57/2024 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 24KOA, HEZKUNTZA KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASTETXEETAN ATZERRIKO HIZKUNTZETAN IKASTEKO PROGRAMAK GARATZEN DITUENA
BON N.º 119 - 10/06/2024
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
III. KAPITULUA. IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA
III. KAPITULUA. IKASLEAK
IV. KAPITULUA. IRAKASLEAK
V. KAPITULUA. IKASTETXEEN ANTOLAKAETA ALDERDIAK
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren helburuetako bat zera da, kanpoaldera irekitzea hizkuntzen ikaskuntza hobetuta, mugikortasuna eta trukeak handitzeko, eta europarren arteko lankidetza sendotzeko. Azken finean, hezkuntza sistema eleaniztuna eskatzen dute herritarrek. Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.
Europak hezkuntzaren arloan izanen duen etorkizunari dagokionez, Europako Hezkuntza Esparru bat sortu nahi da. Helburuak bi izanen dira: bata, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi globala izatea, eta, bestea, ikasleek, beren ama hizkuntza edo ama hizkuntzak menderatzeaz gainera, beste hizkuntza bat edo bi menderatzea. Haren helburuen artean dago nahitaezko irakaskuntzan hizkuntzen ikaskuntza bultzatzea, Europako Kontseiluaren Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan oinarritutako gaitasun maila espezifikoak lortzeko, eta kontzientzia linguistikoaren kontzeptua hezkuntzan eta prestakuntzan txertatzea. Kontzeptu horren barnean sartuko da hizkuntzak ikasteko esparru inklusibo bat, pertsona bakoitzaren hizkuntza gaitasunak kontuan hartuta.
Programa eleanitzak hizkuntzekiko sentsibilitate berri batekin abiatzen eta garatzen dira, hizkuntza bakar bateko testuinguruetan baino estrategia metakognitibo eta komunikatibo aberatsagoak bultzatuz ikasle guztiengan. Enpirikoki frogatua dago eleaniztasunak onura dakarrela hizkuntzak ikasteko eta garatzeko.
Hizkuntzen koordinazio eta tratamendu integratua zuzendu behar du Hezkuntza Departamentuak, bai eta hizkuntza aniztasunaren sustapena ere Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hizkuntza jakintzaren alorrean hobetzeko lagungarria den interes estrategikoko helburu gisa.
Foru agindu honek jarraiki egiten die Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuari eta Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuari. Etapa horietako irakaskuntzaren helburuak, gako-gaitasunak, oinarrizko ezagutzak, ebaluazio irizpideak eta curriculumaren funtsezko alderdiak finkatzen dira foru arau horietan, arloak berrantolatzeaz gainera, ikasleen gaitasunen garapena bultzatze aldera. Horien printzipio orokorren artean, aipatzen da antolamenduarekin, metodologiarekin eta curriculumarekin lotutako neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioen arabera arautuko direla; Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 2. artikuluan eta foru agindu honen artikulu berean jasotzen da arestian aipatutako printzipioa. Puntu honetan, azpimarratzekoa da ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 5. puntuan zera ezartzen dela, ikastetxeek eskola ordutegian denbora eskaini ahalko dutela curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan garatzeko. Bestalde, ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuaren 7. artikuluaren 10. puntuan arautu egiten da atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan ulermena, adierazpena eta ahozko elkarreragina lehenetsiko direla. Gaztelania edo euskara hizkuntza horien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez da erabiliko, araudi horretan bilduta dagoen bezala.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan honako hau adierazten da ikasleen ebaluazioari buruz: globala, etengabea eta prestakuntzazkoa izanen da eta gako-gaitasunen garapen maila hartuko du kontuan, bai eta ikasketa prozesuetan zehar izandako aurrerapena ere.
Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen ezarpena segidan eta progresiboki gertatu da azken urteotan; izan ere, azken urteotan ikastetxe askok beren hezkuntza proiektuetan txertatu dituzte halako programak.
Horregatik guztiagatik, eta atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen ezarpena eta garapena eta horiek irakasten dituzten ikastetxeen funtzionamendua errazteko, foru agindu honek programa horien garapena arautzen du Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/ Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Foru agindu honen 5. artikuluan ordu banaketa zehazten da, baliabideak optimizatzeko, Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntzarako eskakizuna ezarrita duten lanpostuetan sartzea eta horietaz hornitzea arautzen duen araudiaren arabera Nafarroakoa, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen Foru Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen den bezalaxe.
Foru agindu honek honako egitura du: bost kapitulua, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.
I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenekoan, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen xedea eta aplikazio esparrua, oinarriak eta printzipio metodologikoak eta definizioa arautzen dira. II. kapituluan, "Irakaskuntzen antolaketa" izenekoan, curriculuma, ordu banaketa, aniztasunari erantzutea, ebaluazioa eta etapa arteko protokoloa lantzen dira. III. kapituluan, "Ikasleak" izenekoan, ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten hizkuntza gaitasunaren maila eta taldekatzeak biltzen dira. IV. kapituluan -"Irakasleak" izenekoan- irakasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza gaitasunaren maila, irakasleen funtzioak, tutoretza eta baterako tutoretza eta irakasleen prestakuntza arautzen dira. V. kapituluan -"Ikastetxeen antolaketa" izenekoan- honako hauek sartu dira: atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazioa, ikasketaburu albokoa, ordu-murrizketa, programaren urteko memoria, ikastetxearen hizkuntza proiektua eta ikastetxeek programetan sartu eta haietatik ateratzeko moduak.
Foru agindu hau xedapen gehigarri batekin, bi xedapen iragankorrekin, xedapen indargabetzaile batekin eta bi azken xedapenekin amaitzen da; martxoaren 1eko 16/2024 Foru Agindua aldatzeari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean indarrean hasteari buruzkoak dira horiek.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak baliatuta,
AGINTZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen (AHIP) garapena arautzea da. Programa horiek ingelesez, frantsesez eta alemanez emanen dira.
2. Foru agindu honen aplikazio eremua Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ematen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan kokatuta dauden ikastetxe publiko eta pribatuak dira.
2. artikulua. Oinarriak eta printzipio metodologikoak.
Arlo guztietan gaitasunak ikasteko zenbait hizkuntza erabiltzea da programa hauen oinarria eta, halaber, Hizkuntzen Tratamendu Integratua, Eduki eta Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntza Integratua (EAHII), ikuspegi holistikoa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala halako programei eusten dieten printzipio metodologikoak dira, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen definizioa.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak atzerriko hizkuntza baten eraginpean egotea eta atzerriko hizkuntza horretan curriculum edukiak ikastea areagotzeko jomuga duten programak datza.
Haur Hezkuntzaren bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan, honako programa hauek izaten ahal dira:
- AIP: Alemanez Ikasteko Programa.
- FIP: Frantsesez Ikasteko Programa.
- IIP: Ingelesez Ikasteko Programa.
III. KAPITULUA. IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA
4. artikulua. Curriculuma.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak dituzten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek Nafarroako Foru Komunitatean egonik indarrean diren curriculum ofizialak garatuko dituzte, halako programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua. Ordu banaketa.
1. Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Lehen Hezkuntzarako oro har ezarritako indarreko araudiaren arabera banatuko dira arloak kurtso edo ikasturteetan, bai eta haien ordutegiak ere; halaber, ikasleen gaitasunak garatzera bideratuta egonen dira.
2. Curriculuma atzerriko hizkuntzetan emateko, ordutegi banaketa honi jarraituko zaio astean zehar:
3. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan modu globalizatuan irakatsiko dira arlo guztietako edukiak ingelesez, frantsesez edo alemanez.
4. Lehen Hezkuntzan, 2. puntuan ezarritako gutxieneko saio kopurura iristeko, ingelesez, frantsesez edo alemanez emanen dira, orokorrean, arlo hauetako edukiak:
- Atzerriko Hizkuntza.
- Curriculuma Atzerriko Hizkuntzan.
- Natur, Gizarte eta Kultur Ingurunearen Ezagutza; honela banatzeko aukera ere badago: batetik, Natur Zientziak; bestetik, Gizarte Zientziak.
5. Curriculuma atzerriko hizkuntzan osatzeko saioak atzerriko hizkuntzako edukiak indartzera bideratzen ahal dira, baina atzerriko hizkuntzan emateko aukeratzen den beste edozein irakasgaitakoak indartzeko ere baliatzen ahal dira.
6. Ikasketaren xedeko atzerriko hizkuntza frantsesa edo alemana denean, aurretik ezarritakoaz gain, astean gehienez ere 5 saio ingelesez ematea aukeratzen ahalko da; betiere, atzerriko hizkuntzan ematen diren saioek ez dute, orokorrean, asteko irakastorduen erdia gaindituko.
7. 2. puntuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, atzerriko hizkuntzetan emateko saioen kopuru jakin bat eman nahi duten ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek hizkuntza gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimenaren bidez ematen ahalko dituzte saio horiek, hezkuntza ikuskaritzaren arloan eskumena duen zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren, betiere itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan hezkuntza ituna aldatzen ez bada, eta, ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jotako baliabideak ematen baditu.
8. 4. puntuan adierazitakoez gain, beste arlo batzuk ere atzerriko hizkuntzetan eman nahi dituzten ikastetxeek hizkuntza gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimenaren medioz egiten ahalko dute hori, hezkuntza ikuskaritzaren arloan eskumena duen zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren betiere.
9. Curriculuma atzerriko hizkuntzetan emateko asteko ordu banaketa koherentzia pedagogikoarekin egin behar da kurtsoen artean, eta egonkor mantendu behar da ziklo bakoitzean. Hala, aldaketak ikasturte bakoitzaren hasieran bakarrik egiten ahalko dira, eta ikastetxeko hizkuntza proiektuak ezartzen duenari jarraikiz betiere.
6. artikulua. Aniztasunari erantzutea.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ikasle guztien hezkuntza premia orokor eta bereziak betetzeko deskribatutako hezkuntza jarduera guztiak biltzen ditu aniztasunari erantzuteak:
1. Inklusio Planaren barnean (abuztuaren 29ko 69/2023 Foru Agindua), ikastetxeek aniztasunari erantzuteko neurriak aurreikusi eta garatuko dituzte, hots, ikasle guztiei hezkuntza arloko erantzun egokia emateko beharrezkoak direnak. Xedea zera da, ikasleei gaitasunak garatzen laguntzea, haien askotariko motibazioak, interesak, jarrerak eta gaitasunak kontuan hartuko dituen antolaketa dinamika bat ezarrita.
2. Neurri inklusiboak hartuko dira ikasle guztiek, bereziki hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenek, irteera profilean aurreikusitako gaitasunak eskuratu ditzaten. Neurri haietako batzuk izaten ahal dira ohiko taldean laguntza ematea, taldekatze malguak egitea edo curriculumaren egokitzapenak, bai eta malgutzearen alde egitea eta alternatiba metodologikoak erabiltzea atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan, batez ere hura ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan. Ikastetxeak baloratuko du ikasleek zein hizkuntzatan hartu behar duten hezkuntza laguntza, gaztelaniaz, euskaraz edo atzerriko hizkuntzan.
3. Ikasleak, oro har, ez dira atzerriko hizkuntzan emandako saioen %30 baino gehiago beren erreferentzia taldetik bereizita egonen, arrunta ez den hezkuntza arretaren ondorioz, salbu eta hizkuntzen arloaren ardura duen zerbitzuak behar bezala justifikatuta eta baimenduta ez badago eta hezkuntzako ikuskapenaren ardura duen zerbitzuak aldeko txostena ematen ez badu.
43/2023 Foru Dekretuan aipatutako jarduerez gain, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, eta ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz betiere, ikastetxeek prozedura batzuk ezarriko dituzte irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan gerta litezkeen zailtasunen detekzio goiztiarra eta prebentzioa ahalbidetzeko, esku-hartze goiztiarra erraztuko duten plan eta programen bidez. Ziklo horretarako eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako ezarritako Sustapenerako eta Hizkuntza Prebenitzeko Programa baliatuko da, gaitasun eleaniztunak hartzea hobetzeko eta sustatzeko.
1. Programa horiei atxikitako ikasleen ebaluazioa eta sustapena Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa erregulatzeko araudian orokorki xedatutakoaren arabera arautuko da, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan, ikasleen ebaluazioak ikaskuntzaren prozesu integrala islatu beharko du. Ebaluazioa globala, jarraitua eta prestakuntzazkoa izanen da, eta kontuan izanen ditu arlo bakoitzaren gaitasun espezifikoen garapen maila (gaitasun horiek etapako ziklo guztietarako berberak izanen dira), eta ebaluazio irizpideak eta edukiak, arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezartzen diren oinarrizko jakintza moduan emandakoak.
3. Hizkuntzakoak ez diren arlo edo esparruak arlo edo esparru bakoitzeko berariazko gaitasunen eskurapen mailaren arabera kalifikatu eginen dira.
4. Ikasleen espediente akademikoan adierazi eginen da ikasketak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa batean egin direla, programa horren xede den atzerriko hizkuntza zehazteaz gainera. Inguruabar hori eginbide baten bidez jasoko da, testu honekin:
"Espediente akademiko honen ikasle titularrak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programaren barruko irakaskuntzak egin ditu jarraian adierazitako hizkuntzan eta kurtsoetan: [dagokion hizkuntza atzerritarra], [zehaztu beharreko hezkuntza maila eta etapa]".
8. artikulua. Etapa arteko protokoloa.
1. 43/2023 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko jarraitutasuna eta kohesio pedagogikoa bermatzeko, bilerak eginen dira, koordinaziorako eta etapa horietako irakasleen artean informazioa transmititzeko. Horien artean, hauekin lotutako alderdiei helduko zaie:
- Ikasleen hizkuntza gaitasuna.
- Ikasleen premia akademikoak eta pertsonalak.
- Aniztasunari erantzuteko neurriak.
- Baliabide pertsonal eta materialak.
- Alderdi didaktikoak, antolaketakoak eta metodologikoak.
2. Haur Hezkuntzako etaparen eta Lehen Hezkuntzako etaparen arteko koordinazio bilerak Haur Hezkuntzako 2. zikloko 3. mailaren amaieran eta/edo Lehen Hezkuntzako 1. mailaren hasieran eginen dira.
3. Lehen Hezkuntzako 6. mailako lehen hiruhilekoan, irakasle tutoreek orientazio aholku bat emanen dute ikasleentzat, atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila kontuan hartuta; zehazki, Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzan ikasteko programa baten jarraitutasunaren egokitasunari buruz aholkatuko dute. Horretarako, diseinatutako eta Educan integratutako tresna erabiliko da. Tresna horrek Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren deskribatzaileei jarraitzen die, eta aholku orientagarri egokia emateko ezinbestekoak diren beste alderdi akademiko eta jarrerazko batzuk ere jasotzen ditu.
4. Tutoretza ekintzaren bidez, familiei aholku horren berri emanen zaie, eta ikasturtean zehar aldatu egiten ahalko da, ikasleen bilakaeraren arabera.
III. KAPITULUA. IKASLEAK
9. artikulua. Atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila.
Ikasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza gaitasunaren maila hemen ezarritakoari jarraikiz arautuko da: Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ulermen, ekoizpen, elkarreragin eta bitartekaritzaren esparruko komunikazio jarduerak eta estrategiak praktikan jartzea lagungarria izanen da etapari dagokion hizkuntza gaitasunaren maila erdiesteko.
10. artikulua. Bateratzeak.
Ikasle taldeen antolaketa eta banaketa Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera egin beharko da.
IV. KAPITULUA. IRAKASLEAK
11. artikulua. Atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila.
Programa horiek emateko, programaren xede den atzerriko hizkuntzaren titulazio maila egiaztatu beharko dute irakasleek, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
12. artikulua. Irakasleen eginkizunak.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, programa horietan eskolak ematen dituzten irakasleek honako funtzio hauek izanen dituzte:
a) Ikasmaila bakoitzaren hasieran, programaren berariazko programazio didaktikoa prestatzea.
b) Programa koordinatzeko bileretara joatea eta haietan aktiboki parte hartzea.
c) Urteko memoria, hizkuntza gaitasuneko txostenak eta aholku orientatzaileak prestatzen parte hartzea.
d) Berariazko prestakuntzako jardueretan, material didaktikoak eta curriculumekoak prestatzeko mintegietan edo lantaldeetan parte hartzea, bereziki ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa ezartzeari eta berrikusteari buruzko lanetan.
13. artikulua. Tutoretza eta tutorekidetza.
1. Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak ematen dituzten ikastetxeetan, talde bakoitzeko ikasleek tutoretza figura bat eta tutorekidetza figura bat izanen dituzte, eta bi figura horiek beren jarduketa koordinatu beharko dute.
2. Talde baten tutoretzak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen erregelamendu organikoa erregulatzeko araudian xedatutakoaren araberako funtzio batzuk dakartza berekin.
3. Talde baten tutorekideak talde horren tutoretzaren funtzio berak hartzen ahalko ditu bere gain, beste talde baten tutoretza esleituta ez badu betiere.
14. artikulua. Irakasleen prestakuntza.
Halako programetan parte hartzen duten irakasleen prestakuntza honako hauetara bideratuta egonen da: hizkuntzaren, didaktikaren eta metodologiaren arloan beharrezko ezagutzak eskuratzea, eguneratzea eta hobetzea, Atzerriko Hizkuntzak Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera betiere.
V. KAPITULUA. IKASTETXEEN ANTOLAKAETA ALDERDIAK
15. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazioa.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek pertsona bat izendatuko dute programaren koordinazioaz arduratzeko, programaren funtzionamendu egokia bermatze aldera; atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 13. artikuluan deskribatzen dira haren ezaugarriak eta funtzioak. Programaren koordinatzaile izendatutako pertsonak programa ematen duen irakasle taldekoa izan beharko du.
16. artikulua. Ikasketaburutza albokoa.
1. 43/2023 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa ezartzen den bitartean, programaren barrenean Haur Hezkuntzan zazpi talde edo gehiago dituzten ikastetxe publikoek, edo bederatzi edo gehiago Lehen Hezkuntzan, ikasketaburutza alboko bat izaten ahal dute. Hark koordinazioa eta aurreko artikuluan adierazitako eginkizunak hartuko ditu bere gain.
2. Ikasketaburu albokoaren arduraduna programa ematen duen irakasle taldekoa izan beharko da.
3. Inola ere ezin dira batera egon ikasketaburu albokoa eta atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinatzailea.
17. artikulua. Ordumurrizketa.
Programak exekutatzen ari diren bitartean, eta dituzten eginkizunak gauzatzea izanik helburua, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazio arduradunek edo sare publikoko ikastetxeetako ikasketaburutza albokoek ordu-murrizketa hau izanen dute:
18. artikulua. Programaren urteko memoria.
Ikasturte bakoitza bukatzen denean, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinatzaileak programaren urteko memoria prestatu eta Hezkuntza Departamentuan hizkuntzen arloan eskumena duen zerbitzura igorriko du. Memoriak honako alderdi hauek bildu beharko ditu, besteak beste:
a) Arloak atzerriko hizkuntzan eta emaitzen balorazioa.
b) Programaren xedeko hizkuntzaren komunikazio tratamenduan usatutako baliabide material eta metodologikoak.
c) Erabilitako metodologia aktiboak.
d) Aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak.
e) Egonaldiak, trukeak, programak eta jarduerak, zeinetan ikastetxeak parte hartzen baitu.
f) Jasotako prestakuntzaren balorazioa.
g) Hobetzeko proposamenak.
19. artikulua. Ikastetxeko hizkuntza proiektua.
1. Ikastetxeek ikastetxeko hizkuntza proiektu bat izan beharko dute, eta, proiektu horretan, hizkuntzen koordinazioa, hizkuntzen tratamendu integratua, eleaniztasuna sustatzea eta hizkuntza aniztasuna bultzatzea sustatu beharko dira, Nafarroako hezkuntza sistemak hizkuntza komunikaziorako gaitasunaren arloan duen kalitatea hobetzeko. Hizkuntza arloko hezkuntza proiektuak bat etorri behar du ikastetxearen plangintza dokumentuekin eta curriculum zehaztapenekin, etengabe eguneratzeaz gainera.
2. Ikastetxearen hizkuntza proiektuak foru agindu honen 5. artikuluaren arabera ikastetxe bakoitzak ezarri duen curriculum antolaketa eta asteko ordu banaketa jaso beharko ditu, gutxienez lau urtez egonkortasuna bermatzeaz gain.
20. artikulua. Ikastetxeak programetan sartzea edo haietatik ateratzea.
1. Ikastetxeek atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetara sartzeko edo haietatik irteteko eskatzen ahal dute, betiere atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 18. artikuluan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte.
2. Urtero, hizkuntzen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bat onartuko da, programetara sartzeko edo hortik irteteko eskatzeko prozedura zehazteko.
Xedapen gehigarri bakarra. Salbuespenak.
Foru arau honetan xedatutakoaren edozein salbuespen ikastetxeak eskatu beharko dio, behar bezala arrazoituta, hezkuntzako ikuskapenean eskumena duen zerbitzuari, hark aztertu eta, egokitzat joz gero, onar dezan.
Lehenengo xedapen iragankorra. Ordu banaketa.
2023-2024 ikasturtean 5. artikuluan ezarritakoari jarraikitzen ez dion ordu banaketa atzerriko hizkuntzan ematen duten ikastetxeek hala egiten jarraitzen ahalko dute 2024-2025 ikasturtean, maila bikoitietan (lehen hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailak), zikloa horrela amaitzeko.
Bigarren xedapen iragankorra. Ikastetxearen hizkuntza proiektua.
Ikastetxearen hizkuntza proiektua, behin foru agindu honetara egokituta dagoela, 2025/2026 ikasturtean hasiko da indarrean, 19. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Orobat, indarrik gabe geratzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.
Azken xedapenetako lehena. Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua arautzen duen hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 1eko 16/2024 Foru Aginduaren aldaketa.
Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua arautzen duen hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 1eko 16/2024 Foru Aginduaren 2. artikuluaren aldaketa; honela geratzen da:
"2. Haurrak onartzeko eskaera berriak aurkezten ahalko dira, matrikula egiteko ohiko epea amaitu ondoren eta haur eskolen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak onarpen prozesua zehazteko urtero eman beharreko ebazpenean zehazten duen egunera arte, baldin eta haurrak 16 aste beteak baditu, edo urtebete, adin horretatik beherakoentzako instalaziorik ez dagoen ikastetxeen kasuan".
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.