311E/2024 FORU AGINDUA, IRAILAREN 30EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ERATZEN BAITA OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO KATALOGOAN MATERIAL ETA TEKNOLOGIA SANITARIO BERRIAK SARTZEKO EBALUAZIO BATZORDEA
BON N.º 218 - 28/10/2024
Gero eta garrantzitsuagoa da Nafarroako Osasun Sistema Publikoan teknologia berriak sartzea, teknologia berriak sortzen diren abiadura azkarrarengatik, behar sanitarioen gorakadagatik, gehiegizko informazio zientifiko eta ez-zientifikoagatik, praktika klinikoko estiloen aldakortasunagatik eta aurrekontuen mugengatik. Hori dela eta, komenigarria da oso irizpide arrazionalak erabiltzea teknologia sanitarioak planifikatzeko eta antolatzeko.
Hasiera batean, Nafarroako Osasun Administrazioan prozedura bat sortu zen katalogoan altak eskatzeko, osasun zentroekin adostuta.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Materialen Katalogoa (familia guztiak hartzen ditu barnean, farmakoak izan ezik, horien ardura Farmazia Zuzendariordetzarena baita) Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuak kudeatzen du.
Familien, taldeen eta azpitaldeen arabera egituratzen den katalogoko materialei dagokienez, hark erabakitzen du zer sartu, zer baztertu eta zer ordeztu, eta noiz aldatu izendapenak eta neurketa-unitateak, eskura dagoen katalogoa eguneratuta edukitzeko.
Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 2ko 1311/2009 Ebazpena onetsi zen. Haren arabera, Nafarroako osasun sistema publikoan edozein teknologia sanitario sartzeko, Nafarroako Osasun Agentziaren aldeko txostena behar zen. Horrekin azpimarratzen zen zeinen garrantzitsua den teknologia sanitarioaren ebaluazioa.
Nafarroako Osasun Agentzia ofizialki azkenduta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 29. artikuluak Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzari esleitzen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan teknologia berrien erabilera sustatzeko eskumena.
Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak txostena egin eta jakinarazi du beharrezkoa dela ebaluazio batzorde bat sortzea material eta teknologia sanitario berriak sartzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Katalogoan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuak xedatzen duenez, lan-batzorde edo lantaldetzat joko dira erabakiak hartu edo proposamenak egiteko eskumenak, administrazio-erabakiak hartzeko oinarri diren aginduzko txostenak egiteko eskumenak eta beste organo batzuen jardueren segimendu edo kontrola egiteko eskumenak ez dituzten kide anitzeko organoak, eta horiek sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez eginen da, edo arloaren arabera eskumena duen departamentuaren titularrak emandako foru agindu bidez. Kasu horietan, erabaki horiek ez dute zuzeneko ondoriorik sortuko hirugarrenen aurrean.
Foru lege horren 1. apartatuak eskatzen du aldez aurretik zehaztea han adierazten diren zenbait puntu kide anitzeko organo bat sortu ahal izateko. Hori zehaztuta dago Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuaren txostenean.
Estas determinaciones vienen recogidas en el informe de la Dirección de Asistencia al Paciente.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2004 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin ere,
AGINTZEN DUT:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Katalogoan material eta teknologia sanitario berriak sartzeko ebaluazio batzordea eratzea, kide anitzeko aholkularitza- eta laguntza-organoa izan dadin, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzari atxikita.
Ebaluazio batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Materialen Katalogoa kontrolatzea, salbu eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetzari dagozkion materialak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Katalogoan material eta teknologia berriak sartzea ebaluatzea eta proposatzea.
Produktu berriak katalogoan sartzeko eta teknologia berriak garatzeko funtzio espezifikoak dituzten eta jada sortuta dauden batzordeak koordinatzea.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroek batzordeak produktu eta teknologia sanitario berriak sartu edo balora ditzan egiten dituzten proposamenak biltzea, sailkatzea eta lehenestea.
Bere eginkizunak betetzean, batzordeak herritar guztien interesak zainduko ditu, eta, hala, kostu-eraginkortasunari dagokionez eraginkorrenak diren produktuak sartu eta lehenetsiko ditu. Ingurumenaren eta bioetikaren arloko irizpideak eta erabiltzaileen eta profesionalen segurtasunari buruzkoak ere kontuan hartuko ditu.
Batzordeak kanpoko espezialisten laguntza izan dezake egokitzat jotzen diren gaietan eta uneetan aholkuak emateko, ebaluatuko den produktu edo teknologia sanitarioaren arabera.
Kide hauek osatuko dute balorazio batzordea:
- Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzaren titularra; batzordeburua izanen da.
Batzordeko kide hauek bokalak izanen dira:
- Horniduraren, Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendariordetzaren titularra; batzordeko idazkari lanak ere hartuko ditu.
- Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzaren titularra.
- Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuaren titularra.
- Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuaren titularra.
- Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuaren titularra.
- Berrikuntza eta Antolaketa Atalaren titularra.
- Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuaren titularra.
- EDI Kudeatzeko eta Biltegiko Logistikarako Unitatearen titularra.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ingeniaritza Biomedikoaren titularra.
Batzordeko kideren bati bilera batera joatea ezinezkoa zaionean, bere jarduna hark izendatutako ordezko batek egiten ahalko du. Horren berri jasoko da jarduna jasotzen duen aktan.
Ebaluazio batzordea arautuko da foru agindu honen arabera, batzordearen barne funtzionamenduaren arauen arabera eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen kide anitzeko organoen jarraibideen arabera.
Ebaluazio batzordeak honako organo hauei aurkeztuko dizkie proposamenak, onar ditzaten:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritza.
Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritza:
- Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.
Osasun Zuzendaritza Nagusia.
Foru agindu hau argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta batzordeko kideei jakinaraztea.