302E/2024 FORU AGINDUA, URRIAREN 9KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, BASOZAINAK-INGURUMENA ZAINTZEKO TALDEAREN PLAN GIDARIA ONESTEN DUENA 2024-2027 ALDIRAKO
BON N.º 218 - 28/10/2024
Urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileen araubide espezifikoa. Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zenez, foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lau hilabeteko epean giza baliabideen eta baliabide materialen plan gidari bat egin behar zen, langileek ere parte hartuta, ingurumeneko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez onetsi beharrekoa, bertan gutxienez ere gai hauek jasota: basozainen lanpostu kopurua eta motak eta ibilgailuen eta bulegoen kopurua eta motak.
Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen lehen plan gidaria onetsi zen, 2019-2022 aldikoa.
Plana baliagarria izan dela frogatu denez, beste plan bat idatzi da, aurtengo urtetik 2027ra artekoa. Plan gidari berria sei ildoren bidez garatzen da (antolamendua eta zerbitzuak, plantilla, barne eta kanpo koordinazioa, baliabide materialak eta teknikoak, garapen profesionala eta etengabeko hobekuntza eta ikusgaitasuna), eta jarraipen eta ebaluazio sistema bat ere badu, betetze maila etengabe egiaztatzeko aukera emanen duena.
Dokumentua Gobernu Irekian egon da ikusgai 2024ko apirilaren 19tik maiatzaren 19ra. Epe horretan egin diren ekarpenei erantzuna eman zaie emaitzen txostenean, zeina eskuragarri baitago, Gobernu Irekiaren orri berean, 2024ko ekainaren 26az geroztik.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak betetzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen Plan Gidaria, 2024-2027 aldikoa. Haren testua foru agindu honen eranskinean dago.
2. Argitara ematea foru agindu hau eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen 2024-2027 aldiko Plan Gidaria Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.