44/2024 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 30EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOA ETA NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEAK EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNAREN ARLOAN KOORDINATZEKO BATZORDEA SORTZEN DUENA ETA HAREN FUNTZIOAK, OSAERA ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUBIDEA ARAUTZEN DITUENA
BON N.º 102 - 17/05/2024
I. KAPITULUA. XEDEA ETA XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK ETA OSAERA
III. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUARAUBIDEA
Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) eskumena da, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea erakunde autonomo horren eta toki-erakundeen artean, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru-dekretu horren bidez NABI erakunde autonomoaren estatutuak onetsi ziren).
Genero-zeharkakotasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Europako agendaren lehentasunetako bat da. Zuzentarau komunitarioen transposizioaren ondotik, testuingurua aldatu egin da: estatu mailan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa dago, eta toki-eremuan aurrekari garrantzitsua da Genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriei buruzko abuztuaren 3ko 9/2018 Errege Lege Dekretua, zeinak udalei eskumen propioa ematen baitie "gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko jarduketetan eta genero-indarkeriaren aurkako borrokan"; Nafarroako Foru Komunitatean, berdintasunaren alorreko politika publikoan aurrerapen handiak egin dira Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeari esker.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 2. artikuluan jasotzen denez, haren aplikazio-eremukoak dira "...Nafarroako toki-entitateak, haien erakunde publikoak eta haiekin lotutako edo haien menpeko zuzenbide publikoko edo pribatuko entitateak...".
Halaber, legearen jardute-printzipioetan (4. artikulua) jasotzen da administrazioen arteko harremanek oinarritu behar dutela "... elkarlanaren, koordinazioaren eta lankidetzaren printzipioetan [...], emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta baliabideen erabilera eraginkorra bermatzeko".
Bestalde, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko foru-lege horren 12. artikuluan aipatzen da espezifikoki Nafarroako toki-erakundeek zer funtzio dituzten berdintasun-politiken alorrean. Azpimarratzen da politika horiek Nafarroako Foru Komunitatearen politikekin koordinatuta egon behar dutela. Eta espresuki, 7. apartatuan, legeak hau dio: "Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, udal mailako eta udalez gaindiko toki-entitateekiko koordinazio-egitura bat ezarriko du foru-lege honetan ezarritakoa betetzeko, zeina erregelamendu bidez garatuko baita".
Testuinguru horretan sartu behar da Nafarroako Gobernua eta Nafarroako toki-entitateak koordinatzeko organo bat sortzeko beharra, foru-legearen15.2 artikuluan zehaztutakoari erantzun zehatz bat emateko: "Kasu bakoitzean eskumena duten administrazioek elkarlanerako tresnak sortzea bultzatuko dute, berdintasunaren arloko jarduketa publiko guztien oinarrian Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen arteko informazioa, kontsulta eta koordinazioa egon daitezen".
Orobat, Emakumeen Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak azpimarratzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak koordinazioa sustatuko duela lege horretan aurreikusitako gaietan eskumena duten erakundeen artean.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko foru-legean ezarritakoa garatuz, foru-dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzen du, foru-administrazioak eta tokiko administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean garatzen dituzten politika eta programak kudeatzeaz arduratuko den organo gisa. Orobat, haren osaera, funtzioak eta funtzionamendu-araubidea arautzen ditu.
Bestalde, haren barruan Erakundearteko Talde Teknikoa sortuko da, hari laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko, azterketen, txostenen eta proposamenen bidez. Aurreikusten da batzordeak talde teknikoak sortzea, gaiak modu espezifikoan eta sektore-ikuspegiarekin lantzeko.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDEA ETA XEDAPEN OROKORRAK
Arau honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzea eta arautzea.
2. artikulua. Izaera juridikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea izaera mistoko erakundearteko organo bat da, foru-administrazioaren eta toki-administrazioaren arteko lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa bultzatzen dituena emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa integratzeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Foru Komunitateko politika guztietan.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikiko zaio batzordea. Institutu hori Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomo bat da, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko eskumenak dituena.
4. artikulua. Araubide juridikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea arau hauetan kide anitzeko organoetarako ezarritakoaren bidez zuzenduko da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, haiek arautzen dituzten gainerako arauak eta foru-dekretu hau; eta, hala badagokio, barneko funtzionamendu-araudia.
II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK ETA OSAERA
5. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako tokierakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordearen eginkizunak.
Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki-erakundeen arteko elkarrizketa-organoa izatea eta esperientziak eta proposamenak partekatzeko espazioa izatea, autonomia mailako eta tokiko administrazioen artean sinergiak sortzeko, hartara berdintasun-politiken kudeaketa emaitzak optimizatzeko.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko proposamenak egitea eta gidalerroak ezartzea autonomia-administrazioaren eta toki-administrazioaren esku-hartzeak eta jarduketak koordinatzeko, bai politika espezifikoei dagokienez, bai berdintasunaren printzipioa politika sektorialetan sartzeari dagokionez.
c) Foru- eta toki-administrazioek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea benetan aplikatzea bultzatzea eta koordinatzea eta hura aplikatzearen erantzukizuna duten entitate eta organoekin lankidetzan aritzea.
d) Administrazioei proposatzea arauak eta bestelako ekintzak har ditzaten Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legen zehaztutakoa modu eraginkorrean betetzeko eta garatzeko eta administrazioak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean egiten dituen esku-hartzeak hobetzeko foru- eta toki-esparruetan.
e) Organo aholku-emaile gisa jardutea, Talde Teknikoaren txostenak eta proposamenak aztertu ondotik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoak lantzeko prozesuan, toki-erakunde bakoitzari dagokion esparruan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
f) Toki-erakundeak elkarren artean koordinatuta aritu daitezen bultzatzea berdintasunaren alorrean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12.8 artikuluan aurreikusten denari jarraikiz.
g) Erakundearteko Talde Teknikoaren eta talde teknikoen lana zuzentzea eta gainbegiratzea eta saioetako partaide ez diren pertsonak baimentzea, bai batzordekoak, bai adierazitako talde horietakoak.
h) Legeek edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea honako hauek osatuko dute:
1. Lehendakaria. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko politiketan eskuduna den departamentuko titularra izanen da lehendakaria, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.
Ez badago, gaixorik badago edo bestelako arrazoi justifikatuen kasuan, ordezkoa ordena honetan erabakiko da:
a) Lehenbiziko lehendakariordea.
b) Bigarren lehendakariordea.
c) Antzinatasun eta adin handieneko batzordekidea, ordena horretan.
2. Lehenbiziko lehendakariordea. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kudeaketa-zuzendaria izanen da, eta hura ez badago, gaixo badago edo bestelako arrazoi justifikatuen kasuan, batzordekideen artean berak izendatzen duena.
3. Bigarren lehendakariordea. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria izanen da, eta, hura ez badago, gaixo badago edo bestelako arrazoi justifikatuen kasuan, batzordekideen artean berak izendatzen duena.
4. Batzordekideak, gehienez 7.
a) Nafarroako Gobernua ordezkatzeko:
a.1) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariordea, Nafarroako administrazio publikoetan genero-zeharkakotasunaren estrategia sustatzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko eginkizunak dituena.
a.2) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariordea, genero-berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan Nafarroako gizartean eragina izateko estrategiak proposatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko ekintzak eginez pertsonen eta taldeen jarrerak aldatzeko eginkizunak dituena.
a.3) Toki-administrazioaren arloko eskumena esleitua duen zuzendaritza nagusiko titularra.
b) Nafarroako toki-entitateak ordezkatzeko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturik:
b.1) Berdintasuneko eragilea duten toki-erakundeetako bi alkate.
b.2) Berdintasuneko eragilerik ez duen toki-erakunde bateko alkate bat.
c) Berdintasuneko eragilea duten tokiko ekintza-taldeak ordezkatzeko, haietako kide bat, berek izendatua.
d) Batzordekideen izendapena proposatzeko ahalmena duten entitateek ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.
5. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko idazkaria izanen da Batzordeko idazkaria, hitza bai baina botorik ez duela. Idazkaritza hutsik bada, idazkaria ez bada etorri, gaixo badago edo bestelako arrazoi justifikaturen baten kasuan, batzordekide gazteenak ordeztuko du, eta idazkariaren eskubide guztiak izanen ditu.
6. Aditu gisa arituko dira, hitza bai baina botorik ez duela, toki-erakundeetako edo tokiko ekintza-taldeetako berdintasuneko bi teknikari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatuak.
7. Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik kanpoko erakundeek izendatutako batzordekideen izendapena emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak eginen du.
7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako tokierakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea osatzen duten kideen eginkizunak.
1. Lehendakariaren eginkizunak:
Batzordekide guztientzat 3. apartatuan aurreikusten direnez gainera, batzordeko lehendakariak eginkizun hauek ditu:
a) Koordinazio-organoaren ordezkari gorena izatea.
b) Bilkura arrunten eta berezien deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea.
c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea, eta, oro har, saioak ongi joateko bideratzeko ekintzak bideratzea.
d) Bere kalitateko botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.
e) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
f) Legeak betetzen direla bermatzea.
g) Batzordeko lehendakari gisa dagozkion gainerako eginkizun guztiak betetzea.
2. Lehendakariordeen eginkizunak:
Batzordekide guztientzat 3. apartatuan aurreikusten direnez gainera, batzordeko lehendakariordeek lehendakaria ordeztuko dute eta haren eginkizunak beteko dituzte hura ez badago, gaixo badago edo postua hutsik badago, 6. artikuluko 1. apartatuan adierazitakoa betez.
3. Batzordekideen eginkizunak:
a) Behar adinako aurrerapenez jasotzea bilkuretarako deialdia, gai-zerrendarekin.
b) Bilkuretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea.
c) Egokitzat jotzen dituzten proposamenak aurkeztea eta eskaerak eta galderak egitea.
d) Batzordearen bilkura bereziak egiteko ekimena erabiltzea, 12. artikuluan adierazitakoaren arabera.
e) Boto-eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, baita botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.
f) Erakundearteko Talde Teknikoko kideen izendapena eta talde teknikoen osaera proposatzea.
g) Batzordearen bilkuretan eta haren talde teknikoetan adituak izan daitezen proposatzea.
h) Behar adinako aurrerapenez eskuratzea esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne.
i) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.
4. Idazkariaren eginkizunak:
a) Bilerak prestatzea eta haietara joatea, hitza bai baina botorik ez dutela.
b) Bilkuretarako deialdia egitea, lehendakariak aginduta, eta batzordekideentzako zitazioak egitea.
c) Batzordekideak elkarren artean komunikatzeko egintzak jasotzea; beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu beharrekoa duen beste edozein idazki.
d) Arazoak ebazteko bidea prestatzea, eta bilkuretako aktak idatzi, baimendu eta jasotzea.
e) Osoko Bilkuran onesten diren ebazpen, kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.
f) Batzordean lantzen diren gaiak bultzatzea eta haien jarraipena egitea eta Erakundearteko Talde Teknikoak eta talde teknikoek esleituak dituzten gaiei buruzko informazioa biltzea.
g) Batzordearen jarduketak jasotzen dituzten dokumentuak artxibatzea eta zaintzea.
h) Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, eta eratze-prozedurak nahiz erabakiak hartzeko prozedurak eta erregelak errespetatzen direla bermatzea.
i) Lehendakariak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-egintza guztiak eta karguak berez dituen guztiak egitea.
5. Berdintasuneko teknikarien eginkizunak:
a) Behar adinako aurrerapenez jasotzea bilkuretako deialdia, gai-zerrendarekin.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Egokitzat jotzen dituzten proposamenak aurkeztea eta eskaerak eta galderak egitea.
d) Erakundearteko Talde Teknikoko kideen izendapena eta talde teknikoen osaera proposatzea.
e) Batzordearen bilkuretan eta haren talde teknikoetan adituak izan daitezen proposatzea.
f) Behar adinako aurrerapenez eskuratzea esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako gaien ingurukoa barne.
g) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.
8. artikulua. Erakundearteko Talde Teknikoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordeari dagozkion eginkizunak betetzen laguntzeko, erakundearteko talde tekniko bat eta talde tekniko batzuk eratuko dira. Batzordeak adostuko du Erakundearteko Talde Teknikoko kideen izendapena, artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz.
1. Hamaika pertsonak osatzen dute Erakundearteko Talde Teknikoa:
a) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren barruan, Nafarroako administrazio publikoetan genero-zeharkakotasunaren estrategia (barne direla Nafarroako toki-erakundeetako genero-berdintasuneko politikak) koordinatzeko eginkizuna duen ataleko titularra. Erakundearteko Talde Teknikoa koordinatzeko eginkizunak izanen ditu pertsona honek.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuan emakumeen kontrako indarkeriaren alorreko eginkizunak dituen ataleko titularra.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuan emakumeen ahalduntzea eta gizarteko alor guztietan berdintasunez eta erabat parte har dezaten bultzatzeko eginkizunak dituen ataleko titularra.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuan Nafarroako gizartea emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzea sustatzeko eginkizunak dituen ataleko titularra.
e) Nafarroako Gobernuko bi ordezkari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatuak, departamentuetako berdintasun-unitateetan beren politikak planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko prozesuetan genero-zeharkakotasuna aplikatzeaz arduratzen diren berdintasuneko teknikarien artetik.
f) Toki-eremuaren lau ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak Nafarroako toki-erakundeetako eta tokiko ekintza-taldeetako berdintasuneko teknikarien artetik.
g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikari bat, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoak eta pribatuak) zuzenean edo lankidetzan emandako genero-berdintasunari buruzko trebakuntza jaso duena, gutxienez 120 ordukoa; ziurtatu egin behar da prestakuntza hori jaso izana.
2. Batzordeak baimentzen ahalko du, landuko diren gaiak kontuan hartuta, zenbait aditu eta interes sozial eta ekonomikoko erakundeetako ordezkariak joatea Erakundearteko Talde Teknikoaren bileretara.
3. Erakundearteko Talde Teknikoaren xedea da beharrezko laguntza eta aholkularitza teknikoa ematea batzordekideei, beren eginkizunak ongi egin ditzaten. Taldearen eginkizunak dira esleitzen zaizkion edo ofizioz erabakitako alderdiak aztertzea, txostenak lantzea eta proposamenak egitea; ez dute erabakiak hartzeko ahalmenik, batzordeari berari baitagokio hori.
9. artikulua. Talde teknikoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordeak adostu dezake talde teknikoak eratzea, bai modu iraunkorrean, bai egoera jakin baterako, gaiak modu espezifikoagoan eta sektore-ikuspegi handiagoarekin lantzeko.
Talde tekniko bat eratzeko erabakian zehaztuko da haren osaera, xedeak eta funtzionamendua. Talde teknikoen eginkizunak dira esleitzen zaizkien alderdiak aztertzea, txostenak lantzea eta proposamenak egitea; ez dute erabakiak hartzeko ahalmenik, batzordeari berari baitagokio hori.
10. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako tokierakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordeko kide izaeraren iraupena.
1. Beren kargua dela-eta batzordekide diren pertsonak batzordekide izanen dira izendatu diren karguan jarraitzen duten artean.
2. Izendapen bidez hautatutako batzordekideak lau urterako hautatuko dira, betiere kargua betetzeko funtsezko eskakizunak betetzen badituzte 6.4 b) eta c) artikuluetako kasuei dagokienez; iraupen bereko epeetarako berrautatzen ahalko dira, hurrengo artikuluan jasotakoaren kalterik gabe.
11. artikulua. Batzordekideak.
1. Batzordekideek foru-dekretu honetan jasotako eginkizunak izanen dituzte, eta, hemen jasotzen ez diren alderdiei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.
2. Batzordekide-kargua betetzen duten pertsonen kargu-uztea honako kasu hauetan gertatuko da:
a) Heriotza edo sortutako ezintasuna.
b) Agintaldia bukatzea.
c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak proposatzea.
d) Uko egitea eta lehendakariak onartzea.
e) Lehendakariak erabakitzea, batzordekideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.
f) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundeko kide izateari utzi izana.
g) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundea desegin izana.
Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren hutsuneak 6.4 artikuluaren arabera ondorio horietarako izendatutako ordezkoak beteko ditu, eta gainerako batzordekideen denbora berean amaituko du hark ere kargualdia.
III. KAPITULUA. ANTOLAKETA- ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUBIDEA
12. artikulua. Bilkuren araubidea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea gutxienez urtean behin elkartuko da ohiko bilkuran, eta bilkura bereziak eginen ditu lehendakariak deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo gutxienez batzordekideen heren batek eskatuta. Kasu horretan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez, landu beharreko gaien proposamen arrazoituarekin.
1. Deialdiak gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago bidaliko dira, baliabide elektronikoen bidez, eta deialdiari gai-zerrenda gehituko zaio, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; bilkura zein baldintzatan eginen den adieraziko da halaber, baita konexio-sistema ere, eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak zein tokitan dauden ere adieraziko da. Besteak beste, baliozkotzat hartzen diren bitarteko elektronikoen artean honako hauek daude: posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.
2. Bilkura arrunten deialdietako gai-zerrendan, hala badagokio, aurreko bilkuraren aktaren onarpena sartuko da, baita galde-eskeetarako atal bat ere.
3. Batzordearen bilkuretako eguneko gai-zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, lehendakariaren, lehendakariordearen edo kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.
4. Bilkura bakoitzaren akta eginen da, eta, hartan, agertuko da nor bertaratu den, zein izan den gai-zerrenda, noiz eta non egin den, deliberazioko punturik garrantzitsuenak, bozketa-modua eta emaitza eta hartutako erabakien edukia. Aktan adieraziko dira, kideak eskatuz gero, hartutako erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta haren zergatiak edo aldeko botoaren azalpena.
5. Idazkariak sinatuko ditu aktak, lehendakariak ontzat eman ondotik, eta bilkura horretan bertan edo hurrengoan onetsiko dira. Bitarteko elektronikoen bidez igorriko zaizkie batzordeko kide guztiei, onespenerako, eta haiek aukera izanen dute bitarteko berak erabiliz testuarekin ados dauden edo oztoporen bat duten adierazteko.
6. Bilkurak grabatzen ahalko dira. Grabazioak bilkuretako aktekin batera bidaltzen ahalko dira.
7. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartuta ez dagoen deus, non eta ez den gaia presazko deklaratzen, batzordeko kide guztiak bildurik daudela, gehiengoak horren aldeko botoa emanda.
Batzordea behar bezala eratu eta bilkurak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, bileran izan behar dute, aurrez aurre edo urrutitik, lehendakariak, idazkariak eta kideen erdiek, edo legez haien ordezko direnek.
15. artikulua. Erabakiak hartzea.
Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak lehendakariaren botoarekin ebatziko dira.
16. artikulua. Adituak agertzeko eskaerak.
6.6 apartatuan ezarritakoaren kalterik gabe, lehendakariak eskatzen ahalko du, gai-zerrendako gaien arabera, bilkuretan izan daitezela beste aditu batzuk, funtsezko eragileak eta interes sozial eta ekonomikoko erakundeetako ordezkariak; pertsona horiek hitza izanen dute baina botorik ez.
Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako tokierakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea eratzea.
Foru-dekretu hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean eratuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea, dagozkion proposamenak egin eta batzordekideak izendatu ondotik.
Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaikuntza.
Baimena ematen zaio emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru-dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.