13/2024 FORU LEGEA, IRAILAREN 30EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN TESTU BATEGINA ONESTEN DUEN ABUZTUAREN 30EKO 251/1993 LEGEGINTZAKO FORU-DEKRETUA ALDATZEN DUENA
BON N.º 204 - 08/10/2024
Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoan, ikuskapen-alorreko langileek eta kudeaketa-alorreko ogasun-teknikariek soilik jasotzen dute gaur egun produktibitate-osagarria, xedetzat duena pizgarri bat ematea Ogasuneko langileek zerga-iruzurraren aurka egindako lanari; halatan, osagarririk gabe dihardute erakunde autonomoan lan egiten duten gainerako langileek, zeinek, beren eguneroko lanarekin, zerga-iruzurraren aurkako borrokan parte hartzen baitute, aipatu osagarria jadanik jasotzen dutenekin batera.
Diskriminazio-egoera hori ez da Zerga Administrazioko Estatu Agentzian gertatzen, eta hori konpontzeko saioa egin zen Zerga-iruzurraren aurkako 2016-2019 Planean. Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoa izan zen 2018an zuzentzea egoera hori.
Epe hori amaitu zenetik sei urte igaro direnean, kontua da diskriminazio-egoerak bere horretan dirauela, eta kalte egiten diola Nafarroan zerga-iruzurraren aurka egiten den borrokaren eraginkortasunari.
Aldatu egiten da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretuaren 40. artikuluaren 4. apartatua. Honako testu hau izanen du:
“4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari atxikita egonik ikuskapen-eginkizunak egiazki betetzen dituzten funtzionarioek zilegi izanen dute produktibitate-osagarri bat jasotzea, zeinarekin ordainduko baitira aipatu funtzionarioek beren lana egitean erdietsitako errendimendu berezia, aparteko jarduketa eta jarritako interes edo ekimena.
Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren 100eko 55 gainditu.
Aurreko apartatuak aipatzen dituen baldintzei buruzko irizpena egin beharko da ikuskapen-eginkizunarekin zuzeneko zerikusia duten elementu objektiboen arabera, zeinak lotuta egonen baitira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarritako helburu eta emaitzak lortzeari.
Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako Ogasuneko gainerako teknikariek eta Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako gainerako langileek zilegi izanen dute produktibitate-osagarri hau jasotzea. Osagarria ezin izanen da kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren 100eko 15 baino gehiagokoa izan, eta lotuta egonen da aipatu Departamentuko kontseilariak ezartzen dituen helburu eta emaitzen lorpenari.
Epe jakin batean produktibitate osagarriagatik jasotzen diren kopuruek ez dute eskubide eskuraturik sortuko eta ez dute ondoriorik izanen hurrengo denboraldietako balorazio edo apreziazioei dagokienez.”
Xedapen gehigarri bakarra. Produktibitateosagarria arianarian ezartzea.
Arian-arian ezarriko da Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari atxikita egonik produktibitate-osagarria egun jasotzen ez duten langileentzat foru lege honen bidez onesten den produktibitate-osagarria. Kasuko negoziazio kolektiboaren prozesua egiten denean, ondorengo hiru aurrekontu-ekitaldietan aplikatuko zaie ukitutako langileei, halako moduan non kasuko mailako hasierako soldataren ehuneko bostera bitarte aitortuko baita ekitaldi horietako bakoitzean.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.