46/2024 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 2KOA, LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAN HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN AITORTZARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA
BON N.º 178 - 02/09/2024
ERANSKINA. NAFARROAN HERRITARREN PARTEHARTZEAREN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN AITORTZARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea garatzeko konpromisoa hartu du, batetik, demokratizatzeko eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa delako eta, bestetik, laneko metodologia bat delako, aukera ematen duena elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko gobernantza publikoaren funtsezko baliabideak diren aldetik.
Nafarroako Gobernu Irekiaren I. Planean (2021-2023), konpromisoak eta neurriak jasotzen dira herritarren parte-hartzeari buruzko prestakuntzarako, sentsibilizaziorako, informaziorako, aitortzarako eta sustapenerako ekintzak sustatzeko. Esparru horretan, aurreikusten da gobernu irekiaren arloko jardunbide egokiak aitortzea, eta herritarren parte-hartzea da arlo horretan jasotako eremuetako bat.
Aipatutako plan horretan aurreikusitako neurrietako bat da herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortzak egitea.
Hala, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren urriaren 20ko 44/2017 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko, 2016. eta 2017. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako ekimenengatik; Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 23ko 198/2019 Foru Aginduaren bidez, beste deialdi bat onetsi zen Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko, 2018. eta 2019. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako ekimenengatik; eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren apirilaren 4ko 71/2022 Foru Aginduaren bidez, beste deialdi bat onetsi zen Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortza egiteko, 2020. eta 2021. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako ekimenengatik.
Orain, bidezkoa da 2022. eta 2023. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egin diren ekimenen aitortza egitea.
Bat etorriz Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen 45.e) artikuluan xedatutakoarekin, herritarren parte-hartzearen arloan espezializatua dagoen unitateari dagokio herritarren parte-hartzeari buruzko prestakuntzarako, sentsibilizaziorako, informaziorako, aitortzarako eta sustapenerako ekintzak sustatzea.
Horregatik, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du deialdi publiko bat formalizatzea aitorpen hori lortu nahi duten hautagaitzak aurkeztea sustatzeko.
Horrenbestez, aztertu ondoren espedientean bildu den Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren proposamen-txostena, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroan herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokien aitortzarako deialdia egitea, honako hauei zuzendua: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak (banaka edo mankomunaturik), tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak; betiere, 2022. eta 2023. urteetan herritarrek parte hartzeko ekimenen bat egin badute.
2. Aitortzarako deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean bildu dira.
3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Aitortzarako deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
ERANSKINA. NAFARROAN HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN AITORTZARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2022. eta 2023. urteetan herritarren parte-hartzearen arloan egindako jardunbide egokien aitortza egitea.
2. Deialdi honen ondorioetarako, herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokitzat honako baldintza hauek betetzen dituen esperientzia hartuko da:
- Aipatutako urteetan bukatua izatea eta emaitzak ebaluatuak izatea.
- Demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta bitartekoak eskaintzea.
- Oinarri hauen 3. atalean zehaztutako xedeetako batzuk betetzea.
- Deialdi honen bigarren oinarrian zehaztutako kalitate irizpideen %60 behintzat betetzea.
- Gutxienez 70 puntu lortzea.
3. Aipatutako aitortzarekin herritarren parte-hartzearen arloko jardunbide egokiak saritu nahi dira, deialdi honetara aurkeztu eta helburu hauetako batzuk betetzen badituzte:
- Herritarrak indartzea Nafarroako gizartearen arazoei erantzun instituzionalak edo sozialak emateko, herritarrei eskubide gehiago emanda, eta baita demokrazian aritzeko askatasun eta ardura berriak ere.
- Proposamenak egitea, dinamizatzea eta/edo bermatzea Nafarroako administrazio publikoek esku hartu dezaten eta hausnarketa eta ekintza guneak sor daitezen herritarrak eta gizarte entitateak elkartu eta inplikatzeko ondasun amankomunen defentsan, tokiko eta herrialdeko garapen jasangarrian eta gure erkidegoaren elkarbizitzaren hobekuntzan.
- Gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, eta baita botere publikoen zilegitasuna eta horiengan herritarrek duten konfiantza ere, parte-hartzea, deliberazio publikoa eta gardentasuna laguntzen duten ekintzak bultzatuz erabaki hauek hartzerakoan: planak, programak, araudiak, zerbitzu publikoen kudeaketa, bai eta politika publikoen ebaluazioa ere.
- Berdintasun maila handiagoak lortzea, inplikatutako eragile guztiak barne hartuta, haien ahalmenak indartuta eta gizarte berdinzaleagoa, justuagoa eta inklusiboagoa sortuta.
- Berrikuntza soziala sustatzea eta baita garapenera eta gizarte arazoak konpontzera bideratutako enpresa arloko I+G+Ba ere, interesa duten edo ukitutako eragile instituzionalekin eta gizarte eragileekin batera diseinatua eta garatua.
- Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.
- Parte-hartzearen mesedetan herritarrak heztea, sentsibilizatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.
Bigarrena. Kalitate eta hautagarritasun irizpideak eta puntuazioa.
Epaimahaiak irizpide eta puntuazio hauen arabera baloratuko ditu aurkezten diren proiektuak:
1. Berrikuntza: berrikuntzatzat jotzen dira herritarren parte-hartzea hobetzen duten esperientziak, ezohiko parte-hartze tresnen bidez eta normalean gutxi parte hartzen duten edo gizartean baztertuak gelditzeko arriskuan dauden biztanleria sektoreen parte-hartzea hobetuz (15 puntu).
2. Erabilitako plangintza eta metodologiak: plangintzatzat jotzen da arrazionalki antolatutako eta elkarren artean lotutako urratsen multzo bat ezartzea, nahi diren emaitzak lortzeko, esku-hartze eremu bakoitzerako metodologia egokienak erabiliz (10 puntu).
3. Herritarren erantzukidetasuna eta inplikazio aktiboa proiektuaren garapenean (elkarteen bidez antolaturik ala ez) (10 puntu).
4. Aliantzak eta sareak sortzea inplikatutako eragile instituzionalen eta/edo gizarte eragileen artean (5 puntu).
5. Ingurunearen gaineko eragina eta ingurunearen aldaketa: aurretik ezarritako helburuen lorpena eta jarduketaren eremuan lortutako eragin behagarria (10 puntu).
6. Transferitzeko modukoa izatea: esperientzia baten osagaiak beste testuinguru batean errepikatu ahal izatea, arrakasta izateko aukera handiekin (10 puntu).
7. Jasangarritasuna eta generoa: inguruneko alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak kontuan hartzen dituzten esperientziak, jarraitutasuna izan dezaten, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun irizpideak ere. Era berean, beharrezkoa da geroan ere garapena izatea eta bere aplikazioan eraginkorra izaten jarraitzea. (10 puntu).
8. Informazioa itzultzea: parte-hartze prozesuaren faseetako informazioa emateko ezarrita dauden mekanismoak; bereziki, lortutako azken emaitzen eta hartutako konpromisoen berri ematekoak (10 puntu).
9. Proiektua garatzean, efizientziaz erabiltzea baliabideak (giza baliabideak, ekonomikoak eta materialak).
10. Ebaluazioa: hartutako neurriak ebaluatzeko sistema, eta jarduera horiek aurreikusitako helburuetan izandako ondorioak kontrolatzeko sistema, helburuak eta neurriak berriz definitzeko, behar izanez gero (10 puntu).
Deialdi honetan parte har dezake nortasun juridiko propioa duen edozein entitate edo erakundek, multzo hauetako kidea bada: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak banaka edo mankomunatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak.
Laugarrena. Aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak.
Deialdi honetan aurreikusitako aitortzak ebazteko kategoria hauek ezarri dira:
- Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan Nafarroako Gobernuko departamentuentzat eta/edo haren enpresa publikoentzat.
- Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan toki entitateentzat.
- Aitortza publikoa parte-hartze sozialaren arloan tokiko ekintza taldeentzat, unibertsitate eta ikerketa taldeentzat, ikastetxeentzat, fundazioentzat, GKEentzat, herritarren erakunde eta elkarteentzat, lanbide elkargoentzat, sindikatuentzat eta hedabideentzat.
- Aitortza publikoa parte-hartze sozialaren arloan enpresa pribatuentzat, enpresa elkarteentzat eta kooperatibentzat.
Kategoria bakoitzean epaimahaiak egoki irizten dion adina aitortza eman ditzake, gehienez 3 kategoriako, eta bete gabe uzten ahalko da aitortzaren kategoriaren bat edo denak, arrazoitutako erabaki baten bidez, irizten duenean bakar batek ere ez duela hori merezi, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Bosgarrena. Aitortzaren edukia.
Epaimahaiak hautatutako ekimen edo esperientzia parte-hartzaileak egin dituzten entitateek honako ordain publikoak jasoko dituzte:
- Emandako aitortza egiaztatzen duen diploma jasotzea.
- Hautatutako jardunbide egokia aurkeztea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak antolatuko duen aintzatespen jardunaldian.
- Aitortza jasotzen duen jardunbide egokia Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak kudeatuko duen Parte-hartzearen Jardunbide Egokien Bankuko partaide izanen da eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren web-orrian argitaratuko da.
Seigarrena. Administrazioaren konpromisoak.
1. Aitortza kudeatu eta baloratzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonek konfidentzialtasunari eutsiko diote egiten diren ebaluazioen emaitzei dagokienez.
2. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak deialdiaren oinarriei buruzko informazioa emanen du tramiteen katalogoko fitxan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/herritarren-parte-hartzearen-arloko-jardunbide-egokien-aitortza
1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaia honako hauek osatuko dute: Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, epaimahaiburu gisa arituko dena; Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusia, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria edo hark eskuordetutako pertsona, Nafarroako unibertsitateek proposatutako ordezkari bat eta Nafarroako Soziologia eta Politologia Elkargoak proposatutako ordezkari bat.
Idazkari lanak Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atalaren ardura izanen dira.
2. Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen II. tituluko IV. kapituluan jasotako arauekin.
3. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan izanen ditu deialdi honen hirugarren oinarrian azaldutako kalitate eta hautagarritasun irizpideak.
4. Epaimahaiak proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak posta elektroniko bat emanen du.
5. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari, aitortzaren kategoria bakoitzari buruzko erabakiarekin batera.
Zortzigarrena. Hautagaitzak aurkeztea.
1. Herritarren parte-hartzearen arloan 2022. eta 2023. urteetan egindako jardunbide egokien aitortza jasotzeko asmoz beraien esperientziak eta ekimenak aurkeztu nahi dituzten entitateek tramiteen katalogoan txertatu den fitxan ezarritako formatua erabili beharko dute horretarako. Behar den informazioa osatzeko asmoz, interesgarritzat jotzen diren eranskinak bidaltzeko gonbidapena egiten zaie (irudiak, bideoak, argitalpenak, dokumentuak...).
2. Proposamenak telematikoki aurkeztuko dira hiru aukera hauetako edozeinen bidez:
- Tramiteen katalogoan prestatu den fitxa: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/herritarren-parte-hartzearen-arloko-jardunbide-egokien-aitortza.
- Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzura zuzenduta; berariaz jaso beharko da "Herritarren Parte-hartzearen arloko Jardunbide Egokien Aitortza 2022-2023".
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa
- Posta elektronikoa, helbide honetara: participacionciudadana@navarra.es.
Mezuaren gaian, hauxe adieraziko da berariaz: "Herritarren Parte-hartzearen arloko Jardunbide Egokien Aitortza 2022-2023".
3. Proiektuak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bederatzigarrena. Deialdia onartzea.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten hautagai guztiak haien mende jartzea.
Hamargarrena. Gorabeherak eta ustekabeak.
Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherei buruz eta oinarriotan ezarrita ez dauden kasuei buruz.