritartasun aktiborako, gizarteratzeko eta enplegurako behar diren funtsezko zortzi konpetentzietako bat.
Berrikiago, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzko Europako Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioak (2018/C 189/01) bereziki azpimarratu du konpetentzia digitalen maila zabaltzeko eta hobetzeko beharra, bai hezkuntzaren eta prestakuntzaren fase guztietan, bai biztanleriaren segmentu guztietan.
Ildo horretan, Nafarroan sustatutako ziurtapen sistemak European Digital Skills Certificate (EDSC) Europako ziurtapen proiektua hartzen du erreferentziatzat, Europako Batzordearen JRCk sustatu duena (Joint Research Consortium), indarra duen Konpetentzia Digitalen Europako Esparruaz gainera.
JRCren EDSC kalitate estandar bat da, ahalbidetu eta sustatzen duena administrazioek egungo konpetentzia digitalen ziurtagiriak sortzea edo egokitzea, eta ziurtapen sistema bat ezartzen duena Europar Batasunaren lurralde osoan baliatzeko.
Goian aipatutako helburuak lortzeko, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentu zenbait jarduerak egin ditu, besteak beste, 2021-2025 aldirako Inklusio eta Gaikuntza Digitaleko Plana (IGDP) prestatu zuen 2021ean, zeinaren helburua baita Nafarroako Foru Komunitatean eten digitala murriztea, biztanle guztiak gizarte digital berri bateranzko trantsizioan sartzea sustatuz, eta herritarrak konpetentzia digitaletan gaitzea bultzatuz.
Plan horren 28. ekimenak jasotzen du herritarren konpetentzia digitalak ebaluatzeko tresna bat garatzea, Konpetentzia Digitalen Europako Esparruan oinarrituta. Horrela, Nafarroako Foru Komunitateko herritarren gaitasunen mailaren ikuspegi orokorra lortu nahi da, DigComp esparruaren gaitasunen arloen araberakoa, prestakuntza premia berriak identifikatzeko eta horiek arintzeko neurri berriak garatzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuak sustatuko du konpetentzia digitalen arloko prestakuntza eskaintza egotea herritar guztientzat.
Finean, Europako estandarrarekin bat datorren ziurtagiri ofizial bat sortuz, tresna bat ezartzen ahal da pertsonen trebetasun digitalak aitortzeko. Hala, neurri estandar eta elkarreragingarri bat emanen da, eremu publikoan zein pribatuan aitortzen ahal dena, Foru Komunitatean bertan, estatuko gainerako autonomia erkidegoetan, eta, azken buruan, Europar Batasuneko gainerako lurraldeetan.
4
Foru dekretu honen bidez, konpetentzia digitalen ziurtagiria arautzen da, ulertuta mekanismo normalizatu bat dela herritarren konpetentzia digitalen arloan eskumena duen departamentuak ziurtagiri ofiziala emateko, eta, era berean, bermatzen du eremu digitaleko ezagutzek, trebetasunek eta gaitasunek kalitatea dutela, indarra duen Konpetentzia Digitalen Europako Esparruan ezarritako irizpideak erreferentziatzat hartuta.
Foru dekretuak, orobat, Erakunde Laguntzaileen Erregistroa ere sortzen du, akreditazio prozesuaren kudeaketa sinplifikatzeko.
Arautzen da, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zein organok duen kudeaketa eta egiaztapena egiteko eskumena, bai eta erakunde laguntzaileek parte hartzeko irizpideak ere.
Dekretu honetan zehazten da herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumenak dituen departamentuko zuzendaritza nagusiak kudeatuko duela esparru hori. Zuzendaritza horren oinarrizko helburuetako bat da Nafarroako Foru Komunitateko politikaren tresnak definitzea, garatzea eta gauzatzea informazioaren eta komunikazioen teknologiei, berrikuntzari eta garapen teknologikoari dagokienez.
Ezartzen da ziurtapen prozesua bitarteko elektronikoen bidez izapidetu behar dela; izan ere, uste izatekoa da arlo digitalean konpetentzia egiaztatu nahi dutenek bitarteko horietarako sarbidea dutela. Nolanahi ere, pertsona guzti-guztiek sarbidea izan dezaten, onartuko dira erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoetan aurkeztutako eskaerak, baldin eta pertsona horiek, haien egoera juridiko-administratiboa dela-eta, ezin badute aipatutako identifikazio digitaleko sistemetako bat lortu.
Era berean, foru dekretu honek estali beharreko premiarako ezinbesteko erregulazioa formulatzen du. Erregulazio horrek betetzen du proportzionaltasun printzipioa eta eusten dio estatuko eta Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekiko koherentziari; era berean, bermatzen du segurtasun juridikoa arau esparru egonkor, aurreikusgarri, integratu, argi eta ziur bat garatzeko, erraz barneratzeko eta ulertzeko modukoa, eta, ondorioz, herritarrei, enpresei eta erakundeei jardutea eta erabakiak hartzea erraztuko diena.
Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko abenduaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria arautzea, bai eta ziurtagiri hori lortzeko betekizunak, irizpideak eta prozedurak ere.
2. Foru dekretu honen xedea da, orobat, konpetentzia digitaletako Erakunde Laguntzaileen Erregistroa arautzea, eta, ildo horretan, zehaztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zer organok osatzen duten, titulartasun publiko edo pribatuko erakunde laguntzaileekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiriaren erakunde egitura.
Dekretu honetan ezarritako neurriek helburu hauek dituzte:
a) Mekanismo normalizatu bat izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak konpetentzia digitalen ziurtagiri ofiziala egiteko eta egiaztatu ahal izateko zenbateko maila lortu den alor digitalean, jakintza, trebetasun eta gaitasunaren aldetik.
b) Tresna bat eskaintzea langileei -izan okupatuak, izan langabeak-, enplegatzaileei eta administrazio publikoei etengabeko prestakuntza hobetzeko, garapen profesionala sustatzeko eta, kasuak hala eskatzen duenean, hautaketa prozesua eta lanpostuak betetzeko prozesua sinplifikatzeko.
c) Konpetentzia digitalak ebaluatzeko tresna objektiboak garatzea, eta, bide horretan, ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak eta jarrerak neurtzea, eta egiaztatzea, orobat, emaitzak baimendutako erakundeek kontrolatutako baldintzetan eta metodo egokiei jarraituz lortzen direla eta bat datozela argi eta garbi definitutako eta onetsitako arau batekin.
d) Pertsonengan konpetentzia gehiago sustatzea, gizarte digitalaren ingurune aldakorrean egokitu ahal izan daitezen, betiere bermaturik ezagutzen eta aprobetxatzen dituztela teknologiak erabiltzearen abantailak.
3. artikulua. Definizioak.
Foru dekretu honen aplikazioaren ondorioetarako, ondoko kontzeptuak honela ulertuko dira:
a) Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria: herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuak emaniko dokumentu ofizial bat, egiaztatzen duena eskuratu direla zenbait ezagutza, trebetasun, gaitasun eta jarrera informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruan eta benetako egoeretan garaturik, helburu jakin batzuk eraginkortasunez eta efizientziaz lortzeko.
b) Konpetentzia digitalak: teknologia digitalak bizitzako esparru guztietan modu seguru, kritiko eta arduratsuan erabiltzea ahalbidetzen duten trebetasun-, ezagutza- eta jarrera-multzoa.
c) Erakunde laguntzaileak: erakunde publiko edo pribatuak, espazioak, instalazioak, ekipamendua eta giza baliabideak dituztenak gaikuntza digitalaren arloko konpetentziak ziurtatzearekin zerikusia duten jarduerak garatzeko, eta foru dekretu honetan aurreikusitako ebaluazio probak egiten dituztenak. Konpetentzia Digitalen Erakunde Laguntzaileen Erregistroan aitortuta eta inskribatuta egon beharko dute.
4. artikulua. Konpetentzia mailak.
1. Konpetentzia digitaletako lau ziurtagiri mota ezartzen dira, lau konpetentzia-gradu edo -maila hauen arabera:
a) Oinarrizkoa. Egiaztatzen du menderatzen dituela informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Erabiltzailea hasi da teknologia horiek ezagutzen eta erabiltzen, eta ohitu da gizarte digitalari buruzko oinarrizko kontzeptuekin.
b) Tartekoa. Eraginkortasunez menderatzen ditu informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Erabiltzaileak lortu du gizarte digitalean segurtasunez garatzeko aukera ematen dion kultura digitala. Ziurtagiri hori edukitzeak berekin dakar oinarrizko maila egiaztatzea.
c) Aurreratua. Modu aurreratuan menderatzen ditu informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Erabiltzaileak gaitasuna du teknologia horiek eskaintzen dituzten prestazioak luze-zabal aprobetxatzeko, erabilera alternatiboak eraikitzeko eta beste pertsona batzuei bere konpetentzien garapena hobetu ahal izateko laguntza emateko. Maila hori egiaztatzeko, aldez aurretik lortu behar da tarteko maila edo baliokidea duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
d) Espezializatua. Kualifikazio handiz menderatzea esan nahi du. Erabiltzailea gai da hainbat faktoreren arteko elkarreraginaren bidez arazo konplexuak konpontzen dituzten soluzioak planteatzeko, bai eta esku hartzen duten konpetentzia bakoitzari buruzko ideia eta prozesu berriak proposatzeko ere. Maila hori egiaztatzeko, aldez aurretik lortu behar da maila aurreratua edo baliokidea duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
2. Egiaztapena menderatutako konpetentzia arloen edo konpetentzia taldeen arabera eginen da, goian aipatutako gaitasun mailetarako, txikienetik handienera.
3. Izangaiek maila bakoitzean izena eman eta bakoitzari dagozkion ebaluazio probak egiten ahalko dituzte, deialdi mugarik gabe.
5. artikulua. Indarraldia.
Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiriak lau urteko indarraldia izanen du, lortzen denetik hasita. Indarraldi hori luzatzen ahalko da, betiere herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuak ezartzen duen mekanismoari jarraikiz.
II. KAPITULUA. ZIURTAPEN PROZESUAREN GARAPENA
6. artikulua. Izapidetze telematikoaren nahitaezkotasuna eta bermeak.
1. Ziurtapen prozesuaren izapideak egiteko, bitarteko elektronikoak soilik erabiltzen ahalko dira.
2. Prozedura telematikoa egitean, kontuan hartuko da herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruz indarrean dagoen araudia, eta bereziki errespetatzekoak izanen dira datu pertsonalak babesteari buruzko arauak.
7. artikulua. Lortzeko baldintzak.
Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortu ahal izateko, ezinbesteko baldintzak izanen dira:
a) 14 urte beterik izatea ziurtapen probetan izena ematen den egunean.
b) Ziurtagiri mota bakoitzerako eskatzen diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak egiaztatzea, eta, horretarako, behar bezala gainditzea deialdi bakoitzerako prestaturiko probak, betiere foru dekretu honetan ezarritako prozedurak dioenari jarraikiz.
1. Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiria lortzeko prozedura aldizkako deialdi publikoen sistema batean oinarrituko da, zeinetan jasoko baitira, hain justu, egoki diren ebaluazio probak egiteko beharrezko oinarriak eta elementuak.
2. Deialdiak behar adinako aurrerapenaz argitaratuko dira Nafarroako Gobernuaren web atarian, eta beste publizitate bide batzuk erabiltzen ahalko dira zabalkunde handiagoa izan dezaten.
3. Ebaluazio probak horretarako baimendutako edozein zentrotan egiten ahalko dira, eta zentro horiek horretarako sortuko den erregistroan izena emanda egon beharko dute. Hala, Nafarroako Foru Komunitate osoan barrena banatuko da eskaintza.
4. Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuari dagokio ziurtapen prozesua onestea eta kudeatzea. Horretarako, foru dekretu honen II. kapituluan araututako zentroen laguntza jasotzen ahalko du.
9. artikulua. Ziurtapen probetan izena ematea.
1. Ziurtapen probetarako izena emateko eskaerak bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dira, ziurtapen sistemaren webgunearen bidez. Horretarako, dagokion inskripzio eskaeraren eredu normalizatua bete beharko da, eta aurkeztu beharko dira ziurtagiri hori lortzeko beharrezko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen agiriak ere.
Inskripzioa osorik formalizatzeko, orobat, ebaluazio proba zer egunetan eta ordutan egin nahi den zehaztu beharko da, eta, kasuak hala eskatzen duenean, erakunde laguntzailea erreserbatu beharko dira.
2. Ebaluazio proba egiteko, posible izanen da dagokion tasa aldez aurretik ordainaraztea, non ez den salbuespena ezartzen tasa eta prezio publikoen arloan indarrean dauden xedapenetan.
3. Izapidetze telematikoan sartzeko, eskatzaileak ziurtagiri elektroniko aitortua izan beharko du, baina aukeran izanen du, orobat, Cl@ve sistema erabiltzea, betiere aldez aurretik esleituta erabiltzailea eta pasahitza, edo kasu bakoitzean ezartzen diren identifikazio digitaleko bestelako sistemak.
4. Beren egoera juridiko-administratiboa dela-eta aipatutako identifikazio digitaleko sistemetako bat lortu ezin duten pertsonek aukera dute izena aurrez aurre ematea eskatzeko. Horretarako, eskaera bat aurkeztu beharko dute, herritarren konpetentzia digitalen arloan eskumena duen departamentura zuzendua, Foru Komunitateko Administrazioaren edozein erregistro bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein tokitan, eta adierazi behar dute zer dela-eta ezin duten identifikazio digitaleko sistema bat lortu eta parte hartu nahi dutela konpetentzia digitalak egiaztatzeko ebaluazio deialdi batean.
10. artikulua. Ebaluazio probak.
1. Ebaluazio proben helburua da egiaztatzea foru dekretu honen 4. artikuluan ezarritako mailetan eskaturiko konpetentziak menderatzen direla.
2. Ebaluazio probak aurrez aurre eginen dira, dela erakunde laguntzaileetan, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horretarako dituen beste gune batzuetan.
3. Ebaluazio probak diseinatzeko, erreferentziatzat hartuko dira indarra duen Konpetentzia Digitalen Europako Esparruan maila bakoitzerako ezartzen diren helburuak, konpetentziak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, eta posible izanen da ezagutzak erakusteko ariketak eginaraztea, bai eta trebetasunak, konpetentziak eta gaitasunak (teorikoak zein praktikoak) erakustekoak ere.
4. Legez onetsitako desgaitasuna duten izangaiek dagokien inskripzio orrian eskatzen ahalko dute proba egiteko behar den denbora eta baliabide materialak egokitzeko.
11. artikulua. Proba balioestea.
1. Behin-behineko emaitzak ziurtapen sistemaren web-orrian argitaratuko dira, eta alegazioak egiteko epe nahikoa eskainiko da probetan parte hartzen dutenek argibideak eskatzeko edo galderak aurkaratzeko.
2. Alegazioen fasea amaitzen denean, eta alegaziook deialdian zehaztutako epean ebatzi ondotik, behin betiko emaitzak onetsiko dira herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, eta dagozkion ziurtagiriak emanen dira.
3. Gainditutako ebaluazioaren azken kalifikazioan, "gai" hitza agertuko da; gainditu ez dutenen kasuan, berriz, "ezgai".
12. artikulua. Ziurtagiriak ematea eta formatua.
1. Gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak emanen ditu konpetentzia digitalen ziurtagiriak, formatu elektronikoan.
2. Ziurtagiriek segurtasuna eta benetakotasuna bermatzeko zigilu digitalak izanen dituzte, egiaztapenerako bide emanen dutenak.
3. Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiriak eduki hau izanen du gutxienez:
a) Egiaztatzen diren jakintzak, gaitasunak eta trebetasunak, adierazita zer maila lortu den indarra duen Konpetentzia Digitalen Europako Esparruaren arabera.
b) Ziurtagiriaren titularra identifikatzeko datuak.
c) Ziurtagiriaren kodea.
d) Ziurtapen eguna.
III. KAPITULUA. ANTOLAKETA ADMINISTRATIBOA
13. artikulua. Antolaketa egitura.
Foru dekretu honen ondorioetarako, unitate eta entitate hauek ageri dira Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiriaren antolaketa egituraren barnean:
a) Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusia (aurrerantzean, erakunde kudeatzailea), ziurtapen prozesuaren unitate kudeatzaile gisa.
b) Zuzendaritza nagusiaren jarduerei laguntzen dieten erakunde laguntzaileak.
14. artikulua. Erakunde kudeatzailea.
1. Eginkizun hauek dagozkio herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiari:
a) Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalak ziurtatzeko prozesua kudeatzea eta ziurtagiria ematea.
b) Erakunde Laguntzaileen Erregistroa kudeatzea.
2. Horretaz gainera, erakunde kudeatzaileari dagokio:
a) Lankidetza-akordioak edo -hitzarmenak sustatzea nazioko edo nazioarteko beste administrazio batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin, helburua izanik bide ematea foru dekretu honetan araututako ekintzak egiteko beharrezko ezarpen planak garatzeko.
b) Aldian-aldian definitzea eta eguneratzea ziurtapena ezartzeko esparrua eta jarraipena.
c) Konpetentzia digitalen eduki zehatzak proposatzea, bai eta horiek eguneratzea ere, hartzaile kolektiboen premietara egokitu ahal izateko, guztia ere ebaluazioen xede izanen diren Konpetentzia Digitalen Europako Esparru indarrekoaren mailetara egokiturik.
d) Konpetentziak ebaluatzeko prozesuaren jarraipena egitea eta egiaztapen ereduaren helburuak lortzeko estrategiak proposatzea, ikuspegi teknikoa eta pedagogikoa aintzat harturik.
15. artikulua. Erakunde laguntzaileak.
1. Erakunde laguntzaile izaten ahalko dira egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten erakunde publiko edo pribatuak, baldin eta eskura jartzen badituzte beren informatika gelak edo antzeko instalazioak, bai eta beharrezko baliabide pertsonalak ere, Konpetentzia Digitalak Egiaztatzeko Sistemako azterketak egiteko, betiere foru dekretu honetan jasotako baldintzak betez.
2. Hauek dira erakunde laguntzaileen eginkizunak, ziurtapen proba egin nahi duten pertsonei dagokienez:
a) Interesdunei informazioa, aholkularitza eta orientazioa ematea konpetentzia digitalen ziurtagiriaren ezaugarriei, akreditazioa lortzeko prozesuari eta arreta ordutegiei buruz.
b) Zentroan egiten dituzten konpetentzia digitaletako ziurtapen proben berri ematea bere lurralde eremuan.
c) Interesdunei ziurtapen proban izena ematen laguntzea.
3. Hauek dira erakunde laguntzaileen eginkizunak ziurtapen proba egiten den bitartean:
a) Ziurtapen proban izena eman duten pertsonei harrera egitea, beren nortasuna egiaztatzeko aurkezten duten dokumentazioa berrikustea, eta ziurtapen proba egin ahal izateko ordenagailu bat eskaintzea.
b) Ziurtapen proban izena eman duten pertsonei proba egiteko jarraibideak azaltzea.
c) Ziurtapen sistemaren prozesuari edo funtzionamenduari buruzko zalantzei erantzutea.
d) Erabiltzaileek ebaluazio proban bete beharreko jokabide-arauak betearaztea. Arauok argitara emanda daude Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalak ziurtatzeko programaren webgunean.
e) Ziurtapen saioari hasiera ematea izangaientzat.
f) Ziurtapen proba zer-nola gauzatzen den gainbegiratzea, eta hura egiteko beharrezkoak diren objektibotasun-, pribatutasun-, isiltasun- eta etendura-baldintzak ziurtatzea.
g) Ziurtapen proba egiten den bitartean gertatzen diren gorabeherak jasota uztea, zentroko instalazioekin edo baliabideekin zerikusia dutenak ebaztea, eta erakunde kudeatzailea berehala jartzea jakinaren gainean posta elektronikoz, baldin eta gorabeherarik bada plataformari lotuta, eman beharreko jarraibideak eman ditzan.
h) Ziurtapen saioa ixten dela ziurtatzea, hautagaiek proba amaitzen dutenean.
3. Ziurtapen proba egin ondoren, erakunde laguntzaileak eginkizun hauek bete behar ditu:
a) Proba egin duen pertsonari ziurtagiria eskuratzeko prozesuari buruzko informazioa ematea.
b) Proba egin duen pertsonak jarraitu beharreko prozedurei buruz informatzea, aholkatzea eta orientatzea, baldin eta proban gorabeheraren bat sortu bada eta ez badago ados egindako ziurtapen probaren emaitzekin.
4. Ezartzen diren erakunde laguntzaileek ez dute jasoko kontraprestazio ekonomikorik adierazitako eginkizunengatik.
5. Datu pertsonalak babesteko legerian ezarritakoaren arabera, erakunde laguntzaileek sinatu beharko dute datu pertsonalak tratatzeko enkarguaren akordioa, aplikatu beharko dutena bermatzeko seguruak direla ziurtagiriaren erakunde kudeatzaileak lankidetza eginkizunak gauzatzeko eskura jartzen dizkien datuak.
6. Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko da erakunde laguntzaileen zerrenda.
16. artikulua. Erakunde laguntzaileak erakunde kudeatzailearekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.
1. Erakunde kudeatzaileak betebehar hauek ditu erakunde laguntzaileekiko:
a) Erakunde laguntzaileei ziurtapen proben funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezko prozedura jarraibideak eta/edo jarraibide teknikoak emanen dizkie.
b) Erakunde laguntzaileei jakinaraziko die zer aldaketa izan den ziurtapena ebaluatzeko probetan parte hartzen duten ekipoek eta sistemek bete behar dituzten baldintza teknikoetan, halakorik gertatuz gero.
2. Erakunde laguntzaileek betebehar hauek dituzte erakunde kudeatzailearekiko:
a) Pertsona bat izendatzea, bere gain hartuko duena konpetentzia digitalen ziurtagiriari dagokionez erakunde laguntzaileak garatutako jarduera guztien erantzukizuna eta solaskide lanetan arituko dena erakunde kudeatzailearekin.
b) Informazio-, elkarrizketa- eta gainbegiratze-eginkizunak beteko dituzten pertsonen datuak jakinaraztea. Titular bakoitzeko ordezko bat izendatu beharko da. Edozein aldaketa gertatzen bada konpetentzia digitalen ziurtagiriaren informazioaz, solaskidetzaz eta gainbegiratzeaz arduratzen diren pertsonekin eta horien ordezkoekin, erakunde laguntzaileak horren berri eman beharko du.
c) Gutxienez lau hilabete lehenago jakinarazi beharko dira zer alditan egonen den itxita erakunde laguntzailea oporrengatik edo jaiegunengatik, bai eta zerbitzua emateko aurreikusitako beste edozein aldaketa ere.
d) Erakunde kudeatzailearekin koordinatuta, ziurtapen probak egiteko datak programatzea, gutxienez bi hilabete lehenago.
e) Idatziz informatzea egindako ziurtapen proben garapenari buruz eta izaniko gorabeherei buruz -halakorik denean-, bai eta ziurtapen postuen eskuragarritasunean aldaketak izan direnean edo erakundearen jarduerari eragiten dion eta konpetentzia digitalen ziurtagiriarekin zerikusia duen edozein gai sortzen denean ere.
f) Erakunde kudeatzaileak erakunde laguntzaileei haien jarduerei buruz egiten dizkien informazio eskaerei erantzutea, batez ere interesdunek aurkeztutako gorabeherei edo erreklamazioei buruzkoak direnean.
g) Erakunde kudeatzaileak erakunde laguntzaileentzat ezartzen dituen informazio- eta prestakuntza-prozesuetan parte hartzea, eta hark ematen dizkien jarraibideak betetzea, artikulu honen lehen apartatuak dioena aplikatuz.
h) Instalazioen eta ekipoen mantentze lanez arduratzea, probak egiteko baldintza egokietan egon daitezen. Erakundeen ardura da lanak egitea zentro laguntzaileetan dauden instalazioak, ekipamendua eta baliabideak kudeatzeko, ustiatzeko, erabiltzeko eta mantentzeko.
i) Ekipoak eta sistemak eguneratzea, ukituriko ekipoek eta sistemek bete beharreko baldintza teknikoen aldaketa jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, guztia ere ziurtapen azterketak egiteko aldian-aldian beharrezkoak diren baldintza teknikoak betetzeko.
17. artikulua. Erakunde laguntzaileak aitortzea.
1. Erakunde kudeatzaileak aitortu behar ditu erakunde laguntzaileak, eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatuta egon behar dute.
2. Erakunde laguntzaile gisa aitortzeko, erakunde horiek foru dekretu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta konpromisoa hartuko dute baldintza horiei eusteko erregistroan inskribatuta dauden bitartean.
3. Erakunde laguntzailea aitortzeko prozedura erakunde interesdunaren eskaerarekin hasiko da.
18. artikulua. Erakunde laguntzaileek bete beharrekoak.
Erakunde Laguntzaileen Erregistroan onartuak izateko eta inskribatzeko, erakunde interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Interneteko konexioa duten espazioak izatea, gutxienez hamar ordenagailukoak, Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalen ziurtagiriaren probak egin ahal izateko.
b) Interneteko banda zabaleko konexioa izatea.
c) Gutxienez funtzio anitzeko bi espazio izatea (bata informaziorako, eta bestea, berriz, ziurtapen probak egiteko). Beste jarduera batzuekin batera erabiltzen ahal dira, baina proba horietarako espazioa ez da partekatzen ahalko beste jarduera batzuekin ziurtapen probak egiten direnean.
d) Ekipamendu informatikoa erabili ahal izateko altzariak izatea, betiere gutxienez 150 cm-ko tartea utzirik ordenagailuen artean, proba banaka eginen dela bermatzeko.
e) Desgaitasuna duten pertsonentzat indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasun baldintzak betetzea.
f) Egin beharreko jarduerak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru bat sinatuta edukitzea.
g) Ekipamendu informatikoari eta konektibitateari buruzko zehaztapen teknikoak betetzea. Argitara emanda daude indarrean dagoen ziurtapen sistemaren webgunean.
h) Foru dekretu honen 15. artikuluko eginkizunak betetzeko giza baliabideak izatea. Pertsona berak funtzio horietako bat baino gehiago hartzen ahal ditu bere gain, betiere erakunde laguntzaileak bermatzen badu behar bezala betetzen direla funtzio horiek.
19. artikulua. Erakunde laguntzaileak aitortzeko eskaera.
1. Eskaeran erakunde laguntzaile interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena jasoko da, alderdi hauei dagokienez:
a) Eskaeran eta aurkeztutako agirietan jasotako datu guztiak egiazkoak direla.
b) Zentroak betetzen dituela 18. artikuluan ezarritako baldintzak.
2. Eskaerak ez baditu betetzen foru dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak, interesdunari adieraziko zaio hamar eguneko epea duela akats hori zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Orobat, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
3. Eskaera eta dokumentazioa jaso ondotik, erakunde laguntzaile gisa aitortzeko ebazpena emanen da aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, betiere egiaztatzen denean betetzen direla foru dekretu honen 19. artikuluan ezarritako baldintzak.
4. Balorazio prozesuan zehar, konpetentzia digitalak egiaztatzeko eskumena duen kudeaketa zerbitzuak interesdunari eskatzen ahalko dio aurkeztutako informazioa areagotzeko edo datu gehigarriak emateko, aitortzeko baldintzak hobeki zehazteko.
5. Prozedura hori hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, erakunde kudeatzaileak emandako ebazpenaren bidez.
20. artikulua. Erakunde laguntzaileak gainbegiratzea.
1. Erakunde kudeatzaileak gainbegiratuko ditu erakunde laguntzaileak, eta noiznahi egiten ahalko ditu, ofizioz edo alderdietako batek hala eskatuta, dagozkien betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen kontrol jarduerak, foru dekretu honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
2. Erakunde laguntzaileak behartuta daude eskatzen zaien informazio eta agiri guztiak ematera, bai eta kontrol ahalmena egikaritzean interesgarritzat jotako beste edozein datu ematera ere.
21. artikulua. Aldaketak egitea eta jardunari uztea.
1. Erakunde kudeatzaileari jakinarazi beharko zaizkio erakunde laguntzaileak aitortzeko kontuan hartutako baldintzetan izaniko aldaketak, eta hark ontzat eman beharko ditu eta egiaztatu ere egiaztatu ahalko ditu.
2. Era berean, jarduera bertan behera utzi behar bada, behin betiko nahiz aldi baterako, horren berri eman beharko da, eta jarduera uzteko aurreikusitako data adierazi, baita jarduera berriz hasteko data ere, baldin eta aldi baterako uzten bada.
3. Behin betiko uzteak Erakunde Laguntzaileen Erregistroan baja ematea ekarriko du.
22. artikulua. Erakunde laguntzailearen aitortza kentzea.
1. Hauek dira aitortza kentzeko arrazoiak:
a) Foru dekretu honetan eta hori garatzen duten xedapenetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak ez betetzea.
b) Funtsezko daturen bat ez zehaztea, faltsutzea edo ez ematea aitortutako datuetan edo datu horiek aitortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioan.
c) Aitortzarako beharrezko baldintzak aldatzea, baldin eta ez bada jakinarazi eta erakunde kudeatzaileak ez badu ontzat eman.
d) Erakunde laguntzaile gisa jarduera etetea edo uztea aurrez jakinarazi gabe, 21. artikuluan eskatzen den bezala.
e) Erakunde laguntzaileak berak aitortza kentzeko eskaera egitea.
2. Erakunde kudeatzaileak du erakunde laguntzailearen aitortza kentzeko prozedura hasteko eskumena.
3. Prozedura hasi ondotik, ebazpena emateko oinarri izan behar duten egitateak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkoak diren instrukzio egintzak eginen dira.
4. Interesdunek, entzunaldi izapidearen aitzineko prozeduraren edozein unetan, alegazioak aurkezten ahalko dituzte, bai eta dokumentuak edo epaiketarako beste elementu batzuk ere. Organo eskudunak kontuan hartu beharko ditu batzuk zein besteak, dagokion ebazpen proposamena idazterakoan.
5. Prozedura bideratu ondotik, eta ebazpen proposamena idatzi aitzin, interesdunei entzuteko izapidea egin beharko da.
6. Instrukzioa amaitutakoan, erakunde kudeatzailearen titularrak prozedurari amaitzeko ebazpena emanen du. Ebazpen batek adierazten badu lehenbiziko apartatuan aurreikusitako arrazoiren bat dagoela, erabakiko da erakunde laguntzailearen aitortza kentzea eta Erakunde Laguntzaileen Erregistrotik erretiratzea.
7. Erretiratzea aldi baterako edo behin betiko izaten ahalko da.
IV. KAPITULUA. KONPETENTZIA DIGITALETAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN ERREGISTROA
23. artikulua. Konpetentzia Digitaletako Erakunde Laguntzaileen Erregistroa.
1. Erakunde Laguntzaileen Erregistroa sortzen da, Nafarroako Foru Komunitateko konpetentzia digitalak ziurtatzeko prozesuen kudeaketa sinplifikatzeko.
2. Erregistroa herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikita egonen da, eta hark hartuko ditu bere gain erregistroaren kudeaketari lotutako eginkizun guztiak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Ziurtapen sistemari eta erregistroari buruzko informazioa, aholkuak eta orientabideak ematea.
b) Izena emateko prozesua kudeatzea.
c) Erregistroaren ziurtapenari eta funtzionamenduari buruzko jarraipen txostenak prestatzea eta egitea, eta hobetzeko proposamenak egitea.
24. artikulua. Erregistroaren edukia eta funtzionamendua.
1. Aitortutako erakunde laguntzaileak ofizioz inskribatuko dira dagokion erregistroan, eta, han, datu hauek jasoko dira:
a) Behar den IFZa.
b) Erakunde Laguntzaileen Erregistroan esleitutako zenbakia.
c) Inskribatu beharreko zentroaren edo instalazioaren helbidea.
d) Ziurtapen plazen kopurua.
2. Erakunde laguntzaileak adierazten badu aldatu egin direla helbidea edo plaza kopurua, erakunde kudeatzailea arduratuko da datu horiek erregistroan eguneratzeaz.
Haien lankidetza doan dela zehaztuko da, eta erakunde laguntzailearen bereizgarriak erakutsi beharko dituzte erabiltzaileek ikusteko moduan.
3. Aitortza kentzeak, 22. artikuluaren arabera, dagokion erregistro inskripzioa ezereztea ekarriko du.
Lehenengo xedapen gehigarria. Lanbide tituludunak.
Foru dekretu honetan konpetentzia generikoen ziurtagiriei buruz jasotako aginduak betetzeak ez du esan nahi lanbide tituludunen araudi erregulatzailea ez denik bete behar.
Bigarren xedapen gehigarria. Lanbide kualifikazioak.
Konpetentzia digitalen ebaluazioak ez du aukerarik ematen lanbide kualifikazioen sistema zuzenean aitortzeko, sistema horrek bere araudi espezifikoa izanen baitu.
Azken xedapenetako lehenengoa. Tituluen, diplomen eta ziurtagirien baliokidetasuna.
1. Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu baten bidez erabakitzen ahalko du administrazio publikoetako organo eskudunek emandako titulu, diploma edo ziurtagirien baliokidetasuna, foru dekretu honek ezartzen dituen informazioaren eta komunikazioaren teknologietako konpetentziak egiaztatzeko ziurtagiriei dagokienez.
2. Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu baten bidez ezartzen ahal du informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektorean ospe handia duten erakundeek emaniko titulu, diploma eta ziurtagirien baliokidetasuna, foru dekretu honek ezartzen duen ziurtagiriari dagokionez.
3. Ziurtagiriaren maila batzuen eta besteen baliokidetzat hartzen ahal diren titulu, diploma eta ziurtagirien aitortzak gardena, arduratsua eta kosturik gabea izan behar du.
Azken xedapenetako bigarrena. Arauak emateko gaitasuna.
Herritarren gaikuntza digitalaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio behar diren arauak emateko foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazi dadin.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.