18/2024 FORU LEGEA, ABENDUAREN 13KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO SUSTAPEN EKONOMIKORAKO EREMUEI BURUZKOA
BON N.º 254 - 16/12/2024
ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
I. TITULUA. SUSTAPEN EKONOMIKORAKO EREMUAK
II. TITULUA. EREMUAK ERATZEKO PROZEDURA
III. TITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
IV. TITULUA. FINANTZAKETA
V. TITULUA. INDARRALDIA ETA AMAIERA
I
Espainiako Konstituzioak 130.1 artikuluan jasotzen duenez, botere publikoak sektore ekonomiko guztien modernizazioaz eta garapenaz arduratu behar dira.
Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko eskumen banaketari dagokionez, Espainiako Konstituzioak, 149.1.13. artikuluan, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen dio "ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa" gaian, eta 148.1.13. artikuluan xedatzen du autonomia erkidegoek beren gain hartzen ahalko dituztela bakoitzaren garapen ekonomikoa sustatzearen arloko eskumenak.
Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboak ditu esleituak "Nafarroan garapen ekonomikoa sustatzeko", bai eta barne merkataritzaren eta industriaren arloan ere, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56. artikuluko 1. paragrafoko a), b) eta d) letretan jasotako xedapenen indarrez. Nafarroak eskumen esklusiboa du, halaber, turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluaren indarrez.
Era berean, foru lege honek, zeinak jasangarritasuna, hiriak biziberritzea eta gizarte-inklusioa sustatzeko xedea ere bai baitu, oinarria hartzen du Nafarroako Foru Komunitateak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan duen eskumen esklusiboan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluarekin bat.
Horrez gain, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoak ditu bere toki entitateen tributuen eta gainerako finantza-baliabideen gainean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluarekin eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluko VI. kapituluarekin bat.
Azaldu bezala, Konstituzioak eta estatutuak taxutzen duten esparru horrekin bat etorriz ematen dira foru lege honen xedapenak, erabat errespetatuz, orobat, toki araubidearen alorreko oinarrizko arauak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta udal autonomiaren printzipioa.
II
Foru lege honen helburua da ahalbidetzea Foru Komunitatearen lurraldean Sustapen Ekonomikorako Eremuen sorrera, horien bitartez ekonomia-ekimenak sustatzeko, hiriguneak biziberrituko dituztenak eta bestelako inguruneak ere hobetu eta sustatuko dituztenak, hala nola industrialdeak edo eremu turistikoak, besteak beste.
Sustapen Ekonomikorako Eremu horiek arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako lanabes baten egokitzapena dira. Lanabes hori, nazioartean “Business Improvement District” (BID) izenaz ezaguna, sektore pribatuaren eskutik sortu zen, hiriguneak biziberritzeko eta deszentralizazioari aurre egiteko asmoz. Ekonomia-jarduerak gauzatzeko egokiak izan bai baina etxebizitzetarako erabili ezin diren ondasun higiezinen jabetzaren titularrek edo eremu geografiko mugatu bateko enpresaburuek gehiengoz erabakitzen dute, parte-hartze prozesu baten ondotik, beren gain hartzea diru-ekarpenak egiteko betebeharra, horien bidez beren enpresa-eremua mantendu, garatu eta sustatuko duten zenbait jarduketa finantzatzeko xedeaz.
BID horiek azkar hedatu dira kontinente guztietan duela ia berrogeita hamar urte sortu zirenetik, eta gaur egun BID asko daude jardunean munduko hainbat hiritan. Horrek erakusten du tresna eraginkorrak direla haien jardun-eremuaren garapen ekonomikoari laguntzeko. Horrez gain, espazio publikoaren kudeaketaren ikuspuntutik, BIDek erraztu egiten dute zona jakin batzuen bizitasun eta jasangarritasuna hobetzeari buruzko erabakiak subiranotasun handiagoz hartzea, ukituriko pertsona guztien partaidetzarekin, bai eta kontrola eraginkorragoa izatea, kontu-emate prozedura baten bidez. Alegia, hiriguneen biziberritze eta gobernantzarako tresna ona direla erakutsi dute.
Sustapen Ekonomikorako Eremuak tresna berritzaile bat dira, hiriko eta hurbileko merkataritza bultzatzeko gaur egun dauden tresnek dauzkaten mugak gainditu nahian sortu dena. Hurbileko txikizkako merkataritza bultzatzeko Nafarroako 2018-2020 planak nabarmendu zuen bezala, ikusi da apala dela eremukako edo sektorekako elkartegintza. Izan ere, merkataritza-eremuetako elkartegintza apala da erakunde horiek gaur egun aurre egin behar dieten arazo nagusietako bat. Horren zuzeneko ondorioa da haien finantzaketa eskasa, eremuko merkatarien lankidetzarik ezagatikoa, haiek, merkataritzaren dinamizaziorako abian diren estrategien onurak jasota ere, ez baitute inolako ekarpenik egiten estrategia horiek ordaintze aldera. Horrek laguntza eta dirulaguntza publikoekiko mendekotasun handia eragiten du.
Hortaz, finantzaketa oinarritzen da erabat borondatezkoak diren ekarpen pribatuetan eta denboran aldakorrak diren laguntza publikoetan; eta hori, batetik, ez da aski biziberritze-plan onak garatzeko eta, bestetik, horrek galarazten du epe ertaineko estrategiak planifikatzea eta horien kudeaketa profesionalizatzea.
Sustapen Ekonomikorako Eremuak, hirietako merkataritza-gune irekiak sustatzeko eta ekonomikoki garatzeko tresna gisa ez ezik, hortik haragoko helburu batekin ere plazaratzen dira. Asmoa da horien bidez Nafarroako udalerriek hirigintza arloan dituzten desafio berriei heltzea eta hiri-deszentralizazioaren ondoriozko ingurumen-arazoei aurre egitea.
Hiri-jarduera ekonomiko osoak, horren funtsezko zatia dela merkataritza, zeregin ezin garrantzitsuagoa betetzen du gure hirietan. Gure populazio-guneetan merkataritza-eskaintza zabala eta askotarikoa mantentzeak hiri-bizitza dinamizatzen du eta lagundu egiten du hiriguneak trinkoagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Jarduera ekonomikoak lagungarriak dira espazio publikoa biziberritzen, eta gizarte-kohesioa hobetzen dute. Horrenbestez, arrazoi ugari daude, ekonomikoak ez ezik hirigintza, ingurumen eta gizarte arloetakoak ere, Nafarroako udalerrietako hiri-bilbearen barrenean kokatuta dauden ekonomia-jarduerak mantendu eta indartzeko. Hiriguneetan diharduen merkataritza-ereduak, hirien periferietan dauden azalera handiko saltoki eta aisialdi-eremuekin alderatuta, erraztu egiten du lurraldearen okupazioa eta erabilera zentzuzkoagoak izan daitezen, eta hirigintza jasangarriagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagokoa erdiesten laguntzen du, mugimenduak eta joan-etorrien kopurua murrizten dituenez.
Bestetik, Sustapen Ekonomikorako Eremuen oinarrian dagoen BID ereduaren ezaugarriak dira, batetik, malgutasuna, eta bestetik, bera ezartzen den ez soilik herrialde bakoitzaren, baizik zona geografiko bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitzeko ere duen gaitasuna. Malgutasun eta egokitze-gaitasun horiei esker, eredua beste helburu batzuetarako ere baliatu da, hala nola turismo-lekuen sustapenerako eta berrikuntzarako. Honako arau honek bide ematen du Sustapen Ekonomikorako Eremuak ez daitezen izan hiri-jarduera ekonomikoa besterik gabe sendotzeko tresna bat bakarrik, baizik eta halaber erabili ahal izan daitezen industrialdeen kudeaketa hobetzeko edo turismo-lekuen erakarmena areagotzeko, besteak beste.
III
Foru lege honek Sustapen Ekonomikorako Eremuak irabazi-asmorik gabeko entitate pribatu gisa tankeratzen ditu, autonomiaz kudeatuak eta zona geografiko zehatz baten erakarmena eta lehiakortasuna hobetzera bideratuak.
Aurren-aurreneko helburua inguru zehatz bateko beharrei erantzutea eta bertako eragile ekonomikoen lehentasunak asetzea dutenez, eremu horiek eratzeko ekimena eragile ekonomiko horiei dagokie, eta ez beste inori. Hau da, Sustapen Ekonomikorako Eremuak eratuko dira soilik han non, enpresaburuek eta profesionalek horiek sustatzea erabakita, horien onurak jasotzeaz gain horiek finantzatzeko konpromisoa ere hartzen dutenen aldezpena lortu baitute. Eremu horien eraketa ezin da inola ere sektore publikotik inposatu. Foru legeak zehatz-mehatz arautzen du zein diren baldintzak halako eremu bat eratzeko ekimena aurkezteko eta hori berresteko, udalek gainbegiratutako prozedura zorrozki demokratiko bat erabiliz.
Kontuan hartu behar da, halere, Sustapen Ekonomikorako Eremuek gehienbat espazio publikoan jardunen dutela eta haien jarduketek interes orokorrak uki ditzaketela, nahiz eta, zalantzarik gabe, ondorio onuragarriak ere ekar ditzaketen hiri-bizitza bere orokortasunean indarberritzeko. Beharrezkoa gertatzen da, horrenbestez, bitartekoak ezartzea, Sustapen Ekonomikorako Eremuek azken batean ez dezaten berekin ekar espazio publikoen kudeaketa pribaturik edo administrazio publikoei dagozkien zerbitzu-emateetan edo jardueretan haien ordez beste inor aritzerik. Eta, beste alde batetik, eragotzi behar da administrazio publikoak beren eginkizunez axolagabetzea Sustapen Ekonomikorako Eremuak sortzen diren tokietan.
Foru lege honetan aurreikusirik daude mota desberdinetako tresnak, ziurtatuko dutenak Sustapen Ekonomikorako Eremuek, beren helburuak betetzean, interes orokorrekin bat jarduten dutela eta ez dutela espazio publikoaren pribatizaziorik erakartzen. Lehenengo eta behin, udalek baimendu beharrekoa izanen da eremu horien eraketa, egiaztatu ondoren haien jarduketa-plana interes orokorrekin bat datorrela, eta eskumen publikorik bereganatu gabe. Helburu berarekin, udalek ordezkariak izanen dituzte Sustapen Ekonomikorako Eremuetako Batzar Nagusian bezala Zuzendaritza Batzordean ere, eta haien jarduketen gaineko kontrolbide batzuk ezartzen dira administrazio publikoen mesedetan. Baina zalantzarik gabe, xede horiek erdiesteko tresna nagusia hitzarmena da, Sustapen Ekonomikorako Eremuak eta udalak izenpetu beharrekoa, non ezarriko baitira aldeetako bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrak. Hitzarmen hori giltzarri da bermatuko bada jokoan dauden interes publikoak eta pribatuak koordinatzea eta Sustapen Ekonomikorako Eremuak arlo publikoaren eta arlo pribatuaren arteko elkarlanerako formula eraginkorra izatea, non errespetatu egiten baitira sektore pribatuak eta publikoak berezko dituzten jarduketa-esparruak, haien arteko nahasketa edo inbasiorik gertatu gabe.
IV
Erregulazio honen funtsezko elementua Sustapen Ekonomikorako Eremuen finantzaketarako sistema da, zeina oinarrituta baitago honakoek beren eskualde geografikoan egin beharreko nahitaezko ekarpenetan: ekonomia-jardueren titularrek, batetik; eta, bestetik, etxebizitza-erabilerarik izan ezin duten baina ekonomia-jardueretarako modukoak badiren ondasun higiezin okupatugabeak jabetzan dituztenek.
BID ereduaren herrialde bakoitzerako egokitzapen-molde guztietan, BIDaren aurrekontua diruz finantzatzen laguntzeko betebeharra elementu aldaezina da, haren emaitza onen oinarria delako: behar adinako eta denboran zehar eutsiriko finantzaketa bat izateak aukera ematen du BID bakoitzaren beharrizan bereziei erantzuteko beharrezkoak diren jarduketen plangintza egiteko, kudeaketa profesionalizatuaren bidez. Ordainketa horiek nahitaezkoak izateak ahalbidetzen du "free riders" direlakoen fenomenoari aurka egitea: ekimen kolektibo hauen onurak jaso bai baina horiei laguntzeko diru-ekarpenik egiten ez dutenena, alegia. Dagoen elkartegintza urria, batetik, eta finantzaketa-sistema borondatezko ekarpenetan oinarrituta egotea, bestetik, bi horiek dira arrazoi nagusiak, merkataritzaren dinamizaziorako orain arte bideratu diren ekimenen emaitzak apalak izatearenak. Arazo nagusi horri soluzioa eman nahian ezartzen da Sustapen Ekonomikorako Eremuen finantzaketari diruz laguntzeko betebeharra.
Nahitaezko ekarpen horrek zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoaren izaera du. Sustapen Ekonomikorako Eremuek beren helburuak lortu ahal izan ditzaten interes publiko desberdinak badaudenez gero, justifikaturik dago horrelako ordainketa-betebehar bat ezartzea. Aipatutako prestazio-mota Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen direnetako bat da.
Izan ere, hiriguneetan kokatuta dagoen merkataritzaren lehiakortasuna eta erakarmena hobetzeak, aberastasuna eta enplegua sortzeaz gain, aukera ematen du Nafarroako udalerrietako merkataritzaren nortasun berekia eta berezia berresteko, formatu klonikoetan gauzaturiko merkataritza-mota batek dakartzan homogeneotasun-joera indartsuen aurrez aurre, zeinek murriztu egiten baitute kontsumitzaileen eskura jartzen den merkataritza-eskaintza, eta hirien nortasun bereizgarriaren galera eragiten. Bestalde, hiriguneetan askotariko eta gertuko merkataritza-eskaintza egoteak hiri-bizitza dinamizatzen du eta hiriguneak trinkoagoak izatea faboratzen du, ahalbidetu egiten baitu oinarrizko premiak joan-etorri handirik egin edo garraio pribatua erabili behar izan gabe asetzea; eta horrek, bere aldetik, modua ematen du udalerriko espazioen bizitegi-, merkataritza-, aisialdi- eta zerbitzu-erabileren integrazio orekatua erdiesteko. Horrela, espazio publikoa bizkortzen da eta ikuspegi sozialetik hiri kohesionatuagoak lortzen dira, zona horien andeatzea ekiditearekin batera. Gainera, merkataritza- eta bizigune-eredu horrek, hiri-periferien merkataritza eta aisialdirako erabilera intentsiboa sustatzen duenak ez bezala, aukera ematen du hirigintza jasangarriagoa izan dadin, ingurumenaren gaineko inpaktu txikiagoarekin -mugimena eta joan-etorriak murrizten direnez-, eta lagungarria da lurzoruaren eta lurraldearen erabilera zentzuzkoagoa egiteko.
Finean, hirietako jarduera ekonomikoa bultzatu eta sustatzeko arrazoiak mota askotakoak dira, eta ez dira mugatzen hertsiki merkataritzaren eta ekonomiaren alorretakoak diren zertzeladetara. Aipatutako arrazoi guztiak, hots, hirigintza bereizgarri bat eta hazkunde-eredu eta hiri-mugikortasun jasangarriagoak eta ingurumenaren gaineko inpaktu txikiagokoak garatzea, eta hirien berezko nortasunari eta are kohesio sozialari eustea ere, interes publiko nabariko arrazoiak dira, eta ongi justifikatzen dute ordain-betebehar bat ezartzea Sustapen Ekonomikorako Eremu batean ezarrita dauden ekonomia-jardueren titularrei, haren aurrekontua finantzatze aldera. Kasu honetan, bete egiten dira Konstituzio Auzitegiaren doktrinak ondare-prestazio publikoen ezarpenerako eskatzen dituen baldintza guztiak (besteak beste, urriaren 28ko 182/1997, abenduaren 13ko 233/1999 eta martxoaren 27ko 63/2003 epaietan finkatutako doktrina).
Nafarroako Foru Komunitateak eskumena du udalei gaikuntza emateko, zergaz kanpoko ondare-prestazio publiko hau ezarri ahal izan dezaten, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluaren 1. eta 3. apartatuetan ematen zaizkion eskumenen arabera, eta abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 48. artikuluan ezarritakoarekin bat, zeinak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen baitio bere lurraldeko toki ogasunen gaineko eskumena.
V
Foru lege honen egitura honakoa da: atariko titulu bat, bost titulu, hiru xedapen gehigarri eta bi azken xedapen.
Atariko tituluan xedapen orokorrak biltzen dira, arauaren xede, aplikazio-eremu eta helburuei buruzkoak.
I. tituluan Sustapen Ekonomikorako Eremuaren definizioa jasotzen da, haren izaera eta araubide juridikoa ezartzen dira eta haren helburu nagusiak azaltzen.
II. tituluan haren eraketarako prozedura arautzen da, eta modu demokratikoan egiten dela bermatzeko bideak ezartzen dira. Horrekin batera, Sustapen Ekonomikorako Eremu bat eratzeko baimena emateko eskumena esleitzen da, eta udalak eta eremu berriak nolanahi ere izenpetu beharrekoa duten hitzarmena arautzen da. Hitzarmen hori gobernantza-formula berri hau antolatzen duen tresna da, eta dituen eginkizunen artean nabarmentzen dira, besteak beste, Sustapen Ekonomikorako Eremuen jardun-mugartea zedarritzea -ez da bereganatu behar sektore publikoari dagokion eskumenik, eta sektore publikoaren ordezko gisa ere ez da jardun behar- eta aldeen arteko koordinaziorako tresna eraginkor gisa jardutea. Era berean, ezartzen da posible izanen dela udal-mugarte bat baino gehiagoko esparru geografikoak barne hartzen dituzten Sustapen Ekonomikorako Eremuak eratzea, edo eskualde batean kokatuta daudenak, eta horiek eratzeko prozeduraren berezitasunak jasotzen dira.
III. tituluan arautzen dira Sustapen Ekonomikorako Eremuen kudeaketa-organoak eta haien estatutuak. Horrez gainera, aurreikusten da kontsulta-foro bat sortzea, Sustapen Ekonomikorako Eremu bat egotearen eragina pairatzen duten guztien parte-hartzea bultzatzeko.
IV. tituluak Sustapen Ekonomikorako Eremuen finantza-baliabideak arautzen ditu; bereziki, eremuen jarduketaren onura jasotzen dutenek nahitaez ordaindu beharreko ekarpena, bai eta haien aurrekontua ere.
V. titulua aipatu eremuen indarraldiari eta balizko desegiteari buruzkoa da.
Azkenik, testuan hiru xedapen gehigarri eta bi azken xedapen jasotzen dira.
Lehenengo xedapen gehigarrian adierazten da administrazio publikoek, egoki iritziz gero, zilegi izanen dutela Sustapen Ekonomikorako Eremuak bultzatu eta ezagutarazteko neurriak onestea.
Bigarren xedapen gehigarria gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeari eskainia da.
Hirugarren xedapen gehigarrian foru lege honekin bat egiten duten 2030 Agendako helburuak jasotzen dira.
Azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen die, bai Nafarroako Gobernuari bai udalei, foru lege hau erregelamenduz garatzeko. Azken xedapenetako bigarrenak zehazten du arau hau noiz sartuko den indarrean.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, foru lege hau egitean aintzat hartu dira erregulazio onaren printzipioak, artikulu horretan jasotzen direnak. Zehazki, beharrarena eta eraginkortasunarena, proportzionaltasunarena eta segurtasun juridikoarena, bai eta gardentasunarena eta efizientziarena ere.
Azkenik, foru lege hau prestatzeko prozeduran zehar gardentasunaren printzipioa aintzat hartu da, Gardentasunari, informazioa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotako moduan.
ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazioeremua.
Foru lege honen xedea da ahalbidetzea Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan sustapen ekonomikorako eremuak sor daitezela, ekonomia dinamizatzeko, ekonomia-jarduerak gizarte eta ingurumen aldetik jasangarriak izan daitezen laguntzeko, enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta herritarrentzako ondasun- eta zerbitzu-hornidura hobetzeko.
2. artikulua. Arauaren helburuak.
Foru lege honen helburuak, besteak beste, honako hauek dira:
a) Jarduketa publiko-pribatuen garapena sustatzea, lagunduko dutenak hiri- eta landa-inguruneen erakarmena eta enpresen lehiakortasuna hobetzen eta enplegua sortzen.
b) Nafarroako udalerriek hirigintza-arloan dituzten erronka berriei heltzea eta hiri-deszentralizazioak dakartzan ingurumen-arazoei aurre egitea.
c) Lege-tresnak garatzea, ahalmena izanen dutenak besteak beste hirietako merkataritza-guneak, eremu turistikoak edo industrialdeak kudeatzeko moduan berrikuntza eta hobekuntza sustatzeko.
d) Lege-formula bat tankeratzea, finantzaketa egonkorra eta nahikoa lortzea ahalbidetuko duena, zona geografiko batean kokatuta dauden ekonomia-jardueren titularrek eta ondasun higiezin okupatugabeen jabeek -ondasun horiek etxebizitzetarako erabili ezin badira eta aipatu jarduerak hartzeko egokiak badira- nahitaez egin beharreko ekarpenen bidez.
e) Lege-tresna bat ezartzea, administrazio publikoek egin ditzaketen inbertsioen ordezkoa izanen ez dena, tokiko ekonomia indartzeko inbertsio gehigarriak faboratzeko eta, horrekin batera, enpresaburu eta profesionalei ahots bateratua emateko.
f) Ekimen eta kudeaketa pribatuko birgaikuntza-, berrikuntza- eta berroneratze-jarduketak faboratzea, udalekin elkarlanean.
g) Ikuspegi estrategiko bat bultzatzea eta toki-interes desberdinen arteko lankidetzarako eremu bat apailatzea, barne hartuko dituena ondasun higiezinen jabeak, profesionalak, enpresaburuak, agintariak eta toki-komunitateak.
I. TITULUA. SUSTAPEN EKONOMIKORAKO EREMUAK
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuak entitate pribatuak dira, udalek baimendutakoak, zona geografiko zedarritu eta jarraitu batean kokatutako ekonomia-jardueren titularrek eta okupatu gabeko ondasun higiezinen jabeek osatutakoak -baldin eta higiezin horiek ezin badira etxebizitzetarako erabili eta bai, ordea, jarduerak ezartzeko-. Helburu dute zona zehatz horren erakarmena eta lehiakortasuna hobetzea, jarduerak eginez eta zerbitzuak emanez, betiere udal-zerbitzu eta -jardueren osagarri.
2. Entitate horiek modu autonomoan kudeatzen dira eta finantza-erantzukizun berekiarekin jarduten dute.
4. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuak entitate pribatuak eta irabazi-asmorik gabekoak dira, eta nortasun juridiko berekia dute. Beren antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, foru lege honetan eta hau garatzen duten arauetan xedatutakoari lotuta daude, bai eta bakoitzaren estatutuek eta horien osagarri gisa zuzenbide pribatuko arauek xedatutakoari ere.
2. Sustapen Ekonomikorako Eremuek ez dute enpresaburu-ordezkaritzako eginkizunik beteko, eta, halaber, ez dira enpresaburuen elkarteen ordezko gisa arituko ordezkaritza- eta kontsulta-eginkizunetan.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuak eratuko dira xedetzat hartuta kokatzen diren zonaren garapen, erakarmen eta lehiakortasun ekonomikoa sustatzea. Bereziki, zilegi izanen dute besteak beste honako helburu hauek bilatzea:
a) Hiri-berroneratzea, zehazturiko eremuan dauden turismo, merkataritza edo industria arloko ekonomia-jardueren hobekuntzaren, dinamizazioaren eta garapenaren bidez.
b) Inbertsioak erakartzea, merkataritzako mix-a hobetzeko eta hutsik dauden lokalen kopurua gutxitzeko.
c) Ekitaldiak eta ikuskizunak antolatzea, eskaria erakartzeko, zona dinamizatzeko eta eremuaren marka-irudia taxutzeko.
d) Zonaren ingurumen-kalitatea, bertako mugimena eta jasangarritasuna hobetzea.
e) Gizarte-erantzukizun korporatiboa sendotzen laguntzen duten jarduerak egitea.
f) Emakumeen lan autonomoaren eta ikusgaitasunaren pizgarri diren jarduerak egitea.
g) Hiri-paisaiaren itxura hobetzea, ekintza gehigarriak eginez garbiketa, argiztatze, seinalizazio, apainketa edo altzariei dagokienez.
h) Zonako espazio publikoen eta establezimendu, lokal eta negozioen segurtasuna, genero-ikuspegia kontuan hartuta.
i) Beren kideei eta haien etengabeko prestakuntzari laguntzea, haiek beren jarduerak aurrera eramateari begira.
j) Kudeaketa partekatua egitea beren kideentzakoak diren zerbitzuetan, hala nola logistikan, salgai-banaketan, hornitzaileekiko harremanetan edo digitalizazioan.
k) Eremua biziberritzen eta garatzen laguntzen duen beste edozein helburu.
2. Sustapen Ekonomikorako Eremuek egindako jarduketak, betiere, administrazio publikoek aurrera eramandakoen osagarri edo gehigarri izanen dira eta, beraz, haiei batu ahalko zaizkie, baina haiek inola ere ordeztu gabe; eta bideratuta egonen dira kasuko eremuaren lurralde esparruan kokatuta egon, ekonomia-jardueren edo ondasun higiezinen titular izan eta ekarpenak egiteko betebeharra duten pertsonei.
II. TITULUA. EREMUAK ERATZEKO PROZEDURA
6. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko ekimena.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremu bat eratzeko ekimena bereizgabeki dagokie zona horretako ekonomia-jardueren titularrei nahiz etxebizitzetarako erabili ezin baina ekonomia-jarduera baten kokaleku gisa ordea erabili ahal diren ondasun higiezin okupatugabeen jabeei. Ekimena baliatzen duten pertsona guztiak sustapen batzordearen kide izanen dira.
2. Ekimena udalari zuzendutako eskaera baten bidez formalizatu beharko da, gutxienez agiri hauek ere erantsita:
a) Sustapen batzordeko kideen identifikazioa, bai eta jakinarazpenak egiteko haien helbidea ere.
b) Eremu geografikoaren zedarritze zehatzaren eta bideragarritasun ekonomikoaren justifikazio-oroitidazkia.
c) Jarduketa-planerako lehen proposamen bat, non jasoko baitira indarraldirako aurreikusitako jardueren deskribapena eta aurrekontu proiektu zehaztu bat, bien bideragarritasunari buruzko justifikazio-oroitidazki batekin batera.
d) Entitatearen estatutuak izanen direnetarako lehen proposamen bat.
e) Udalarekiko hitzarmena izanen denerako lehen proposamen bat.
Zilegi izanen da erregelamenduz zehaztea aurreko apartatuan aipatzen den dokumentazioaren edukia, bai eta, beharrezkoa balitz, dokumentazio gehigarriren bat eranstea ere. Toki entitateak tasa bat ezartzen ahalko du eskaeraren tramitaziorako eta sustapen batzordeari Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko behar den informazioa emateko.
3. Udal ordenantza baten bidez zehaztuko dira zentsuaren eraketa eta eman behar zaion publizitatea, bai eta haren aurkako erreklamazioak aurkezteko prozedura eta horien ebaztea ere.
4. Tramitatze-eskaerak ez baditu betetzen artikulu honen 2. apartatuan eskatzen diren baldintzak, udalak sustapen batzordeari eskatuko dio zuzen dezala akatsa edo beharrezkoak diren agiriak erants ditzala hamar egun balioduneko epean, adieraziz ezen, hala egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela bere eskaeran, eta prozedura amaitutzat emanen dela, aurretik ebazpena jaulkita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Udalak, gehitzen den dokumentazioa egiaztatu ondoren, erabaki hauetako edozein hartuko du, eskaera aurkezten denetik hilabeteko epean:
a) Tramitera ez onartzea eskaera, eta halatan, espedientea artxibatzea, arrazoi hauetakoren batengatik:
Lehena. Ekimenak ez duelako behar besteko kaudimen ekonomiko, finantzario edo teknikorik.
Bigarrena. Zona geografiko berean edo horren zati batean jadanik badagoelako edo lehenagotik proposatu delako Sustapen Ekonomikorako beste Eremu bat, zeinaren jarduketa-planak jarduera eta helburu berak baititu, halako moldez non ikusten ahal baita antzeko helburua duela.
Hirugarrena. Behar bezala arrazoitutako egokitasun- eta komenigarritasun- arrazoiak direla eta.
b) Tramitera onartzea eskaera, eta horren eskutik, Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko prozedurari jarraipena ematea, hurrengo artikuluetan ezarritakoarekin bat.
6. Eskaera aurkezten denetik hilabeteko gehieneko epea iragan bada esanbidezko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaera hori administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertuko da.
7. Sustapen Ekonomikorako Eremu bat eratzeko prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa da.
7. artikulua. Eratzeprozedura.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko prozedura tramitera onartzen denetik hilabeteko epean, udalak eskueran daukan informazioa sustapen batzordeari emanen dio, identifikatze aldera ekonomia-jardueren titularrak eta zonan dauden ekonomia-jardueren kokagune izan bai baina etxebizitza gisa erabili ezin diren ondasun higiezin okupatugabeen jabeak.
2. Sustapen batzordeak, informazio hori jasotzen eta hiru hilabeteko gehieneko epean, frogatu beharko du ekimenak esanbidezko aldezpen hauek dituela, zeinetan adierazten baita adostasuna dagoela eraketarekin, proposatutako jarduketa-planarekin eta aurrekontuari diru-ekarpena egiteko betebeharrarekin:
- Berrogeita hamar ekonomia-jarduera edo ondasun higiezinera bitarteko eremuetan, aipatutako jardueren edo ondasunen titularren gutxienez ehuneko 50en aldezpena.
- Berrogeita hamar ekonomia-jarduera edo ondasun higiezinetik ehunera bitarteko eremuetan, aipatutako jardueren edo ondasunen titularren gutxienez ehuneko 35en aldezpena.
- Ehun eta bat ekonomia-jarduera edo ondasun higiezinetik bostehunera bitarteko eremuetan, aipatutako jardueren edo ondasunen titularren gutxienez ehuneko 25en aldezpena.
- Bostehun ekonomia-jarduera edo ondasun higiezin baino gehiago dituzten eremuetan, aipatutako jardueren edo ondasunen titularren gutxienez ehuneko 15en aldezpena.
3. Aldezpen hori frogatzen denetik hasita hamar egun balioduneko epean, udalak lantalde bat sortuko du, zeinaren kide izanen baitira udal ordezkariak, sustapen batzordeak hautatzen dituen pertsonak eta beste administrazio publiko batzuen ordezkariak, haien eskumenak ukituta suerta baldin balitezke.
Lantalde horrek proposamen bat prestatu beharko du, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren jarduketa-planarena eta aurrekontuarena. Lantaldeak, halaber, udalak eta Sustapen Ekonomikorako Eremuak izenpetu beharko duten lankidetza-hitzarmenerako proposamen bat taxutu beharko du, zeinean zehaztuko baitira aldeetako bakoitzak hartzen dituen konpromisoak eta foru lege honen 10. artikuluan zehazten diren zertzelada guztiak.
Agiri horiek Sustapen Ekonomikorako Eremuaren sustapen batzordearen onespena izan beharko dute. Onespen hori ez bada ematen lantaldea lanean hasi eta hiru hilabeteko epean, udalak ezetsi eginen du eskaera.
4. Lantaldearen proposamena onetsita dagoelarik, udalak udal zerbitzu eskudunei eskatuko die kasuko txosten nahitaezkoa jaulki dezatela hilabeteko epean, zeinak gai hauei buruzko irizpena adierazi beharko baitu:
a) Jarduketa-planean jasotako ekintzek interes orokorrekin duten bateragarritasuna, zaindurik aurreikusitako jarduketa pribatuek ez dutela esku-sartzerik egiten eskumen publikoetan; halaber, haien bideragarritasuna, bai eta proiektuak aurreikusten duen zona geografikoarena ere.
Txostenean egokitasun arrazoiak jasotzen ahalko dira, Sustapen Ekonomikorako Eremua onestea komeni ez dela justifikatzen dutenak.
b) Jarduketa-plana exekutatzeko aurreikusten den aurrekontuaren eta horrek behartuko dituen nahitaezko ekarpenen zentzuzkotasuna eta bideragarritasuna.
c) Proposatutako hitzarmenaren legezkotasuna.
5. Udalak, txostenak eskuratuta eta udal autonomiaren printzipioarekin bat, libreki eta arrazoiak emanez erabakiko du Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eraketa onestea ala ezestea.
6. Aldeko nahitaezko txostena emana izan eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun balioduneko gehieneko epean, udalaren osoko bilkurak beharko du behin-behineko onespena erabaki, toki araubidearen alorreko araudian ezarritako prozedurarekin bat; ondoren, prozedurarako dei eginen du, proposamena berrets dezaten Sustapen Ekonomikorako Eremuan sartuta dauden ekonomia-jardueren titularrek eta etxebizitzarako erabiliak izan ezinik ekonomia-jardueren kokaleku izateko modukoak diren ondasun higiezin okupatugabeen jabeek.
8. artikulua. Berrespenprozesua.
1. Udalak jendaurrean jarriko du, gutxienez ere hogeita hamar egun balioduneko epean, behin-behinekoz onetsi diren jarduketa-planerako proposamena, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren indarraldi guztirako aurrekontua eta hitzarmena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta bere egoitza elektronikoan iragarpena egin ondoren, eta berariaz adierazita ezen berrespen-prozesuan parte hartzen dutenek eskubidea dutela Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eraketaren aurka agertzeko. Udalak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, bermatze aldera jendaurrean jartzen den dokumentazioaren ezagutarazpen ahalik handiena egin dadin jendartean, bitarteko elektronikoak eta beste hedabide batzuk erabiliz.
Horrez gain, udalak jendaurrean jarri den dokumentazioaren berri emanen die ordainketa-betebeharra hartzen dutenei. Berri-emate hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraituz eginen da.
2. Honako hauek zilegi izanen dute berreste-prozesuan parte hartzea: Sustapen Ekonomikorako Eremua eratuz gero haren aurrekontua finantzatzeko ekarpena ordaintzera beharturik daudenek, foru lege honen 21. artikuluaren 1. apartatuarekin bat. Horiei guztiei, sustapen batzordeak jakinarazi beharko die jendaurreko informazioaren epea ireki dela, epe hori hasi baino hamabost egun baliodun lehenago, gutxienez.
Berrespen-prozesuan parte har dezaketenek udalari eskatzen ahalko diote informazio banakatua eman diezaiela, kasua bada ordaindu beharrekoa izanen duten ekarpenaren zenbatekoari buruzkoa.
3. Baldin berrespen-prozesuan parte har dezaketenen %25ek, zeinek beren nahitaezko ekarpenekin entitatearen aurrekontuaren %40 osatu behar baitute, adierazten badute eremuaren eraketaren aurka daudela, udalak ezetsi eginen du sustapen batzordearen eskaera.
Aurkako jarrera ez bada portzentaje horretara iristen, Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko proposamena onartu eginen da.
9. artikulua. Eratzeko baimena.
1. Udalak egiaztatu ondoren Sustapen Ekonomikorako Eremurako proposamena egokiro berretsi dela aurreko artikuluan adierazitako baldintzetan, jendaurreko informazioaren tramitea amaitu eta berrespen-prozesua bukatzen denetik gehienez hogeita hamar egun balioduneko epean baimena emanen da entitatearen eraketarako, udalaren osoko bilkurak hartutako aldeko erabakiaren bidez.
Baldin eta osoko bilkurak eraketa errefusatzen badu, ulertuko da ezen Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eraketa ukatzearekin amaitu egin dela prozedura.
2. Baldin osoko bilkurak erabakitzen badu Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzea, eratze-biltzar bat eginen da. Horretarako, sustapen batzordeak modu fede-emailean, egiaztatuta eta banaka jakinarazi beharko die foru lege honen 21. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako ekarpena ordaintzeko betebeharra dutenei zein egun eta tokitan eginen den eraketa-ekitaldia, eta orobat jakinaraziko die entitatearen kide izateko eskubidea dutela, hala nahi badute.
Entitatea eratzeko erabakia formalizatuko da osoko bilkurak hartutako aldeko erabakiaren jakinarazpen-egunetik kontatutako bi hilabeteko epean, eratze-biltzarrak hautatutako pertsonek egiletsitako eskritura publiko baten bidez. Betiere jaso beharko ditu honako hauek:
a) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren izena eta helbidea.
b) Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzen duten kideen identitatea; hau da, entitatearen aurrekontua finantzatzeko ekarpena ordaintzera behartuta egon eta haren kide izateko borondatea adierazten dutenena.
c) Sustapen Ekonomikorako Eremu bat eratzeko borondatearen berrespena.
d) Entitatearen estatutuak, zeinen edukiak bete egin beharko baititu 19. artikuluko manuak.
e) Entitatearen gobernuaren eta ordezkaritzaren lehenbiziko eta behin-behineko ardura duten pertsonen hautaketa.
f) Eratze-ondarea.
g) Eratze-akta zein egunetan eta non egiletsi den, eta e) letran aipatzen diren pertsonen sinadura.
10. artikulua. Hitzarmena.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremua eratuta dagoelarik, udalak entitatearekiko lankidetza-hitzarmena formalizatuko du hogeita hamar egun balioduneko gehieneko epean.
2. Udalaren eta Sustapen Ekonomikorako Eremuaren artean izenpetutako hitzarmenak lankidetza-hitzarmen izaera du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluaren 2. apartatuko c) letran jasotako baldintzetan.
3. Gutxienez lege horren 49. artikuluan aipatzen diren gaiak jasoko ditu, eta zehaztu eginen ditu zertzelada hauek behintzat:
a) Hitzarmena izenpetzen duten alderdien identifikazioa eta haien ordezkari jarduten duten pertsona fisikoena, sexuaren arabera desagregatutako datuekin.
b) Sustapen Ekonomikorako Eremuak zer jarduketa egiteko konpromisoa hartzen duen, bai eta udalarekiko lankidetzaren modalitateak ere, halaber adierazita urtealditan nola banatzen diren eta haien aurrekontu-egozpena.
c) Udalak kasua bada bere gain hartutako betebeharrak eta konpromiso ekonomikoak.
d) Udalak Sustapen Ekonomikorako Eremuaren organoetan parte hartzeko modua.
e) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren erabakien, urteko kontuen eta jarduketen gainean udalak kontrola egiteko formulak, horrek ezertan galarazi gabe aplikatzekoak diren toki araubideko legeek udalari esleitzen dizkioten eskumenak.
f) Aldeetako bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzearen ondorioak, eta, kasua bada, ez-betetze horren ondoriozko balizko kalte-ordaina zehazteko irizpideak.
g) Hitzarmen-betetzearen bai eta aldeek beren gain hartutako konpromisoen betetzearen gaineko jarraipen, zaintza eta kontrolerako bideak, zeinen bitartez ebatziko baitira interpretazioaz eta betetzeaz sor daitezkeen arazoak, ezertan galarazi gabe auzitara eramandako aferen gainean administrazioarekiko auzien ordenako jurisdikzio-organoek daukaten eskumena.
h) Hitzarmena aldatzeari buruzko araubidea.
i) Hitzarmenaren eta Sustapen Ekonomikorako Eremuaren azkentzerako arrazoiak, eta horren ondorioak entitatearen likidazioari eta abian diren jarduketen amaierari dagokienez.
j) Hitzarmenaren indarraldia, zeina ez baita bost urte baino gehiagokoa izanen.
2. Hitzarmenak eranskin hauek izanen ditu:
a) Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzea onesten duen udal-erabakia. Udal-mugarte batean baino gehiagotan hedatzen diren Sustapen Ekonomikorako Eremuen kasuan, ukitutako udal guztiek hartutako onespen-erabakiak.
b) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eratze-akta, zeinak entitatearen estatutuak jasoko baititu.
c) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren jarduketa-plana.
d) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren aurrekontua, haren indarraldi baimendu osorakoa.
11. artikulua. Publizitatea.
1. Baimena ematen duen udal-erabakia eta sinatutako lankidetza-hitzarmena jakinarazi eginen zaizkie Sustapen Ekonomikorako Eremua finantzatzeko ekarpen nahitaezkoa ordaintzeko betebeharra dutenei. Gainera, agiri horiek sei hilabetez egonen dira argitaratuta udalaren atari elektronikoan, eta interesdun guztien eskura egonen dira beti, eratutako entitatearen egoitzan eta udal-bulegoetan.
Jakinarazpenean berariaz adieraziko da ezen ekarpena ordaintzera behartuta daudenek eskubidea dutela, baina ez betebeharra, Sustapen Ekonomikorako Eremuko kide izateko.
2. Gardentasuna bermatzearren, Sustapen Ekonomikorako Eremuak bere atari elektronikoan honakoak emanen ditu argitara: entitatearen urteroko aurrekontuak, urteroko jarduera-oroitidazkia eta kudeaketa-organoen osaera, ezertan galarazi gabe betebehar horiek erregelamenduz ugaritzea.
3. Zilegi izanen da erregelamenduz Nafarroako Sustapen Ekonomikorako Eremuen erregistro bat sortzea, haien antolaketari, prozedurari, funtzionamenduari eta publizitateari buruzko gaiak arautuko dituena.
4. Dokumentazio, jakinarazpen, erregistratze eta antzeko guztiak egitean kontuan hartuko da hizkera inklusiboa erabili behar dela, bai eta genero-estereotipo eta -rolik errepikatzen ez duten irudiak ere.
12. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremu bat udalez gaindiko eskualde geografikoetan eratzeko prozedura.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremua eratzeko aurreikusi den eskualde geografikoan udalerri bat baino gehiago baldin badago, sustapen batzordeak populazio handieneko udalari aurkeztuko dio bere eskaera, eta udal hori arduratuko da gainerakoekin koordinatzeaz prozedura hasi aurretik egin beharreko jarduketak, foru lege honen 6. artikuluan jasotakoak.
2. Foru lege honen 7. artikuluan aurreikusitako lantaldean udal ukitu guztien ordezkariak egonen dira, eta, kasua bada, eskualdearenak. Lantaldeak jarduketa-planaz, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren aurrekontuaz eta lankidetza-hitzarmenaz aurkezturiko proposamena udal bakoitzeko osoko bilkurari aurkeztuko zaio, baimendua izateko. Guztiek beharko diote baietza eman Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eraketari. Haietakoren batek hala egiten ez badu, sustapen batzordeak zilegi izanen du bere eskaera berriz aurkeztea baietza eman duten udalei, baina Sustapen Ekonomikorako Eremutik kanpo utzita ezezko erabakia hartu duen udalari dagokion eskualde geografikoa. Betiere, hitzarmen bakarra izenpetuko da ukitutako toki entitateen eta entitate pribatuaren artean.
3. Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean aurreikusitako eskualdeak eratuak izan ondoren, ukitutako udal guztiak biltzen dituen eskualdeak hartuko ditu bere gain artikulu honen 1. apartatuan populazio handieneko udalari esleitzen zaizkion koordinazio-zereginak.
III. TITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA
1. Sustapen Ekonomikorako Eremua organo hauek kudeatuko dute:
a) Batzar Nagusi batek.
b) Zuzendaritza Batzorde batek.
c) Kudeatzailetza batek.
2. Estatutuetan, edo Batzar Nagusiak gehiengoz erabakita, beste gobernu organo gehigarri batzuk ezartzen ahalko dira.
3. Sustapen Ekonomikorako Eremuko organoek printzipio demokratikoa errespetatuz hartuko dituzte erabakiak.
14. artikulua. Batzar Nagusia.
1. Batzar Nagusia entitatearen gobernu-organo gorena da, eta haren kide dira honako hauek:
a) Foru lege honen 21. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusten diren ekarpenak ordaintzeko betebeharra edukirik beren borondatez entitatearen kide izatea erabakitzen dutenak, baldin eta erabaki hori entitatearen eraketan adierazita geratzen bada, edo Batzar Nagusiaren partaide izateko erabaki espresa Zuzendaritza Batzordeko Idazkaritzari jakinarazten bazaio. Azken kasu horretan, haien kide-izaera automatikoki aitortua izanen da hurrengo batzar arruntean edo berezian; betiere, aipatutako jakinarazpena egin eta gutxienez hilabete igaro bada. Kide bakoitzak 23. artikuluan adierazitakoaren arabera Sustapen Ekonomikorako Eremuan dagokion partaidetza-kopurua adina boto izanen ditu.
b) Ukitutako administrazio publikoen ordezkariak, hitzarmenean ezartzen diren kopuruan eta ahalmenekin.
2. Batzar Nagusiaren bilkurak arruntak eta bereziak izanen dira. Bilkura arrunta urtean behin eginen da, ekitaldia itxi ondoko lau hilabeteko epearen barrenean, entitatearen aurrekontuak eta urteko kontuak onesteko. Bilkura bereziak, berriz, eginen dira kasuko inguruabarrengatik lehendakariaren iritziz komeni direnean, edo Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean, edo entitatearen kideen hamarrenak horretarako proposamen idatzia egiten duenean.
3. Entitatearen estatutuetan zehaztuko dira batzarrak egiteko arauak, deialdia egiteko epeak eta publizitatea, erabakiak hartzeko behar diren gehiengoak, eta haien funtzionamendu normalerako beharrezkoa den beste edozein zertzelada.
4. Batzar Nagusiak honako ahalmen hauek izanen ditu:
a) Zuzendaritza Batzordearen kideak hautatzea edo kargutik kentzea.
b) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onestea.
c) Aurrekontuak eta urteko kontuak aztertu eta onestea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Ondasunak xedatu edo besterentzea.
f) Entitatea berritzeko proposamena onestea.
g) Entitatea desegitea.
h) Estatutuetan edo foru lege hau garatzeko arauetan ematen zaion beste edozein eskumen.
15. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.
1. Zuzendaritza Batzordea kide anitzeko organo bat da, eta berari dagokio Sustapen Ekonomikorako Eremuaren kudeaketa. Estatutuetan ezarriko da haren osaera, baina beti izanen ditu honakoak:
a) Lehendakari bat eta idazkari bat.
b) Estatutuek zehazten dituzten batzordekideak, zeinek ordezkatuko baitituzte nahitaezko ekarpenak ordaintzeko betebeharra dutenak.
c) Ukitutako administrazio publikoen ordezkari den pertsona bat gutxienez, hitzarmenean ezartzen denaren arabera, zeinek interes publikoak zainduko baititu.
2. Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak ordainik gabekoak izanen dira, ezertan galarazi gabe haien eginkizunak betetzeak ekarritako gastuen konpentsazioa. Batzar Nagusiari dagokio kargudunak hautatu nahiz kargutik kentzea, eta haien agintaldiaren iraupena estatutuetan ezarriko da.
3. Zuzendaritza Batzordea lehendakariak erabakitzen duen guztietan bilduko da, bai eta kideen herenaren ekimenez edo horiek eskatuta ere. Batzordea eratuta egonen da lehendakaria, idazkaria eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean. Batzordearen erabakiak baliodunak izateko, botoen gehiengoaz hartu beharko dira, salbu eta estatutuetan edo hitzarmenean gehiengo osoak ezartzen direnean erabaki jakin batzuk hartzeko. Bozketan berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoa kalitatekoa izanen da.
4. Arau orokor gisa, Zuzendaritza Batzordearen ahalmenek barne hartuko dituzte Sustapen Ekonomikorako Eremuaren helburuek berezko dituzten egintza guztiak, non eta ez den behar, estatutuen arabera, Batzorde Orokorraren berariazko baimenik.
Zuzendaritza Batzordearen ahalmen partikularrak dira:
a) Entitatearen jarduera sozialen zuzendaritzaz eta kudeaketa ekonomiko eta administratiboaz arduratzea, eta zer kontratu eta egintza egin behar diren erabakitzea.
b) Batzar Nagusiaren erabakiak exekutatzea.
c) Entitatearen kudeatzailea hautatzea.
d) Aurrekontuak eta urteko kontuak egin eta Batzar Nagusiari aurkeztea, onets ditzan.
e) Beste edozein ahalmen, Batzar Nagusiaren eskumen esklusibokoa ez dena.
16. artikulua. Lehendakaria.
1. Lehendakaria zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoa da. Batzar Nagusiak aukeratuko du bere kideen artetik, Sustapen Ekonomikorako Eremuan dauden ekonomia-jardueren titularren arteko sufragio unibertsalaren bidez. Haren agintaldiaren iraupena estatutuetan ezarriko da.
2. Honakoak dira lehendakariaren eskudantziak:
a) Sustapen Ekonomikorako Eremua legez ordezkatzea mota guztietako erakunde publiko edo pribatuen aurrean.
b) Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak egiten dituzten bilkuretarako deialdia egitea, bilkura-burutza egikaritzea eta bilkurak bukatutzat ematea. Halaber, bietako eztabaiden zuzendaritza.
c) Ordainketak agintzea eta bere sinaduraren bitartez baimentzea agiriak, aktak eta gutunak.
d) Entitatearen funtzionamendu egokirako komeni den edo bere jarduerak betetzeko beharrezkoa edo komenigarria den presako neurri oro hartzea, horrek galarazi gabe geroago horren berri ematea Zuzendaritza Batzordeari.
17. artikulua. Kudeatzailea.
1. Kudeatzailea Batzarraren eta Zuzendaritza Batzordearen erabakiak exekutatzeaz arduratzen den organoa da, eta entitatearen administrazio arrunteko eginkizunak betetzen ditu.
2. Kudeatzaile lanak pertsona fisiko nahiz juridiko baten esku uzten ahalko dira, profesionaltasun eta esperientzia frogatuak baditu, betiere.
3. Kudeatzailea Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bilkuretan egonen da, hizpidearekin baina botorik gabe.
4. Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Entitatearen urteko aurrekontua eta urteko kontuak egitea.
b) Entitatearen kudeaketari buruzko urteko oroitidazkia prestatzea.
c) Jarduketa-plana inplementatzea eta Sustapen Ekonomikorako Eremuaren intereseko jarduketa-plan eta -programak proposatzea.
d) Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak bere gain uzten dituen edo eskuordetzen dizkion gainerako eginkizun eta funtzioak.
18. artikulua. Partaidetzarako kontsultaforoa.
Sustapen Ekonomikorako Eremuak kontsulta-foro bat eratu beharko du eremuaren jarduketek eta kudeaketak ukitzen dituzten guztien partaidetza sustatzeko. Foroaren funtzionamendua eta osaera hitzarmenean garatuko dira, eta bere kideen artean ordezkariak izanen dituzte kudeatutako eremuko langileek, enpresek, ondasun higiezinen jabeek eta bizilagunek.
19. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren estatutuak.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren estatutuak foru lege honetan xedatzen denera egokitu beharko dira, eta gutxienez honako zertzelada hauek jaso beharko dituzte:
a) Entitatearen izena, non nahitaez jaso beharko baitira "Sustapen Ekonomikorako Eremua" hitzak edo "SEE" siglak, entitate-mota honentzat esklusiboak izanen direnak.
b) Sozietate-xedea, zeinak barne hartuko baitu jardunaren xede den lurralde-esparruaren garapena, erakarmena eta lehiakortasun ekonomikoa sustatzea.
c) Sozietate-egoitza.
d) Iraupena.
e) Jardunaren lurralde-esparrua.
f) Sustapen Ekonomikorako Eremuaren gobernu-organoen araubidea, zeinak zehaztuko baititu osaera, eginkizunak, iraupena, jarduteko prozedurak, erabakietan behar diren gehiengoak, boto-eskubidea eta kideen bermeak.
g) Entitatearen baliabide ekonomikoen aipamena.
h) Entitatearen kideak onartu, haiei baja eman eta haiek kanporatzeko baldintzak, helburuak eta prozedura.
i) Estatutuak aldatzeko prozedura.
j) Sustapen Ekonomikorako Eremua desegin eta likidatzeko arrazoiak eta prozedura, bai eta entitatea desegiten bada geratzen den ondarearen erabilerari buruzko aurreikuspena ere.
k) Foru lege honek edo bera garatzen duen araudiak ezartzen duen beste edozein betekizun.
2. Lehenbiziko estatutuak nahitaez onetsi beharko dira foru lege honen 9. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako eratze-batzarrean.
3. Estatutuak barne-araubideko erregelamenduen bidez garatzen ahalko dira.
IV. TITULUA. FINANTZAKETA
20. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremuen baliabide ekonomikoak.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuek baliabide hauek izanen dituzte nagusiki:
a) Foru lege honen 21. artikulutik 26. artikulura bitartekoetan arautzen diren nahitaezko ekarpenak.
b) Administrazio publikoen dirulaguntzak eta laguntza publikoak.
c) Borondatezko ekarpenak eta dohaintzak.
d) Etekinak, heldutakoak Sustapen Ekonomikorako Eremua finantzatzeko ekarpenak ordaintzeko betebeharra dutenei edo hartan beren borondatez sartu eta finantzaketarako ekarpen bat beren borondatez egiten dutenei ez beste inori ematen ahal dizkien zerbitzuetatik.
e) Etekinak, beren ondarearen ustiapenetik lortuak.
2. Aurreko apartatuan jasotako baliabideetatik datozen diru-sarrerak nahitaez beharko dira erabili eremuek berezko dituzten jarduerak aurrera eramatean egiten dituzten gastuak ordaintzeko. Debekaturik dago kideen artean banatuak izatea.
3. Aurreko apartatuko a) letran aipatzen diren ekarpenen bitartezko diru-sarrerekin ordaindu beharko da, gutxienez ere, aurrekontuan Sustapen Ekonomikorako Eremuaren indarraldi osorako aurreikusi diren gastuen zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamar.
4. Sustapen Ekonomikorako Eremuak bere gainontzeko diru-sarreretatik bereizirik kontabilizatu eta kudeatu beharko ditu ekarpen horietatik datozen diru-sarrerak. Zenbateko horiek, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren gainerako diru-sarrerak bezala, nahitaez erabili beharko dira jarduketa-planean ezarritako helburuetarako eta haren funtzionamendu-gastuetarako, udalarekin izenpetutako hitzarmenean jasotzen den aurrekontuaren arabera.
5. Sustapen Ekonomikorako Eremuek ondare berekia izan dezakete.
21. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremuak finantzatzeko nahitaezko ekarpenak.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremu baten eraketa baimentzen duten udalek ezarriko dute ezen lokal zehatz batean eginak izanda eremu horren mugartean dauden ekonomia-jardueren titular guztien betebeharra dela horren aurrekontuaren finantzaketan laguntzea. Eremu horretan dauden eta ekonomia-jarduerak hartzeko egoki diren ondasun higiezinen kasuan, ondasun horiek okupatu gabe baldin badaude eta ezin bazaie etxebizitza-erabilerarik eman, ondasun horien jabe direnek ere ekarpena ordaintzeko betebeharra izanen dute.
Nahitaezko ekarpenaren ordainarazpena ordenantza bidez onetsi beharko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko I. kapituluko 3. atalean ezarritako moduan.
2. Ekarpen hori zergaz bestelako ondare-prestazio publikoa da, Espainiako Konstituzioaren 31. artikuluaren 3. apartatuarekin eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita hamargarren xedapen gehigarriarekin bat.
3. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren finantzaketarako ekarpen horiek egiteko betebeharrak ez du bere horretan ematen Sustapen Ekonomikorako Eremuaren kide izaerarik. Ekarpena ordaintzeko betebeharra edukirik Sustapen Ekonomikorako Eremuaren kide izan nahi duten horiek foru lege honen 14. artikuluaren 1. apartatuaren a) letran ezartzen den prozeduraren bidez formalizatu beharko dute alta.
22. artikulua. Salbuespenak.
Nahitaezko ekarpena ordaintzetik salbuetsirik daude ekonomia-jardueren gaineko zergatik salbuetsirik daudenak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150. artikuluaren 1. apartatuaren a), b), c), d), e) eta f) letretan ezarritako baldintzetan, bai eta, oro har, gazte-, kirol-, gastronomia- eta kultura-elkarteak ere.
23. artikulua. Ekarpena ordaintzeko betebeharra.
1. Ekarpena ordaintzeko betebeharra dute pertsona fisiko nahiz juridikoek, jaraunspen jasogabeek, ondasun-erkidegoek eta bestelako erakundeek baldin, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomikoa edo ondare banandua badira, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren jarduketen onura berezia jasotzen dutenak.
Onura berezia jasotzen duten pertsona edo entitatetzat honako hauek joko dira:
a) Sustapen Ekonomikorako Eremu baten eskualde geografikoan dagoen lokal zehatz batean ekonomia-jarduera bat aurrera eramaten dutenak, higiezinaren jabe izan nahiz ez izan.
b) Eremu horretan egon eta ekonomia-jardueretarako modukoak izan bai baina etxebizitza-erabilerarik hartu ezin duten higiezin okupatugabeen jabe direnak.
2. Ordaintzeko betebeharra duen pertsona bakoitzak partaidetza-kopuru bat izanen du Sustapen Ekonomikorako Eremuan, eta hura kalkulatuko da kontuan hartuz ekonomia-jarduera aurrera eramateko erabiltzen diren edo jabetzapean dauden ondasun higiezinek, eremuaren lurraldean daudenek, katastroaren arabera duten azalera eraikia, eskala honi jarraituz:
AZALERA PARTAIDETZAK | BOTOAK |
A” 300 m² | 1 |
300 m²”A”500 m² | 1,5 |
500 m²”A”800 m² | 2 |
800 m²”A”1.300 m² | 2,5 |
1.300 m²”A”1.800 m² | 3 |
1.800 m²”A”3.000 m² | 3,5 |
3.000 m²”A”5.000 m² | 4 |
5.000 m²”A”10.000 m² | 4,5 |
A”10.000 m² | 5 |
3. Azaleraren kalkulurako ez dira kontuan hartuko aparkalekuetarako eremuak.
4. Nafarroako Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean xedatutakoaren arabera izaera kolektiboa duten eta banakako 50 establezimendu baino gehiago dituzten establezimenduek, unitate bat bezala kudeatzen badira, foru lege honen ondorioetarako izanen duten tratamendua izanen da katastroaren arabera 10.000 m² baino gehiagoko azalera eraikia duten ondasun higiezinena; eta beraz, 5 partaidetza egokituko zaizkie.
5. Ekonomia-jardueraren titularrak edo lokal okupatugabe baten jabeak bat baino gehiago direnean, denek izanen dute ekarpena ordaintzeko betebehar solidarioa.
6. Ekonomia-jarduera baten titular batek berak establezimendu bat baino gehiago baldin badu, ekarpen desberdinak ordaindu beharko ditu establezimendu bakoitzeko, berdin delarik horiek jarduera bererako erabiliak izatea nahiz enpresa-unitate bakarraren osagai izatea.
7. Jarduerari uzteagatik baja ematen bada, titularra aldatzen bada, jardueran alta ematen bada, edo lokala okupatzen nahiz desokupatzen bada, jardueraren titular berria edo okupatu gabeko higiezinaren jabea subrogatu eginen da ekarpena ordaintzeko betebeharra zeukan aurreko pertsonaren posizioan, urte naturala bukatu arte geratzen den denboraren proportzioan.
8. Foru lege honen ondorioetarako, ekonomia-jardueratzat jotzen dira lokal zehatz batean eginak izan eta ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar dutenak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritako baldintzetan.
24. artikulua. Kuantifikazioa.
1. Partaidetza bakoitzeko egin beharreko nahitaezko ekarpenen zenbatekoa honakoa izanen da: eremuak bere indarraldi osorako duen aurrekontu globala, zeina ekarpen horien bidez estali behar baita, erreserba-funtserako paratzen den zenbatekoarekin batzetik eratorritako emaitza zerekin eta aipaturiko Sustapen Ekonomikorako Eremua osatzen duten partaidetzen kopuruarekin zatituz suertatzen den zatidura.
2. Titular bakoitzak ordaindu beharrekoa izanen da nahitaezko ekarpenaren zenbatekoa bider hari dagokion partaidetza-kopurua eginda ateratzen den zenbatekoa. Zenbateko horren gainean aplikatuko dira, kasua bada, hurrengo apartatuan jasotzen diren zuzenketa-koefizienteak edo 25. artikuluan aurreikusitako hobariak.
3. Baldin zuzenketa-koefiziente edo hobari horiek aplikatzearen ondorioz diru-sarrerak gutxitzen badira, hainbesteraino non ez diren iristen 1. apartatuan aipatutako baturaren kopurura, gutxitze hori adinako zenbateko bat hainbanatuko da hobaririk gabeko edo koefiziente bidez zuzendu gabeko partaidetza guztien artean, horrela ekarpen horien zenbatekoa handiturik.
4. Ekarpenaren kalkulurako, udalek, hitzarmenean adostutakoaren arabera, koefizienteak ezar ditzakete, honakoa ponderatzeko:
a) Lokalak Sustapen Ekonomikorako Eremuaren jarduketa-eskualde geografikoan duen kokaleku fisikoa, haren jarduketek eta zerbitzuek ekarriko dioten onura aintzat hartuz.
b) Lokaletik bide publikoraino iristeko dauden metro linealak.
Koefiziente horiek ezin dira izan 0,4 baino txikiagoak, ez eta 2 baino handiagoak ere.
Udalek hobari hauek ezar ditzakete:
a) Ehuneko ehunerainokoak, ongintzako edo interes orokorreko xedeak dituzten jardueren kasuan.
b) Ehuneko berrogeita hamarrerainokoak, ekonomia-jarduerak hartzeko egoki diren higiezin okupatugabeen kasuan. Hobari hori ehuneko hirurogeiraino handitzen ahalko da baldin higiezin horien jabeek lagundu egiten badute merkataritza-espazioa hobetzeko ekimenetan.
c) Ehuneko berrogeita hamarrerainokoak jarduera batean aritzearen lehen urtean, eta ehuneko hogeita bosterainokoak bigarren urtean, ekintzailetza babestearen kontzeptuan.
d) Ehuneko ehunerainokoak, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren xedearen eta horren jarduketa-planaren onurarik jasoko ez duten ekonomia-jarduerentzat edo halako ekonomia-jarduerak hartzeko egoki diren ondasun higiezinentzat.
26. artikulua. Ordainketa.
1. Ekarpenaren zenbateko osoa, 24. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatua, urteko kuotatan hainbanatuko da, Sustapen Ekonomikorako Eremuaren indarraldi-urte naturalei dagozkienak. Kuota ordaintzea udalak ordenantza bidez ezartzen duen maiztasunaz eskatzen ahalko da.
2. Udalak ordenantza bidez ezarriko du kuota-ordainketa eska dakien jarduera ekonomikoak hartzeko egoki izan, etxebizitzarako erabiliak izan ezin eta Sustapen Ekonomikorako Eremuaren eskualde geografikoan kokatuta dauden ondasun higiezinen titularrei, zeinek, kasua bada, jasanarazi beharko baitiete 23.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera ordainketa-betebeharra dutenei.
27. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremurako ekarpenen kudeaketa, bilketa eta aurkaratzea.
1. Udalak kudeatu eta bilduko ditu nahitaezko ekarpenak Sustapen Ekonomikorako Eremuaren kontura, horiek ezartzen dituen udal ordenantzan ezarritako baldintzetan.
2. Udalak Sustapen Ekonomikorako Eremuari emanen dizkio bildutako ekarpenak, eta kopuru bat gordetzen ahalko du beretzat, kudeaketak eta bilketak eragin dizkion gastuen konpentsazio gisa. Kopuru hori ez da izanen bildutako guztizko zenbatekoaren %5 baino gehiagokoa.
3. Baldin Sustapen Ekonomikorako Eremuak, indarraldia bukatzean, ez badu gastatu kontzeptu horretan jasotako kopuruen zenbateko osoa, udalari itzuli beharko dio soberakina. Udalak, interes orokorra zainduta, Sustapen Ekonomikorako Eremu azkenduaren helburuetakoren bat bultzatu eta sustatzeko erabili beharko ditu funts horiek.
4. Sustapen Ekonomikorako Eremuak finantzatzeko nahitaezko ekarpenen kudeaketa eta bilketa ekarpen horiek ezartzen dituen udal ordenantzan xedatutakoari lotuko zaizkio.
5. Ekarpen horien ezarpena justifikatzen duten interes publikoak aintzat hartuta, haien zorrak premiamenduko administrazio prozedura erabiliz exijitzen ahalko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako baldintzetan.
Kasua bada jasotzen diren berandutze-interesen zenbatekoa Sustapen Ekonomikorako Eremuari emanen zaio.
6. Ekarpen hori kudeatu eta biltzeko egintzak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan ezarritako moduan aurkaratzen ahalko dira.
28. artikulua. Sustapen Ekonomikorako Eremuen aurrekontua.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuak behartuta daude beren jarduna bat etorraraztera eratu ziren unean beren indarraldi osorako onetsi zen aurrekontuarekin.
2. Aurrekontuko gastuen egoera-orrian zehaztu beharko dira Sustapen Ekonomikorako Eremuak egin asmo dituen gastu guztiak, behar bezala xehakatuak. Bereziki aipatzekoa da jaso beharrekoak direla 21. artikulutik 26. artikulura bitarte arautzen diren ekarpenekin estaliko diren gastuak.
3. Aurrekontuko diru-sarreren egoera-orrian zehaztu beharko dira Sustapen Ekonomikorako Eremuaren gastuak estaltzeko aurreikusten diren diru-sarrera guztiak, behar bezala xehakatuak. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren jarduketa-planak argi azaldu beharko du nola finantzatuko diren nahitaezko ekarpenen bidez estaliko ez diren gastuak, bai eta beste finantzatze-aukera batzuk ere, aurreikusten diren dirulaguntzak edo laguntza publikoak azkenean ez lortzearen kasurakoak.
4. Erreserba-funts bat eratuko da, kasu hauetarako: ohiz kanpoko kontingentziak; jarduketa-planean jasotako neurrien kostu-igoerak; eta nahitaezko kuotetatik aurreikusten diren diru-sarreren jaitsiera, gertatua kuota-ordainketaren berandutzeagatik, ordainketa osoa egin ez izateagatik edo erabateko ez-ordainketagatik, bai eta eremuan sartuta dauden ekonomia-jardueren edo ondasun higiezinen egoera aldatu izateagatik ere.
Baldin eta ekonomia-jardueren edo ondasun higiezinen egoera aldatu izatearen ondorioz diru-sarrerek gora egiten badute, zenbateko horiek erreserba-funtsari gehituko zaizkio.
Erreserba-funtsaren zenbatekoak nahikoa izan beharko du estali behar dituen kontingentziei aurre egiteko.
5. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren Batzar Nagusiak urtero onetsi beharko du ekitaldi ekonomiko bakoitzerako aurrekontua, Zuzendaritza Taldeak proposatua. Sustapen Ekonomikorako Eremuak bere jarduera doitu beharko du ekitaldi bakoitzerako onetsitako aurrekontura.
6. Sustapen Ekonomikorako Eremuek fundazioen eta babesletza-jardueren gaineko araudian aurreikusten diren kontabilitate- eta aurrekontu-betebeharrak bete beharko dituzte.
Sustapen Ekonomikorako Eremuen urteko kontuei kanpo-auditoretza eginen zaie parte hartzen duten toki entitateetakoren batek hori eskatzen duenean edo haien diru-sarreren urteko zifraren zenbateko garbia 150.000 euro baino gehiagokoa denean.
V. TITULUA. INDARRALDIA ETA AMAIERA
29. artikulua. Indarraldia.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremuen indarraldia hamar urtekoa izanen da, salbu eta hitzarmenean iraupen laburragoa ezartzen bada. Epe hori iraganik, zilegi izanen da Sustapen Ekonomikorako Eremuaren indarraldia luzatzea, Batzar Nagusiari horri buruzko kontsulta egin ondoren. Beharrezkoa izanen da diru-ekarpena ordaintzera behartuta dauden pertsona guztiei jakinaraztea Sustapen Ekonomikorako Eremuaren indarraldiaren luzapena aztertuko den Batzar Nagusiaren deialdia.
2. Batzar Nagusiaren erabakia luzapenaren aldekotzat joko da baldin eta, batzar horretan gehiengo soila lortzeaz gain, ez badira aurka agertzen ekarpena egitera behartuta dauden guztien % 25, zeinek, gainera, gutxienez aurrekontuaren % 40 ordezkatzen baitute. Baldin eta Batzar Nagusiaren erabakia luzapenaren aldekoa bada, erabaki hori hilabeteko epean berretsi beharko da, Udaleko Osoko Bilkuraren erabaki bidez.
30. artikulua. Desegitea eta likidazioa.
1. Sustapen Ekonomikorako Eremua bere borondatez deseginen da, xede horrekin deitutako Batzar Nagusi bereziak hala erabakitzen duenean bertaratutako edo ordezkatutako pertsonen gehiengo kalifikatua tarteko.
2. Desegitea automatikoki gertatuko da likidazio-fasea irekitzen denean, entitatea konkurtsoan deklaratu ondoren.
3. Udalak, osoko bilkuraren erabakiz, entitateari entzunaldia eman ondoren, entitate pribatuarekiko lankidetza-hitzarmena azkenduko du arrazoi hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Onetsitako jarduketa-plana bete izana, edo hura burutzeko ezintasun nabarmena.
b) Entitatearen indarraldia bukatu izana hura luzatzeko prozesua hasi gabe, edo hasi zenetik sei hilabete baino gehiago igaro direlarik prozesua amaierara iritsi gabe egotea.
c) Lankidetza-hitzarmeneko konpromisoen edo horren helburuen ez-betetze astun eta errepikatua, behar bezala frogatua.
d) Estatutuetan edo ordenamendu juridikoan ezarritako beste edozein arrazoi.
4. Estatutuetan ezarritako prozedurak arautzen duen moduan Batzar Nagusiak eremuaren desegitea deklaratu ondoren, likidazio-batzorde batek gauzatu beharko du entitatearen likidazioa, legez ezarritako prozedura baliatuta. Zorrak ordaindu ondoren, soberakin likidoa, nahitaezko ekarpenetatik datozen kopuruak kenduta, entitatearen irabazi-asmorik ezaren kontrakoak ez diren helburuetarako erabiliko da.
5. Sustapen Ekonomikorako Eremuaren desegiteak eta likidazioak berekin dakarte foru lege honetako 21. artikuluan jasotako diru-ekarpena egiteko betebeharraren azkentzea.
Lehenengo xedapen gehigarria. Sustapen Ekonomikorako Eremuak eratu eta hobetzeko laguntzak.
Administrazio publikoek zilegi izanen dute komenigarritasun eta une-egokitasun printzipioekin bat Sustapen Ekonomikorako Eremuak bultzatu eta ezagutarazteko neurriak onestea.
Bigarren xedapen gehigarria. Emakumeen eta gizonen berdintasuna.
Nafarroako Foru Komunitateak bere egindako genero-berdintasunaren balioarekiko koherentziaz, inklusiboa eta ez-sexista da foru lege honetan erabiltzen den hizkera. Foru lege honetan genero maskulinoan egiten diren izendapen guztiak, ezin izan direnean termino generikoekin ordeztu, genero femeninoan ere eginak direla ulertuko da, berdintasun zorrotzean efektu juridikoei dagokienez.
Sustapen Ekonomikorako Eremuek dituzten ordezkaritza-, kudeaketa- edo zuzendaritza-organoetako parte-hartzeak emakumeen eta gizonen arteko orekaren printzipioa errespetatuko du, indarreko araudian xedatzen denarekin bat.
Hirugarren xedapen gehigarria. 2030 Agendako helburuak.
Nafarroako Foru Komunitateak Garapen Jasangarriaren aldeko 2030 Agendaren esparruan bere gain hartutako konpromisoarekiko koherentziaz, foru lege honek bat egiten du agenda horretan ezarritako helburuekin eta, bereziki, 8. helburuarekin ("lan duina eta hazkunde ekonomikoa"), 11. helburuarekin ("hiri eta komunitate jasangarriak") eta 12. helburuarekin ("ekoizpen eta kontsumo arduratsuak").
Azken xedapenetako lehena. Erregelamenduzko garapena.
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak jaulkitzeko.
Udalek erabakiko dituzte, kasua bada, beharrezkoak diren alderdi substantibo eta prozedurako guztiak; batez ere, Sustapen Ekonomikorako Eremuak eratzeko prozedura, berreste-prozedura, zentsuaren eraketa, publizitatea eta Sustapen Ekonomikorako Eremua baimentzeko udal erabakia.
Era berean, ezarriko dituzte Sustapen Ekonomikorako Eremuen finantzaketarako nahitaezko ekarpenen zenbatekoa kalkulatzeko beharrezkoak diren arauzko xedapenak.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.