(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2024 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, 2024KO UZTAILAREN 24KOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGARI DAGOZKION ZENBAIT NEURRI LUZATZEN DITUENA

BON N.º 167 - 16/08/2024



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainaraztean, Nafarroak Estatuko lurraldean une bakoitzean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horren arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuan datozen hilabeteetan elikagaien inflazioak bilakaera positiboa izan dezan laguntzeko, eta ildo horretan hartutako neurriak pixkanaka ezabatzeko, 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu daiteke elikagai jakin batzuei BEZaren zerga-tasa murriztuak aplikatzeko epea. Hain zuzen, hala ezartzen du ekainaren 27ko 4/2024 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez luzatzen baitira Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri, eta premiazko neurriak hartzen baitira zergen, energiaren eta gizartearen arloan.

Zehazki, BEZa %5ean mantenduko da janari-pasten eta hazi-olioen kasuan eta %0an premia biziko elikagaien kasuan, 2024ko irailaren 30era arte. Oliba-olioei dagokienez (dieta osasungarri baten oinarrizko eta funtsezko elikagaia), BEZa %5etik %0ra murriztuko da 2024ko irailaren 30era arte. Data horretatik aurrera, inflazioa nabarmen murriztuko dela aurreikusten da, eta, beraz, aipatu elikagaien zerga-tasak %7,5era eta %2ra igoko dira, hurrenez hurren. Igoera horrek abenduaren 31ra arte iraunen du, eta une horretan prezioen murrizketak aukera emanen du salbuespenezko neurri iragankor hori kentzeko, familien erosteko ahalmenari eragin gabe.

Gainera, oliba-olioa premiazko elikagai gisa finkatzen denez, hari aplikatu beharreko zerga-tasa %4ko tasa super murriztuan mantenduko da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera. Horretarako, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu behar da, behar diren ondorioetarako eta mugarik gabe, eta horrek, horrenbestez, 19/1992 Foru Legea aldatzea dakar.

Bestalde, produktu horiei aplika dakiekeen baliokidetasun-errekarguaren tasak %0,6an eta %0an mantenduko dira, %5eko eta %0ko BEZaren aplikazioari dagokionez. Ondoren, %1era eta %0,26ra igoko dira, elikagai horiek %7,5eko eta %2ko zerga-tasetan tributatzen dutenean, hurrenez hurren.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, BEZari dagokienez, Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berberak aplika daitezen Foru Komunitatean.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehena. Elikagaien entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barrukoetan, aldi baterako aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa, bai eta baliokidetasun-errekarguaren ondorioetarako ere.

Bat. Ondorioak 2024ko uztailaren 1etik aurrera eta indarra 2024ko irailaren 30era bitarte izateko:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren %5eko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Hazi-olioak.

b) Janari-pastak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %0,62koa izanen da.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren %0ko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, soil-soilik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, barazkiak, ortuariak, lekariak, tuberkuluak eta laboreak, Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emaniko xedapenen arabera produktu naturalen izaera dutenak.

g) Oliba-olioak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %0koa izanen da.

Bi. Ondorioak 2024ko urriaren 1etik aurrera eta indarra 2024ko abenduaren 31ra bitarte izateko:

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren %7,5eko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Hazi-olioak.

b) Janari-pastak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %1ekoa izanen da.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren %2ko zerga-tasa aplikatuko da produktu hauen Europar Batasunaren barruko entrega, inportazio eta eskurapenetan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, soil-soilik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, barazkiak, ortuariak, lekariak, tuberkuluak eta laboreak, Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emaniko xedapenen arabera produktu naturalen izaera dutenak.

g) Oliba-olioak.

Eragiketa horiei aplikatu beharreko baliokidetasun-errekarguaren tasa %0,26koa izanen da.

Hiru. Aurreko apartatuetan aipatutako zerga-tasaren murrizketen onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murrizketaren zenbatekoa ezin izanen da erabili, ez osorik, ez partez, enpresen mozkin-marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igota, deusetan galarazi gabe ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartzea eta publizitatzea.

Neurri honen eraginkortasuna egiaztatuko da prezioen bilakaeraren jarraipena egiteko sistema batekin, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketez gain betiere.

Bigarren artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Ondorioak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izateko, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37.Bi.1.1 artikuluari g) letra gehitzen zaio:

"g) Oliba-olioak".

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web