(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

87/2024 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 25EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA ONESTEN DUENA

BON N.º 207 - 11/10/2024



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. AUZITEGIKO LEHENDAKARIA


  III. KAPITULUA. ATALAK


  IV. KAPITULUA. BOKALAK


  V. KAPITULUA. IDAZKARITZA


  VI. KAPITULUA. AUZITEGIAREN FUNTZIONAMENDUA


ZIOEN AZALPENA

I

1964an sortu zenetik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak bere zeregina bete du herritarrei zerbitzua emanez, eta herritarrentzat fidagarriak dira Auzitegiaren iritzia eta independentzia, toki administrazioari buruzko eztabaida juridikoak erabakitzeko orduan. Hastapenetako epaiekin eta gaur egungo ebazpenekin, denboraren poderioz Nafarroan oso erroturik dagoen erakunde bat bihurtu da.

Nafarroako erakunde berezi honek, interesdunen eskura haien eskubideak eta interes legitimoak defendatzeko tresna eskuragarri eta eraginkor bat jartzeaz gain, aukera ematen die Nafarroako toki erakundeetako bizilagunei erakunde horien administrazio-jardunaren legezkotasuna zaintzeko, gaiak pertsonalki eragiten ez badie ere, gora jotzeko errekurtsoei esker. Errekurtso mota hori aukerakoa eta doakoa da eta ez du behar zuzenbideko profesionalen nahitaezko laguntza.

Administrazio Auzitegi honek Nafarroarentzat zuen berezitasuna eta garrantzia islatu ziren, batetik, barne-antolaketa berezi batean, eta, bestetik, langileen estatusean, Nafarroako toki administrazioarekin lotutako gai juridiko guztietan prestakuntza sakona duten pertsonak erakartzeko taxutu baitzen. Horretarako, ordainsariei eta eskubide pasiboei dagokienez Foru Diputazioak Langileen Oinarriei buruz 1973ko uztailaren 14an hartu zuen Erabakian, Administrazio Auzitegiko bokalak Foru Korporazioko idazkariaren atzetik ageri ziren, arauak ezarri zituen 24 ordainsari-mailen artean bigarrenean. Helburu bera zuen ondoren ezarri zen sarbide sistemak, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidezkoa baitzen.

II

Foru dekretu honen xedea da Auzitegiaren antolaketa eta Auzitegiko kideen estatusa eguneratzea, betiere aipatutako asmoa eta haren duintasuna eta garrantzia nabarmentzeko helburua mantenduta.

Arauaren egitura sei kapituluk osatzen dute, eta haietako bakoitza Auzitegiaren eta haren funtzionamenduaren alderdi zehatz bati buruzkoa da.

Auzitegiaren osaera malguagoa izanen da, etorkizunean izan ditzakeen erronka berrietara egokitu ahal izan dadin, eta zehaztasun handiagoz mugatzen dira organo bakoitzaren eginkizunak.

Auzitegiko bokalen estatusa ezartzen da haien eginkizunaren duintasuna eta garrantzia aintzat hartuta.

Ataletako lehendakarien izendapena aurrerantzean ez da eginen Nafarroako Gobernuak bere iritzira hartutako erabaki baten bidez, prozedura arautu baten bidez baizik, unitate organikoen zuzendaritzarako merezimendu-lehiaketa erabiliz, zehazki.

Auzitegiaren barne funtzionamendurako arau zehatzak ezartzen dira, haren ezaugarri diren independentzia funtzionala eta inpartzialtasuna bermatzera bideratuak. Helburu hori bera dute gai hauei buruzko arauek: quoruma, gehiengoak, abstentzioa eta errekusazioa.

Horiek horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko irailaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Independentzia funtzionala eta atxikipen organikoa.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta bertako kideek inpartzialtasunez eta Foru Komunitateko gainerako organoekiko independentzia funtzionalez beteko dituzte beren eginkizunak.

2. Independentzia funtzionala badu ere, Auzitegia Nafarroako Gobernuan lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuari atxikita egonen da organikoki.

2. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiak hiru atal izanen ditu, eta haietako bakoitza hiru bokalek osatuko dute normalean.

2. Haren eginkizunak gehitzen badira, Nafarroako Gobernuak atal gehiago sortzen ahalko ditu, eta bakoitza hiru bokalek osatuko dute normalean.

3. Auzitegiak idazkaritza baten laguntza izanen du.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eginkizuna da Nafarroako toki erakundeen administrazio jardueraren aurka aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, jarduera hori administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren kontrolaren menpekoa denean.

2. Aipatutako eginkizunaz gain, Nafarroako Administrazio Auzitegiak lege edo erregelamendu maila duten arauek esleitzen dizkioten edo Nafarroako Gobernuak eskuordetzen dizkion beste eginkizun guztiak beteko ditu.

II. KAPITULUA. AUZITEGIKO LEHENDAKARIA

4. artikulua. Auzitegiko lehendakariaren izendapena eta ordainsarierregimena.

1. Auzitegiko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du Auzitegiko bokalen artean.

2. Auzitegiko lehendakariaren ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuko zuzendari batek dituenen parekoak izanen dira. Ordainsari osagarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan ezarritakoak izanen dira.

5. artikulua. Auzitegiko lehendakariaren eginkizunak.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakaria erakundearen ordezkaria izanen da eta bere karguari dagozkion gainerako eginkizunak beteko ditu. Horrez gain, Auzitegiko Lehen Ataleko lehendakaria ere izanen da.

2. Auzitegiko lehendakariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Osoko bilkuretarako dei egitea, beharrezkotzat jotzen duenean, eta eztabaidak gidatu eta zuzentzea.

b) Auzitegiaren zuzendaritza organiko eta funtzionaleko eginkizunak betetzea.

c) Langile guztien buru nagusia izatea.

d) Bere sinadurarekin probidentziak baimentzea, ataletakoak izan ezik, bai eta beste organoekiko korrespondentzia ere, eta Auzitegiaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren administrazio jarduketa guztiak egitea, Auzitegiko beste organo batzuei esleiturik edo eskuordeturik ez daudenak.

e) Ataletako lehendakariei eskumenak eskuordetzea, bere iritziz zerbitzuaren intereserako komeni direnak.

f) Erregelamendu honetan edo beste xedapen batzuetan ezarritakoaren arabera esleiturik dituen gainerako eginkizunak.

6. artikulua. Auzitegiko lehendakariaren ordezkoa.

1. Auzitegiko lehendakaria kanpoan edo eri dagoenean edo lehendakaritza betetzea galarazten dion beste edozein lege arrazoi gertatzen denean, titularraren ordezkoa atal bateko lehendakaria izanen da aldi baterako, lehendakaritza hori merezimendu-lehiaketaren bidez lortu duena eta antzinatasun handiena duena, horretan aritzeko izendapenaren egunaren arabera. Egun bereko izendapen bat baino gehiago badira, ordezkoa izanen da Auzitegiko bokal izateko prozeduran puntuaziorik altuena duena. Berdinketak irauten badu, ordezkoa adinez zaharrena izanen da.

2. Auzitegian ez badago inor ataleko lehendakari merezimendu-lehiaketaren bidez izendatu denik, ordezkoa atal bateko lehendakaria izanen da, antzinatasun handiena duena, horretan aritzeko indarreko izendapenaren egunaren arabera. Egun bereko izendapen bat baino gehiago badira, ordezkoa adinez zaharrena izanen da.

III. KAPITULUA. ATALAK

7. artikulua. Atalei atxikitzea.

1. Auzitegiko lehendakariak eginen du bokalen atxikipena atal bakoitzean, atxikipenaren xede den bokalari eta ataletako lehendakariei entzun ondoren.

2. Auzitegiko lehendakariak aldi baterako atxikipenak egiten ahalko ditu atal bat indartzeko, atal horretako lan bolumena dela-eta justifikaturik dagoenean.

8. artikulua. Ataletako lehendakarien izendapena eta ordainsarierregimena.

1. Lehen Ataleko lehendakaria Auzitegiko lehendakaria bera izanen da.

2. Gainerako ataletako lehendakaritzak bokalen artean beteko dira, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak horretarako merezimendu-lehiaketaren deialdia egin ondoren.

3. Ataletako lehendakaritzak betetzeko merezimendu-lehiaketetan hautatutakoen izendapena Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren bidez eginen da, eta hark izendatuko ditu, halaber, bitarte baterako bete beharrekoak.

4. Lehen Atalaz besteko ataletako lehendakariek Auzitegiko bokal izateari dagozkion lansariak jasoko dituzte, bai eta lehendakaritza betetzeagatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan ezarritakoak ere.

9. artikulua. Ataleko lehendakariaren eginkizunak.

Ataleko lehendakaritzan aritzen denak bere ataleko bilkuretara deitu eta horiek gidatu eta zuzenduko ditu eta, horrez gain, erregelamendu honetan ezarritako gainerako eginkizunak edo Auzitegiko lehendakariak eskuordetutakoak ere beteko ditu.

10. artikulua. Ataleko lehendakariaren ordezkoa.

1. Atal bateko lehendakaria kanpoan edo eri dagoenean, edo ataleko lehendakaritzan aritzea galarazten dion beste edozein lege arrazoi gertatzen denean, titularraren ordezkoa izanen da, aldi baterako, atal horri berari atxikita dauden bokaletatik antzinatasun handiena duena, bokal lanpostua jabetzan hartzeko izendapenaren egunaren arabera. Egun bereko izendapen bat baino gehiago badira, ordezkoa izanen da sarrerako prozeduran puntuaziorik altuena lortu duena. Berdinketak irauten badu, ordezkoa adinez zaharrena izanen da.

2. Atalean ez badago bokal lanpostua jabetzan duen inor, ordezkoa Auzitegiko lehendakariak izendatuko du.

IV. KAPITULUA. BOKALAK

11. artikulua. Bokalak izendatzea.

1. Bokal lanpostuak A mailakoak dira, eta horiek betetzeko zuzenbideko lizentzia edo gradua izan beharko da, edo baliokidetzat jotzen den titulazioa.

2. Bokal lanpostuak kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez beteko dira, A mailako lanpostuak betetzen dituztenen artean eta horietan aritzeko zuzenbideko lizentzia edo gradua edo baliokidetzat jotzen den titulazioa eskatu zaien pertsonen artean.

3. Kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzen ez diren bokal lanpostuak horretarako sarrerako hautapen-prozeduraren deialdia eginez beteko dira.

4. Auzitegiko bokalak bitarte baterako hautatzen ahalko dira, eta aldi baterako kontratatzen, horretarako ezartzen diren ezagutza proba teorikoak eta/edo praktikoak eginda.

12. artikulua. Auzitegiko bokalen dedikazioa, ordainsariak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiko bokal lanpostuari dagozkion eginkizunak prestasun osoz eta erabateko dedikazio osoz beteko dira, eta horregatik dagokion osagarria kobratuko dute.

2. Auzitegiko bokal lanak betetzeagatik jasoko diren ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan ezarritakoak izanen dira.

3. Bokal bakoitzak honako lan hauek egin beharko ditu txostengile den errekurtsoetan:

a) Alderdiek eskatutako frogak aztertu eta onartzea edo ukatzea proposatzea.

b) Ofiziozko instrukzio-eginbideak gauzatzeko proposamena egitea.

c) Bidezkotzat jotzen diren froga-eginbideak egitea, halakorik bada, Auzitegiko idazkaritzak lagunduta.

d) Ebazpenei buruzko txostenak idaztea, eta atalean edo, beharrezkoa denean, osoko bilkuran aurkeztu, eztabaidarako.

4. Jarduneko bokal diren guztiek osoko bilkuretara edo ataleko bilkuretara joateko betebeharra dute, horretarako deia jasoz gero, salbu eta ez joateko justifikatutako arrazoia badute.

V. KAPITULUA. IDAZKARITZA

13. artikulua. Idazkaria izendatzea.

Auzitegiko idazkaria Nafarroako Gobernuko organo eskudunak izendatuko du, merezimendu-lehiaketa egin ondoren A mailako lanpostuak betetzen dituzten eta lanpostu horietan aritzeko zuzenbideko lizentzia edo gradua edo baliokidetzat jotzen den titulazioa eskatu zaienen artean.

14. artikulua. Idazkariaren dedikazioa, ordainsariak eta eginkizunak.

1. Auzitegiko idazkariak prestasun osoz eta erabateko dedikazio osoz beteko ditu bere eginkizunak, eta horregatik dagokion osagarria kobratuko du.

2. Auzitegiko idazkariaren ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko atalburu batek dituenen parekoak izanen dira. Ordainsari osagarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan ezarritakoak izanen dira.

3. Idazkariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Administrazio-langileen buru izatea, burutza nagusia Auzitegiko lehendakariari dagokiola ukatu gabe.

b) Errekurtsoen idatziak jaso eta erregistratzea, bai eta Auzitegian aurkezten diren gainerako agiriak ere.

c) Auzitegiak ebazteko aurkezten diren espediente guztien instrukzioa eta izapideak egitea, gora jotzeko prozeduraren gaineko arauei jarraikiz, Auzitegiko lehendakariaren jarraibideak beteta.

d) Eskumenak betetzea "apud acta" ordezkaritzaren arloan eta ordezkariak izendatzeari buruzko dokumentazioko akatsak zuzentzearen arloan.

e) Ahalordea banantzea, kasuan kasuko eginbidearekin.

f) Hala eskatzen duten interesdunei, errekurtsoaren izapidearen egoeraren berri ematea, eta jendeari arreta emateko lanak betetzea.

g) Osoko bilkuretara eta atalen bilkuretara bertaratzea, hitzarekin baina botorik gabe, Auzitegiko lehendakariak horietara deitzen badu.

h) Auzitegiaren jarduketa guztiak, Auzitegiko lehendakariak ikus-onetsiak, ziurtatu eta jakinaraztea, hala dagokionean.

i) Auzitegiko liburuak, erregistroak, fitxategiak, dokumentazioa eta artxiboak eramatea.

j) Auzitegiaren urteko gastu-aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, lehendakariaren zuzendaritzapean.

k) Auzitegiko jardueren memoria idaztea urtero, Auzitegiko lehendakariak ematen dizkion jarraibideak beteta.

l) Administrazio Auzitegiaren kudeaketa administratiboari dagokion beste edozein eginkizun, Auzitegiko lehendakariak agintzen diona.

4. Idazkaritzari beharrezkotzat jotzen diren administrazio-langileak atxikiko zaizkio.

15. artikulua. Idazkariaren ordezkoa.

Idazkariaren lanpostua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo eri dagoenean, edo beste edozein lege arrazoi gertatzen denean, idazkari lanak Nafarroako Gobernuko organo eskudunak izendatzen duen norbaitek beteko ditu aldi baterako.

VI. KAPITULUA. AUZITEGIAREN FUNTZIONAMENDUA

16. artikulua. Osoko bilkura eta atalak.

1. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ohiko funtzionamendua bere atalen bidezkoa izanen da. Atalek ebatziko dituzte aztertzeko aurkezten zaizkien gora jotzeko errekurtsoak eta, halaber, probidentziak ematen ahalko dituzte dagozkien edo Auzitegiko lehendakariak eskuordetzen dizkien eginkizun eta lanen gainean.

2. Gaia edo kopurua dela eta, Auzitegiko lehendakaritza betetzen ari denak erabakitzen badu edo Auzitegiko hiru bokalek edo bi ataletako lehendakariek proposatzen badute, Auzitegiak osoko bilkuran jardunen du, une horretan jardunean dauden bokal guztiek osatuta. Osoko bilkurak Auzitegiko lehendakariak zuzenduko ditu.

3. Idazkaria osoko bilkuretara edo atalen bilkuretara bertaratuko da, hitzarekin baina botorik gabe, Auzitegiko lehendakariak edo ataleko lehendakariak horietara deitzen badu.

17. artikulua. Gaien banaketa.

1. Gaiak irizpide objektiboekin banatuko dira Auzitegiko bokalen artean, txostenak idazteko behar den lanaren banaketa ekitatiboa eta inpartzialtasuna ziurtatzeko.

2. Irizpide objektibo horiek osoko bilkurak ezarriko ditu, edo Auzitegiko lehendakariak, osoko bilkurak ezarritako irizpideekin bat betiere.

18. artikulua. Gehiengoak.

1. Ataletan ezin izanen da ebazpenik baliozkotasunez hartu bi bokal bertan izan gabe, ezta osoko bilkuran ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

2. Atal batean quorumera iristeko edo berdinketa bat hausteko beharrezkoa denean, Auzitegiko lehendakariak hurrengo ataleko bokal bat izendatuko du, lanpostua jabetzan duena, atalen zenbaki-hurrenkera kontuan hartuta. Atal bakoitzaren barruan, izendapena antzinatasunaren arabera eginen da -txikienetik handienera, bokal lanpostua jabetzan hartzeko izendapenaren egunaren arabera- eta, egun bereko izendapen bat baino gehiago baldin badaude, sarrerako prozeduran lortutako puntuazioaren arabera -apalenetik altuenera-. Berdinketak irauten badu, bokal lanpostua jabetzan dutenen artean adinez gazteena izendatuko da. Kasuko atalean bokal lanpostua jabetzan duenik ez badago, hurrengo atalera joko da.

3. Ebazpenak botoen gehiengoaz hartuko dira.

4. Osoko bilkuran boto berdinketa gertatzen bada, kalitateko botoa Auzitegiko lehendakariak izanen du.

19. artikulua. Botoa emateko betebeharra.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide guztiek dute botoa eman beharra. Gehiengoaren erabakiarekin edo argudioekin ados ez dauden bokalek boto partikularrak ematen ahalko dituzte, eta ebazpenaren bukaeran gehituko dira. Ebazpenak atala edo, kasua bada, osoko bilkura osatzen duten guztiek sinatuko dute, boto partikularra eman dutenek barne.

20. artikulua. Abstentzioa eta errekusazioa.

1. Administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen legeetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat betetzen duten bokalek ez dute prozeduran esku hartuko eta horren berri emanen diote Auzitegiko lehendakariari. Ebazpena osoko bilkurarena bada eta abstentziorako arrazoiak Auzitegiko lehendakaritza betetzen duenari eragiten badio, erregelamendu honetan xedatutakoari jarraikiz haren ordezkoa izan behar duenak gidatuko du bilkura.

2. Artikulu honen 1. zenbakian ezarritako kasuetan, interesdunek prozeduraren izapideetan noiznahi sustatzen ahalko dute errekusazioa.

3. Errekusazioa idatziz aurkeztuko da, zein arrazoitan oinarritzen den adierazita.

4. Errekusazioa aurkeztu eta hiru egun balioduneko epean, errekusatutakoak adieraziko dio Nafarroako Administrazio Auzitegiari bere iritziz alegatutako arrazoiak eragiten dion ala ez. Arrazoiak eragiten diola iritziz gero, lehendakariak aginduko du ordez dezatela, eta, iritzia ezezkoa bada, bidezkotzat jotzen duena ebatziko du hiru egun balioduneko epean.

5. Errekusazioaren xedea Auzitegiko lehendakaria bada, prozedura Auzitegiko osoko bilkuran izapidetuko da, eta gehiengo soilez hartutako erabaki baten bidez ebatziko da. Halakoetan, erregelamendu honetan xedatutakoari jarraikiz haren ordezkoa izan behar duenak gidatuko du osoko bilkura.

6. Abstentzio eta errekusazioaren arloan hartutako ebazpenen kontra ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu, baina horrek ez du kentzen errekusazioa alegatzeko aukera prozedura amaitzen duen egintzaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztean.

7. Abstentziorako arrazoiak dituzten pertsonen jardunak ez du nahitaez ekarriko haiek esku hartu duten egintzak baliogabeak izatea.

8. Abstenitu beharreko kasuetan ez abstenitzeak erantzukizuna ekar dezake.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe geratzen dira Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretua eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Idazkaritza egituratzen duen azaroaren 2ko 317/1998 Foru Dekretua, bai eta foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan beste xedapen oro ere.

Azken xedapenetako lehena

Lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari baimena ematen zaio Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erregelamendu organiko honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web