15/2024 FORU LEGEA, URRIAREN 14KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA ABUZTUAREN 30EKO 251/1993 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN TESTU BATEGINA ONESTEN DUENA
BON N.º 216 - 24/10/2024
Minbizia eta gaixotasun larri jakin batzuk dituzten seme-alaben zaintza errazte aldera, langile guztiek, bai sektore publikokoek bai pribatukoek, zirkunstantzia jakin batzuetan aitortuta daukate ordainsari-murrizketarik ez dakarren lanaldi-murrizketarako eskubidea. Sektore publikoaren kasuan, zuzenean; eta sektore pribatuarenean, Gizarte Segurantzaren prestazio baten bidez.
Sektore pribatuarentzat, eskubide hori jasota dago 677/2023 Errege Dekretuan, uztailaren 18koan, zeinak aldatu egiten baitu 1148/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatu eta garatzekoa minbiziak edo beste gaixotasun larri batek jotako adingabeen zaintzarako diru-prestazioa. Sektore publikoarentzat, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginean jasotzen da, eta zenbait aldaketa egin zaizkio.
Nafarroan, eta Nafarroako administrazio publikoetako estatutu-araubidearen arloan dugun eskumen esklusiboaren ondorioz, urtarrilaren 23ko 5/2013 Foru Dekretuaren bitartez aldatu zen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena, aipatu lizentzia hori gure ordenamenduan txertatu eta, horrela, lanaldi-murrizketa ahalbidetze aldera, minbizia edo zuzeneko eta etengabeko zaintza iraunkorra izatera behartzen duen beste gaixotasun larri bat duten seme-alabak zaintzekoa. Aipatu foru dekretua 2021ean izan zen aldatua; eta, gero, martxoaren 29ko 12/2023 Foru Legearen bitartez, xedapen gehigarri bat erantsi zitzaion Administrazioetako Langileen Estatutuaren testu bateginari, eskubide hori arautzeko.
Alabaina, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginari estatu-mailan eginiko aldaketek zaharkituta utzi dute Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzura diharduten langileei buruz Nafarroan dagoen araubidea.
Herrialdearen gainerakoan sektore publikoko langileek zilegi dutelarik baimen edo lizentzia horietaz gozatzea semeak edo alabak 23 urte edo, kasu berezietan, 26 urte bete bitartean, Nafarroan horiek ezin dira eskatu seme edo alabak 18 urte betetzen dituenetik aurrera. Horrek gure funtzionarioak egoera okerragoan uzten ditu herrialdeko gainerako langileena -sektore publikokoena eta are sektore pribatukoena- baino.
Foru Komunitateak eskumen esklusiboa izanik Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileen estatutu-araubideari dagokionez, beharrezkoa gertatzen da langile horien estatutua aldatzea, erantzun egokia eta berme juridikoduna ematearren minbizia edo beste gaixotasun larri bat pairatzen duen seme edo alaba bat duten familia guztiei, zeinek Espainiaren gainontzeko lurraldeetakoek baino egoera okerragoa pairatzen baitute, lizentzia ordaindurako modurik gabe geratzen direnez seme edo alaba hori adin-nagusitasunera heltzen denean.
Artikulu bakarra. Aldatzea 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.
Hogeita laugarren xedapen gehigarria aldatzen da, testu honekin:
“Hogeita laugarren xedapen gehigarria.-Minbiziak edo beste gaixotasun larri batek jotako seme edo alaba zaintzeko lizentzia ordaindua.
1. Funtzionarioek eskubidea izanen dute beren lanaldiaren iraupena erdira murritz dakien, ordainsari-murrizketarik izan gabe, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba bat zaintzeko, beharrezkoa duena zuzeneko zainketa etengabe eta iraunkorra gaixotasunaren tratamendu jarraituan zehar, aurretiazko ospitaleratzea behar izanda nahiz behar izan gabe. Salbuespenez, handiagoa izan daiteke lanaldi-murrizketa, %99,99ra bitartekoa gehienez, baldin egokiro frogatzen bada beharrezkoa dela helburu hori betetzeko.
2. Lanaldi-murrizketa emanen da seme edo alabaren gaixotasunaren ospitaleratze eta/edo tratamendu jarraituak irauten duen bitartean; eta, gehienez ere, seme edo alaba horrek hogeita hiru urte bete arte.
Lanaldi-murrizketa horretarako eskubideari eutsiko zaio semeak edo alabak 26 urte bete arte, baldin eta halaber frogatzen badu ehuneko 65eko edo gehiagoko desgaitasun-gradua duela.
3. Xedapen honetan ezarritakoa aplikatuko da tutoretza kasuetan, adingabe-harrera aldi baterakoaren nahiz iraunkorraren kasuan, adopzio-asmoko zaintzaren kasuan edo egoera parekatuan, hemen ezartzen diren baldintza berei loturik.
4. Seme edo alaba adingabeak minbizia edo beste gaixotasun larri bat pairatzen duela, bai eta ospitaleratze-aldian eta/edo gaixotasunaren tratamendu jarraituaren iraupen-aldian zuzeneko eta etengabeko zaintza jarraitua beharrezkoa duela ere, frogatuko da minbizia edo gaixotasun larria duen seme edo alaba artatzearen ardura duen osasun-zerbitzu publikoko fakultatiboek eginiko adierazpen baten bitartez. Baldin semea edo alaba mutualismo administratiboaren araubide berezian onuradun bezala sartuta badago, frogatze-zeregina entitate horretako fakultatiboek beteko dute.
5. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua ematearen ondorioetarako, gaixotasun larritzat joko dira kasuko diru-prestazioa emateko oinarri gisa hartzen den Gizarte Segurantzaren sistemaren zerrendan jasota daudenak.
6. Lizentzia emateko baldintza izanen da bi gurasoek lan egitea. Funtzionarioek ordainsarien osotasuna jasotzeko eskubidea izanen dute, soilik, beste gurasoa ez bada arrazoi honi dagokion prestazioaren onuraduna berari aplikatzekoa zaion aurreikuspen sozialeko araubidean. Bi gurasoak funtzionarioak badira, soilik haietako batek izanen du eskubidea bere ordainsariak ez dakizkion murriztu lizentzia hau edukitzeagatik.
7. Baldin funtzionarioak seme edo alaba adingabe bat baino gehiago badu lizentzia honetarako eskubidea ematen duten zirkunstantzietan dagoena, zilegi izanen da bidezko lizentzia bana ematea.
8. Arau orokor gisa, lanaldiaren murrizketa egunero baliatu beharrekoa izanen da, funtzionarioak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan baliatu ere, zerbitzuaren beharren arabera. Zerbitzuaren funtzionamendu egokiarekin bateragarri izanez gero, zilegi izanen da lanaldi osotan metatzea murrizketa, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.
9. Gaixorik dagoena adinduna izan eta ezkondu egiten bada edo izatezko bikotea eratzen badu, prestaziorako eskubidea bere ezkontide edo izatezko bikotekide den pertsonak izanen du, baldin eta frogatu egiten badu onuradun izateko baldintzak betetzen dituela, eta 18 urteko adina bete aurretik hasi bada gurasoaren lanaldi-murrizketa.
10. Adingabe batek berak ez du ezein kasutan eskubiderik emanen artikulu honetan arautzen diren lizentzietako bat baino gehiago hartzeko.
11. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, lizentzia hau emanen da Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aurretiaz txostena jaulkirik, lizentziarako ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren”.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.
Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.