(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

352E/2024 FORU AGINDUA, AZAROAREN 13KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUN DEPARTAMENTUKO KOORDINAZIO SOZIOSANITARIOARI LAGUNTZEKO BATZORDEA SORTZEN DUENA

BON N.º 253 - 16/12/2024



Atariko

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuak, 11. artikuluan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari atxikitzen dio Koordinazio Soziosanitarioaren figura, eta 13. artikuluan ezartzen ditu haren eginkizunak.

Eginkizun horiek hobeto betetzeko, beharrezkotzat jotzen da figura berri horrek laguntza tresna egonkor bat izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19. artikuluan aurreikusten diren lan batzordeetako baten bidez, laguntza eman dezan koordinazio hori egiteko izendatutako pertsonaren zereginetan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Osasun Departamentuko Koordinazio Soziosanitarioari Laguntzeko Batzordea sortzen da. Lantalde horren helburua izanen da Osasun Departamentuan izendatutako koordinatzaile soziosanitarioaren zereginetan laguntzea, hau da, Osasun Departamentuaren sare soziosanitarioaren koordinazio estrategikoko eta gobernantzako eginkizunetan eta, halaber, pertsonarengan zentratutako arretaren inguruko antolaketa aldaketak bultzatzekoan eta esleituak dituen gainerako eginkizunetan.

2. Honako eginkizun hauek izanen ditu Osasun Departamentuko Koordinazio Soziosanitarioari Laguntzeko Batzordeak:

a) Koordinatzaile soziosanitario izendatutako pertsonari aholku ematea, osasungintzako antolamenduaren barneko osasun laguntzako eremu eta maila guztien ikuspegia emanez.

b) Estrategia soziosanitarioaren ezarpena indartzea Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan.

c) Osasun laguntzako eta osasun laguntzaz kanpoko eremu eta maila bakoitzean egiten ari diren arlo soziosanitarioko ekimen eta jarduketen berri ematea aldian-aldian, haien artean sinergiak sortzeko.

d) Herritarrentzako arreta soziosanitarioa hobetzeko ezartzen diren diziplina anitzeko eta maila arteko protokolo eta adostasun teknikoak sustatzea, eta erabili eta garatzen direla ziurtatzea.

e) Kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren arreta soziosanitarioko modalitate berriak sar daitezen bultzatzea, emaitzen ebaluazioa errazten duten informazioa erregistratzeko sistemak barne.

f) Herritarren premia soziosanitarioen estaldura hobetzeko jarduerak bultzatzea.

g) Eremu bakoitzean garatzen diren arlo soziosanitarioko programak, prozedurak eta protokoloak zeharkakotzea eta homogeneizatzea, eta haien arteko koherentzia bermatzea.

h) Arlo soziosanitarioan aurreikusitako programen eta ekintzen ezarpen mailaren jarraipena egitea.

i) Estrategia soziosanitarioaren jarraipenerako urteko txostena egitea.

j) Neurri zuzentzaileen ezarpena bultzatzea eta ziurtatzea, eta neurri horien bilakaera monitorizatzea, abian jarritako programek, protokoloek eta prozedurek behar bezala funtziona dezaten.

k) Arlo soziosanitarioan beharrezkotzat jotzen diren irakaskuntza jarduerak identifikatzea eta garatzen laguntzea.

l) Arlo soziosanitarioko azterlanak eta ikerketak sustatzea eta horietan laguntzea.

m) Arlo soziosanitarioan egindako jarduerak zabaltzea osasungintzako antolamenduaren barneko eremu eta maila guztietan, osasun laguntzakoetan eta osasun laguntzaz kanpokoetan.

n) Koordinatzaile soziosanitario izendatutako pertsonak agintzen dizkion beste guztiak, betiere Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen arlo soziosanitarioko jarduketen antolaketa, jarduera, emaitzak eta kalitatea hobetze aldera.

3. Honako hauek osatuko dute Osasun Departamentuko Koordinazio Soziosanitarioari Laguntzeko Batzordea:

a) Osasun Departamentuko koordinatzaile soziosanitario izendatutako pertsona. Batzordeburua izanen da.

b) Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko Arreta Soziosanitarioaren Ataleko burua. Idazkaria izanen da.

c) Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako bi ordezkari, etxeko eta komunitateko arlo soziosanitarioko eta egoitzetako arlo soziosanitarioko eskumenak dituztenak, hurrenez hurren, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak izendatuak.

d) Lizarrako Osasun Barrutiko ordezkari bat, arlo soziosanitarioko eskumenak dituena, Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak izendatua.

e) Tuterako Osasun Barrutiko ordezkari bat, arlo honetako eskumenak dituena, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak izendatua.

f) Osasun Mentaleko ordezkari bat, arlo honetako eskumenak dituena, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak izendatua.

g) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ordezkari bat, arlo honetako eskumenak dituena, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzak izendatua.

h) Osasunaren sustapeneko ordezkari bat, osasun publikokoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzak izendatua.

4. Osasun Departamentuko Koordinazio Soziosanitarioari Laguntzeko Batzordeak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, egokitzat jotzen bada.

5. Osasun Departamentuko Koordinazio Soziosanitarioari Laguntzeko Batzordeak, batzordeburuaren eta idazkariaren bitartez, batzordean egiten diren lan guztien berri emanen die inplikatutako kudeatzailetzei, gutxienez hiru hilean behin.

6. Batzordea arautuko dute: foru agindu honek, batzordearen barne funtzionamenduko arauek eta 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzako ematen diren jarraibideek (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web