8/2024 FORU LEGEA, EKAINAREN 6KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA NAFARROAKO BABES ZIBILARI ETA LARRIALDIEN KUDEAKETARI BURUZKO UZTAILAREN 1EKO 8/2005 FORU LEGEA
BON N.º 122 - 13/06/2024
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eta haren plantillak eskumen eta ezaugarri berezi eta berekiak dauzkate; eta, halatan, beharrezko dute zereginen eta lanpostuen berezitasun horretan oinarritzen diren kudeaketa-eredua eta araubidea.
Erregelamendu bereki bat prestatzearekin batera -langintza hori abian da jadanik-, aipatu zerbitzuko lanpostuei buruzko azterlan bat egin beharra dago, hain zuzen ere azken urteotan Administrazioak zenbait departamentu eta zerbitzutan egin duen bezalaxe, xedetzat harturik lanpostu horiek ahalik eta modu efizienteenean tankeratuta uztea lan-baldintzei, erantzukizunei eta eginkizunei dagokienez.
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren eskumen eta ezaugarri bereziak egokiro baloratuko badira, lanpostu-baloraziorako azterlan bat egin behar da -erregelamenduaren negoziazioaren barrenean, eta erregelamenduarekin batera-, lanpostu bakoitzaren analisian sarturik lanpostuko prestazioak eta lan-baldintzak.
Horregatik, xedapen gehigarri berri bat txertatzea proposatzen da, zeinak ezarriko baitu lanpostu-baloraziorako azterlan bat egin beharra, aldeei ahalbidetuko diena, bai foru-administrazioari bai ordezkaritza sindikalari, lanabes zehatz bat eskueran edukitzea, Mahai Sektorialean irekitako negoziazio-esparruaren barrenean.
Artikulu bakarra. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzea.
Xedapen gehigarri berri bat eransten da, seigarrena. Testu hau izanen du:
"Seigarren xedapen gehigarria.-Lanpostu-baloraziorako azterlana.
1. Administrazioaren eta ordezkaritza sindikalaren artean ezarritako negoziazio-esparruaren barrenean, eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren funtzionamendua eta barne-antolamendua arautuko dituen erregelamenduaren onespen-prozesuaren aldi berean, Barne Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu horretako lanpostuen baloraziorako azterlan bat eginen du bederatzi hilabeteko epean. Azterlan horrek lanpostu desberdinetako prestazio eta lan-baldintzen analisi bat jasoko du, aintzat harturik Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren eskumen eta ezaugarri bereziak. Azterlanari 2024aren bigarren seihilekoan ekin beharko zaio.
2. Azterlanaren prestaketan Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkaritza batek parte hartuko du, lanpostu bakoitzaren balorazio-sistema, irizpideak eta faktoreak zehazteko eta emaitza baliozkotzeko.
3. Azterlana egin ondoren, aipatu Langileen Batzordearekin negoziatuko da lan- edo ordainsari-baldintzen balizko hobekuntzen ezarpena, eta, hala badagokio, kasuko arau-moldaketak egin beharko dira Azterlana eta haren emaitzak ezartzeko".
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.