(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

12/2024 FORU LEGEA, IRAILAREN 30EKOA, OSASUN DEPARTAMENTUARI ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEI ATXIKITAKO OSASUN ARLOKO LANGILEEN LANBIDE KARRERAREN SISTEMA EZARTZEN DUENA, SALBU ETA FAKULTATIBO ESPEZIALISTENA, OSASUN ARLOKO BESTE FAKULTATIBO BATZUENA ETA OSASUN ARLOKO DIPLOMADUNENA

BON N.º 204 - 08/10/2024



HITZAURREA

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legeak bere hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezartzen du osasun arloko langile guztien lanbide karrera arautzeko arau-esparru baterako proposamena. Hala, konpromiso bat jasotzen du arau-esparru baterako proposamena lantzeko 2023ko lehen lauhilekoan, langileen legezko ordezkaritzarekin batera, arautuko duena gaur egun aitortuta ez duten osasun arloko langileen lanbide karrera eta horren pixkanakako ezarpena, behar besteko aurrekontu-zuzkidura eskueran suertatu ahala.

Langileen arloko araudiari dagokionez, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen baitu, 34. artikuluan ezartzen du zein diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erabiliko dituen formulak bere langileen barne-igoerarako, eta d) letran aipatzen du Nafarroako Gobernuak, kasua bada, foru-lege proiektu bat igorriko diola Parlamentuari, lanbide karreran edo beste elementu batzuetan oinarritutako lansari-pizgarriak sortzeko.

Bestalde, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboentzako lanbide karrerako sistema, eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legeak -lanbide karreraren sistemaren aplikazio esparrua zabaltzen du Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko beste langile batzuetara- Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko fakultatiboentzako lanbide karrerako sistema bat ezarri zuten Nafarroako Foru Komunitatean.

Era berean, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak -Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko diplomadunen lanbide karreraren sistema ezarri eta finantzabiderako kreditu gehikuntza onesten du- lanbide karrerako sistema ezarri zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako osasun arloko diplomadunentzat, eta halaber zaie aplikatzekoa Osasun Departamentuko osasun arloko diplomadunei eta hari atxikitako erakunde autonomoei.

Zalantzarik gabe, profesional horien lanbide karrera ezartzeak osasun-laguntzaren hobekuntza kuantitatibo eta kualitatiboa ekarri du. Horretarako, funtsezko alderdiak garatu dira, hala nola etengabeko prestakuntza zer eta kalitate tekniko-asistentziala hobetzeko banakako ahaleginaren adierazletzat hartzea, bideak irekitzea profesionalek parte-hartze handiagoa eta eraginkorragoa izan dezaten osasun-zerbitzuen zuzendaritzan eta kudeaketan, eta motibazio- eta pizgarri-mekanismoak sartzea, modua emanen dutenak ahaleginen bideratzea egokia izan dadin eta lortutako emaitza asistentzialak aitortuak izan daitezen.

Langile horiekin lortutako esperientzia ikusita, eta osasun-laguntza hobetzeko asmoz, lehentasunezkotzat jotzen da Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitakoak diren osasun arloko gainerako langileen inplikazioa eta garapen profesionala.

Horri dagokionez, kontuan izan behar da herritarrak osasun arloko eskaria handitzen ari direla, eta horrek kasuko langileak behartzen dituela osasun arloko jardueraren kudeaketa efizientea egitera. Era berean, osasun arloan etengabeko aurrerapen zientifiko eta teknologikoak gertatzen ari dira, eta horrek beharrezko egiten du eremu horretan lan egiten duten langileak etengabeko eguneratze eta prestakuntzan jardun daitezen. Horregatik, gaur egun herritarrek eskatzen dutenaren pareko osasun-prestazioa lortzeko, beharrezkoa da prestazio hori ematen duten langileen parte-hartze aktiboa.

Foru lege honen bidez, buru ematen zaio lanbide karrerako sistema Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun arloko langile guztiei aplikatzeari, xede gisa harturik tresna eraginkorra izatea osasun-alorreko zerbitzu-ematearen hobekuntzan pertsona horiek motibatzeko eta inplikatzeko.

Foru-lege aurreproiektuaren testua negoziazio kolektiboan aztertu zen Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Mahai Sektorialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupeko langileen Negoziazio Mahaian.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da lanbide karrera sistema bat ezartzea, Osasun Departamentuko osasun arloko langileei eta haren aplikazio-eremuko erakunde autonomoetakoei aplikatzekoa.

2. artikulua. Aplikazioeremua.

Foru lege honetan araututako lanbide karrerako sistema aplikatuko zaie Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako langileei, baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskineko A apartatuan jasota dauden edo etorkizunean jasoak izanen diren osasun-estamentuetakoren batean badaude, salbu eta "Fakultatibo espezialistak", "Beste fakultatibo batzuk" eta "Osasun arloko diplomadunak" estamentuetako langileei.

3. artikulua. Definizioa.

Lanbide karrera langileen motibaziorako eta osasun-zerbitzuen hobekuntzarako lanabes bat da, eta mamitzen du profesionalek nork bere kasa aurrerapausoak emateko duten eskubidea, jakintzari dagokionez lortu duten garapen profesionalaren aitorpen gisa; jakintza horren parte da 8.2.c) artikuluan aipatzen diren titulazioak eskuratzea, esperientzia lortzea eta haiek diharduten erakundearen helburuak betetzea.

4. artikulua. Lanbide karrerako mailak.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuko estamenturen batekoak diren langileen lanbide karrerako sistemak lau maila ditu.

2. Estamentu bakoitzaren barruan lanbide karrerako maila batetik bestera igotzeko, estamentu horretan emandako urteei eta garapen eta hobekuntza profesionalari dagozkien merezimenduak frogatu beharko dira.

5. artikulua. Lanbide karrerako ordainsaria.

1. Foru lege honetan arautzen den lanbide karrera ordainduko da berariazko osagarri baten bidez. Osagarri hori ordainsari osagarritzat joko da, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 6. artikuluaren ondorioetarako. Foru lege horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen du.

2. Foru lege honen aplikazio-eremuko langileek lanbide karrerako ordainsaria jasoko dute, titulazioaren arabera eta zer estamentutan diharduten kontuan izanda, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte.

3. Lanbide karrerako osagarria hamalau hilekotan ordainduko da; horietako hamabi arruntak izanen dira, eta bi, apartekoak.

6. artikulua. Mailaz igotzeko baldintzak.

1. Lanbide karreran mailaz igotzeko, eskaeraren egunean foru lege honen 7.1 artikuluan xedatutako puntuazioa lortu beharko da, eta aldi berean hartu beharko dira kontuan bai jarduera profesionalean emandako urteak bai garapen eta hobekuntza profesionala, honako zertzelada hauekin:

a) Eskatutako guztizko puntuazioaren ehuneko 50: kasuko estamentuan emandako zerbitzu-urteen arabera (puntu bat, horretan aritutako urte oso bakoitzeko), foru lege honen 7.1 artikuluan adierazitako gehieneko puntuazioraino.

b) Eskatutako guztizko puntuazioaren ehuneko 50: jarduera profesionalaren eta garapen eta hobekuntza profesionalaren baldintzak gainditzeagatik, foru lege honen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Maila igoerak eragina izanen du artikulu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen den egunaren ondorengo urtarrilaren 1ean.

7. artikulua. Maila bakoitzeko egonaldiak eta mailaz igotzeko eskatzen den puntuazioa.

1. Lanbide karreran mailaz igo ahal izateko, beharrezkoa izanen da jarraian zehazturiko puntuazioa lortu eta egonaldia egin dela frogatzea:

  
 EGONALDIAREN ARABERA BEHAR DEN PUNTUAZIOABAREMOAREN ARABERA (garapen eta hobekuntza profesionala) BEHAR DEN PUNTUAZIOAESKATUTAKO PUNTUAZIOA, GUZTIRA
I. maila5510
II. maila7714
III. maila8816
IV. maila5510

2. Egonaldia betetzeko, kontuan hartuko da zenbat urte egin diren dagokion estamentuan Europar Batasuneko estatu kideetako osasun-sistema publikoetan. Estamentu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinaren A apartatuan jasotako estamentuetako bat izan behar du.

Orobat, ondorio guztietarako kontatuko da zerbitzu bereziak egiten emandako denbora, edozein administrazio publikotan izendapen askeko postuetan zerbitzu ematen aritu izanaren ondoriozkoa nahiz prestakuntza, hobekuntza eta ikerkuntza egoeran egotearen ondoriozkoa.

8. artikulua. Garapen eta hobekuntza profesionala baloratzeko baremoa.

1. Ebaluazioaren xede den aldian erdietsitako garapen eta hobekuntza profesionala erregelamendu bidez onesten den baremoaren arabera zenbatuko da.

2. Baremoak bereiz baloratuko ditu jarduera eta jardun profesionala; garapen teknikoa eta antolamenduzkoa; eta prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza.

Ebaluazioa gainditzeko eta, estamentu bakoitzaren barruan, lanbide karrerako maila jakin batera igotzeko, erregelamendu bidez ezarriko da lortu beharreko gutxieneko puntuazioa. Puntuazio hori honako multzo hauetan guztietan edo batzuetan lortu beharko da, baloratu beharreko estamentuaren eta espezialitatearen arabera:

a) Jarduera eta jardun profesionala: atal honetan baloratuko dira profesionalaren jarduna, haren inplikazioa, unitatearen helburuei eta egindako lanaren kalitateari egindako ekarpena eta izandako konpromisoa, pazienteen gogobetetasun maila, eta esperientzia, ezagutza, trebetasunak, jarrera nahiz ahalegin pertsonala, zeinek lanbide-ondarea osatzen baitute eta lan profesionala egiteko modua tankeratzen baitute.

Ondorio horietarako, langileek eskubidea dute erakundearen eta beren unitatearen helburuak ezagutzeko eta azken horien ezarpenean parte hartzeko.

b) Garapen teknikoko eta antolamenduzko jarduerak: baloratuko da profesionalek parte hartzea jardueretan, proiektuetan, lantaldeetan, kalitate-taldeetan, burutzetan edo koordinazioetan, bai eta osasun-laguntza hobetzen eta Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen helburuak betetzen modu eraginkorrean laguntzen duen beste edozein jardueratan ere.

c) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: atal honetan baloratuko dira borondatezko etengabeko prestakuntzako jarduerak, irakasle nahiz ikasle gisakoak; halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileen maila-igoera ahalbidetzen duten osasun arloko titulazio ofizialak eta lanpostuarekin zerikusia duten beste titulazio batzuk, bai eta euskarazko eta Europar Batasuneko hizkuntzetako jakintza frogatzen dutenak ere, lanpostu bakoitzak herritarrekiko duen arretaren edo tratuaren mailaren arabera, eta foru lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden pertsonen hobetze eta eguneratze profesionala dakarten ikerketa-jarduerak ere bai.

9. artikulua. Ebaluaziobatzordeak.

1. Erregelamendu bidez ezarriko d(ir)a beharrezkoa(k) d(ir)en ebaluazio-batzordea(k). Zilegi izanen da estamentu desberdinak aldi berean eta horien ezaugarrien arabera baloratuko dituzten ebaluazio-batzordeak ezartzea.

2. Ebaluazio-batzordeek osaera paritarioa izanen dute, erregelamenduz ezarritako arauen arabera.

10. artikulua. Egiaztapena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, kasuko ebaluazio-batzordeak eskatuta, lanbide karrerako maila lortuaren esleipena eginen dio profesional bakoitzari, organo eskudunaren ebazpen baten bidez.

Lehen xedapen gehigarria. Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak.

1. Lanbide karrerako osagarriaren urteko zenbatekoa titulazioaren eta atxikipen-estamentuaren arabera ezartzen da, eta honela zehazten da:

- C mailako estamentuak:

I. maila: 1.652,98 euro.

II. maila: 3.305,96 euro.

III. maila: 4.958,94 euro.

IV. maila: 6.611,92 euro.

- D mailako estamentu titulaziodunak:

I. maila: 1.414,84 euro.

II. maila: 2.829,68 euro.

III. maila: 4.244,52 euro.

IV. maila: 5.659,36 euro.

- D mailako estamentu titulaziogabeak:

I. maila: 1.223,32 euro.

II. maila: 2.446,64 euro.

III. maila: 3.669,96 euro.

IV. maila: 4.893,28 euro.

2. Aurreko atalean aipatutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarietarako ezartzen den igoera-portzentajearen arabera.

Bigarren xedapen gehigarria. Egoera bereziak.

1. Foru lege honek araututako lanbide karrerako sistema bere aplikazio-eremuko langileei aplikatuko zaie Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza-, zuzendariordetza- edo burutza-postuetan edo zuzendaritza-erantzukizuneko beste edozein kargutan ari diren bitartean.

2. Foru lege honek araututako lanbide karrerako sistema bere aplikazio-eremuko langileei aplikatuko zaie langile-ordezkaritzako organoetako kide diren bitartean, legez ezarritako ordu-kredituaz lanaldi osoan baliatzen direnean. Kasu horretan, mailaz igotzeko, egonaldiak betetzeaz gain, prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntzari buruzko baremo-atala betetzea baino ez da eskatuko eta ebaluatuko.

Hirugarren xedapen gehigarria. Prestakuntzagatiko puntuazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baliabide propio eta publikoekin bermatu beharko du langile guztientzat aurreikusitako gutxieneko prestakuntza-orduak irakatsi, eman eta frogatzen direla, eta eskaintza publikorik ez egoteak ezin die kalte egin foru lege honen aplikazio-eremuko langileei lanbide karreran igotzeko baldintzak betetzeari dagokionez. Eskaintza publiko hori bermatzen ez bada, gutxieneko prestakuntza-orduak baremoko gainerako atalekin osatuko dira.

Berme hori osasun arloko gainerako langileen lanbide karrerei aplikatuko zaie.

Laugarren xedapen gehigarria. Osasun arloko langileen beste lanbide karrera batzuetako hizkuntzabalorazioa.

Foru lege honetan jasotako hizkuntza-balorazioa aplikatzekoa izanen zaie osasun arloko gainerako langileen lanbide karrerei.

Bosgarren xedapen gehigarria. Foru Komunitateko Administrazioan (Osasun Departamentuan izan ezik) lan egindako denbora aitortzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile guztientzako lanbide karrera arautzen den unean, foru lege honen aplikazio-eremutik kanpo dauden osasun arloko langileek kasuan kasuko estamentuan emandako zerbitzuak aitortuko dira.

Lehen xedapen iragankorra. C eta D mailetako osasun arloko langileen hasierako kokapena lanbide karrerako kasuko mailan.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuko langileen hasierako kokapena honela eginen da: langileari esleituko zaio dagokion lanbide karrerako maila, kontuan izanda zenbat urte egin dituen kasuan kasuko estamentuan Europar Batasuneko estatu kideetako osasun-sistema publikoetan, honako eskala honen arabera:

a) I. maila emanen zaie lanean 5 urte eman badituzte.

b) II. maila emanen zaie lanean 14 urte eman badituzte.

c) III. maila emanen zaie lanean 22 urte eman badituzte.

d) IV. maila emanen zaie lanean 29 urte eman badituzte.

2. Zerbitzuan emandako urteen gaindikina kontuan hartuko da etorkizunean lanbide karreran mailaz igotzeko. Igoera hori foru lege honetan ezarritako prozeduraren arabera eginen da.

3. Xedapen iragankor honetan aurreikusitako hasierako kokapenak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorio ekonomikoak izanen ditu.

Bigarren xedapen iragankorra. Foru lege honetan araututako lanbide karrerako sistema gradualki ezartzea C eta D.1 mailetako osasun arloko langileei.

Foru lege honetan jasotzen diren lanbide karrerako zenbatekoak modu progresiboan ordainduko dira, gehienez ere lau urtean, aurrekontuko baliabideen arabera, gutxieneko hauen arabera:

- Hasierako kopuruaren %50, 2024an.

- Hasierako kopuru horren %70era arte, 2025ean.

- Hasierako kopuru horren %90era arte, 2026an.

- Gainerakoa, 2027an.

Hirugarren xedapen iragankorra. Foru legea garatzeko arauak.

Azken xedapenetako bigarrenean xedatutako arau-garapen berariazkoa onesten ez den bitartean, analogiaz aplikatuko da ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretua, zeinaren bidez garatzen baita maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko diplomadunen lanbide karrerako sistema arautzen duena.

Laugarren xedapen iragankorra. Etorkizunean lanbide karrera zabaltzea Foru Komunitateko Administrazioko langile guztiei.

Foru lege honetan C eta D taldeetako osasun arloko langileen lanbide karrerari buruz ezarritakoa langile horiei aplikatuko zaie, ezertan galarazi gabe etorkizunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile guztiak sartzea jardun-ebaluazioko eredu homogeneo batean, zeinak, zerbitzu publikoen ematearen hobekuntza aintzat hartuta, langile publiko guztientzat ezar daitezkeen lanbide karrerako sistemetako progresioa zehaztuko baitu.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Foru lege hau garatu eta betetzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak jaulkitzeko.

Mailak esleitzeari dagokionez, 2025ean izapidetuko da foru lege hau garatzeko foru-dekretuaren proiektua.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web