78/2024 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 5EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 2024KO EKITALDIKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORRAK ETA BALANTZE KONTUAK IXTEKO, LIKIDATZEKO ETA 2025EKO EKITALDIAN IREKITZEKO ARAUAK ONESTEN DITUENA
BON N.º 177 - 30/08/2024
ERANSKINA. XEDEA
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea kontuen eta kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta kontu-ematea zehazteko. Horren ondorioz, aurreko urteetan bezala, onetsi behar dira Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2024ko ekitaldirako, bai eta 2025eko ekitaldian irekitzeko arauak ere.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
Onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2024ko ekitaldirako, bai eta 2025eko ekitaldikoak irekitzekoak ere. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak emanen dituzte foru agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko eta betetzeko.
Foru agindu hau eta eranskina igortzea Nafarroako Parlamentura, Kontuen Ganberara, Arartekoari, Nafarroako Kontseilura, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara, erakunde autonomoetara, sozietate eta fundazio publikoetara, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzura, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura, Ekonomia eta Finantza Zerbitzura, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatuetara, eta agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela, orok jakiteko eta aplikatzeko.
ERANSKINA. XEDEA
Arau hauen xedea da onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2024ko ekitaldirako, bai eta 2025eko ekitaldian irekitzeko arauak ere.
1. Gastuen aurrekontua.
1.1. 2024ko ekitaldiaren itxiera.
1.1.1. Aurrekontu aldaketak tramitatzeko epea.
Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari edo, hala badagokio, Kontu-hartzailetza Delegatuari aurrekontuak aldatzeko espedienteak bidaltzeko azken eguna 2024ko abenduaren 2a izanen da, salbu eta aldaketa horiek beharrezkoak badira pertsonal-gastua, partida zabalgarrien gastua edo SEM partiden gastua egozteko.
1.1.2. Gastu konpromisoak tramitatzeko epea.
Abenduaren 11 azken eguna izanen da hartu beharreko konpromisoak, aldi berean obligazioak aitortzea ez dakartenak, jasotzen dituzten kontabilitateko espediente berrien aurretiazko idatzoharrak egiteko.
Epemuga horretatik kanpo geldituko dira honako gastu konpromiso hauek:
- Toki-erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsean integratutako kapital transferentziak; horiek tramitatzeko azken eguna abenduaren 13a izanen da.
- Dirulaguntzak ematekoak edo kontratuak adjudikatzekoak, baldin eta gastu baimena 2024ko urriaren 18a baino lehen behin betiko kontabilizatua badute.
- Tramitazio aurreratuaren gastuak.
- Nafarroako Gobernuak abenduaren 1a baino lehen baimendutakoak.
- SEM partidei aplikatu beharreko gastuei dagozkienak.
- Data hori igarota, Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia jaso ondoren Nafarroako Gobernuak baimentzen dituenak.
1.1.3. Tramitazio aurreratuaren gastuak.
Azaroaren 20a azken eguna izanen da Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura bidaltzeko erakunde instrumentalei egindako enkarguei dagozkien tramitazio aurreratuari buruzko espedienteak.
Azaroaren 28a azken eguna izanen da Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura bidaltzeko tramitazio aurreratuari buruzko gainerako espedienteak, baloratu daitezen.
Data horietatik kanpo geratzen dira SEM gastuei buruzko espedienteak.
Ekitaldia bukatutakoan ebatzi gabe dauden gastu espedienteek bidezko diren jarduketei eutsiko diete tramitazioari segida emateko, hurrengo ekitaldiari egotzita.
1.1.4. 2024ko ekitaldiaren kargura aitortutako obligazioak.
Kudeaketa egiten duten zerbitzuek 2024ko abenduaren 13a izanen dute azken eguna ebazpen edo foru agindu bidez onetsi beharreko obligazioen aitorpen fasera iristen diren espedienteak fiskalizaziorako aurkezteko.
Egun hori abenduaren 20ra arte atzeratuko da 1.1.2 atalaren arabera baztertuta gelditu diren konpromisoetatik datozen espedienteen kasuan.
Ebazpen edo foru agindurik behar ez badute eta fakturak 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen sisteman sartu badira, urtarrilaren 8a da ebazpen edo foru agindurik behar ez duten obligazioen aitorpenen espedienteak kontu-hartzailetza delegatura igortzeko azken eguna.
Fakturak, beste faktura batzuei lotutako zuzenketakoak barne, sisteman urtarrilaren 1a baino lehen erregistratu badira eta onesteko fiskalizaziorik behar ez badute, urtarrilaren 17rako kontabilizatuta egon beharko dira, egun hori barne.
1.1.5. Beste kontabilitate-eragiketa batzuk.
Abenduaren 31tik aurrera ezin izanen da aurrekontuen edozein faseri buruzko kontabilitate-espediente berririk aurretiazko moldean erregistratu, aurreko atalean ezarritako kasuan izan ezik.
Aurrekontuko sailkapen ekonomikoaren 16. eta 48. artikuluetako gastuek, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez, 2025eko urtarrilaren 15erako kontabilizatuta egon beharko dute.
Aurrekontua gauzatzearekin loturiko idatzohar guztiak, edozein fasetan daudela ere, ezereztu eginen dira ez badira obligazio aitortu gisa behin betiko kontabilizatu 1.1.4 atalaren azken paragrafoak aipatzen duen muga-egunean.
Kasuan kasuko kontabilitate zentroei dagokie ezereztea idatzohar horiek, aurretiaz erregistratutako eragiketei dagozkienak, 2025eko urtarrilaren 22a baino lehen.
Behin-behinekoz aitortutako obligazioak, puntu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baztertzen badira, 2025eko ekitaldiaren kargura egotziko dira, hala badagokio.
Arau hauek betetzearen ondorioz kontabilizatu diren obligazioen kargura, bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agintzen ahalko da.
1.1.6. Justifikatu beharreko funts libratuak.
Abenduaren 20ko 385/1993 Foru Dekretuak justifikatu beharreko funts libratuak arautzen ditu, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 172/1994 Foru Aginduak aipatu foru dekretua garatu zuen. Halaber, 13/2007 Foru Legearen 56. artikuluak horiek arautu zituen berriro, eta indargabetu, hirugarren azken xedapenaren bidez, foru lege horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak oro.
Xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontua ixteko eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:
1.1.6.1. Kutxa finkoko aurrerakinak.
Kutxa finkoko aurrerakina izateak aukera ematen du aurrerakin hori ez itzultzeko eta ekitaldia ixtean eta irekitzean berriz eskatzeko. Hala ere, kutxa finkoko aurrerakinen kudeaketaz eta jarraipenaz arduratzen diren organoek txosten bat eginen dute funts horiek 2024ko abenduaren 31n duten egoerari buruz. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen.
Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek bilduko ditu:
a) 2024ko abenduaren 31n justifikatutako eta kontabilizatutako gastuaren zenbatekoa, data horretan aurrerakinaren kontu korrontera itzuli gabekoa. Dagozkion kontabilitate-espedienteak adieraziko dira.
b) Igorri eta onuradunak kobratutako taloien zenbatekoa, 2024ko abenduaren 31n justifikatu gabe eta kontu korrontearen saldora itzuli gabe daudenena. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.
c) Kasuko justifikazioa aurkeztuta ere, onuradunek kobratu ez dituzten taloien zenbatekoa. Hirugarrenen, kontzeptuen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.
1.1.6.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.
a) Ordainketa agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru-kopuruen aplikazioa eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko funtsak, 2024ko abenduaren 26a baino lehen (abenduaren 2. hamabostaldia). Ekitaldiko diruzaintza ixteko behar diren koadratzeak egin ahal izateko, abenduaren 26ko epea bete ezin izan duten erabili gabeko funtsen itzulketa ohiko hamabostalditik kanpo ingresatuko da, abenduaren 31 baino lehen betiere. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko funts horien kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte hori betetzeko.
b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2024ko abenduaren 31n funts horiek duten egoerari buruzko txostena egin beharko dute. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen.
Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek bilduko ditu:
- 2024ko abenduaren 31n ordainduta eta justifikatuta dagoen gastuaren zenbatekoa, kontabilizatu gabekoa. Dagozkion fakturen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.
- Luzatutako taloiak, baldin eta 2024ko abenduaren 31n justifikatu gabe badaude, onuradunak kobratuak izan zein ez, eta atal honen a) letran ezarritakoa gorabehera. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.
1.2. 2025eko ekitaldiaren irekiera.
1.2.1. Lehendik dauden egoeren aurrekontu kontabilizazioa.
Ekitaldi berriko aurrekontu programa bakoitzean, eta gastuari hasiera eman aurretik, aurrekontu berriaren kargura finantzatu beharreko gastuei dagozkien aurrekontuaren gauzatze faseak kontabilizatuko dira. Faseak honako hauek dira:
- Kreditu erreserbak, bakarrik kreditua erreserbatzea nahitaezkoa duten kontratuei dagozkienak, baldin eta haietatik ekitaldia bukatutakoan prestazioa oraindik jaso gabe badago.
- Gastu-konpromisoak, bai urte anitzeko espedienteen urterokoei dagozkienak, bai ixten den aurrekontuan kontabilizatutako eta abenduaren 31n obligazioa aitorturik ez duten konpromisoei dagozkienak, baldin eta, azken kasu horretan, titularrak ekitaldi berrian dagozkion obligazioak eskatzeko aukera badu.
- Tramitazio aurreratuko egoerei dagozkien gastu-baimenak. Baimen horiek aurreko bi faseetako mugimenduak kontabilizatu ondoren kontabilizatuko dira.
Bidezko diren kontabilitate-eragiketa guztiak eginik, Kontabilitate Zentro bakoitzeko arduradunak Kontu-hartzailetza Delegatuari jakinaraziko dizkio, Kontu-hartze Orokorrean eskuratuko den inprimakia beteta.
Onartutako dirulaguntzei dagozkien gastu konpromiso ordaindu gabeak, ixten den aurrekontuari egotzi beharko zirenak, ekitaldi berriko aurrekontuan erregistratzean, dirulaguntzen deialdiaren kodea agertu beharko da beti.
1.2.2. Aurrekontuaren gaitasun finantzarioaren bermea.
Aurrekontu berria aurreikusi diren konpromiso guztiak finantzatzeko gai dela bermatzeko, Kontu-hartzailetzak ez du inolako gastu baimenik edo aurrekontuaren aldaketarik fiskalizatuko, baimen edo aldaketa horiek aurrekontuaren gaitasuna kaltetzen ahal badute, hala egun duen egituran, nola departamentuaren titularrak aurrekontuen kudeaketari buruz egin behar dituen ohiko operazioak egin ondoren, aurreko atalean aipatutakoari jarraikiz kontabilizatu behar diren eragiketa guztiei erantzuna emateari dagokionez. Eragiketa horiek erabaki berrien aurretik kontabilizatu behar dira lehentasunez. Hortaz, kudeaketa organoek proposamen bat egiten dutenean lehendik dauden egoerak behar den bezala kontabilizatu gabe gastu berriak baimentzeko, kontsideratuko da, eragozpen-oharra jartzearen ondorioetarako, ez duela behar bezala ziurtatzen aurrekontuan saldorik badela.
Lehendik dauden egoeren kontroletik salbuetsita egonen dira SEM proiektuekin lotutakoak, baldin eta ireki beharreko aurrekontuan diruzaintzako gerakinarekin finantzatzen badira.
2. Diru-sarreren aurrekontua.
2.1. 2024ko ekitaldiaren itxiera.
2.1.1. Diru-sarreren esleipena.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkiola ekitaldi horretan likidatutako eskubideak, kontuan hartu gabe zer alditan sortuak diren.
Horrekin bat, 2024ko diru-sarreren aurrekontuari urte horretan aitortu diren eskubideak aplikatuko zaizkio, nahiz eta kontabilizazioa 2025eko urtarrilaren 15 arte luza daitekeen.
2.1.2. Formalizaziotik datozen diru-sarrerak.
2025eko urtarrilaren 10erako, lan pertsonalaren etekinen eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren diru-sarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien partidei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerako diru-sarrerak ere.
2.2. 2025eko ekitaldiaren irekiera.
Kontabilitate zentroek egiaztatu beharko dute, 2024ko abenduaren 31 baino lehen, dagozkien eta ekitaldi berrian indarra izanen duten tributuz besteko diru-sarrera normalizatuen kontzeptu guztiek jasotzen dituztela ekitaldi berrirako aurreikusitako aurrekontuko sarrera-partidak.
Aurreko atalean ezarritako korrespondentzia gertatzen ez bada, eta aurrekontu berriak indarra hartu ondotik, kasuko kontzeptuen bertsio berriak sortu beharko dira, eta aurrekontuko sarrera-partidak eguneratu.
3. Gastuetarako proiektuak.
2025eko otsailaren 28rako, gastuetarako proiektuen kudeatzaileek proiektu horietako PEP elementuak berrantolatu beharko dituzte, izandako gauzatzearen eta 2024ko ekitaldiaren itxieran eskura dagoen informazioaren arabera, eta, halaber, proiektuen eta PEP elementuen 2024ko ekitaldia baliozkotuko da informazio sisteman; hori guztia, galarazi gabe kofinantzatutako jarduketei buruzko informazioa emateko baldintzek behartzen ahal dutela berrantolaketa hori adierazitako eguna baino lehen egitera.
4. Balantze kontuak.
Kontabilitate itxieretan egin beharreko eragiketetan nahitaezkoa da bermatzea ondare egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera orrien zehaztasuna. Horregatik, egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, ziurtatzeko bat datozela balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro laguntzaileak. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo ataletan aipatzen den informazioa eman beharko dute.
4.1. Ibilgetu materiala eta immateriala.
Ondare Zerbitzuak, Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzeko ardura duen aldetik, informazioa eman beharko dio Kontabilitate Zerbitzuari, 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen, ondasun higigarriei dagozkien eta aplikatzeko dauden bajei buruz. Era berean, data hori baino lehen, zerrenda bat bidaliko dio Kontabilitate Zerbitzuari, jasoko dituena etorkizunean etekin ekonomikoak edo zerbitzua emateko probabilitate handia duten aktibo immaterialetan egindako gastuak.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak txosten bat egin beharko du 2023ko ekitaldian "Nafarroako AHTko Korridorea" izeneko 2320601901cfna kontuan aktibatu beharreko gastuei buruz, bai eta aktibo horrek 2024ko abenduaren 31n duen balioari buruz ere. Txostena 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura.
2025eko otsailaren 28a baino lehen, departamentuek dagozkien ondasun higiezinei esleituko dizkiete aplikatzeko dauden ibilgetu-kontuetako partida ireki guztiak (2399109999 "Aplikatzeko dauden lurrak", 2399119999 "Aplikatzeko dauden eraikuntzak" eta 2399139999 "Aplikatzeko dagoen ondare historikoa"), 2023ko aurrekontuan kontabilizatzeko dauden fakturei dagozkien zenbatekoak izan ezik. Kontabilitate Zerbitzura txostena igorriko da, ordaintzeko dauden saldoak justifikatzeko.
4.2. Finantza inbertsio iraunkorrak (250, 251, 252, 259, 260 eta 542 kontuak).
4.2.1. Ondare Zerbitzuak, 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko du Kontabilitate Zerbitzura 250 (Akzioak), 251 (Errenta finkoko baloreak) eta 259 (Akzioengatik ordaindu beharrekoak) kontuei dagozkien saldoen euskarri-txostena, 2024ko ekitaldian izandako aldaketen berri emanda eta adierazita aldaketa horiek aurrekontuak gauzatzean eraginik izan duten ala ez.
Txostenak, halaber, hauxe jasoko du:
a) Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek 2024ko abenduaren 31n jabetzan dituzten akzioei buruzko informazio hau:
- Akzioen kopurua.
- Balio nominala.
- Partaidetzako sozietatearen kapitalean zer partaidetza portzentaje hartzen duten.
- Urtean egindako kapital handitze edo murrizteak, edo ekitaldiko aurrekontuan behar den aplikazioa eginez hasitakoak, eta horien tratamendua aurreko puntuetan emandako datuetan.
- Nafarroako Gobernuak erosi edo saldutako harpidetza eskubideak.
b) Aurreko informazioa kontuan hartuta, akzioengatik ordaindu beharrekoen eta emandako partaidetza maileguen egoeraren edo aplikazioaren zerrenda.
c) Aurreko ataletan aipatu gabeko edozein finantza aktibo eskuratu bada, horren gaineko informazioa.
d) Aipatutako tituluetako batzuek balore merkaturen batean kotizatzen badute, ekitaldiko azken hiruhilekoko batez besteko kotizazio ofiziala eta itxierako ekitaldiko abenduaren 31ko kotizazioa ere emanen dira.
Azkenik, 2024ko otsailaren 28a baino lehen igorri beharko du, 2024ko abenduaren 31n Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen jabetzakoak diren akzioei dagokienez, sozietate pribatuen eta publikoen arabera, sozietatearen funts propioetan dagoen partaidetzaren kuantifikazioa, 2024ko abenduaren 31n, edo sozietatearen funts propioei buruzko informazioa, 2024. urteko ekitaldiaren urteko itxiera balantzean, eta sozietate bakoitzean duen partaidetza portzentajea.
4.2.2. Departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek, baldin eta maileguak, epe luzerako aurrerakin itzulgarriak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste kreditu batzuk eman badituzte (252 eta 260 kontuak ukitzen dituztenak), sistema informatikoan sartu beharko dute mailegu horietako bakoitzari buruzko informazioa, 2024ko abenduaren 31n eguneratuta. Departamentuek, 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ziurtagiri edo txosten bat igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura, egiaztatzen duena kontabilitate datuak bat datozela departamentuan dauden administrazio espedienteetako hirugarrenen zerrendarekin (zerrenda ere aurkeztu behar da). Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.
4.2.3. Kontabilitate zentroek, 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura 542 kontuetan dagoen saldoa berresten duen txostena. Zehazki, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak udal funtzionarioen montepioko maileguari buruzko 542 kontuaren euskarria bidali beharko du. Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.
4.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).
Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek (NOZ eta NOPLOI) GE 21 sisteman agertzen diren izakinak erregularizatu beharko dituzte 2024ko abenduaren 31ko kontabilitate-datarekin, abenduaren 31n benetan dauden izakinetara egokituta. Erregularizatu ondoren, kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko datuak bidaliko dira Kontabilitate Zerbitzura 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen.
4.4. Aurrekontuko hartzekodunak.
4.4.1. 2024. urtea baino lehenagoko gerakinen eta obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak (T).
2024ko abenduaren 13a baino lehen, 2024 baino lehenagoko obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, obligazio horien ordainketa agindua oraindik tramitatu gabe badago, ezereztu beharrekoak ezereztuko dituzte, eta 2024ko ekitaldiari egotzi, eta mantentzen diren espedienteen zerrenda Kontabilitate Zerbitzura igorri beharko dute. Horrekin batera, ekitaldia ixtean oraindik ere, denbora luzea pasatu arren, indarrean dauden obligazioei dagozkiela frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte.
4.4.2. Hartzekodun orokorrak eta/edo departamentuetakoak.
Kontabilitate zentroek 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura hartzekodun orokorrei eta/edo departamentuetakoei dagozkien 2024ko abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean. Txosten horretan ez dira kontuan hartuko kutxa finkoko aurrerakinei eta justifikatu beharreko ordainketei dagozkien hartzekodun orokorrak eta/edo departamentuetakoak, foru agindu honetako atal egokian bildutakoari jarraikiz beste txosten batean jorratzen baitira.
4.5. Aurrekontura aplikatzeke dauden aurrekontutik kanpoko hartzekodunak eta aurrekontutik kanpoko hartzekodunak, kobrantzen kudeaketaren ondorioz. (413 eta 419).
4.5.1. Fakturen kontabilitate erregistroa.
2025eko urtarrilaren 1a baino lehen sartutako faktura guztiek, atzera bota ez badira, dagokien isla izan beharko dute 413 kontuetan. Horretarako, 2024ko aurrekontuari aplikatu gabe geratu diren fakturek 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen "esleitua" edo "baliozkotua" egoeran geratu beharko dute, esleipen-kodea 3000000026 bada. Egun hori igarota, kudeatzaileak atzera bota beharko ditu dagokien 413 kontuan ez dauden fakturak.
2024ko abenduaren 31n ezin izanen da egon 2024ko urriaren 1a baino lehenagoko erregistro sarrera duen fakturarik "esleitu" edo "baliozkotu" egoeran; lehenago igorriko dira kontabilitate zentroetara, kontabilizatzeko; bestela, atzera botako dira.
4.5.2. SAPeko MM moduluaren bidez kudeatzen diren 413000 kontuak.
2025eko urtarrilaren 17a baino lehen, Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Erosketak eta Biltegiak Kudeatzeko Sistemaren kudeatzaileek 413000 kontuen saldo hartzekodunetan egon litezkeen akatsak zuzenduko dituzte, eta horretarako, jasotako fakturei nahiz jasotzekoak diren fakturei lotzen ez zaizkien WS (zerbitzu sarrera) eta WE (salgaien sarrera) dokumentuak ezereztu eta 2024ko ekitaldiari egotziko dizkiote. Zuzenketa hori egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute, data hartarako, oraindik sisteman dauden eta faktura Kudeaketa Sisteman erregistratu gabe duten WS eta WE dokumentuen zerrenda (2024ko urriaren 1a baino lehenagokoak); halaber, salgaiak edo zerbitzuak jasotzen direnetik ordaintzeko batez besteko aldia eta aurrekontu egonkortasunaren araudiak aldi horri jartzen dion tartea igarota, dagokion faktura erregistratu gabe egoteko arrazoiak justifikatu beharko dituzte.
Halaber, eta 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen, itxi gabeko material eskaera guztiak ekitaldi berrira ekarriko dituzte, eta, behar denean, batetik bestera aldatu behar ez direnak erregularizatu eginen dira. 2024ko ekitaldia ixtearekin, eskaerak 2025era aldatzeko aukera blokeatuko da.
4.5.3. Dirulaguntzak justifikatzeko Extr@-ren bidez kudeatzen diren 41300 kontuak.
Kudeatzaileek salbuespen gisa aplikazioan erregistratu behar dituzten dirulaguntzen justifikazioek idatzoharra egina beharko dute 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen. Justifikazio horiek onuradunak dokumentazioa aurkezten duen egunean kontabilizatuko dira.
Dirulaguntzak kontabilizatzeko Extr@ tresna erabiltzen duten dirulaguntzen kudeatzaileek 2025eko urtarrilaren 22a baino lehen zuzendu beharko dituzte kontu horien saldoa osatzen duten apunteetan egon litezkeen akatsak. Kontu horiek berrikusi ondoren, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura igorriko dute saldo horien euskarri diren hirugarrenen zerrenda.
4.5.4. Aurrekontutik kanpoko hartzekodunak Kobrantza Kudeaketaren ondorioz (419 kontuak).
Kontabilitate zentroek derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu badituzte aurrekontutik kanpoko zordunak, kobrantza kudeaketaren ondorioz, beste erakunde batzuei dagozkienak (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa, NILSA eta Konpentsazio Batzordea), abenduaren 31ko saldoaren dagokien zatia jasan beharko dute 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen, derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu eta kobratzeko edo ezeztatzeko dauden zordunei dagokiena; informazio hori Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute.
4.6. Hirugarrenentzako Kontabilitate Laguntzailearen kudeaketa esparruko hartzekodunak (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak).
Hirugarrenentzako Kontabilitate Laguntzailearen esparruan kudeatutako diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunen kontuei (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak) eta aplikatzeko dauden zerga kobrantzei (431 kontuetako saldo hartzekodunak) dagokienez, Diru-bilketa Zerbitzuak horiek ekitaldia ixten denean duten saldoei buruzko informazioa emanen du 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen.
Halaber, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak aipatu den egunean igorriko du zerga unitateetan diru-sarrerak itzultzeko aurkeztu diren eskaeren zenbatekoa, zergen arabera banatuta, baldin eta abenduaren 31n diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodun gisa erregistratzeko badaude kasuan kasuko zerga zordunen hartzekoan. Eskaera horiei dagokien behin betiko informazioa eman beharko du 2025eko apirilaren 1a baino lehen, eskatzaileen benetako eskubideak aitortu ondoren, hala badagokie.
4.7. Zordunak. (43 eta 44 kontuak).
Kontabilitate zentroek 2025eko urtarrilaren 17 baino lehen sartu beharko dute sistema informatikoan kobratzeke dauden zor guztien gaineko informazio eguneratua (4311) eta aurrekontutik kanpoko zordunei buruzkoa (4490).
4.7.1. 2024ko ekitaldiaren aurretik likidatutako aurrekontu eskubideen ondoriozko zordunak.
Data hori baino lehen, departamentu edo erakunde autonomoek 2024ko ekitaldia ixtean zordunak badituzte, aurreko urteetan likidatutako eskubideen ondoriozkoak, justifikatzen ez direnak ezereztu beharko dituzte. Horrekin batera, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dituzte mantentzen direnak, zorra hasi zeneko urtearen arabera ordenatuta eta, agirien bidez justifikatuta, denbora luzea pasatu arren, eskubide horiek ekitaldia ixtean indarra dutela eta ez direla derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu beharko.
4.7.2. Hirugarrenentzako Kontabilitate Laguntzailearen kudeaketa esparruko zordunak.
Hirugarrenentzako Kontabilitate Laguntzailearen esparruan kudeatzen diren zordunen kontuei dagokienez (431, 432, 435 eta 436), 2025eko urtarrilaren 17a baino lehen Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du aurreko ekitaldietako (aurrekontu itxietako) zordunen eta haiek abenduaren 31n duten saldo zordunaren gainean ekitaldian egin den kudeaketari buruz.
Kontu horien gainean, eta data berean, Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du ekitaldian likidatu diren eskubideei dagozkien 2024ko abenduaren 31ko saldo zordunei buruz, aurreko paragrafoan bildutako informaziotik bereizita.
Aipatu kontuen saldoak bat etorriko dira aurreko bi paragrafoetan agertzen diren saldoen baturarekin.
4.7.3. Zordun orokorrak eta/edo departamentuetakoak.
Kontabilitate zentroek 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura zordun orokorrei eta/edo departamentuetakoei dagozkien abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean.
4.7.4. Dirulaguntzen aurrerakinak jasotzeagatiko zordunak (447 kontuak).
Espedienteak kudeatzeko Extr@ tresnaren bidez kudeatutako dirulaguntzen aurrerakinei dagokienez, kontabilitate zentroek 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura txosten bat, jasotzen duena 447 kontuen abenduaren 31ko saldoen euskarri diren hirugarrenen zerrenda.
4.8. Formalizazio kontuak eta aplikatzeko daudenak (554, 556, 585, 586 eta 589 kontuak).
Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek ziurtatu beharko dute, ekitaldi itxieran, saldoa zero dutela. Halaber, eta 5540001700 eta 5540200000 kontuei dagokienez, itxiera ekitaldiko mugimenduak konpentsatu beharko dira, 2024ko abenduaren 31n.
Epigrafe honetan aipatutako konturen batek saldoa zero ez badu, 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura 2024ko abenduaren 31n duen saldoaren berri xehakatua.
Era berean, 5540001700, 5540200000, 5561000000, 5561000001, 5561000004, 5852000002 eta 5852000003 kontuei buruz, zeinak Hirugarrenentzako Kontabilitate Laguntzailearen esparruan kudeatzen baitira, dagozkien saldo zordunen eta hartzekodunen informazioa emanen da.
4.9. Epe laburreko fidantzak, Hiri Jabetzaren Ganberako errentamenduen fidantzak eta Gordailuen Kutxa Orokorra (180, 560 eta 5611 kontuak).
Departamentuek edo erakunde autonomoek epe laburrera jasotako fidantzen ondoriozko hartzekodunak badituzte, 2024ko abenduaren 31 baino lehen ezereztu beharko dituzte bermea jada beharrezkoa ez duten fidantzak, bost urtean bederen itzultzeko eskaerarik gabe egon badira, eta 2024ko ekitaldiari egotziko dizkiote.
2025eko urtarrilaren 31 baino lehen, kontabilitate zentroek Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txostena igorriko dute Kontabilitate Zerbitzura, agertuta 2024ko abenduaren 31n itzultzeko dauden epe laburrera jasotako fidantzen zerrenda, mantentzen direnena, eratu zireneko urtearen arabera ordenatuta.
5. Jasotako eta emandako abalen gaineko informazioa.
5.1. Emandako abalak.
Ondare Zerbitzuak 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko ditu Kontabilitate Zerbitzura gai hauek bilduko dituzten txostenak:
- Eratutako abalek abenduaren 31n dituzten saldoak eta 2024ko ekitaldian horietan izandako aldaketak.
- Emandako abalen saldo bizia, abenduaren 31n exekutatu ez baina kasuan kasuko finantza-entitateari egin beharreko ordainketetan ez-ordaintze bat izan dutenena, behar diren hornidurak gauzatzeko.
5.2. Jasotako abalak.
Egun horretan berean, Diruzaintza Atalak abenduaren 31 arte jasotako abalen inguruko saldoen eta 2024an horietan izandako aldaketen txostena eginen du.
6. Finantza-entitateetan dauden kontuak, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak.
6.1. Finantza-entitateetako kontuak, Diruzaintza Atalean zentralizaturik ez daudenak, hau da, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak, kudeatzeko baimena duten arduradunek Nafarroako Gobernuko diruzaintza nagusian sartu beharko dituzte haien saldoak, dagokion ordainketa gutunaren bidez abenduaren 26a baino lehen (2024ko abenduaren 2. hamabostaldia) edo transferentziaren bidez abenduaren 31 baino lehen (hamabostalditik kanpo). Kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketa aginduak salbuetsita daude, haien tratamendua 1.1.5 atalean biltzen baita.
6.2. Aurreko paragrafoan aipatu diru-sarrera bidezkoa ez denean eta, betiere, kontu horiek abenduaren 31n saldo positiboa edo negatiboa badute, arduradun baimenduek 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dituzte Diruzaintza Atalera, kasuan kasuko idazkaritza nagusiaren bidez, kontu horiek abenduaren 31n duten saldoaren laburpena eta haren osaerari buruzko txostena.
6.3. Diruzaintza Atalak Nafarroako Gobernuak finantza-entitateetan kontabilitatean korrelaziorik gabe dituen kontuen zerrenda eginen du 2025eko otsailaren 28a baino lehen, 2025eko abenduaren 31n dituzten saldoak barne, sailkapen honekin: diru-bilketaren kontu bereziak, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeak kudeatzeko dituen kontuak eta kontabilitatean korrelaziorik ez duten bestelako kontuak.
7. Sozietate eta fundazio publikoak.
7.1. Edukia.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 2. artikuluko f) eta g) apartatuetan aipatzen diren entitateen kontuetan bilduko dira balantzea, emaitzen kontua, ondare garbiaren aldaketen egoera orria, eskudiru fluxuen egoera orria eta memoria, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kontabilitate Plan Orokorrean adierazitako moduan eginak.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren dirulaguntzak eta beste transferentzia batzuk erakusten dituen egoera orrian, emandako kontabilitateko tratamendua aipatuko da, eta bereiz jasoko dira Estatuarenak, Foru Komunitatearenak, toki erakundeenak eta Europar Batasunarenak; gainera, azken horiek zein funts edo finantza bitartekoren kargura jaso diren adieraziko da.
7.2. Igorri beharreko informazioa.
Sozietate eta fundazio publikoek Kontabilitate Zerbitzura 2025eko maiatzaren 9a baino lehen igorri beharko dituzte onetsitako kontuak, barnean direla Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren agiriak. PDF formatuan igorriko dira.
8. Beste erakunde batzuk.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeek xedapen horren 3. zenbakian adierazten den itzulketa egin beharko dute, dagozkien urteko kontuak onetsi eta hamabost eguneko epean.