(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

111/2024 FORU AGINDUA, AZAROAREN 25EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA 188 EREDUA: "PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN, SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORRA DUTEN EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO SARREREN URTEKO LABURPENA, BIZI EDO BALIAEZINTASUN ASEGURUEN KONTRATUEN BIDEZ ETA KAPITALIZAZIO ERAGIKETEN BIDEZ LORTUTAKO KAPITAL HIGIGARRIAREN ERRENTEI EDO ETEKINEI DAGOKIENEZ"

BON N.º 262 - 27/12/2024



  ERANSKINA. 188 EREDUAREN AURKEZPEN ELEKTRONIKORAKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEK BETE BEHARREKO DISEINU LOGIKOAK


Atariko

Urtarrilaren 8ko 2/2018 Foru Aginduaren bidez, 188 eredua onetsi zen: "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena, bizi edo baliaezintasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez".

Abenduaren 21eko 147/2021 Foru Agindua onetsita, ezabatzen da 188 eredua ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriaren bidez aurkezteko modua. Aldaketa horrek urtarrilaren 8ko 2/2018 Foru Aginduaren artikulu batzuk aldatzea dakar, eta, beraz, egokitzat jotzen da beste foru agindu bat onestea, aurrekoa indargabetzeko eta eredu horren aurkezpen elektronikoaren erregulazioa eguneratzeko.

Bereziki, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriaren bidezko aurkezpenaren ordez, eredurako inprimaki elektroniko espezifiko bat ezartzen da, eta, salbuespen gisa, 12.000 erregistro baino gehiagoko aitorpenetarako, inprimaki osagarri bat (994 eredua), fitxategi konprimituak aurkezteko aukera emanen duena.

Ondorio horietarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori) 90.5 artikuluak eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori) 48.6 artikuluak ahalmena ematen diote Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari errenta mota bakoitzerako behar diren aitorpen ereduak ezartzeko, eta aitorpena eta diru-sarrera zer modu eta tokitan egin behar diren ezartzeko, hurrenez hurren.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren azken xedapenetako bigarrenak (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), gaikuntza ematen dio Ogasuneko ministroari aipatutako zergaren konturako ordainketen aitorpen ereduak onesteko, baita horiek aurkezteko modua, tokia eta epeak ezartzeko ere, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 30eko 1776/2004 Erregelamenduaren azken xedapen bakarrak Ogasuneko ministroari baimena ematen dio behar diren xedapenak eman ditzan hura aplikatzeko. Ulertu behar da ezen Ogasuneko ministroari egindako gaikuntza horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari eginak direla, oinarritzat harturik, besteak beste, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. eta 46. artikuluak.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horregatik, aipatutako artikuluetan emandako gaikuntza erabiliz, indargabetzen da urtarrilaren 8ko 2/2018 Foru Agindua, eta onesten da 188 eredua osorik arautzen duen foru agindu hau.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Onestea 188 eredua.

Onesten da 188 eredua, "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena, bizitza edo elbarritasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez". Ereduaren edukia foru agindu honen eranskinean dago.

2. artikulua. 188 eredua aurkeztu behar dutenak.

Honako hauek aurkeztu behar dute 188 eredua: pertsona fisikoak, juridikoak eta gainerako entitateak, Administrazio Publikoak barne, baldin eta, beharturik egonik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren (establezimendu iraunkorrak) errentaren gaineko zergaren atxikipena edo konturako sarrera egitera, legezko araudian eta zerga horiek arautzen dituzten erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz, ordaintzen badituzte bizi edo baliaezintasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren etekinak edo errentak, baldin eta atxikipenak edo konturako sarrerak Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat.

3. artikulua. 188 eredua aurkezteko epeak.

188 eredua urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era bitartean aurkeztu beharko da, bi egun horiek barne, aurre-aurreko urte naturalean atxikitako kopuruei eta konturako sarrerei dagokienez.

4. artikulua. 188 eredua aurkezteko modua.

188 eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

5. artikulua. 188 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 188 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Subjektu pasiboek edo, bestela, haien legezko ordezkariek.

b) Abuztuaren 8ko 83/2022 Foru Aginduan araututako borondatezko ordezkaritzaren erroldan inskribatutako borondatezko ordezkariek.

c) Hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek edo entitateek, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horren bidez, kanpoko laguntzarako akordioa onetsi zen hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko. Pertsona edo entitate horiek 6. artikuluan ezartzen den ziurtagiri elektroniko kualifikatua izan beharko dute.

6. artikulua. 188 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 188 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Aitortzaileak sistema bat eduki beharko du identifikazio, kautotze eta sinadura elektronikorako, eta ziurtagiri elektroniko kalifikatu bat erabili, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

c) Pertsona fisikoek Cl@ve sistema ere erabiltzen ahalko dute, zeina identifikazio, kautotze eta sinadura elektronikorako sistema baita, amankomuna Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta harekin bat egiten duten beste administrazio autonomiko batzuetarako eta toki entitateetarako, eta PRE/1838/2014 Aginduan arautua. Sistema hori erabiliz, herritarrak harreman elektronikoa izan dezake zerbitzu publikoekin gako itunduen bidez, hartan erabiltzaile gisa izena eman ondoren.

Nafarroako Foru Ogasunak zehazten dituen kasuetan, gako itundu bidezko beste identifikazio sistema batzuk onar daitezke pertsona fisikoentzat.

d) Aurkezlea hirugarren pertsonen izenean aitorpenak aurkezteko baimena duen pertsona edo entitate bat baldin bada, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, b) letran aipatzen den ziurtagiri elektroniko onartua izan beharko du.

e) Aitortzaileek bete beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai daudenak.

2. Bat etorriz Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutakoarekin, aurreko atalean ezarritako identifikazio sistemak sinadurarako sistema gisa erabiliko dira.

3. Transmisio elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

7. artikulua. 188 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Aitorpenak Internet bidez aurkezteko, bi prozedura hauetako bat erabiliko da:

A) Web formulariotik:

1. 188 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Aitorpena aurkezteko beharrekoak diren datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

B) Salbuespen gisa, aurkeztu beharreko adierazpenak 12.000 erregistro baino gehiago baditu, eredu informatiboen formulario osagarritik:

1. Eredu informatiboen formulario osagarrian (994) sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuaren bitartez.

2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M188.

3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.

Fitxategi horren edukia foru agindu honen eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izanen da.

4. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indargabetzen da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak urtarrilaren 8an emandako 2/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi zen 188 eredua: "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena, bizi edo baliaezintasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez".

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2024ko informazioari dagokionez.

ERANSKINA. 188 EREDUAREN AURKEZPEN ELEKTRONIKORAKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEK BETE BEHARREKO DISEINU LOGIKOAK

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web