34/2024 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 17KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KARAKTERIZAZIOKO ETA MAKILLAJE PROFESIONALEKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIAREN TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA
BON N.º 109 - 28/05/2024
ERANSKINA. Karakterizazioko eta makillaje profesionaleko goimailako teknikariaren titulua
1
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egitea ahalbidetu du. Lanbide-sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolatuak, eta horiexek osatzen dute lanbide-heziketako tituluen curriculumaren muina.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide-ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza-sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa-mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa-zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide-gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide-kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.
Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide-heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko ekoizpen-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide-gaitasunetara, lanbide-heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza-administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide-heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde-eremuan.
Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu, lanbide-heziketari dagokionez; besteak beste, haren xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide-heziketa eta lanbide-heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide-heziketako zikloetan sartzeko eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, gaitasun digitalari eta genero-ikuspegiari buruzko faktore garrantzitsuak jasotzen ditu, eta lanbide-heziketari dagozkion zenbait alderdiri eragiten die, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenari; araubide bereziko irakaskuntzetatik sartzea errazten du, eta, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Titulua lortzeko aukera berresten die Oinarrizko Lanbide Heziketa egin dutenei, beste gai garrantzitsu batzuen artean.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzkoak, hezkuntza-sistemako beste unibertsitate- eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzekiko harremana ezartzen du, eta prestakuntza-ibilbide osoa sortzen du.
Lege horrek nabarmenki aldatzen ditu Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko baldintzak, sartzeko prestakuntza-eskakizunei dagokienez. Aipatutako legearen arau bidezko garapenean zehaztuko dira baldintza horiek.
Foru dekretu honen bitartez, Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi-mailako heziketa-zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek martxoaren 23ko 553/2012 Errege Dekretua garatzen du, Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulua ezarri eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemaren esparruan lanbide-heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide-heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.
Horregatik, Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.
2
Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide-erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.
Titulu honen lanbide-erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren hiru lanbide-kualifikazioak azaltzen dira. Hiru lanbide-kualifikaziook -Pertsonaien karakterizazioa, 2008ko otsailaren 29ko 327/2008 Errege Dekretuak arautua; Ile-apainketa tekniko-artistikoa, 2007ko ekainaren 15eko 790/2007 Errege Dekretuak arautua, eta Ikuskizunetako jantzigintza, 2010eko urriaren 1eko 1224/2010 Errege Dekretuak arautua- jarduketa profesionalaren eremu bat osatzen dute, haietako bakoitzaren gaitasunen multzoak definitua. Eremu horren eta euskarri gisa erantsi diren lanbide-moduluen hedadura eta espezializazioa nahikoa dira goi-mailako teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.
Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide-jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin lotuta dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.
3
4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan banatua dago. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide-moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza-jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide-heziketako goi-mailako heziketa-zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide-modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan-unitateen eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.
4
Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa-ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulurako heziketa-zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (3. eranskinean garatua) lanbide-moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun-unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.
5
Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 4. eta 5. eranskinetan deskribatzen da, heziketa-ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko apirilaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Foru dekretu honen xedea da Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Irudi Pertsonalaren lanbide-arlokoa da Nafarroako Foru Komunitatean.
2. artikulua. Identifikazioa .
Goi mailako teknikari titulua Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 5A mailaren parekoa da, baita 2011ko Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko P-5.5.4 mailaren parekoa ere.
3. artikulua. Lanbideerreferentea eta lanbidejarduera.
Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun-unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.
4. artikulua. Curriculuma.
1. Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren heziketa-zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.
2. Heziketa-ziklo hau ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituen lanbide-modulu bakoitzeko. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan-unitateen bitartez eginen da.
3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum-egokitzapenak jasotzen ahalko dira, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.
5. artikulua. Zikloaren helburu orokorrak eta lanbidemoduluak.
1. Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikaria izateko heziketa-zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasota daude.
2. Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak foru dekretu honen 2B) eranskinean garatzen dira, Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen martxoaren 23ko 553/2012 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
3. Lanbide-modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora-banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora-banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa-ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.
6. artikulua. Heziketazikloan sartzeko bideak .
Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 112. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.
1. Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi-mailako beste edozein heziketa-ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.
2. Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.
3. Martxoaren 23ko 553/2012 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide-heziketako goi-mailako teknikari-tituluen eta unibertsitateko gradu-ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean banatuak.
8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak .
Lanbide moduluen baliozkotzeak eta salbuespenak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren II. tituluko VI. kapituluko 1. atalean (Baliozkotzeak) eta 2. atalean (Salbuespenak) xedatutakoaren arabera eginen dira.
9. artikulua. Lanbidemoduluen eta gaitasununitateen arteko korrespondentzia.
1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatutako gaitasun-unitateen eta Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3.A) eranskinean ageri dira.
2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3 B) eranskinean zehazten dira.
10. artikulua. Irakasleak .
1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean arituko dira 6. eranskinean ezarritako espezialitateetako irakasleak, eranskin horretan adierazitako kidegoetakoak direnak, horrek ukatu gabe otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrena ezarritakoa aplikatzea (errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten da eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorra arautzen da).
2. Aurreko atalean aipatzen diren kidegoetan sartzeko baldintzak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira.
3. Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo Hezkuntzakoak ez diren beste administrazio batzuetako titulartasun publikoko zentroetan lanbide moduluak irakasteko, aurreko paragrafoan aipatu diren irakasle kidegoetako espezialitateetarako eskaturiko titulazio eta baldintza berberak eskatuko zaizkie irakasleei, 6. eranskinean modulu bakoitzerako ezartzen den irakaskuntza esleipenaren arabera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide moduluen ikaskuntzaren helburuak bete beharko dituzte. Aipatu elementu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan esperientzia frogatu beharko da ziurtagiri bidez –hau da, ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio jarduerak garatzen izandako esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.
4. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek. Haien kontratazioari dagokionez, lanbide modulu bat irakasle espezialistei esleituta badago, eta Nafarroako Foru Komunitateko curriculumean ezarritako iraupena 150 ordutik gorakoa bada, ikasturte bakoitzeko 150 eskola ordu baino gehiagorako kontratatzen ahalko da espezialista.
5. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du moduluaren edo hautazko moduluen irakasle esleipena, curriculum-diseinuari jarraikiz.
11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.
1. Heziketa-ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritakoak dira.
2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute bakoitzean ematen diren lanbide-moduluetako ikaskuntzaren emaitzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Prestakuntza-espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.
b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna osagarrietarako nahikoa leku izanen da.
c) Martxan dauden makinek eta tresneriak behar dituzten segurtasun-tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.
d) Bete beharrekoak dira laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera-berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza-lekuak, heziketa-ziklo edo hezkuntza-etapa berekoak izan edo ez.
4. Prestakuntza-lekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereiziak egon behar.
5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ekipamenduak (tresneria, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.
b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle-kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza-espazio horietan ematen diren lanbide-moduluetako ebaluazio-irizpideak eta edukiak.
6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da leku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.
Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, martxoaren 23ko 553/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Ezarpena.
Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2024-2025 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Karakterizazioko eta makillaje profesionaleko goi-mailako teknikariaren titulua