(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

353E/2024 FORU AGINDUA, AZAROAREN 13KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO "ERIZAINTZAKO PROZEDUREN LANTALDE TEKNIKOA" SORTZEN DUENA

BON N.º 253 - 16/12/2024



Atariko

2000ko irailean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak oinarrizko osasun laguntza eta laguntza espezializatua koordinatzeko plana onetsi zuen, besteak beste, sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko, bi laguntza maila horietako profesional klinikoen arteko etengabeko harremanean oinarrituta, eta une bakoitzean lehentasunezkotzat jotzen diren arlo klinikoak edo espezialitateak hobetzeko planak prestatze aldera.

Zainketek, Arreta Integraleko Planaren zeharkako eta funtsezko osagaia baitira, beharrezko egiten dute laguntza maila guztietako eta osasun barruti bakoitzeko erizaintzako profesionalen arteko koordinazioa, gogoan izanik helburu nagusia arretaren kalitatea ziurtatzea dela, pazientearen beharretan zentratuta, arreta zatikatu gabe, praktikaren aldakortasuna ahal beste murriztuz eta osasun laguntzaren jarraitutasuna indartuz.

Erizaintzako prozedura bat tresna praktiko, eraginkor eta eskuragarria da, funtsezko mekanismoak ezartzen dituena erizaintzako arreta arloen garapen operatiborako eta zainketa zuzenerako. Profesionalei beharrezko ezagutzak ematen dizkie, paziente bakoitzari ahalik eta kalitate handieneko arreta emateko modu seguruan eta eraginkorrean. Jarduerak modu ordenatuan gidatzeko ezinbesteko tresnatzat jotzen dira, haiei esker lortzen baita ahaleginen bikoiztasuna saihestea, baliabideen aprobetxamendua optimizatzea eta erabiltzaileari ematen zaizkion zainketak arintzea. Alde horretatik, bilatzen da prozeduren egiturak zehatz-mehatz isla dezala egiten diren berariazko jarduerak, barnean hartuta gauzatzea bera, jarraipena eta jardunaren ebaluazioa, bai eta horretarako erabiltzen diren bitartekoak ere. Bestalde, eguneratzeko eta hobetzeko prozesua ere jaso behar dute, prozedurak berrikusteko bideak berak sinplifikatuz.

Sistemako profesional guztiak proposatutako arreta eredu berrian engaia daitezen, beharrezkoa da antolamendu egokia ezartzea, zabalkundea emateko eta prestakuntzarako estrategia egokia planifikatu eta garatzea, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesional klinikoen arteko etengabeko harremana ziurtatzea.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko buruaren txostena.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Erizaintzako Prozeduren Lantalde Teknikoa" eratzea.

2. Honako pertsona hauek osatuko dute "Erizaintzako Prozeduren Lantalde Teknikoa":

- Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko erizain bat. Lantaldeko buru gisa arituko da.

- NOUko Zainketen Kalitate eta Informazio-sistemetarako Erizaintza Unitateko burua.

- Oinarrizko Osasun Laguntza ordezkatuko duen erizain bat, haren kudeatzailetzak izendatua.

- Reina Sofía ospitalea ordezkatuko duen erizain bat, haren kudeatzailetzak izendatua.

- García Orcoyen ospitalea ordezkatuko duen erizain bat, haren kudeatzailetzak izendatua.

- Osasun Mentalaren Sarea ordezkatuko duen erizain bat, haren kudeatzailetzak izendatua.

3. Honako eginkizun hauek izanen ditu "Erizaintzako Prozeduren Lantalde Teknikoa"k:

- Pazienteei ematen zaien arreta etengabe hobetzera bideratutako laguntza-kultura berria sustatzea, profesionalen arteko komunikazioa eta harremanak erraztuz.

- Erizainen erabakimena hobetzen laguntzea jarduera eremu guztietan.

- O-NOZen prozedura komunen katalogoa sortzea eta eguneratua izatea, eskura dauden ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, erizaintzako praktika klinikoaren aldakortasuna ahal beste murrizteko.

- Inplikatutako profesional guztiek katalogoa ezagutzen dutela eta eskura dutela bermatzeko behar diren ekintzak diseinatu eta ezartzea.

- Erizaintzako ikerketa sustatu eta laguntzea arlo honetan.

- Emaitzak ebaluatzeko adierazleak zehaztea.

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzak berariaz agintzen dion beste edozein.

4. Bere kideen artean aukeratutako pertsona bat izendatuko da lantalde teknikoaren idazkari, lantalde teknikoaren buruak proposatuta.

5. Lantalde teknikoak egoki jotzen diren aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du.

6. Lantalde teknikoa honako arau hauek gobernatuko dute: lantaldearen beraren barne funtzionamendurako arauak eta kide anitzeko organoentzat ezarritako jarraibideak, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasota daudenak.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzura igortzea eta interesdun guztiei jakinaraztea.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web