112/2024 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 27KOA, ZEINAREN BIDEZ ZEHAZTEN BAITIRA EPEEN ZENBAKETARAKO BALIOGABEAK IZANEN DIREN EGUNAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, 2025. URTEAN
BON N.º 264 - 30/12/2024
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.7 artikuluak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei epeen zenbaketarako egun baliogabeen egutegia zehazteko, bakoitzak bere lurraldean. Epeen zenbaketarako baliorik gabeko egunak ezartzerakoan, lan egutegi ofizialari jarraitu beharko zaio. Halaber, autonomia erkidego bakoitzeko toki entitateen egun baliogabeak ere sartuko dira egutegian.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 493/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 901/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak 2025erako zehaztu ziren, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.
Aipatutako xedapenak ikusirik eta aldez aurretik Toki Araubideko Foru Batzordeak 2024ko abenduaren 27an egindako bilkuran aldeko txostena emanda, bidezko da, epeen zenbaketarako, 2025. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehaztea.
Horiek horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko abenduaren hogeita zazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Egun baliogabeak Foru Komunitatearen esparruan.
2025. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean, honako egun hauek izanen dira baliogabeak epeen zenbaketarako: larunbat eta igande guztiak, eta 2025eko urtarrilaren 1a eta 6a, apirilaren 17a, 18a eta 21a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, eta abenduaren 3a, 8a eta 25a.
2. artikulua. Egun baliogabeak Nafarroako Toki Administrazioko entitateen esparruan.
Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateen esparruan, aurreko artikuluan aipatutako egunez gain, bertako jaiegunak gehituko dira; jaiegunok Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 901/2024 Ebazpenaren bidez ezarri ziren.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.