(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

17/2024 FORU LEGEA, AZAROAREN 8KOA, NAFARROAN ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEARI BURUZKO MAIATZAREN 10EKO 10/2010 FORU LEGEA ALDATZEN DUEÑA

BON N.º 233 - 18/11/2024



HITZAURREA

Foru lege honen bidez erdietsi nahi den helburua da gure araudia eguneratzea etxebizitzarako eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak xedatzen duenera, "tentsiopeko merkatuaren zonalde" deklarazioari dagokionez, halatan ahalik denbora laburrenean garatzearren etxebizitza-politikako tresna hori, Nafarroan etxebizitza bat eskuratzeko dagoen zailtasun gero eta handiagoa dela-eta; batez ere, alokairuzko etxebizitzaz denaz bezainbatean.

Horrela lortu nahi da etxebizitzak erosteko nahiz alokatzeko eragiketei emandako babesa hobetzea, prozesuari segurtasuna eta bermeak emateko beharrezkoak diren gutxieneko informazio batzuk xedatuz, informazio eguneratuaren eta datu ofizialen bitartez bai errentatzaile eta errentariak babestuz, bai eta merkatu horretan esku hartzen duten eragileen multzoa ere.

Horren guztiaren bitartez oreka bat sostengatu nahi da, tentsiopeko etxebizitza-merkatukotzat definituriko zonetako etxebizitza-eskaintzaren eta ohiko egoitza ezinbestean zona horretan edukitzeko premiaren artean, egoera hori botere publikoetatik alderantzikatzeko beharrezkoak diren tresnak, plangintza eta neurriak sustatuz.

Horretarako proposatzen da maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzea, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzkoa.

Artikulu bakarra. Aldatzea Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea.

97. artikulua aldatzen da, halako moldez non testu hau izanen baitu:

"97. artikulua. "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklaratzea.

1. Nafarroako Gobernuan etxebizitza-alorreko eskumenak dituen departamentuak zilegi izanen du eremu jakin batzuk "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklaratzea, egoki diren urrats publikoak bideratze aldera, herritarrei etxebizitzarako duten eskubidearen egikaritze efektiboa erraztuko dietenak, abiapuntutzat harturik prezio ordainerrazeko etxebizitzen eskuragaiztasunerako arriskua, eta kontuan izanik suertatzen diren lurralde-premia desberdinak.

2. "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklaratzeko, honako arau hauei jarraituko zaie:

a) Deklarazioaren aurretik, prestatze-prozedura bat beharko da, bideratuta egonen dena deklarazio horren xede den eremuko etxebizitza-merkatuaren egoerari buruzko informazioa lortzera, zenbait adierazle barne harturik, hala nola mota desberdinetako etxebizitzen alokairu- eta salmenta-prezioenak eta horiek denboran zehar izandako bilakaerarenak, eta etxebizitzetan bizi diren familien errenta erabilgarriaren mailarenak eta horrek denboran zehar izandako bilakaerarenak, halatan eta etxebizitza-prezioekin batera neurtu ahal izatearren familiek etxebizitza duin eta egokia eskuratzeko egin beharra daukaten ahalegin ekonomikoaren bilakaera.

b) Gero, informazio-izapide bat eginen da, zeinaren bidez jendaurrean paratuko baita deklarazioa oinarritzeko asmoz erabili nahi den informazio guztia, barne direla populazioaren eta familien espazio-banaketari, egiturari eta dinamikari buruzko azterlanak, bai eta eskaintzaren eta etxebizitza-prezio eta -moten araberako zonifikazioa ere, edo beste edozein azterlan, modua emanen duena gizarte- eta lurralde-kohesioari kalte egiten dioten desorekak eta bereizketa sozioespazialeko prozesuak agerian jarri edo prebenitzeko. Informazio publikoaren izapidea gauzatuko da Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian informazioa bi hilabetez jendaurreratuz, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta. Epe horretan, herritarrek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte.

c) Lurralde-eremu baten "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklarazioa etxebizitza-alorrean eskudun den Nafarroako Gobernuko departamentuaren titularraren foru agindu bitartez eginen da, zeina arrazoituta egon beharko baita aipagai harturik eremu horretako etxebizitza-merkatuak bere edozein modalitatetan ohiko etxebizitzarako eskaria egokiro eta betiere zentzuzko prezioan asetzeko dituen akats edo eskastasunak, gogoan izanik bai nolako egoera sozioekonomikoan dagoen bertako egoiliar den biztanleria, bai eta zein diren dinamika demografikoak ere, eremu bakoitzaren lurralde-berezitasunak aintzat hartuta. Indarrean sartzeko, beharrezkoa izanen du "Nafarroako Aldizkari Ofizial"ean argitaratua izatea. Jakinarazi eginen zaio etxebizitza-alorrean eskudun den ministerioari.

3. "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklaraziorako beharrezkoa izanen da oroitidazki batek hori datu objektiboen bitartez justifikatzea, oinarritzat harturik arrisku berezia dagoela, egoiliar diren biztanleentzat eta familia berrien sorkuntzaren dinamikak ere kontuan harturik, eskuratzeko moduko baldintzetan dauden etxebizitzen hornidura nahikorik ez egotekoa, honako inguruabar hauetako bat gertatzeagatik:

a) Lurralde-eremu horretan hipotekaren edo alokairuaren kostuak pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan duen batez besteko zama, gehi oinarrizko hornidurak eta gastuak, handiagoa izatea familien batez besteko errentaren ehuneko hogeita hamar baino.

b) Lurralde-eremu horretan etxebizitzaren erosketa- edo alokairu-prezioak aurreko bost urteetan izandako hazkunde metatuaren ehunekoa gutxienez ere hiru portzentaje-puntu gehiagokoa izatea Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumoko Prezioen Indizearen hazkunde metatuaren ehunekoa baino.

4. Etxebizitzaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklarazioarekin batera edo horren ondoren, berariazko plan bat onetsiko du, deklarazioan agerian geraturiko desorekak zuzentzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak proposatuko dituena, bai eta betetze-egutegi bat ere. Departamentuak zilegi izanen du kasuko eremuan dauden udalekin elkarlan-formulak adostea, bermatuko dutenak udal horiek parte-hartzea izanen dutela, administrazio publiko bakoitzak bere eskumenen esparruan jokatuz betiere, apartatu honek aipatzen duen berariazko planeko proposamenaren prestaketan, garapenean eta finantzaketan.

Neurri horiek etxebizitza-alorreko eskumenak dituen ministerioarekin koordinatu ahalko dira, Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak ezartzen dituen nondik norakoen arabera.

5. Lurralde-eremu batentzat "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" deklarazioa onesten duen foru aginduak ezarriko du ezen lurralde-eremu batek "Tentsiopeko Merkatuaren Zonalde" gisa duen deklarazioaren indarraldia hiru urtekoa izanen dela.

Arauak ezartzen duen indarraldia iraganik, eta hasierako deklarazioa oinarritu zuten inguruabarrak gertatzen badira, zilegi izanen da aipatu indarraldia urtebeteko epeka luzatzea.

6. "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde" gisa deklaratuta ez dauden udalek zilegi izanen dute etxebizitza alorrean eskudun den departamentuari eskatzea, behar bezala justifikatuz eta arrazoituz, hasiera eman dakion artikulu honen bigarren apartatuak jasotako aurretiazko informaziorako prestatze-prozesuari, egiaztatze aldera ea betetzen ote diren "Tentsiopeko Etxebizitza Merkatuaren Zonalde"tzat hartuak izateari begira arau honek ezartzen dituen betekizunak. Eskaera hori ezin izanen da berriz egin hiru urte baino gutxiagoko denbora-epean".

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web